Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

34/2024 DEKRETUA, martxoaren 19koa, Euskal Zibersegurtasun Agentziaren estatutuak onartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 66
  • Hurrenkera-zk.: 1604
  • Xedapen-zk.: 34
  • Xedapen-data: 2024/03/19
  • Argitaratze-data: 2024/04/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia

Testu legala

Erregulazio hau Euskal Autonomia Erkidegoak abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Autonomia Estatutuan bereganatutako eskumenak erabiliz gauzatzen da. Haren 10.2 artikuluak eskumenak ematen dizkio Euskal Autonomia Erkidegoari bere autogobernu-erakundeen antolaketa, araubide eta jardueran; 10.4 artikuluak toki-araubidean ematen dizkio; 10.24 artikuluak, Euskal Autonomia Erkidegoaren beraren sektore publikoan; eta 10.25 artikuluak, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren sustapen, garapen eta plangintzan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat.

Autonomia Estatutuaren 17. artikuluak, berriz, zera ezartzen du: segurtasun publikoaren arloko eskumena, poliziaren eta herritarren segurtasunaren arlokoa zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio. Aurreko eskumen hori beste eskumen batzuekin integratuta dagoela ulertu behar da, hala nola larrialdien eta babes zibilaren arloko eskumenekin. Eskumen horiek guztiek segurtasun-sistema orokor propioa osatzen dute, nahiz eta gai horien gainean eskumenak dituzten beste administrazio batzuek ere parte hartzen duten.

Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun publikoaren arloan duen eskumenaren barruan sartzen dira, halaber, EAEko segurtasun publikoaren sistemaren plangintza eta koordinazioa. Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean arautzen dira eskumen-antolaketa horren agintaritza eta organo autonomiko eskudunak, eta haren helburua zera da: «herritarrak mota guztietako arriskuen aurrean babestea eta haiek beren eskubide eta askatasun guztiak era baketsuan eta aske erabil ditzaten bermatzea».

Eta, kasu honetan, segurtasuna zaintzen saiatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren administrazio elektronikoan eta gainerako euskal administrazio publikoen komunikazio elektronikoen sareetan, bai barruan bai kanpoan, gainerako erakunde publikoekin eta administratutako pertsonekin dituzten harremanetan.

Eskumen horiek baliatuz, ekainaren 29ko 7/2023 Legearen bidez, Euskal Zibersegurtasun Agentzia sortu da, zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa, maiatzaren 12ko 3/2022 Legean mugatutako EAEko sektore publikoan, bere eskumenekoak diren informazio-sistemen eta sare elektronikoen segurtasunaren arloan, zibersegurtasuna sustatzeko eta koordinatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoaren, bertako herritarren eta enpresa-sarearen zibersegurtasuneko eta garapen digital seguruko gaikuntza babestu eta bultzatzeko.

Agentziaren araubidearen oinarrizko eta funtsezko alderdiak Agentzia sortzeko legean bertan daude jasota, bai eta erakunde publiko mota horiei oro har aplikatu beharreko legerian ere. Alabaina, legeak berak erakundearen estatutuen onarpenera igortzen du, gobernu-organo horien funtzioak, osaera eta izendapena garatzeko, bai eta funtzionamendu-araubidea garatzeko ere.

Ondorioz, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, gainerako nahitaezko txostenak emanda, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko martxoaren 19an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Euskal Zibersegurtasun Agentziaren estatutuak onartzen dira, erakunde hori sortzen duen ekainaren 29ko 7/2023 Legearen 1.3 eta 9. artikuluetan aurreikusitakoa garatzeko, dekretu honen eranskin gisa doan testuaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua aldatzea.

Aldatu egiten da Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuaren 3. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomo administratiboa Segurtasun Sailari atxikita dago, saileko titularraren bitartez, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  2. Euskal Zibersegurtasun Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoa Segurtasun Sailari atxikita dago, Segurtasun Sailburuordetzaren bitartez, Agentzia sortzeko ekainaren 29ko 7/2023 Legean ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean sartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko martxoaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

MARTXOAREN 19KO 34/2024 DEKRETUAREN ERANSKINA

EUSKAL ZIBERSEGURTASUN AGENTZIAREN ESTATUTUAK

Ekainaren 29ko 7/2023 Legearen bidez sortutako erakundearen izena Euskal Zibersegurtasun Agentzia da, eta, aurrerantzean, Agentzia gisa aipatuko da, laburtuta, estatutu hauetan.

Agentzia Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta nortasun juridiko propioa du, baita bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasuna ere.

Agentzia Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena duen sailari atxikitzen zaio, Segurtasun Sailburuordetzaren titularraren bidez.

  1. Euskal Zibersegurtasun Agentzia sortzeko ekainaren 29ko 7/2023 Legean, estatutu hauetan eta indarrean dauden gainerako arauetan xedatutakoaren arabera arautuko da Agentzia.

  2. Hirugarrenekiko harremanetan eta bere jardueraren garapenean zuzenbide pribatuaren mende dago, baina administrazio-zuzenbideak eraentzen du administrazio-ahalak baliatzean, barne-funtzionamenduan eta bere organoen borondatea eratzean, gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen arloan eratorritako betebeharretan, bai eta Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legean edo aplikatu beharreko beste lege batzuetan ezarritako gainerako gaietan ere.

  3. Barne- eta antolaketa-harremanetan, aplikatzekoa den araudi publikoa bete beharko du, aurrekontuen, ekonomia eta finantzen, kontabilitatearen, dirulaguntzen, ondarearen, kontratazioaren edo funtzio publikoaren araubidea den kontuan hartuta.

  1. Agentziak Vitoria-Gasteizko udalerrian du egoitza.

  2. Agentziak, bere eginkizunak betetzeko, Euskadiko lurralde historiko bakoitzeko ordezkaritzen laguntza izan dezake.

Agentziaren xedea da Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legean zehaztutako euskal sektore publikoan zibersegurtasuna sustatzea eta koordinatzea, haren eskumeneko informazio-sistemen eta sare elektronikoen segurtasunaren arloan, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren, haren Administrazio Publikoaren, herritarren eta enpresa-sarearen zibersegurtasunaren eta garapen digital seguruaren arloko gaikuntza sustatu eta bultzatzea.

Honako hauek dira Agentziaren eginkizunak:

  1. Zibersegurtasuneko estrategia bat sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko guztientzat, eta multzo horretan zibersegurtasunaren arloan bat etor daitezen bultzatzea eta koordinatzea.

  2. EAEko sektore publikoarentzat gomendagarriak diren segurtasunaren arloko estandarren, jarraibideen eta arau teknikoen esparrua bultzatzea.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zibersegurtasunaren inguruan izapidetutako arau-xedapenak egiteko prozeduretan nahitaezko txostenak egitea.

  4. EAEko sektore publikoaren eremuan zibersegurtasunaren arloan hedatutako politika publikoen urteko ebaluazioak egitea.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoan zibersegurtasun-gertakariak prebenitzea eta detektatzea, eta horiei erantzutea; halaber, irizpideak ezartzea eta dagozkion babes-neurriak heda daitezen sustatzea, azpiegitura teknologikoen, informazio-sistemen, informazioaren eta komunikazioaren teknologien zerbitzuen eta horiek tratatzen duten informazioaren gaineko zibermehatxu eta arriskuetatik babesteko, betiere aplikatzekoa den eskumen-esparrua beteta.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoan zerbitzu publikoak edo funtsezkoak kudeatzen dituzten erakundeen datuak biltzea, informazioaren segurtasunaren egoerari dagokionez, eta arreta berezia jartzea zerbitzu publikoen funtzionamendurako edo pertsonen segurtasunerako kritikotzat jotzen diren sistemetan, Eusko Jaurlaritzari eta zerbitzu kritiko eta funtsezko horiek emateko esku hartzen duten lurraldeko administrazio publikoei informazioa emateko eta zibersegurtasunaren arloko arriskuak kudeatzeko neurri egokiak proposatzeko.

  7. Larrialdiei erantzuteko taldearen (CERT) funtzioak betetzea, hura baita eskuduna Euskal Autonomia Erkidegoan. Mugaz gaindiko fenomenoa denez, beharrezkoa da beste lurralde batzuetako administrazio eta agentziekin lankidetzan aritzea, zibererasoa gertatuz gero kalteak eta berreskuratze-denbora murrizteko.

  8. Zibersegurtasun-gertakariei erantzuteko taldeak (CSIRT) eta larrialdiei erantzuteko taldeak edo haren jardun-eremuan jarduten duten erakunde baliokideak koordinatzea, indarrean dagoen legeriaren arabera, estatuko eta nazioarteko beste CSIRT batzuekin lankidetzan aritzeko ereduak ezarriz. Era berean, alerta goiztiarreko eginkizunak beteko ditu agentziak, eta laguntza emango du EAEko sektore publikoaren eremuan mehatxu, zaurgarritasun, eraso eta segurtasun-gertakariei erantzuteko.

  9. Unibertsitateekin eta ikerketa-erakundeekin lankidetza estuago baten alde lan egitea, planteamendu estrategikoa egiten laguntzeko, Europar Batasunetik kanpoko zibersegurtasun-produktu eta -zerbitzuekiko mendekotasuna murriztu eta Europar Batasunaren barruko hornidura-kateak indartze aldera.

  10. Azpiegitura teknologikoei, informazio-sistemei eta informazioaren teknologien zerbitzuei buruzko zibergertakariak eta zibererasoak teknologikoki ikertzea eta aztertzea.

  11. Zibersegurtasun-maila egokia bermatzea bitarteko elektronikoen erabileran.

  12. Zibersegurtasunaren arloko difusio-, sustapen-, prestakuntza- eta kontzientziazio-jarduerak antolatzea.

  1. Zibersegurtasunean talentua sustatzeko jarduerak antolatzea eta zibersegurtasuneko jardueretan parte hartzea, erreferenteak ezagutzera emanez eta arreta berezia jarriz zibersegurtasuneko emakume profesionalengan.

  2. Baliabide informatikoen eta komunikazioen erabileran zibersegurtasunaren arloko neurri teknikoak proposatzea, eta neurri horiei buruzko prestakuntza proposatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileei eta Agentziako langileei beraiei.

  1. Zibersegurtasunaren arloan, eginkizun publikoak betetzeko eskumena duen agintaritza ororen laguntza gisa jardutea, zuzeneko esku-hartzea eta froga elektronikoak lortzea barne, legez kanpoko jokabideen aurka borrokatzeko zereginetan bereziki.

  2. EAEko sektore publikoa koordinatzea zibersegurtasun-planak egiten, bai eta plan horietan ezarritako helburuak lortzen ere.

  3. Zibersegurtasunaren arloko zerbitzu materialak eta teknikoak EAEko sektore publikoaren esku jartzea.

  4. EAEko sektore publikoaren koordinazioa bultzatzea, zibersegurtasunari buruzko planetan zehaztutako helburuak lortzeko beharrezkotzat jotzen den guztian; horretarako, beharrezkotzat jotzen diren lankidetza-ildoak ezarriko dira.

  5. EAEko sektore publikoaren ordezkaritza ofiziala izatea zibersegurtasunaren arloko nazioarteko, estatuko eta eskualdeko erakundeen aurrean.

  6. EAEko enpresa-eremuan eta funtsezko sektoreetan zibersegurtasunaren eta garapen digital seguruaren arloko gaikuntza babestea eta bultzatzea; honako sektore hauetan, besteak beste: sektore sanitarioa; larrialdien eta segurtasunaren sektorea; gizarte-zerbitzuen eta esku-hartze sozialaren sektorea; hezkuntza-sektorea; garraioaren sektorea, eta energiaren eta telekomunikazioen sektorea, edo kalteberatzat jo daitekeen beste edozein sektore.

  7. Indarrean dagoen legeriak ematen dizkion edo berariaz eskuordetzen edo esleitzen zaizkion beste eskumen guztiak.

  1. Eremu instituzional bakoitzaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen duten printzipioei kalterik egin gabe, Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 5.2 artikuluan aurreikusitako jarduteko printzipio orokorrak beteko ditu Agentziak bere jardunean.

  2. Agentziak zibersegurtasuna sustatuko du Euskadin, EAEko administrazio publikoek konfiantzazko zerbitzuak ematea ahalbidetzeko eta herritarren eta enpresa-sarearen eraldaketa digital hobea sustatzeko.

  3. Bere helburua betetzeko, Agentziak enpresa-sareari dagokionez bete beharreko eginkizunak sustapen ekonomikoaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako organismoarekin koordinatuta beteko ditu, eta behar den lankidetza ezarriko du EAEn jarduten duten edo azpiegitura duten informazio-gizarteko eta komunikazio elektronikoetako zerbitzu-emaileekin, bai eta funtsezko sektoreekin ere.

  4. Agentzia erakunde judizialekin eta polizialekin elkarlanean aritzen da, indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera. Agentzia, bere eginkizunak betetzean, polizia-kidegoekin eta segurtasun publikoko kidegoekin koordinatu behar da, hargatik eragotzi gabe arlo horretan eskumena duen sailaren berezko eginkizunak. Bereziki, polizia-kidegoek eskatzen dien laguntza eta koordinazioa erraztu behar du Agentziak, zibersegurtasuna bermatzeko eta polizia-informazioko sistemak babesteko, kidego horiek arlo horretan aitortuta dituzten eskumenen arabera.

  5. Agentziak lankidetza-ildoak ezarri behar ditu zibersegurtasunaren arloan EAEko foru-aldundiekin eta toki-erakundeekin.

  6. Agentzia izango da euskal sektore publikoa ordezkatzeko solaskide baliagarri bakarra arlo horretan eskumena duten estatu-erakundeekiko harremanetan, bai eta zibersegurtasunarekin lotutako nazioarteko foroetan ere. Agentzia Estatuko erakundeekin koordinatuko da euskal sektore publikoak foro horietan nola parte hartuko duen zehazteko, aplikatu beharreko eskumen-esparrua errespetatuz betiere.

Agentziaren gobernu-organoak hauek dira:

  1. Administrazio Kontseilua.

  2. Zuzendaritza Nagusia.

Administrazio Kontseilua da Agentziako gobernu-organo gorena.

Administrazio Kontseilua honela osatuta egongo da:

  1. Lehendakaria. Segurtasunaren arloko eskumena duen sailburua izango da, eta kalitateko botoa izango du.

  2. Lehendakariordea. Ekonomiaren garapenaren arloko eskumena duen sailburua izango da, eta kalitateko botoa izango du.

  3. Segurtasun, gobernantza publiko eta garapen ekonomikoaren arloan eskumena duen sail bakoitzeko kide bat, sail horietan sailburuorde-kargua betetzen dutenen artetik aukeratuak.

  4. Foru-aldundi bakoitzeko kide bat. Foru-aldundi horietako organo eskudunek libreki izendatuko dituzte.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako hiru hiriburuetako udal bakoitzeko kide bat. Kide horiek libreki izendatuko dituzte legez eskudun diren organoek.

  6. Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari bat, elkarteak izendatua.

  7. Kide bat; Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzako zuzendaria.

  8. Kide bat; Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko (Ejie) Gerentziaren titularra.

  9. Kide bat; Agentziaren zuzendari nagusia.

  10. Idazkari bat. Hitza izango du, baina botorik ez, eta agentziako Administrazio Kontseiluak izendatuko du.

  1. Administrazio Kontseilua bere eginkizunak betetzeko behar beste aldiz bilduko da, eta, gutxienez, hiru hilean behin.

  2. Kontseilua eratzeko, bilerara deitzeko, bilera egiteko, erabakiak hartzeko eta aktak bidaltzeko, aurrez aurre nahiz urrutitik jardun ahalko da. Urrunetik egiten diren bilkuretan, kontseiluko kideak toki desberdinetan egon ahal izango dira, betiere, bide elektronikoen bidez (halakotzat jotzen dira bide telefonikoak eta ikus-entzunezkoak) bermatzen bada kideen edo kideak ordezten dituzten pertsonen identitatea, kideen adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea, kideen arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa denbora errealean, eta bilkurak irauten duen bitartean baliabideak izatea. Besteak beste, posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak joko dira baliozko baliabide elektronikotzat.

  3. Administrazio Kontseilua balio osoz eratuko da, lehendakaritzaz eta idazkaritzaz gain, kideen erdia baino gehiago bertaratzen direnean, aurrez aurre edo urrutitik. Nolanahi ere, Kontseilua balio osoz eratuta geratuko da, nahiz eta deialdiaren baldintzak bete ez, kide guztiak bertaratuta edo urrutitik bilduta egonik, aho batez hala erabakitzen dutenean. Arau hori bera aplikatuko da gai-zerrendan ez dagoen gai bat aztertzeko eta, hala badagokio, adosteko.

  4. Administrazio Kontseiluaren eztabaidak isilpekoak izango dira.

  5. Bertaratutako kideen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak, eta lehendakariak kalitateko botoa izango du berdinketak ebazteko.

  6. Bilkura bakoitzaren akta egingo da, eta, bertan, honako hauek jasoko dira: zer kide bertaratutako diren, bilera non eta noiz egin den, puntu bakoitzean izandako eztabaidaren laburpena, bozketaren forma eta emaitzak eta hartutako erabakien edukia. Aktak idazkaritzak sinatuko ditu, lehendakariaren oniritziarekin, eta bilkura berean edo hurrengoan onartuko dira.

  7. Estatutu hauetan aurreikusten ez denerako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Hauek dira Administrazio Kontseiluari dagozkion eginkizunak:

  1. Agentziaren jarduera-plan orokorrak onartzea.

  2. Agentziaren urteko aurrekontuaren aurreproiektua onartzea.

  3. Agentziaren jardueren urteko memoria onartzea.

  4. Aplikatu beharreko legezko baldintzen arabera, Agentziako langileen plantillen eta ordainsari-araubidearen proposamena egitea, zeina Eusko Jaurlaritzak onartu beharko baitu.

  5. Agentziaren estatutuak eta antolaketari eta funtzionamenduari buruzko gainerako arauak onartu eta aldatzeko proposamena egitea, Eusko Jaurlaritzari helarazteko.

  6. Eusko Jaurlaritzaren adostasuna behar duten beste erabaki-proposamenak hari helarazteko proposatzea.

  7. Agentziaren jardunaren jarraipena, ikuskapena eta ebaluazioa egitea, eta, bereziki, Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren kudeaketaren kontrola egitea eta hari dagozkion erantzukizunak eskatzea.

  8. Beste erakunde edo pertsona juridiko batzuetan parte hartzeko baimena ematea, aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta horietan Euskal Zibersegurtasun Agentziari dagozkion eskubideak baliatuta.

  9. Dagozkion hitzarmen, akordio, protokolo edo ekintzak onartzea.

  10. Agentziaren jarduerari buruzko informazioa ematea, aldizka, Eusko Jaurlaritzari.

  11. Legeek edo Agentziaren Estatutuek ematen dizkioten gainerako eginkizunak betetzea, baita, Agentziarenak izanik, Agentziaren beste organo bati esleitu ez zaizkionak ere.

  1. Agentziako Zuzendaritza Nagusia Eusko Jaurlaritzak libreki izendatuko du, Administrazio Kontseiluko Lehendakaritzak proposatuta.

  2. Agentziaren Zuzendaritza Nagusia pertsona bakarrekoa izango da. Izendatutako pertsona goi-karguduna izango da, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuordearen maila izango du.

  3. Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari honako eginkizun hauek dagozkio:

    1. Agentziaren eta bere langileen zuzendaritza arrunta.

    2. Administrazio Kontseiluaren erabakiak proposatzea eta egikaritzea.

    3. Agentziaren ordezkaritza arrunta.

    4. Dagozkion hitzarmenak, akordioak, protokoloak edo ekintzak formalizatzea, Agentziaren izenean.

    5. Agentziaren izenean kontratazioak egitea, bai eta gastuen erabilera baimentzea eta ordainketak agintzea ere, indarrean dagoen legerian ezarririkoaren arabera.

    6. Administrazio Kontseiluari aurkeztea Agentziaren jardueraren planifikazioaren, plan zuzentzailearen eta urteko planen orientabide orokorrak, baita emaitzak ebaluatzeko proposamena eta Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 52. artikuluak araututako urteko ebaluazio-dokumentua ere.

    7. Agentziaren urteko aurrekontuaren aurreproiektua, plantillak eta haien ordainsari-araubidea eta urteko memoria proposatzea Administrazio Kontseiluari.

    8. Agentziako Administrazio Kontseiluak edo haren estatutuek agintzen dioten beste edozein eginkizun.

  1. Agentziaren zuzendaritzak Kontseilu Aholku-emailea izango du, eta Agentziaren zuzendari nagusia izango du buru.

  2. Kontseilu Aholku-emailea honako kideek osatuko dute:

    1. Hezkuntza- eta osasun-arloko eskumenak dituzten sailetako ordezkari bana, haien titularrek izendatuak.

    2. Unibertsitate-eremuan edo zibersegurtasunaren arloko ebaluazioan ospe handia duen pertsona bat; egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateek izendatuko dute, txandaka.

    3. Teknologiaren arloan ospe handia duen aditu bat, BRTA Teknologia Zentroen Aliantzak izendatua, txandaka.

    4. Cybasque enpresa-elkartearen ordezkari bat, elkarteak berak izendatua. Elkarte horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zibersegurtasun-industriak biltzen ditu.

    5. Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakaria.

    6. Delitu informatikoen arloan eskumena duen Ertzaintzaren Alorreko burua.

    7. Izenpe SA Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresaren Administrazio Kontseiluko lehendakaria.

    8. SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusia.

    9. Bi pertsona ospetsu, nazioartean proiekzioa eta zibersegurtasunaren arloan ospe handia dutenak, Administrazio Kontseiluko presidenteak proposatuta.

  3. Kontseilu Aholku-emailearen eginkizunak hauek dira:

    1. Agentziako gobernu-organoei aholkularitza ematea.

    2. Agentziako gobernu-organoek eskatzen dizkioten gai guztiei buruzko txostenak egitea, eta Agentziaren eskumeneko gaiekin zerikusia duten gaiei buruzko proposamenak egitea.

  4. Kontseilu Aholku-emaileak berak onartuko ditu bere antolaketako eta funtzionamenduko arauak. Lehendakari-kargua eta idazkari-kargua egongo dira hor aurreikusita, eta nola aukeratu edo izendatu behar diren ere bai.

  5. Kontseilu Aholku-emailearen osaeran emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izateko ahalegina egingo da, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokiarekin. Ondorio horietarako, ordezkaritza orekatutzat joko da sexu biek gutxienez % 40ko ordezkaritza dutenean.

  6. Kontseiluko Aholku-emaileko hautazko kideak izendatzerakoan kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan gaitasun nahikoa edukitzea.

Barne-egiturak islatuko ditu Agentziaren eginkizunak, 7/2023 Legearen 2. artikuluan deskribatutakoak, beteko direla bermatuko duten arloak. Arlo horiek euskal sektore publikoaren beharretara egokitu ahal izango dira, Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta, eta edozein aldaketa Administrazio Kontseiluak onartu beharko du. Nolanahi ere, definitutako arloek eremu hauetako eginkizunak jorratu beharko dituzte:

  1. Administrazioa eta zerbitzuak.

  2. Zibersegurtasun-estrategia.

  3. Zibersegurtasun-arriskuaren gobernua.

  4. Auditoretza.

  5. Gorabeherei erantzuteko ekipoak eta eragiketak.

  6. Herritarrak eta kanpoko erakundeak.

  1. Agentziako lanpostuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko kidego eta eskaletako lan-kontratuko langileek eta funtzionarioek beteko dituzte, lanpostu bakoitzari esleitutako eginkizunen izaeraren arabera.

  2. Agentziaren zerbitzura kontratatutako langileak aplikatzekoak zaizkien Euskal Enplegu Publikoaren Legeko manuen, lan-legeriaren, eta hitzarmenez aplikatzekoak diren gainerako arauen arabera arautuko dira.

  3. Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio, lan-kontratudun langileei dagokienez, sarbide-prozesuen deialdia, kudeaketa eta ebazpena egitea, Euskal Enplegu Publikoaren Legean jasotako euskal sektore publikoko enplegua eskuratzeko printzipio gidarien arabera, Administrazio Kontseiluak aldez aurretik onartutako baldintzetan, eta berari dagozkio, halaber, langile horien mugikortasunerako prozedurak.

  4. Funtzionarioentzat gordetzen dira ahal publikoak baliatzean zuzenean edo zeharka parte hartzea edo interes orokorrak babestea dakarten eginkizunak. Eginkizun horien artean daude Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 44.2 artikuluan aurreikusitakoak.

  5. Funtzionarioei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzio publikoa arautzen duen araudia aplikatuko zaie. Lanpostu horiek lehiaketa bidez edo izendapen askearen bidez beteko dira, lanpostu-zerrendak jasotzen duen hornikuntza-sistemaren arabera, eta funtzio publikoaren arloan eskumena duen sailari dagokio lehiaketa bidezko hornikuntza-prozesuen deialdia eta ebazpena egitea.

  6. Lanpostu horiek izendapen askez betetzeko, Agentziaren Zuzendaritza Nagusiak deialdia egingo du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko funtzionarioek parte hartu ahal izango dute deialdi horretan, baldin eta kasuan kasuko lanpostu-zerrendan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Agentziak bermatzen ditu Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean herritarrei aitortutako hizkuntza-eskubideak, eta Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen XIII. tituluan jasotako hizkuntza-normalizazioari buruzko xedapenak eta indarrean dagoen gainerako araudia aplikatu behar zaizkio.

  1. Euskadiko Zibersegurtasun Agentziaren ondarea Euskadiko ondarean sartzen da. Izan ere, titular gisa dagozkion ondasun eta eskubideen multzoak osatzen du erakundearen ondarea, Euskadiko ondareari buruzko Legearen testu bateginean ezarritakoarekin bat etorriz (azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onetsia).

  2. Euskal Zibersegurtasun Agentziari titular gisa dituen eta atxikita dituen ondasun eta eskubideen eskumenak dagozkio, Euskadiko ondareari buruzko Legearen testu bateginean ezarritakoarekin bat etorriz.

  3. Atxikitako ondasun eta eskubideen gainean jarraipena egingo da, horien ondare-kontabilitatearen bitartez. Halaber, erakunde publikoak behar den lankidetza emango du Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorra eta merkataritza-sozietateetako kapitala ordezten duten akzioen eta tituluen inbentario osagarria egiteko.

Elkartearen diru-baliabideak hauek dira:

  1. Haren ondareko produktuak eta errentak edo hari atxikita dauden ondasunak edo administratzen eta ustiatzen dituenak.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan urtero esleitzen zaizkion diru-izendapen eta transferentziak.

  3. Indarrean dagoen legerian aurreikusirikoarekin bat etorriz, jasotzea egokitzen zaizkion diru-sarrerak, eta beraren jardueren ondorioz sortzen direnak.

  4. Dirulaguntzak, ekarpenak eta dohaintza edo oinordetza-titulu bidez, legeei jarraikiz, jaso ditzakeen baliabide ekonomikoak.

  5. Lege- edo erregelamendu-xedapenen arabera dagokion beste edozein baliabide.

  1. Agentziak finantza-autonomia du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza-araudiak ezarritakoaren araberakoa.

  2. Agentziak urtero egin eta onartuko du dagokion aurrekontu-aurreproiektua, eta Eusko Jaurlaritzari igorriko dio, onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sar dezan, behar besteko independentziarekin, aurrekontu-erregimenari buruzko araudian ezarritakoaren arabera.

  3. Administrazio Kontseiluari dagokio 1.500.000 eurotik gorako gastuak baimentzea, eta Zuzendaritza Nagusiari zenbateko horretatik beherako gastuak baimentzea.

  1. Euskal Zibersegurtasun Agentzia sortzeko ekainaren 29ko 7/2023 Legearen 2. artikuluaren t) letran esleitutako eginkizunak eta lege horren u) letrarekin lotuta eman daitezkeenak betetzeko, Agentziak laguntzak eta dirulaguntzak eman ahal izango ditu, bai eta dagozkien programak eta deialdiak onartu eta izapidetu ere, dirulaguntzen arloko araudiarekin bat etorriz.

  2. Dirulaguntzen programak onartzeak eta dirulaguntzak emateari eta, hala badagokio, itzultzeari buruzko ebazpenak emateak administrazio-ahalak baliatzea ekarriko dute, administrazio-egintzak izango dira, eta administrazio-bidea amaituko dute.

  3. Zuzendaritza Nagusia arduratuko da dirulaguntzen programak betearazteaz. Programek 21.3 artikuluan ezarritakoa baino gastu handiagoa eragiten badute, Administrazio Kontseiluak onartu beharko ditu, eta prozedura horietan behar diren ebazpenak eta egintzak bideratuko ditu.

  1. Administrazio Kontseiluak onartuko ditu finantzaketa-proposamenak, eta mugak jarri beharko ditu kreditu-eragiketetarako, abaletarako eta beste kauzio batzuetarako, Euskal Autonomia Erkidegoak zorpetzeko eta bermea emateko araubideak erregulatzen dituen araudiaren eta Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kasuan kasuko legeen esparruan.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoak zorpetzeko eta bermea emateko araubideak erregulatzen dituen araudiaren eta Administrazio Kontseiluak aldez aurretik ezarritako mugen esparruan onartuko du Zuzendaritza Nagusiak maileguak, kredituak, abalak edo beste edozein finantza-tresna kontratatzea, bere helburuen zerbitzura.

  1. Kontrol ekonomiko-finantzarioaren eta kudeaketa-kontrol iraunkorraren modalitatean gauzatuko da Agentziaren kontrol ekonomikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritakoaren arabera, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagokionaren kalterik gabe.

  2. Agentziak bere informazio ekonomiko-finantzarioa darama, Kontabilitate Plan Orokorreko irizpideen araberakoa. Ekonomia- eta finantza-informazio hori bat etorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak zuzenbide pribatuko erakunde publikoentzat ezartzen duenarekin, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak xede horretarako ematen dituen jarraibideekin ere.

  3. Agentziak jardueren memoria bat onartuko du urtero. Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari helaraziko die memoria hori, eta Agentziaren zuzendariak segurtasun-arloan eskumena duen Eusko Legebiltzarreko Batzordean aurkeztuko du.

  1. Agentziaren kontratazioa kontratazio publikoaren arloko legeriak eta hura garatzeko araudiak arautzen dute.

  2. Agentziaren kontratazio-organoa Zuzendaritza Nagusia da.

  1. Agentziaren egintzen ondare-erantzukizunaren araubidea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen IV. kapituluan xedatutakoa da.

  2. Agentziaren egintzen ondoriozko ondare-erantzukizuneko espedienteak ebaztea Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

  1. Agentziaren Zuzendaritza Nagusiak bere administrazio-ahalen esparruan emandako ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta administrazioarekiko auzien bidean aurkaratu daitezke, hargatik eragotzi gabe aukerako berraztertze-errekurtsoa jartzea.

  2. Agentziaren Administrazio Kontseiluak bere administrazio-ahalen esparruan emandako ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta administrazioarekiko auzien bidean aurkaratu daitezke, hargatik eragotzi gabe aukerako berraztertze-errekurtsoa jartzea.

Auzibidean jardun beharra badago, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren ardura izango da Agentzia ordezkatzea eta defendatzea, bere arauetan xedaturik dagoenaren arabera.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.