Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

33/2023 DEKRETUA, martxoaren 7koa, zeinaren bidez sortzen baita Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen errolda.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 80
  • Hurrenkera-zk.: 1993
  • Xedapen-zk.: 33
  • Xedapen-data: 2023/03/07
  • Argitaratze-data: 2023/04/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legeak 5. artikuluan ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailak Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen errolda publiko bat sortu eta eguneratuko du, eta beharrezkoa izango da errolda horretan inskribatzea euskal administrazio publikoekin lankidetzan aritzeko eta haiek bultzatzen dituzten sustapen-neurriak eskuratzeko, diruz lagun daitezkeen programak barnean direla.

Halaber, ezartzen da errolda hori boluntariotzako erakundeen erroldarekin koordinatuko dela, zeina 169/2000 Dekretuan araututa baitago 169/2000 Dekretua, irailaren 1ekoa, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorraren funtzionamendu-araudia onartu eta boluntariotzari buruzko zenbait alderdi arautzen dituena.

Zehazki, koordinazio horren esparruan, hau ezartzen da: Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen erroldan inskribatzen diren erakundeak Boluntariotzako Erakundeen Erroldan ere inskribatuta geratuko dira, beste izapiderik egin beharrik gabe.

Horrenbestez, dekretu honen xedea da Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen errolda publikoa sortzea eta haren funtzionamendua arautzea, eta, bereziki, inskribatzeko, eguneratzeko eta ezerezteko prozedurak ezartzea.

Horrela, dekretu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden hirugarren sektore sozialeko erakundeen kopurua eta osaera ezagutzeko hasierako eta oinarrizko helburua bete nahi da, bai eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legean ezarritako mandatua bete ere: Euskadiko hirugarren sektore soziala ezagutzeko, jakitera emateko, aztertzeko, planifikatzeko, antolatzeko eta sustatzeko tresna baliagarri bat sortzea.

Era berean, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen erroldaren eta Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiaren arteko lankidetza aurreikusten da, errealitate sozialaren berri izateko, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan dauden hirugarren sektore sozialeko erakundeen kopurua eta osaera ezagutzeko.

Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, bat etorriz Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin, eta, Gobernu Kontseiluak proposamena aztertuta eta onartuta 2023ko martxoaren 7an eginiko bileran, hau

  1. Dekretu honen xedea da Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen errolda publikoa (aurrerantzean, errolda) sortzea eta haren funtzionamendua arautzea, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legearen (aurrerantzean, Hirugarren Sektorearen Legea) 5. artikuluan ezarritako lege-mandatua betetzeko.

  2. Errolda gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak dituen sailera adskribatuta egongo da, eta gizarte-zerbitzuen arloko Zuzendaritza eskuduna arduratuko da errolda hori kudeatzeaz eta mantentzeaz (aurrerantzean, organo kudeatzailea).

  1. Errolda ezagutzarako eta publizitaterako oinarrizko tresna da, eta, beraz, Euskadiko hirugarren sektore soziala osatzen duten erakundeen berri emateko eginkizuna du.

  2. Halaber, tresna publikoa da, eta, beraz, sarbidea lege hauetan ezarritako moduan eta baldintzetan arautuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean.

  3. Errolda publikoa izango da, gutxienez erakundearen izenari, helburuei eta jarduteko lurralde-eremuari dagokienez. Betiere, datu pertsonalak babesteko araudian ezarritako betekizunak bete beharko ditu publizitateak.

Erakunde hauek inskriba daitezke erroldan:

  1. Elkarteak, fundazioak, gizarte-ekimeneko kooperatibak eta bestelako erakundeak, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte: formalki eratuta egotea eta nortasun juridiko propioa izatea; egoitza eta jarduera Euskadin izatea; esku-hartze sozialeko jarduerak egitea, eta Hirugarren Sektoreari buruzko Legearen 3. artikuluan jasotako ezaugarriak izatea.

  2. Ondoren aipatzen diren erakundeak, baldin eta esku-hartze sozialeko jarduerak egiten badituzte, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko sareren baten barnean badaude eta sare horren jokabide-kodeak onartzen badituzte, eta Hirugarren Sektoreari buruzko Legearen 16. artikuluan jasotako betebeharrak betetzen badituzte:

    1. Gaur egun ere existitzen diren fundazio edo erakunde historikoak, Euskal Autonomia Erkidegoan berrogeita hamar urtetik gorako ibilbidea dutenak, baldin eta hirugarren sektore sozialeko sareren baten barnean badaude eta Hirugarren Sektoreari buruzko Legearen 2.1 eta 3. artikuluetan adierazitako irizpideak betetzen badituzte, nahiz eta beren jatorrizko estatutuek ezarri instituzio publikoen ordezkariek edukitzea presentzia handiena edo bakarra beren gobernu-organoetan. Erakunde horiek Hirugarren Sektoreari buruzko Legearen 2.3 artikuluaren a) apartatuan aipatutako zerrendan agertu beharko dute.

    2. Hirugarren Sektoreari buruzko Legearen 3. artikuluan aurreikusitako betekizunetakoren bat betetzen ez duten erakundeak, baldin eta hirugarren sektore sozialeko erakundeek zuzenean edo zeharka gehiengoz partaidetuta badaude, erakunde horien helburu sozialak lortzeko eratuak izan badira, egoitza Euskadin badute eta jardueraren parte nagusia Euskadin egiten badute, eta jarduera hori irabazi-asmorik gabekoa bada. Merkataritza-sozietateak izanez gero, irabazi-asmorik gabekotzat hartuko da estatutuetan aurreikusita izatea lortutako mozkinak erakundearen helburu diren jardueretan berrinbertitzeko beharra. Bereziki, esparru honetan sartuko dira enplegu-zentro bereziak eta gizarteratze-enpresak, baldin eta dagozkien erregistro ofizialetan behar bezala inskribatuta badaude eta Hirugarren Sektoreari buruzko Legearen 2,3. artikuluaren b) apartatuan jasotako betekizunak betetzen badituzte, beren araudi espezifikoan aurreikusita daudenez gainera.

Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen erroldan, gutxienez, datu hauek inskribatuko dira:

  1. Erakundearen izena.

  2. Erakundearen izaera juridikoari dagokion erregistroan duen inskripzio-zenbakia.

  3. Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFK).

  4. Egoitza soziala.

  5. Erakundearen helburuak.

  6. Jarduteko lurralde-eremua.

  7. Legezko ordezkaria.

  8. Erakundearen giza baliabideak, kontratatutako pertsonen eta boluntarioen kopurua adierazita.

  9. Beste edozein datu, indarrean dagoen legeriak hala ezartzen badu.

  1. Beharrezkoa izango da inskribatzea euskal administrazio publikoekin lankidetzan aritzeko eta haiek bultzatzen dituzten sustapen-neurriak eskuratzeko, diruz lagun daitezkeen programak barnean direla.

  2. Inskripzioak ez du inola ere eraketa-ondoriorik izango, ez eta baimen-ondoriorik ere.

  3. Inskribatzeko ebazpenak ematen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

  4. Inskripzioa eginda, errolda kudeatzen duen organoak ofizioz bultzatuko du Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean inskribatzeko prozedura hastea.

    Horretarako, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen errolda publikoan inskribatzeko ebazpena helaraziko zaio Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorra kudeatzen duen organoari, inskribatzeko baldintzak betetzen direla egiazta dezan eta, hala badagokio, inskripzioa egin dezan.

Dekretu honen 3. artikuluan aipatzen diren Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeak inskribatzeko prozedura hasteko, inskripzio-eskabidea egin beharko du erakunde horien ordezkariak.

  1. Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira bide elektronikoz:

    1. Eskabidea izenpetzen duenaren ordezkaritza-egiaztagiria.

    2. Estatutuen kopia.

    3. Erakundearen izaera juridikoari dagokion erregistroan inskribatuta dagoela ziurtatzen duen agiria.

    4. Gobernu-organoa osatzen duten pertsonen nortasuna adierazten duen ziurtagiria.

    5. Erakundearen giza baliabideak egiaztatzeko agiria, kontratatutako pertsonen eta boluntarioen kopurua adierazita.

  2. Aurreko paragrafoko b), c) eta d) apartatuetan aipatzen den dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, baldin eta erakundea dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren mendeko erregistro publiko batean inskribatuta badago.

  3. Eskabidean, aukera egongo da entitate interesdunak espresuki baimendu dezan dokumentazioaren zati bat organo kudeatzaileak lortzea edo egiaztatzea, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak esleituta dituen, egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak. Hala ere, erakunde eskatzaileak espresuki egin diezaioke uko egiaztatze horri, eta, hala eginez gero, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.

  4. Organo kudeatzaile eskudunak egiaztatuko du aurkeztutako dokumentazioa, eta, eskabidean akatsen bat edo okerren bat dagoela edo dokumenturen bat falta dela ikusten badu, erakunde interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo falta diren nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta ohartaraziko dio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren arabera emandako ebazpenaren bidez.

  1. Eskabidea eta erantsitako dokumentazioa ikusita, organo kudeatzaileak ebazpen arrazoitua emango du, eta dagokion inskripzioa agindu edo ukatuko du.

  2. Inskripzio-prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren erregistro elektronikoan sartzen denetik. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik eman eta jakinarazi ez bada, erakunde interesdunak baietsitzat jo dezake eskabidea, administrazio-isiltasunez.

  3. Emandako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke hierarkian organo kudeatzailearen gainetik dagoenari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  1. Inskribatutako datuen edozein eguneratze organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio, eguneratze hori justifikatzen duen dokumentazioarekin batera, 7. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

    Jakinarazpena ez da beharrezkoa izango, baldin eta informazio hori dagoeneko jasota badago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren mendeko erregistro publikoren batean.

  2. Betiere, inskripzioa egiteko oinarri izan ziren betekizunei eusten bazaie inskribatuko da eguneratzea.

  3. Organo kudeatzaileak edozein unetan eskatu ahal izango die inskribatutako erakundeei inskribatutako datuak berresteko edo egindako eguneratzeak jakinarazteko, eta ohartaraziko die, errekerimendu hori betetzen ez badute, ofizioz hasi ahal izango dela inskripzioa ezerezteko prozedura.

  1. Ofizioz edo alderdi batek eskatuta ezereztu ahal izango da inskripzioa.

  2. Inskripzioaren ezereztea ofizioz hasi ahal izango da, organo kudeatzaileak jakiten duenean inskribatzeko beharrezko baldintzaren bat betetzen ez dela edo aurreko artikuluaren 4. apartatuan aurreikusitako kasuan, erakunde interesdunari hamar egun balioduneko entzunaldi-izapidea egin ondoren, jakinarazpen-datatik zenbatzen hasita.

  3. Alderdi batek eskatuta hasitako ezerezte-prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren erregistro elektronikoan sartzen denetik. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik eman eta jakinarazi ez bada, erakunde interesdunak baietsitzat jo dezake eskabidea, administrazio-isiltasunez.

  4. Emandako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke hierarkian organo kudeatzailearen gainetik dagoenari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  5. Ofizioz hasitako prozeduretan, ezerezteko prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera hasiko da hiru hilabeteko epea, eta, epe hori igarotakoan, prozedura iraungi egingo da.

Izapidetzea bide elektronikoz egin beharko da ezinbestean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10578

Espedienterako sarbidea eta eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA. Euskadiko hirugarren sektore sozialeko dirulaguntzen erakunde onuradunak inskribatzea.

Dekretu hau indarrean jartzen denean, erroldan inskribatuta geratuko dira, aldez aurretik eskatu beharrik izan gabe, honako dekretu honetan aurreikusi eta ebatzitako azken deialdiaren erakunde onuradunak: 271/2012 Dekretua, abenduaren 4koa, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituena. Hori bai, aldez aurretik ofizioz egiaztatu beharko da inskripzioa egiteko baldintzak betetzen direla.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Gizarte-intereseko gisa aitortutako erakundeak inskribatzea.

Dekretu hau indarrean jartzen denean, erroldan inskribatuta geratuko dira, aldez aurretik eskatu beharrik izan gabe, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan eta Gizarte-zerbitzuetako irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko deklaratzeari buruzko urriren 7ko 424/2013 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera gizarte-interesekotzat deklaratutako erakundeak. Hori bai, aldez aurretik ofizioz egiaztatu beharko da inskripzioa egiteko baldintzak betetzen direla.

Modu berean, Dekretu hau indarrean jarri ondoren gizarte-interesekotzat jotzen diren erakundeei aplikatuko zaie.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Boluntariotzaren Erroldan inskribatutako erakundeak inskribatzea.

Dekretu hau indarrean jartzen denean, erroldan inskribatuta geratuko dira, aldez aurretik eskatu beharrik izan gabe, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean inskribatutako erakundeak, inskripzioa egiteko baldintzak betetzen direla ofizioz egiaztatu ondoren. Errolda Orokor hori Boluntariotzari buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legearen bidez sortu zen eta 169/2000 Dekretuan dago arautua 169/2000 Dekretua, irailaren 1ekoa, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorraren funtzionamendu-araudia onartu eta boluntariotzari buruzko zenbait alderdi arautzen dituena.

Modu berean, Dekretu hau indarrean jarri ondoren Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean inskribatzen diren erakundeei aplikatuko zaie.

Dekretu hau indarrean jarri eta hurrengo 6 hilabeteetatik aurrera, erroldan inskribatuta egotea eskatuko da euskal administrazio publikoek egiten dituzten dirulaguntzen deialdietan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Ordezko erregimena.

Administrazio-prozedurari buruz dekretu honetan espresuki aurreikusi ez den orori dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Erregelamenduzko garapena.

Gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak esleituta dituen saileko titularrari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren ekintzak egin ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indarrean sartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko martxoaren 7an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.