Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

21/2015 DEKRETUA, martxoaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila; Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 46
  • Hurrenkera-zk.: 1109
  • Xedapen-zk.: 21
  • Xedapen-data: 2015/03/03
  • Argitaratze-data: 2015/03/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Hondakin sanitarioen kudeaketa abenduaren 24ko 313/1996 Dekretuaren bitartez arautu zen lehenengo aldiz Euskal Autonomia Erkidegoan. Martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuak ordezkatu zuen aurreko arau hori. 2002ko dekretuaren berrikuntza nagusia izan zen hondakin sanitario gutxi sortzen zituzten zentroen kudeaketa-baldintzak ere arautu zituela, ez baitzituzten lehenago kontuan hartu.

Azken urteotako eskarmentuak beharrezko egiten du gaur egun indarrean dagoen 76/2002 Dekretua ordeztea, eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea onartu izanak are premiazkoago egiten du aldaketa; izan ere, lege horren 29. artikuluak beste araubide edo erregimen bat jarri du lehenago zegoen baimen-araubidearen ordez: dena delako jarduerari ekin baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoan eskumena duen ingurumen-organoari jakinarazpena edo komunikazioa helarazi beharra.

Erregulazio berri honek, baimen-araudia aldatzeaz gain, hondakin sanitarioen bereizketa edo segregazioa azpimarratzen du, batik bat.

Kontuan hartuta arauak osasun-arloko eskumenei nahiz ingurumen-arlokoei eragiten diela, lankidetzarako eta koordinaziorako mekanismoak ere jasotzen ditu, gai horietan eskumena duten organo guztiek bi sailetakoek beren eginkizunak erraz bete ditzaten.

Testuak 5 kapitulu ditu. Lehenbizikoan, dekretuaren xedea zehaztu eta haren edukia nahiz norainokoa argitzeko zenbait definizio emateaz gain, hondakin sanitarioen sailkapena ezartzen da, hiru multzotan banatuta: hondakin sanitario ez-espezifikoak, hondakin sanitario espezifikoak, eta hondakin sanitario ez-biologikoak nahiz halakoak dituzten nahasteak. Garrantzi handiko sailkapena da hau, hondakinak zuzen bereiz edo segregatu daitezen.

  1. eta III. kapituluak hondakin sanitarioen kudeaketari buruzkoak dira: zentro barneko kudeaketari eta zentroz kanpoko kudeaketari buruzkoak, hurrenez hurren. Ondoren, IV. kapituluak jardueraren antolaketa jasotzen du, argi eta garbi zehaztuz zer betebehar dituzten hondakinak sortzen dituztenek nahiz hondakinak kudeatzen dituztenek, eta zer eskumen dagozkien Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organoei. Azkenik, V. kapituluan dago jasota zehapen-araubidea, iturburu hauek baititu: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen IV. titulua; Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen V. tituluko II. kapitulua, eta Hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen VII. tituluko II. kapitulua.

    Dekretu honek, beraz, arau hauek garatzen ditu: alde batetik, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 3. artikulua, zeinaren arabera osasun-arloko administrazioari baitagokio osasun publikoa babestuta dagoela bermatzea, prebentziorako eta osasuna sustatzeko neurrien bidez; bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea, hondakinen alorreko politikaren oinarrizko ildoak jasotzen baititu.

    Hori guztia kontuan hartuta, Osasuneko sailburuaren eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoari jarraiki, eta Gobernu Kontseiluak, 2015eko martxoaren 3an, egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea da: Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak sortzearekin eta kudeatzearekin lotutako esparrua arautzea, osasun publikoa eta ingurumena babeste aldera.

Dekretu honen aplikazioari dagokionez, hitz hauek definizio hau dute:

  1. Hondakin: edozein substantzia edo objektu, edukitzaileak botatzen duena, edo botatzeko asmoa edo betebeharra duena.

  2. Hondakin sanitarioak: Europako Hondakinen Zerrendako 18. epigrafean egon eta Dekretu honen 3. artikuluko kategoriaren batean sartuta dauden hondakinak. Europako Hondakinen Zerrenda otsailaren 8ko MAM/304/2002 Aginduaren bidez onartu zen (BOE, 43. zk., 2002ko otsailaren 19koa).

  3. Hondakin sanitarioen ekoizle: Dekretu honen 3. artikuluan jasotako hondakin-motaren bat ekoizten duen pertsona fisiko edo juridiko oro (hasierako hondakin-ekoizlea), edo horrelako hondakinen izaera edo konposizioa aldatzea dakarren edozein lan (aurretratamendua, nahasketa...) egiten duena.

  4. Hondakin sanitarioen kudeaketa. Hondakin sanitarioei zer ezaugarri dituzten kontuan hartuz tratamendu egokiena ematera bideratutako eragiketen multzoa. Hauek dira eragiketa horiek: batetik, hondakinak manipulatzea, sailkatzea, biltzea, egokitzea, biltegiratzea, garraiatzea, eta balorizatzeko edo deuseztatzeko tratamenduak egitea, eta, bestetik, agente- eta negoziatzaile-jarduerak.

  5. Zentro barruko kudeaketa. Hondakinen kudeaketarako lanen artean, hondakinak ekoizten dituzten zerbitzu eta zentroen barruan egiten direnak.

  6. Zentroz kanpoko kudeaketa. Hondakinen kudeaketarako lanen artean, hondakinak ekoizten dituzten zerbitzu eta zentroetatik kanpo egiten direnak; oro har, hondakinak biltzen direnetik aurrerako guztiak, tartean direla kanpoko bilketa, garraioa, balorizatzeko edo deuseztatzeko tratamenduak, eta agente- eta negoziatzaile-jarduerak.

  7. Hondakin sanitarioen kudeatzaile. Aurreko paragrafoan aipatutako zentroz kanpoko kudeaketa-lanak egiten dituen pertsona edo erakunde publiko nahiz pribatu oro (baimen edo jakinarazpen bidez erregistratua), eta hondakin sanitarioak ekoizten dituzten zentro edo zerbitzuetan balorizatzeko edo deuseztatzeko tratamenduak egiten dituena.

  8. Hondakin sanitarioen autokudeatzaile. Berak eta soilik berak ekoiztutako hondakin sanitarioak balorizatzeko edo deuseztatzeko tratamenduak egiten dituen ekoizlea.

  9. Desinfekzio. Zernahi gai, objektu, material edo produktutan, hondakin izan ala ez, mikroorganismo patogenoak suntsitzeko prozesua.

  10. Esterilizazio. Zernahi gai, objektu, material edo produktutan, hondakin izan ala ez, mikroorganismo guztiak suntsitzeko prozesua.

  11. Hondakinak biltegiratze: hondakinak jaso eta zentro ekoizlearen lokaletan gordetzeko ekintza. Honelakoa izan daiteke:

    1. Tarteko biltegiratzea: denbora-tarte laburrerako egiten dena, 24 ordu baino gutxiagorako; egin ere, lokal batzuetan, hondakinak kudeatzera bidali aurretiko biltegietara eraman baino lehen jasotzeko.

    2. Kudeaketa baino lehenagoko biltegiratzea: lokal batzuetan egiten da, eta horietatik jasoko eta garraiatuko dira hondakinak, bai zentroz kanpo kudeatzeko, bai ekoizten diren zentroan edo zerbitzuan bertan tratatzeko.

      1. Zentro barruan biltegiratzeko gehieneko aldi: hondakina ontzian uzten dutenetik jaso eta garraiatzen duten artekoa; jaso eta garraiatu ere, bai zentroz kanpo kudeatzeko, bai ekoizten diren zentroan edo zerbitzuan bertan tratatzeko.

Hondakin sanitarioak ondorengo multzo hauetan sailkatzen dira:

1. I. multzoa. Hondakin sanitario ez-espezifikoak.

Behin bakarrik erabiltzeko materialak dira, hala nola osasun-langileek erabilitako arropa, eskularru eta maskarak, odolez, jariakinez edo iraizkinez zikindutako sendaketa-materiala, gernua duten edo izan duten ontziak, drainatze-ontzi hustuak, odola edo bestelako likido biologikoak biltzeko erabilitako poltsa hutsak, dialisi-iragazkiak, hodixkak, igeltsuak, eta, oro har, likido biologikoak xurgatu dituen edo horrelakoekin zikinduta dagoen beste edozein hondakin, baldin eta II. edo III. multzoko hondakin-motaren bat ez bada.

Aurrekoez gain, II. multzoko hondakinak ere multzo honetakotzat hartuko dira Dekretu honen 14. artikuluan jasotakoari jarraiki autoklabe bidez tratatuak izan ondoren edo 16. artikuluan jasotakoa betez beste tratamendu baimenduren bat jaso eta gero.

2. II. multzoa. Hondakin sanitario espezifikoak.

Infekzioak eragiteko arriskua dakartelako edota arrisku-susmoa edo arrisku psikoemozionala eragiten dutelako, kudeaketaren etapa guztietan bereiz kudeatu beharreko hondakinak dira multzo honetakoak.

Multzo honen barruan hondakin-mota hauek sartzen dira:

  1. Hondakin infekziosoak; hots, Dekretu honetako I. eranskinean zerrendatutako gaixotasun infekziosoren bat duten pazienteengandik datozela-eta, gaixotasun horiek kutsatzeko gai izan daitezkeenak.

    Salbuespen gisa, eta zentro ekoizleak hala baderitzo, infekziosoak izan daitezkeelako zalantza sortzen duten bestelako hondakin batzuk ere sartu ahalko dira multzo honetan (desagerrarazitzat jotako gaixotasunak, kanpotik ekarriak, gaixotasun berriak edo oso birulentoak).

  2. Agente biologikoen kultiboak eta erreserbak, baldin eta gizakiei nahiz animaliei gaixotasunik eragiteko modukoak badira, eta haiekin kontaktuan egondako material botagarria, fluxu edo korronte laminarreko kanpaietako eraginkortasun handiko iragazkiak barne.

  3. Agente bizi motelduak dituzten txertoak eta haien bialak.

  4. Anatomia-hondakinak, baldin eta beren tamainagatik ez badira sartzen indarrean dagoen hilotzen alderdi sanitarioei buruzko erregelamenduaren aplikazio-eremuan (202/2004 Dekretua, urriaren 19koa).

  5. Hondakin zorrotz edo ziztakariak, hala nola bisturiak, orratz hipodermikoak, suturarako orratzak, kapilarrak, portak, estalkiak eta agente patogenoei sartzeko bidea ireki diezaiekeen beste edozein hondakin.

  6. Odola eta hemoderibatuak, pleura-likidoa, peritoneo-likidoa eta beste edozein fluido biologiko (gernua izan ezik), baldin eta ontzitan jasota 100 ml-tik gorako kantitatea badira, edo hondakin horien laginak, guztira, 100 ml-tik gorako kantitatea badira, eta betiere 2 a) eta 2 g) motako hondakin infekziosoak ez badira edo saneamendu-sistema orokorraren bidez deuseztatzekoak ez badira.

  7. Animalia infekziosoetatik datozen hondakinak edo Dekretu honetako I. eranskinean zerrendatutako patologiak eragiten dituzten agente infekziosoak inokulatu zaizkien animalietatik datozenak, gorpuak, anatomia-hondakinak eta haien estabulaziotik sortutako hondakinak, baldin eta patologia horiek kutsatzeko gai izan daitezkeela uste bada eta ez badira sartzen giza kontsumorako ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei buruzko araudiaren aplikazio-eremuan.

    III. multzoa. Hondakin sanitario ez-biologikoak, eta horrelakoak dituzten nahasteak.

    Multzo honen barruan hondakin-mota hauek sartzen dira:

  1. Medikamentu zitotoxikoen eta zitostatikoen hondakinak, eta botika horiek prestatzeko erabilitako edo horiekin kontaktuan egondako material guztia, fluxu edo korronte laminarreko kanpaietako eraginkortasun handiko iragazkiak barne.

  2. Epigrafe honetako beste atal batzuetan zehaztutakoez bestelako botika baztertuak.

  3. Hondakin sanitarioak, kontserbatzearren formoletan edo beste gai kimikoren batean sartutako anatomia-hondakinen nahastea badira.

  4. Beste edozein hondakin, baldin eta, osasun-arloko jardun profesionalerako beharrezkoa izanik, artikulu honetan zehaztutako II. eta III. multzoetako hondakinak erabiliz egindako nahastearen emaitza bada.

Dekretu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira:

  1. Hondakin erradioaktiboak, Energia nuklearrari buruzko apirilaren 29ko 25/1964 Legeak eta hura garatzeko arauek erregulatzen baitituzte.

  2. Behar besteko munta duten giza hondakin edo gorpuzkiak, hilotzen alderdi sanitarioei buruzko erregelamenduaren bitartez arautuko baitira (202/2004 Dekretua, urriaren 19koa).

  3. Dekretu honen 3.artikuluan jaso gabeko beste edozein hondakin, ekoizleak sortua berau, jarduera sanitarioen karakteristikoa izan edo ez, hala nola erradiologian erabilitako likido errebelatzaileak eta finkatzaileak, anatomia patologikoan erabilitako formola, alkoholak eta xilenoak, erabiltzen ez diren transformadoreak, instalazioen mantentze-lanetan eta abarretan erabilitako olioak, eta, oro har, laborategiko produktuen hondakinak eta haien ontziak.

    Idatzi-zati honetako hondakinei dagokienez (c idatzi-zatiaz ari gara), arlo horri buruzko araudi sektorialean hondakin-sortzaileei ezarritako betebeharrak bete behar dira.

  1. Hondakin sanitarioak zentro barruan kudeatzeko etapa guztietan, irizpide hauei jarraituko zaie: gutxitzea, asepsia, kalterik ez egitea eta egoki bereiztea.

  2. Hondakin sanitarioak jatorrian sailkatu eta bereizi behar dira, eta bilketa horretarako erabiliko diren ontziek honelakoak izan behar dute: behin bakarrik erabiltzekoak, zama handia eusteko modukoak, opakoak eta hermetikoki ixtekoak (poltsak eta ontzi erdi zurrunak izan ezik, ustekabean ez irekitzeko moduan itxiko baitira). Hondakinak bukaeran erraustu egin behar badira, hondakin-ontziak erabat suntsitzeko moduko materialezkoak izango dira, eta gainera, erretzean isuri toxikorik batere ez sortzeko modukoak edo ahalik gutxien sortzekoak izango dira.

    II. eta III. multzoetako hondakinak biltegiratzean, irizpide hauei jarraituko zaie:

    1. Hondakinak dituzten ontzien tarteko biltegiratzea hondakinen ekoizpen-lekuetatik gertu dauden lokaletan egingo da. Baimendutako pertsonak baino ez dira sartuko lokal horietara.

    2. Hondakin sanitarioak kudeatzera bidali aurretik biltegiratzeko lokalek aireztapen-sistema egokia izan behar dute, eta baimendutako pertsonak baino ez dira sartuko lokal horietara.

    3. Biltegietako paramentuak erraz garbitu eta desinfektatzeko modukoak izango dira, eta higiene-egoera egokian edukiko dira. Hondakin likidoak biltegiratzeko lekuek euste-sistemek izango dituzte, ontziak hautsi edo isurketarik gertatuko balitz ere.

    4. Biltegirik ezean, armairutan edo antzeko sistemen bidez biltegiratu ahalko dira hondakinak, baina behar bezala seinaleztatuta egon behar dute beti, eta jendeak ez irekitzeko moduan. Betiere, aurreko puntuko baldintzak beteta.

    5. Hondakinak beste produktu eta material batzuekin batera ere gorde ahalko dira, baldin eta produktu eta material horien, lokalaren eta erabiltzaileen segurtasun- eta higiene-baldintzak bermatuta badaude.

    6. Poltsatan jasotako hondakinei dagokienez, edukiontziak eduki behar dira, bai bitarteko biltegiratzea egiteko, bai hondakinak kudeatzera bidali aurretiko biltegietara eramateko. Edukiontzi horiek, behin bakarrik erabiltzekoak ez badira, egituraz zurrunak eta erraz garbitu eta desinfektatzeko modukoak izango dira, eta higiene-egoera egokian edukiko dira.

    7. Hondakin sanitarioak tarteko biltegietatik kudeatzera bidali aurretiko biltegietara eramateari dagokionez, zentroak ezarriko du zenbatean behin egingo den, eta horretarako, bi alderdi hauek izango ditu kontuan: zenbat hondakin ekoizten den, eta zentroan hondakinak biltegiratzeko zenbaterainoko lekua dagoen. Edonola ere, garraio hori gutxienez 24 orduan behin egin beharko da.

      Osasun-arloko agintaritzak, salbuespen gisa eta behar bezala justifikatuta, zentroak proposatutako maiztasunaz bestelako bat exijitu ahalko du.

      Hondakinak bitarteko biltegietatik kudeatzera bidali aurretiko biltegietara eramateko, artikulu honetako 3.6 atalean aipatutako edukiontziak erabili behar dira, eta garraio hori beti egingo da zentroak berak zehaztutako zirkuituetan zehar eta jende gutxien dabilenean.

      1. Guztiz debekatuta dago II. eta III. multzoetako hondakin sanitarioak aterpez kanpo uztea.

Hondakin sanitario ez-espezifikoak, merkataritza-hondakin ez-arriskutsuak diren aldetik, udal-ordenantzetan ezarritakoa betez kudeatuko dira.

  1. Ontziak.

    II. multzoko hondakinak poltsatan edo ontzi zurrun edo erdi zurrunetan utzi behar dira, eta horiek 5. artikuluko 2. puntuan ezarritako baldintzak bete behar dituzte. Hondakin zorrotzak eta ziztakariak uzteko, ontzi zurrun, zulaezin eta iragazgaitzak erabili behar dira.

    II. multzoko hondakinak poltsatan jasoz gero, poltsa gorriak erabiliko dira.

  2. Etiketak.

    II. multzoko hondakinen bilketarako ontziak eta poltsa-euskarriak, baita biltegiratzeko erabili edukiontziak ere, hala badagokio, honela etiketatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko azaroaren 19ko 2008/98/EE Zuzentarauak, Hondakinei buruzkoak beste zuzentarau batzuk ere derogatu ditu, III. eranskinean jasotako arrisku-ezaugarrien arabera.

    1. Creutzfeldt-Jakoben gaixotasuna edo prioiek eragindako beste gaixotasunen bat tarteko dela sortutako hondakin infekziosoetan, etiketak garbi eta erraz ikusteko moduan adierazi behar du hondakin horiei dagokien azken tratamendua errausketa dela.

  3. Gehienezko biltegiratze-epea (zentro barruan).

    1. Biltegiratze-mota honen gehienezko epea ez da 6 hilabete baino gehiago izango hondakin sanitario hauentzat: II c) multzokoak ,agente bizi motelduak dituzten txertoak eta haien bialak, eta II e) multzokoak, zorrotzak edo ziztakariak.

      II. multzoko gainerako hondakin sanitarioak gehienez ere astebetez eduki ahalko dira honela biltegiratuta. Biltegiratzea hilabeteraino luzatu ahalko da hozte-mekanismoak edukiz gero, behar bezala seinaleztatuak, eta tenperatura 4º C-tik beherakoa izango dela bermatuta.

    1. Osasun-arloko agintaritzak, salbuespen gisa eta behar bezala justifikatuta, zentro barruan hondakinak biltegiratuta edukitzeko gehienezko epe horiek murriztu ahalko ditu, biltegiratutako hondakinen ezaugarriengatik edo kantitateagatik beharrezko baderitzo.

  4. Balorizatzeko edo deuseztatzeko tratamendua.

    II. multzoko hondakinei balorizatzeko edo deuseztatzeko tratamendurik egin nahi izanez gero hondakin sanitarioak ekoizten dituzten zentroen barruan, eragiketa horiek nahitaez beteko dituzte bai zentroz kanpoko kudeaketari dagokionez 9. eta 11. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrak, bai 12., 13. eta 14. artikuluetan jasotako berariazko baldintzak.

    1. Zentro ekoizleen barruan egindako tratamendu-jarduerak Dekretu honen 17. artikuluko 3. paragrafoan aipatzen den baimena eskuratzearen mende jarriko dira.

  1. Ontziak.

    III. multzoko hondakinak ontzi zurrunetan utzi behar dira, eta ontzi horiek 5. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako baldintzak bete behar dituzte. Iraungitako botikak poltsetan edo ontzi erdi zurrunetan ere utzi ahalko dira, baina orduan, iragazgaitzak izan beharko dute, likidoak edukitzeko erabiltzen badira.

    III.d motako hondakinak (nahasteak diren gainerako hondakinak, alegia) ontzi egokitan utzi behar dira, eta egokitasun horretarako, hondakina zer egoeratan dagoen eta zer arrisku-mota dakarren hartuko dira kontuan.

  2. Etiketak.

    Ontziak, baita horiek biltegiratzeko erabili edukiontziak ere, hala badagokio, honela etiketatuko dira: Europako Parlamentuaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskinean jasotako eta Kontseiluaren 2008ko azaroaren 19ko 2008/98/EE Zuzentarauak, Hondakinei buruzkoak beste zuzentarau batzuk ere derogatu ditu, III. eranskinean jasotako arrisku-ezaugarrien arabera.

    1. Botika zitotoxikoen eta zitostatikoen hondakinetan, bai eta horiekin kutsatutako materialetan ere (III.a) multzokoetan, alegia), honela adieraziko da arriskuaren nondik norakoa: zitotoxikotasuna adierazteko piktogramaren bidez (Dekretu honetako III. eranskinean ageri da).

    2. Botika baztertuetan (III.b) multzokoetan, alegia), etiketan berariaz adieraziko da horien arriskua zertan den, H0 kodearen bidez.

    3. Hondakin sanitarioak, kontserbatzearren formoletan edo beste gai kimikoren batean sartutako anatomia-hondakinen nahastea badira (III.c) multzokoak, alegia), honela etiketatuko dira: 7.2 eta 8.2.1. artikuluetan, bietan, jasotakoak betez. Beraz, produktu kimikoak zer arrisku-mota dakartzan adierazteaz gain, II. multzoko hondakin guztiak bezala hondakin infekziosoak (H9) direla ere adieraziko da.

      3.3 artikuluko III.d) multzoko beste hondakin batzuetan ere, II. eta III. multzoetako hondakinak erabiliz egindako nahasteetan alegia, etiketan berariaz adierazi behar da nahaste hori osatzen duten hondakinek zer arrisku dakarten.

  3. Gehienezko biltegiratze-epea (zentro barruan).

    1. 6 hilabete, hondakin zitotoxiko eta zitostatikoak badira (III.a) multzokoak).

    2. Urtebete, botika baztertuen hondakinak badira, aurreko idatzi-zatikoez bestelakoak (III.b) multzokoak).

    3. 6 hilabete, kontserbatzearren formoletan edo beste gai kimikoren batean sartutako anatomia-hondakinak badira (III.c) multzokoak).

    4. Beste edozein nahaste-hondakinetarako (3.3 artikuluko III.d multzokoetarako, alegia), ingurumen-osasunean eskumena duen osasun-agintaritzak erabakiko du biltegiratzeko gehienezko epea, kontuan hartuta nahastearen osagaiak eta haien arriskua. Epe hori inoiz ez da izango 6 hilabete baino gehiago.

    5. Ingurumen-osasunean eskumena duen osasun-agintaritzak, salbuespen gisa eta behar bezala justifikatuta, hondakinak zentro barruan biltegiratuta edukitzeko gehienezko epe horiek murriztu ahalko ditu, biltegiratutako hondakinen ezaugarriengatik edo kantitateagatik beharrezko baderitzo.

  4. Balorizatzeko edo deuseztatzeko tratamendua.

    III.multzoko hondakinei balorizatzeko edo deuseztatzeko tratamendurik egin nahi izanez gero ekoizpen-tokietan, eragiketa horiek nahitaez bete behar dituzte zentroz kanpoko kudeaketari dagokionez 9. eta 15. artikuluetan ezarritako baldintzak. Bestalde, hondakin horiei dagokien tratamendua errausketa bada, 13. artikuluan ezarritakoa ere bete beharko dute.

    1. Ekoizpen-tokietan egindako tratamendu-jarduerak Dekretu honen 17. artikuluko 3. paragrafoan aipatzen den baimena eskuratzearen mende jarriko dira.

  1. Zentroz kanpoko kudeaketa-eragiketetan, inoiz ez da kutsadura edo ingurumen-hondamena eramango beste ingurune hartzaile batera.

  2. Hondakinak jasotzeaz eta garraiatzeaz arduratzen diren langileek, ahal den neurrian, ez dituzte hondakin-poltsa edo -ontzi horiek manipulatuko, eta, horretarako, bilketa-sistema mekanizatuak ezar daitezen sustatuko da, eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia beteko.

  3. Hondakin sanitarioak garraiatzean, estankotasuna, segurtasuna eta higienea bermatzeko moduko bitartekoak erabiliko dira beti, bai zamalanak egitean, bai garraioan bertan, eta bestalde, salgaien garraioari buruzko araudi aplikagarria beteko da.

  4. Hondakin sanitarioak balorizatzeko eta deuseztatzeko tratamenduak egitean, osasun publikoa eta ingurumena babestuta daudela bermatuko da une oro, eta irizpide hauei jarraituko zaie: osasungarritasuna, kalterik ez egitea eta segurtasuna.

  1. multzoko hondakin sanitarioen zentroz kanpoko bilketan eta garraioan, udal-ordenantzek merkataritza-hondakin ez-arriskutsuei buruz ezarritakoa beteko da.

    Era berean, hondakin horiek balorizatzeko eta deuseztatzeko tratamenduak baldintza hauek beteko ditu: Hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak ezarritakoak.

  1. Garraiatzea.

    1. multzoko hondakinen zentroz kanpoko bilketari eta garraioari dagokionez, hauek bete beharko dira: otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuak ezarritakoak, gai arriskutsuak errepidez garraiatzeko eragiketak arautu baititu. Nolanahi ere, baldintza hauek bete beharko dira beti:

      1. Ibilgailuak iragazgaitzak izango dira, erraz garbitu eta desinfektatzeko modukoak, ez dute trinkotze-sistemarik izango, eta material xurgatzailez hornituta egongo dira, ustekabeko isurketarik gertatuz gero jaso ahal izateko.

      2. Ibilgailuak behar bezalako garbitasun-egoeran eduki behar dira.

        II. multzoko hondakin sanitarioak poltsatan bildu badira zentro barruan, poltsa horiek ontzi zurrun eta estankotan egokitu beharko dira zentroz kanpoko garraioa egin aurretik, eta hondakin biokutsatuak badira, gainera, ontzien etiketan bio-arriskua adierazteko piktograma jarri beharko da (Dekretu honen II. eranskinean dagoena).

  2. Garraio-ibilgailuetan edo transferentziaguneetan biltegiratzea.

    1. Hondakin sanitario horiek transferentziaguneetara edo tratamendu-instalazioetara eramatean, gehienez ere 24 orduz eduki ahalko dira biltegiratuta garraio-ibilgailuan.

    2. Hondakina zentro ekoizlean jasotzen denetik tratatzen den arte (balorizatu edo deuseztatu), gehienez ere astebete igaroko da. Dena den, epe hori 2 astera luzatu ahalko da, baldin eta biltegiratzeko instalazioetan hozte-sistema egokiak erabiltzen badituzte eta tenperatura 4º C-tik beherakoa izango dela berma badezakete. Eta edonola ere, II.c multzoko hondakinak (agente bizi motelduak dituzten txertoak) eta II.e multzokoak (hondakin zorrotz edo ziztakariak) 6hilabetez eduki ahalko dira biltegiratuta, nahiz eta hozte-sistemarik ez izan.

    3. Biltegiratzeko instalazio guztiek behar bezala seinaleztatuta eta aireztatuta egon behar dute, suteetatik babesteko mekanismo araupekoak izango dituzte, eta baimena duten pertsonak soilik sartu ahalko dira.

  3. Tratamendua.

    1. Hondakin sanitario espezifikoak (II. multzokoak, alegia) tratatu aurretik birrindu egin behar badira, horretarako baimena emateko ezinbesteko baldintza izango da lan horiek egin bitartean hondakinen estankotasuna eta erabateko konfinamendua guztiz bermatuta egotea, mikroorganismorik batere atera ez dadin inondik.

    2. Dekretu honen 12. artikuluan ezarritakoa deusetan eragotzi gabe, II.multzoko hondakin sanitarioak hiru prozedura hauetako baten bidez tratatu beharko dira: errausketa bidez, desinfekzioko edo esterilizazioko sistemen bidez, edo bestela, hondakinak deuseztatuz, betiere erabat bermatzen bada, mikroorganismo patogeno guztiak suntsituz, infekzio-arriskurik batere ez dagoela.

  1. Hau da tratamendu baimendu bakarra Creutzfeldt-Jakoben gaixotasuna eta prioiek eragindako beste gaixotasun batzuk sortzen dituzten agenteek kutsatutako hondakinak kudeatzeko: errausketa.

  2. Hondakin-mota hori beste sistema baten bidez tratatzeko, ezinbestekoa izango da eskumena duten osasun-arloko agintaritzak eta ingurumen-arloko organoak balidazioa ematea.

1. II. multzoko hondakinak errausketa bidez tratatzekotan, instalazioek hondakin arriskutsu horiek errausteko baimena izan beharko dute, eta instalazioa ustiatzen duten langileak ere baimendunak izango dira.

  1. Instalazio horiek bete beharreko funtzionamendu- eta kontrol-baldintzak eta mugako isurtze-balioak hemen ezarrita daude: urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuan, zeinak, industriako isurpenen Erregelamendua onartzeaz gainera, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen baitu. Aplikatzeko diren gainerako arauak ere bete beharko dituzte.

  1. Hondakin sanitario espezifikoak (II. multzokoak) autoklabe bidez tratatzeko (presiopeko ur-lurrunaren bidez esterilizatzeko, alegia), baldintza tekniko hauek bete behar dira:

    1. Esterilizazioari dagokionez:

      1. Bakterioen, mikobakterioen, onddoen eta onddo-esporen forma begetatibo oro deuseztatzea.

      2. Birusak deuseztatzea.

      3. Bacillus anthracis bakterioaren esporak deuseztatzea.

    2. Funtzionamenduari dagokionez:

      1. Oro har, fabrikatzailearen espezifikazio teknikoei jarraitu behar zaie, autoklabearen funtzionamendu egokia, eta, beraz, autoklabean sartutako hondakinen erabateko esterilizazioa ziurtatzearren.

      2. Autoklabeari adierazle kimiko kalorimetriko bat atxikiko zaio esterilizazio-ziklo bakoitzean, kanpotik begi hutsez ikusiz ere tratamendua behar bezala egin dela egiaztatzeko.

      3. Gutxienez hilabetean behin analisi mikrobiologiko bat egingo da, esterilizazio-baldintzak hondakin-masa guztian betetzen direla egiaztatzeko. Horretarako, Geobacillus stearothermophilus bakterioa erabiliko da, edo bestela, erresistentzia berbera duen beste mikroorganismoren bat, ur-lurrunaren bidezko esterilizazio fisikoko prozesuen eraginkortasuna erakusteko adierazle gisa nazioartean onartua.

      4. Funtzionamenduko protokolo bat zehaztuko da, eta protokolo horretan, alderdi hauek erregistratuko dira: kalibratzeko prozesuak, mantentze-lanak, esterilizazioko ziklo bakoitzean izandako funtzionamendu-parametroen kontrola (presioa, tenperatura, denbora eta adierazle kalorimetrikoa), hilean behingo kontrol mikrobiologikokoak, eta autoklabea oker ibili denetan egindakoak (hondakin tratatuaren/tratatu gabearen trazabilitatea).

      5. Autokontrolaren funtzionamendu-protokoloaren barruan egindako erregistro guztiak gutxienez 3 urtez gorde behar dira, Administrazioak nahi duenean eskura ditzan.

      6. Nolanahi ere, 18.3 artikuluko baimenak barne hartuko ditu esterilizazio-instalazioaren eta -prozesuaren funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezko irizten zaien funtzionamendu-baldintzak guztiak. Eta bestalde, kudeatzaileak proposatutako protokoloak eta erregistroak ere aldarazi edo osatu ahalko dira.

  2. Hondakinen azken destinoa zabortegia bada, birrindu egin behar dira, autoklabe bidez tratatu ondoren. Kudeatzaileak betebehar horretatik salbuetsi ahalko dira, beren baimenaren esparruan hala eskatzen badute, baldin eta tratamendua egin ondoren hondakin-masa desitxuratuta geratzen bada eta, beraz, arrisku psikoemozionalik ez badakar.

    II. multzoko hondakinak, Dekretu honetan ezarritako baldintzetan esterilizatuak izan ondoren, eta, beraz, infekzio-arriskurik ez dakartenean, hondakin sanitario ez-espezifikotzat hartuko dira, ondorio guztietarako, eta hondakin-mota horiei dagokien moduan kudeatuko dira.

  1. Garraiatzea.

    III. multzoko hondakin sanitarioen zentroz kanpoko kudeaketarako, honako arau hauek begiratu behar dira, eta horietan ezarritako baldintzak eta betekizunak bete: otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretua, gai arriskutsuak errepidez garraiatzeko eragiketak arautu baititu; gainerako araudi sektorial aplikagarria, eta, batez ere, Dekretu honetako 11. artikuluan II. multzoko hondakinei buruz ezarritakotik aplikagarri zaiona.

    III. multzoko hondakinak garraiatu eta biltegiratzeko ontziak behar bezala etiketatu behar dira, zer hondakin-mota duten.

  2. Garraio-ibilgailuetan edo transferentziaguneetan biltegiratzea.

    1. Hondakin sanitario horiek transferentziaguneetara edo tratamendu-instalazioetara eramatean, gehienez ere 24 orduz eduki ahalko dira biltegiratuta garraio-ibilgailuan.

      III.a) multzoko hondakinei dagokienez (botika zitotoxikoen eta zitostatikoen hondakinak, alegia), zentro ekoizlean jasotzen direnetik tratatzen diren arteko denbora, gehienez ere, 6 hilabete izango da.

      III.b) multzoko hondakinei dagokienez (botika baztertuak, alegia), zentro ekoizlean jasotzen direnetik tratatzen diren arteko denbora, gehienez ere, urtebete izango da.

      III.c) multzoko hondakinei dagokienez (kontserbatzearren formoletan sartutako anatomia-hondakinak, alegia), zentro ekoizlean jasotzen direnetik tratatzen diren arteko denbora, gehienez ere, 6 hilabete izango da.

      III.d) multzoko hondakinei dagokienez (beste hondakin batzuk, II. eta III. multzoko hondakinen nahasteak, alegia), ingurumen-organoak erabakiko du biltegiratzeko gehienezko epea, kontuan hartuta nahastearen osagaiak eta haien arriskua. Epe hori inoiz ez da izango 6 hilabete baino gehiago.

  3. Tratamendua.

    III. a) multzoko hondakinak botika zitotoxiko eta zitostatikoa, III.b) multzokoak botika baztertua eta III.c) multzokoak kontserbatzearren formoletan edo beste gai kimiko batean sartutako anatomia-hondakinak errausketa bidez tratatu behar dira. Errausketarako, Dekretu honen 13. artikuluan II. multzoko hondakinei ezarritako baldintza berberak bete behar dira.

    1. Dekretu honen 3.3.d) artikuluan aurreikusitako hondakinak badira (II. eta III. multzoetako hondakinak erabiliz egindako nahasteak, alegia), nahastea osatzen duten hondakinen ezaugarri arriskutsuak erabat suntsituko direla bermatzeko moduko tratamendu bat erabiliko da.

Dekretu honetan zehaztutako tratamendu-sistemez bestelako guztiek eskumena duten ingurumen-organoaren eta osasun-arloko agintaritzaren aurretiazko balidazioa behar dute, hargatik galarazi gabe 18. artikuluan jasotako betebeharrak betetzea eta 20 artikuluan ezarritako baimenak lortzea.

  1. Hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17. eta 18. artikuluetan ezarritako betebehar guztiak bete beharko dituzte hondakin sanitarioen ekoizleek.

  2. Hondakin sanitarioen ekoizleek beren establezimenduetan sartzen utzi behar diete osasun- nahiz ingurumen-arloko agintariei, eta eman egin behar diete haiek hondakin sanitarioei buruz eskatutako dokumentazio guztia.

  3. Hondakin sanitario arriskutsuen ekoizleak Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoaren aurreko komunikazio-erregimenaren mende daude, aipatu 22/2011 Legearen III. tituluko III. kapituluan ezarritakoaren arabera.

  1. Hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 20. artikuluaren ondoriozko betebehar guztiak bete beharko dituzte hondakin sanitarioen kudeatzaileek.

  2. Hondakin sanitario arriskutsuen kudeatzaileak, zer jardueratan aritu nahi duten, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoaren aurreko komunikazio- edo baimen-erregimenaren mende daude, aipatu 22/2011 Legearen III. tituluko III. kapituluan ezarritakoaren arabera.

  3. Hondakin sanitarioen kudeatzaileek beren establezimenduetan sartzen utzi behar diete osasun- nahiz ingurumen-arloko agintariei, eta eman egin behar diete haiek hondakin sanitarioei buruz eskatutako dokumentazio guztia.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokio baimen hauek ematea: tratamenduaren aurreko jasotzearen esparruko biltegiratzea barne hartuta, eragiketak gauzatuko dituzten instalazioetarakoak, baita instalazio horiek handiagotu, funtsean aldatu edo lekuz aldatzekoak ere.

  2. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokio instalazio horietan burutu beharreko hondakin-tratamendurako eragiketetarako baimenak ematea.

  3. Hondakin sanitarioen tratamendua dela-eta aurreko paragrafoetan aurreikusi diren baimenak, gehienez ere, 8 urterako emango dira, eta automatikoki luzatuko dira bata bestearen ondorengo alditarako.

  4. Baimen horietarako, osasun-arloko agintaritzaren txostena beharko da. Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak baimen-eskaera eta hari atxikitako dokumentazio guztia bidaliko dizkio, ebazpen-proposamenarekin batera, osasun-arloko agintaritzari, hark dagokion txostena egin dezan, hilabeteko epean egin ere. Epe hori igarota txostenik egin ez bada, aurrera jarraituko du baimen-prozedurak.

  5. Baimen-prozedurari amaiera emateko ebazpena 10 hilabeteko epean emango da, gehienez ere. Epe hori igaro eta ebazpena espresuki jakinarazten ez bada, aurkeztutako eskariari ezezkoa eman zaiola joko da.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokio aztertzea baimenaren mende ez dauden hondakin sanitarioen kudeatzaileen komunikazioak, orobat hondakin sanitarioen ekoizleen komunikazioak, Hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 29. artikuluak aurreikusitako kasuetan. Jarduerari ekin baino lehen aurkeztuko dira komunikazio horiek.

  7. Aurreko paragrafoetan aurreikusitako baimenak eta komunikazioak Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoaren mende baitago. Komunikazio horiek Erregistroan inskribatu aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak osasun-arloko agintaritzari eska diezaioke komunikazioen edukiari buruzko txostena egin dezala.

  8. Osasun-arloko agintaritzak hondakinen zentro barneko kudeaketa kontrolatzeko eta ikuskatzeko lanak egin ahalko ditu, alderdi hauekin lotuta, batik bat: hondakinen manipulazioa, sailkapena, ontziratzea, etiketatzea, egokitzea, bilketa, biltegiratzea eta garraioa, hondakin sanitarioak ekoitzi dituzten zentro, establezimendu eta jardueren barruan. Aurreko guztia, EAEko ingurumen-organoaren berezko eskumenak deusetan galarazi gabe.

  9. Osasun-arloko agintaritzak aldatuz gero hondakinak bitarteko biltegitik kudeatzera bidali aurretiko biltegira eramateko epea, bai eta zentro barneko gehienezko biltegiratze-epea ere, horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari.

  1. artikulu. Hondakinen tratamenduaren balidazioa.

  1. Hondakinak tratatzeko sistemak aurretiazko balidazioa behar badu, 12. eta 16. artikuluetan hala jasota dagoelako, eskaera ingurumen-organoari bidali beharko zaio, eta gero hark espedientearen berri emango dio osasun-arloko agintaritzari.

  2. Hondakinak tratatzeko teknikak balidazioa lortuko badu, ingurumen-organoaren nahiz osasun-arloko agintaritzaren adostasuna beharko da nahitaez, eta, beraz, ingurumen-organoaren erabakiaz gain, ezinbestekoa izango da, halaber, osasun-arloko agintaritzaren txosten nahitaezko eta loteslea.

  3. Teknikaren balidazioari buruzko ebazpena emateko epea hamar hilabete izango da gehienez. Epe hori igaro eta ebazpena espresuki jakinarazten ez bada, aurkeztutako eskariari ezezkoa eman zaiola joko da.

  4. Hondakinak tratatzeko sistema baten balidazioak ez du indarraldi-mugarik, eta, gainera, balidazio-eskaria egin duenak ez ezik, beste edozeinek erabil dezake sistema hori.

  1. Hondakin sanitarioen ekoizle edo kudeatzaileek, Dekretu honetan araututako baimen- eta komunikazio-prozeduren izapidetze administratiboan interesik izanez gero, borondatez eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dute prozedura horietako edozein izapide bide elektronikoak erabilita.

  2. Prozedura horiei dagokien prozedura-erregulazio espezifikoa deusetan galarazi gabe, arau hauek hartuko dira kontuan izapidetze elektronikoari buruzko alderdiak erregulatzeko: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio elektronikoari buruzkoa, eta 72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa, hargatik galarazi gabe aurretik aipatutako arau horiek garatu, aldatu edo ordezteko arauak.

  1. Dekretu honetan ezarritako araurik hautsiz gero, administrazio-zehapenak jarri ahal izango dira, arau hauek aintzat hartuta: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen VI. tituluko bigarren kapitulua; Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen V. tituluko III. eta IV. kapituluak, eta Hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen VII. tituluko II. kapitulua. Nolanahi ere, dagokion administrazio-espedientea izapidetu beharko da zehapena ezarri aurretik.

  2. Zehapen-prozedurari dagokionez, arau hauek hartuko dira kontuan: 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena, eta 2/1998 Legea, otsailaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zehapen Ahalmenari buruzkoan; eta aplikagarri gerta daitekeen gainerako araudian xedatutakoa.

Egoera epidemiologikoak hala eskatuz gero, Dekretu honetako I. eranskineko gaixotasun-zerrenda aldatu ahalko da, Osasuneko sailburuaren agindu baten bidez.

Indargabetuta geratzen da 76/2002 Dekretua, martxoaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzeko dena, bai eta dekretu honen kontra doazen maila bereko edo gutxiagoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENETARIK LEHENENGOA

Dekretu honetan xedatzen ez diren prozedurazko kontu guztietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETARIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko martxoaren 3an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA OREGI BASTARRIKA.

(Ikus .PDF)