Arautegia
Inprimatu19/2024 DEKRETUA, otsailaren 22koa, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 50
- Hurrenkera-zk.: 1222
- Xedapen-zk.: 19
- Xedapen-data: 2024/02/22
- Argitaratze-data: 2024/03/08
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Hizkuntza-koofizialtasuna 1978ko Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluan ezarritakoan oinarritzen da. Bertan xedatzen denez, gaztelaniarekin batera Espainiako gainerako hizkuntzak ere ofizialak izango dira dagozkien autonomia-erkidegoetan, bakoitzaren autonomia-estatutuaren arabera.
1979ko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuarenak, 6. artikuluan ezartzen du euskara dela Euskal Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza ofiziala, eta herritar guztiek euskara eta gaztelania ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea aldarrikatzen du. Autonomia Estatutuaren artikulu berean, gainera, erakunde komunei aitortzen zaie bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatzeko erantzukizuna, haien ofizialtasuna arautzekoa, bai eta haiek jakitea ziurtatzeko behar diren bitartekoak eta neurriak erabakitzeko gaitasuna ere. Xedapen horren bidez aurrerapauso kualitatibo esanguratsua gertatu zen, ez bakarrik esparru juridikoan, baita antolaketa-eremuan ere, ingurune elebidun batean lan egiteko gai izango zen administrazioa eskatzen baitzuen.
Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen erabileraren normalizaziorako hirugarren oinarrizko zutabe juridikoa 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea da, Euskararen Erabilera Normalizatzekoa. Lege horrek hizkuntza-politikako ekimenak garatzeko bidea ireki zuen, gizartearen eremu estrategikoetan euskararen jakitea eta erabilera berreskuratzeko eta euskararen erabileraren sustapena zabaltze aldera behar duen babes instituzionala eskaintzeko. Legearen 5.2 artikuluak oinarrizko hizkuntza-eskubideak aitortzen dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei gizarte-bizitzako hainbat gunetan. Legearen 6. artikuluak, hain zuzen, herritar guztiei aitortzen die Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean administrazio publikoarekiko harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea, eta beren aukerako hizkuntza ofizialean hartuak izatekoa. Horretarako, aurreikusten du botere publikoek neurri egokiak hartu behar dituztela, eta beharrezko bitartekoak jarri, aipatutako hizkuntza-eskubideak arian-arian betetzen direla bermatzeko. Gainera, Legearen 14. artikuluak ezartzen duenez, «herri-aginteek Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan herri-administrazioari atxikitako langileria gero eta euskaldunagotzeko neurriak hartuko dituzte». Era berean, Legearen 23., 25., 26. eta 27. artikuluek ahalmena ematen diete botere publikoei euskara sustatzeko gaietan jarduteko.
Euskal administrazio publikoekiko harremanetan herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoak hizkuntza-eskakizunen sistema propioa arautu zuen. 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzekoak, giza baliabideen hizkuntza-plangintzaren oinarrizko ildoak ezarri zituen, 14.2 artikuluan aurreikusi baitzuen botere publikoek zehaztuko zutela zein lanpostutarako den derrigorrezkoa bi hizkuntzak jakitea. Gainera, 14. artikuluan berean hurrengo apartatuak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuko administrazioko gainerako lanpostuetara sartzeko egiten diren hautaprobetan hizkuntza ofizialen jakite-maila hartuko da kontutan merezimendu gisa, besteak beste. Administrazioak finkatuko du lanpostu-maila bakoitzerako zer pisu izango duen. Euskal Funtzio Publikoari buruzko 1989ko uztailaren 6ko 6/1989 Legean oinarritutako funtzio publikoaren arloko araudi sektorialak ezarri zituen hizkuntza-eskakizunen sistema horren oinarriak.
Gaur egun, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 2022ko 1eko 11/2022 Legeak Euskal Funtzio Publikoari buruzko 1989ko uztailaren 6ko 6/1989 Legea ordeztu du. Ez dugu ahaztu behar, halaber, Euskal Sektore Publikoari buruzko 2022ko maiatzaren 12ko 3/2022 Legea onartu dela, zeinak helburua baitu euskal sektore publikoaren antolamendua erregulatzen duten arauen multzoa antolatzea. Hala, hizkuntza-eskakizunei dagokienez, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 2022ko 1eko 11/2022 Legearen 187.5 artikuluak aurreikusten du euskal sektore publikoko entitateetan dauden lanpostu guztiek dagokien hizkuntza-eskakizuna esleituta izatea, eta hizkuntza-eskakizun horrek artikulu horren 6. apartatuan aurreikusitakoaren arabera zehazten du lanpostua betetzeko eta bertan jarduteko behar diren euskarazko hizkuntza-gaitasunaren mailen multzoa. Gainera, Euskal Enplegu Publikoari buruzko 2022ko abenduaren 1eko Legearen 187. artikuluaren 7. eta 8. apartatuek adierazten dutenez, Eusko Jaurlaritzari dagokio, alde batetik, hizkuntza-eskakizunen sailkapena eta ezaugarriak zehaztea eta, aldian-aldian, euskal administrazio publikoetako eta haien instituzio eta organismoetako lanpostuei aplikatzeko irizpideak zehaztea, eta, bestetik, nahitaezko txostena egitea euskal administrazio publikoetako, haien instituzioetako eta organismoetako lanpostu bakoitzari dagokion hizkuntza-eskakizunaren esleipenari buruz, bai eta derrigortasun-datari buruz ere.
Arau-garapeneko prozesu honetan, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2016ko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak eta hura garatzeko dekretuak 2019ko azaroaren 19ko 179/2019 Dekretua, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzkoa norabide berri bat markatu zuten. Abiapuntutzat hartuta euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza dela, eta, gaztelania bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateen hizkuntza ofiziala, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2016ko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak 6.1 artikuluan xedatu zuen euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izango dela entitateon jardueretan, baina, edonola ere, beti bermatu beharko dela herritarrek benetan egikaritu ahal izatea toki-entitateekin harremanak izateko orduan hizkuntza ofiziala hautatzeko duten eskubidea eta, hortaz, toki-entitateek hizkuntza horretan artatzeko duten betebeharra, hartarako behar diren neurriak harturik.
Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, lan itzela egin du araugintza mailan administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko: 250/1986 Dekretua, azaroaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeari buruzkoa; 224/1989 Dekretua, urriaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko plangintza arautzen duena; 264/1990 Dekretua, urriaren 9koa, lanpostuek nahitaez bete behar dituzten hizkuntza-eskakizunak zehazteko irizpideak ezartzen dituena; 238/1993 Dekretua, abuztuaren 3koa, Euskal herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua aplikatzeko zenbait neurri artikulatzen dituena (1994ko otsailaren 15eko 89/1994 Dekretuak aldatu zuen), eta 517/1995 Dekretua, abenduaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioetako hizkuntza normalizazio- prozesuaren jarraipenerako zenbait neurri ezartzen dituena. Dekretu horiek guztiak indarrik gabe utzi zituen 1997ko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautu zuenak. Gainera, 1997ko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan aurreikusitakoa aplikatuz, araudi espezifiko bat onartu zen zenbait sektoretarako, haien izaera eta funtzioen berezitasunak kontuan hartuta tratamendu bereizia behar baitzuten: Osakidetzak, Ertzaintzak, Justiziak eta Hezkuntzak.
Bi hamarkada baino gehiago igaro dira 1997ko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua indarrean jarri zenetik. Denbora horretan, nabarmen igo da euskal sektore publikoko entitateetan euskararen jakite-maila eta erabilera. Gaur egun, honako hau da funtsezko helburua: euskara zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza normala eta orokorra izatea eta, horrela, herritarrek euskal sektore publikoko entitateekiko harremanak hizkuntza ofiziala aukeratzeko duten eskubidea benetan baliatu ahal izatea. Helburu horri lagundu nahi dio, hain zuzen ere, dekretu honek.
Era berean, dekretuaren helburua da erabateko eraginkortasuna ematea Euskal Enplegu Publikoari buruzko 2022ko abenduaren 1eko 11/2022 Legean jasotako aurreikuspenei. Horretarako, euskal sektore publiko osorako normalizazio-arau orokor komunak bateratu nahi ditu; izan ere, sektore horietako batzuk (Hezkuntza, Osasuna, Ertzaintza eta Justizia) 1997ko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren aplikazio-eremutik kanpo geratu ziren, haien izaeragatik eta berezitasun funtzionalengatik, eta beste zenbait subjektu publiko batzuk ere hizkuntza-eskakizun sistematik kanpo egon dira orain arte. Azken batean, Euskal Enplegu Publikoari buruzko 2022ko abenduaren 1eko 11/2022 Legeak markatutako bidearen argitan, dekretu berriaren helburua da hizkuntza-normalizazioaren irizpideak garai berrietara egokitzea eta euskal sektore publiko osoaren koordinazioa bermatzea.
Dekretuak lau kapitulu ditu, hiru xedapen gehigarri, bost xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat.
Lehenengo kapituluak xedapen orokorrak jasotzen ditu, hala nola dekretuaren xedea, aplikazio-eremu subjektiboa, lurralde-mailako aplikazio-eremua eta euskal sektore publikoko entitateetan hizkuntza-normalizazioaren prozesuan aplikatu beharreko printzipio gidariak.
Dekretua, Euskal Enplegu Publikoari buruzko 2022ko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen aplikazio-eremuarekin bat etorriz, euskal sektore publiko osoan aplikatuko da. Horrek erraztu egingo du hizkuntza-normalizazioaren prozesuetan parte hartzen duten eragileen artean ezinbestekoa den koordinazioa. Gainera, aukera emango die administrazio publiko ez izan arren euskal sektore publikoaren barruan dauden entitateei euskararen erabilera normalizatzeko bidean irmoki aurrera egiteko. Egia da, batetik, euskal sektore publikoa osatzen duten entitate guztiek ematen dietela zerbitzua euskal herritarrei, baina, hala ere, euskal sektore publikoa osatzen duten entitateak askotarikoak direnez, dekretu honen aplikazioak ez du intentsitate bera izango horietan guztietan, bakoitzaren ezaugarrietara egokituko baita.
Bestalde, euskal sektore publikoa osatzen duten subjektuen jarduna euskara lan- eta zerbitzu-hizkuntza gisa erabat normalizatzera bideratuko dela ezarri da. Xede horrek Euskal Enplegu Publikoari buruzko 2022ko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 2.2.e) artikuluan du oinarri, zeinak, euskal enplegu publikoa gidatu behar duten printzipioen artean, euskararen erabileraren normalizazioarekiko konpromisoa jasotzen baitu.
Bigarren kapitulua hizkuntza-plangintzari buruzkoa da, eta hiru atal ditu.
Lehenengoak hizkuntza-plangintzaren tresnak eta horren subjektu arduradunak arautzen ditu. Hizkuntza-plangintzari dagokionez, Dekretuak zehazten du zein diren plangintza hori egiteko tresna nagusiak, bai eta euskal sektore publikoko entitateek plangintzaldiak zehazteko zer irizpide jarraitu behar dituzten ere. Horri dagokionez, Dekretuak plan estrategikoen indarraldiak bateratzen ditu. Orain arte, planak hamar urtekoak edo bost urtekoak izan zitezkeen; hemendik aurrera, plan estrategikoak plangintzaldi bakoitzeko lehen urtean onartuko dira, eta bost urte iraungo dute. Gainera, hizkuntza-plangintza egiteko ardura duten organoak identifikatzen ditu, eta erakunde-ordezkariei esleitzen die normalizazio-prozesuaren erantzukizun nagusia.
Bigarren atalak hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak ezartzen ditu. Alegia, euskal sektore publikoko entitateek beren jardueretan euskara ere erabilera normal eta orokorreko zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa erabiltzea planifikatu eta arautuko dute. Horretarako, beste parametro batzuen artean, entitatearen jarduketa lurralde-eremuaren egoera soziolinguistikoa hartuko dute kontuan.
Hirugarren atalak euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoak eta kudeaketa-planak arautzen ditu, eta ezartzen du euskal sektore publikoko entitateek plangintzaldiaren ebaluazio orokorra egingo dutela plangintzaldia amaitutakoan.
Hirugarren kapituluak hizkuntza-eskakizunen sistema arautzen du. Kapitulu honek bost atal ditu.
Lehenengo atalean, hizkuntza-eskakizunen eta derrigortasun-daten definizioa xehatzen da. Azpimarratu behar da hizkuntza-eskakizunen sistema aldatu egin dela; euskal sektore publikoko entitateek, lanpostuaren funtzio komunikatiboen azterketan oinarrituta, hizkuntza-eskakizun simetrikoak, asimetrikoak edo partzialak ezartzeko aukera arautu da. Gainera, Euskal Enplegu Publikoaren 2022ko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 80.3 eta 190. artikuluetan ezartzen denaren ildotik, atal honetan sartu dira hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko sistemak. Horrez gain, derrigorrez bete beharreko indizea arautzen da. Indize horrek erakunde bakoitzean eta plangintzaldi bakoitzerako nahitaez derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna izan behar duten lanpostuen kopuru osoaren ehunekoa zehaztuko du. Indize hori kalkulatzeko, entitate bakoitzaren jarduera-eremua hartuko da kontuan.
Bigarren atalak euskararen jakite-maila egiaztatzeko eta ebaluatzeko sistemak jasotzen ditu, eta sistema horien artean aurreikusten da honako hauen bidez egiaztatu ahal izango dela lanpostuei esleitutako hizkuntza-eskakizunak betetzen direla: egiaztatzea, ziurtagiri ofizialen eta tituluen baliokidetzea, eta salbuespena.
Hirugarren atala hizkuntza-eskakizunak eta, hala badagokio, derrigortasun-datak esleitzeari eta aldatzeari buruzkoa da.
Laugarren atala lanpostuak betetzeari buruzkoa da, eta Euskal Enplegu Publikoari buruzko 2022ko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 80.3 artikuluaren bigarren paragrafoan jasotako aurreikuspena garatzen du; horren arabera, hautaketa-probak euskara komunikazio-hizkuntza gisa dela gainditzea hizkuntza-eskakizunari dagokion hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko eta ebaluatzeko sistematzat hartuko da, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeari begira.
Bosgarren atalak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzetik salbuesteko araubidea erregulatzen du. Hala, salbuespen-kasu bakoitzerako aurreikusitako prozedura deskribatzen da. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari dagokionez, Administrazio Publikoaren Euskal Institutua izendatzen da enplegatu publikoei dagozkien salbuespen-prozedurak ebazteko organo eskudun. Azkenik, salbuespen horien irismena eta indarraldia arautzen dira.
Laugarren kapituluak Herri Administrazioen Koordinazio Batzordea (HAKOBA) sortu eta arautzen du. Batzorde hori Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailari atxikita egongo da, eta hizkuntza-normalizazioarekin lotutako jarduerak garatzen dituzten euskal sektore publikoko entitateen arteko lankidetza areagotzeko ardura izango du.
Lehenengo xedapen gehigarrian, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Hizkuntza Eskakizunak Egiaztatzeko Erregistroa arautzen da. Erregistro horretan, euskal sektore publikoko entitateetako langileek dekretu honetan aurreikusitako edozein modutan egiaztatutako hizkuntza-eskakizunak inskribatuko dira.
Bigarren xedapen gehigarrian, aurreikuspen bat jasotzen da Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera arian-arian normalizatzeko neurriak hartzea susta dezan Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen Administrazioan eta Estatuaren administrazio horren mende dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden entitateetan.
Hirugarren xedapen gehigarrian, dekretuak aurreikusten du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak azterketa bat egitea hizkuntza-eskakizunen egokitasun-maila aztertzeko.
Xedapen iragankorrei dagokienez, euskal sektore publikoko entitateen lanpostu-zerrendetan hizkuntza-eskakizunen izendapena egokitzeko betebeharra ezartzen da. Nolanahi ere, salbuespen bat ezartzen zaie jeneralean beren eginkizunak ahozko adierazpenaren bidez bete behar izateagatik eta herritarrekin harreman zuzena izateagatik Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mintzameneko eta entzumeneko B2 hizkuntza-gaitasun maila, gutxienez ere, esleiturik duten lanpostuetako titularrei.
Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailaren txostenari dagokionez, aurreikusten da ez dela beharrezkoa izango txosten hori jasotzea, baldin eta lanpostuen zerrendaren aldaketa izendapena egokitzera mugatzen bada; aitzitik, lanpostuen zerrendaren aldaketa hizkuntza-eskakizuna berrikusi izanaren ondorio bada, txostena eskatu beharko da.
Era berean, egokitzapen-aldi batzuk aurreikusten dira.
Bukatzeko, adinagatik edo ikasteko ezintasunagatik euskara-mailak egiaztatzetik salbuesteko prozedurei dagokienez, Dekretuak dio ezen prozedura horiek dekretu hau indarrean jarri aurretik hasi badira, hasi ziren unean indarrean zegoen araudiari jarraituz bideratuko direla.
Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Hezkuntzako sailburuak, Osasuneko sailburuak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko otsailaren 22an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
Euskara Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko hizkuntza denez eta, gaztelania bezala, euskal sektore publikoaren hizkuntza ofiziala, dekretu honen xedea da euskararen erabileraren normalizazioa arautzea euskal sektore publikoa osatzen duten entitateetan.
Euskal sektore publikoko entitateetako lanpostuen hizkuntza-plangintza eta hizkuntza-eskakizunen sistema dekretu honetan jasotako xedapenetan eta, hala badagokio, hura garatzeko eman daitezkeen erregelamenduzko xedapenetan definituta daude.
Hauxe da dekretu honen helburua:
Herritarrei bermatzea euskal sektore publikoko entitateekin harremanetan jartzen direnean ofizialki erabili ahal izango dituztela euskara eta gaztelania, inolako diskriminazio instituzionalik gabe.
Euskara ere erabilera normal eta orokorreko zerbitzu- eta lan-hizkuntza gisa ezartzea euskal sektore publikoko entitateen jardunean, entitateek ezarritako erabilera-irizpideen arabera, gaztelaniaren erabilera inola ere mugatu gabe.
Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeari dagokionez, benetako berdintasuna lortzea euskal sektore publikoko entitateen jardun-eremuan; horretarako, behar diren ekintzak bultzatuko dira eta sor daitezkeen oztopoak saihestuko dira.
Dekretu honen xedapenak euskal sektore publikoaren zerbitzuko langile funtzionarioei aplikatuko zaizkie, bai eta haren zerbitzuko lan-kontratuko langileei ere, hala dagokienean.
Dekretu honen ondorioetarako, hauek sartzen dira euskal sektore publikoan:
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra, haren Administrazio instituzionala eta nortasun juridiko propioa duten gainerako ente instrumentalak, haren mende daudenak.
Lurralde historikoetako foru-administrazioak, haien administrazio instituzionala eta aipaturiko administrazio publikoetako edozeinen mende dauden eta nortasun juridiko propioa duten ente instrumentalak.
Toki-administrazioak, haien administrazio instituzionala eta aipaturiko administrazio publikoetako edozeinen mende dauden eta nortasun juridiko propioa duten ente instrumentalak.
Euskal Herriko Unibertsitatea eta haren ente instrumentalak, administrazioko eta zerbitzuetako langileei dagokienez bakarrik.
Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordea, Lan Harremanen Kontseilua, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua, Datuak Babesteko Euskal Agintaritza, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa eta beste edozein organo partaidetza, kontsulta, aholku edo kontrolekoa, baldin eta arestian adierazitako administrazioen mende badago eta bere funtzioak gauzatzeko independentzia badu, bere sortze-legeak emana.
Dekretu honetan euskal sektore publikoa aipatzen denean, aurreko apartatuko administrazio, erakunde eta organoak aipatzen direla ulertuko da beti.
Unibertsitateaz kanpoko irakasleek eta Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuko estatutupeko langileek dekretu honetan xedatutakoa bete beharko dute, eta langile horiei lehentasunez aplikatuko zaie beren araudi espezifikoa honako gai hauei dagokienez: karrera profesionala, barne-sustapena, langileen hautaketa eta lanpostuen hornidura, ordainsari osagarrien zenbatekoa eta egitura, administrazio publikoen arteko borondatezko mugikortasuna eta zuzendaritzako langile publiko profesionalen erregulazioa.
Haren izaera ordeztailea gorabehera, dekretu honen xedapenak langile-kolektibo hauei aplikatuko zaizkie, haien legeria edo araudi espezifikoak hala xedatzen duenean:
Eusko Legebiltzarraren eta Arartekoaren erakundearen zerbitzuko funtzionarioak.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren zerbitzuko funtzionarioak.
Lurralde Historikoetako Batzar Nagusien zerbitzuko funtzionarioak.
Ertzaintzako funtzionarioak.
Autonomia Erkidegoaren kudeaketaren mende dauden Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidegoetako funtzionarioak.
Dekretu hau aplikatuko zaie euskal sektore publikoko entitateetan zerbitzuak ematen dituzten langileei, baldin eta entitate horietan euskal administrazio publikoek, zuzenean edo zeharka, kapitalaren ehuneko berrogeita hamarretik gorako ekarpena egiten badute.
I. kapituluko bigarren atala, Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideei buruzkoa, kontratazio publikoko prozeduretan adjudikaziodun gertatzen diren pertsona fisikoei eta entitateei aplikatuko zaie, eta euskal sektore publikoko entitateen dirulaguntzen jarduera dela-eta onuradun direnei.
Era berean, I. kapituluko bigarren atal hori modu ordeztailean aplikatuko zaie Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko azaroaren 19ko 179/2019 Dekretuaren edo haren ordezko arauaren aplikazio-eremu subjektiboan sartzen diren toki-entitateei.
Dekretu hau euskal sektore publikoko entitateei aplikatuko zaie, egoitza eta bulegoak Euskal Autonomia Erkidegoan izan edo ez, hargatik eragotzi gabe kokatuta dauden lurraldeetako hizkuntza ofizialen erabilera.
Hauek dira hizkuntza-normalizazioaren helburu nagusiak:
Euskararen erabilera normala eta orokorra: euskara, Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko hizkuntza, euskal sektore publikoa osatzen duten entitateen hizkuntza ofiziala da, gaztelania bezala, eta, beraz, zerbitzu- eta lan-hizkuntza izango da, erabilera normala eta orokorra izango duena haien jardueretan, halako moldez non euskararen presentzia ere arian-arian finkatuko den euskal sektore publikoa osatzen duten entitateen jarduera guztietan.
Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea: euskal sektore publikoa osatzen duten entitateen hizkuntza-politika bideratuta egongo da herritarrek haiekin dituzten harremanetan hizkuntza-eskubideak erabat gauzatzera.
Berezko hizkuntzaren erabileraren aldeko ekintza argiak abiaraztea, hizkuntza-aniztasuna sustatzea eta atzerapausorik ez ematea, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuta:
Euskal sektore publikoa osatzen duten entitateek behar diren neurriak hartuko dituzte euskararen erabilera mugatzen duten edo euskararen erabileraren kalterako diren oztopoak ezabatzeko.
Euskal sektore publikoa osatzen duten entitateek haien zerbitzura dauden langileen euskarazko hizkuntza-gaitasuna etengabe hobetzea sustatuko dute, beren jardunak une oro hizkuntza zuzen, zehatz, argi eta egokian egin ditzaten, aukera emanez lanpostu bakoitzari dagokion hizkuntza-eskakizuna baino goragokoak egiaztatzeko prestakuntza jaso dezaten.
Euskal sektore publikoko entitateek printzipio gidari hauetan oinarrituko dute euskararen erabilera normalizatzeko prozesua:
Diskriminaziorik ezaren printzipioa: ez da inor baztertuko erabiltzen duen edo erabili nahi duen hizkuntza ofiziala dela-eta.
Efikaziaren eta efizientziaren printzipioa: euskal sektore publikoa osatzen duten entitateek efikazia- eta efizientzia-printzipioen eskakizunetara egokituko dute beren hizkuntza-plangintza, eskura dituzten baliabide publikoak zentzuz erabiliz, jardueren plangintza eta ebaluazio egokian oinarrituta.
Autoantolaketa-printzipioa: euskal sektore publikoa osatzen duten entitateek hizkuntza-politikaren gobernuan eta administrazioan parte hartu ahal izango dute, beren organoen bitartez. Bakoitzaren eskumenen esparruan, euskal sektore publikoa osatzen duen entitate bakoitza arduratuko da hizkuntza-arloa kudeatzeaz.
Ekintza positiboaren printzipioa: euskal sektore publikoa osatzen duten entitateek neurriak hartuko dituzte euskararen erabilera mugatzen duten oztopoak ezabatzeko, bai eta euskararen erabileraren kalterako diren bereizketak, bazterketak, murrizketak edo justifikaziorik gabeko lehenespenak ezabatzeko ere.
Euskararen erabileraren alde hartzen diren neurri bereziak euskaldunen eta gaztelania-hiztunen artean berdintasuna sustatzeko eta euskaldunen egoera bereziak kontuan hartzeko egikaritzen direnak ez dira joko gaztelaniaz aritzen direnak diskriminatzeko egintzatzat.
Proportzionaltasun-printzipioa: euskal sektore publikoko entitateek, beren hizkuntza-normalizazioko prozesua diseinatzean, bermatu beharko dute proposatzen dituzten neurriak egokiak direla lortu nahi duten helburu legitimoa lortzeko, ez dagoela helburu hori efikazia berarekin lortzeko hain kaltegarria ez den beste neurririk, eta neurriak haztatuak edo orekatuak direla, haien aplikazioaren ondorioz interes orokorrerako onura edo abantaila gehiago eragiten direlako auzian dauden beste ondasun edo interesetarako eragiten diren kalteak baino.
Euskararen normalizazioa helburu estrategikoa da, eta euskal sektore publikoko entitateek zeharkako politika publiko gisa kudeatuko dute, egiten dituzten jarduera guztietan eragina izango baitu.
Entitate bakoitzak, bere gobernu plana egiten duenean, eta plan horri lotutako helburuak eta ekintzak diseinatzen dituenean, eta baita horiek gauzatzeko diru partidak ezartzerakoan ere, ekintza horiek euskararen normalizazioan izan dezaketen eraginaren gaineko hausnarketa egingo du eta euskararen sustapenerako behar diren neurriak hartuko ditu.
Hizkuntza-plangintza egiteko, euskal sektore publikoko entitate bakoitzak honako hauek prestatu eta onartu beharko ditu:
Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak.
Plan estrategikoak.
Kudeaketa-planak.
Normalizazio-prozesua plangintzaldietan antolatuko da. Plangintzaldi bakoitzak bost urteko iraupena izango du.
Euskararen planifikazioak entitatearen zerbitzura diharduten langile guztiei eragingo die; herritarrei euskarazko zerbitzua bermatuko die, eta euskaraz lan egitea sustatuko du. Entitateak helburu horiek lortzeko beharrezkoak diren protokoloak eta jarraibideak landuko ditu.
Hizkuntza-normalizazioaren plangintzak entitatearen zerbitzura dauden langileengan izango duen eragina lanpostu bakoitzaren harreman-sarearen araberakoa izango da, betiere zerbitzu-hizkuntzaren eta lan-hizkuntzaren ardatzak kontuan hartuta.
Dekretu honen ondorioetarako, zerbitzu-hizkuntzatzat hartuko da entitatearen zerbitzura dauden langileek erabiltzen dutena, ahoz zein idatziz (aurrez aurre, telefonoz edo bitarteko elektronikoen bidez), herritarrekiko harremanetan, zuzenean zein hirugarrenen bidez.
Era berean, lan-hizkuntzatzat hartuko da entitatearen zerbitzura dauden langileek erabiltzen dutena, ahoz zein idatziz, bai barruko harremanetan, bai beste entitate batzuekiko harremanetan.
Euskal sektore publikoko entitateek bermatuko dute ezen, haien zerbitzura lan egiten duten langileek beren eginkizunak betetzean herritarrekin harremanak badituzte, une oro bermatuta egongo direla herritarren hizkuntza-eskubideak. Horretarako, oinarrizko prestakuntza eta beharrezko protokolo eta erabilera-irizpideak ezarriko dituzte langile horientzat, herritarrei arreta euskaraz eman diezaieten.
Euskal sektore publikoko entitateen zerbitzura dauden langile guztiei dagokie herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzea, baita herritarrekin noizbehinkako edo ezohiko harremana duten lanpostuetan edo derrigortasun-data igarota ez duten lanpostuetan dihardutenei ere. Xede horretarako, euskal sektore publikoko entitateen zerbitzura dauden langile guztiek gutxieneko komunikazio-gaitasuna izan behar dute herritarrari harrera egiteko eta, behar izanez gero, euskaraz gutxieneko komunikazio-maila duen lankide batengana bideratzeko, entitateak horretarako aurreikusitako protokoloen arabera.
BIGARREN ATALA
HIZKUNTZA OFIZIALAK ERABILTZEKO IRIZPIDEAK
Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak dira euskal sektore publikoko entitate bakoitzak bere hizkuntza-plangintzaren esparruan ezarritakoak, euskal sektore publikoko entitateek eta haien zerbitzura diharduten langileek hizkuntza-arloan bete behar dituzten oinarrizko jardunbideak biltzen dituztenak.
Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak denboran irauteko tresna bat dira; plangintzaldien eta plan estrategikoen iraupenak ez du haien indarraldia baldintzatuko.
Euskal sektore publikoko entitateek, ematen dituzten zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko xedez, haien jardueretan euskara ere erabilera normal eta orokorreko zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izan dadin, haren erabiltzea planifikatu eta arautuko dute. Horretarako, beste parametro batzuen artean, entitatearen jarduteko lurralde-eremuaren egoera soziolinguistikoa hartuko da kontuan.
Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta, gaztelaniarekin batera, ofiziala ere bai. Hortaz, modu normal eta orokorrean erabiliko da euskal sektore publikoko entitateetan, baina beste hizkuntza ofiziala inolaz ere mugatu gabe. Horretarako, entitate horiek arian-arian gero eta gehiago erabiliko dute euskara administrazio barruko eta administrazioen arteko harremanetan, sektore publikoko langileen artean eta herritarrenganako zerbitzuan.
Edozein delarik ere egintza juridikoak eta administrazio-jarduketak egiteko erabili den hizkuntza ofiziala, jarduketok balio juridiko osoa edukiko dute hizkuntzaren aldetik, baina partikularrei beti bermatuko zaie hizkuntza aukeratzeko daukaten eskubidea.
Herritarrek eskubidea daukate euskal sektore publikoko entitateekin dituzten harremanetan zer hizkuntza ofizialetan aritu nahi duten aukeratzeko, eta entitate horiek, hortaz, eskubide hori bermatu eta aukeratutako hizkuntzan artatu beharko dituzte, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuta.
Gainera, herritarrek hizkuntza ofizial bat edo bestea erabili, entitateek zainduko dute hizkuntzaren erabilerak inolako diskriminaziorik ez eragitea. Hori dela eta, euskal sektore publikoko entitateek hartzaileen inguruabarrak kontuan hartuko dituzte, beren hizkera ahalik eta gehien egokitzeko hartzaileen ezaugarrietara.
Euskal sektore publikoko entitate bakoitzak bere Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak onartuko ditu, bere barne-antolamenduko arauei jarraituz. Onartu ondoren, entitatearen web-atarian argitaratu beharko dira.
Koordinazioa bermatzeko, plangintzaldi bakoitzaren hasieran, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren alorreko eskumena duen sailak Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideen eredua landu, eta entitateen eskura jarriko du, beharrezkotzat jotzen badute beren erabilera-irizpideak diseinatzerakoan erabiltzeko.
Euskal sektore publikoko entitate bakoitzak bere hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak berrikusi eta, beharrezkoa izanez gero, eguneratuko ditu plangintzaldi bakoitzaren hasieran, eta egokitzapenak eta aldaketak egin ahal izango ditu plangintzaldi osoan zehar.
Irizpideak onartu eta hilabeteko epean, euskal sektore publikoko entitate bakoitzak hizkuntza politikaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari jakinaraziko dio hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak onartu dituela.
Euskal sektore publikoko entitate bakoitzak bere hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideen jarraipen sistematikoa egingo du, eta haien betetze-maila aztertuko du, bere planifikazioan horretarako ezartzen dituen bitartekoen bidez.
Euskal sektore publikoko entitateen irudi korporatiboaren elementuak bereziki, organoen eta organismoen izenak euskaraz, gutxienez, idatziko dira, euskarria edozein dela ere.
Euskal sektore publikoko entitateen bulegoetako eta beste instalazio batzuetako barneko eta kanpoko errotulu adierazleak hizkuntza ofizial bietan idatziko dira, euskarria edozein dela ere. Euskara hutsez ere jarri ahal izango da errotulua, kasu hauetan:
Testuko hitzak euskaraz eta gaztelaniaz antzekoak direnean.
Euskarazko errotuluak nahasmenik sortzen ez duenean.
Mezuarekin batera, esanahia argitzen duen piktograma bat dagoenean.
Euskal sektore publikoko entitateen irudi instituzionalean hizkuntza ofizial biak erabiltzen direnean, euskararen ikusgarritasuna bultzatuko da.
Publizitate-kanpainak diseinatzean, bereziki zainduko da euskarazko mezuak ez izatea gaztelaniaz formulatutako esloganen itzulpen hutsak, jatorriz euskaraz sortuak baizik.
Publizitatea, informazioak, argitalpenak, kartelak, oharrak eta antzekoak, informaziokoak edo dibulgaziokoak, euskarria edozein dela ere, bi hizkuntza ofizialetan zabalduko dira; hala ere, euskara sustatzea helburu duten jarduerak direnean, euskara hutsez zabaldu ahal izango dira.
Hartzailea zehaztu gabe duten mezuak, baldin bitarteko automatizatuen bidez zabaltzen badira, edo informazio-zerbitzu telefonikoen bidez, megafoniaren edo antzekoen bidez, bi hizkuntza ofizialetan hedatuko dira. Halaber, idatzizko dokumentu eta jarduketei dagokienez, bi hizkuntza ofizialetan idatziko dira baldin hartzailea zehaztu gabe duten mezuak badira.
Euskara erabilera normal eta orokorreko hizkuntza gisa erabili ahalko da euskal sektore publikoko entitateen aldizkako argitalpenetan.
Web-orrialdeen domeinu- eta azpidomeinu-izenetan, bai eta nagusiaz bestelako domeinu-izenetan ere euskarazko hitzak sartzea bultzatuko da.
Administrazio-prozedura batean interesdun bakarra badago eta pertsona horrek eskabidea euskaraz hasi badu, edo interesdun bat baino gehiago egonda denek euskara erabiltzen badute, orduan prozedura izapidetzeko hizkuntza euskara izango da.
Bai interesdunak eskatuta hasitako prozeduretan, bai ofizioz hasitakoetan, interesdun bat baino gehiago baldin badago eta ez badira ados jartzen zer hizkuntza erabiliko duten, prozedura izapidetuko da indarrean dagoen legeriak ezarritakoaren arabera, alderdiak ados jartzen saiatuz. Dena den, interesdunei zuzendutako dokumentuak eta lekukotzak haiek hautatutako hizkuntzan bidaliko zaizkie.
Euskal sektore publikoko entitateek herritarrekin dituzten harreman mota guztietan, herritarrak hautatutako hizkuntza ofizialaren erabilera bermatuko da. Horretarako, euskal sektore publikoko entitateek kudeaketa-sistema bat ezarriko dute, herritarrek komunikazio-hizkuntza aukeratzeko duten eskubidea bermatzeko.
Pertsona fisiko edo juridikoei zuzendutako komunikazioak eta jakinarazpenak haiek aukeratutako hizkuntzan emango dira. Formularioak ere bi hizkuntzetan egongo dira.
Pertsona fisiko edo juridikoek harremanetan erabili izan duten hizkuntza ofiziala aldatu nahi badute, aldatzeko eskaera egin beharko diote entitateari.
Euskal sektore publikoko entitateek hizkera argia eta ulergarria erabiliko dute herritarrei zuzendutako komunikazio orokorretan.
Gainera, baldin komunikazioen hartzailea hizkuntza-tratamendu bereziren bat behar duen kolektibo bat bada, entitateak saiatuko dira hizkera, estiloa eta formatua egokitzen kolektibo horren beharretara, komunikazioaren eraginkortasuna bermatzeko. Horretarako, Irakurketa Errazaren metodologia hartuko da erreferentziatzat.
Herritarrekin zuzeneko harremana duten lanpostu edo unitateetan dela aurrez aurre edo birtuala edo telefonikoa, entitateek honela jokatuko dute ahozko harremanetan:
Herritar batek euskaraz egiten badio entitatearen zerbitzura diharduen langile bati, edo euskaraz egin nahi duela aditzera ematen badio, baina langileak euskaraz ez badaki, entitatearen zerbitzura diharduen langileak lankide elebidun bati eskatu beharko dio laguntza.
Herritarrak aukeratu duen hizkuntzan jasoko du zerbitzua. Euskal sektoreko entitateen zerbitzura diharduten langileek inoiz ez diete eskatuko herritarrei hizkuntza ofizial batean edo bestean mintzatzeko. Entitateek bermatu beharko dute zuzeneko arreta emateko zerbitzuetan jarduten duten langileek euskaraz eta gaztelaniaz lan egiteko behar bezalako gaitasuna dutela.
Hartzaile zehatzik gabeko ahozko mezuak bitarteko automatikoen bidez zabaltzen badira, edo telefonozko informazio-zerbitzuen, bozgorailuen edo antzekoen bidez, bi hizkuntza ofizialetan emango dira.
Idatzizko harremanetan, euskal sektore publikoko entitateen zerbitzura diharduten langileek honela jardungo dute:
Herritarrak haiengana jotzeko erabiltzen duen hizkuntza ofizialean erantzungo diote idatziz.
Hartzaile zehatzik ez duten administrazio-dokumentuak hizkuntza ofizial bietan idatziko dira.
Eredu normalizatuak bi bertsiotan eskainiko zaizkie herritarrei: euskaraz edo ele bitan (euskaraz eta gaztelaniaz). Formatu elebidunetan, euskarazko testuak kokapen nabarmena izango du.
Dokumentu-eredua luzea edo konplexua delako entitateak hala erabakitzen badu, dokumentu-ereduak hizkuntza bakoitzean bereizita jarriko dira herritarren esku. Kasu horietan, eredu bietan ohartaraziko zaio herritarrari eredu inprimatua beste hizkuntza ofizialean ere baduela eskuragarri.
Euskal sektore publikoko entitateek osorik baliabide elektronikoen bitartez hau da, entitatearen zerbitzuko langileek zuzenean esku hartu gabe administrazio-prozedura baten barruan egiten dituzten administrazio-jarduketa automatizatuen diseinuan kontuan hartuko da interesdunei bermatu behar zaiela hizkuntza aukeratzeko daukaten eskubidea.
Administrazio-jarduera automatizatuko sistemak diseinatzen direnean, euskara izango da erantzuteko eta kontsultak egiteko lehen hizkuntza, gaztelania bigarrena, eta, gero, gainerako hizkuntzak, halakorik badago.
Euskal sektore publikoko entitateek bermatuko dute bi hizkuntza ofizialetan eskuratu ahal izango dela haietatik eratorritako informazio orokorra. Hala ere, informazioa euskararen sustapenarekin lotuta dagoenean, euskara hutsez zabaldu ahal izango da.
Administrazio-prozedura jakin batean interesdun direnek prozedura horren izapideetan sortu den dokumentaziorako irispidea izango dute, gardentasunaren alorreko legediak xedatzen duen eran. Dokumentazio hori sorburu-hizkuntza izan duen horretan kontsultatu ahalko da; edonola ere, entitateek interesdunen zerbitzura jarriko dituzte eskuragarritasuna eta gardentasuna bermatzeko behar diren itzulpen-tresna elektronikoak.
Informazio publikoa irispidean izateko eskubidea erabiliz hasitako prozeduretan, sortu diren jatorrizko hizkuntzan eskuratu ahal izango dira euskal sektore publikoko entitateen esku dauden eduki edo dokumentuak, baldin eta beren egitekoen jardunean egin edo eskuratu badituzte eta edozein formatu edo euskarritan daudela ere.
Euskal sektore publikoko entitateek euskararen erabileraren normalizazioa bultzatuko dute publizitate aktiboan.
Euskal sektore publikoko entitateek ahalegina egingo dute eskritura publikoak euskaraz, gutxienez, idatz daitezen eta erregistroetan inskriba daitezen.
Euskara eta gaztelania dira euskal sektore publikoko entitateen lan-hizkuntza ofizialak; hortaz, barne-jarduketetan bata zein bestea erabili, biak dira erabat baliodunak juridikoki. Entitateek euskararen erabilera ere arautu eta planifikatuko dute beren barne-jarduketetan, lan-hizkuntza gisa normaltasunez eta modu orokorrean erabil dadin.
Entitateen hizkuntza-plangintzaren helburua izango da barne-jardun guztiak, ahozkoak zein idatzizkoak, euskaraz ere egitea. Horretarako, behar diren neurriak hartuko dituzte beren zerbitzura dauden langileak gai izan daitezen helburu hori betetzeko, bereziki «arnasgune» deituriko eremuetan. «Arnasguneak» dira eremu geografiko edo soziofuntzional batzuk zeinetan euskaldunen ehunekoa % 80tik gorakoa baita, eta euskaraz aritzea normala eta orokorra baita eremu horretako gizarte-harremanetan.
Jakinarazpenik edo argitalpenik behar ez duten barne-jarduketa administratiboak euskaraz ere egin eta idatzi ahal izango dira, entitate bakoitzaren erabilera-irizpideen arabera, baina une oro herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuta.
Entitate bakoitzak euskal sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateekin dituen komunikazioetan normaltasunez eta oro har erabili beharreko hizkuntza entitateak berak Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideetan adierazitakoa izango da.
Euskal sektore publikoko entitateetako kide anitzeko organoen bilerak euskaraz egin ahal izango dira, parte hartzen duten guztiek euskaraz badakite.
Kide anitzeko organoko kide guztiak euskaraz hitz egiteko gai ez izan arren, mezuak ulertzeko gai badira, bilera, nagusiki, euskaraz egin ahal izango da. Edonola ere, euskaraz egiteko erraztasunik ez dutenek gaztelaniaz hitz egin ahal izango dute.
Entitateen jarduna euskaraz egiteari begira, entitateek ahalegina egingo dute hautetsiek hizkuntza bietan behar besteko gaitasuna izan dezaten (entzumenean eta irakurmenean), autoantolaketaren printzipioarekin bat. Horretarako, agintaldian zehar, euskara ikasteko eta hobetzeko ikastaroak egiteko aukera emango zaie hautetsiei.
Saio publikoak egiten dituzten euskal sektore publikoko entitateetako organoei dagokienez, herritarrek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute, eta ezingo zaie eskatu haiek aukeratu ez duten beste hizkuntza batean itzulpenik egiterik edo azalpenik ematerik. Beste hizkuntza ofizialera itzulpenik egin behar bada, kasuan kasuko entitateak egin beharko du itzulpena.
Barne-jardueren eremuan, euskal sektore publikoko entitateek itzulpengintza eta interpretazioa zentzuz erabiliko dituzte, eta garapen teknologiko berrien erabilera sustatuko dute itzulpen automatikoaren esparruan.
Euskal sektore publikoko entitateetako bulegotikako materialak hardwarea eta softwarea egokituta egon behar du euskaraz ere funtziona dezan.
Entitateen zerbitzuetan beren-beregi erabiltzeko sortzen den softwareak euskaraz erabiltzeko modukoa izan beharko du, hargatik eragotzi gabe gaztelaniaz ere erabili ahal izatea. Horretarako, informatika-programa prestatzeko fasean, kontuan hartu beharko dira euskarazko eta gaztelaniazko funtzionamenduaren beharrak. Bereziki saihestuko da, ahal den neurrian, lehenik aplikazio osoa gaztelaniaz egitea eta, ondoren, programak euskarara egokitzea.
Entitateek informatika-aplikazioak egokitu beharko dituzte, herritarrek hizkuntza aukeratzeko eskubidea baliatzeko aukera izan dezaten.
Entitateek, gainera, euskaraz ere baliatzeko sortutako informatika-aplikazioak edukiko dituzte. Haien zerbitzura jarduten duten langileek horiek erabiltzeko aukera izango dute, hala eskatuz gero, eta lanpostuari esleitutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duten langileek beti izango dituzte eskura.
Euskal sektore publikoko entitateek herritarrei oro har informazioa emateko egiten dituzten web-edukiak, Internetetik eskuragarriak daudenak, euskaraz eta gaztelaniaz kontsultatu ahal izango dira. Herritarrei oro har informazioa emateko helburua ez duten entitateen web-edukiak, Internetetik eskuragarri daudenak, jatorrizko hizkuntzan eskaini ahal izango dira.
Entitateen web-edukietara sartzeko hasierako orriak euskaraz egon beharko du, lehenespenez. Orri horretan edukiak gaztelaniaz ikusteko esteka ere agertuko da, eta, hala badagokio, ofizialak ez diren beste hizkuntza batzuetan ikusteko estekak ere bai.
Izapideak Internet bidez egiteko aukera eskaintzen denean, euskara eta gaztelania baliatzeko aukera eman behar da.
Euskal sektore publikoko entitateek egindako kontratazio publikoetako prozedurak gauzatzen direnean herritarren hizkuntza-eskubideei eta euskararen eta gaztelaniaren hizkuntza-ofizialtasunaren erregulazioa betetzeari dagokienez trabarik gerta ez dadin, kasu bakoitzean beharrezkoak diren klausulak sartuko dituzte kontratazio-organoek, baita, hala badagokio, behar diren baliabide ekonomikoak ere, betiere baldintza hauek betez:
Kontratuaren objektuak aplikagarri zaion hizkuntza-normalizazioaren arloko araudia bete beharko du.
Kontratazio-prozeduraren objektua baldin bada herritarrei zuzendutako prestazio bat edo hura gauzatzean herritarrekin harreman zuzena ezartzen bada, herritarrek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean emango zaie arreta, eta, gainera, herritar hartzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko moduko baldintzetan emango da prestazioa. Horretarako, kontratazio-organoek kontratua betearazteko baldintza berezi gisa ezarriko dute euskarazko arreta bermatzeko plan bat egitea.
Administrazio-klausula partikularren eta preskripzio teknikoen agiriak bi hizkuntza ofizialetan argitaratuko dira. Dokumentu grafikoa edo teknikoak hizkuntza ofizialetako batean idatzi ahal izango dira.
Era berean, kontratazio-prozedura arautzen duten agiriek, kontratuaren objektua kontuan hartuta, hizkuntza-normalizazioaren arloan kontratua gauzatzeko baldintzak ezarriko dituzte.
Azterlanak, txostenak, proiektuak edo antzeko lanak egitea xede duten kontratuen kasuan, kontratazio-prozedura arautzen duten baldintza-agirietan, azterlan, txosten edo lan horiek hizkuntza bietan idatzi daitezela ezarri ahal izango du kontratazio-organoak, salbu eta, kontratuaren objektuaren xedeagatik hizkuntza ofizial bakarrean idaztea eskatzen bada.
Euskal sektore publikoko entitateek, beren eskumenen esparruan, hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte beste entitate publiko edo pribatu batzuekin, euskararen ikaskuntza eta erabilera bultzatzeko.
Euskal sektore publikoko entitateak pertsona fisiko eta juridikoekin sinatzen dituzten hitzarmenak euskaraz, gutxienez, idatziko dira.
Hitzarmenaren xedea zein den, euskara sustatzeko eta herritarren hizkuntza-eskubideak babesteko klausulak sartu ahal izango dira.
Euskal sektore publikoko entitateek euskara sustatzeko irizpideak aplikatuko dituzte, baldin eta hizkuntzen erabilera eta sustapena faktore garrantzitsua badira diruz lagundutako jardueraren xedean. Gainera, haren aplikazioa diruz lagundutako jardueran euskarak duen garrantziari lotuta dagoen heinean, euskal sektore publikoko entitateek, hizkuntza baloratzeko irizpideak ezarriko dituzte dirulaguntzen prozedurak bideratzeko erabiltzen dituzten tresnetan.
Diruz lagundutako jarduerak berekin badakar herritarrekin zuzeneko harremana izatea, euskararen erabilera normala bermatuko da, hargatik eragotzi gabe gaztelania erabiltzeko eskubidea.
Diruz lagundutako jardueraren esparruan komunikazioak edo argitalpenak egin behar direnean, euskara toki nabarmenean jarriko da, Euskararen erabilera normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 26. artikuluan hizkuntza sustatzeko ezarritako neurriak betez.
Euskaraz sortutako dokumentuak edo dokumentu horien kopiak euskaraz, gutxienez, bidaliko dizkiete euskal sektore publikoko entitateek sektore publikoko beste entitate batzuei, baldin entitate hartzaile horiek Euskal Autonomia Erkidegoan edo euskara hizkuntza ofiziala den lurraldeetan kokatuta badaude.
Euskaraz sortutako dokumentuak edo dokumentu horien kopiak gaztelaniaz ere bidaliko dira baldin entitate hartzaileak aurreko apartatuan sartuta ez badaude, baina betiere jakinarazita jatorrizko testua euskarazkoa dela eta bidalitako testua haren itzulpena dela.
Sektore publikoko entitateek adierazi badute haien nahia dela euskal sektore publikoko entitateekiko harremanak euskaraz izatea, azken horiek euskaraz bidaliko dizkiete dokumentuak eta kopiak.
Euskaraz idatzitako testu edo errekerimendu bati erantzun behar zaionean ere euskaraz erantzungo zaio.
Euskal sektore publikoko entitateek euskararen erabilera sustatu eta bultzatuko dute esku-hartze publikoetan, euskarak presentzia normalizatua izan dezan komunikazio instituzionalean.
Euskal sektore publikoko entitateen komunikazio instituzionalaren barruan ekitaldi publikoak eta komunikabideen aurreko agerraldiak egin behar direnean, euskaraz, gutxienez, egingo dira. Gainera, euskararen erabilera bultzatuko da, entitate bakoitzak ezarri dituen irizpideekin bat etorrita.
HIRUGARREN ATALA
PLAN ESTRATEGIKOA ETA KUDEAKETA-PLANAK
Plan estrategikoa jarduketa-prozesu bat da, zeinean elementu hauek jasotzen baitira, plangintzaldi bakoitzari begira: lortu beharreko helburuak, hartu beharreko neurriak, eta euskara zerbitzu-hizkuntza gisa ere erabiliko dela bermatzeko eta lan-hizkuntza gisa areagotu eta normalizatzeko jarri beharreko bitartekoak, betiere oinarri hartuta abiaburuko egoeraren diagnostiko kuantitatibo eta kualitatiboa.
Nolanahi ere, plan estrategikoan entitatearen plantillaren egoerari buruzko azterketa bat sartu beharko da, bai eta hizkuntza-eskakizunen eta haien derrigortasun-daten xehetasuna ere.
Euskal sektore publikoko entitate bakoitzak bere plan estrategikoa landu eta onartuko du plangintzaldi bakoitzaren lehenengo urtean, bere barne-antolamenduko arauei jarraituz. Onartu ondoren, entitatearen web-atarian argitaratu beharko da.
Plana egiteko, entitate bakoitzak hasierako diagnostiko bat egin beharko du, normalizazioaren alderdi guztietan abiapuntuko egoera zein den jakiteko. Diagnostikoaren helburua izango da adierazle batzuei buruzko informazioa lortzea eta plangintzaldirako aurreikuspen zehatza egitea.
Entitateek plangintzaldiaren amaierarako adierazle horietako bakoitzean lortu beharreko helburuak zehaztuko dituzte, baita horiek lortzeko hartu beharreko neurriak eta erabili beharreko bitartekoak ere. Plan estrategikoa onartu ondoren, entitateak Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailari helaraziko dio haren onarpena.
Koordinazioa bermatzeko, plangintzaldi bakoitzaren hasieran, hizkuntza-politikaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak plan estrategikoa egiteko eredu bat egin eta entitateen eskura jarriko du, beharrezkotzat jotzen badute beren plan estrategikoak diseinatzerakoan erabiltzeko.
Entitate bakoitzak, hasierako diagnostikoan eta plan estrategikoan bertan, koordinaziorako beharrezkotzat ezartzen diren adierazleak sartuko ditu, dekretu honen eranskinean jasotzen den moduan. Era berean, eranskinean ez dauden baina egokitzat jotzen dituen beste batzuk ere sartu ahal izango ditu entitateak.
Adierazleen aginte-taula eta egitura aldatu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailburuaren aginduz.
Entitate bat beraren barruan plan estrategiko bat baino gehiago egon daitezke, arlo funtzional bakoitzaren berezitasunen arabera.
Plan estrategikoan, entitateak euskarazko administrazio-unitateak izendatu ahal izango ditu, beren eginkizunak nagusiki euskaraz beteko dituztenak. Euskarazko administrazio-unitateak dira lanpostuen % 80an gutxienez lanpostu bakoitzari dagokion hizkuntza-eskakizuna edo goragokoa egiaztatuta dutenak, arduraduna barne.
Euskal sektore publikoko entitate bakoitzak haren zerbitzura dauden langileen ordezkariekin kontsultatu beharko du bere plan estrategikoaren diseinua, aplikatzekoa den araudian ezartzen diren baldintzetan, salbu eta langileen lan-baldintzei eragiten dieten neurriak jasotzen badira; kasu horretan, negoziatu egin beharko da, Euskal Enplegu Publikoaren 2022ko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 191. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak entitate bakoitzaren plan estrategikoari buruzko aginduzko txostena egingo du, plana onartu aurretik. Txostena bi hilabeteko epean emango da, baina ez da loteslea izango. Epe hori igaro eta txostena bidali ez bada, entitateak izapideekin jarraitu ahal izango du.
Txostena eskatu ahal izateko, entitateak eguneratuta eduki beharko ditu Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailari hizkuntza-normalizazioaren arloan eman behar dizkion datuak.
Plan estrategikoak plangintzaldi osoa hartuko du. Hala ere, plangintzaldia amaitu eta entitateak ez badu onartu aurrekoa ordeztuko duen plan estrategiko berririk, planaren indarraldia luzatu egingo da, beste plan estrategiko bat onartu arte. Kasu horretan, entitateak horren berri emango dio Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailari.
Euskal sektore publikoko entitate bakoitzak bere plan estrategikoan erabilitako adierazleen jarraipen sistematikoa egingo du, planifikazioan horretarako ezarriko dituen bitartekoen bidez.
Aginte-taulako adierazleei dagokienez, entitate bakoitzak haien aldizkako ebaluazioa egin beharko du. Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak erabakiko du ebaluazio hori zenbatean behin egingo den. Aldizkako ebaluazioen emaitza Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailaren esku jarriko da, hizkuntza-normalizazioaren arloan esleitu zaizkion koordinazio-eginkizunak bidera ditzan.
Plangintzaldiaren bi unetan, gutxienez ere plangintzaldiaren erdialdean eta amaieran, entitateek barne-ebaluazio kuantitatibo eta kualitatiboa egingo dute, entitatearen web-atarian argitaratu beharko dena. Plangintzaldi bakoitzaren amaierako ebaluazioaren datuak hurrengo plangintzaldiko plan estrategikoa lantzeko behar den hasierako diagnostikorako oinarria izango dira.
Ebaluazio horiek egiteko, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak haien eskura jarritako metodologia estatistikoa erabili ahal izango dute euskal sektore publikoko entitateek.
Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak sustatuko du entitateek kanpo-ebaluazioak egin ditzatela plangintzaldian zehar Bikain Euskararen Kalitate-ziurtagiria lortzeko.
Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak aldian behin azterlanak egin ahal izango ditu arlo edo gai espezifikoei buruz, hizkuntza-normalizazioaren arloan agindu zaizkion koordinazio-eginkizunak betetzeko.
Euskal sektore publikoko entitateek lankidetza aktiboa izango dute eta azterlan horiek egiteko eskatzen zaien informazioa emango diote Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailari.
Kudeaketa-plana ekintza-plan bat da; plan estrategikoan jasotako helburuak lortzeko lanabesa.
Euskal sektore publikoko entitate bakoitzak plan estrategikoa garatzeko kudeaketa-plan bat edo batzuk egin eta onartuko ditu bi aldiz, gutxienez, plangintzaldi bakoitzean. Onarpen hori barne antolakuntzako arauek diotenari jarraituz egingo da. Onartu ondoren, entitatearen web-atarian argitaratu beharko da.
Kudeaketa-planak unitarioak izan ahalko dira hau da, entitate osorako, edo sektorialak, baldin eta entitatearen tamainak, antolamendu-formak, jarduera-sektorearen espezifikotasunak edo inguruabarrek hala gomendatzen badute.
Kudeaketa-planen egiturak bat etorri behar du plan estrategikoaren egiturarekin. Kudeaketa-plan horietan, plan estrategikoan jasotako helburuak lortzeko proposatzen diren ekintza zehatzak azalduko dira, bai eta ekintzon arduradunak, epeak eta segimendua egiteko epemugak ere.
Kudeaketa-plan bakoitza onartu aurretik, organo eskudunak aurreko kudeaketa-planaren betetze-maila ebaluatuko du.
Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak ebaluazio-txosten bat egingo du plangintzaldi bakoitzaren amaieran, euskal sektore publikoko entitateetan euskararen erabilerak duen egoerari buruz.
Ebaluazio-txostena Eusko Legebiltzarrari, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluari eta Herri Administrazioak Koordinatzeko Batzordeari (HAKOBA) bidaliko zaie. Halaber, euskal sektore publikoko entitateen esku eta herritarren esku ere jarriko da.
Hizkuntza-eskakizunak zehazten du lanpostua betetzeko eta bertan jarduteko behar diren euskararen gaitasun-mailen multzoa. Euskal sektore publikoko entitateetako lanpostu bakoitzak bere hizkuntza-eskakizuna izango du esleituta, eta eskakizun hori, derrigortasun-datarekin batera hala badagokio, nahitaez adierazi beharko da entitatearen lanpostu-zerrendan.
Hizkuntza-eskakizuna komunikazio-gaitasuneko maila jakin bati dagozkion hizkuntza-gaitasunek osatzen dute. Gaitasun horiek ebaluatzeko, lau trebetasun baloratzen dira: horietako bi hartzaileak dira (entzumena eta irakurmena), eta beste biak ekoizleak (mintzamena eta idazmena).
Lanpostu bakoitzari esleitutako komunikazio-ezaugarrien eta -beharren arabera eta lanpostuaren eginkizunak eta zereginak betetzeko eskatzen diren hizkuntza-trebetasunen arabera esleituko dira hizkuntza-eskakizunak. Horretarako, entitate bakoitzak beharrezko komunikazio- eta funtzio-analisia egingo du, ahozko zein idatzizko komunikazio-lanak eta -harremanak kontuan hartuta.
Lanpostu-zerrendetan edo, hala badagokio, enplegu publikoa antolatzeko tresna osagarrietan, bereizita jasoko dira, batetik, lanpostu bakoitzari esleitutako idazmena eta irakurmena trebetasunak, eta, bestetik, mintzamena eta entzumena trebetasunak.
Hizkuntza-eskakizunen gaitasun-mailek bat etorri beharko dute Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuan xedatutakoarekin, betiere helduak euskalduntzearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuak ezarritakoaren arabera.
Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko, idatzizko zein ahozko adierazpen- eta ulermen-trebetasunetan gaitasun-maila bera behar denean, hizkuntza-eskakizuna simetrikoki adieraziko da, eskema honetako konbinazioen arabera:
(Ikus .PDF)
Aldiz, lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko, idatzizko zein ahozko adierazpen- eta ulermen-trebetasunetan gaitasun-maila diferenteak behar direnean, hizkuntza-eskakizuna asimetrikoki adieraziko da, eskema honetako konbinazioen arabera:
(Ikus .PDF)
Desgaitasunen bat duten pertsonen kasuan, baldin eta desgaitasunaren balorazioan eta diagnostikoan eskumena duen organoak emandako txostenaren arabera ezin bazaie ebaluatu gaitasun-maila jakin bat, dela idazmenean eta irakurmenean, dela mintzamenean eta entzumenean, ez dituzte egiaztatu beharko ebaluatu ezin zaizkien adierazpen- eta ulermen-trebetasun horiek. Nolanahi ere, hizkuntza-eskakizun partziala eskema honen arabera adieraziko da:
(Ikus .PDF)
Lanpostuak hautatzeko eta betetzeko prozesuetan, hizkuntza-eskakizun partzialek partzialki egiaztatutako mailari dagozkion hizkuntza-eskakizun simetrikoen balio bera izango dute, bai aginduzkoak ez izateagatik euskara jakiteari merezimendu gisa eman behar zaion baloraziorako, bai derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko, hala badagokio.
Hizkuntza-eskakizunak, taxonomian, honela daude antolatuta:
(Ikus .PDF)
Lanpostu bati dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen denean, euskal sektore publikoko entitateen zerbitzuko langileei aitortzen zaie lanpostu horri dagozkion eginkizunak euskaraz betetzeko behar duten gaitasuna.
Entitatearen lanpostu-zerrendan derrigortasun-data beteta badago, nahitaezkoa izango da hizkuntza-eskakizuna betetzea dena delako lanpostua eskuratzeko eta bertan jarduteko.
Euskal sektore publikoko entitate bakoitzak bere hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideetan ezarri ahal izango du ezen hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data igarota duen lanpostu bat betetzen duten beren zerbitzuko langileek euskara ere erabili beharko dutela lan-hizkuntza gisa, baldin eta hizkuntza-eskakizuna egiaztatu badute.
Prestakuntza euskaraz jasotzeko eskubidea aitortzen zaie euskal sektore publikoko entitateen zerbitzura diharduten langile guztiei. Langileak prestatzeko erantzukizuna duen atalak hartuko ditu eskubide hori bermatzeko neurriak.
Era berean, euskal sektore publikoko entitateen zerbitzura dauden eta desgaitasunen bat duten langile guztiei aitortzen zaie prestakuntza egokitua, irisgarria, egokia eta inklusiboa jasotzeko eskubidea.
C1 edo C2 mailetako idatzizko trebetasunak dituzten hizkuntza-eskakizunak dituzten lanpostuei dagokienez, euskal sektore publikoko entitate bakoitzak bere hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideetan ezarri ahal izango du ezen bere zerbitzura dauden langileek prestakuntza-planeko ikastaroak euskaraz jasoko dituztela, baldin eta hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data igarota duen lanpostu bat betetzen ari badira eta hizkuntza-eskakizuna egiaztatu badute.
Derrigortasun-datak adierazten du lanpostuari ezarritako hizkuntza-eskakizunak noiztik behar duen egiaztatuta izan. Derrigortasun-datatik aurrera, hizkuntza-eskakizuna bete beharko da dagokion lanpostu eskuratzeko eta bertan jarduteko, dekretu honetan salbuespenerako aurreikusitako kasuetan izan ezik.
Lanpostu bakoitzaren hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data bat bakarra izango da. Derrigortasun-data hizkuntza-eskakizun osoari lotzen zaio, eta ez hura osatzen duten hizkuntza-gaitasun bakoitzari, hizkuntza-eskakizun asimetriko bat esleituta eduki ala ez.
Behin derrigortasun-data igaro ondoren, lanpostua betetzen duenak entitatearen hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideetan agindutakoaren arabera bete beharko ditu bere eginkizunak. Euskal sektore publikoko entitateek beren hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideetan jaso dezakete ezen hizkuntza-eskakizuna nahitaezkoa duen lanpostu bat betetzen duten langile guztiek euskara ere lan-hizkuntza gisa erabili beharko dutela, hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta badute.
Plangintzaldi bakoitzean, entitateen plan estrategikoa onartzearekin batera, derrigortasun-data berriak ezarriko dira, hala dagokio. Salbuespen gisa, derrigortasun-datak ere ezarriko dira, baldin eta lanpostuen dotazioak gehitu edo gutxitzen badira eta, horren ondorioz, dauden derrigortasun-datak nahitaez bete beharreko indizeari egokitu behar bazaizkio.
Derrigortasun-indizeak adierazten du entitate bakoitzean eta plangintzaldi bakoitzean derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna izan behar duten lanpostuen kopuru osoaren ehunekoa.
Honela kalkulatuko da derrigortasun-indizea:
Euskaldunak + (Ia euskaldunak/2)
Horretarako, kontuan hartuko da EAEko biztanleen euskararen jakite-mailari buruzko informazioa, Biztanleria eta Etxebizitza Zentsu edo Estatistikaren azken datuetan oinarrituta, eta, hala badagokio, plangintzaldi bakoitzaren hasieran indarrean dauden balidazio-taula orokorretan.
3 Euskal sektore publikoko entitate bakoitzari dagokion indizea kalkulatzeko, haren jardunaren lurralde-eremua hartuko da kontuan. Hala ere, lurralde-eskumen mugatuagoa duten lurralde-deskontzentratutako unitateek beren jarduera-eremu espezifikoari dagokion indizea bete beharko dute.
BIGARREN ATALA
EUSKARAREN JAKITE-MAILA FROGATZEKO ETA EBALUATZEKO SISTEMAK
Euskararen jakite-maila egiaztatzeko eta frogatzeko eta ebaluatzeko sistema hauek ezartzen dira, euskal sektore publikoko entitateetan lanpostuei esleitutako hizkuntza-eskakizunak betetzen direla egiaztatzeari begira:
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren deialdi ohiko eta berezien bidez, edo hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko berariazko proba baten bidez, lanpostuak hautatzeko edo betetzeko ezartzen den prozesuaren edo praktikaldiaren barruan.
Euskararen jakite-maila egiaztatzeko eta ebaluatzeko beste sistema batzuk, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak araututakoak, euskal sektore publikoko entitateetan lanpostuei esleitutako hizkuntza-eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko:
Lanpostuak hautatzeko edo betetzeko prozesuko probak euskara komunikazio-hizkuntza gisa erabilita egitea eta gainditzea.
Lanpostuari dagozkion eginkizunetan euskara erabiltzea.
Hautaketa-prozesuetan edo lanpostuak betetzeko prozesuetan, prozedura horien bidez euskal sektore publikoko entitatearen zerbitzuko langile izatera iristen ez diren izangaiek egiaztatutako hizkuntza-eskakizunek balio mugagabea izango dute.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutua izango da hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko gaikuntza duen organismo bakarra.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak zehaztuko du kasu bakoitzean beharrezkoa den euskararen ezagutza ebaluatzeko proben edukia eta forma. Proba horiek euskal sektore publikoko entitate guztietan aplikatu beharko dira nahitaez.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko aldizkako deialdiak egingo ditu, ohikoak eta bereziak.
Probak sei hilabeterik behin egingo dira, gutxienez. Halaber, berariazko prozesuak egin ahal izango ditu hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko premia larriei erantzuteko, ohiko eta aldizkako deialdiak egokitzen ez diren salbuespenezko kasuetan.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak kudeatzen dituen euskara-mailen azterketen deialdiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
Probetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea ez da inola ere hamar egun natural baino laburragoa izango. Epe hori amaitutakoan, onartutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratuko du Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak, eta gutxienez zazpi egun naturaleko epea emango du erreklamazioak aurkezteko. Epe hori amaitu eta aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, onartutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egingo ditu euskal sektore publikoko entitateek langileak hautatzeko eta beharrezkoak diren lanpostuak betetzeko deitu ditzaketen prozesuen esparruan, bai eta hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proba espezifikoak ere, hala badagokio, ezartzen diren praktikaldien barruan.
Epaitu beharreko proben edukiak nolakoak diren kontuan hartuta osatuko dira lanpostuak hautatzeko edo betetzeko prozesuetako hautaketa-organoak, eta epaimahaikideen erdiek, gutxienez, deialdiaren xede diren lanpostuei dagokien maila nagusiko hizkuntza-eskakizuna edo handiagoa egiaztatuta izan beharko dute.
Ezertan ere eragotzi gabe hautaketa-organoetan Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari dagokion ordezkaritza, erakunde horretako ordezkari bat hautaketa-organoetako kide izango da deialdian eskatutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probetan. Ondorio berberetarako, ordezkaritza hori nahitaezkoa izango da lanpostuak betetzeko lehiaketak kalifikatzeko batzordeen osaeran.
Euskal sektore publikoko entitateek lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte Administrazio Publikoaren Euskal Institutuarekin, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak nola egin behar diren zehazteko.
Komunikazio-trebetasunak bereizi gabe ematen diren hizkuntza-eskakizunen ziurtagirien kasuan, ulertuko da ziurtagiri horien subjektuek gaitasun-maila bera dutela ahozko eta idatzizko trebetasunetan.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari dagokio hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proben edukia, modua eta ebaluazio-irizpideak ezartzea. Edonola ere, proba horiek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratura egokitu beharko dira.
Gainera, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak komunikazio-gaitasun bereziak dituzten pertsonen beharretara egokituko ditu Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak.
Era berean, adimen-desgaitasuna duten pertsonen ezaugarrietara ere egokituko ditu probak Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak.
Lanpostuak hautatzeko edo betetzeko prozesuko probak komunikazio hizkuntza euskara erabiliz egitea eta gainditzea sistema baliagarria izan ahalko da hizkuntza-eskakizunaren bidez adierazitako hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko eta ebaluatzeko.
Horretarako egiten diren lanpostuak hautatzeko edo betetzeko prozesuetako probek lanpostuaren ahozko eta idatzizko komunikazio-gaitasunaren mailak ebaluatzeko aukera eman beharko dute.
Era berean, xedapen honetan aurreikusitakoa lan-poltsak sortzeko deialdietan ere aplikatu ahal izango da.
Proben diseinuan, bermatuko da edukia ongi doitzen dela eta bat datorrela lanpostuari dagozkion funtzioen komunikazio-gaitasunekin.
Lanpostuak hautatzeko edo betetzeko prozesuetako hautaketa-organoetan, kideen erdiek, gutxienez, deialdiaren xede diren lanpostuei dagokien maila nagusiko hizkuntza-eskakizuna edo handiagoa egiaztatuta izan beharko dute.
Lanpostuak hautatzeko edo betetzeko prozesua egiten duen euskal sektore publikoko entitateak proben gaineko aholkularitza eta baliokidetza eskatu beharko dizkio Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari. Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari dagokionez hizkuntza-eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko behar den euskararen jakite-maila ebaluatzeko proben edukia eta forma zehaztea, beraz, baliozkotzea beti egin beharko da prozesuan probak egin aurretik.
Ezertan ere eragotzi gabe hautaketa-organoetan Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari dagokion ordezkaritza, erakunde horren ordezkari bat hautaketa-organoetako kide izango da, lanpostua hautatzeko edo betetzeko prozesuko probak euskaraz egitearen eta gainditzearen bidez egiaztatzen den probetan.
Proba egin ondoren, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari dagokio proba ebaluatzea, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeari begira, kontuan hartuta ezen, izangaiak hautaketa- edo betetze-prozesua gainditzen badu, horren bidez lanpostuari dagozkion eginkizunak behar bezala betetzeko ahozko zein idatzizko komunikazio-gaitasun egokia eta nahikoa duela frogatu duen heinean, lanpostuari esleitutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko adinako euskararen jakite-maila duela ulertuko dela.
Lanpostuari dagozkion eginkizun eta zereginetan euskara benetan erabiltzea lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko modu gisa ebaluatu ahal izango da.
Euskal sektore publikoko entitateek, interesdunak eskatuta, euskararen jakite-maila egiaztatzeko eta ebaluatzeko prozedura hastea eskatu ahal izango dute, hizkuntza-eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko, lanpostuan euskara erabiliz.
Eskabidea Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari zuzenduko zaio.
Prozedura horretan, eskatzaileak betetzen duen lanpostuaren eginkizunak eta zereginak betetzeko dituen ahozko eta idatzizko ulermen- eta adierazpen-trebetasunak egiaztatuko dira, aurrez aurre.
Egiaztapena egiteko, eskatzaileari oso-osorik bere kabuz landutako dokumentu idatziak erakusteko eskatuko diote ebaluatzaileek, bai eta beharrezkotzat jotzen dituzten elkarrizketetan parte har dezan ere. Horretaz gain, ebaluatzaileek elkarrizketak egingo dizkiete hierarkian gorago daudenei eta, hala badagokio, lankideei edo mendekoei.
Nolanahi ere, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari dagokio idatzizko eta ahozko ulermen- eta adierazpen-trebetasunak ebaluatzea, euskararen jakite-maila egiaztatzeko eta ebaluatzeko modu gisa, hizkuntza-eskakizuna betetzen dela egiaztatze aldera, eta, horretarako, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratua aplikatuko du.
Sektore publikoko entitateetan lanpostuei esleitutako hizkuntza-eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko, hizkuntza-normalizazioari buruzko araudian aurreikusitako salbuespen- eta baliokidetze-arauak ere aplikatuko dira.
Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetzea eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzea 2010eko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan edo hura ordezten duen araudian ezarritakoaren arabera egingo da (297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzen dituena).
Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aitortzeak dakarren salbuespena 2012ko apirilaren 47/2012 Dekretuan edo hura ordezten duen araudian ezarritakoaren arabera egikarituko da (47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena).
HIRUGARREN ATALA
HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK ETA DERRIGORTASUN-DATAK ESLEITZEA ETA ALDATZEA
Hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio, derrigortasun-data entitate bakoitzeko lanpostu zerrendetan nahitaez eman beharreko edukian agertuko dira.
Baldin eta egiturazkoa ez izateagatik lanpostu-zerrendatik kanpoko beste lanposturik badago, haiek ere jasoko dira enplegu publikoa antolatzeko tresna osagarrian, eta erregulazio hau aplikatuko zaie.
Dekretu honetan lanpostu-zerrendei buruz egiten diren aipamenak euskal sektore publikoko entitateek erabil ditzaketen beste tresna baliokide batzuei ere aplikatuko zaizkie.
Entitate batean lanpostu bereko bi dotazio edo gehiago daudenean, dotazio bakoitzari esleitu zaion hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio, derrigortasun-data adierazi beharko dira.
Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak euskal sektore publikoko entitateetako lanpostu-zerrendetako datuak bilduko ditu, hizkuntza-normalizazioaren arloan beharrezkoa den koordinazioa bermatzeko.
Horretarako, Euskal Enplegu Publikoari buruzko 2022ko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 187.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, euskal sektore publikoko entitate bakoitzak bere langileei buruz eta gaiarekin lotutako gainerako alderdiei buruz behar duen informazioa eman beharko dio Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen sailari, hizkuntza-politikaren koordinazio egokia bermatzeko.
Hizkuntza-eskakizunak lanpostuei esleitutako komunikazio-ezaugarrien eta -beharren arabera eta helburu horretarako eskatzen diren hizkuntza-trebetasunen arabera zehaztuko dira.
Lanpostu bati esleitutako komunikazio-ezaugarriak eta -beharrak eta lanpostu horretan jarduteko eskatzen diren hizkuntza-trebetasunak aztertuta, ondorioztatzen bada idazmenaren bidez bete behar diren lanpostu jakin bateko eginkizunak noizbehinkakoak edo ezohikoak direla, lanpostu horri idazmeneko A2 hizkuntza-eskakizuna esleitu ahal izango zaio.
Lanpostu bati esleitutako komunikazio-ezaugarriak eta -beharrak eta lanpostu horretan jarduteko eskatzen diren hizkuntza-trebetasunak aztertuta, ondorioztatzen bada mintzamenaren bidez bete behar diren lanpostu jakin bateko eginkizunak ohikoak direla eta herritarrekin ezartzen den harreman zuzena Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera maila aurreratukoa bada, lanpostu horri mintzameneko B2 maila, gutxienez, duen hizkuntza-eskakizuna esleitu beharko zaio.
Lanpostu jakin baten funtzioak hizkuntza-normalizazioko prozesuarekin lotuta daudenean, hala nola hizkuntza-normalizazioko, itzulpeneko edo interpretazioko eskalekin, lanpostu horri C2 hizkuntza-eskakizun simetrikoa esleituko zaio. Hizkuntza-eskakizun hori nahitaezkoa izango da lanpostua sortzen den unetik bertatik. Lanpostuen zerrendan TP (teknikari profesionala) letrak jarriko dira derrigortasun-datari dagokion lekuan. Lanpostu horiek ez dira kontuan hartuko derrigortasun-indizearen betetze maila kalkulatzerakoan.
Aurreko artikuluan aurreikusitakoa euskal sektore publikoko entitateetako lanpostuei esleitutako hizkuntza-eskakizuna berrikusteko kasuetan ere aplikatuko da.
Entitate batek bere lanpostuetako batzuetan ezarritako hizkuntza-eskakizuna bat ez badator lanpostu horien funtzio komunikatiboak egoki betetzeko behar diren euskara-mailekin eta hizkuntza-trebetasunekin, entitateak beharrezkoak diren izapideak burutuko ditu lanpostu horiei esleitutako hizkuntza-eskakizuna aldatzeko.
Lanpostu-kopuruagatik edo ezaugarriengatik, edo lanpostu horiek betetzen dituzten langileen kopuruagatik edo ezaugarriengatik, ondorioztatzen bada hizkuntza-eskakizunaren aldaketa ezin dela aldi berean egin ukitutako lanpostu guztietan, entitateak, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen sailarekin lankidetzan, berariazko plangintza bat abiaraziko du hizkuntza-eskakizunen aldaketa progresiboa egiteko.
Derrigortasun-data izan behar duten lanpostuak zehazteko, kontuan izan beharko da, nahitaez, zer helburu finkatu duen euskal sektore publikoko entitate bakoitzak bere hizkuntza-plangintzarako tresnetan.
Gainera, 25.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, erakunde bakoitzean eta plangintzaldi bakoitzean derrigorrezko hizkuntz-eskakizuna izan behar duten lanpostuen kopuru osoaren ehunekoa derrigorrez bete beharreko indizeak zehaztuko du.
Derrigortasun-datak lanpostu hauetan ezarriko dira lehentasunez:
Herritarrekin harreman zuzenak dituzten lanpostuetan, euskara zerbitzu-hizkuntza gisa bermatzeko.
Zeharkakoak diren lanpostuetan, euskara lan-hizkuntza gisa bermatzeko; bereziki, zerbitzu juridikoak, informatika arlokoak, giza baliabide, kudeaketa ekonomiko, berdintasun, ingurumen eta kalitate arlokoak.
Kanpoko beste entitate batzuekin ohiko komunikazioak dituzten lanpostuetan.
Aurreko kasuetan sartzen ez diren baina hutsik dauden lanpostuetan.
Euskal sektore publikoari atxikitako edo lotutako entitate instrumentalek herritarrekin ahozko komunikazioak dituzten lanpostuetan finkatuko dituzte derrigortasun-datak, lehentasunez. Data horiek esleitu ondoren, entitateak jarraitu ahal izango du gainerako derrigortasun-datak beste lanpostu batzuei esleitzen.
Dotazio bat baino gehiago duten lanpostuetan, dotazio bakoitzari dagokion derrigortasun-data esleitzeko jarduera-arloak edo zereginak ezin badira bereizi, aurreko irizpideak aplikatu ondoren, irizpide hauen arabera egingo da esleipena:
Lehenik eta behin, lehentasunezkoa izango da, beste edozein irizpideren gainetik, dotazio bat baino gehiago dituen lanpostu bateko dotazio jakin baten titularrak egindako eskaera, hau da, berak betetzen duen dotazioa izan dadila derrigortasuna jasoko duena.
Bigarrenik, dotazio batean derrigortasuna ezarriko da baldin eta dotazioaren titularrak hura eskuratu badu entitatearen lehenengo plangintzaldia baino lehen, lanpostuak hautatzeko edo betetzeko prozesu baten ondorioz, eta prozesu horretan euskara jakitea nahitaezko baldintzatzat jo bada.
Hirugarrenik, derrigortasuna ezarriko zaie lanpostuari esleitutako hizkuntza-eskakizuna baino euskararen komunikazio-gaitasun handiagoa duten titularren dotazioei.
Laugarrenik, eragindako titularrek egiaztatutako hizkuntza-eskakizunari dagokionez alderik ez badago, derrigortasuna adinaren arabera ezarriko da, eta plangintzaldiaren hasieran titular gazteena duen dotazioari esleituko zaio derrigortasuna.
Aurreko irizpideak nahikoak ez badira, lanpostuan antzinatasun txikiena duten titularren dotazioetan finkatuko da derrigortasuna.
Hizkuntza-eskakizunak nahitaez ezartzeko irizpideen helburua izango da euskal sektore publikoko entitate bakoitzeko lanpostuen tratamendu ekitatezkoa eta proportzionala, hots, inolako bereizkuntzarik egin gabe eginkizunen araberako titulazio-mailaren aldetik kidegoa, eskala, maila edo talde profesionala dela eta.
Derrigortasun-data jartzeko unean lanpostua betetzen duen langileak ez badu egiaztatuta lanpostu horri dagokion hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-data geroratua esleituko zaio.
Era berean, lanpostuaren derrigortasun-data igarotzen denean titularra ez badago zerbitzu aktiboan, baina bai lanpostua gordetzeko eskubidea ematen duen administrazio-egoera batean, kasu horretan ere derrigortasun-data geroratua esleituko zaio. Titularra bere lanpostura itzultzen denean hasiko da zenbatzen epea.
Lanpostua gordetzeko eskubidea izanik, lan-kontratua etenda duten langileei ere aplikatuko zaie aurreikusitakoa.
Geroratutako derrigortasun-data esleitzeko, kontuan hartuko da langileak hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko beharko duen arrazoizko denbora; beraz, derrigortasun-dataren geroratzea lotuta dago langilearen hasierako komunikazio-gaitasunarekin, egiaztatu behar duen hizkuntza-eskakizunarekin eta ezartzen den euskalduntze-planarekin.
Euskal sektore publikoko entitateek, lanpostuetako derrigortasun-datak edo hizkuntza-eskakizunak esleitzeko edo aldatzeko erabakia hartu aurretik direla lanpostu berriak, direla aurrez sortutakoak, txostena eskatuko diote hizkuntza-politikaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari, dekretu honetan txosten hori eskatzetik salbuetsitako kasuetan izan ezik.
Txostena nahitaezkoa da, baina ez loteslea, eta bertan jasoko dira hizkuntza-eskakizunen egokitasunari buruzko azterketa, proposatutako derrigortasun-datak eta entitateak derrigorrez bete beharreko indizea.
Kasu hauetan, ez da beharrezkoa izango Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailari txostena eskatzea:
Baldin eta, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak txostena eman ondoren, lanpostu baten hizkuntza-eskakizuna aldatu nahi bada sail horrek bere garaian proposatutako mailara egokitzeko.
Baldin eta, funtzio nagusiak betetzean herritarrekin ahozko ohiko komunikazioak dituzten lanpostuei dagokienez, lanpostu horien hizkuntza-eskakizuna aldatu nahi bada, maila apalagoa esleituta izanik mintzameneko eta entzumeneko B2 maila esleitzeko.
Baldin eta, funtzio nagusiak betetzean herritarrekin ahozko ohiko komunikaziorik ez duten lanpostuei dagokienez, lanpostu horietako baten hizkuntza-eskakizuna aldatu nahi bada, lanpostua integratzen den eskala bakoitzean sartzeko eskatzen den titulazio-mailara egokitzeko.
Txostena eskatu ahal izateko, entitateak eguneratuta eduki beharko ditu Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailari hizkuntza-normalizazioaren arloan eman behar dizkion datuak.
Gainera, entitateak proposamen bat bidali behar dio Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailari, alderdi hauek jasoko dituena:
Lanpostuek zer ezaugarri dituzten, eta entitatearen barruan non dauden kokatuta.
Lanpostuaren eginkizunak azaltzen dituen txostena.
Txostena plangintzaldiaren lehenengo urtean eskatzen bada, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak bi hilabeteko epea izango du txostena egiteko, proposamena eta beharrezko datuak behar bezala jasotzen direnetik zenbatzen hasita. Gainerako kasuetan, oro har, epea hilabetekoa izango da, proposamena eta beharrezko datuak behar bezala jasotzen direnetik zenbatzen hasita.
Salbuespen gisa, egiturazko lanpostuak ez izateagatik lanpostuen zerrendetan sartuta ez dauden lanpostuei dagokienez, lanpostu horiek azkar bete behar direnean, entitate eskatzaileak horren berri emango du eskaeran, eta Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak hamabost egun balioduneko epean emango du txostena.
Txostena emateko epea igaro, eta entitateak oraindik txostena jaso ez badu, izapideekin jarraitu ahal izango du.
LAUGARREN ATALA
LANPOSTUAK BETETZEA
Hizkuntza-eskakizuna derrigorrezkoa izaten hasten den egunetik aurrera, lanpostua eskuratzeko eta betetzeko ezinbestekoa izango da hizkuntza-eskakizuna betetzea.
Hala ere, baldintza profesionalak betetzen dituzten baina hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta ez duten hautagaiak egonez gero, euskal sektore publikoko entitateek aukera izango dute aurreko paragrafoan aurreikusitakoa ez aplikatzeko, nahitaez erabaki diren zerbitzu-eginkizunen kasuan, Euskal Enplegu Publikoari buruzko 2022ko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 109. artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Kasu horretan, langileak, 22.9 artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera, egiaztatuta izan beharko du lehentasun-ordenaren beheragoko hurrengo maila edo, gehienez ere, lanpostuari dagokiona baino beheragoko bi maila.
Euskal sektore publikoko entitateek aukera izango dute artikulu honen lehen paragrafoan aurreikusitakoa ez aplikatzeko, baldin eta entitateak behar bezala justifikatutako salbuespenezko, ustekabeko, kanpoko eta saihetsezineko egoerak gertatzen badira eta, horien ondorioz, lanpostua berehala eta presaz bete behar bada, aldi baterako betetze-prozeduraren baten bidez edo aldi baterako lan-kontratuko langileen bidez. Kasu horretan, baldintza profesionalak betetzen dituzten baina hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta ez duten hautagaiak egonez gero, ez da beharrezkoa izango kontratatutako langileak lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izatea.
Gainera, entitateak txostena eskatu beharko dio Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailari, zeinak hamar egun balioduneko epean emango baitu txostena, eta loteslea izango da.
Euskal sektore publikoko entitateen zerbitzuko langile izateko hautaketa-prozesuetan, txanda irekikoa zein barne-sustapenekoa izan, hizkuntza-eskakizuna betetzen dela egiaztatu ahal izango da, nahitaezkoa denean, deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren arabera, hautaketa-probetan edo enplegatu publiko bihurtu aurreko prestakuntza-ikastaroan eta praktikaldian.
Ikastaroan eta praktikaldian sartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik egiaztatzea lanpostua betetzeko eskatzen den eskakizunetik gehienez bi maila beherago dagoela.
C2 hizkuntza-eskakizuna esleituta duten eta derrigortasun-data igarota duten lanpostuak hautatu eta betetzeko prozesuetan, hautagaietako batek ere ez badu egiaztatzen eskakizun hori, C1 hizkuntza-eskakizuna aplikatuko zaio lanpostu horri, lanpostua hautatzeko edo betetzeko deialdiaren ondorioetarako soilik.
Lanpostu bati dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea nahitaezkoa denean, ez da merezimendu gisa baloratuko hizkuntza-eskakizun hori edo beheragoko edo goragoko hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea.
Derrigortasun-datarik ez duten edo, data hori izanda ere, igarota ez duten hizkuntza-eskakizunetako lanpostuak hautatzeko edo betetzeko prozesuetan, euskara jakiteari merezimendu gisa eman beharreko balorazioa ezartzeko, kontuan hartuko da lanpostu bakoitzari esleitutako mailetan zein nagusitzen den, halako moldez, non beheragoko eta goragoko mailak egiaztatu izanari emango zaion puntuazioak koherentea eta proportziozkoa izan beharko baitu maila horri ezarri zaion puntuazioarekiko.
Lanpostua hautatzeko edo betetzeko prozesuen deialdi bakoitzean euskaraz jakiteari merezimendu gisa eman behar zaion balorazioa ezartzeko, prozesu osoan lor daitekeen gehieneko puntuazioa hartuko da oinarritzat; beraz, euskaraz jakiteari eman beharreko puntuazioa atalase hauen artean kokatu beharko da, eta ezin izango da txikiagoa edo handiagoa izan:
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Sektore publikoko entitateek aurreikusten badute euskara jakitea nahitaezkoa duten lanpostuak hautatzeko edo betetzeko probak egin behar direla, deialdia egiten duen entitateak erabaki ahal izango du proba osoa edo probaren zatiren bat nahitaez hizkuntza horretan egitea.
Era berean, derrigortasun-data igarota duten hizkuntza-eskakizunak esleituta dituzten lanpostuak eskaintzen badira, edo lanpostu bereko zenbait dotazio eskaintzen badira eta dotazio horietako batzuek bakarrik badute derrigortasun-data igarota, deialdia egin duen entitateak erabaki ahal izango du proba osoa edo probaren zatiren bat nahitaez hizkuntza jakin batean egitea, derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duten dotazio edo lanpostuei dagokienez.
Aurreko bi paragrafoetan aurreikusitako kasuetan, lanpostuak hautatzeko edo betetzeko prozesuaren deialdian, deialdia egiten duen entitateak jakinarazi behar du zer proba edo zer proba-zati egin behar den nahitaez hizkuntza jakin batean, bai eta proba jakin hori gai-zerrendako zein edukiri buruzkoa izango den ere. Lanpostuak hautatzeko edo betetzeko prozesuko gainerako probetan, hautagaiek nahi duten hizkuntza ofiziala aukeratu ahal izango dute.
Lanpostu jakin batzuen funtzioak hizkuntza-normalizazioko prozesuarekin lotuta daudenean, lanpostu horiek hautatzeko edo betetzeko prozesuetan proba guztiak euskaraz egin behar direla erabakiko du deialdia egiten duen entitateak.
Proben nolakotasunak ahalbidetzen duen neurrian, lanpostuak hautatzeko edo betetzeko probak aldi berean bi hizkuntza ofizialetan egiteko ahalegina egingo da. Deialdia egin duen entitateak bermatu beharko du proben edukiak beti kalitateko hizkuntza erabiliz idazten direla.
BOSGARREN ATALA
SALBUESPEN-ARAUBIDEA
Langile hauek ez dute hizkuntza-eskakizunen derrigortasun-araubide orokorra bete beharrik izango, titular diren lanpostuari dagokionez:
Titular diren lanpostuari derrigortasun-data ezartzen dion plangintzaldi bakoitzaren hasieran 45 urte baino gehiago dituztenek, interesdunaren aldez aurreko adostasunarekin.
Salbuetsita egongo dira, halaber, titular diren lanpostuari aldez aurretik esleitutako hizkuntza-eskakizuna aldatzea onartu eta 45 urtetik gorakoak direnak, interesdunaren aldez aurreko adostasunarekin.
Oinarrizko Batxilergoko, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak edo etorkizunean horiek ordezka ditzaketen ikasketak egin ez dituzten langileek, alde batera utzita ordenamendu juridikoak eskola-ziurtagiriari dagokionez beste helburu batzuetarako ezartzen dituen baliokidetzak eta baliozkotzeak.
Desgaitasunen bat duten pertsonek, horrek eragozten edo zailtzen badie gaur egun indarrean dauden helduentzako hizkuntza-prestakuntza eta -trebakuntzarako programen bidez euskara ikastea.
Helduen hizkuntza-prestakuntza- eta -trebakuntzarako programen bidez hizkuntzak ikasteko prozesuan ezinbestekoa den gutxieneko trebetasun-gaitasunik ez duten langileek, ezintasun hori ageri-agerikoa eta egiaztatua denean.
Artikulu honetan aurreikusitako salbuespenei buruzko espedientea interesdunak zerbitzuak ematen dituen sektore publikoko entitateak hasiko du, hala interesdunak eskatuta nola ofizioz. Horretarako, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak eskaera arrazoituak egin ahal izango dizkio kasuan kasuko entitateko organo eskudunari.
Aurreko artikuluan aurreikusitako salbuespenei buruzko espedienteei, eskabidearekin batera interesdunak eskatuta hasten bada edo interesdunaren adostasuna egiaztatzearekin batera ofizioz hasten bada, dokumentazio hau erantsi beharko zaie:
Salbuespena Oinarrizko Batxilergoko, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak edo etorkizunean horiek ordezka ditzaketen beste batzuk ez gainditzeagatik:
Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpena, azaltzen duena ez dituela ikasketa-maila horiek edo handiagoa duen ikasketarik egin.
Salbuespena desgaitasuna izateagatik, horrek eragozten edo zailtzen baitu gaur egun indarrean dauden helduentzako hizkuntza-prestakuntza eta -trebakuntzarako programen bidez hizkuntzak ikastea:
Desgaitasunaren ziurtagiria, entitate eskuduneko dagokion organoak emana; desgaitasunaren gradua eta, ahal den guztietan, hizkuntzak ikasteko duen eragina adieraziko dira.
Espedientearen xede den langileak ikasi duen euskaltegiaren edo ikastetxe homologatuaren txostena, inoiz euskaltegi edo ikastetxe horietako batera joan bada.
Salbuespena helduen hizkuntza-prestakuntza eta -trebakuntzarako programen bidez hizkuntzak ikasteko prozesuan ezinbestekoa den gutxieneko trebetasun-gaitasunik ez izateagatik, ezintasun hori ageri-agerikoa eta egiaztatua denean:
Interesdunaren gaikuntza linguistikoaren prozesuaren garapena egiaztatzen duen dokumentazioa, ordu-kopurua eta prozesuaren emaitza adierazita.
Dakizkien hizkuntzei buruzko titulazio ofizialen gaineko erantzukizunpeko adierazpena.
Adinagatiko edo ikasketa jakin batzuk ez gainditzeagatiko salbuespen-kasuetan, interesdunak zerbitzuak ematen dituen entitateak ebatziko du zein salbuespen mota ematen duen; langileen erregistroan jasoko du, eta haren kopia bat bidaliko dio Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari, Hizkuntza Eskakizunak Egiaztatzeko Erregistroan inskriba dezan.
Salbuespena desgaitasuna izateagatik denean, desgaitasun horrek eragozten edo zailtzen duelako gaur egun indarrean dauden helduentzako hizkuntza-prestakuntza eta -trebakuntzarako programen bidez hizkuntzak ikastea, honela jokatuko da:
Hasierako dokumentazioa Administrazio Publikoaren Euskal Institutura bidaliko da.
Batzorde tekniko-mediko batek dokumentazioa aztertuko du. Batzorde hori Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariak izendatuko du, eta kide hauek izango ditu:
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria; batzordeburua izango da, nahiz eta beste bati eskuordetu ahal izango dion.
Foru-aldundietako baten zerbitzura dagoen mediku bat, kasuan kasuko aldundiak proposatuta, bere lanpostuko zereginen artean desgaitasunei buruzko espedienteetan txostenak egitea edo ebazpen-proposamenak egitea duena.
Hezkuntza berezian espezializatutako teknikari bat, Eusko Jaurlaritzan hezkuntzaren eskumena duen sailak proposatuta.
Logopedian espezializatutako teknikari bat, Eusko Jaurlaritzan hezkuntzaren eskumena duen sailak proposatuta.
Hizkuntzaren didaktikan espezializatutako teknikari bat, HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko zuzendariak proposatuta.
Interesdunak lan egiten duen entitatearen ordezkaria.
Funtzionario bat, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariak proposatuta; batzordeko idazkariaren eginkizunak beteko ditu.
Batzordeak txosten bat egingo du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, desgaitasuna duen pertsonak, kasu bakoitzean, helduen hizkuntza-prestakuntza eta -trebakuntzarako indarreko programen bidez euskara ikasteko duen ezintasun edo zailtasunari buruz.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak batzorde tekniko-medikoaren txostena bidaliko dio interesdunak zerbitzuak ematen dituen entitateari, entitate horrek dagokion ebazpena eman dezan.
Desgaitasunagatik salbuestea bidezkoa dela deklaratzen duen ebazpena, hala badagokio, kasuan kasuko entitateko langileen erregistroan inskribatu beharko da, eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari jakinarazi beharko zaio, Hizkuntza Eskakizunak Egiaztatzeko Erregistroan inskriba dezan.
Salbuespena helduen hizkuntza-prestakuntza eta -trebakuntzarako programen bidez hizkuntzak ikasteko prozesuan ezinbestekoa den gutxieneko trebetasun-gaitasunik ez izateagatik denean, ezintasun hori ageri-agerikoa eta egiaztatua delarik, honela jokatuko da:
Hasierako dokumentazioa Administrazio Publikoaren Euskal Institutura bidaliko da.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak dokumentazioa aztertuko du, eta egiaztatuko du interesdunak lehen plangintzaldiaren hasieratik baldintza hauetakoren bat betetzen duen euskara-gaikuntzako prozesuren bat egin duen:
Etenik gabeko gaikuntza-prozesua, non hirurehun eskola-ordu jaso diren; eskola-ordu horiek jaso diren ikastaroen iraupen osoaren ehuneko laurogei, gutxienez, izan behar dute.
Gaikuntza-prozesu etena, non bostehun eskola-ordu jaso diren; eskola-ordu horiek jaso diren ikastaroen iraupen osoaren ehuneko laurogei, gutxienez, izan behar dute.
Euskararen irakaskuntzan espezializatutako batzorde tekniko batek dokumentazioa aztertuko du. Batzorde hori Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariak izendatuko du, eta kide hauek izango ditu:
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria; batzordeburua izango da, nahiz eta beste bati eskuordetu ahal izango dion.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak proposatutako bi kide; horietako batek batzordeko idazkariaren eginkizunak beteko ditu.
HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak proposatutako bi kide.
Interesdunak lan egiten duen entitateak proposatutako kide bat, hizkuntza-gaikuntzako teknikari bat izango dena. Proposamena egiteko, entitateak hamabost egun balioduneko epea izango du, proposamen-eskaera jasotzen duenetik aurrera. Epe hori igarotakoan, ulertuko da entitateak uko egin diola batzordearen osaeran parte hartzeari.
Batzorde teknikoak interesdunak egindako trebakuntza-prozesuaren emaitza baloratuko du, erreferentzia eginez Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak eta HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak egindako ikastaroetako emaitza orokorrei.
Era berean, aztertutako gaikuntza-prozesuan parte hartu duen azken euskaltegiaren edo azken euskaltegien edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen txosten didaktikoa eskatu beharko du, bai eta eragindako ikasleari buruz HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundean dagoen historia ere.
Batzorde teknikoak, gainera, beharrezkotzat jotzen dituen txosten guztiak eskatu ahal izango ditu interesdunak beste hizkuntza batzuei buruz duen jakintzaren gainean edo hizkuntza-gaitasunarekin lotutako beste edozein alderdiri buruz, eta beharrezkotzat jotzen dituen probak eta elkarrizketak egin ahal izango ditu.
Batzorde teknikoak txosten bat egingo du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, helduen hizkuntza-prestakuntza eta -trebakuntzarako programen bidez hizkuntzak ikasteko prozesuan ezinbestekoa den gutxieneko trebetasun-gaitasunik ez izateagatik dagoen ezintasun ageri-ageriko eta egiaztatuari buruz.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak batzorde teknikoaren txostena bidaliko dio interesdunak zerbitzuak ematen dituen entitateari, entitate horrek dagokion ebazpena eman dezan.
Hala badagokio, hizkuntzak ikasteko prozesuan ezinbestekoa den gutxieneko trebetasun-gaitasunik gabe ezintasun ageri-agerikoa eta egiaztatua izateagatik salbuestea bidezkoa dela deklaratzen duen ebazpena kasuan kasuko entitateko langileen erregistroan inskribatu beharko da, eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari jakinarazi beharko zaio, Hizkuntza Eskakizunak Egiaztatzeko Erregistroan inskriba dezan.
Nolanahi ere, helduen hizkuntza-prestakuntza eta -trebakuntzarako programen bidez hizkuntzak ikasteko prozesuan ezinbestekoa den gutxieneko trebetasun-gaitasunik gabe ezintasun ageri-agerikoa eta egiaztatua izateagatiko salbuespen-prozeduretan, interesdunak zerbitzuak ematen dituen entitateak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, hizkuntzak ikastea eragozten edo zailtzen duen desgaitasunagatiko salbuespen-prozedura hasi ahal izango du, eta, ikaskuntza-prozesutik ondorioztatzen bada ezintasun larria duen kasu bat dela, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak aztertuko du entitateak egindako proposamena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko enplegatu publikoei dagokienez, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak eskumena du, adina edo ikasteko ezintasuna direla-eta euskara mailak egiaztatzetik salbuesteko espedienteak ebazteko.
Prozedura hasi eta sei hilabeteko epean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskabidea baietsitzat joko da.
Adinagatik edo ikasteko beste ezintasun batzuengatik euskara-mailak egiaztatzetik atal honetan arautzen diren salbuespenek bakar-bakarrik izango dituzte ondorioak interesduna, titularra izanik, salbuespena aitortzeko unean betetzen ari den lanpostuari dagokionez.
Atal honetan azaldutakoaren arabera ematen diren salbuespenen ondorioek bere horretan iraungo dute, harik eta salbuespena aitortzeko arrazoiak bertan behera gelditu, desagertu edo amaitzen ez diren artean.
Salbuespena onartzeko erabili ziren arrazoietan funtsezko aldaketaren bat gertatuz gero, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak berriz aztertuko du kasu hori berariaz eta, lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna eta titularraren euskarazko jakite-maila kontuan izanik, aurretik aitortutako salbuespen horrek noiz bukatu behar duen jakinaraziko du.
Txosten hori interesdunak zerbitzuak ematen dituen entitateari bidaliko zaio, dagokion erabakia har dezan, langileen erregistroan inskriba dezan eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari jakinaraz diezaion, Hizkuntza Eskakizunak Egiaztatzeko Erregistroan inskribatuta gera dadin.
Herri Administrazioak Koordinatzeko Batzordea (HAKOBA) sortzen da, hizkuntza-normalizazioarekin zerikusia duten jarduerak garatzen dituzten euskal sektore publikoko entitateen arteko lankidetza areagotzeko.
Batzordea Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailari atxikita egongo da, baina haren egitura hierarkikoan txertatu gabe.
Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen saileko giza baliabide eta baliabide materialen bitartez emango zaio laguntza administratiboa eta kudeatzailea kide anitzeko organoari.
Batzordearen eginkizunak dira, alde batetik, erakundeen jarduna koordinatzea hizkuntza-normalizazioaren arloan, eta, bestetik, arlo horretan lehentasunezkoak diren jarduketak identifikatzea, lankidetzan garatzeko, bakoitzaren eskumenak erabat errespetatuz.
Batzordeak kide hauek izango ditu:
Batzordeburua: Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen saileko kide bat, sailburuorde mailakoa.
Idazkaria: Batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsona bat, gutxienez zuzendari maila duena.
Batzordekideak:
Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen saileko kide bat, zuzendari mailakoa.
Eusko Jaurlaritzan hezkuntza alorreko eskumena duen saileko kide bat, zuzendari mailakoa.
Eusko Jaurlaritzan justizia alorreko eskumena duen saileko kide bat, zuzendari mailakoa.
Eusko Jaurlaritzan segurtasun alorreko eskumena duen saileko kide bat, zuzendari mailakoa.
Eusko Jaurlaritzan osasun alorreko eskumena duen saileko kide bat, zuzendari mailakoa.
Eusko Jaurlaritzan merkataritza alorreko eskumena duen saileko kide bat, zuzendari mailakoa.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria.
HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko zuzendaria.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru aldundien ordezkari bana, diputatu edo zuzendari mailakoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako udalen ordezkari bana, zinegotzi mailakoa.
Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari bat, alkate mailakoa.
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen ordezkari bat, erakundearen Zuzendaritza Batzordeko kidea dena.
Batzordeburuak aztergaietan adituak diren pertsonen parte hartzea eskatu ahal izango du bilkuretan edo bilkuren parteren batean. Aditu horiek beren eremuko gaiei buruz hitz egiteko eskubidea izango dute, baina ezingo dute botorik eman.
Batzordeak lantalde teknikoak antolatu ahal izango ditu garatu nahi dituen proiektuak aurrera eramateko.
Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen saileko titularrak izendatuko ditu batzordekideak, bai eta haien ordezkoak ere. Agintaldia lau urtekoa izango da; hura amaitutakoan, beste epe baterako izendatu ahal izango dira. Dena den, nahiz eta epe hori igaro, beren eginkizunak betetzen jarraituko dute, ordezkoen izendapenak ondorioak izan arte.
Betetzen duten karguagatik izendatuak izan diren batzordekideek automatikoki utziko diote kide izateari baldin eta kargua galtzen badute.
Heriotzagatik, ezintasunagatik, uko egiteagatik edo antzeko arrazoiengatik hutsik geratzen diren lanpostuak hilabeteko epean beteko dira, batzordeko idazkaritzari egoera horren berri ematen zaionetik zenbatzen hasita, eta ordezkatutako kidearen agintaldia amaitzeko geratzen den denborarako.
Batzordekideak izendatzeko garaian, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan duten hizkuntza-gaitasuna, bai eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua ere.
Batzordeak urtean bi ohiko bilkura egingo ditu, gutxienez.
Batzordeak ezohiko bilkurak egin ahal izango ditu, batzordeburuaren ekimenez edo batzordekideen bi herenek hala eskatuta.
Azken kasu horretan, eskaera idatziz egin beharko da, eta bilkuran aztertu beharreko gaiak adierazi beharko dira idazki horretan. Batzordeburuak bilkura 15 eguneko epean egiteko deia zabalduko du, eskaera jaso eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Batzordeburuak beste zenbait aztergai ere sartu ahal izango ditu gai-zerrendan, eskabidean jasotakoekin batera.
Batzordea modu presentzialean nahiz urrutitik eratu, bilkurak egin, erabakiak hartu eta aktak bidali ahal izango ditu.
Batzordearen deialdiak idazkaritzak egingo ditu, batzordeburuaren aginduz, bileraren egunetik zazpi egun naturaleko aurrerapenarekin, eta bitarteko elektronikoen bidez bidaliko zaizkio batzordeko kide bakoitzari. Deialdian, aztergaien zerrenda ezarriko da, bai eta bilkuraren eguna, tokia eta ordua ere.
Aurrez aurre edo urrutitik denak bilduta daudenean, idazkaria eta batzordeko kide guztiak, edo haien ordezkoak, behar bezala eratu ahal izango dira bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, aldez aurretik deialdirik egin gabe, betiere kide guztiek hala erabakitzen badute.
Batzordeburuak urgentziazko bilera-deialdiak egin ahal izango ditu, bilera-egunaren aurreko epe jakinik gabe.
Urgentziazko bileren gai-zerrendako lehen puntua urgentzia hori berrestea izango da. Berresteko erabakia batzordekideen botoen gehiengo soilez hartu beharko da. Berresteko erabakirik hartzen ez bada, batzordeburuak amaitutzat emango du bilera.
Batzordekide guztiek aukera izango dute batzordeburuari proposatzeko aztergai bat sar dezan bilkura-deialdiaren gai-zerrendan. Horretarako, bilera egin baino 48 ordu lehenago, gutxienez, egin beharko da proposamena, eta harekin batera, memoria justifikatzaile bat aurkeztu.
Batzordea lehenengo deialdian baliozkotasun osoz eratu ahal izateko, beharrezkoa izango da batzordeburua eta idazkaria edo haien ordezkoak eta kideen erdiak gutxienez bertaratzea.
Quorum hori lortzen ez bada, bigarren deialdian eratu ahal izango da baliozkotasunez, lehenengo deialdia egin eta 30 minutura, kideen herena bertaratzen bada eta betiere batzordeburua eta idazkaria edo haien ordezkoak bertan direla.
Urrutitik egiten diren bilkuretan, kideak leku desberdinetan egon ahal izango dira, baldin eta bermatzen bada bitarteko elektronikoen bidez bide telefonikoak eta ikus-entzunezkoak barne kideen edo haien ordezkoen identitatea, haien adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea, bai eta haien arteko elkarreragina eta interkomunikazioa denbora errealean eta bilkuran zehar bitartekoak eskuragarri izatea ere. Besteak beste, posta elektronikoa eta bideokonferentziak barruan direla joko da.
Kide bakoitzak boto bat izango du. Erabakiak kideen gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, batzordeburuaren kalitatezko botoak ebatziko du.
Bozketa-sistemak printzipio hauek beteko ditu: botoa zuzena, pertsonala eta eskuordeezina izango da. Batzordeko edozein kidek batzordeburuari hala eskatzen badio, botoa isilpekoa izango da.
Bertaratutako batzordekideek boto partikularra eman ahal izango dute hartzen den edozein erabakiren aurka, betiere baldintza hauek betetzen baditu:
Boto partikularra emateko duen asmoa bilkura amaitu baino lehen adierazi behar du.
Idazkaritzara 5 egun naturaleko epean bidali behar du boto partikularra jasotzen duen agiria, bilkura egin eta hurrengo egunetik zenbatuta.
Boto partikularrak gehiengoak hartutako erabakiaren testuari erantsiko zaizkio, eta gehiengoak erabakitakoaren ondoren agertuko dira.
Batzordea atxikita dagoen sailak egoitza duen lekuan hartu direla erabakiak ulertuko da.
Idazkaritzari dagokio bilkura bakoitzari dagokion akta egitea, batzordeburuaren oniritziarekin. Kargu horiek dituzten pertsonek elektronikoki sinatuko dute akta.
Akta bitarteko elektronikoen bidez bidaliko zaie batzordekideei, eta horiek, bide berberak erabiliz, testuarekiko adostasuna edo eragozpenak adierazi ahal izango dituzte, onartzeari dagokionez. Baiezkoa emanez gero, bileran bertan onartutzat joko da. Bileran bertan edo hurrengoan onartuko da.
Honako hauek jasoko ditu: bertaratutakoak, bileraren gai-zerrenda, bilera non eta noiz egin den, eztabaiden puntu nagusiak eta hartutako erabakien edukia.
Egindako bilkurak grabatzea edo euskarri elektronikoko dokumentuak erabiltzea aukeratu bada, fitxategi elektronikoen osotasuna eta benetakotasuna bermatzeko moduan gorde beharko dira, bai eta batzordeko kideek fitxategi horietarako sarbidea izateko moduan ere.
Nolanahi ere, akten eta apartatu honetan aipatzen diren dokumentuen kontserbazioa une bakoitzean onartutako formatu eta estandarren araberakoa izango da, Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalaren, Segurtasunaren Eskema Nazionalaren eta Eusko Jaurlaritzaren dokumentu-kudeaketarako politika eta ereduaren arabera.
Bilkura-deialdiak, gai-zerrendak, aktak, ziurtagiriak eta gainerako testu idatziak euskaraz egingo dira, gutxienez.
Bilkuren aktak, urteko kudeaketa-memoria eta gainerako informazio garrantzitsua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren gardentasun-atarian argitaratuko dira.
Urteko kudeaketa-memoriak Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak zehaztutako irismena, edukia eta egitura izango ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ere argitaratuko da.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Hizkuntza Eskakizunak Egiaztatzeko Erregistroa.
Euskal sektore publikoko entitateetako langileek dekretu honetan aurreikusitako edozein modutan egiaztatutako hizkuntza-eskakizunak Administrazio Publikoaren Euskal Institutuan eratutako Hizkuntza Eskakizunak Egiaztatzeko Erregistroan inskribatuko dira.
Erregistroan inskribatuko dira halaber dekretu honen III. kapituluko bosgarren atalean ezarritakoaren arabera onartzen diren salbuespenak.
Inskripzioak honako hauek jasoko ditu:
Pertsonaren identifikazioa.
Zein entitatetan ematen dituen zerbitzuak.
Zein kidego eta eskalatakoa den.
Egiaztapenaren kasuan, egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna eta egiaztatze-data; edo, salbuespenaren kasuan, salbuespena emateko arrazoiak eta data.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Euskararen erabilera EAEn kokatutako Estatuko Administrazioan.
Eusko Jaurlaritzak, horretarako eskumena duten entitateekin ados jarrita, lan egingo du Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen administrazioan eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden haren mendeko entitateetan euskararen erabilera normalizatzeko neurriak har ditzaten, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Hizkuntza-eskakizunen egokitasun-maila aztertzea.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak elementu hauek jasoko dituen azterlan bat egingo dute:
Hizkuntza-eskakizunen edukiaren jarraipena, lanpostuen berezko eginkizunak betetzeko eskatzen diren hizkuntza-trebetasunetara zenbateraino egokitzen diren aztertuz eta, hala badagokio, euskal sektore publikoko entitateetan hizkuntza-eskakizunen edukia edo kopurua aldatzea egokia den analizatuz.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak eta HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak euskaltegietan aplikatu beharreko helduen euskara-irakaskuntzen programazioan mailak gainditzeak eragin ditzakeen baliokidetzak aztertzea.
Txosten hori Eusko Jaurlaritzari aurkeztuko zaio, bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako egokitzapen-aldia igaro ondoren.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Lanpostu-zerrendetako hizkuntza-eskakizunen izendapena egokitzea.
Lanpostu-zerrendetan ezarritako hizkuntza-eskakizunak, dekretu honetan xedatutakoaren arabera, oro har, honela izendatuko dira aurrerantzean:
(Ikus .PDF)
Ertzaintzan eta Hezkuntzaren kasuan, ordea, honela izendatuko dira:
(Ikus .PDF)
Bestalde, Hezkuntza Bereziko lan-kontratuko hezkuntza-langile ez-irakasleen «Hezkuntzako Langileen Euskara Agiria» (HLEA) hizkuntza-eskakizuna honela izendatuko da:
(Ikus .PDF)
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Lanpostuen titularrak dekretu hau indarrean jartzean.
Dekretu hau indarrean jartzen denean, beren eginkizunak ahozko adierazpenaren bidez bete ohi dituztelako eta herritarrekin harreman zuzena dutelako gutxienez Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mintzamen eta irakurmenaren hizkuntza-gaitasuneko B2 maila esleitu behar zaien lanpostuen titularrak salbuetsita egongo dira, titular diren lanpostuari dagokionez, esleitutako goi-mailako hizkuntza-eskakizun berria egiaztatzetik. Hala ere, salbuespen horrek ez du salbuetsiko derrigortasun-data igarotakoan aldaketa horren aurreko hizkuntza-eskakizuna egiaztatu beharretik.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailaren txostena.
Lanpostuen zerrendetan hizkuntza-eskakizunen izendapena xedapen iragankor honetan ezarritakoaren arabera egokitzeko, ez da beharrezkoa izango Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailaren txostena eskatzea.
Hala ere, hizkuntza-eskakizuna berrikusteko kasuetan, esleitutako hizkuntza-eskakizuna aldatu nahi bada, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailaren txostena eskatu beharko da, dekretu honen 36.2 artikuluan berariaz aurreikusitako kasuetan izan ezik.
LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Egokitzapen-aldiak.
Egokitzapen-aldiak erabakitzeko, erreferentzia gisa hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion plangintzaldien datak. Hala, zazpigarren eta zortzigarren plangintzaldietarako aurreikusitako datak 2023ko urtarrilaren 1etik 2027ko abenduaren 31ra eta 2028ko urtarrilaren 1etik 2032ko abenduaren 31ra dira, hurrenez hurren.
Nolanahi ere, dekretu honetan aurreikusitakoa osorik aplikatuko da 2033ko urtarrilaren 1erako, salbu eta, dekretu honen 5.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, arestian aipaturiko plangintzaldien datak aldatzen badira.
Nolanahi ere, sektore publikoko entitateak ez daude behartuta plangintzaldi jakin bat amaitu arte itxarotera egokitzapen-prozesua hasi eta burutzeko; entitate bakoitzari dagokio trantsizioa egitea bere egokitzapen-aldian zehar, eta erabakitzea nola ordezkatuko duen aurreko araudiaren mende egotea.
Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen 1997ko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren aplikazio-eremuan dauden entitateek urtebete izango dute dekretu honetan ezarritakoari egokitzeko, dekretua indarrean jartzen denetik zenbatuta.
Ertzaintzaren, Hezkuntzaren eta Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuaren sektoreetan, beren izaera eta funtzio jakinen berezitasunak kontuan hartuta araudi espezifikoa onartua dutenez, zazpigarren eta zortzigarren plangintzaldiak erabili ahal izango dituzte beren araudia dekretu honetan ezarritakoari egokitzeko. Egokitzapen hori hizkuntza-politikaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailarekin elkarlanean egingo da.
Justiziaren arloan, bere izaera eta eginkizun jakinen berezitasunak kontuan hartuta araudi espezifikoa onartua duenez, dagoeneko onartuak dituen hizkuntza-plangintzako tresnei eutsi ahal izango die zazpigarren eta zortzigarren plangintzaldietan, dekretu honetan hizkuntza-plangintzari buruz jasotako aurreikuspenetara behin betiko egokitu arte.
Dekretuaren gainerako edukiei dagokienez, lanpostu-zerrendetan hizkuntza-eskakizunen izendapena egokitzeari eta hizkuntza-plangintzari buruz aurreikusitakoaz gain, eduki horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren mendeko kudeaketa duten Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidegoei aplikatuko zaizkie, betiere haien berariazko arau-esparrua errespetatzen badute.
Aurreko paragrafoetan aipatzen ez diren entitateek hizkuntza-normalizazioko prozesua hasiko dute Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen organoarekin lankidetzan, eta zazpigarren eta zortzigarren plangintzaldietan, beren izaeraren arabera, dekretuan ezarritakoa betetzeari atxikiko zaizkio.
Dekretu hau indarrean sartu ondoren transferentzia edo atribuzio berrien ondorioz aplikatu beharreko edukietarako, aldi iragankor espezifikoak ezarriko dira, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailarekin koordinatuta.
Dekretu hau indarrean jarri ondoren euskal sektore publikoan integratzen diren entitateek beren hizkuntza-normalizatzeko prozesuari ekin beharko diote, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza politikaren eskumena duen sailarekin elkarlanean. Gainera, integratzen direnetik gehienez ere hamar urteko epea izango dute beren izaeraren arabera aplikagarriak zaizkien dekretu honetako edukietara egokitzeko.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak 2025eko urtarrilaren 1era arteko epea izango du dekretu honetan jasotako aurreikuspenetara egokitzeko.
Dekretu hau indarren jarri aurretik hasita zeuden espedienteak aurreko araudiaren mende egon ahalko dira.
BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Euskara mailak egiaztatzeko aitortutako salbuespenak, adinagatik edo ikasteko bestelako ezintasun-arrazoiengatik.
Dekretu hau indarrean jarri aurretik, adinagatik edo ikasteko ezintasunagatik euskara-mailak egiaztatzetik salbuesteko hasita dauden prozedurak hasi ziren unean indarrean zegoen araudiaren mende bideratuko dira.
Dekretu hau indarrean jarri aurretik adinagatik edo ikasteko ezintasunagatik euskara-mailak egiaztatzeko aitortutako salbuespenek, bai eta aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera salbuespen izan daitezkeenek ere, indarrean jarraituko dute, aitortza eman zien araudian ezarritako moduan, harik eta salbuespena etetea edo baliogabetzea dakarren aldaketa bat gertatzen den arte. Nolanahi ere, salbuespen horiek dekretu honen 42. artikuluan aitortutako irismena eta indarraldia izango dituzte.
Dekretu honen maila bereko edo apalagoko xedapenak indargabeturik geratuko dira, dekretu honetan xedatutakoarekin kontraesanean edo bertan xedatutakoaren aurka dauden puntuetan.
Espresuki indargabeturik geratzen da 1997ko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko otsailaren 22an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
Kudeaketa.
Euskararen kudeaketa orokorra.
Plan estrategiko, kudeaketa-plan eta hizkuntza-irizpideen jarraipen sistematikoa egiten da.
Lidergoa.
Arduradun politiko eta teknikoek parte hartzen dute plan estrategiko eta kudeaketa-planen diseinuan, garapenean eta jarraipenean.
Arduradun politiko eta teknikoek jarrera proaktiboa erakusten dute, plan estrategiko eta kudeaketa-planetan finkatutako helburuak bete daitezen.
Langileak.
Langileek dagozkien hizkuntza-irizpideak betetzen dituzte.
Hizkuntzari buruzko klausulak.
Jarraipen sistematikoa egiten zaio kontratuetako hizkuntza-klausulen betetze-mailari.
Erabilera.
Zerbitzu-hizkuntza.
Herritarrekiko harremanak.
Langileek euskaraz jarduteko eskaintza aktiboa egiten diete herritarrei, ahoz; herritarrek hizkuntza aukeratu baino lehen.
Eskatzen duten herritarrei euskaraz ematen zaie zerbitzua, ahoz.
Herritarrentzako ekitaldiak eta ikastaroak euskaraz eskaintzen dira.
Herritarrei euskaraz edota bi hizkuntza ofizialetan bidaltzen zaizkie dokumentuak.
Herritarrek entitateari euskaraz aurkeztutako dokumentuei edota entitatearekin komunikatzeko euskararen aldeko hautua egin duten herritarrei euskaraz erantzuten zaie, idatziz.
Lan-hizkuntza.
Barne-harremanak.
Lankideen arteko ahozko lan-harremana euskaraz izaten da.
Entitate barruko idatzizko lan-komunikazioak euskaraz egiten dira.
Kanpo-harremanak.
Sektore publikoko beste entitateekin euskaraz izaten dira idatzizko komunikazioak.
Sortze-hizkuntza.
Langileek euskaraz sortzen dituzte dokumentuak.