Arautegia
Inprimatu148/2015 DEKRETUA, uztailaren 21ekoa, «Gasteizko Mendi Garaiak» Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena (ES2110015).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 197
- Hurrenkera-zk.: 4357
- Xedapen-zk.: 148
- Xedapen-data: 2015/07/21
- Argitaratze-data: 2015/10/16
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko 6 Eremu (Hegaztientzako BBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izendatzeko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda (BGL), 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure autonomia-erkidegoa; Gasteizko Mendi Garaiak eremua (ES2110015) ere tartean zegoen.
Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzko Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluak eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45. artikuluek ezarritakoari jarraikiz, autonomia-erkidegoek, jendaurrean jarri ondoren, beren lurralde-eremuko BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri egokiak ezarri beharko dituzte, kontuan hartuta lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen araberako eskakizun ekologikoak. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, batetik, kudeaketako planak eta baliabideak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak.
92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, sakon aztertu da Gasteizko Mendi Garaiak eremua. Gainera, eskala egokian adierazi da Europar Batasunaren intereseko habitaten banaketa, bai eta horien kontserbazio-egoera ebaluatu ere. Horretaz gain, eremu horretako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien banaketa eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.
Lursailen titulartasuna aztertu ondoren, ikusi da onura publikoko mendi batzuk BGLaren hasierako mugaketan partzialki zeudela sartuta. Baina, egia esan, Batasunaren intereseko habitatei dagozkien basoen masa jarraituak dira; gainera, Batasunaren intereseko espezieen habitatak dira, hala nola honako hauenak: anfibio batzuk, okil ertaina eta saguzar-espezie batzuk. Honako hauek bultzatu dute KBEa zabaltzera, hasierako BGLaren mugaketaren aldean: habitatei eta bertan bizi diren espezieei jarraipena eman beharra, habitatak zatitzea saihestuta; lurralde mugakidearekiko konektibitatea hobetu beharra, habitaten azalera beraien kontserbazio-egoera ebaluatzeko irizpideetako bat baita; eta, jabeei segurtasun juridikoa ematearen egokitasuna. Era berean, dekretu honen I. eranskinean adierazitako inguruko babes-eremua mugatzea jo da beharrezkotzat, eremu horrek dituen balioetarako prebentzio-araubide nahikoa eta egokia ezartzeko.
Ikusi ahal izan denez, Gasteizko Mendi Garaiak eremuan Batasunaren intereseko bederatzi habitat-mota daude, gutxienez; eta haietatik hiru lehentasunezkoak dira. Halaber, eremu horretan, 43/92/EEE Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetan jasotako hogei espezie daude eta 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean jasotako zortzi espezie daude, gutxienez. Basoek hartzen dute azaleraren gehiengoa; horiek, gainera, Batasunaren intereseko habitatak dira. Horien artean, honako hauek dira azpimarratzekoak: gorostiz eta haginez osatutako oihanpedun pagadi azidofilo atlantikoak, Quercus faginea espezieko hariztiak, Quercus faginea espezieko erkameztiak eta Quercus pyrenaica espezieko ameztiak. Abeltzaintzako erabilera dela eta, tontorretan, ordezkapen-faseetako larre-komunitateak garatzen dira. KBEaren basoko baldintzak honako hauentzat dira egokiak: anfibioak, eta, interes bereziko espezieen artean, gailurretako uhandrea (Mesotriton alpestris) eta uhandre marmolairea (Triturus marmoratus); txantxikua (Alytes obstetricans), hegoaldeko apo pintatua (Discoglossus jeanneae), San Anton igelak (Hyla arborea) eta baso-igel jauzkaria (Rana dalmatina). Bestalde, basoko eta baso-ertzeko hegaztiak ere badira nabarmentzekoak, adibidez okil ertaina (Dendrocopos medius). Bukatzeko, ugaztunen artean, honako hauek dira azpimarratzekoak: ur-saguzarra (Myotis daubentonii), Bechstein saguzarra (Myotis bechsteinii), Schreibers saguzarra (Minioptetrus schreibersii), pipistrelo arrunta (Pipistrellus pipistrellus), Kuhl pipistreloa (P. kuhlii), baratze-saguzarra (Eptesicus serotinus), saguzar txikia (Nyctalus leisleri), Rhinolophus ferrumequinum, Barbastella barbastellus eta Plecotus austriacus.
Horretaz gain, xehetasun-lanei esker lortu diren habitat moten azalerari buruzko datuak, zenbait kasutan, ez datoz bat Europako Batzordera Euskal Autonomia Erkidegoko tokien zerrendaren proposamenarekin batera igorri eta jakinarazitako datuekin. Gainera, xehetasun-azterketari esker habitat jakin batzuen interpretazioa zuzentzeko aukera izan da. Esate baterako, egiaztatu ahal izan da, eremu batzuetan, inprimakian adierazitako zenbait habitat-mota ez zeudela; eta, aitzitik, hasierako proposamenean adierazi ez ziren habitat-mota batzuk bazirela.
Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko prozeduran, parte-hartze sozialaren prozesua behar bezala bete da, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraiki. Prozesu horretan, interes sozial eta ekonomikoen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Parte hartzeko bideak zabalik egon dira izapidetze-prozesu osoan, publiko interesdunari komunikazioak helarazita eta egoitza elektronikoaren bitartez. Zehazki, http://www.euskadi.eus/natura2000 webgunean, eremuari buruzko informazio eguneratua egongo da.
Gasteizko Mendi Garaiak kontserbatzeko baliabidea Europako Batzordeak ezarritako printzipioei jarraiki landu da, 92/43/EEE eta 2009/147/EE Zuzentarauetan jaso eta eremuan topatutako habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuna emateko asmoz.
Amaitzeko, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.5. artikuluaren lehen paragrafoarekin bat, Eusko Jaurlaritzak eremu horiek kudeatzeko jarraibideak Dekretu honen eranskin gisa argitaratzeko agindua emango du. Foru-organoari dagokio jarraibideen zehaztapen eta onespena, baina Dekretu honetan Eusko Jaurlaritzak onartzen dituen eremuarentzako helburuak eta erregulazioak bete beharko ditu. Horretarako, Dekretu honen 3.2. artikuluak, Azken Xedapenetan Bigarrenarekin batera, baimena ematen dio Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariari, arau horretan ezarritakoari jarraiki argitaratzeko kudeaketa-jarraipenak, Foru Aldundiak onartu ondoren.
Horrenbestez, alde batetik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.5. artikuluan eta, bestetik, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko uztailaren 21ean egindako bilkuran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
«Gasteizko Mendi Garaiak» (ES2110015) Kontserbazio Bereziko Eremu (hemendik aurrera, KBE) izendatzen da, Arabako Lurralde Historikoan.
KBEaren mugaketa dekretu honi atxikitako I. eranskinean jasotakoa da, eta bat dator Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakian bildutakoarekin.
Aurreko atalean jasotako mugaketa I. eranskinean adierazitako muga geografikoetaraino zabalduko da, betiere Europako Batzordeak onartu ondoren.
Onartu egiten dira KBEa kontserbatzeko II. eranskineko neurriak. Horiek bat datoz Dekretu honen 3. artikuluak ezarritako edukiarekin.
Arau honen xedea honako hau da: KBEan bermatzea Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek ezarrita daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion kokaleku-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbazioari buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, bai eta eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.
KBEan, honako hauek ezarritako araubide orokorra aplikatuko da: 92/43/EEE Zuzentaraua eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.
Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.4. artikuluarekin bat, II. eranskinak izendapena argudiatzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak ez ezik, horien kontserbazio-egoeraren ebaluazioa, eremu horren kontserbazio-helburuak, kontserbaziorako arauak eta jarraipen-programa ere jasotzen ditu.
Arabako Foru Aldundiak onartutako kudeaketarako jarraibideak eta neurriak dekretu honen eranskin gisa argitaratuko dira, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren ebazpen bidez, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 22.5 artikuluan.
eranskinean funtsezkoa ez den berrikuspen edo aldaketarik behar izanez gero, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Izan ere, helburua da kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz jotzea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izan dela, 26/2007 Legeak ezarritakoari jarraiki; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie, eta Naturzaintzaren txostena jasoko da.
Dekretu honen esparruan dauden naturagune babestuei ezarri beharreko zehapen-araubidea, honako hauek araututakoa izango da: apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean betetzeko legeak ezarritako tramite eta komunikazio guztiak, bai Estatuaren Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean. Eta, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Dekretu honen 1.3 artikuluan jasotako KBEa zabaltzeko eremuan, dekretu honek ezarritako kontserbazio-neurriak aplikatuko dira, Natura 2000 Sareko eremu honen muga geografiko berriak onartzen dituen Europako Batzordearen Erabakia aditzera emango duen Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Hala ere, Dekretu hau indarrean jartzearekin batera, 92/43/EEE Zuzentarauaren 6.3 eta 6.4 artikuluek zein Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. artikuluaren 4., 5. eta 6. atalek ezarritako prebentzio-araubidea ezarriko da, zabaldutako eremu horretan.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariari baimena ematen zaio dekretu honen eranskin gisa argitaratzeko Arabako Foru Aldundiak eremu horiek kudeatzeko onartu dituen jarraibide eta neurriak, Dekretuaren 3.2 artikuluan ezarritakoa betetze aldera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko uztailaren 21ean.
Lehendakaria,
IŃIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.
http://www.euskadi.eus/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/capas/D_148_2015/Gasteiz.json&lang=eu
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (4)
- Ikus: EBAZPENA,2023ko urriaren 3koa, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariarena, Gasteizko Mendien Kontserbazio Bereziko Eremua (ES2110015) handitzeko dekretu-proiektua jendaurrean jartzen duena.
- Aldatutakoa: 74/2016 DEKRETUA, maiatzaren 10ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita Gasteizko Mendi Garaiak kontserbazio bereziko eremu izendatzen dituen dekretua (ES2110015).
- Lotutako: 18/2016 EBAZPENA, irailaren 7koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, Vitoria-Gasteizko Mendi Garaiak Kontserbazio Bereziko Eremuaren Jarraibideak eta Kudeaketa Neurriak argitaratzea xedatzen duena.
- Ikus: EBAZPENA, 2014ko azaroaren 6koa, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita ondoko izendapena: Entzia (ES2110022), Urkabustaizko Irla-hariztiak (ES2110003) eta Gasteizko Mendi Garaiak (ES211001