Arautegia
Inprimatu14/2016 DEKRETUA, otsailaren 2koa, Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen Dekretua aldatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 27
- Hurrenkera-zk.: 577
- Xedapen-zk.: 14
- Xedapen-data: 2016/02/02
- Argitaratze-data: 2016/02/10
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak du irakaskuntzaren gaineko eskumena irismen, maila eta gradu guztietan eta modalitate eta espezialitate guztietan, betiere alde batera utzi gabe: Konstituzioaren 27. artikulua eta hori garatzen duten lege organikoak; Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari esleitzen dizkion ahalmenak, eta bera betetzeko eta bermatzeko behar den ikuskapena.
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Lanbide Heziketaren, kualifikazioen eta egiaztapenen sistema osoa ezartzen du, gizartearen eta ekonomiaren eskariei eraginkortasunez eta gardentasunez erantzun ahal izateko, zenbait prestakuntza-modalitateren bitartez.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6 bis artikuluan ezarritakoaren arabera, Estatuko gobernuari dagokio hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorraren gaineko eskumena.
Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuari dagokio hezkuntza-sisteman Lanbide Heziketaren egitura, antolakuntza eta jarraibideak ezartzea, bere eskumenaz baliaturik.
Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 4. artikuluan dago adierazita Eusko Jaurlaritzak hartuko dituela hauek lortzeko hartu beharreko neurriak:
Herritar guztiek beren bizialdi osoko ikaskuntza-ibilbideak egin ditzaten sustatzea, hezkuntza-sistemaren barruan eta kanpoan eskuratutako prestakuntzaren arabera, konpetentziak eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaltzeko asmoz eta, horrela, garapen pertsonal, sozial eta profesionala areagotzeko.
Erraztasunak ematea ikasketak goiz utzi zituzten gazte zein helduei ikasketei berriz ekiteko eta osatzeko, baita helduei ere ikasten jarraitu ahal izateko.
Ikaskuntza-ibilbide malguak bultzatzea, ikasketa-maila desberdinen arteko loturak hobetzeko, maila batzuetatik besteetara eta prestakuntzatik lanera pasatzea errazteko, eta premia eta interes pertsonalen araberako prestakuntza-ibilbideak egitea errazteko.
Testuinguru horretan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuaren arabera, Lanbide Heziketako Sailburuordetzari dagozkio, besteak beste, honako funtzio hauek: jakintzaren gizarte berrian sartzeko eta haren aukerak aprobetxatzeko eredua inplementatzeko, bizialdi osoko ikaskuntza-ekintzak diseinatu, definitu eta aplikatzea; Lanbide Heziketaren arloan, jarraibideak, deseinua eta planifikazio estrategikoa prestatzea, baldin eta horiek bizitzan zehar kualifikazioak emendatu edo eskuratzea badakarte; eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan Hasierako Lanbide Heziketa programatu eta inplementatzea.
Halaber, dekretu horren arabera, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariari dagokio bizialdi osoko ikaskuntza ahalbidetuko duen prestakuntza-eskaintza proposatzea, lau prestakuntza-bide hauen bidez: presentziala, urrutikoa, lineakoa eta teleprestakuntza. Horretaz gain, lan-merkatuak eskatzen dituen kualifikazioak aldatzen diren neurrian, prestakuntza-aldaketa haiei etengabe egokitzeko tresnak ezartzea zuzendari horri dagokio, baita, hezkuntza-sisteman, Lanbide Heziketako irakaskuntzak antolatu, eraldatu eta berritzeko jarduerak zuzentzea ere.
Hainbat aldaketa egin zen honako lege hauen bidez: Ekonomia Iraunkorrari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legea, eta Ekonomia Iraunkorrari buruzko Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoa, zeinaren bidez aldatu baitziren: Kualifikazioen eta Lanbide Heziketari buruzko 5/2002 Lege Organikoa, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoa eta Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa. Aldaketa horien ondorioz, beharrezkoa izan zen Gobernuak berriro arautzea; horretarako, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretua egin zuen, eta hezkuntza-sisteman Lanbide Heziketaren antolamendu orokor berria ezarri zuen haren bidez. Horrenbestez, 1538/2006 Errege Dekretua indargabetuta geratu zen.
Arau-esparru berri honetan eguneratzen da Lanbide Heziketaren antolamendua hezkuntza-sisteman. Antolamendu horren bidez hainbat berrikuntza egin da. Aipatzekoak dira, besteak beste: heziketa-zikloetako espezializazio-kurtsoak; Lanbide Heziketako mailetara sartzeko aukera gehiago (funtsean, erdi- eta goi-mailako zikloetara), berriro arautu baitira sarbidea eta onarpena, baita baliozkotzeak eta salbuespenak ere, edo prestakuntza-eskaintza malgutzea ingurune sozioekonomikoaren eskaintzetara hobeto egokitzen direla bermatzeko.
Horretaz gain, arau honetan beste xedapen batzuk ere badaude Lanbide Heziketaren arloan, hala nola urrutiko lanbide-heziketa, lanbide-informazioa eta -orientazioa, Lanbide Heziketako ikastetxeen sarea edo unibertsitate-sistemarekiko elkarlana.
Horren ostean, Lan-merkatua Erreformatzeko Premiazko Neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legea onartu, eta haren bidez sortu zen prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuen modalitatea Langileen Estatutuan, Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko aukera emanda ikasketen eta enpleguaren arteko ikas-ekinezko erregimenean. Azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuan ere garatzen da modalitate hori; bertan prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratua garatu, eta Lanbide Heziketa Dualaren oinarriak ezarri dira.
Horretaz gain, Hezkuntza-kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa ere onartu da, zeinak aldaketa gehiago sartzen baitu Lanbide Heziketaren arloan, eta garrantzitsua da, besteak beste, Lanbide Heziketa Dualaren aipamena hezkuntza-sistemaren esparruan.
Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan, abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak emandako testuaren arabera, 120. artikuluan gomendio bat dago ikastetxeetako autonomia pedagogikoa areagotzeko. Horretarako, curriculuma egokitzeko neurriak dituzten proiektu espezifikoak bultzatzen dira, helburua baita: ikasleen prestakuntza hobetzera zuzendutako planteamenduak betetzea, ikasketetan egokiro eta aurrera egiteko kualifikazio eta prestakuntza hobea sortzen duten prestakuntza-ibilbideen bitartez.
Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 4. artikuluan daude jasota haren helburuak, eta Eusko Jaurlaritzaren gomendio uzten du hainbat neurri hartzea: erraztasunak ematea ikasketak goiz utzi zituzten gazte zein helduei ikasketei berriz ekiteko eta osatzeko, baita helduek ere ikasten jarraitu ahal izateko; ikaskuntza-ibilbide malguak bultzatzea, ikasketa-maila desberdinen arteko loturak hobetzeko, maila batzuetatik besteetara eta prestakuntzatik lanera pasatzea errazteko, eta premia eta interes pertsonalen araberako prestakuntza-ibilbideak egiteko aukera emateko.
Azkenik, hau ere onartu da: ECD/2159/2014 Agindua, azaroaren 7koa, Espainiako hezkuntza-sisteman Lanbide Heziketako lanbide-moduluen arteko baliozkotzeak eta aplikazio-neurriak ezartzen dituena, eta 2001eko abenduaren 20ko Agindua aldatzen duena, Berariazko Lanbide Heziketako ikasketen baliozkotzeak zehazteari buruzkoa zeina Hezkuntza-sistemaren Antolamendu Orokorraren urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren ondorioa baita.
Horretaz gain, maiatzaren 7ko 560/2010 Errege Dekretuan dago araututa zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasuna. Dekretu horrek segurtasun industrialaren arloan zenbait erregelamendu-arau aldatzen ditu, lege hauetara egokitzeko: azaroaren 23ko 17/2009 Legera (zerbitzu-jardueretan askatasunez sartu eta aritzeari buruzkoa) eta abenduaren 22ko 25/2009 Legera (zerbitzu-jardueretan askatasunez sartu eta aritzeari buruzko legera egokitzeko zenbait lege aldarazten dituena). Zehatzago esanda, kualifikazio-eskakizunak aldatzen ditu segurtasun industrialaren arauen eraginpeko lanbide-arloetako lanbide-jarduera ahalbidetzen duten agiriak eskuratzeko. Horren ondorioz, kontuan hartu behar da egoera hori Lanbide Heziketako curriculumak diseinatzeko, tituludunak lanbide-jardunean zuzenean has daitezen errazteko.
Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretua aldatzen duen dekretu honen helburua da: Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-esparruan, Lanbide Heziketako irakaskuntzen antolamendua egokitzea 1147/2011 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera. Halaber, lanbide-espezializazioko programak sortu dira. Prestakuntza ez-arautu horren helburua da: Lanbide Heziketako tituluen prestakuntza osatzea, eta produkzio-sarearen kualifikazio-eskakizunetara egokitzea.
Horrekin batera, gaueko eskaintza ere sartzen da Lanbide Heziketako heziketa-zikloen aurrez aurreko eskaintza osoaren barruan; beste aukera bat ere jasotzen da beste prestakuntza-programa batzuk eskaintzeko, 17 urtetik gorakoei berariaz zuzenduta; heziketa-zikloen eskaintza modularra eta curriculumak egokitzeko zenbait neurri ere aurreikusten dira. Halaber, baliozkotze eta salbuespenei buruzko arauak egokitu dira arau-esparru berrira.
Eta, azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoaren araudiaren barruan sartzen da behar den legezko euskarria Lanbide Heziketako tituludunek sarbide zuzena izan dezaten araututako lanbide-jardueran, behar diren akordioen bidez.
Horrenbestez, aginduzko txostenak eginda eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko otsailaren 2an egindako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretua honela aldatzen da:
Bat. 2. artikulua aldatu, eta honela idatzita geratuko da:
Hezkuntza-sisteman, Lanbide Heziketak helburuak hauek ditu: eremu profesional jakin batean jarduteko prestatzea; bizitzan zehar gertatzen diren lan-aldaketetara egokitzen laguntzea; garapen pertsonalean laguntzea, herritartasun demokratikoaren jardunean; hezkuntza-sisteman, enplegurako lanbide-heziketan, eta bizialdi osoko ikaskuntzan aurrera egiteko aukera ematea.
Pertsonak prestatzeko, oso garrantzitsua da zenbait jarrera eta arau ematea lanbide-jardunean ingurumena errespetatzeko, segurtasunerako eta lan-arriskuen prebentziorako arauak betetzeko, norberaren jardunaren kalitatea, etengabeko hobekuntza eta joera ekintzailea indartzeko.
Horretaz gain, hezkuntza-sisteman, Lanbide Heziketaren helburuak izango dira: pertsonaren garapen integrala lortzea, alde batera utzita sexuaren araberako estereotipoak eta rolak; bereizkeria mota oro arbuiatzea, eta generoaren mugarik gabeko orientazio akademikoa eta profesionala bermatzea.
Bi. 3. artikulua aldatu, eta honela idatzita geratuko da:
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44. artikuluan xedatutakoarekin bat, hezkuntza-sisteman, Lanbide Heziketako tituluak hauek dira: oinarrizko profesionalarena, teknikariarena eta goi-mailako teknikariarena.
Tituluak baliabide dira bakoitzaren berezko kualifikazioak eta konpetentziak egiaztatzeko eta prestakuntza-maila jakin bat bermatzeko, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak barnean izanik, lehiakortasuna, enplegagarritasuna eta gizarte-kohesioa bultzatze aldera. Oro har, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean daude jasota.
Hiru. 4. artikulua aldatu, eta honela idatzita geratuko da:
Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren irakaskuntzetan, Lanbide Heziketako ziklo hauek daude: oinarrizkoa, erdi-mailakoa eta goi-mailakoa; moduluka antolatuta daude, iraupen aldakorra dute, eta barnean hartzen dituzte lanbide-arlo desberdinetara egokitutako eduki teoriko-praktikoak. Espezializazio-kurtsoak ere sartuko dira barnean; hezkuntza-sisteman Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 27. artikuluan daude jasota.
Lanbide Heziketako ziklo hauek bideratuko dira titulua lortzera:
Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak.
Erdi-mailako heziketa-zikloak.
Goi-mailako heziketa-zikloak.
Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak nahitaez eta doan eskaini beharrekoak dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzko ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan xedatutakoaren arabera antolatuko dira.
Erdi-mailako Lanbide Heziketaren irakaskuntzak nahitaezkoaren ondoko bigarren hezkuntzaren parte dira. Irakaskuntza horiei esker, beharrezko gaitasuna hartuko dute exekutatzeko eta antolatzeko lanak behar bezala egiteko. Autonomoak izan daitezke, hortaz, eta muga bakarrak izango dira lan horretarako erabiltzen diren tresnak eta teknikak.
Goi-mailako Lanbide Heziketaren irakaskuntzak goi-mailako hezkuntzaren parte dira. Irakaskuntza horiei esker, beharrezko gaitasuna hartuko dute lan teknikoei lotutako jarduerak egiteko bai modu autonomoan, bai maila handiagoko erantzukizunak partekatuta.
Heziketa-zikloak iraupen aldakorreko lanbide-moduluetan antolatuko dira.
Erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetako irakaskuntzek barnean hartuko dituzte, heziketa-ziklo bakoitzerako, bera osatzen duten helburu orokorrak eta lanbide-moduluak.
Lau. 5. artikulua aldatu, eta honela idatzita geratuko da:
Lanbide-moduluetan jakintza teoriko-praktikoko arloak egongo dira, lortu nahi diren konpetentzia profesionalen konpetentzia-ataletan definitutakoak barne, sozialen eta pertsonalen arabera.
Nolakoak diren kontuan hartuta, baliteke lanbide-moduluak Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko konpetentzia-atalei lotuta egotea zein ez.
Lantokiko prestakuntzako lanbide-modulua izango dute heziketa-ziklo guztiek. Ez du lan-izaera izango, eta ez dute modulua egin beharrik izango kasuko lanbide-ikasketei lotutako lan-esperientzia egiaztatzen dutenek, dekretu honen 27.5 artikuluan ezarri bezala.
Oro har, eta Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko arauetan xedatutako alderdi partikularrei erreparatuta, Lantokiko prestakuntzako lanbide-modulua egin ahal izateko, lehenbizi, ikastetxean egindako lanbide-modulu guztiak gainditu beharko dira. Hala ere, titulu bakoitzaren irakaskuntzak EAErako ezarri eta arautzen dituzten dekretuek beste epe batzuk ezarri ahal izango dituzte, hauek kontuan hartuta: eskaintza mota, heziketa-zikloaren berezko ezaugarriak edo enpresetan prestakuntza-lanposturik dagoen. Horrelakoetan, zehaztu beharko da zer lanbide-modulu gainditu behar den Lantokiko prestakuntzako lanbide-modulua egiteko.
Goi-mailako heziketa-ziklo guztiek izango dute proiektua egiteko lanbide-modulua.
Modulu hori heziketa-zikloaren azken aldian egingo da, eta Lantokiko prestakuntzako lanbide-modulua egin ondoren ebaluatuko da, aukera emateko enpresan egindako praktikaldian eskuratutako konpetentziak modulu horretan sartzeko.
Banako eta taldeko tutoretzapean antolatuko da, eta heziketa-zikloan irakasten duten irakasleen esku egongo da irakaskuntza-atribuzioa.
Goi-mailako heziketa-ziklo bakoitzaren curriculumean, hezkuntza-eskumena duen sailak definituko ditu modulu honetako helburuak, metodologiak eta ebaluazio-irizpideak.
Titulu bakoitzaren curriculuma ezartzen duen dekretuak zehaztuko du nola sartuko den bertan atzerriko hizkuntza.
Bost. 7. artikulua aldatu, eta honela idatzita geratuko da:
Artikulua 7. Erregimen presentzialean osatutako heziketa-zikloen eskaintza.
Ikastetxeek, oro har, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik eta Batxilergotik datozen ikasleei zuzenduta batik bat, osorik baimenduta dituzten erdi- eta goi-mailetako heziketa-zikloak eskainiko dituzte; eta ikasleek dekretu honen 29. artikuluan adierazitakoaren arabera egin beharko dute matrikula.
Arau honen ondorioetarako, erregimen presentzialean osatutako hezkuntza-zikloen eskaintza da baldin eta zikloa osatzen duten modulu guztiak goizeko, arratsaldeko edo bietako eta gaueko erregimen presentzial arruntean irakasten badira.
Gaueko ordutegia duen modalitatean, hiru kurtsotan antolatuko dira irakatsi beharreko moduluak, 2000 orduko heziketa-zikloak badira. Talde espezifiko batzuen kualifikazio- eta birkualifikazio-premiei erantzun bat emateko xedez, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak baimen dezake hiru kurtsoko eskaintza hori gauez ere izatea.
Euren autonomia pedagogikoaren esparruan eta curriculum-proiektuan adierazita dituzten aurreikuspenekin bat, ikastetxeek ikaskuntza-metodologia berriak sustatuko dituzte, zeharkako konpetentzia berriak eta konpetentzia pertsonalak indartze aldera, titulu bakoitzaren konpetentzia tekniko espezifikoez gain. Metodologia berri horiek ezarriz gero, aldaketak ezin du luzatu % 15 baino gehiago lanbide-moduluetarako adierazitako iraupena, Euskal Autonomia Erkidegoan curriculum bakoitza ezartzen duen arauan adierazitako iraupenari begira. Kasu guztietan errespetatu beharko dira: kurtsoen araberako modulu-banaketa; errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitu zaizkion gutxieneko ordu-iraupenak, eta heziketa-zikloaren guztirako iraupena.
Hezkuntza-eskumena duen sailak planifikatu ahal izango du, bere ikastetxeetan, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 27. artikuluan aurreikusitako espezializazio-kurtsoak ematea, edo ikastetxe pribatuei edo beste administrazio publiko batzuen mendeko ikastetxeei horretarako baimena eman, baldin eta ikastetxeek betetzen badituzte kurtso horiek arautzen dituen arauan eskatutako betekizun espezifikoak, eta kurtso horietarako sarbidea duen Lanbide Heziketako tituluren bat ematen badute.
Sei. 10. artikulua aldatu, eta honela idatzita geratuko da:
Hezkuntza-eskumena duen saileko titularrak arautuko ditu deialdia eta prozedura, teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probetarako Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 69.4 artikulua. Probetarako deialdia urtean behin egingo da, gutxienez. Deialdian honako alderdi hauek zehaztuko dira, besteak beste: zer ikastetxe publiko izendatu den proba horietarako, zer heziketa-ziklotarako egingo diren probak, zer epe dagoen matrikulatzeko, eta zer egunetan egingo diren probak. Lanbide-moduluen arabera egingo da ebaluazioa, eta proben edukiak indarreko heziketa-zikloetako curriculumei egokituko zaizkie.
Ikasle bera ezin izango da egon matrikulatuta ikasturte berean lanbide-modulu berean autonomia-erkidego batean baino gehiagotan. Ezin izango da egon matrikulatuta urrutiko modalitatean eta presentzialean aldi berean lanbide-modulu berean.
Probetara aurkezteko, hau behar da:
Hemezortzi urte izatea teknikarien tituluetarako, eta hogei urte izatea goi-mailako teknikarien tituluetarako, edo hemeretzi urte izatea, teknikariaren titulua izanez gero.
Kasuan kasuko irakaskuntzetan sartzeko eskakizun akademikoak izatea.
Dekretu honen 11. eta 11 bis artikuluetan adierazitako eskaintzaz baliatu direnek proba hauek egin ahal izango dituzte gainditzeke dituzten lanbide-moduluak gainditzeko, nahiz eta titulazio akademikorik ez izan. Nolanahi ere, titulua eskatzeko, eskakizun akademikoen jabe izan beharko dute.
Hezkuntza-eskumena duen saileko titularrak begiratuko du behar diren neurriak har daitezen proba hauetara aurkezten diren pertsona desgaituen aukera-berdintasuna, bereizkeriarik eza eta irisgarritasun unibertsala bermatzeko.
Zazpi. 11. artikulua aldatu, eta honela idatzita geratuko da:
Lanbide Heziketako Sailburuordetzak antolatu ahal izango ditu hezkuntza-eskumena duen sailaren mendeko ikastetxe publikoetan, edo ikastetxe pribatuei edo beste administrazio publiko batzuen mendeko ikastetxeei horretarako baimena eman, honako helburu hauek dituzten prestakuntza-programak: programa hasten den urtean 17 urte beteta izan edo 17tik gora duten eta hezkuntza-sistema behar baino lehen utzi duten pertsonak prestatzea, lanbide-kualifikaziorik ez badute edo lanbide-jarduera jakin batean sartzeko behar duten lanbide-kualifikazioa ez badute; enplegagarritasuna areagotzea, eta Lanbide Heziketako tituluren bat lortzea. Prestakuntza-programa horiek egokituta egongo dira produkzio-sektorearen eta ingurunearen beharretara.
Programa horien konfigurazioan Lanbide Heziketako tituluen lanbide-modulu batzuk egongo dira, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko konpetentzia-atalei lotuta, eta katalogo horretan aipatzen ez den bestelako prestakuntza osagarriren bat ere egon daiteke, xede-taldearen beharretara egokitzeko. Prestakuntza osagarri hori moduluka egituratuko da, eta haren helburuak ikaskuntzaren emaitzetan, ebaluazio-irizpideetan eta edukietan definituko dira. Programa horien iraupena aldakorra izango da, xede-taldearen beharren arabera eta programetan sartutako lanbide-moduluen arabera.
Erreferentziako lanbide-heziketako tituluak irakasteko behar bezala baimendutako ikastetxe pribatuetan edo ikastetxe publikoetan emango dira programa horiek.
Enpresako jarduerarekin txandakatutako ikas-ekinezko erregimenean ere egin daitezke programa horiek, hezkuntza-sisteman Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 31. artikuluan xedatu bezala. Ikas-ekinerako, enpresan prestatzeko bekaren bat badago, bera garatzeko, aplikagarria izango da 83/2015 Dekretuan xedatutakoa, hauei buruzko alderdietan: baimena, akordioen formalizazioa, ikasleen parte-hartzearen kudeaketa eta ebaluazioa, enpresa parte-hartzaileen eskakizunak, aseguruak eta euren finantzaketa (83/2015 Dekretua, ekainaren 2koa, Ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Duala Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena).
Modulu guztiek izango dute irakasleren bat esleituta, eta horrek lanbide-moduluetarako ezarritako irakaskuntza-atribuzioa izango du.
Ebaluazio-aktetan jasoko da lanbide-modulu guztien ebaluazioa; Lanbide Heziketako ikastetxeko idazkariaren zaintzapean geratuko dira akta horiek, hezkuntza-eskumena duen sailaren mendeko ikastetxeak badira. Sail horren mendekoak ez badira, ikastetxeek akta horien kopia bidali beharko dute ikastetxe publikoetara, bakoitza zein ikastetxe publikotara dagoen atxikita kontuan hartuta. Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ziurtatuko du programak gainditu egin direla, ikastetxeek proposatuta.
Gainditzen diren lanbide-moduluak metagarriak izango dira Lanbide Heziketako tituluak lortzeko.
Zortzi. 11 bis artikulua gehitu, eta honela idatzita geratuko da:
11 bis artikulua. Heziketa-zikloen eskaintza modularra.
Lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsona helduen bizialdi osoko ikaskuntza, gizarte-integrazioa eta barne-hartzea errazteko xedez, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak eskaini ahal izango ditu tituluen barneko eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko konpetentzia-atalei lotutako lanbide-moduluak, hezkuntza-eskumena duen sailaren mendeko ikastetxe publikoetan, edo ikastetxe pribatuei edo beste administrazio publiko batzuen mendeko ikastetxeei horretarako baimena eman, erregimen presentzialean zein urrutikoan, lan-esperientzia duten pertsonentzat, heziketa-zikloetan sartzeko ezarritako eskakizunak betetzen ez dituzten arren.
Halaber, bizialdi osoko ikaskuntza sustatzeko xede berberaz, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak eskaini edo baimendu ahal izango ditu, lehen aipatutako ikastetxeetan, iraupen laburragoko prestakuntza-kredituak dituzten lanbide-moduluak. Horretarako, 90 ordu edo gehiago irauten duten lanbide-moduluak emateko, iraupen laburragoko prestakuntza-kreditu metagarrietan egituratu daitezke, baina ez dira 30 ordutik beherakoak izango. Prestakuntza-kreditu horietariko bakoitzean, jaso egingo dira ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak, kasuko moduluarenak berarenak; oro har, lan-jarduerei lotutakoak izango dira, izaeragatik hala dagokionean. Lanbide Heziketako Sailburuordetzak garatu eta onartuko du lanbide-modulu bakoitzaren prestakuntza-kredituen egituraketa.
Behar bezala identifikatutako taldeei eskaini ahal izango zaie prestakuntza mota hau. Kasu horretan, eta eskaintza hauek baliatzeko onarpen-prozesuetan, eskaera eskainitako plaza kopurua baino handiagoa bada, onarpen-irizpideak ezarriko dira, eta kontuan hartuko da nolakoa den xede-taldea eta nolako prestakuntza-premia bereziak dituzten.
Prestakuntza-kreditu hauek balioa dute Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, ebaluatu eta kalifikatu egingo dira lanbide-moduluetarako ezarritakoaren antzera, eta ebaluazio-akta espezifikoetan dokumentatuko da. Lanbide-moduluren bati dagozkion prestakuntza-kreditu horiek guztiak gaindituz gero, haren beraren ziurtapena lortuko da. Horrela egiaztatutako lanbide-moduluari zer puntuazio dagokion kalkulatzeko, kreditu desberdinetan lortutako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa egingo da.
Prestakuntza modular hau metagarria izango da Lanbide Heziketako titulua lortzeko; horretarako, behar diren sarbide-betekizunak egiaztatu beharko dira.
Lanbide-modulu hauen ebaluazio-datuak aplikagailu informatiko batean jasoko dira, hezkuntza-eskumena duen sailak adierazitako prozedurei jarraikiz.
Aplikazio horietan ziurtapen digitala ezartzen ez den bitartean, behar bezala sinatutako ebaluazio-aktak Lanbide Heziketako ikastetxeko idazkariaren zaintzapean geratuko dira. Horretaz gain, hezkuntza-eskumena duen sailaren mendekoa ez bada, ikastetxeak akta horien kopia bidali beharko du ikastetxe publikora, bakoitza zein ikastetxe publikotara dagoen atxikita kontuan hartuta.
Bederatzi. 12. artikulua aldatu, eta honela idatzita geratuko da:
Lan-esperientzia eta ikaskuntza ez-formalak kapitalizatzeko xedez, pertsona helduek tituluak ere eskura ditzakete hemen xedatutako prozeduraren bidez: Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Legearen 8. artikulua, azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuan garatuta zeinaren bidez ezartzen baitira lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako konpetentzia laboralak ebaluatzeko eta egiaztatzeko antolamendua eta prozedura Euskal Autonomia Erkidegoan.
Hamar. 12 bis artikulua gehitu, eta honela idatzita geratuko da:
12 bis artikulua. Lanbide Heziketako heziketa-zikloen curriculuma egokitzeko neurriak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloen curriculuma ezartzeko, kontuan hartuko dira ezaugarri sozioekonomikoak eta produkzio-sektoreen berariazko eskakizunak.
Pertsonen prestakuntza produkzio-sistemaren eta enpleguaren benetako beharretara egokitzeko, behar den espezializazioa emateko, eta bizialdi osoko ikaskuntza erraztu eta hobetzeko xedez, egokitzapen-neurri hauek ezarri dira:
Heziketa-zikloen curriculuma egokitzea ingurune sozioproduktibora eta hezkuntza-ingurunera. Nolanahi ere, errespetatu egingo da Lanbide Heziketako tituluetan ezarritako oinarrizko curriculuma, eta, irakaskuntza desberdinetako curriculuma ezartzen denean, aukera izango da lanpostuan aplikatzeko modulu espezifikoak definitzeko, hala behar duten Lanbide Heziketako zikloetan, kasuan kasuko inguruabar sozialen eta ehun ekonomiko-produktiboaren arabera. Espezializazio-modulu horien xedea da: tituluan ezarritako oinarrizko alderdien edukiak, Euskal Autonomia Erkidegoko heziketa-zikloetan zehaztutako curriculumaren barnean daudenak, hedatzea eta garatzea, produkzio-sektoreek hala eskatutako tituluetan espezializazio-ibilbideak egituratzeko aukerari bide emanez. Horretaz gain, ikastetxeek, Lanbide Heziketako heziketa-zikloen eskaintzaren esparruan, zehaztuko dute zer espezializazio-ibilbide eskaintzen duten.
Ikaskuntza-ibilbide integratuak ezartzea Lanbide Heziketako heziketa-zikloen ondoz ondoko mailen artean. Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ikaskuntza-ibilbide integratuak ezarri ahal izango ditu Lanbide Heziketako heziketa-zikloen ondoz ondoko mailen artean. Horretarako, erdi-mailako heziketa-zikloen curriculuma aldatu ahal izango da, Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloetatik etortzen diren ikasleen prestakuntza-ezaugarrietara egokitzeko. Horretaz gain, goi-mailako heziketa-zikloen curriculuma ere aldatu ahal izango da, erdi-mailako heziketa-zikloetatik etortzen diren ikasleen prestakuntza-ezaugarrietara egokitzeko. Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoan onartutako curriculumean lanbide-moduluei esleitutako ordu kopurua egokitu ahal izango da, modulu horien moduluen kurtsokako sekuentziari eutsita, eta Lanbide Heziketako tituluetan ezarritako oinarrizko curriculuma eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko ordu-kopurua errespetatuta.
Ezaugarri bereziak dituztenez, ikaskuntza-ibilbideen barruko heziketa-zikloen eskaintza berezirako sarbidea izango dute ibilbide horietarako zehaztutako lanbide-arloko edo -arloetako heziketa-zikloen beherako mailako Lanbide Heziketako titulua duten ikasleek. Plaza-eskaera eskaintza baino handiagoa bada, lehentasuna izango dute ibilbiderako sarbidea ematen duen heziketa-zikloan espediente akademiko onenak dituzten ikasleek.
Hamaika. 12 ter artikulua gehitu, eta honela idatzita geratuko da:
12 ter artikulua. Lanbide-espezializazioko programak.
Hezkuntza-eskumena duen sailak, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak proposatuta, lanbide-espezializazioko programak ezarri ahal izango ditu pertsonen enplegagarritasuna eta enpresen lehiakortasuna hobetze aldera.
Programa hauek Lanbide Heziketa Dualaren esparruan eskainiko da lehendabizi, ikas-ekinezko erregimenean, Lanbide Heziketako heziketa-zikloren bat ikasten ari diren pertsonentzat, kasuko tituluak eskatzen duen prestakuntza osagarri gisa. Kasu horretan, Lanbide Heziketa Dualaren ikas-ekinezko programek bi kurtso baino gehiago iraun beharko dute, eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak baimendu beharko ditu.
Halaber, salbuespen gisa, eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak aldez aurretik baimenduta, lanbide-espezializazioko programa horiek eskaini ahal izango zaizkie hauei: Lanbide Heziketako tituludunei eta programa ematen laguntzen duten enpresek horretarako proposatzen dituzten profesionalei, baldin eta ezarritako esperientzia- eta prestakuntza-eskakizunak betetzen badituzte. Hala bada, lehendabizi ikas-ekinekoak egingo dira, enpresako prestakuntza-egonaldiarekin txandakatuta.
Aurreko zenbakian adierazitako kasuan, ikas-ekinerako, enpresan prestatzeko bekaren bat badago, bera garatzeko, aplikagarria izango da 83/2015 Dekretuan xedatutakoa, hauei buruzko alderdietan: baimena, akordioen formalizazioa, ikasleen ebaluazioaren kudeaketa, enpresa parte-hartzaileen eskakizunak, aseguruak eta euren finantzaketa (83/2015 Dekretua, ekainaren 2koa, Ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Duala Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena).
Aipatutako programa horiek gutxieneko atal hauek izango dituzte:
Identifikazioa
Izena
Kodea
Zenbat irauten duten guztira, enpresako egonaldia barnean hartuta, egonaldirik izanez gero.
Lanbide-profila, konpetentzia orokorren bidez identifikatuta, egin beharreko jarduna deskribatuta, eta konpetentzia profesionalen zerrenda eginda: prestakuntza-ekintzari loturiko konpetentzia teknikoak, pertsonalak eta sozialak, eta, kasuan kasu, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko konpetentzia-atalen zerrendarekin batera, halakorik badago.
Baterako prestakuntza (ikaskuntza-esparrutan antolatutako egitura modularra izan dezake, eta lortu beharreko ikaskuntzaren emaitzen arabera definituko da), eta ordu-iraupena.
Lanbide Heziketako zer titulu ikasi behar izan den edo ikasten ari den kasuko espezializazio-programan sartzeko. Salbuespen gisa, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak aldez aurretik horretarako baimena emanda, onartu ahal izango dira kasuko programa aprobetxatu ahal izateko konpetentzia-maila nahikoa egiaztatzen duten pertsonak.
Programa eskatzen duten enpresa-taldeak edo produkzio-sektoreak.
Espezialitate-, prestakuntza- eta esperientzia-eskakizunak, programan parte hartzen duten ikastetxeko irakasleentzat eta enpresako instruktoreentzat.
Programa bakoitza emateko ardura duen Lanbide Heziketako ikastetxeak aldez aurretik prestatu beharko du irakaskuntza- eta ikaskuntza-jardueren programazioa, programa garatzeko aurreikusitako jarduerak, hain zuzen.
Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-espezializazioko programei buruzko prestakuntzak ez du emango ez titulu edo ziurtagiri akademikorik, ez lanbide-ziurtagirik edo ziurtagiri partzial metagarririk, harik eta konpetentziak Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean sartzen diren arte. Lanbide Heziketako Sailburuordetzak programako edukiaren eta iraupenaren ziurtagiri zehatza egingo die programan ebaluazio positiboa izan duten ikasleei. Ziurtagiriak erregistro espezifiko batean txertatuko dira, eta bertan jarriko da lanbide-profila, haren izendapena eta konpetentzia orokorra, baita ikaskuntzaren emaitzei loturiko prestakuntza ere.
Hamabi. IV. kapitulua aldatu (13. artikulutik 17. era), eta honela idatzita geratuko da:
Erdi-mailako heziketa-zikloetan zuzenean sartzeko, eskatu egingo da kasuko oinarrizko legerian eta haren arauzko garapenean ezarritako eskakizunak izatea.
Proba bidez sartzeko aukera ere izango da, hezkuntza-eskumena duen saileko titularrak arauz ezarritakoarekin bat. Proba horietarako deialdia urtean behin egingo da, gutxienez.
Hogeita bost urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko proba gaindituta dutenak salbuetsita egongo dira aurreko zenbakian adierazitako proba egitetik.
Artikulua 14. Proba bidezko sarbidea, Erdi-mailako Lanbide Heziketara.
Erdi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko probaren bidez, egiaztatu beharko da ikasleek ezagutza eta trebetasun nahikoa dutela kasuko irakaskuntzak aprobetxatzeko, aplikagarriak diren indarreko arauetan ezarritakoaren arabera.
Erdi-mailako heziketa-zikloetara bide honetatik sartzeko, gutxienez hamazazpi urte beteta eduki behar dira proba egiten den urtean.
Hezkuntza-eskumena duen saileko titularrak arautuko du, indarreko arauekin bat, proba-zatiren batetik salbuetsi behar diren profesionaltasun-ziurtagiria dutenak edo kualifikazio edo lan-esperientzia zehatzen bat dutenak, baldin eta esperientzia hori egin nahi diren ikasketekiko lotura duen eremu profesionalekoa bada eta lanaldi osoan emandako urte baten baliokidea bada.
Goi-mailako Lanbide Heziketara sartzeko probaren bidez, egiaztatu beharko da ikasleek nahiko heldutasuna dutela, Batxilergoko helburuei begira, eta behar diren ezagutza espezifikoak dituztela egin nahi duten ziklorako, aplikagarriak diren indarreko arauetan ezarritakoaren arabera.
Goi-mailako heziketa-zikloetara bide honetatik sartzeko, gutxienez hemeretzi urte beteta eduki behar dira proba egiten den urtean.
Proba horrek zati komuna eta zati espezifikoa izango ditu. Zati komunaren helburua izango da: hautagaiek Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketak egiteko duten heldutasuna eta egokitasuna baloratzea, baita arrazoitzeko ahalmena eta idatzizko adierazpena ere. Batxilergoko gai instrumentalenei buruzkoa izango da. Zati espezifikoaren helburua izango da: kasuko eremu profesionaleko oinarrizko gaitasunak baloratzea. Batxilergoko gaietako oinarrizko ezagutzei buruzkoa izanga da.
Hezkuntza-eskumena duen saileko titularrak arautuko du, indarreko arauekin bat, proba-zatiren batetik salbuetsi behar diren egin nahi den heziketa-zikloari lotutako profesionaltasun-ziurtagiriren bat dutenak edo kualifikazio edo lan-esperientzia zehatzen bat dutenak, baldin eta esperientzia hori egin nahi diren ikasketekiko lotura duen eremu profesionalekoa bada eta lanaldi osoan emandako urte baten baliokidea bada.
Erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetarako sarbide-proba zenbaki bidez kalifikatuko da, proba-zati bakoitzean zero eta hamar arteko puntuazioa emanik, bi hamartarrekin. Probaren azken nota kalkulatzeko, gutxienez lau puntu lortu behar dira proba-zati bakoitzean, eta, hala bada, puntuazio bien batez besteko aritmetikoa egingo da, bi hamartarrekin adierazita; bost puntukoa edo gehiagokoa izango da kalifikazio positiboa.
Erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko probak Estatuaren lurralde osoan izango dira baliozkoak.
Goi-mailako heziketa-zikloetan, horietariko bakoitzerako proba bidezko sarbidea proba-zati espezifikoaren araberakoa izango da.
Ikasturte berean ezin izango dira sarbide-probak autonomia-erkidego batean baino gehiagotan.
Hamahiru. 17 bis artikulua gehitu (IV. kapituluaren barruan), eta honela idatzita geratuko da:
17 bis artikulua. Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan sartzeko probetan onartzeko irizpideak.
Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak proba horietarako bestelako onarpen-prozeduraren bat aplikatu ahal izango du, Lanbide Heziketako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko probetarako deialdia egiten duen ebazpenaren bidez, eskaria eskaintza baino handiagoa bada.
Onarpen-prozedura horietan, hemen adierazten den lehentasun-hurrenkeraren arabera, balorazio-irizpide hauek erabiliko dira:
Sarbide-probaren zatietako bat gaindituta izatea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta nota hori gordetzen den indarraldiaren barruan egotea.
Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
Kasuko deialdian berdinketa hausteko adierazitako irizpidea.
Hamalau. 21.2 artikulua aldatu, eta honela idatzita geratuko da:
Hezitzaile-taldeak egokituko ditu programazioak egokitu zaion taldeko ikasleek dituzten hezkuntza-premien arabera. Ikasleren batek ez badu aurrera egiten, oro har, programatutako helburuei erantzuten, irakasleek beraiek hartuko dituzte behar diren hezkuntza-indargarriak emateko neurriak eta, behar izanez gero, curriculuma egokituko dute.
Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, eskolatze-aldia malgutasunez hartu behar bada, irakasleek erantzuna emango dute arauek kasu horietarako adierazitakoaren arabera; baina, ahaztu barik curriculum-egokitzapen horrek inoiz ezin izango duela desagerrarazi tituluaren gaitasuna izateko konpetentzia orokorra lortzeko oinarrizko konpetentzia profesionalei loturiko helbururik.
Hamabost. 25. artikulua aldatu, eta honela idatzita geratuko da:
Ebaluazio-saio esaten zaie hezitzaile-taldearen bilerei, tutorea buruan eta berak antolatuta; saio horien helburua izaten da: modulu desberdinetako irakasleek emandako informazioak kontrastatzea eta elkarrekin baloratzea zer-nolako aurrerapena duten ikasleek hezkuntza-zikloaren helburu orokorrak eta zikloa osatzen duten moduluen helburuak lortzeko bidean.
Lanbide Heziketako irakaskuntzak ebaluatzeko prozesuaren dokumentuak honako hauek izango dira: ikaslearen ikasketa-espedientea, ebaluazio-aktak eta banakako ebaluazio-txostenak. Ebaluazio-txostenak eta ikasketa-ziurtagiriak izango dira ikasleen mugikortasuna bermatzen duten oinarrizko dokumentuak.
Heziketa-ziklo hauen ebaluazio-datuak aplikagailu informatiko batean jasoko dira, hezkuntza-eskumena duen sailak adierazitako prozedurei jarraikiz.
Aplikazio horietan ziurtapen digitala ezartzen ez den bitartean, behar bezala sinatutako ebaluazio-aktak Lanbide Heziketako ikastetxeko idazkariaren zaintzapean geratuko dira. Horretaz gain, hezkuntza-eskumena duen sailaren mendekoa ez bada, ikastetxeak akta horien kopia bidali beharko du ikastetxe publikora, bakoitza zein ikastetxe publikotara dagoen atxikita kontuan hartuta.
Ikasketa-ziurtagiriak inprimaki ofizial normalizatuetan egingo dira, interesdunak aldez aurretik eskatuta. Ziurtagiri horietan, hauek egon behar dute adierazita: ikasleek lortutako kalifikazioak, positiboak eta negatiboak, bakoitzaren deialdi zehatza, ohikoa edo ohiz kanpokoa, eta ikasturtea, ziurtagiria ematen den egunera arte. Positibotzat hartuko dira bosteko edo hortik gorako puntuazioak.
Heziketa-ziklo bakoitzaren irakaskuntza guztiak gainditzen ez dituztenek gainditutako lanbide-moduluen ikasketa-ziurtagiria jasoko dute; ondorio akademikoez gain, Kualifikazio eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalari loturik eskuratutako konpetentzia profesionalen egiaztapen partzial metagarriaren ondorioetarako balioko du ziurtagiri horrek.
Hezkuntza-eskumena duen saileko titularrak arautuko du hezkuntza-sisteman ezarritako Lanbide Heziketa ebaluatzeko prozesua, besteak beste:
Ebaluazio-prozesutik eratorritako dokumentazio ofizialaren forma eta zaintza.
Ebaluazio-saioak: zenbat, nolakoak edo helburuak.
Salbuespenez, ohiz kanpoko deialdiez baliatzeko, pertsona horiek agortu behar izan dituzte oinarrizko arauan ezarritako lau deialdiak arrazoi hauengatik: amatasuna, mendeko pertsonak zaintzea, gaixotasuna edo desgaitasuna, edo ikasketak ohi legez egitea eragozten edo baldintzatzen duen beste edozein arrazoi.
Hamasei. 27. artikulua aldatu, eta honela idatzita geratuko da:
Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean jasotako konpetentzia-atalen bat ofizialki egiaztatuta dutenek baliozkotuta izango dituzte kasuko lanbide-moduluak, espezializazioko kurtso edo titulu bakoitzari buruzko arauan ezarritakoaren arabera.
Erdi-mailako heziketa-zikloetako lanbide-moduluak Batxilergoko ikasgaiekin baliozkotu ahal izango dira, ziklo bakoitzari buruzko arauak adierazten duenaren arabera.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritako Lanbide Heziketako edozein titulutan jasotako Laneko prestakuntza eta orientabideko lanbide-modulua baliozkotu ahal izango da, baldin eta Hezkuntza-sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako Laneko prestakuntza eta orientabideko lanbide-modulua gainditu izana eta prebentzio-jardueraren oinarrizko mailako funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntza-maila egiaztatzen badira. Egiaztagiri horiek indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera eman beharko dira.
Laneko prestakuntza eta orientabideko eta Enpresa eta ekimen sortzaileko lanbide-moduluak Lanbide Heziketa arautzen duten errege-dekretuen barnean daude; Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren erregulazioaren arabera onartu dira, eta baliozkotu egingo dira goi- edo erdi-mailako zer heziketa-ziklotakoak diren kontuan hartu gabe.
Lantokiko prestakuntzako lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, lan-esperientziarekin bat etortzeagatik, baldin eta lanaldi osoko urtebeteko esperientzia egiaztatzen bada kasuko lanbide-ikasketekin lotuta.
Lan-esperientziaren bidez hartutako lanbide-konpetentziak egiaztatzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatuko da aurreko idatzi-zatian adierazitako lan-esperientzia.
Hezkuntza-kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren arabera onartzen diren Oinarrizko Lanbide Heziketako lanbide-moduluak baliozkotu egingo dira, kode desberdinak eta izena berdinak izan arren, zer heziketa-ziklotakoak diren kontuan hartu gabe.
Ingeles teknikoko lanbide-modulua, Euskal Autonomia Erkidegoko curriculumetan propio izanik, erdi-mailako heziketa-zikloetan baliozkotu ahal izango da egiaztatzen bada Ingeles teknikoko lanbide-modulua goi-mailako heziketa-zikloren batean gainditu izana, Euskal Autonomia Erkidegoko curriculumetan propio izanik. Halaber, Ingeles teknikoko lanbide-modulua baliozkotzea onartuko zaie ingelesean B1 maila edo goragoko bat egiaztatzen duten pertsonei, erdi-mailako heziketa-zikloetan, edo B2 maila edo goragoko bat, goi-mailako heziketa-zikloetan. Eta Ingeles teknikoko goi-mailako eta erdi-mailako lanbide-modulua baliozkotzea onartuko zaie Ingeles Filologiako gradu-titulua edo Itzulpengintza eta Interpretazioko gradu-titulua (ingelesa), edo haien baliokidea egiaztatzen duten pertsonei.
Ingeles teknikoko moduluan, Euskal Autonomia Erkidegoko curriculumetan propio izanik, salbuetsi ahal izango dira 21 urtetik gorakoak, hala eskatzen badute; baina, horretarako, egiaztatu beharko dute 3 urteko gutxieneko lan-esperientzia, eta izan behar dituzte, oro har, heziketa-zikloaren iraupenaren erdia osatzeko beste lanbide-modulu gaindituta edo konpetentzia-atalak egiaztatuta, uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak adierazitako prozeduraren bidez edo enplegurako lanbide-heziketako sistemaren bidez. Halaber, salbuetsi egingo dira heziketa-zikloan lehendabizi matrikulatzen diren eta urte naturalean 45 urte betetzen dituzten pertsonak, eta hortik gorakoak.
Baliozkotutako lanbide-moduluei 5eko kalifikazioa emango zaie, heziketa-zikloaren batez besteko nota lortzeko. Salbuetsitako lanbide-moduluak ezin izango dira zenbatu heziketa-zikloaren batez besteko nota kalkulatzeko.
Kode berdinak, izendapen berdinak, amaierako gaitasun edo ikaskuntza-emaitza berdinak, eduki eta iraupen berdinak dituzten lanbide-moduluei modulu berdin iritziko zaie, edozein dela ere dagokien heziketa-zikloa. Hala izanik, gainditutako lanbide-moduluetan lortutako kalifikazioak lekualdatuko dira aipatutako modulu horiek barnean hartzen dituzten zikloetan edozeinetara.
Aldez aurretik baliozkotu diren lanbide-moduluak ezin izango dira berriro baliozkotu beste lanbide-modulu batzuekin.
Hamazazpi. 27 bis artikulua gehitu (VI. kapituluaren barruan), eta honela idatzita geratuko da:
27 bis artikulua. Lanbide-moduluen baliozkotze eta salbuespenei buruzko prozedura-alderdiak.
Lanbide-modulurik baliozkotzeko edo salbuesteko, beharrezkoa izango da aldez aurretik matrikulatuta egotea eskabidearen xede den heziketa-zikloan.
Lanbide-modulurik baliozkotu edo salbuetsi nahi duen ikasleak matrikula egin non eta ikastetxe horren zuzendariari aurkeztu behar dio lanbide-moduluak baliozkotzeko edo salbuesteko eskabidea, ikasturte bakoitzeko irailaren 30a baino lehen edo, salbuespenez, matrikulatu ondorengo 10 egunetan, baldin eta matrikula lehenengo epearen amaieran egiten badu. Lantokiko prestakuntzako lanbide-modulua salbuesteko eskabidea egin ahal izango da kasuko azken ebaluazioa egiten den eguna baino lehenago epe nahikoa emanda bera ebazteko. Eskabidearekin batera, baliozkotze edo salbuespen horietarako behar den agiri bidezko justifikazioa emango da.
Ikaslea matrikulatuta dagoen eta haren ikasketa-espedientea daukan ikastetxearen zuzendariak berak ebatziko du dekretu honetan edo indarreko gainerako arauetan adierazitako baliozkotzeak eta salbuespenak onartzen diren ala ez, eskabidea egin eta hilabeteko epean. Interesdunari ebazpena berariaz eta legez jakinarazi gabe gehieneko epea amaituz gero, eskaera administrazio-isiltasunagatik ezetsitzat hartu dela ulertu behar da.
Eskatutako baliozkotzearen edo salbuespenaren gaineko ebazpena ez bada zuzendariaren eskumenekoa, indarreko arauek baliozkotzeko aukera hori berariaz jasotzen ez dutelako, ikastetxeak eskaeraren harrera egin eta egiaztatu beharko du behar bezala eta behar diren agiriekin aurkeztu dela; hala badagokio, egin beharreko zuzenketak aurkezteko 10 eguneko epea emango du, eta, ondoren, zuzenean eta berehala igorriko dio organo eskudunari, berak izapidetu eta ebatzi dezan, organoak berak ezarritakoaren arabera. Zuzendariak horren berri emango dio ikasle eskatzaileari, honek prozedura ezesteko eskubidea baliatzeko aukera izan dezan.
Aurreko zenbakian adierazitako kasuan, ikasleari jakinarazi ondoren, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko organo eskudunari igorri beharko zaizkio baliozkotze- eta salbuespen-eskabideak, berak ebatzi ditzan. Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzara igorri behar dira, berak izapidetzeko, Lanbide Heziketako tituluak arautzen dituzten gutxieneko irakaskuntzetan bilduta ez dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoko curriculumaren edukiak osatzen dituzten lanbide-moduluen baliozkotzeak edo salbuespenak, ikastetxearen eskumenekoak ez badira, indarreko arauetan berariaz jasota ez egoteagatik.
Lanbide-moduluen baliozkotze- edo salbuespen-ebazpenak ikaslearen ikasketa-espedientean, ebaluazio-aktetan eta ikasketen ziurtagirian jasota geratuko dira, hurrenez hurren, honela:
Baliozkotua; baliozkotu diren lanbide-moduluetan.
Salbuetsia; salbuetsi diren lanbide-moduluetan.
Hemezortzi. 28. artikulua aldatu, eta honela idatzita geratuko da:
Hezkuntza-eskumena duen saileko titularrak ezarriko du, urtero, Lanbide Heziketa ikasteko onarpenetarako egutegia, ikastetxe publikoetan zein pribatu itunduetan, aplikagarria den arauetan xedatutakoarekin bat.
Besteak beste, hauek ere ezarriko ditu: onarpen-datak, ikastetxeko plazen eskaera eskaintza baino handiagoa denean aplikatu beharreko irizpideak, sarbide desberdinetarako gorde behar den plazen ehunekoa, hezkuntza-sisteman Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 47. artikuluan xedatutakoarekin bat. Horretaz gain, ikasle desgaituei, goi-errendimenduko ikasleei eta behar duten beste batzuei gorde behar zaien plazen ehunekoa ere ezarriko du, aplikagarriak diren arauekin bat.
12 ter artikuluaren b letran adierazten diren ikaskuntza-ibilbideetariko baten parte den heziketa-zikloa amaitzen duten ikasleak lehentasunez onartuko dira proiektuan sartutako heziketa-zikloaren goi-mailan, zein bere ibilbidearen barruan. Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak izendatutako edo baimendutako ikastetxeetan matrikulatuko dira.
Hemeretzi. 30 bis artikulua gehitu (VII. kapituluaren barruan), eta honela idatzita geratuko da:
30 bis artikulua. Matrikulen bateragarritasuna Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan eta beste modalitate edo irakaskuntza batzuetan.
Lanbide Heziketaren heziketa-ziklo bateko erregimen presentzialeko matrikula, modalitatea edozein dela ere, bateragarria izango da beste heziketa-ziklo bateko matrikularekin, eskaintza edo modalitatea edozein dela ere, baldin eta ez badira lanbide-modulu berekoak eta ordutegiak bateragarriak badira. Halaber, beste irakaskuntza ofizial eta presentzial batzuekin bateratu ahal izango da ordutegiak ere bateragarriak badira.
Hogei. Kendu egiten da jatorrizko testuaren xedapen gehigarria, eta sartu egiten da beste xedapen gehigarri berri bat, honela idatzita:
Lanbide-profila eta lanbide-jarduera arautua lotzen dituzten Lanbide Heziketako tituluetan, araupetze horretarako akordioak bultzatuko dira administrazio eskudunen artean, posible izan dadin jarduera horretan jardutea behar den titulua egiaztatuta. Akordio horien ondorioz, hezkuntza-eskumena duen sailak behar beste egokitzapen sustatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko heziketa-zikloen curriculumetan; erraztasunak ematea izango da egokitzapen horien helburua Lanbide Heziketako tituludunak jardunean zuzenean has daitezen. Euskal Autonomia Erkidegoko curriculum horiek ezartzen dituzten dekretuetan, titulu bakoitzak zer lanbidetako jardunerako sarbidea ahalbidetzen duen adieraziko da.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Legetik eratorritako Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako, hezkuntza-eskumena duen saileko titularrak arautuko du nola egin Lantokiko prestakuntzako lanbide-modulua, eta, hala badagokio, goi-mailako heziketa-zikloetako proiektuaren modulua.
Araua indarrean sartzen ez den bitartean, aplikagarriak izango dira 156/2003 Dekretuaren I. kapituluan ezarritako antolamendu-alderdiak (156/2003 Dekretua, uztailaren 8koa, Lanbide Heziketako heziketa-zikloen barruko Lantokiko prestakuntzako modulua (LP) egiteko modua arautzen duena).
Indargabetuta geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzko ekainaren 9ko 86/2015 Dekretua, baita dekretu honetan xedatutakoaren aurka egiten duen maila bereko zein beheragoko beste edozein xedapen ere.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko otsailaren 2an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (15)
- Ikus: AGINDUA, 2024ko apirilaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, 2024-2025 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduek eskaintzen dituzten hezkuntza-sistemako ziurtagiri profesionalak (C graduak), oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketako zikloak (D graduak), espezializazio-ikastaroak (E graduak) eta oinarrizko eta erdi-mailako ibilbide integratuetan izena emateko eskaerak aurkezteko, berauek onartzeko eta matrikula egiteko epeak biltzen dituen egutegi komuna ezartzen da, eta zentro horietan onartua izateko eta matrikula egiteko jarraibideak onesten dira, hezkuntza hori eskaintzen duten zentro guztietan eskaerak grabatzeko eta matrikula egiteko irizpideak onesteaz gain.
- Ikus: AGINDUA, 2023ko apirilaren 19koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei dei egiten diena dirulaguntza eska dezaten 2023-2024 ikasturtean heziketa-zikloen eskaintza partzialeko emateko.
- Ikus: AGINDUA, 2023ko urtarrilaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, lanbide-heziketako hiru espezializazio ezartzen dituena.
- Ikus: EBAZPENA, 2023ko urtarrilaren 19koa, Plangintza eta Antolaketako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren edo goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko 2023ko probetarako deialdia egiten duena.
- Zuzendutakoa: HUTSEN ZUZENKETA, otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuarena, zeinaren bidez aldatzen baita Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen dekretua.
- Ikus: AGINDUA, 2016ko uztailaren 27koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez lanbide-espezializazioko zazpi programa eta horiek baimendu eta emateko baldintza orokorrak ezartzen baitira.
- Ikus: AGINDUA, 2020ko ekainaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, lanbide-heziketako hiru espezializazio ezartzen dituena.
- Ikus: EBAZPENA, 2020ko uztailaren 30ekoa, Plangintza eta Antolaketako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren edo goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko 2020ko probetarako deialdia egiten duena.
- Ikus: EBAZPENA, 2021eko otsailaren 10ekoa, Plangintza eta Antolaketako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren edo goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko 2021eko probetarako deialdia egiten duena.
- Ikus: EBAZPENA, 2021eko azaroaren 25ekoa, Plangintza eta Antolaketako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren edo goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko 2022ko probetarako deialdia egiten duena.
- Partzialki indargabetzen du: 86/2015 DEKRETUA, ekainaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzkoa.
- Ikus: EBAZPENA, 2016ko uztailaren 19koa, Lanbide Heziketako sailburuordearena, lanbide-heziketako prestakuntza-zikloetako modulu-eskaintzaren egitura argitaratzen duena.
- Ikus: AGINDUA, 2021eko urriaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, lanbide-heziketako bost espezializazio ezartzen dituena.
- Ikus: AGINDUA, 2019ko ekainaren 24koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira lanbide-heziketako bost espezializazio.
- Aldatzen du: 32/2008 DEKRETUA, otsailaren 26koa, Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena.