Arautegia
Inprimatu13/2024 DEKRETUA, otsailaren 13koa, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzko hainbat dekretu aldatzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 44
- Hurrenkera-zk.: 1069
- Xedapen-zk.: 13
- Xedapen-data: 2024/02/13
- Argitaratze-data: 2024/02/29
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia
Testu legala
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 10.23 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen dio Gizarte Segurantzaz kanpoko mutualitateen arloko eskumen esklusiboa. «Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du honako gai hauetan: kooperatibak, Gizarte Segurantzan sartu gabeko mutualitate eta elkarlaguntzako elkarteak, betiere merkataritza-arloko legeria orokorrarekin bat etorrita». Era berean, 11.2.a) artikuluan ezartzen duenez, «Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da gai hauen inguruko oinarriak bere lurraldearen barruan legez garatzea eta betearaztea, oinarri horiek adierazten dituzten baldintzetan: «Kredituaren, bankuen eta aseguruen antolamendua».
Eskumen hori oinarri hartuta, 1983an, Eusko Legebiltzarrak Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko urriaren 27ko 25/1983 Legea onartu zuen eta, Eusko Jaurlaritzak, berriz, Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren bidez garatu zuen. Nahiz eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko indarreko 5/2012 Legeak indarrik gabe utzi zuen 25/1983 Legea, 87/1984 Dekretuak indarrean jarraitzen du zenbait alderditan, eta aldatu egin behar da Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen (aurrerantzean, BGAE) administrazio-gastuetarako ezarritako ehunekoei eta azterketa aktuarialari dagokienez.
Ondoren, eta aurreko erregelamendu-garapena eguneratu izanaren ondorioz, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretua onartu zen, Borondatezko Aurreikuspeneko Erakundeen zenbait jarduera arautzeko.
BGAEen inbertsioen xede izan daitezkeen aktiboen arloan izandako bilakaeragatik, ezinbestekoa da 92/2007 Dekretuaren 11. artikuluaren idazkera egokitzea, artikulu horrek arautzen baitu zehatz-mehatz gai hori. Hartara, aurrerantzean aktibo gehiago izango dira inbertitzeko modukoak, eta, funtsean, inbertsio kolektiboko finantza-erakunde gehiagotan inbertitzerik izango da, baita inbertsio kolektiboko erakunde itxietan ere. Horrez gain, indargabetuta geratu diren arau jakin batzuei egindako erreferentziak eguneratuko dira.
Bazkideei eta onuradunei buruzko informazioari dagokionez, BGAEek bazkideei igorri behar dieten informazioa zehazten da, eta, era berean, 92/2007 Dekretu honetan sartu da BGAEek inbertsio jasangarri eta arduratsuaren (IJA) arloan eman behar duten informazioa. Era berean, aurreikusten da BGAE bakoitzaren inbertsio-printzipioen adierazpenak inbertsio jasangarri eta arduratsuari buruzko politika (IJA) jaso behar duela.
87/1984 Dekretuaren 12. artikuluaren aldaketarekin bat etorriz, 8. artikuluan gizarte-aurreikuspeneko eta hornidura teknikoetako planaren kostua zehazteko aplikatutako formulak aldatzeko kasua aurreikusten da.
Halaber, beste idazkera bat eman zaio 92/2007 Dekretuaren 9. artikuluari, hornidura teknikoen finantzaketari buruzkoari, finantzaketa-planak eta berrorekatze-planak argi eta garbi bereizteko; izan ere, tresna horiek azken helburu bera badute ere, egitatezko kasu desberdinei erantzuten diete.
Azkenik, 92/2007 Dekretuan 14. artikulua gehitu da, gizarte-aurreikuspeneko planen kategoriak zehazten dituena, bakoitzaren joera inbertitzailearen arabera.
2012ko otsailaren 23an, BGAEei buruz indarrean dagoen otsailaren 23ko 5/2012 Legea onetsi zen; lege horrek aurreko araua hedatu zuen, eta nabarmen aldatu.
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen erregelamenduzko garapen gisa, urriaren 27ko 203/2015 Dekretua eman zen. Haren bidez, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamendua onartu zen. Erregelamendu horrek arautu zuen, funtsean, EAEko BGAE guztien antolaketa eta funtzionamendua, haien aseguru-jarduera, aseguru pribatuen oinarrizko araudian ezarritakoaren arabera, eta aseguru-jardueraz besteko gizarte-aurreikuspeneko jarduna.
Hala ere, hasieran, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko erakundeak Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legeak berak laga zituen gerora erregelamendu bidez garatzeko ez ziren izan erregelamenduen xede; beraz, erregelamendua aldatu egin behar da lehentasunezko BGAEen erregulazioa osatzeko eta zehazteko. Arlo horretako erregelamendu-erregulazioa justifikatuta dago, alde batetik, berariazko lege-gaikuntza dagoelako 5/2012 Legearen arauak garatzera eta aplikatzera bideratutako beharrezko alderdi guztiak erregelamendu bidez arautzeko, eta, bestetik, lehentasunezko BGAEei bultzada eman nahi zaielako, egokiak direnez enpleguaren eremuan borondatezko gizarte-aurreikuspena bideratzeko, hau da, gizarte-aurreikuspenaren bigarren zutabea deritzona bideratzeko.
Era berean, BGAE guztiei dagokienez, 5/2012 Legearen Erregelamenduaren aldaketa baliatuko da zehazteko zein izango den araubidea bazkideek gobernu-organoetan eta lotutako eragiketetan parte hartzeko eta ordezkapena izateko.
203/2015 Dekretuan, halaber, aldatu zen zer datu jaso behar dituen Bazkideen Fitxategi Orokorrak, informazio zehatza izateko gure autonomia-erkidegoko gizarte-aurreikuspenaren errealitatea ezagutzeko. Alderdi hori funtsezkoa da arlo horretako politikak garatzeko; gainera, aurreikusten da BGAEek emakume eta gizonen ordezkaritza orekatuari buruzko azterketaren inguruko gordailua egitea.
Dekretu honek hiru kapitulu, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat ditu.
Horrenbestez, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen azken xedapenetako lehenengoa betez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Gobernu Kontseiluak eginiko bilkuran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
Baldin eta erretiro, ezintasun iraunkor, heriotza, mendekotasun, iraupen luzeko langabezia edo gaixotasun larrien kontingentzietarako prestazioak ematen dituzten BGAEek beren gain hartzen badute arrisku biometrikoen estaldura edo inbertsioaren emaitza edo prestazio-maila jakin bat, inskribatzeko, eskatzen diren gainerako dokumentu guztiekin batera, azterketa aktuarial bat aurkeztu beharko dute BGAEa osatzen duten gizarte-aurreikuspeneko planetako bakoitzari buruz, gutxienez, puntu hauek jasoko dituena:
Zer taula erabiltzen diren heriotza-tasari, biziraupenari eta baliaezintasunari buruz, hala badagokio, eta zergatik diren egokiak.
Zer interes-tasa erabiltzen den eta zergatik.
Zer finantzaketa-metodoa hautatu den.
Gutxienez, zenbat bazkide behar diren azterketa baliozkoa izan dadin.
Taldearen proiekzio biometrikoak.
Zer administrazio-gastu hartzen diren kontuan, eta zergatik; 16. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Kuota- eta prestazio-kalkulua.
Hornidura teknikoak.
Zer formula aplikatzen diren gizarte-aurreikuspeneko eta hornidura teknikoetako planaren kostua zehazteko, barnean hartuta, hala badagokio, segurtasun-marjina eratzeari buruzko aurreikuspena. Formula horiek azterlan aktuarialaren eranskin espezifiko batean jaso beharko dira.
Erretiro, heriotza, ezintasun iraunkor, mendekotasun, iraupen luzeko langabezia edo gaixotasun larrien kontingentziak estaltzen dituzten eta ekarpen finkatuko sistemaren arabera diharduten BGAEen administrazio-gastuak dagozkien erregelamenduetan jaso behar dira, ehunekotan, estatutuen arabera. Administrazio-gastuak gizarte-aurreikuspeneko plan bakoitzari atxikitako ondarearen arabera edo plan horren eta bere errendimenduen arabera ezarriko dira, eta ezingo dira muga hauetatik gorakoak izan urteko zenbaketan:
Bakarrik kalkulatzen badira planari atxikitako ondarearen arabera, errenta finkoko inbertsio-orientazioa duten planetan eta plan bermatuetan, % 0,90; errenta finko mistoko planetan, % 1,30; eta gainerako planetan, planari atxikitako ondarearen % 1,50.
Bi aldagaiak erabiltzen badira, atxikitako ondarearen % 1 eta errendimenduen % 10.
Lortutako errendimenduen gaineko ehunekoa bakarrik aplikatu ahal izango da baldin eta zati alikuota bakoitzaren balioak, artikulu honetako 1.5 paragrafoak aipaturiko aldirako kalkulatuta, portzentaje hori aplikatu ondoren, gainditzen badu aurreikuspen-plana sortu zenez geroztik hark lorturiko gehienezko balioa. Hala ere, bost ekitalditan ezin izan bada errendimenduen gaineko ehunekoa aplikatu, aukeran egongo da gainditu beharreko beste balio bat ezartzea: bosgarren ekitaldiko azkena.
Ondorio horietarako, administrazio-gastutzat joko dira zuzeneko nahiz zeharkako gastu guztiak ere, baldin eta gastu horiek aurreikuspen-plan bakoitzari atxikitako ondarea administratzearen ondorio badira, baina baloreen salerosketatik eratorritako bitartekotza-gastuen salbuespenarekin. BGAEak inbertsio kolektiboko erakundeetan inbertitzen badu, aurreko 1.1 paragrafoan ezarritako mugek batera eragingo dute kudeatzaile, gordailuzain edo erakundeek jaso behar dituzten komisio metatuen gainean.
BGAEak inbertitzen badu arrisku-kapitaleko erakundeetan edo inbertsio kolektibo itxiko erakundeetan, zeinak arautzen baitira BGAEen jarduera jakin batzuk arautzeko zen maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 ter.k) eta 11 ter.m) artikuluetan, aurreko paragrafoa aplikatuko da baldin eta erakunde horiek erakunde kudeatzailearen edo bazkide sustatzailearen finantza-talde berekoak badira.
Finantza-talde berekoak ez badira, erakunde kudeatzaileek jasanarazi egin ahal izango dituzte arrisku-kapitaleko erakundeetan edo inbertsio kolektiboko erakunde itxietan egindako inbertsioen ondoriozko komisioak, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 ter.k) eta 11 ter.m) artikuluetan araututakoak, gehienez ere % 0,55eko mugaraino, administrazio-gastuen zenbaketari aplikatu beharreko oinarri beraren gainean kalkulatuta, artikulu honen 1.1 paragrafoan adierazitako komisioez gain.
Kasu horretan, zuzenean edo zeharka jasan ditzaketen kudeaketa-komisioen gehieneko maila adierazi beharko da dagokion gizarte-aurreikuspeneko planaren erregelamenduan, eta maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 4. artikuluaren 3. apartatuan ezarritako sei hilean behingo edo urtean behingo informazioan, berriz, informazio horri dagokion aldian benetan jasandako zuzeneko eta zeharkako kudeaketa-komisioak adierazi beharko dira, eurotan eta atxikitako ondarearen gaineko ehunekotan adierazita, eta dagokion aurreikuspen-planaren errentagarritasunean zer eragin duten adierazita.
Inbertsio kolektiboko erakunde irekietan zein itxietan arrisku-kapitaleko erakundeak barne inbertitzeagatiko komisioen itzulketa oro aurreikuspen-planari egotzi beharko zaio.
Artikuluaren izenburua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
Bazkide arrunten eta onuradunen informazioa eta defentsa.
Aldatu egin da 4. artikuluaren 1. apartatuaren h) letra, eta honela geratu da idatzita:
Etorkizuneko pentsio-eskubideen estimazioari buruzko informazioa, artikulu honetako 3. apartatuko b) 2. letran ezarritakoaren arabera.
Letra bat gehitu zaio 4. artikuluaren 1. apartatuari, j) letra, eta honela dio:
Interes-gatazkak saihesteko ezarritako prozedurei eta egindako eragiketa lotuei buruzko aipamena.
4. artikuluari 2. apartatua erantsi zaio; honako hau dio:
Bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko 2019/2088 (EB) Erregelamenduarekin (finantza-zerbitzuen sektoreko jasangarritasunari buruzko informazioa zabaltzeari buruzkoa) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduarekin (inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen duena), bazkideen eta onuradunen eskura jarri behar da, lehentasunez BGAEaren webgunean edo, halakorik ezean, haren bazkide sustatzaile edo babesleen edo aktiboen kudeatzailearen webgunean, informazio hau:
BGAEaren inbertsio jasangarri eta arduratsuen politika (IJA), edo, halakorik ez badago, zergatik ez dagoen. Gizarte-inbertsio arduratsuaren politika aldatzen bada, aldaketaren berri eman behar da, horren arrazoiak adierazita.
Inbertsioen aktiboak esleitzean jarraitutako irizpideak sartzeko, baztertzeko, integratzeko edo inplikatzeko: besteak beste, alderdi hauetako bat kontuan hartuta:
Inbertsioetan, zer kontsiderazio hartuko diren kontuan: sozialak, ingurumenekoak, etikoak edo gobernu korporatibokoak.
Zein den enpresen jarduera, haien kudeaketa-eredua eta nola errespetatzen dituzten jokabide-kode arduratsuak.
Zer arrisku duen herrialdeak.
Jasangarritasun-arriskua. Ondorio horietarako, jasangarritasun-arrisku izango da inbertsioaren balioan egiazko edo balizko eragin material negatiboa izan dezakeen ingurumen-, gizarte- edo gobernantza-arloko gertaera edo egoera oro.
Zein diren inbertsioaren inguruko erabakiek jasangarritasun-faktoreetan izan ditzaketen kontrako eragin material nagusiak.
Nola integratzen diren zenbait faktore balorazioan, hala nola gaikako inbertsioa edota makrojoerak.
Zer beste faktorek duten zerikusia jasangarritasun-faktoreekin, betiere BGAEak kontuan hartu nahi baditu.
Inbertsio jasangarri eta arduratsuei (IJA) buruzko informazioa, inbertsio-politikaren adierazpenean ez ezik, urteko kudeaketa-txostenean ere sartuko da (berariazko atal bat eskainiko dio), bai eta BGAEaren edo haren bazkide sustatzaile edo babesleen edo aktibo-kudeatzailearen web-orrian ere.
Lehentasunezko enplegu-aurreikuspeneko planen jarraipen-batzordeak dagokion aurreikuspen-planaren gizarte-inbertsio arduratsuaren politika proposatuko dio gobernu-batzordeari.
Milioi bat eurotik beherako ondare-bolumena duten BGAEek ez daukate inbertsio jasangarri eta arduratsuei (IJA) buruzko azterketa egin beharrik, baina aukera izango dute apartatu honetan ezarritako irizpideei jarraitzeko, hala erabakiz gero.
Aldatu egin da 4. artikuluaren 2. apartatua; aurrerantzean, 3. apartatua izango da, aurreko letran xedatutakoari jarraikiz, eta honela geratu da idatzita:
BGAEak honako informazio hau bidaliko dio bazkide eta onuradun bakoitzari:
Prestazio definituko sistemaren aurreikuspen-planetarako, gutxienez urtean behin:
Honako hauei buruzko ziurtagiria: aldi bakoitzean egindako zuzeneko ekarpenak edo egotzitako ekarpenak, aldi horren amaierako eskubide ekonomikoen balioa (halakorik balego) eta aldi horretan ordaindutako prestazioen zenbatekoa.
Kudeaketa-txosten laburtua, BGAEak bazkideekin harreman telematikoa daukanean izan ezik. Kudeaketa-txosten laburtuak dekretu honen 3. artikuluko a) eta g) bitarteko letretan ezarritako informazioa emango du, labur.
Ekarpen definituko sistemaren aurreikuspen-planetarako, gutxienez sei hilean behin:
Honako hauei buruzko ziurtagiria: eskubide ekonomikoen balioa, eragindako ondarearen zati alikuoten kopurua eta zati alikuota bakoitzaren balioa, aldi horren hasieran.
Bazkidearen eskubide ekonomikoek gainditzen dutenean ezkontidea kargura edukita erretiratzeagatik Gizarte Segurantzaren sistemak ematen duen urteko gutxieneko prestazioaren bikoitza, BGAEak bere barnean jasoko du, bazkide bakoitzari dagokionez, nabarmen eta banaka, zer erretiro-pentsio zenbatesten duen hileko, baldin eta eskubide ekonomiko hori hamabost urtean pentsio bihurtzen bada, kontuan hartu gabe interes-tipoaren hipotesia. Kalkulu hori egiteko, informazioa bidaltzeko unean dauden eskubide ekonomikoen zenbatekoa erabiliko da, hipotesi gisa hartuta erretiroa une horretan gertatzen dela.
Aldi horretan egindako zuzeneko ekarpenak edo egotzitako ekarpenak, bai eta egindako mobilizazioak eta aldi horretan ordaindutako prestazioak ere.
Eskubide ekonomikoen balioa, eragindako ondarearen zati alikuoten kopurua eta zati alikuota bakoitzaren balioa, aldiaren amaieran.
87/1984 Dekretuaren 16. artikuluaren 1.2 apartatuaren laugarren paragrafoan jasotzen diren zuzeneko eta zeharkako kudeaketa-komisioak, benetan jasandakoak.
Kudeaketa-txosten laburtua, BGAEak bazkideekin harreman telematikoa daukanean izan ezik.
Era berean, inbertsio-printzipioen adierazpenak inbertsio jasangarri eta arduratsuen (IJA) politika ere jasoko du, edo, halakorik ez badago, horren arrazoiak.
Gizarte-aurreikuspenaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari ahalmena ematen zaio inbertsio jasangarri eta arduratsuen (IJA) araubidea eta baldintzak ezartzeko.
Gizarte-aurreikuspeneko eta hornidura teknikoetako planaren kostua zehazteko aplikatutako formuletan aldaketaren bat badago, berariaz jaso beharko da horren berri. Era berean, formula berriak azterlan aktuarialaren eranskinean jaso beharko dira.
Arrisku biometrikoak hartzeaz eta/edo inbertsioaren emaitza edo prestazio-maila jakin bat bermatzeaz gain, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 24. artikuluaren 2. apartatuan araututako gizarte-prestazioak ematen dituzten BGAEek behar diren zuzkidura teknikoak eman beharko dituzte, horretarako propio egindako azterlan aktuarialean kalkulatuta, gizarte-prestazioengatik bere gain hartutako konpromisoei aurre egiteko. Egin beharreko zuzkidurak hala badagokio, gizarte-aurreikuspeneko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak ebazpen arrazoitu bidez eskatutakoak barne hornidura tekniko horiek eratzeko gutxieneko zenbatekotzat hartuko dira, prestazioen estaldura egokia eta erakundearen egonkortasuna eta kaudimena bermatze aldera.
Aurreko 8. artikuluaren 1. apartatuan aipatzen diren BGAEek aktibo nahikoak eta egokiak gorde beharko dituzte gizarte-aurreikuspeneko plan bakoitzerako, horretarako egindako azterlan aktuarialetan zehaztutako hornidura teknikoak estaltzeko.
Baldin eta hiru urtean aktibo egokirik ez badago behar diren hornidura teknikoak estaltzeko, edo ekitaldi jakin batean dauden aktibo egokiak hornidura horien zenbatekoaren % 90 baino gutxiago badira, BGAEak finantzaketa-plan bat edo berrorekatze-plan bat egin beharko du, nahitaez, defizita estaltzeko. Plan hori, berriz, BGAEaren gobernu-batzordeak onartu beharko du. Finantzaketa- eta berroreka-plan horiek bazkideei eta onuradunei jakinarazi beharko zaizkie, eta gizarte-aurreikuspenaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak onartu beharko ditu.
Gizarte-aurreikuspeneko planaren erregelamenduan edo BGAEaren estatutuetan jasotako konpromisoak direla-eta bazkide babesleak defizitari aurre egin behar dionean, finantzaketa-plana egin beharko da. Finantzaketa-plana egin beharrik ez da izango baldin eta defizita, osorik, sortu eta hurrengo ekitaldian kitatzen bada.
Bazkide babeslea ez badago behartuta gizarte-aurreikuspeneko planeko defizitak finantzatzera, BGAEak ezaugarri hauek dituen berrorekatze-plan bat aurkeztu beharko du:
Berrorekatze-planak barnean hartuko du eratutako funtsen eta zuzkidura teknikoen arteko defizita amortizatzeko programa, edo, hala badagokio, defizita kitatzeko behar den doitze-mekanismoa. Berroreka-planaren birtualtasunerako gizarte-aurreikuspeneko planaren erregelamendua aldatu behar bada, gobernu-batzordeak eta jarraipen-batzordeak, hala badagokio, behar diren erabakiak hartu beharko dituzte.
Eratutako funtsak dira zuzkidura teknikoak estaltzeko esleitzen diren aktiboen merkatu-balioa. Iraganeko zerbitzuen ondoriozko eskubideengatik aitortutako zenbatekoa, eta, hala dagokionean, bazkide arrunten eta onuradunen aurreko betebeharrengatik aitortutakoa, betiere eratutako funtsei badagokie, haietako bakoitzari banaka egotziko zaio kalkulua egiteko.
Berrorekatze-planak jasotzen badu zein diren bazkide pasiboekiko eta onuradunekiko betebeharrak, eratutako funtsak ezingo zaizkie esleitu ekarpen finkatuko sistemari atxikitako bazkide aktiboei, harik eta funts horiekin bazkide pasiboekiko eta onuradunekiko betebeharrak bete arte. Hala dagokionean, iraganeko zerbitzuengatik aitortutako eskubideen eta dagozkien eratutako funtsen arteko alde positiboak defizit bat dakar, bazkide arrunt bakoitzarentzat banaka kalkulatuko dena. Bazkide pasiboen edo onuradunen kasuan, esleitutako banakako defizita izango da prestazioaren balio eguneratu aktuarialaren eta eratutako funts esleituaren arteko aldea.
Berrorekatze-planak aurreikusita eduki beharko du gizarte-aurreikuspeneko planak ekarpenak jasoko dituela, edonola ere, diruzaintza moduan edo merkatu antolatuetan kotizatu ohi duten finantza-aktibo moduan. Haien zenbatekoa ezin da izan ekitaldi bakoitzean bazkide pasibo edo onuradunei dagozkien prestazioengatik ordaindu behar dena baino txikiagoa. Bazkide arrunt bakoitzaren banakako defizita amortizatuta egon beharko da gizarte-aurreikuspeneko planak estaltzen dituen gertakarietako edozein jazotzen den unean.
Oro har, defizita amortizatzeko prozesuak dirauen urteetan, urte bakoitzean amortizatu beharko da, gutxienez, hasierako defizitaren % 12,5; berrorekatze-planean aurreikusitako amortizazio-epearen erdian, berriz, defizita ezingo da izan hasierako defizitaren erdia baino handiagoa.
Onartutako berroreka-plana berrikusterik izango da, egokitzeko, amaitu aurretik, artikulu honetan ezarritakoaren arabera, eta gizarte-aurreikuspenaren arloan Eusko Jaurlaritzan eskumena duen zuzendaritzak onartu ondoren.
Aktiboak soilik inbertitzen dira bazkide arrunten eta onuradunen intereserako. Interes-gatazkarik egonez gero, BGAEek zaindu beharko dute inbertsioa egiten dela soilik bazkideen interesa defendatzeko.
BGAEen aktiboak, gehienbat, baloreetan eta merkatu arautuetan negoziatzeko onartutako finantza-tresnetan inbertitzen dira, edo negoziazio-sistema multilateraletan. Nolanahi ere, zuhurtziaz egin behar dira merkatu arautuetan edo negoziazio-sistema multilateraletan negoziatu ezin diren aktiboetan egiten diren inbertsioak.
Inbertitzeko garaian, BGAEek irizpide hauek bete behar dituzte: segurtasuna, errentagarritasuna, likidezia, dibertsifikazioa, barreiatzea, diru- eta epe-kongruentzia, helburuetara doituak. Bereziki:
BGAEek titulartasuna eta erabiltzeko askatasuna eduki behar dute ondasun eta eskubideen gainean, zeinetan gauzatuko baitituzte inbertsioak.
Aktiboen kaudimena ebaluatzean, ez dira, esklusiboki eta automatikoki, kreditu-kalifikazioko agentziek emandako kreditu-kalifikazioen mende egon behar.
Aktiboek nahikoa dibertsifikatuta egon behar dute, aktibo batekiko, jaulkitzaile zehatz batekiko edo enpresa-talde batekiko gehiegizko mendekotasuna saihesteko.
11 bis artikulua. Inplikazio-politika.
BGAEaren gobernu-batzordeak BGAEan integratutako balioei dagozkien eskubide guztiak gauzatu behar ditu, bazkide arrunten eta onuradunen onura esklusiborako, betiere honako hau kontuan hartuta:
BGAEaren aktiboen kudeaketa kanporatu, eta aktiboak kudeatzen dituen erakunde baten esku uzten bada, erakunde horri gomendioan eman dakioke balioei, baita balio politikoei ere, dagozkien eskubideak egikaritzea, kontuan hartuta zer baldintza jartzen diren kanporatze-kontratuan eta zer aurreikusten den sozietate jaulkitzaileen estatutuetan.
BGAEak, urtero, jasota utzi behar du BGAEan integratutako balioei dagozkien biltzar eta batzar orokorretan parte hartzeko eta botoa emateko eskubide politikoak baliatzeari buruzko politika. Informazio horrek doan egon behar du eskuragarri erakundearen eta bazkide sustatzaile edo babesleen web-orrian, edo aktiboak kudeatzen dituen erakundearen web-orrian.
Enplegu-modalitateko BGAEen kasuan, aurreko paragrafoan aurreikusitakoari kalterik egin gabe, zehaztapen hauek bete behar dituzte:
Beren gobernu-batzordeak inplikazio-politika bat garatu eta plazaratu behar du, zehazteko zer-nolako inplikazioa duen BGAEak, akziodun den aldetik, Europar Batasuneko estatu kide batean kokatuta dagoen edo hor jarduten duen merkatu arautu batean edo negoziazio-sistema multilateraletan negoziatzeko onartuta dauden sozietateen akzioetan inbertitzeko estrategian. Gobernu-batzordeak aktiboak kudeatzen dituen erakunde baten esku utz ditzake apartatu honetan aurreikusitako betebeharrak, erakunde horren zehaztapenak eta baldintzak jasotzen dituen akordioa hartu ondoren.
Politika horretan zehaztu behar da zer-nola gainbegiratzen dituen inbertsioen xede diren sozietateak, honako alderdi hauei dagokienez, behintzat: estrategia, errendimendu finantzario eta ez-finantzarioa, arriskuak, kapital-egitura, gizarte- eta ingurumen-inpaktua eta gobernu korporatiboa. Politika horrek azaldu behar du, orobat, zer harreman duten inbertsioen xede diren sozietateekin, zer-nola egikaritzen diren boto-eskubidea eta akzioekin lotutako beste eskubide batzuk, zer-nola jarduten duten lankidetzan beste akziodun batzuekin, nola komunikatzen diren akziodun nagusiekin eta zer-nola kudeatzen dituzten euren esku-hartzeak eragin ditzakeen edo eragiten dituen interes-gatazkak.
Era berean, urtero argitaratu beharko dute nola aplikatu duten beren inplikazio-politika, barnean harturik boto-jokabidearen deskribapen orokorra, bozketa garrantzitsuenen azalpena eta boto-aholkularien zerbitzuetara jo izana. Argitara eman behar dute zer boto eman duten akziodun diren sozietateen batzar orokorretan. Argitaratzetik salbuetsi ahal izango dira bozketaren gaiagatik edo sozietate-partaidetzaren tamainagatik garrantzirik ez duten botoak.
Aurreko apartatuetan aipatutako informazioak doan egon behar du eskuragarri BGAEaren, bazkide sustatzaile edo babesleen web-orrian, edo aktiboak kudeatzen dituen erakundearen web-orrian.
BGAEaren gobernu-batzordea edo, hala badagokio, aktiboak kudeatzen dituen erakundea ez badator bat aurreko apartatuetan inplikazio-politikaz ezarritako baldintzekin, azalpen argi eta arrazoitu bat argitaratu behar du, aditzera emateko zergatik erabaki duen baldintza horiek ez betetzea. Azalpen horrek doan egon behar du eskuragarri erakundearen, bazkide sustatzaile edo babesleen web-orrian, edo aktiboak kudeatzen dituen erakundearen web-orrian.
11 ter artikulua. Inbertitzeko aktibo egokiak.
BGAEen inbertsioen xede izan daitezkeen aktiboak honako hauek dira:
Edonolako errenta finko eta aldakorreko finantza-balore eta -tresnak, harpidetzeko edo eskuratzeko eskubidea eman dezaketenak barne, betiere merkatu arautuetan edo negoziazio-sistema multilateraletan negoziatzeko onartuak izan ondoren, finantza-merkatu batean trafiko orokorra eta inpertsonala izan dezaketenak.
Finantza-aktibo egituratuak. Aktibo finantzario egituratutzat hartzen da bi aktibo edo gehiago konbinatuz, tresna eratorriak konbinatuz edo biak konbinatuz osatutako aktiboa, negozio juridiko bakar baten bidez gauzatzen dena, Ekonomia eta Ogasun Sailak finkatzen dituen betekizunen arabera.
Inbertsio kolektiboko erakundeen akzioak eta partaidetzak, 11 quater artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera.
Kreditu-erakundeetan egindako ageriko eta epekako gordailuak (hogeita hamasei hilabete edo gutxiagoko epemuga izan behar dute), edozein unetan likido bihur badaitezke arriskuan jarri gabe gordailuaren printzipala likidezia aurreratuaren kasuan. Ondorio horietarako, kreditu-erakunde gordailuzainak egoitza izan behar du Europar Batasuneko estatu kide batean, eta gordailuek ELGAko dibisa-merkatuetan negoziatzen diren monetetan izendatuta egon behar dute.
Ondasun higiezinak eta higiezin-eskubide errealak, Ekonomia eta Ogasun Sailak ezarritako betekizunen arabera.
Hipoteka-kredituak, baldin eta hipoteka-legediak eska ditzakeen baldintza guztiak betetzen dituzten higiezinen gaineko lehenengo hipotekak badira.
Kreditu pignoratizioak, betiere bermearen xedea, aldi berean, aktibo egokiak badira.
Europako Esparru Ekonomikoaren estatu kideren batean egoitza duten sozietateei emandako kredituak edo horien kuota-zatiak, baldin eta sozietateon akzioak ELGAn araututako merkatu batean negoziatzeko onartuta badaude.
Europako Esparru Ekonomikoaren estatu kideren batean kokatutako establezimenduren baten bitartez jarduteko baimena duen kreditu- edo aseguru-erakunde batek bermatutako kredituak.
Estatuko, autonomia-erkidegoetako, udaletako edo Europako Esparru Ekonomikoko sozietate edo erakunde publikoei emandako finantzaketak, betiere segurtasun-bermeak eskaintzen dituztenak, izan mailegu-hartzailearen kalitateagatik, izan emandako bermeengatik.
22/2014 Legean (22/2014 Legea, azaroaren 12koa, arrisku-kapitaleko erakundeak, inbertsio kolektiboko bestelako erakunde itxiak eta inbertsio kolektiboko erakunde itxien erakunde kudeatzaileak arautzen dituena, eta azaroaren 4ko 35/2003 Legea Inbertsio kolektiboko erakundeena aldatzen duena) araututako arrisku-kapitaleko erakundeen eta inbertsio kolektiboko erakunde itxien akzioak eta partaidetzak, Arrisku Kapitaleko Europako Funtsen (AKEF) akzioak eta partaidetzak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko apirilaren 17ko 345/2013 (EB) Erregelamenduan arautuak, Gizarte Ekintzailetzako Europako Funtsak (GEEF), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko apirilaren 17ko 346/2013 (EB) Erregelamenduan arautuak, eta Epe Luzeko Europako Inbertsio Funtsak (ELEIF), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko apirilaren 29ko 706/2015 (EB) Erregelamenduan arautuak. 11 quinquies artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Espainiako arrisku-kapitaleko erakundeen tratamendu bera dute GEEFek, AKEFek eta ELEIFek.
BGAEen konturako aktiboak kudeatzeko jarduera esklusiboa duten sozietateen akzioak eta partaidetzak, baldin eta kapitalaren gutxienez % 90 BGAE batena edo batzuena bada.
Artikulu honen k) paragrafoan aurreikusitakoez bestelako arrisku-kapitaleko erakundeen eta inbertsio kolektiboko erakunde itxien akzioak eta partaidetzak, betiere paragrafo honen ñ) letran aurreikusitako baldintza guztiak betetzen badituzte, honako berezitasun hauekin:
Ez dira eskualdaketa askearen mugatzat hartzen arrisku-kapitaleko erakundearen edo inbertsio kolektiboko erakunde itxiaren akziodunen edo partaideen alde merkatuko baldintzetara egokitutako lehentasunezko eskuratze-eskubidea ezartzen duten klausula edo itun espresuak, ez eta erakunde kudeatzaileak edo arrisku-kapitaleko erakundearen edo inbertsio kolektiboko erakunde itxiaren administrazio-kontseiluak eskualdatzeko aldez aurreko baimena ematea behar dutenak ere, baldin eta, eskuratze-kontratuan edo dagokion informazio-liburuxkan ukoaren arrazoi objektiboak zerrendatzen badira, eta haiek soil-soilik badira arrisku-kapitaleko erakundearen edo inbertsio kolektiboko erakunde itxiaren partaidetzaren balizko erosleek bete beharreko baldintzei buruzkoak.
Kalterik egin gabe inbertitu nahi den arrisku-kapitaleko erakundearen edo inbertsio kolektiboko erakunde itxiaren finantza-egoeren urteko kanpo-auditoretza independentea egiteko betebeharrari, baldin eta erakunde hori eratu berria bada eta, horregatik, inbertitzeko unean ez badu auditatutako finantza-egoerarik, erakunde kudeatzaileak, gutxienez, lehendik dagoen beste arrisku-kapitaleko erakunde baten kudeatzailea izan behar du, edo inbertsio kolektiboko erakunde itxi batena; beste erakunde horrek, berriz, beteta izan beharko du finantza-egoeren urteko kanpo-auditoretza independentea egiteko betebeharra; era berean, amaitutako azken ekitaldiari dagokionez, auditorearen aldeko iritzia izan beharko du.
Edozein izen edo estatutu dutela, m) letra honen barruan sartzen dira, helbidea ELGAko estatu kide batean izanik, azaroaren 12ko 22/2014 Legearen 2. artikuluan ezarritako inbertsio kolektibo itxiaren kontzeptura egokitzen diren erakunde guztiak (22/2014 Legea, azaroaren 12koa, arrisku-kapitaleko erakundeak, inbertsio kolektiboko bestelako erakunde itxiak eta inbertsio kolektiboko erakunde itxien erakunde kudeatzaileak arautzen dituena, eta azaroaren 4ko 35/2003 Legea Inbertsio kolektiboko erakundeena aldatzen duena).
Finantza-tresna eratorriak. Honako finantza-baliabide eratorri hauetan inbertitu daiteke: gerokoak, aukerak, epeko salerosketak eta finantza-trukeko eragiketak. BGAEek egunero baloratu behar dituzte eratorriekin egindako eragiketak; hain zuzen ere, merkatuko prezioan.
Eratorrien merkatu antolatuetan negoziatutako bitarteko finantzario eratorrietan eginiko inbertsioa zorroa modu eraginkorragoan kudeatzeko inbertsio bezala egiteko aukera dago, zorro osoan edo horren zati batetan bere gain hartutako arriskuen estaldura egokia bermatzeko, edo errentagarritasun helburu jakin bat lortzeko bideratutako kudeaketa baten barruan.
Eratorrien merkatu antolatuetan negoziatu ez diren finantza-tresna eratorrietan inbertitzea 11 quinquies artikuluaren 1. paragrafoaren c) letran aurreikusitako mugen mende dago, zorro osoan edo horren zati batean hartutako arriskuen estaldura egokia bermatzeko edo errentagarritasun-helburu jakin bat lortzeko bideratutako kudeaketa baten barruan egin daiteke soilik, eta jarraian adierazitako baldintza hauek bete behar ditu:
Kontrako alderdiak ELGAko estatu kideetan egoitza duten erakundeak izatea, gainbegiradapean daudenak, mota horretako eragiketak egin ohi dituztenak profesionalki, eta kaudimen nahikoa dutenak.
Aukera egotea eragiketak edozein momentutan bertan behera geratzeko BGAEren eskariz; horrenbestez, eragiketa bakoitzaren kontratu-klausulek ahalbidetu behar dute haiek kitatzea edo hirugarren bati lagatzea, eta, horretarako, kontrako alderdia edo, hala badagokio, konpromiso hori hartu duen finantza-bitartekaria behartuta egongo da egunero eskaintzera salerosketa-kotizazioak, eta zehatz-mehatz adierazi behar du zer balorazio-metodo erabiliko den horiek zehazteko.
Merkatu arautuetan edo negoziazio-sistema multilateraletan kotizatu gabeko errenta finkoko edo errenta aldakorreko finantza-balio eta -tresnak, edo, negoziazio-zentro horietan negoziatzeko onartuta egonik, trafiko orokorra eta inpertsonala izan ez dezaketenak; betiere, baldintza hauek betetzen badituzte:
Ezin dute izan mugarik eskualdaketa askerako.
Haien jaulkitzaileek erakundeak izan behar dute, eta egoitza, berriz, ELGAko estatu kideren batean izan behar dute, zeina ez baita paradisu fiskala.
Baloreak edo finantza-tresnak jaulkitzen dituen erakundeak bere finantza-egoerak kanpoko auditore independente baten auditoretzaren mende jarri behar du urtero. Inbertsioaren unean zein ondorengo ekitaldietan, ezinbestekoa da auditoreak kontrako iritzirik ez ematea erreferentziako azken ekitaldiari buruz.
BGAEak merkatu arautuetan edo negoziazio-sistema multilateraletan kotizatu gabeko finantza-balio eta -tresnetan egindako inbertsioak, praktikan, ez ekartzea inbertsioa jasotzen duen erakundearen gaineko kontrolik.
Ezin da inbertitu erakunde batean, baldin eta haren bazkideek, administratzaileek edo zuzendariek, banaka edo batera, zuzenean edo hirugarrenen bidez, partaidetza esanguratsua badute BGAEaren bazkide sustatzailearen taldean. Ondorio horietarako, ulertzen da eragiketa bat hirugarren pertsona edo erakunde batek egin duela hark ahaidetasun-lotura zuzenekoa edo zeharkakoa badu (odol- edo ezkontza-ahaidetasuna, bigarren mailara artekoa, hori barne), mandataria edo fiduziarioa bada, edo sozietate bat bada, non aipatutako kontseilukide, administrari, zuzendari, erakunde edo gobernu-batzarreko kideak, zuzenean edo zeharka, kapitalaren gutxienez % 25aren jabe baitira edo sozietatean erabaki-ahala baitute.
Debekatuta dago bazkide sustatzailearen talde ekonomikoak jaulkitako kotizatu gabeko baloreetan edo finantza-tresnetan inbertitzea.
Diru-merkatuko tresnak, baldin eta likidoak badira eta une oro zehaztasunez finkatu daitekeen balioa badute, merkatu arautu batean edo negoziazio-sistema multilateral batean negoziatu gabe badaude, eta honako baldintza hauetakoren bat betetzen bada:
Estatuak, autonomia-erkidegoek, toki-erakundeek, Espainiako Bankuak, Europako Banku Zentralak, Europar Batasunak, Europako Inbertsio Bankuak, estatu kideren bateko banku zentralak, estatu kide bateko edozein administrazio publikok, edo estatu kide baten edo gehiagoren kidetza duen nazioarteko organismo publiko batek jaulkitakoak edo bermatutakoak izatea.
Merkatu arautu batean edo negoziazio-sistema multilateral batean negoziatutako baloreak dituen enpresa batek jaulkitakoak izatea.
Zuhurtziazko gainbegiradapean dagoen eta ELGAren eremukoa den erakunde batek jaulkitakoak edo bermatutakoak izatea.
Paragrafo honen ondorioetarako, diru-merkatuko tresnatzat hartzen dira 18 hilabetetik beherako epemuga duten errenta finkoko aktiboak. Gainera, likidotzat jotzen dira, baldin eta haien merkatu-balioan egiteko mekanismorik badago, edo jaulkitzaileak edo finantza-erakunde batek berrerosteko konpromisoa hartzen badu.
11 quater artikulua. Inbertsio kolektiboko erakundeak.
BGAEen araudiaren ondorioetarako, hauek dira inbertsio kolektiboko erakundeak:
Sozietateen kasuan, egoitza Espainian duten inbertsio kolektiboko erakundeak, edo, funtsen kasuan, Espainian eratu direnak (horien sozietate kudeatzaileak egoitza Espainian badu).
Inbertsio kolektibo irekiko erakundetzat har daitekeen zeinahi inbertsio-erakunde, -tresna edo -bitarteko. Inbertsio kolektibo irekia izango da herritarrengandik jasotako funtsen inbertsio kolektiboa egitea xede dutenak, baldin eta haien funtzionamendua arriskuen banaketaren printzipioaren mendean badago, eta haien unitateak, edukitzaileak eskatuta, erakunde horien aktiboen kontura zuzenean edo zeharka berrerosten edo itzultzen badira. Berrerosketa edo itzulketa horiekin parekatzen da inbertsio kolektiboko erakunde batek bigarren mailako merkatu ofizial batean edo ELGAko beste edozein merkatu araututan dituen akzioen edo partaidetzen balioa bere likidazio-baliotik nabarmen ez desitxuratzeko jardutea.
Ez dira inbertsio kolektiboko erakundetzat hartzen, haien izena edo estatutua edozein dela ere, egoitza ELGAko estatu kide batean izanik, aplikatzekoa zaien araudiaren arabera, azaroaren 12ko 22/2014 Legearen 3. artikuluan aurreikusitako arrisku-kapitaleko erakundeen ohiko jarduerak egiten dituztenak (22/2014 Legea, azaroaren 12koa, arrisku-kapitaleko erakundeak, inbertsio kolektiboko bestelako erakunde itxiak eta inbertsio kolektiboko erakunde itxien erakunde kudeatzaileak arautzen dituena, eta azaroaren 4ko 35/2003 Legea Inbertsio kolektiboko erakundeena aldatzen duena).
11 ter artikuluari dagokionez, BGAEen inbertsiorako aktibo egokitzat jotzen dira inbertsio kolektiboko erakunde hauetako akzioak eta partaidetzak:
Europako Esparru Ekonomikoan kokatutako inbertsio kolektiboko erakundeak, koordinaziopean daudenak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/65/EE Zuzentarauaren arabera. Zuzentarau horren bidez, balore higigarrietan inbertsio kolektiboak egiten dituzten erakunde jakin batzuen lege-, erregelamendu- eta administrazio-xedapenak koordinatzen dira.
Finantza-inbertsio kolektiboko erakundeak, baldin eta, aurreko paragrafoan sartuta egon ez arren, araututa badaude inbertsio kolektiboko erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legean eta berau garatzeko gainerako xedapenetan.
Higiezin-inbertsio kolektiboko erakundeak, egoitza Europako Esparru Ekonomikoko estatu batean dutenak edo bertan kokatuta daudenak, betiere erakundeak kontrol-agintaritza baten baimena eta ikuskapena behar badu.
Inbertsio kolektiboko erakundeak, paragrafo honen a), b) eta c) letretan jasota ez daudenak, baldin eta finantza-izaerakoak badira eta baldintza hauek betetzen badituzte:
Beren akzioek edo partaidetzek eskualdaketa askerako inolako mugarik ez badute. Ondorio horietarako, ez dira eskualdaketa askearen mugatzat hartzen erakundearen akziodunen edo partaideen alde merkatuko baldintzetara egokitutako lehentasunezko eskuratze-eskubidea ezartzen duten klausula edo itun espresuak, ez eta erakunde kudeatzaileak edo erakundearen administrazio-kontseiluak eskualdatzeko aldez aurreko baimena ematea behar dutenak ere, baldin eta, eskuratze-kontratuan edo dagokion informazio-liburuxkan, ukoaren arrazoi objektiboak zerrendatzen badira, eta haiek soilik badira erakundearen partaidetzaren balizko erosleek bete beharreko baldintzei buruzkoak.
Akzioek edo partaidetzek ez diote mugarik jartzen eskualdatze askeari, inbertsio-funtsak edo -sozietateak bere likidazio-balioan berrerosteko betebeharra duenean.
Egoitza ELGAko kide den herrialderen batean badute edo bertan kokatuta badaude, eta herrialde hori ez bada paradisu fiskala.
Beren finantza-egoerak urtero ikuskatzea; auditoretza horrek kanpokoa eta independentea izan behar du. Inbertsioa egiteko unean, jasota egon behar da auditoreak aldeko iritzia duela azken erreferentzia-ekitaldiaz. Hala ere, eta inbertitu nahi den erakundearen finantza-egoeren urteko kanpo-auditoretza independentea egiteko betebeharrari kalterik egin gabe, erakunde hori eratu berria bada, eta, horregatik, inbertitzeko unean ez badu auditatutako finantza-egoerarik, erakunde kudeatzaileak, gutxienez, lehendik dagoen beste erakunde batena izan behar du; beste erakunde horrek finantza-egoeren urteko kanpo-auditoretza independentea egiteko betebeharra beteta izan beharko du; era berean, amaitutako azken ekitaldiari dagokionez, auditorearen aldeko iritzia izan beharko du.
BGAEren inbertsioak ez ekartzea, praktikan, inbertsioa jasotzen duen erakundearen gaineko kontrolik.
Ezin da inbertitu erakunde batean, baldin eta haren bazkideek, administratzaileek edo zuzendariek edo, hala badagokio, inbertsio kolektiboko erakundearen sozietate kudeatzailearen bazkideek, administratzaileek edo zuzendariek, banaka edo batera, zuzenean edo zeharka, partaidetza esanguratsua badute BGAEaren bazkide sustatzaileen taldean.
Inbertsioa ezin da egin inbertsio kolektiboko erakundea bera edo haren erakunde kudeatzailea BGAEetako bazkide sustatzaileen talde ekonomikoaren parte diren erakundeetan.
11 quinquies artikulua. Inbertsioak dibertsifikatzeko irizpideak
Egokitzat jotako aktiboen inbertsioa dibertsifikazio-, barreiadura- eta kongruentzia-irizpide hauek betez egin behar da:
BGAE bakoitzeko aktiboaren % 70, gutxienez, 11 ter artikuluaren a), c), d), e) eta f) letrek aipatzen dituzten aktiboetan eta merkatu antolatuetan negoziatutako bitarteko finantzario eratorrietan inbertitu behar da.
Enpresa berak jaulki dituen eta merkatu arautuetan edo negoziazio-sistema multilateraletan kotizatzen duten balore eta finantza-tresnetan egindako inbertsioa ezin da izan BGAEaren aktiboaren % 5 baino handiagoa, ezta % 10 baino handiagoa ere, baldin eta talde bereko enpresek jaulkitako baloreak eta finantza-tresnak badira.
BGAEek ezin dute euren aktiboaren % 2 baino gehiago inbertitu enpresa berak jaulki dituen eta merkatu arautuetan edo negoziazio-sistema multilateraletan kotizatzeko onartuta ez dauden baloreetan eta finantza-tresnetan, edo, negoziazio-zentro horietan negoziatzeko onartuta egon arren, baloreak eta finantza-tresnak ez badira trafiko orokorrerako eta inpertsonalerako egokiak. Halaber, BGAEek ezingo dute % 4 baino gehiago inbertitu, baldin eta talde bereko enpresek jaulkitako baloreak eta finantza-tresnak badira.
Hala ere, Burtsa Merkatu Alternatiboan edo Errenta Finkoko Merkatu Alternatiboan negoziatutako eta erakunde berak jaulkitako baloreetan edo finantza-tresnetan egindako inbertsioa BGAEaren aktiboaren ehuneko 3ra iritsi ahal izango da, bai eta 22/2014 Legean (22/2014 Legea, azaroaren 12koa, arrisku-kapitaleko erakundeak, inbertsio kolektiboko bestelako erakunde itxiak eta inbertsio kolektiboko erakunde itxien erakunde kudeatzaileak arautzen dituena, eta azaroaren 4ko 35/2003 Legea Inbertsio kolektiboko erakundeena aldatzen duena) araututako arrisku-kapitaleko erakunde bakar batek edo inbertsio kolektiboko erakunde itxi batek, edo antzeko erakunde atzerritar batek jaulkitako akzioetan eta partaidetzetan egindako inbertsioa ere; eta BGAEaren aktiboaren % 3ra irits daiteke, baina ezin da izan % 6 baino handiagoa aipatutako balore edo bestelako finantza-tresnentzat, baldin eta talde bereko erakundeek jaulkitzen badituzte.
BGAEetako bazkide babesleek jaulkitako eta finantza-merkatu arautu batean edo negoziazio-sistema multilateral batean negoziatu gabeko baloreetan eta finantza-tresnetan egindako inbertsioak ezin du gainditu BGAEaren aktibo guztien % 2, salbu bazkide babesle anitzen kasuan, haietan muga hori bazkide babesle bakoitzeko aplikatzen baita, % 5eko muga bateratuarekin.
Higiezinetan, hipoteka-kredituetan, higiezin-eskubide errealetan, higiezinetako inbertsio kolektiboko erakundeen akzioetan eta partaidetzetan egindako inbertsioa, eta higiezinen edukitza eta kudeaketa objektu sozial bakar gisa duten sozietateen kapital sozialaren partaidetzetan egindakoa, haien baloreak ez badaude kotizatzeko onartuta merkatu arautuetan, ezin da izan BGAEaren aktiboaren % 20 baino handiagoa.
Ezin da inbertitu BGAEaren aktiboaren % 10 baino gehiago higiezin bakar batean, hipoteka-kreditu batean, higiezin-eskubide erreal batean edo higiezinen edukitza eta kudeaketa objektu sozial bakar gisa duen sozietate baten edo sozietate-talde baten kapital sozialaren akzioetan edo partaidetzetan, haien baloreak ez badaude kotizatzeko onartuta merkatu arautuetan.
Higiezinen inbertsio kolektiboko erakunde bakar batean egindako inbertsioa, asko jota, BGAEaren aktiboaren % 10erainokoa izan daiteke.
Artikulu honen ondorioetarako, higiezinen edukitza eta kudeaketa objektu sozial bakar gisa duen sozietatetzat hartzen dira aktiboaren % 90, gutxienez, higiezinez osatuta daukatenak.
22/2014 Legeak (22/2014 Legea, azaroaren 12koa, arrisku-kapitaleko erakundeak, inbertsio kolektiboko bestelako erakunde itxiak eta inbertsio kolektiboko erakunde itxien erakunde kudeatzaileak arautzen dituena, eta azaroaren 4ko 35/2003 Legea Inbertsio kolektiboko erakundeena aldatzen duena) araututako arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsek eta inbertsio kolektibo itxiko erakundeek jaulkitako balore edo partaidetzetan egindako inbertsioa ezin da izan jaulkitako tituluen edo zirkulazioan dauden partaidetzen guztizkoaren % 20 baino handiagoa, balio nominalean.
Finantza-izaerako inbertsio kolektiboko erakundeetan egindako inbertsioak honako muga hauek ditu:
11 quater artikuluaren 3. paragrafoko a) eta b) letretan aurreikusitako inbertsio kolektiboko erakundeetatik bakar batean egindako inbertsioa BGAEaren aktiboaren % 20raino irits daiteke, baldin eta, inbertsio-funtsen kasuan, haren partaidetzak kotizatutako baloreak badira edo merkatu arautuetan edo negoziazio-sistema multilateraletan negoziatzeko onartuta badaude; eta, inbertsio-sozietateen kasuan, haien akzioak trafiko orokor eta inpertsonalerako modukoak badira eta onartuta badaude merkatu arautuetan edo negoziazio-sistema multilateraletan negoziatzeko.
BGAEak aurreko paragrafoan aurreikusitako inbertsio kolektiboko hainbat erakundetan egindako inbertsioak ezin du gainditu BGAEaren aktiboaren % 50, aipatutako erakunde horiek inbertsio kolektiboko erakundeen entitate kudeatzaile berak edo talde bereko hainbat entitatek kudeatzen dituztenean.
Inbertsioak, halaber, ezin du BGAEaren aktiboaren % 5 gainditu, honako hauetan egindakoa bada: 11 quater artikuluaren 3. paragrafoko a) eta b) letretan aurreikusitako inbertsio kolektiboko erakundeetatik bakar batean egindakoa (aurreko paragrafoan aurreikusitako baldintzak betetzen ez baditu), edo 3. paragrafoko d) letran aurreikusitako inbertsio kolektiboko erakundeetatik bakar batean egindakoa, edo inbertsio askeko inbertsio kolektiboko erakunde bakar batean egindakoa, edo inbertsio askeko inbertsio kolektiboko erakundeetatik bakar batean egindakoa.
BGAEak aurreko paragrafoan aurreikusitako inbertsio kolektiboko hainbat erakundetan egindako inbertsioak ezin du gainditu BGAEaren aktiboaren % 20, aipatutako erakunde horiek inbertsio kolektiboko erakundeen entitate kudeatzaile berak edo talde bereko hainbat entitatek kudeatzen dituztenean.
Tresna eratorriak, aurreko b) eta c) letretan aurreikusitako baldintzetan, barreiatze-mugen mende daude, azpikoaren bilakaerari lotutako merkatu-arriskuagatik, salbu eta azpiko hori inbertsio kolektiboko erakundea, interes-tasa, kanbio-tasa edo gutxienez baldintza hauek betetzen dituen erreferentzia-indizea bada:
Osaera nahikoa dibertsifikatua izatea.
Zabalkunde publiko egokia izatea.
Finantza-merkatuetan oro har erabiltzekoa izatea.
Merkatuko arriskuagatik, aurreko b) paragrafoan aurreikusitako mugak aplikatzen zaizkie tresna eratorriei, baldin eta horien azpikoak lehengaiak badira.
Muga horiek aplikatzeko, estaldura-tresnatzat jotzen diren tresna eratorriak posizio garbiaren arabera hartzen dira kontuan.
Gizarte-aurreikuspenaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saileko titularrak aukeran izango du arau espezifikoak ezartzea, bai finantza-tresna eratorriek paragrafo honetan eta aurreko c) paragrafoan ezarritako mugen zenbaketan duten eraginari buruz, bai eta tresna horiekin egindako eragiketei muga, baldintza eta balorazio-arauak aplikatzeari buruz ere.
11 ter artikuluaren l) letrak aipatzen dituen sozietateetan eginiko inbertsioa bada, aurreko dibertsifikazio- eta barreiatze-mugak zenbatzeko, BGAEaren zuzeneko titulartasuneko aktiboen maila bakoitzaren balioari metatu behar zaio sozietate horiei beraien partaidetzaren ehunekoaren arabera dagozkien aktiboak zenbatzetik ateratzen dena.
Aurreko a) eta g) letren artekoetan aurreikusitako mugak ez dira aplikatzen, baldin eta BGAEaren Inbertsio Printzipioen Adierazpenean ezartzen bada horren xedea inbertsio-politika bat garatzea dela, zeinak errepikatu edo erreferentziatzat hartuko baitu merkatu baten edo gehiagoren adierazgarri den burtsa-indize edo errenta finkoko indize jakin bat, bat etorrita gizarte-aurreikuspenaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak finkatutako betekizunekin.
Artikulu honetan aurreikusitako mugak egiaztatzeko, BGAEaren aktiboa 11 septies artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera zehaztuko da, eta aktiboaren zenbaketatik kanpo geratuko dira enpleguko BGAEen bazkide sustatzaileak berrorekatze-planen ondorioz dituen zorrak, dekretu honen 9. artikuluaren arabera.
BGAE batek aurreikuspen-plan bat baino gehiago baditu, 11 quinquies artikulu honetan ezarritako muga guztiak plan horietako bakoitzerako aplikatuko dira.
Hala ere, muga horiek ez zaizkie aplikatzen estatuak edo haren erakunde autonomoek, autonomia-erkidegoek, udalek edo ELGAko estatu kideetako administrazio publiko baliokideek edo Espainia kide den nazioarteko erakundeek jaulkitako edo abala emandako baloreei edo finantza-tresnei, ez eta Espainiak bere gain har ditzakeen nazioarteko konpromisoetatik eratortzen direnei ere; betiere, jaulkipen bereko baloreetan egindako inbertsioak ez badu gainditzen haren saldo nominalaren % 20.
Kreditu-erakundeetako gordailuei, 11 ter.d) artikuluan araututakoei, ere ez zaizkie muga horiek aplikatuko, gizarte-aurreikuspenaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saileko titularraren agindu bidez zehaztuko baitira, hala badagokio.
Aktibo egoki batean egindako inbertsioa edo tresna eratorri egokien kontratazioa finantza-bermeko itun baten barneko finantza-betebehar nagusitzat hartzen denean, produktibitatea sustatzeko eta kontratazio publikoa hobetzeko premiazko erreformei buruzko martxoaren 11ko 5/2005 Errege Lege Dekretuaren I. tituluko II. kapituluan adierazitakoaren arabera, kontrako alderdiaren arriskuaren ondoriozko barreiatze- eta dibertsifikazio-mugak, finantza-obligazio nagusiari dagozkionak, soilik eskatu ahalko dira eragiketa horien likidazioaren emaitzaren saldo garbian.
Aurrekoa gorabehera, finantza-bermearen objektuak BGAEen inbertsiorako aktibo egokia ere izan behar du, eta artikulu honetan ezarritako barreiatze- eta dibertsifikazio-mugen mende egon, haien izaeraren arabera.
BGAEaren zorroa osatzen duten baloreak eta bestelako aktiboak berme gisa erabili daitezke hark egiten dituen eragiketetan, bai merkatu arautuetan, bai eratorrien merkatu ez antolatuetan; azken kasu horretan, baldin eta produktibitatea sustatzeko eta kontratazio publikoa hobetzeko premiazko erreformei buruzko martxoaren 11ko 5/2005 Errege Lege Dekretuan eskatutako kontratu-konpentsazioko akordioen eta finantza-bermeen babespean badaude.
Arriskuaren kontzentrazio-maila altua dela iritziz gero, edo aurreikuspen-planen finantza-egintza arriskuan jar daitekeenean, Ekonomia eta Ogasun Sailak artikulu honetan zerrendatutakoen osagarri diren baldintza bereziak ezarri diezazkie enpresa bazkide babesleen edo sustatzaileen edo horien taldekoak diren enpresen pasiboan agertzen diren BGAEen inbertsioei.
11 sexies artikulua. Irizpideak aplikatzea.
11, 11 bis, 11 ter, 11 quater eta 11 quinquies artikuluetan zehaztutako arauak bete behar dituzte bai BGAEek bai haiek beren inbertsioak gauzatzeko erabilitako edozein baliabide edo tresnak.
11 septies artikulua. Aktibo egokiak baloratzea.
Aktibo egokiak irizpide hauen arabera baloratzen dira:
Balore eta finantza-tresnak, errenta finkokoak zein aldakorrekoak, diru bihurtzeko balioaren arabera baloratzen dira, honako honi jarraituz:
Merkatu arautu batean edo negoziazio-sistema multilateraletan negoziatzeko onartutako baloreetan edo finantza-tresnetan, diru bihurtzeko baliotzat hartzen da estimazioari dagokion eguneko itxieran duten kotizazioa, edo, estimaziorik ezean, argitaratutako azkena edo batez besteko kanbio haztatua, itxiera-prezio ofizialik ez balego. Merkatu batean baino gehiagotan negoziatu denean, negoziazio-bolumen handiena izan duenari dagokion kotizazioa edo prezioa hartuko da kontuan.
Merkatu arautu batean negoziatzeko onartu ez diren errenta finkoko tituluen kasuan edo, negoziatzeko onartuak izan direnean, haien kotizazioa edo prezioa nahiko adierazgarriak ez direnean, diru bihurtzeko balorea zehazten da haien etorkizuneko finantza-emariak, itzultze-balioa barne, beraien ezaugarriak direla-eta balore horiekin parekagarri den zor publikoaren merkatuaren interes-tasen arabera eguneratuz, delako baloreen likidezia mailaren, jaulkitzearen baldintza zehatzen, erakunde jaulkitzailearen kaudimenaren, herrialde-arriskuaren edo baloreari edo finantza-tresnari dagokion beste edozein arriskuren adierazgarri den prima edo marjina gehituz.
Aurreko 1. eta 2. apartatuetan adierazitakoez bestelako baloreak direnean, diru bihurtzeko baliotzat hartzen da praktikan onartutako arrazoizko balorazio-irizpideak aplikatzetik eratorritakoa.
Higiezinak haien tasazio-balioaren arabera baloratzen dira. Higiezinak gutxienez urtero tasatu behar ditu horretarako baimena duen erakunde tasatzaile batek. Hipoteka duten edo ordainketa geroratuaren bidez erosi diren higiezinen kasuan, tasazio-baliotik kendu behar da ordaindu gabe dagoen hipoteka-erantzukizuna edo ordaintzeke dagoen prezioaren zati geroratuaren egungo balioa. Eguneratzeko, kasuan kasuko obligazioaren hondar-tasaren iraupen antzekoena duen zor publikoaren interes-tasa erabili behar da.
Kredituak uneko balioaren arabera baloratzen dira, bermearen balioaren mugarekin. Eguneratzeko, kredituaren hondar-tasaren iraupen antzekoena duen zor publikoaren uneko interes-tasa erabiliko da, kontratazio-baldintza zehatzen, erakunde jaulkitzailearen kaudimenaren, herrialde-arriskuaren edo kredituari dagokion beste edozein arriskuren adierazgarri den prima edo marjina gehituz.
Hala ere, gizarte-aurreikuspenaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak errenta finkoa baloratzeko arau espezifikoak ezar ditzake enplegu-modalitateko aurreikuspen-planetarako, kontuan hartuta zer iraupen duen BGAEaren aktiboan.
Gizarte-aurreikuspeneko planen inbertsio-politikaren helburua bada errentagarritasun-helburu jakin bat lortzea, kontuan hartu gabe bermerik dagoen ala ez, eta finantza-tresna eratorriak erabiltzen badira, aurreikuspen-plan horien hasierako merkaturatze-aldian finantza-tresna eratorrien posizioak baloratzea baimentzen da, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:
Errentagarritasun-helburu zehatza lortzeko xedea desitxuratzea, baldin eta, hasierako merkaturatze-aldian, tresna eratorrien posizioak egunero baloratzen badira merkatuko prezioetan.
Merkaturatze-aldia luzaezina izatea, eta ez izatea hiru hilabetetik gorakoa.
Finantza-erakunde batek bere gain hartzea merkaturatze-aldia amaitzean kontratatzen ez diren posizioak. Aurreikuspen Planaren Erregelamenduan zehaztu behar da zein den kontratatu gabeko posizioak bere gain hartzen duen erakundea eta zein diren akordioaren baldintzak.
Bazkideei behar bezala jakinaraztea ezen, merkaturatzean, ez direla eratorriak baloratzen.
11 octies artikulua. Beste aktibo egoki batzuk.
11 ter artikuluan araututako aktiboez gain, BGAEen inbertsioa honela gauzatu daiteke:
Ogasun Publikoaren aurkako kredituak, zerga-atxikipen eta -kitapenengatik.
Aseguru-erakundeen esku dauden zuzkidura matematikoak, BGAEak barne hartzen bad(it)u osorik edo zati batean aseguratutako aurreikuspen-plan bat(zuk).
Eskualdatzeke dauden funtsengatik edo finantzaketa- edo berrorekatze-planen ondorioz amortizatzeke dagoen defizitagatik bazkide babesleek dituzten zorrak, baita aurreikuspen-planari egin ez zaizkion ekarpenak ere, prestazioen erregelamenduan edo BGAEaren estatutuetan hartutako konpromisoen arabera, dekretu honen 9. artikuluan ezarritakoari dagokionez.
Hemezortzigarren artikulua. 11. nonies artikulua erantsi da, eta honela geratu da idatzita:
11 nonies artikulua. Aktibo egokien araubidea egokitzea.
Gizarte-aurreikuspenaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren saileko titularrari ahalmena ematen zaio ezartzeko zein izango diren 11 ter eta octies artikuluetan aipatu ez diren beste aktibo batzuen inbertsioen araubidea eta baldintzak, edo salbuespenez egokitzeko 11 quinquies artikuluan eta berau garatzeko arauetan ezarritako mugetako bat.
Kontuan izanik zein den gizarte-aurreikuspeneko plan bakoitzaren inbertsio-orientazioa, planak kategoria hauetan banatzen dira:
Epe laburrerako errenta finkoa: gizarte-aurreikuspeneko planaren eskurako zorroan ez badago errenta aldakorreko aktiborik, ezta azpikoa errenta finkokoa ez duten eratorriak ere, eta zorroan urtebete edo gutxiago iraun badute.
Epe luzerako errenta finkoa: gizarte-aurreikuspeneko planaren eskurako zorroan ez badago errenta aldakorreko aktiborik, ezta azpikoa errenta finkokoa ez duten eratorriak ere, eta zorroan urtebete baino gehiago iraun badute.
Errenta finko mistoa: gizarte-aurreikuspeneko planaren zorroaren % 30 baino gutxiago errenta aldakorreko aktiboetan inbertitzen bada.
Errenta aldakor mistoa: gizarte-aurreikuspeneko planaren zorroaren % 30etik % 75era bitarte errenta aldakorreko aktiboetan inbertitzen bada.
Errenta aldakorra: gizarte-aurreikuspeneko planaren zorroaren % 75 baino gehiago errenta aldakorreko aktiboetan inbertitzen bada.
Bermatuak: gizarte-aurreikuspeneko planean errendimendu jakin bat bermatzen bada.
Beste batzuk: aurreko kategorietako ezeinetan sartu ezin diren aurreikuspen-planak.
Gizarte-aurreikuspeneko plan baten inbertsio-orientazioa aldatzea:
BGAEaren gobernu-batzordeak erabaki behar du,
bazkideei eta planaren onuradunei jakinarazi behar zaie, BGAEen urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren bidez onartutako 5/2012 Legearen Erregelamenduaren 50. artikuluan jasotako informatzeko formulen bidez, eta
gizarte-aurreikuspeneko planaren inbertsio-printzipioen adierazpena egokitu beharko da, eta, prestazioen erregelamenduak inbertsio-orientazioa jasotzen duen kasuetan, erregelamendua aldatu beharko da.
Bazkideek eta onuradunek BGAEen gobernu-organoetan parte hartu ahal izango dute, hala zuzenean, nola ordezkari bidez, erakundearen estatutuetan ezarritakoari jarraikiz.
Ondorio horietarako, honako hauek hartuko dira gobernu-organotzat:
Batzar orokorra.
Gobernu-batzordea.
Jarraipen-batzordea, hala badagokio.
Gobernu-organoek ordezkariz osatuta egon behar badute, kide kopurua estatutuetan finkatuko da, betiere proportzionaltasun-irizpideekin bat etorriz.
Negoziazio kolektiboan edo enpresa-itunean jasotako aurreikuspenen arabera sortutako enpleguko BGAEetan, gobernu-organoetan parte hartzea eta horietan ordezkatuta egotea estatutuetan ezarritakora egokituko da, betiere negoziazio kolektiboan edo enpresa-itunean adostutakoaren arabera.
Gobernu-organoetan botoa emateko eskubidea duten kideek gobernu-organo bereko beste kide bati eskuordetu ahal izango diote botoa, espresuki eta idatziz, honako arau hauen arabera:
Bilera zehatz eta jakin baterako eskuordetuko da botoa.
Botoa eskuordetzeko idazkiak aditzera eman beharko ditu eskuordetzailearen eta eskuordetuaren datuak. Eskuordetze-idazkian zehaztu ahal izango da gai-zerrendako puntu guztietarako edo batzuetarako botoaren nolakoa.
Boto-eskuordetzea noiznahi ezeztatu ahal izango da. Eskuordetzailea gobernu-organoaren bilerara joaten bada, eskuordetza bertan behera geratuko da.
BGAEaren estatutuek mugatu egin dezakete gobernu-organoko kide bakar bati egin dakizkiokeen boto-eskuordetzen kopurua.
Banakako modalitateko BGAEek zaindu beharko dute ea osoko bazkideek benetan parte hartzen duten erakundearen gobernu-organoetan. Horretarako, gobernu-batzordean, mekanismo bat ezarri eta onartu beharko dute, parte hartzeko, bazkideei hauteskunde-aldien berri emateko, eta bazkide arruntak gobernu-organoetan inplikatzeko eta benetan ordezkatuta egoteko.
BGAEek ahaleginak egingo dituzte emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egon dadin gobernu-organoetan eta, hala badagokio, jarraipen-batzordean, BGAEko gizon eta emakumeen ehunekoari dagokion proportzioaren arabera eta ondorengo parametroekin bat etorriz.
Gobernu-batzordeak, gehienez ere bost urtean behin, aztertu beharko du ea emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua dagoen ala ez BGAEan.
Azterketa horretatik ondorioztatzen bada BGAEak defizita duela ordezkaritza orekatuan, gobernu-batzordeak behar diren neurriak sustatu eta, hala badagokio, hartu behar ditu, gobernu-organoetan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egon dadin 5 urteko epean, BGAEko genero bateko eta besteko bazkideen eta onuradunen proportzioari jarraikiz.
Eusko Jaurlaritzan gizarte-aurreikuspenaren arloan eskumena duen zuzendaritzari jakinaraziko zaio zer azterketa egin den gobernu-organoetan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izateari buruz eta zer neurri hartzen dituen gobernu-batzordeak hori lortzeko.
Hogeita batgarren artikulua. 8. artikuluaren zenbakia aldatu da, eta aurrerantzean 8 bis artikulua izango da.
Hogeita bigarren artikulua. Aldatu egin da 13. artikulua, eta honela geratu da idatzita:
Gobernu-batzordean ordezkatuta egon beharko dira bai osoko bazkideak edo arruntak, bai bazkide sustatzaileak eta babesleak, baita onuradunak ere, BGAEaren estatutuek hala ezartzen badute. Bere funtzioak betetzean, gobernu-batzordeak modu esklusiboan zainduko ditu BGAEko osoko bazkideen eta onuradunen interesak.
Hogeita hirugarren artikulua. Aldatu egin da 32. artikulua, eta honela geratu da idatzita:
Adinagatik edo gaixotasun edo desgaitasunen batengatik, pertsona batzuek modu iraunkorrean bizi duten egoera da mendekotasuna, eta zerikusia du autonomia fisiko, mental, intelektual edo sentsorialaren gabezia edo galerarekin; horren ondorioz, mendekotasuna dutenek beste pertsona baten edo batzuen arreta behar dute, edo laguntza handia behar dute eguneroko oinarrizko ekintzak aurrera eraman ahal izateko; adimen-desgaitasuna edo gaixotasun mentala dutenen kasuan, berriz, autonomia pertsonala izateko beste laguntza mota batzuen beharra daukate.
Mendekotasunaren kontingentziak mendekotasun larriaren (II. gradua) eta mendekotasun handiaren (III. gradua) estaldurari erantzungo dio, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen arabera edo hura ordezten duen araudian xedatutakoaren arabera.
Mendekotasun-egoera eta horren gradua administrazio eskudunak horretarako emandako ebazpen baten bidez aitortuko dira.
Mendekotasuna bazkidearena edo haren ezkontidearena izan daiteke, edo hirugarren gradura arteko aurreko edo ondorengo ahaide zuzeneko nahiz zeharkako batena, baldin eta pertsona haien mende badago edo tutoretzan edo harreran hartuta badaukate.
Hogeita laugarren artikulua. Tarteki bat sartu da 50. artikuluaren 1. apartatuan, testu honekin:
Erregelamendu honen 4. artikuluaren 2. apartatuan eta 11. artikuluan ezarritakoa salbu, indarrean dagoen araudiak agindutako informazioa baliabide telematikoen bidez jarriko da bazkide arrunten eta onuradunen esku. Bazkideari edo onuradunari aukera eman beharko zaio informazioa dokumentazio idatziaren bidez banaka bidal dakiola hautatzeko.
Hogeita bosgarren artikulua. 68 bis artikulua erantsi da, eta honela geratu da idatzita:
68 bis artikulua. Operazio lotetsiak.
Ondorengo apartatu honetan zerrendatutakoak dira eragiketa lotuak, BGAE baten eta hauen artekoak badira:
bazkide sustatzailea, gordailuzaina edo, hala badagokio, finantza-aktiboak kudeatzeko edo BGAEa administratzeko azpikontratatu diren sozietateak, edo aipatutako erakundeen enpresa-talde bereko enpresak, edo
BGAEko administrariak eta zuzendariak, eragiketak haiekin zuzenean egin badira, edo haiek partaidetza handia duten enpresekin.
Honako eragiketa hauek dira eragiketa lotuak:
BGAE batek eta 1. apartatuan zerrendatutako edozein pertsona fisiko edo juridikok esku hartzen duen edozein negozio, transakzio edo zerbitzu-prestazio.
Ez dira barne hartzen gordailuzainak edo finantza-aktiboak kudeatzeko edo BGAEa administratzeko azpikontratatu diren sozietateek lan horiei datxezkien zerbitzuak emateagatik lortutako ordainsariak.
Era berean, eragiketa lotutzat hartzen dira apartatu honetan aurreikusitako eragiketak, baldin eta bitarteko pertsonen edo erakundeen bidez egiten badira, BGAEen jarduera jakin batzuk arautzen dituen maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 ter.ñ) artikuluaren 5. zenbakian bitarteko pertsonei edo erakundeei dagokienez deskribatzen diren baldintzetan.
BGAE batek artikulu honetan aurreikusitako eragiketa lotuak egin ahal izateko, honako baldintza hauek bete behar dira:
BGAEak barne-prozedura formal bat izan beharko du, prestazioen erregelamenduan edo gobernu onaren barne-erregelamenduan jasoa, ziurtatzeko eragiketa lotua BGAEaren bazkideen eta onuradunen interes esklusiborako egiten dela, merkatuko prezio edo baldintza berdinetan edo hobeetan.
92/2007 Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitako urteko kudeaketa-txostenean, BGAEak aditzera eman behar du zer prozedura hartu duen interes-gatazkak saihesteko, eta zer eragiketa lotu gauzatu dituen ekitaldi bakoitzean.
Alde batera utzita artikulu honetako 3. apartatuan jasotako barne-prozedura, gobernu-batzordeak onartu beharko ditu BGAEaren ondarearen % 10etik gorako negozio-bolumenera iristen diren eragiketa lotuak, honako arau hauen arabera:
Gaia gai-zerrendan sartu beharko da, eta espresuki adierazi beharko da zein diren eragiketa lotua eta eragiketa horretan inplikatutako pertsona fisiko edo juridikoak.
Gobernu-batzordeko kideren batek bere burua lotetsitzat jotzen badu artikulu honetan ezarritakoaren arabera, uko egin beharko dio bozketan parte hartzeari.
Bozketa isilpekoa izango da.
Bozketa egin eta emaitza jakin ondoren, gobernu-batzordeko kideek aktan jaso ahal izango dituzte hartutako erabakiari buruzko zalantzak edo desadostasunak.
Hogeita seigarren artikulua. Aldatu egin da 91. artikulua, eta honela geratu da idatzita:
Bazkideen Fitxategi Orokorra EAEko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren mende egongo da, eta xede hauek izango ditu 5/2012 Legearen 24.1 artikuluan jasotzen diren kontingentziak babesten dituzten BGAEentzat:
Bazkide guztien berri izatea, onuradun posibleei informatu ahal izateko hildako pertsona bat BGAE bateko bazkide zela.
Hala eskatzen dutenean, BGAEei bazkideen heriotzaren berri ematea, ez dezaten jarraitu ordaintzen ez dagokien prestaziorik.
Ezagutzea bazkide arrunten eta sustatzaileen alta eta bajen berri, eta jakitea zer onuradunek dituzten kobratzeke eskubide ekonomikoak, eta zein diren haien ekarpenak eta prestazioak, plangintza ordenatua egiten laguntzeko; hala, informazio estatistiko eguneratua prestatu ahal izango da, borondatezko aurreikuspen-arloko politika publiko eta pribatu efikazagoak lortzeko eta Europar Batasuneko legeriak arlo honetan ezartzen dituen informazio-eskakizunak betetzeko.
BGAEek datu hauek emango dituzte Bazkideen Fitxategi Orokorrerako:
Orokorrean:
Zein den Erakundeak BGAEen Erregistroan azaltzen den inskripzio-zenbakia.
BGAEaren izena.
Aurreikuspen-planen izena eta kode-zenbakia.
Aurreikuspen-plan bakoitzeko, eskubide ekonomikoak ordaintzeke dituzten bazkide edo onuradun guztien NAN zenbakia edo, hala badagokio, beste dokumentu batekoa, identitatea egiaztatzeko egokia dena.
NAN, AIZ edo pasaportea bakoitzari dagokionez:
Zer egoeratan dauden eskubide ekonomikoak ordaintzeke dituen bazkideak edo onuradunak: bazkide aktiboa, bazkide etena, pasiboa erretiratuta egotearren, pasiboa beste kontingentzia batzuengatik; eskubide ekonomikoak kobratzeke dituen onuraduna; bazkide-baja.
Adina.
Sexua.
Bizilekua (udalerria).
Zenbatekoak diren egindako ekarpen pertsonalak.
Zer ekarpen egin dituen bazkide babesleak.
Zer udalerritakoa den ekarpenak egiten dituen bazkide babeslea.
Zer ekarpen egin dituzten hirugarrenek haren alde.
Prestazioak kobratzeko modua: finantza-errenta, errenta aktuariala, kapitala, mistoa edo beste batzuk.
Zenbateko prestazioa jaso den.
Zenbateko erreskatea jaso den 10 urteko antzinatasuna egiaztatzeagatik eta kontingentziarik ez izateagatik.
Zer eskubide ekonomiko dauden informatu beharreko aldiaren amaieran.
Ekitaldian erretiroa hartzea.
Erretiroa ez beste kontingentzia batzuengatiko bazkide pasiboei dagokienez:
ez dira identifikatuko NAN bidez, edota haiek identifikatzen dituen edo identifikagarri bilakatzen dituen beste edozein datugatik, eta
aurreko a) eta b) apartatuetan adierazitako datuak bidaliko dira. Egoerari buruzko aurreko apartatuan, egoera hauetakoren bat adieraziko da: pasiboa ezintasun iraunkorragatik edo ezintasunagatik, pasiboa mendekotasunagatik, pasiboa iraupen luzeko langabeziagatik, pasiboa gaixotasun larriagatik.
Hilero, BGAEek bereizita bidaliko dute Bazkideen Fitxategi Orokorrera, batetik, aurreko a) eta b) letretan adierazitako informazioa, eta, bestetik, c) letrakoa, erreferentzia modura hartuta zein den hil bakoitzaren azken eguna, eta data horretatik hurrengo hamar egunetan.
Bazkideen Fitxategi Orokorra publikoa da, eta honako hauek kontsulatu ahal izango dute:
edonork, jakin nahi badu hildakoren bat BGAE bateko bazkide ote zen, eta
edozein BGAEk, jakin nahi badu bazkide pasiboetako bat hil ote zaion.
Bazkideen Fitxategi Orokorrak honako hauei emango die informazioa:
interesdunei, baldin eta jakin nahi badute hildakoren bat BGAE bateko edo batzuetako bazkide ote zen, eta zer aurreikuspen-plan zeuzkan, halakorik bazeukan, eta
BGAEei, jakin nahi badute bazkide pasiboetako bat hil ote zaien.
Aurreko 1. apartatutik 4.era bitartean bazkideei buruz ezarritakoa orobat aplikatuko zaie BGAEtik kobratzeko eskubide ekonomikoak dituzten onuradunei.
Eusko Jaurlaritzan gizarte-aurreikuspenaren arloko eskumena duen saileko titularrak emandako agindu batek arautuko du nola antolatu fitxategi hori.
Hogeita zazpigarren artikulua. 101. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
Honako arau hauetan ezarritakoaren arabera babestuko dira erregelamendu honetan xedatutakoa betetzeko jaso edo prestatzen diren datu pertsonalak: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Hogeita zortzigarren artikulua. 104. artikulua aldatu da, zentzu honetan:
104. artikuluaren 2. paragrafoari d) letra gehitu zaio, eta lehengo d) letra e) letra izango da aurrerantzean.
Gobernu-organoetan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izateari buruzko azterketa eta gobernu-batzordeak hori lortzeko hartzen dituen neurriak.
Hogeita bederatzigarren artikulua. 115. artikuluaren lehen apartatua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
Aitortzen da herritarrek eskubidea dutela EAEko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistrora jotzeko, baldin eta legitimazioa edo interes legitimoa egiaztatzen bada administrazio prozedura erkidearen arloko legerian aurreikusitako baldintzetan, forman, epeetan eta ondorioekin, eta honako hauek ezarritako mugekin: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Hogeita hamargarren artikulua. VI. titulua erantsi da, eta honela geratu da idatzita:
122. artikulua. Definizioak.
5/2012 Legearen 11. artikuluaren arabera, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko erakundeak dira: BGAEak, enplegu-modalitatekoak eta barnean soilik hartzen dituztenak gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko plan bat edo batzuk.
Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planak dira: 5/2012 Legearen 14. artikuluan agindutako baldintzak betetzen dituztenak.
123. artikulua. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko erakundeak.
5/2012 Legearen 30. eta 31. artikuluetan xedatutakoaren arabera eratuko dira lehentasunezko BGAEak.
Gainera, eratze-aktan, batzar eratzailearen akordioa jaso beharko da, sustatzaileek aho batez hartua, eta adierazi beharko duena ezen, era horretako BGAEei eskatzen zaizkien baldintzak betez, batzar eratzaileak eskatzen duela lehentasunezkotzat jotzea.
Lehentasunezko BGAE baten izendapenak enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko erakundea esamoldea jasoko du bere izenean.
124. artikulua. Lehentasunezko kalifikatzea.
BGAE batek eskatzen badu ezen, BGAE edo gizarte-aurreikuspeneko plan gisa baimentzeaz gain, lehentasunezko gisa ere kalifikatzeko eta inskribatzeko, Eusko Jaurlaritzan gizarte-aurreikuspenaren arloan eskumena duen zuzendaritzak egiaztatuko du ea betetzen dituen 5/2012 Legeak mota horretako BGAEetarako eta planetarako eskatzen dituen baldintzak; ebazpen berean, baimena eta lehentasunezko kalifikazioa emango dizkio, eta hala inskribatuko du Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan.
125. artikulua. Lehentasunezko kalifikazioa eskuratzea eta galtzea.
Baldin eta dagoeneko eratuta dauden BGAEek eta gizarte-aurreikuspeneko planek, eskatutako baldintzak bete, eta lehentasunezko kalifikazioa lortu nahi badute, gobernu-organo eskudunak hartu beharko du dagokion akordioa, eta estatutuak edo erregelamendua aldatu beharko ditu, arau horiek aldatzeko aurreikusitako gehiengoekin.
BGAE horiei edo plan horiei eskatutako edozein baldintza bete ezean, galdu egingo da lehentasunezko kalifikazioa, gizarte-aurreikuspenaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak emana.
126. artikulua. Gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planak.
Gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planak eratzeko, kontuan izango da zer xedatzen den 5/2012 Legearen 42. eta 43. artikuluetan. Bazkidearen edo bazkide sustatzaileen plana sortzeko erabakian berariaz adierazi beharko da plana lehentasunezkoa dela.
Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planen izendapenak gizarte-aurreikuspeneko plana, lehentasunezko enplegu-modalitatekoa esamoldea jasoko du bere izenean.
Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko plan bat sartu ahal izango da enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko erakunde batean, edo lehentasunezkoa ez den enpleguko BGAE batean. Baldin eta enpleguko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko plana sartzen bada lehentasunezkoa ez den BGAE batean, BGAEak lehentasunezko izaera jakinarazi beharko die foru-ogasunei plan horri buruzko zerga-informazioan, dagozkion zerga-ondorioak izan ditzan.
Lehentasunezkoak izan ahalko dira bazkide pasiboentzako eta onuradunentzako prestazioak ordaintzeko soilik erabiltzen diren gizarte-aurreikuspeneko planek, baldin eta prestazio horiek gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planen ondorio badira.
127. artikulua. Prestazioak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko erakundeetan eta gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planetan.
Estatutuetan edo erregelamenduetan ezarritakoaren arabera jasoko dira prestazioak.
Erretiro, heriotza eta lan-harremana amaitzea dakarten baliaezintasun edo ezintasun iraunkorren ondoriozko prestazioak ordaintzeko, biziarteko errenta ordainduko da, finantza-errentak ordaintzeko aukerarekin, baldin eta haiek gutxienez hamabost urterako badira, salbu eta zurztasun-prestazioetan.
Salbuespenez, enpleguko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planaren estatutuek edo erregelamenduak aurreikusi ahal izango dute kapital moduan jaso ahal izango direla erretiro, heriotza, baliaezintasun edo ezintasun iraunkorren ondoriozko prestazioak; hain zuzen ere, honako kasu hauetan:
Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planaren estatutuek edo erregelamenduak ezarri ahalko dute ezen, eskubide ekonomikoak zenbateko jakin batera iristen ez direnean, prestazioa kapital gisa jaso ahal izango dela, osorik edo zati batean. Eskubide ekonomikoen zenbatekoa ezingo da izan ezkontidea kargura edukita erretiratzeagatik Gizarte Segurantzaren sistemak ematen duen gutxieneko urteko erretiro-prestazioaren halako bi eta erdi baino handiagoa.
Estatutuek edo erregelamenduak zenbateko jakin bat ezar dezakete gehieneko zenbateko gisa, edo hori kalkulatzeko formula, betiere aurreko paragrafoan adierazitako zenbatekoaren muga errespetatzen bada.
Ondorio horietarako, eskubide ekonomikoen zenbatekoa zehazteko, ez da kontuan hartuko hurrengo letran aurreikusitako eskubide ekonomikoen zenbatekoaren % 20ra arteko kapital-kobrantzak eskubide horietan eragin dezakeen murrizketa.
Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planaren estatutuek edo erregelamenduak aukera eman ahalko dute kapital gisa jasotzeko eskubide ekonomikoen zenbatekoaren % 20ra arte. Gehieneko muga hori errespetatuz, estatutuek edo erregelamenduak ezar dezakete kapital moduan jaso ahal izango diren eskubide ekonomikoen gehieneko ehuneko zehatza.
128. artikulua. Diskriminaziorik ezaren printzipioa.
5/2012 Legearen 14. artikuluaren a) letran jasotako diskriminaziorik ezaren printzipioa betetzat joko da, baldin eta bermatzen bada enpleguko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planari osoko bazkide gisa atxikiko zaizkiola bazkide babesleren batekin lan-harreman bat duten pertsona guztiak, lan-harreman berezia duten langileak barne, edo zerbitzu-harremanak dituztenak funtzionarioen eta estatutupeko langileen kasuan, edo bazkide langileak edo laneko bazkideak kooperatiba- eta lan-sozietateetan, gutxienez hilabeteko antzinatasuna badute, kalterik egin gabe epe laburrago batean negoziazio kolektiboan edo enpresa-itunean lortzen diren akordioei.
Akordioan edo hitzarmen kolektiboan ezartzen denean langileak zuzenean sartzen direla enpleguko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planean, hari atxikitzat joko dira; salbu akordioak edo hitzarmen kolektiboak aurreikusten duenean ezen, horretarako erabakitako epean, langileek espresuki eta idatziz deklaratu ahal diotela BGAEko gobernu-batzordeari ez dutela sartu nahi plan horretan.
Gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planean sartu gabeko enplegatuak egotea ez da joko diskriminaziorik ezaren printzipioaren urraketatzat, baldin eta, enpresa-ondorengotzaren ondorioz, beste hitzarmen kolektibo batek arautzen baditu ondorengotzak eragindako langileen lan-harremanak, hitzarmen hori aplikatzekoa den bitartean.
129. artikulua. Jarraipen-batzordea.
Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planek jarraipen-batzorde bana izango dute, zeinetan bazkide babesleak edo osoko bazkideak modu parekidean ordezkatuta egongo baitira, salbuespen hauekin:
Plan bakarra duten BGAEen kasuan, gobernu-batzordea parekidea bada, ez da beharrezkoa izango jarraipen-batzorde bat eratzea, eta gobernu-batzordeak hartuko ditu bere gain batzorde horren eginkizunak.
Ordezkaritza parekidearen betekizunetik salbuetsita daude hala autonomoak edo kooperatiba- eta lan-sozietateetako bazkide langileak nola laneko bazkideak biltzen dituzten planak edo BGAEak.
Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planaren erregelamenduan arautuko da nola izendatu jarraipen-batzordeko kideak eta nola utzi behar dituzten karguak. Izendapena eta kargu-uztea zuzenean egin ahalko ditu ordezkatuta dagoen bazkide mota orok, bai eta BGAEaren beste gobernu-organo batek, osaera parekidea badu.
Enpleguko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko planaren erregelamenduan arautuko da zein den jarraipen-batzordeko kideen agintaldia, eta kideok berriz hautatu ahal izango dira.
Sortzen diren lanpostu hutsak betetzeko, kontuan izango da nola izendatu zen lanpostua utzi duen kidea, eta halaxe beteko da hurrengoa. Lanpostu hutsak bete behar diren kasuetan, horren arrazoia edozein dela ere, izendatutakoak jarraipen-batzordeko kide izango dira, erregelamenduan ezarritako agintaldia osatu arte geratzen den aldirako.
BGAEko bazkide ez direnak ere izan ahalko dira jarraipen-batzordeko ordezkari.
Jarraipen-batzordeko kideek sekretu profesionala gorde beharko dute jarraipen-batzordeak berak erreserbatutzat jotzen dituen gaietan.
130. artikulua. Jarraipen-batzordeak akordioak hartzea.
Jarraipen-batzordeak edo gobernu-batzordeak, baldin eta plan bakar hori eta gobernu-batzorde parekidea dituen lehentasunezko BGAE batean integratutako plana bada, akordioak hartzeko orduan, bete egin beharko du indarrean dagoen araudian ezarritako gehiengoen araubidea. Aurrekoari kalterik egin gabe, erabaki batzuk edo guztiak hartzeko orduan, estatutuek eta erregelamenduek eskatu ahal izango dute bazkide babesleen ordezkariek emandako botoen gehiengoa eta bazkideen eta onuradunen ordezkariek emandako botoen gehiengoa aldekoa izateko.
Jarraipen-batzordeko kideek botoa eskuordetu ahal izango dute, dekretu honen 13. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Jarraipen-batzordeak presidente bat eta idazkari bat izendatuko ditu kideen artetik. Gobernu-batzordeko idazkariak jarraipen-batzordeko idazkari lanetan jardun ahalko izango du; kasu horretan, idazkaria ezingo da izan jarraipen-batzordeko kide.
Jarraipen-batzordeak dagokion akta-liburua osatuko du.
131. artikulua. Bazkideei lehentasunezko planen berri ematea.
Prestazio definituko enpleguko lehentasunezko aurreikuspen-planetan, BGAEak informazioa emango die bazkideei, 92/2007 Dekretuaren 4. artikuluaren 3. apartatuko a) letran ezarritakoaren arabera.
Ekarpen definituko enpleguko lehentasunezko aurreikuspen-planetan, BGAEak informazioa emango die bazkideei, 92/2007 Dekretuaren 4. artikuluaren 3. apartatuko b) letran ezarritakoaren arabera; etorkizuneko pentsio osagarria balioesteko, BGAEak nabarmenki jakinaraziko die bazkideei hileko zer pentsio balioesten den erretiro-egunerako; horretarako, bere estatutu edo erregelamenduek zer pentsio-formula ezarri, formula hori erabiliko dute. Era berean, lehen ekarpenak egiten dituztenetik ere erabili ahal izango dute informazio-formula hori.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Izapidetzen ari diren espedienteak.
Dekretu hau indarrean jarri aurretik BGAEen arloan hasitako espedienteak izapidetzeko eta ebazteko, kontuan hartuko da zer xedapen zeuden indarrean egun horretara arte, eta haien arabera izapidetu eta ebatziko dira.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Estatutuak eta erregelamenduak egokitzea.
Dekretu hau indarrean jarri eta hurrengo egunetik aurrera, sei hilabeteko epean, BGAEek beren estatutuak egokitu beharko dituzte dekretu honetan ezarritakora, eta, hala badagokio, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko planen erregelamenduak ere egokitu beharko dituzte.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa eragotzi gabe, 2024ko uztailaren 1etik aurrera, dekretu honen lehenengo artikuluan ezarritako administrazio-gastuen gehieneko ehunekoak aplikatuko dira (dekretu honek aldatu egiten du Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Legearen Erregelamendua onartzen duen otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 16. artikuluaren 1.1 apartatua), BGAEaren estatutuak edo borondatezko gizarte-aurreikuspeneko planen erregelamenduak egokitu ez badira ere.
Dekretu hau indarrean jarri aurretik lehentasunezkotzat jo diren enpleguko BGAEek, bost urteko epean, dekretu hau indarrean jarri eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, beren borondatezko gizarte-aurreikuspeneko planen estatutuak eta erregelamenduak egokitu beharko dituzte urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren 127. artikuluan xedatutakora (203/2015 Dekretua, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamendua onartzen duena, dekretu honen hogeita hamaikagarren artikuluaren bidez sartua).
Aurreko paragrafoan aipatutako estatutuak eta erregelamenduak egokitzeko erabakietan, dekretu hau indarrean jartzean lehentasunezkotzat jotako BGAEek, salbuespen gisa eta soilik egokitzapenaren unean bazkide diren bazkideei dagokienez, beren estatutu edo erregelamenduetan honako formula hauek onartu eta jaso ahal izango dituzte:
Prestazioa osorik edo zati batean kapital gisa jasotzeko aukera, baldin eta eskubide ekonomikoak ez badira hiru aldiz handiagoak ezkontidea kargura edukita erretiratzeagatik Gizarte Segurantzaren sistemak ematen duen gutxieneko urteko prestazioa baino, kontingentzia gertatzen den unean.
Metatutako eskubide ekonomikoek errenta bat sortzen dutenean, aurreko paragrafoan jasotako zenbatekoa gainditzeagatik, eskubide horien zenbatekoaren % 25, gehienez kapital gisa jasotzeko aukera.
Halaber, dekretu hau indarrean jarri eta lau urteko epean lehentasunezkotzat jotzen diren enpleguko BGAEek eta epe horretan lehentasunezko gisa eratzen diren BGAE berriek aurreko ataleko aukerak jaso ahal izango dituzte beren estatutu eta erregelamenduetan, 127. artikuluan xedatutakora egokitzeko unean bazkide direnentzat.
Indargabetu egin da Finantza zuzendariaren 2010eko urtarrilaren 26ko Ebazpena, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuko manu jakin batzuk garatzeko 2009ko apirilaren 29ko Aginduko 27. artikuluan ezarritako irizpideak garatzekoa, zeinaren bidez ezartzen baitziren bai Administrazioari jakinarazi beharreko datuak, BGAEetako Aurreikuspen Planetako arrisku-profila, administrazio-gastuak eta errentagarritasun historikoa argitaratzeko, bai eta datuok helarazteko modua ere.
Dekretu hau 2024ko apirilaren 2an jarriko da indarrean, salbu eta hogeita seigarren artikuluan, Bazkideen Fitxategi Orokorrari buruzkoan, xedatutakoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko baita indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko otsailaren 13an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.