Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

12/2021 DEKRETUA, urtarrilaren 19koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 21
  • Hurrenkera-zk.: 488
  • Xedapen-zk.: 12
  • Xedapen-data: 2021/01/19
  • Argitaratze-data: 2021/01/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen egitura berrantolatu zen, eta Administrazioaren sailen artean eskumenak banatu ziren, hain zuzen ere, Jaurlaritzaren eginkizun politiko-administratiboen etenik gabeko jarraipena bermatzeko, eta aurreko administrazio-antolamendutik dekretu honetan onartzen den antolamendura iragatea antolatzeko, betiere, azken helburua izanik, ahalik eta eraginkortasunik handienarekin garatzea legegintzaldi berriko Jaurlaritzaren Programa.

Irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 13. artikuluak zehazten ditu Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitekoak eta jardun-arloak, eta dekretu horren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, desagertutako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko organo eta unitate guztiek osatuko dute sail berria, Enplegu eta Gazteria Sailburuordetzako organoek eta unitateek izan ezik, Gazteria Zuzendaritzaren salbuespenarekin. Halaber, xedapen horren bigarren apartatuak dioenez, desagertutako Lan eta Justizia Saileko Justizia Sailburuordetzako organoak eta unitateak gehituko zaizkio, bai eta Lehendakaritzaren aurreko egiturako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusikoak ere.

Bat etorriz irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoan ezarritakoarekin, non zehazten baitira erregelamendu organikoak gidatu behar dituzten antolamendu-irizpideak, beharrezkoa da jardun-arloak berrantolatzea.

Azken finean, aipatutako egoera horiek guztiek agerian uzten dute Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzional berria antolatu beharra.

Egitura horrek hiru sailburuordetza izango ditu: Justizia Sailburuordetza; Gizarte Politiketako Sailburuordetza, eta Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Sailburuordetza. Sailburuordetzak, orobat, hainbat zuzendaritzatan egituratzen dira, arlo espezifiko bakoitzaren arabera.

Halaber, eta aurrekoaz gain, sailburuarekiko mendekotasun hierarkiko zuzena duten beste organo batzuk ere badaude: Kabinete Zuzendaritza, Komunikazio Zuzendaritza, Zerbitzu Zuzendaritza eta Gazteria Zuzendaritza.

Justizia Sailburuordetzak eskumen hauek izango ditu sailaren barruan: Botere Judizialarekiko harremanak; Justizia Administrazioaren jardunerako baliabideak jartzea; espetxe-establezimenduak eta, bereziki, horien antolaera, funtzionamendua eta espetxe-legeak betetzea, bere gain hartuta lege horiek Espetxe Administrazioko organo zentralei ematen dizkieten ahalmenen egikaritzea; adingabe arau-hausleen arloko eskumenak; notarioak eta jabetza-erregistratzaileak izendatzea, eta euskara normalizatzeko oinarrizko arauetan bildutako eskubideak bermatzea Justizia Administrazioaren esparruan.

Organikoki sailburuordetza horren mende daude Justizia Administrazioko Zuzendaritza, Justizia Digitalaren eta Azpiegituren Zuzendaritza, eta Justizia Zuzendaritza.

Bestalde, Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren egiteko nagusia da honako arlo hauek guztiak planifikatzea, ikuskatzea eta ebaluatzea: gizarte-zerbitzuak eta gizarte-ongizatea, eta, bereziki, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman parte hartzea; familia- eta komunitate-politika; haurtzaro- eta nerabezaro-politika; boluntariotza eta ekintza boluntarioa; migrazioa eta asiloa.

Hiru zuzendaritza daude sailburuordetza horren mende: Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza, Familia eta Haurren Zuzendaritza, eta Migrazio eta Asilo Zuzendaritza.

Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Sailburuordetzak bakea eta bizikidetza sustatuko ditu, Gogora Institutuaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren planak garatuko eta bultzatuko ditu, eta aniztasuna kudeatzeko politikak bideratuko ditu.

Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzak eratuko du sailburuordetza hau.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari dagokio Generoaren arloko aukera-berdintasunaren jardun-arloa eta genero-indarkeriaren biktimez arduratzeko politikak zuzentzea eta koordinatzea.

Garapenerako lankidetzaren arloa Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio, berau sortu eta arautzeko ekainaren 19ko 5/2008 Legean xedatutakoa betez.

Memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloa Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari dagokio, azaroaren 27ko 4/2014 Legean ezarritakoaren arabera.

Horren ondorioz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartu ondoren eta Gobernu Kontseiluak 2021eko urtarrilaren 19an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 13. artikuluan zehaztutako egitekoak eta jardun-arloak dagozkio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, aurreko artikuluan aipatu diren eskumenak baliatzeko, honako organo hauek ditu:

  1. Organo zentralak:

    1. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua.

    1. Kabinete Zuzendaritza.

    2. Komunikazio Zuzendaritza.

    3. Zerbitzu Zuzendaritza.

    4. Gazteria Zuzendaritza.

    1. Justizia Sailburuordetza.

    1. Justizia Administrazioko Zuzendaritza.

    2. Justizia Digitalaren eta Azpiegituren Zuzendaritza.

      2,3. Justizia Zuzendaritza.

    3. Gizarte Politiketako Sailburuordetza.

    1. Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza.

    2. Familia eta Haurren Zuzendaritza.

    3. Migrazio eta Asilo Zuzendaritza.

    4. Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Sailburuordetza.

    1. Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritza.

  2. Organo hauek ere Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita edo lotuta daude, haien sortze-arauetan ezarritakoaren arabera:

    Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordea, ekainaren 2ko 239/1999 Dekretuaren arabera arautua.

    Gizarte Zerbitzuen Erakundearteko Organoa, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen bidez sortua eta martxoaren 30eko 101/2010 Dekretuaren arabera arautua.

    Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseilua, Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legearen bidez sortua, eta aurreko izenarekin, hots, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseilu gisa, irailaren 16ko 159/2008 Dekretuak aldatutako ekainaren 13ko 124/2006 Dekretuaren arabera arautua. Eta, Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluaren barruan, Adinekoen Kontseilu Sektoriala.

    Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia, urriaren 26ko 225/2011 Dekretu bidez sortua.

    Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordea, Familia Bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 Legearen bidez sortua eta apirilaren 21eko 84/2009 Dekretuaren arabera arautua.

    Nazioarteko Adopziorako Batzorde Teknikoa, abenduaren 27ko 277/2011 Dekretuaren arabera arautua.

    Boluntariotzaren Euskal Kontseilua, otsailaren 18ko 30/2003 Dekretuaren arabera arautua.

    Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseilua, azaroaren 25eko 289/2003 Dekretuaren arabera arautua.

    Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala, urriaren 2ko 165/2007 Dekretuaren arabera arautua.

    Haurren eta Nerabeen Behatokia, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen bidez sortua eta abenduaren 4ko 219/2007 Dekretuaren arabera arautua.

    Familien Euskal Behatokia, azaroaren 23ko 309/2010 Dekretuaren arabera arautua.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroa, 213/2004 Dekretuaren bidez aldatutako abuztuaren 30eko 200/2002 Dekretuaren arabera arautua.

    Familiaren Euskal Kontseilua, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen bidez sortua eta apirilaren 17ko 53/2012 Dekretuaren arabera arautua.

    Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaia, Elkarrizketa Zibilerako Mahaia eratu eta arautzeko abenduaren 11ko 283/2012 Dekretuaren bidez sortua.

    Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseilua, Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralari buruzko otsailaren 2ko 13/2016 Dekretuaren bidez sortua.

    Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralari buruzko otsailaren 2ko 13/2016 Dekretuaren bidez sortua.

    Eusko Jaurlaritzaren eta Idazkaritza Judizialaren arteko lankidetza-organoa, Eusko Jaurlaritzaren eta EAErako Idazkaritza Judizialaren arteko elkarlanerako organoa sortzeko maiatzaren 27ko 123/1997 Dekretuaren bidez sortua.

    Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak, Doako Laguntza Juridikoko urriaren 30eko 153/2018 Dekretuaren bidez sortuak.

    Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundea sortzeko abenduaren 1eko 328/1998 Dekretuaren bidez sortua, eta Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundea arautzeko azaroaren 21eko 236/2012 Dekretuaren arabera arautua.

    Garapenerako Lankidetzaren Erakundearteko Batzordea, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legearen bidez sortua eta martxoaren 24ko 71/2009 Dekretuaren arabera arautua.

    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua, otsailaren 22ko 1/2007 Legearen bidez sortua eta irailaren 16ko 158/2008 Dekretuaren arabera arautua.

    Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren maiatzaren 17ko 75/2016 Dekretuaren arabera arautua.

    Bake eta Bizikidetza Planaren Aholku Batzordea, uztailaren 29ko 157/2014 Dekretuaren arabera arautua.

  1. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea administrazio-erakunde autonomoa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dago. Erakunde horri dagokio generoaren aukera-berdintasunerako politikaren arloa, bai eta genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko politikak zuzentzea eta koordinatzea ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 9. artikuluan eta lege hori sortzeko otsailaren 5eko 2/1988 Legean xedatutakoaren arabera.

  2. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dago, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Idazkaritza Nagusiaren bidez, erakunde hori sortzeko ekainaren 19ko 5/2008 Legean ezarritakoaren arabera. Erakunde horri dagokio garapenerako lankidetzaren arloa.

  3. Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua administrazio-erakunde autonomoa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dago Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Idazkaritza Nagusiaren bidez, erakunde hori sortzeko azaroaren 27ko 4/2014 Legean ezarritakoaren arabera. Erakunde horri dagokio honako hauetan datzan politika publikoa garatzeari buruzko administrazio-jarduna: giza eskubideak bermatu, bultzatu eta garatzea, memoria sustatzea, eta bizikidetza demokratikoa garatzea eta bizikidetza horretan aurrera egitea.

  1. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari dagokio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak baliatzea, bai eta indarreko legeriak esleitzen dizkionak ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera sail honi esleitutako egiteko eta jardun-arloen esparruan.

  2. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari honako egiteko hauek ere badagozkio, besteak beste:

    1. Bere eskumenen esparruko helburu estrategikoak definitzea, Jaurlaritzaren programan zehaztutako ildo estrategikoen eta programa-konpromisoen arabera.

    2. Helburu estrategikoak garatzean lortutako eragin soziala aztertzea, eta saileko jarduera-sektoreen helburuetan beharrezko aldaketak edo garapenak zehaztea.

    3. Ondare-erreklamazioak ebaztea bere sailaren arloetan.

    4. Saileko 1.000.000 eurotik gorako gastuak baimentzea, hargatik eragotzi gabe Gobernu Kontseiluaren eskumenak.

    5. Sailaren kontratazio-organo gisa jardutea, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua sektore publikoko kontratazioa arautzeko araudian ezarritakoaren arabera 1.000.000 eurotik gorakoa duten kontratuetan. Halaber, eta baldintza beretan, eskumena izango du negozio juridikoak sinatzeko, zeinaren arabera, sektore publikoko kontratazioaren araudian xedatutakoarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren baliabide propio pertsonifikatua den entitate bat arduratuko baita prestazio jakin bat egiteaz.

    6. Protokolo orokorrak eta hitzarmenak egitea partikularrekin edo pertsonifikazio pribatuaren bidez eratutako entitateekin.

    7. Ofizioz berrikusteko prozedurak hastea eta ebaztea, betiere, arauz, beste organo bati esleitzen ez bazaizkio egiteko horiek.

    8. Sailaren jardun-arloetan zehapen-espedienteak hastea eta ebaztea, betiere, arauz, beste organo bati esleitzen ez bazaizkio egiteko horiek.

    9. Egintza deuseztagarriak kaltegarritzat jotzeko espedienteak hastea eta ebaztea.

    10. Eta, oro har, indarreko ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion egiteko oro.

  3. Sailburua buru duen Zuzendaritza Kontseilu bat ere badago, sailaren politika orokorra planifikatzen eta koordinatzen laguntzeko. Honako hauek osatuko dute kontseilu hori: Kabinetearen zuzendariak, Komunikazioko zuzendariak, Zerbitzuen zuzendariak, sailburuordeek, Emakunderen zuzendariak eta, landuko diren gaien arabera, sailburuak izendatzen dituen pertsonek.

    BIGARREN ATALA

    SAILEKO SAILBURUORDEAK

Oro har, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko sailburuordeei dagokie, zuzenean eta hierarkian dagokien sailburuaren mende direla, honako eskudantzia hauek baliatzea:

  1. Jaurlaritzaren estrategiaren arabera, sailak sailburuordetzari esleitutako helburu estrategikoak garatzea.

  2. Sailburuordetzaren eta haren mende dauden zuzendaritzen jarduketak programatu, gidatu, bultzatu, gainbegiratu eta koordinatzea; halaber, mendeko zerbitzuen eta organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea.

  3. Eragin soziala aztertzea, eta sailburuordetzaren zuzendaritzen helburuetan behar diren aldaketak edo garapenak zehaztea.

  4. Sailburuordetzarentzako araudia eta jardun-planak proposatzea sailburuari.

  5. Sailburuordetzaren barruan, baliabide materialen eta giza baliabideen beharrizanak definitzea, aurrekontuen-aurreproiektua lantzeko.

  6. Sailburuordetzako zuzendariek emandako ebazpenen aurka jartzen diren errekurtsoak ebaztea.

  7. Saileko hizkuntza-normalizazioaren ardura bere gain hartzea eta bere eskumeneko esparruetan euskararen erabilera bultzatzea, zerbitzu- eta lan-hizkuntza izan dadin, bat etorriz Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin.

  8. Bere gain hartzea, bere sailean eta bere eskumeneko esparruetan, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko erantzukizuna, bat etorriz Gobernu Kontseiluak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean ezarritakoarekin.

  9. Eta, oro har, indarreko ordenamendu juridikoak esleitzen dien egiteko oro.

    HIRUGARREN ATALA

    SAILEKO ZUZENDARIAK

Saileko zuzendariek honako egiteko hauek izango dituzte, oro har:

  1. Zuzendaritzako barne-sistemak eta lan-sistemak antolatzea, hargatik eragotzi gabe Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumen orokorrak.

  2. Zuzendaritzaren jardunak bultzatu, gidatu, koordinatu eta kontrolatzea.

  3. Kontratazio-organoak bultzatzea, eta laguntza teknikoa eta materiala ematea.

  4. Beren zuzendaritzaren arloarekin zerikusia duten zehapen-espedienteak izapidetzea.

  5. Ofizioz berrikusteko eta kaltegarritasun-deklarazioko prozedurak izapidetzea, dagokion arloan.

  6. Dagokien eskumen-arloan, goragoko organoei proposamenak egitea, Zerbitzu Zuzendaritzarekin elkarlanean, beren zuzendaritzarekin zerikusia duten azterlan orokorrak diseinatzen eta lantzen.

  7. Zerbitzu Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean, indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planeko helburuak definitzea beren esparruan eta horiek lortzeko ekimenak garatzea eta ebaluatzea, beren Zuzendaritzako zerbitzuburuekin batera euskararen kudeaketa integratua eginez.

    Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak ezartzea eta horien jarraipena egitea Zuzendaritzako jardun-esparruetan, besteak beste: itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza orokorra, izendapen ofizialak eta sailak antolatutako jendaurreko ekitaldiak. Halaber, dagokien arloan, hizkuntza-irizpideak txertatzea administrazio-kontratazioan eta dirulaguntza-deialdietan.

  8. Zerbitzu Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin elkarlanean, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planeko helburuak definitzea beren arloan, eta horiek lortzeko ekintzak eta ekimenak gauzatzea eta ebaluatzea, beren zuzendaritzako zerbitzuburuekin lankidetzan, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiken kudeaketa integratua eginez.

  9. Indarreko ordenamendu juridikoak esanbidez esleitzen dizkienak edo ohikotzat hartzen direnak, oro har Jaurlaritzako zuzendariei esleitzeagatik.

    LAUGARREN ATALA

    SAILEKO ORGANO HORIZONTALAK

Honako egiteko hauek dagozkio Kabinete Zuzendaritzari, organikoki sailburuaren mende dela, dekretu honek oro har esleitzen dizkionez gain:

  1. Sailaren lan-egitasmoa planifikatzea, eta horren jarraipena egitea.

  2. Solaskide izatea sailak Legebiltzarrarekin, Arartekoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko gainerako erakunde eta instituzioekin izaten dituen harremanetan, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzako beste organo batzuen eskumenak.

  3. Informazio orokorra herritarrei helarazteko egitekoak koordinatzea, eta sailaren jardun-arloen inguruko kexak eta iradokizunak jasotzea.

  4. Sailaren kanpo-jardueren eta ekintza publikoen protokoloa eta antolaketa, baita sailak sustatutako kongresu, mintegi, jardunaldi eta hitzaldiena ere.

  5. Sailaren argitalpenak kudeatzea eta banatzea, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusiari dagozkion eskudantziak.

Honako egiteko hauek dagozkio Komunikazio Zuzendaritzari, organikoki sailburuaren mende dela, dekretu honek oro har esleitzen dizkionez gain:

  1. Gizarte-komunikabideekiko harremanak, sailari lotutako jarduerak, erabakiak eta politikak hedatzen eta zabaltzen laguntzeko.

  2. Sailaren ekintzen informazio- eta publizitate-estaldura egokia ziurtatzea.

  3. Beharrezko irizpideak eta baliabideak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailen eta erakunde autonomoen prentsa-zerbitzuen nahiz erakunde-izaerako jarduerei eragiten dien zabalkunde- eta informazio-ekintzaren koordinazioa bermatzeko.

  4. Sailak komunikabideekin dituen harremanak gidatzea.

  5. Sailaren publizitate-kanpainak eta gizartea sentsibilizatzeko neurriak koordinatzea.

  6. Jardun-arloko informazio- eta publizitate-irizpideak eta -politikak ezartzea.

  7. Komunikatuak, erreferentziak eta prentsa-oharrak egitea.

  8. Azterlanak eta txostenak egitea EAEko nahiz nazioarteko aktualitateak komunikabideetan duen islaz, eta politikaren, ekonomiaren eta gizartearen egoera aztertzea, ikuspuntu informatibotik.

  1. Honako egiteko hauek dagozkio Zerbitzu Zuzendaritzari, organikoki sailburuaren mende dela, dekretu honek oro har esleitzen dizkionez gain, salbu dekretu honetan beste organo bati esleitzen bazaizkie:

    1. Batetik, sailaren aurrekontu-aurreproiektua lantzea, eta haren segimendua eta aldaketak egitea, eta, bestetik, sailari atxikitako sektore publikoko erakundeen aurrekontu-proiektuak koordinatzea, eta horiek sailaren aurrekontuarekin bateratzea.

    2. Sailaren kudeaketa ekonomikoa egitea, aurrekontu-betearazpenaren faseak izapidetzea. Zerbitzuen zuzendariak sailaren 1.000.000 eurora arteko gastuak baimenduko ditu.

    3. Sailaren eskumeneko gaiei lotutako aurrekontuetan ondorio ekonomikoak dituzten xedapenen proiektuak izapidetzea, eta Gobernu Kontseiluari aurkeztu behar zaizkion gai ekonomikoak eta aurrekontuarekin zerikusia duten gaiak prestatzea.

    4. Langileen prestakuntza- eta hobekuntza-planak lantzea, Justizia Administrazioko langileena salbu, eta hargatik eragotzi gabe Funtzio Publikoko Zuzendaritzari eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari dagozkien eskumenak, eta sailari atxikitako giza baliabideak planifikatzea eta kudeatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10. artikuluak eta indarreko gainerako araudiak Zerbitzuen zuzendariari esleitzen dizkion eskumenak baliatuz.

    5. Sailak langile-beharrizanei buruz egiten dituen aurreikuspenak ebaluatzea, eta proposamenak egitea plantilla eratzeko eta lanpostu-zerrendak egiteko, Justizia Administrazioko langileei buruzkoak salbu.

    6. Berdintasun Unitatearen jarduerak gidatzea, eta gainerako zuzendaritzekin, Administrazio Instituzionaleko erakundeekin eta sailari atxikitako organoekin koordinatzea eta lankidetzan jardutea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean aurreikusitako neurriak gauzatzea bultzatzeko.

    7. Sailaren Segurtasun eta Osasun Unitatearen jardunak gidatzea, hargatik eragotzi gabe Prebentzio Zerbitzuari edo Justizia Administrazioko Zuzendaritzari haien esparru propioan dagozkien eskudantziak.

    8. Sailaren lege-aholkularitza eta araugintza, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. artikuluan eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 42. artikuluan ezarritakoaren arabera.

    9. Gobernu Kontseilura eta Batzordeetara eraman beharreko sailaren gaiak helaraztea, baita Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste aldizkari ofizial batzuetan argitaratu beharreko xedapenak eta administrazio-egintzak ere.

    10. Proposamenak lantzea saileko zerbitzuen eta lan-sistemen eta -metodoen barne-antolakuntzari, arrazionalizazioari eta informatizazioari buruz, saileko gainerako organoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan eskumena duten beste organoekin lankidetzan. Hori guztia, Justizia Sailburuordetzako organoek beren esparru erreserbatuetan dituzten berezko eskudantziak alde batera utzi gabe.

    11. Eusko Jaurlaritzak kalitatearen, etengabeko hobekuntzaren, modernizazioaren, Administrazio elektronikoaren, eta I+G eta Berrikuntzaren arloetan garatutako proiektu orokorretan parte hartzea, eta proiektu horiek sailean sustatzea.

    12. Erregistro Orokorra, Artxiboa eta saileko gainerako dokumentazio-zentroak kudeatzea.

    1. Saileko bulegoen barne-erregimena zaindu eta babestea, bai eta sailari atxikitako ondarea eta bere ekipamendua administratzea eta kontserbatzea ere.

    2. Herritarrei informazioa eta laguntza emateko zerbitzuen funtzionamendua kudeatzea (2. eta 3. mailak), eta Zuzenean-Herritarrei Laguntzeko Zerbitzuarekiko harremanak ezartzea.

    1. Herritarrek beren eskubideen eta betebeharren inguruan egiten dituzten iradokizun, kexa eta erreklamazioen kudeaketaren koordinazioa eta jarraipena egitea, sailaren jardun-esparruetan.

    2. Honako hauen koordinazioa eta jarraipena egitea: informazioa aktiboki argitaratzearena, informazio publikoaren sarbide-eskubideari buruzko eskabideen erantzunena, eta sailaren datu publikoen irekitzearena gardentasun politikarekin bat etorrita.

    3. Sailak herritarrekiko interakzioaren zerbitzura jarritako kanal elektronikoen erabileraren koordinazioa eta jarraipena, eta plangintzarako, araugintzarako eta politiken eta zerbitzu publikoen kalitatearen ebaluaziorako kanal presentzialak edo birtualak irekitzea suspertzea.

    4. Sailaren Estatistika Plana lantzea, eta Euskal Estatistika Erakundearekin batera lan egitea Euskal Estatistika Plana eta urteko Estatistika Programak lantzen. Zerbitzu Zuzendaritzak, halaber, sailaren estatistika-organo bereziari esleitutako eskumenak eta ahalmenak baliatuko ditu, eta, saileko estatistikekin lotutako gaietan, laguntza teknikoa emango dio saileko organo orori. Sailaren estatistika-organo berezia Zerbitzuen zuzendariaren mende egongo da.

    5. Sailburuari laguntza tekniko-juridikoa eta administratiboa ematea.

    6. Ebazpen-proposamenak egitea, saileko organo interesdunek euren ebazpenen aurkako errekurtsoak direla-eta izapidetzen dituzten espedienteak eta ematen dituzten txostenak ikusi ondoren.

    7. Sailean sortzen diren gaien gaineko azterketak eta txostenak egitea (bereziki, ekonomia-gaien ingurukoak), eta sailaren jarduera ekonomikorako ildoak planifikatzea eta programatzea, beste sail edo administrazio batzuek lantzen dituzten eta ondorio ekonomikoak dituzten planen prestakuntza-prozesuetan, baldin eta euren jardun-arloetan eragiten badute, eta, betiere, beste zuzendaritza batzuei esleitu ez bazaizkie.

    8. Saileko zerbitzu orokorrak antolatzea eta administratzea, sailburuordetza eta zuzendaritzen lanerako sistema eta metodoak koordinatzea, eta saileko administrazio-unitateen banaketa espaziala eta ekipamendu materiala antolatzea, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzako beste sail batzuei esleitutako eskumenak.

    9. Sailaren eskumeneko gaiak koordinatzeko neurriak gauzatzea, Eusko Jaurlaritzak Europar Batasuneko araudia eta politikak lantzeko eta aplikatzeko izan beharreko esku-hartzea garatu ahal izateko, indarreko arauak betez. Horren haritik, saileko organoen eta Batasuneko erakundeen arteko gaiak eta harremanak bideratuko ditu, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren eskumeneko organoaren bitartez.

    10. Ondare-erantzukizuneko prozedurak hastea eta instruitzea.

    11. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, gainerako zuzendaritzek hizkuntza-normalizazioan egiten duten lana koordinatzea eta dinamizatzea, baita euskara sustatzea ere politika publikoetan eta sailak kudeatzen dituen bestelako esparruetan.

  2. Zerbitzuen zuzendaria izango da honako hauetarako eskumena duen organoa:

    1. Kontratazio-espedienteak eta baliabide propioei eta zerbitzu teknikoei egindako enkarguak izapidetzea.

    2. Sailaren kontratazio-organo gisa jardutea, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua sektore publikoko kontratazioa arautzeko araudian ezarritakoaren arabera 1.000.000 eurora artekoa denean.

      Halaber, eta baldintza beretan, eskumena izango du negozio juridikoak sinatzeko, zeinaren arabera, sektore publikoko kontratazioaren araudian xedatutakoarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren baliabide propio pertsonifikatua den entitate bat arduratuko baita prestazio jakin bat egiteaz.

  1. Dekretu honek oro har esleitzen dizkion egitekoez gain, euskal gazteriaren emantzipazio- eta garapen-politikak bultzatzeko xedearekin, honako hauek ere badagozkio Gazteria Zuzendaritzari, organikoki sailburuaren mende dela:

    1. Gainerako erakunde publikoekin eta gizarte-eragileekin batera, gazteak behar bezala gizarteratzea ahalbidetzeko politikak bultzatzea.

    2. Gazteriako politika integralak garatzea, erakundearteko eta sailarteko lantaldeak koordinatuz.

    3. Gazteriaren egoeraren gaineko informazioa eta dokumentazioa biltzea eta hedatzea, bai eta horren gainean egoki iritzitako ikerketa eta azterlanak egitea ere.

    4. Arlo hauetako beharrizanak aztertzea, eta arauzko neurriak proposatzea: gazteria; denbora librea eta aisialdia, eta haurtasuna zaintzeko eta haurtzaroan denbora librea erabiltzeko sustapen-politikak.

    5. Aisiaren erabilera soziala, kulturala eta hezitzailea sustatzeko planak lantzea, bereziki zainduz hizkuntza-normalizazioaren ikuspegia.

    6. Arlo hauetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin lotutako zuzeneko ekintzari dagozkion egitekoak betetzea:

      1. Gazteentzako informazioa eta dokumentazioa, haur eta gazteentzako aterpetxeak eta instalazioak, gazteentzako turismoa eta gazteentzako gainerako zerbitzuak.

      2. Gazteentzako Europako programak eta gazteen arteko trukeak.

      3. Gazteriaren esparruari dagokion egiteko oro.

    7. Haur eta gazteen aisialdiko hezkuntzan, dinamizazio soziokulturalean eta haur eta gazteei zerbitzuak emateko zentroetan lan egiten duten pertsonen ezaugarriak zehaztea, eta horien prestakuntza bultzatzea.

    8. Gazteen artean asoziazionismoa eta boluntariotza sustatzea, Gizarte Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinatuta.

    9. Gazteriako politika integralen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, Gazteriaren Euskal Behatokiari esleitutako egitekoak gauzatzea.

    10. Gazteriaren arloan interes komunekoak diren jardueretan, Estatuko, Europako eta Europaz gaindiko erakundeekin lankidetzan jardutea.

  2. Gazteria Zuzendaritzari atxikita egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Informazio eta Dokumentaziorako Zentro Koordinatzailea, otsailaren 2ko 14/1998 Dekretuaren arabera arautua.

  3. Gazteria Zuzendaritzak antolatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren arteko harremanak. Hori dela eta, Gazteriako zuzendaria izango da Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria, maiatzaren 27ko 6/1986 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

  1. Honako eskumen hauek izango ditu Justizia Sailburuordetzak, dekretu honen 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkionez gain:

    1. Botere Judizialean, Justizia Ministerioan eta Justizia Administrazioan diharduten gainerako instituzioekiko eta organoekiko harremanez arduratzea, baita notarioen, erregistratzaileen, abokatuen, prokuradoreen, epaileen, magistratuen, fiskalen eta idazkari judizialen korporazioekiko eta ordezkaritza-antolakundeekiko harremanez ere.

    2. Justizia Administrazioaren funtzionamendurako giza baliabideak eta baliabide materialak eskuratzea, oro har, eta haren antolamendua eta jarduerak planifikatzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoan Zuzenbidezko Estatua garatzea, eta Justizia sendotzeko neurriak bultzatzea.

    4. Euskararen Erabilera Arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak herritarrei ematen dizkien eskubideak Justizia Administrazioaren esparruan erabiltzen direla bermatzea, eta Justizia Administrazioaren euskalduntze-prozesua bultzatzea.

    5. Agintaritza Judizialak xedatzen dituen neurri guztien betearazpena koordinatzea, bereziki adingabeko arau-hausleei dagokienez.

    6. Espetxeen gaian EAEri dagozkion eskumenen erabilera planifikatzea.

  2. Honako zuzendaritza hauek egongo dira Justizia Sailburuordetzaren mende:

    1. Justizia Administrazioko Zuzendaritza.

    2. Justizia Digitalaren eta Azpiegituren Zuzendaritza.

    3. Justizia Zuzendaritza.

  1. Honako egiteko hauek dagozkio Justizia Administrazioko Sailburuordetzari:

    1. Organo eskudunari plantilla organikoa, langileen antolamendua eta horiek, lanpostuen zerrenden bidez, egitura-unitateetan nola txertatu proposatzea, eta, ondoren, zerrenda horiek kudeatzea eta hornitzea.

    2. Organo eta bulego judizialak, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua barne, langilez hornitzea, haien egitekoak bete ditzaten errazteko. Horretarako, lan-araubideko kontratuak egingo dira, eta/do Euskal Autonomia Erkidegoko kidegoetako funtzionarioak atxikiko.

    3. Justizia Administrazioaren esparruetako langileei buruzko politika planifikatzea, gidatzea eta bultzatzea, hauek, besteak beste: prestakuntza, gizarte-politika, sustapena, arriskuen prebentzioa, diziplina eta ordainsariak, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-esparruaren arabera, betiere.

    4. Justizia Administrazioan hizkuntza-normalizazioa bultzatzea, hizkera juridikoa bateratuz eta euskararen ezarpen dokumentala garatuz, baita haren zerbitzuko langileen euskalduntzea eta alfabetatzea antolatu eta kudeatzea ere.

    5. Lanbide juridikoetara eta Justizia Administrazioarekin lotutako lanbideetara sartzeko prestakuntzarako laguntza-sistema bat planifikatzea eta garatzea.

    6. Bake-epaitegiei laguntzeko programak kudeatzea, eta Bake Justiziaren gaian ekintzak bultzatzea.

    7. Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden peritu judizialen eta euskara-itzultzaileen sarea antolatzea eta gidatzea.

    8. Destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan duten epaile, magistratu, fiskal eta letraduentzako prestakuntza programatzea erkidego horretan.

    9. Organo eta zerbitzu judizialen eta haien instalazioen segurtasuna zaintzea, eta haietarako larrialdi-planak prestatzea eta gainbegiratzea.

    10. Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako Prebentzio Zerbitzu Propioko langileak.

  2. Eraentzako Antolapide Teknikoak (EAT) izeneko administrazio-unitateak lurralde historiko bakoitzeko hiriburuetako justizia-jauregietan daude, eta Justizia Sailburuordetzatik deszentralizatutako lurralde-zerbitzu gisa eratzen dira. Organikoki, Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren mende daude, eta, egitekoei dagokienez, arloan arloko eskumena duen Justizia Sailburuordetzako zuzendaritzaren mende.

    Hauek dira unitate horien egitekoak:

    1. Etengabeko lotura egitea sailburuordetzako zuzendaritza guztien eta organo eta zerbitzu judizialen artean.

    2. Dagokion lurraldeko organo eta zerbitzu judizialen beharrizanak kudeatzea.

    3. Bulego eta zerbitzu erkideen antolaketa-plana ezartzeko laguntza zuzena ematea.

    4. Kontratazio-espedienteen sustapena, laguntza eta jarraipena.

    5. Funts aurreratuen araubidearen barnean beharrezkoak diren funtzionamendu-gastuak onartzea; araubide hori Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren II. kapituluaren bigarren sekzioan arautzen da.

Honako egiteko hauek dagozkio Justizia Digitalaren eta Azpiegituren Zuzendaritzari:

  1. Justizia Administrazioa hobetzeko eta modernizatzeko programak eta planak lantzea eta gauzatzea.

  2. Justizia Administrazioari dagokion informatika-plana lantzea, eta plan horren ondoriozko informatika-zerbitzuak ematea.

  3. Bulego eta Zerbitzu Judizialak, Fiskaltzak eta Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundea Antolatzeko Plana lantzea proposatzea eta ezartzea, eta haren jarduerak koordinatzea.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoan organo eta zerbitzu judizial berriak sortzeko beharrizan materialak planifikatzea.

  5. Justizia Administrazioaren funtzionamendurako beharrezkoak diren baliabide materialak eta ekonomikoak planifikatu, eskuratu eta antolatzea.

Honako egiteko hauek dagozkio Justizia Zuzendaritzari:

  1. Laguntza juridikoaren arloan, doako laguntza juridikoko zerbitzuak antolatzea eta ematea, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeen euskarriaren bitartez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoek orientazio juridikoko eta doako laguntza juridikoko zerbitzuen ezarpena, arreta eta funtzionamendua finantzatzea.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoekin adostea beren profesionalak prestatzeko eta espezializatzeko baldintza orokorrak, doako laguntza juridikoa behar bezala eman dezaten.

  3. Justizia Administrazioari buruzko informazioa eta ezagutza zabaltzeko eta hura herritarrengana hurbiltzeko planak sustatzea eta gauzatzea.

  4. Justizia konpontzailea eta gatazken konponbide alternatiboa sustatzea eta garatzea Justizia Administrazioaren esparruan.

  5. Delituen biktimen eskubideak bermatzea eta sustatzea, bat etorriz Delituen Biktimen Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2015 Legean eta haren garapen-araudian ezarritakoarekin, eta, bereziki, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei dagokienez.

  6. Bere eskumenen esparruan, zehapen- eta espetxe-legeria betearaztea, Jaurlaritzak eremu horietan egiten dituen gainerako jarduerekin koordinatuta.

  7. Gazte-justiziaren arloko jarduerak diseinatzea, planifikatzea, antolatzea eta ebaluatzea, Jaurlaritzako sailen lana koordinatuz.

  8. Lantalde psikosozial judizialen antolaketari eta funtzionamenduari laguntza ematea, eta lantalde horiek osatzen dituzten langileen prestakuntza zaintzea.

  9. Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak sortzea eta kudeatzea.

  1. Honako egiteko hauek dagozkio Gizarte Politiketako Sailburuordetzari, dekretu honek oro har esleitzen dizkionez gain:

    1. Politika publikoa planifikatzea, ikuskatzea eta ebaluatzea, honako jardun-arlo hauetan: gizarte-zerbitzuak eta gizarte-ongizatea; zahartzea eta erronka demografikoa; familia-politika eta komunitate-politika; haurtzaroari eta nerabezaroari buruzko politika; boluntariotza; migrazioa eta asiloa; nazioarteko babesa eskatzen dutenei arreta, eta migrazioak.

    2. Sailburuordetzaren erantzukizunpeko sektoreko politiken eta zeharkako politiken arteko koordinazioa.

    3. Erakundearteko eta sailarteko lankidetza sailburuordetzaren erantzukizunpekoak diren jardun-arloetan.

    4. Erakundearteko adostasuna, elkarrizketa soziala, lankidetza profesionala, elkartasun zibikoa, sareko lana, ezagutzaren kudeaketa, eta herritarren parte-hartzea sustatzea esku-hartzearen eta gizarte-politiken esparruan.

    5. Legediaren garapena, aplikazioa, eta, hala badagokio, aldaketa bultzatzea sailburuordetzaren eskumenekoak diren gaietan.

    6. Gizarte-bazterketa eta pobrezia forma ezberdinak analizatzea, eta horien jarraipena egitea.

    7. Gizarteratzeko Euskal Planari lotutako jarduketak bultzatzea, arlo horretan eskumena duen sailburuordetzarekin koordinatuta.

  2. Honako zuzendaritza hauek daude Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren mende:

    1. Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza.

    2. Familia eta Haurren Zuzendaritza.

    3. Migrazio eta Asilo Zuzendaritza.

  3. Gizarte Politiketako Sailburuordetzari atxikitzen zaio Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritza, zeinak, organikoki eta funtzionalki sailburuordearen mende dela, goi-ikuskaritzako egitekoak burutuko baititu, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean ezarritakoaren arabera.

Honako egiteko hauek dagozkio Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari, dekretu honek oro har esleitzen dizkionez gain:

  1. Gizarte-zerbitzuen arloko analisiak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen erregelamendu bidezko garapenerako araudi-proposamenak eta, oro har, gizarte-zerbitzuei buruzko araudia lantzea.

  2. Gizarte-zerbitzuen arloan, prestazioak eta zerbitzuak kudeatzea, abenduaren 5eko 12/2008 Legean ezarritakoaren arabera. Halaber, solaskidetza eta koordinazioa gizarte-zerbitzuen arloko beste erakundeekin eta eragileekin, gizarte-politikari dagokionez.

  3. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroa garatzea.

  4. Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorra, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Erakundeen Errolda eta Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorra kudeatzea eta mantentzea.

  5. Gizarte-zerbitzuen planifikazioa eta ebaluazio orokorra egitea Euskal Autonomia Erkidegoan, abenduaren 5eko 12/2008 Legean ezarritakoaren arabera.

  6. Elkarlana zeharkako politiken garapenean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen esparruko jarduerak garatzen laguntzea.

  7. Gizarte-zerbitzuetako profesionalen prestakuntza eta trebakuntza bultzatzea eta sustatzea, abenduaren 5eko 12/2008 Legean ezarritakoaren arabera.

  8. Gizarte-zerbitzuen arloko irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko erakunde deklaratzeko prozedurak bideratzea, eta horiei buruzko ebazpen-proposamenak egitea.

  9. Laguntza eta babesa ematea Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluari; Gizarte Zerbitzuen Erakundearteko Organoari, Adinekoen Kontseilu Sektorialari; Boluntariotzaren Euskal Kontseiluari; Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiari; Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluari, Osasun Sailarekin koordinatuta.

  10. Fundazioak gobernatzea, ordezkatzea eta administratzea, baldin eta Eusko Jaurlaritza, gizarte-politiken arloan eskumena duen sailaren bitartez, fundazio horien patronatuko kide bada.

  11. Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia eta Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia gidatzea eta bultzatzea.

  12. Genero Indarkeriaren Biktimentzako Telefono Bidezko Arreta Zerbitzua, ordainketa bakarreko dirulaguntzak eta emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta eskaintzen dien profesionalei aholkua eta laguntza emateko kudeaketa integratua.

  1. Irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimena sustatzea, eta laguntzak kudeatzea Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan sartuta ez dauden prestazioak eta zerbitzuak garatzeko eta jarduerak egiteko.

  2. Borondatezko ekintza eta boluntarioen erakundeak eta agentziak bultzatzea oro har.

  1. Telelaguntzako zerbitzu publikoa ematea, araudian ezarritakoaren arabera.

  2. Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela arautzen duen martxoaren 22ko 50/2016 Dekretuan gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailari esleitzen zaizkion egitekoak betetzea.

Honako egiteko hauek dagozkio Familia eta Haurren Zuzendaritzari, dekretu honek oro har esleitzen dizkionez gain:

  1. Politika publikoetan familia- eta komunitate-ikuspegia sustatzea, eta familia, haurtzaroa eta nerabezaroari buruzko politikak planifikatzea, koordinatzea eta ebaluatzea, Euskal Autonomia Erkidegoan. Zehazki, eta Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean ezarritakoaren arabera, Familiei Laguntzeko Erakundearteko Plana lantzea, garatzea eta ebaluatzea dagokio.

  2. Honako gai hauei dagokienez, erregelamendu bidezko garapeneko araudiari buruzko analisiak eta proposamenak lantzea, sailaren eskumenen esparruan, eta bat etorriz horiei buruzko EAEko legediarekin: familia-laguntza, haurtzaroa eta nerabezaroa.

  3. Familia-politikaren arloko zuzeneko ekintzaren prestazioak eta jarduerak kudeatzea, abenduaren 12ko 13/2008 Legean ezarritakoaren arabera.

  4. Familia ugariaren txartela ematea kudeatzea, familia ugarientzako baliabideen gida eguneratzea eta banatzea, eta familia ugarien arloan erakundearteko koordinazioa kudeatzea.

  5. Pertsona Bitartekarien Erregistroa eta Izatezko Bikoteen Erregistroa kudeatzea eta mantentzea; Izatezko Bikoteen Erregistroan izapidetu daitezkeen prozedurei buruzko gidalerro komunak koordinatzea, haiei buruzko informazioa ematea eta onartzea.

  6. Haurren eta Nerabeen Behatokia eta Familien Euskal Behatokia gidatzea eta bultzatzea.

  7. Honako organo hauei laguntza eta babesa ematea: Familiaren Euskal Kontseilua eta haren batzordeak; Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordea; Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseilua; Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoa; Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala; EAEko Nazioarteko Adopziorako Batzorde Teknikoa.

  8. Nazioarteko adopziorako bitartekaritza-zereginak egiteko organismoak akreditatzea; organismo horiek egiten duten jardunaren kontrola, ikuskapena eta jarraipena egitea, Nazioarteko Adopzioari buruzko abenduaren 28ko 54/2007 Legean eta arlo horretan aplikatzekoak diren gainerako xedapen bateragarrietan ezarritakoaren arabera, eta, hala badagokio, bat etorriz Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen akreditazioa eta funtzionamendua arautzen dituen abenduaren 27ko 277/2011 Dekretuan ezarritakoarekin; eta organismo akreditatu horiei dagokien erregistroa kudeatzea.

  9. Zeuk esan, haur eta nerabeei laguntzeko zerbitzua.

  10. Familia Bitartekaritzako Euskal Zerbitzua.

Honako egiteko hauek dagozkio Migrazio eta Asilo Zuzendaritzari, dekretu honek oro har esleitzen dizkionez gain:

  1. Migrazio-politiken planifikazioa, koordinazioa eta ebaluazio orokorra.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko herritar etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroa babestea eta laguntzea.

  3. Immigrazioaren arloan, etorkinei gizarteratzen eta bertan parte hartzen laguntzeko politika integral eta zeharkakoa bultzatzea eta koordinatzea; migrazio-fenomenoak Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen bilakaeraren jarraipena eta azterketa egitea; eta beste Administrazio Publiko batzuekin koordinatzeko mekanismoak eta tresnak proposatzea, Eusko Jaurlaritzaren eskumenen esparruan.

  4. Etorkinentzako harrera-sareari eta etorkinen asoziazionismoa indartzeari laguntza ematea.

  5. Integratzeko ahaleginari buruzko txostena egitea, aldi baterako bizileku-baimenak berritzeko prozedurekin lotutakoa, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren 31.7 artikuluan arautua; eta integrazio hori egiaztatzeko sustraitze-txostena egitea, urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren 68.3 artikuluan eta lege organiko horren erregelamendua onartzen duen 557/2011 Errege Dekretuaren 124.2.c) artikuluan arautua.

  6. Asiloaren arloan, errefuxiatuak hartzeko eta gizarteratzeko jarduera-programak eta behar diren erantzunak koordinatzea.

  1. Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Sailburuordetzari dagokio:

    1. Giza duintasunean eta giza eskubideekiko konpromisoan oinarritutako bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko sailarteko estrategia diseinatzea eta gidatzea.

    2. Biktima guztien elkartasun-, aitortza- eta arreta-politiken jarraitutasuna, garapena eta hedapena diseinatzea eta sustatzea.

    3. Giza eskubideen, bizikidetzaren eta aniztasunaren kudeaketa positiboaren arloan sortzen ari diren erronkei erantzuteko jarduera-programak diseinatzea eta gidatzea.

    4. Hezkuntza-, sentsibilizazio- edo prestakuntza-politikak diseinatzea eta sustatzea aurreko apartatuetan aipatutako esparruetan.

    5. Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren jarduera-planaren diseinua eta garapena sustatzea.

    6. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren gida-planaren diseinua eta garapena sustatzea.

    7. Entitate, elkarte eta erakundeekin lankidetzan jardutea eta elkarri eragitea helburu berak gauzatzeko, batez ere Eusko Legebiltzarrarekin.

  2. Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzaren sailburuordea izango da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lehendakariorde.

  3. Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzaren sailburuordea izango da Garapenerako Lankidetzaren Erakundearteko Batzordearen lehendakari.

  4. Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Sailburuordetzaren mende dago zuzendaritza hau:

    Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritza.

Honako egiteko hauek dagozkio Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzari, dekretu honek oro har esleitzen dizkionez gain:

  1. Biktimekiko elkartasuna eta horien aitortza publikoa eta soziala sustatzea, bakearen aldeko kultura eta giza eskubideekiko eta askatasunekiko errespetua zabalduz.

  2. Biktimez zuzenean eta banaka arduratzea, kasu bakoitzaren beharrizanak zein diren jakiteko; indarreko legeriaren arabera dagozkien eskubideen eta baliabideen berri emango zaie, eta horiek gauzatzen lagunduko.

  3. Indarreko legerian erreparatze- eta laguntza-prestazioetarako eskabideak izapidetzea, eta, hala badagokio, ebaztea.

  4. Giza eskubideen urraketa ororen biktimen eskubideak gauzatzeko ekimenak eta jarduerak laguntzea eta bultzatzea.

  5. Lankidetza- eta informazio-harremanak izatea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko erakundeekin, baita bestelako instituzio, erakunde eta administrazio publikoekin ere, bakoitzaren eskumenen esparruan, biktimei laguntza osoa eta egokia emateko.

  6. Biktimei giza laguntza eta laguntza psikosoziala ematea eta haien eskubideen alde egitea oinarrizko xede duten elkarte, fundazio eta gizarte-mugimenduekin lankidetza-harremanak indartzea.

  7. Giza eskubideak eta bizikidetza-kultura sustatzeko politika publikoa bultzatzea.

  8. Jaurlaritzako sailen ekintzak koordinatzea giza eskubideen eta bizikidetzaren arloan.

  9. Giza eskubideen eta bizikidetzaren arloan sortzen ari diren erronkei erantzuteko jarduketa-programak koordinatzea.

  10. Aurreko apartatuetan zerrendatutako gaietan sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoan.

  11. Giza eskubideen alde egitea eta horiek sustatzea oinarrizko xede duten elkarte, fundazio eta gizarte-mugimenduekin lankidetza-harremanak indartzea.

  12. Euskal Autonomia Erkidegoan aniztasunaren kudeaketa positiboa eta politika publikoak sustatzea.

  1. Erlijioen arteko bizikidetza eta erlijio-askatasunerako eskubidearen erabilera eraginkorra sustatzen duten ekimenak eta jarduerak babestea eta bultzatzea.

  2. Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluari babesa eta laguntza ematea.

  1. Askatasun afektibo-sexualaren esparruan, aniztasuna kudeatzea eta herritarren benetako berdintasun eraginkorra sustatzea. Esparru horretan, LGTBI pertsonen elkarteekiko lankidetzan eta, hala badagokio, LGTBIren eta genero-identitatearen esparruan lan egiten duten erakundeekin lankidetzan:

    1. LGTBI pertsonek behar dituzten laguntzei dagokienez, sistematikoki, politika proaktiboa diseinatzea, ezartzea eta ebaluatzea.

    1. Gaitze-, sentsibilizatze-programak edo beste batzuk garatzea eta ezartzea, genero-identitatearen gaineko jarrera diskriminatzaileei, aurreiritziei eta estereotipoei aurre egiteko, eta, horrela, pertsonei beren burua aurkitzen, harremanak izaten eta positiboki baloratzen laguntzeko, autoestimua eta duintasuna sustatuz.

    1. Sentsibilizazio-kanpainak abian jartzea, orokorrean herritarrei zuzenduak, genero-identitatearekin lotutako indarkeriaren atzean dauden aurreiritziei aurre egiteko eta LGTBI pertsonen genero-identitatea errespetatzea bultzatzeko.

  2. Pertsona transexualei buruzko abenduaren 22ko 234/2015 Dekretuan aratutako dokumentazio administratiboa izapidetzea eta jaulkitzea.

Sailburuordetza eta zuzendaritzetako titularren postua hutsik badago edo titularra bera falta bada nahiz gaixorik badago, ordezkapenak arau hauei jarraikiz egingo dira:

  1. Sailburuordetzei esleitutako eskumen eta egitekoak sailburuordetza horietako zuzendariek beteko dituzte, egiturako hurrenkeraren arabera.

  2. Zuzendaritzei emandako eskumenak eta egitekoak hierarkian gainetik dagoenak beteko ditu.

    LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA. Izapidetzen ari diren espedienteak.

    Dekretu hau indarrean jartzen denean izapidetzen ari diren espedienteak dagokion arloaren arabera eskumena duten organoek izapidetuko eta ebatziko dituzte.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Estatistika-organoa.

    Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren estatistika-organo berezia sortzeko dekretua onesten ez den artean, xedapen hauetan esleitutako eskumenak baliatzen jarraituko du Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Estatistika Organo Espezifikoak, jardun-arlo hauei dagokienez: 179/2017 Dekretua, ekainaren 20koa, Lan eta Justizia Sailaren estatistika-organo espezifikoa sortzekoa eta haren antolaketa eta funtzionamendua zehaztekoa, eta 472/2013 Dekretua, abenduaren 30ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren estatistika-organo espezifikoa sortzekoa eta haren antolaketa eta funtzionamendua zehaztekoa (apirilaren 11ko 76/2017 Dekretuaren bidez aldatua):

  1. Gazteria.

  2. Gizarte-zerbitzuak, familia, haurtzaroa eta komunitate-garapena, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko immigrazio-politikei buruzkoak barne.

    Estatistika-organo berezi horrek garatuko ditu, halaber, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren jardun-arlo berriei eragiten dieten estatistika-eskumenak.

    472/2013 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren arabera, Lan eta Enplegu Sailaren estatistika-organo berezi berria sortzeko Dekretua onartzen ez den bitartean, eta aipatutako xedapen gehigarrian aurreikusitako esparruan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Estatistika Organo Bereziak jarraituko du egungo Lan eta Enplegu Sailaren berezko arloei dagokienez esleitutako estatistika-eskumenak gauzatzen.

Xedapen hauek indargabetuta geratzen dira:

  1. 75/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

  2. Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren eta Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuaren xedapenek Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari esleitutako organoei, egitekoei eta jardun-arloei buruz egindakoak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta dekretu honetan ezarritakoaren aurka doan maila bereko edo beheragoko xedapen oro.

  3. 383/1994 Dekretua, urriaren 4koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Zuzentza Administrazioa Informatizatzeko Planaren Jarraipenerako Bitariko Batzordea sortzeko dena.

  4. 81/2001 Dekretua, maiatzaren 8koa, Justizia Administrazioaren EAEko Aztergunea sortu eta arautzen duena.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko urtarrilaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (9)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.