Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Debabarrena bailarako paisaia industrialaren karakterizazioa eta balorazioa (Gipuzkoa)

Zuzendaritza: Beatriz Herreras Moratinos

Gauzatzea: Amaia Apraiz Sahagún

Laburpena eta itzulpena: Leire Milikua Larramendi

 

DEBA IBAIA

Deba, Mutriku, Elgoibar, Mendaro, Eibar, Ermua, Mallabia, Soraluze eta Zaldibarrek osatzen dute Deba eskualdea. Hala ere, Debabarrena arroaren hiri-paisaia industrialaren azterketarako, bost mendez armagintzan interes ekonomiko eta industrial berbera izan zuten hiru gipuzkoar udalerriak hartuko dira kontuan: Eibar, Elgoibar eta Soraluze.

Tradiziozko historiografiak azaltzen du Deba ibaia indar hidraulikoaren iturri izan dela, eta burdingintza-sistemari lotutako merkantzia eta produktuen garraiatzaile, Altzolako errenteriaren kasuan bezala. Haren ezaugarri nagusia izan zen ibilguaren ustiapen intentsiboa, burdinola, errota eta zentral elektrikoen ezarpenarekin; Maltzaga eremua, batez ere, industria-jarduera horren lekuko da. Bata bestearekin uztartutako ekoizpen-sareak sortu zituen horrek, non egun elektrizitatea sortzen jarraitzen duten, eta ikusi daitezkeen. Hori izan zen ondorengo garapen industrialaren jatorria; eremuak industriaurreko geruzan oinarritutako aurrerapen industrial handia erdietsi zuen. Hala ere, kasu batzuetan posiblea da lehen industria-aztarna horiek ikustea: Eibarren kokatutako Zamakola arma-tailerrean ekoizpen-prozesua goitik behera mantentzen da, makineria osoarekin; edo izen bereko Elgoibarko auzoan dagoen Altzola multzoan, burdinola dorre eta guzti ikus daiteke.

XIX. mende amaieratik, baina, batez ere, XX. mendeko bigarren erdialdetik eman zen garapen azkarrak, lehen begiratuan, ex novo dirudien fisonomia eskaintzen du; hala ere, XVI eta XVIII. mendeetako armagintzan ditu erroak.

 

 

Azterketa Eibar, Elgoibar eta Soraluzen ardazten da. Udalerri horiek honen adibide dira: egungo industrializazioaren aztarna, lurraldean zeharreko industria-ezarpenean oinarritutako funts historiko handia duena. Kasu zehatz horretan, hiru udalerriek eraldaketa industrial handia izan dute, egiazko industria-guneak sortuz. Industria-espazio horietan ezin da hitz egin aztertutako udalerrietako eremu zehatzetan kokatutako industrializazio-guneez; aitzitik, udalerri horietan zehar garatzen diren hiri- eta industria-guneak dira, bizitegi-espazioekin elkarbizitzan.

 

EIBAR, ELGOIBAR ETA SORALUZE

Soraluze, Eibar eta Elgoibarrek eratutako triangeluak industrializazioaren paisaia urbanoa adierazten dute, non nahastu egiten diren ekoizpen-, bizitegi eta gizarte-espazioak. Hiru gune urbanoen egungo morfologia aurrerapen industrialari lotutako garapena ulertzearen ondorioa da. Ikuspegi horrek sortutako industria-paisaiak, era berean, memoriaren eta gizon-emakumeen paisaiak ere badira.

Espazio urbano horiek beharrezkoak dira kulturaren alderdi ukiezinena erakusten dutelako; giza-ohiturei, lanari, etxebizitzetako egunerokotasunari, eta, azken finean, azken hamarkadetako bizimoduei lotutakoa.

Bisualki Y bat eratzen dute, non ibaia ardatz bat gehiago den industria-paisaiaren diskurtsoan. Eremu horretan ikusi daiteke hiru espazioek lurralde-lotura gune handi bezala izan duten bilakaera. Gaur egun, identitate-ezaugarri hori mantentzen dute oraindik. Burdingintza- eta armagintza-tradizio zabala hirurak lotzen dituen egitatea da; horri gehitzen zaio eremuak elektrizitatea sortu eta ekoizteko puntu bezala duen garrantzi geo-estrategikoa.

Era berean, hiru populazio-guneak dira Gerra Zibilaren ondorengo pertsonen kokapen-eredu, industria-ehun eta etxebizitza eredu berrien sorrerarekin. Hala, espazio aldakor horrek aztertutako hiri-industria paisaia eredu ia paradigmatikoan bihurtzen du, espazio geografiko berberean biltzen dituelako bilakaera industriala, teknikoa eta bizitegikoa. Deba ibaiaren lotura- eta garraio- izaerari, denboraren poderioz, harreman espazialak ulertzeko modu berriak gehitzen zaizkio. Trenbideak (XIX. mendean) eta errepide eta autobideek (XX. mendean) paisaia-ehun aldakorra erakusten dute.

 

Eibar

Eibarren kasuan, lekuaren aztarna orografiko gogorra izan zen, Ego ibaiko bailara estuan, haren kokapena zehaztu zuena: fisonomia berezi bereizgarria eratu zuen. Mendi-magal aldapatsuetatik gora egiten dute etxebizitzek, bailara-hondoetatik alboratuak, industria kokatu zelako eskuragarri zegoen espazio libre urrian. Eibarko berezko paisaiak eskuragarri zegoen lur libre urrian du jatorria. Gipuzkoako hiri-industria paisaiaren esparruaren bereizgarria den profila eratzen du horrela. Haren herrigunean, 4 industrialde eratu ziren: bik Ego ibaiaren ardatza jarraitzen dute, herriaren sarreran eta irteeran, eta beste bi Txonta eta Matsaria erretenen inguruan kokatzen dira. Eremu horietan, ur-xaflazko terrazekin errematatutako industria-arkitektura etengabeak etxebizitzetako teiladun estalkiekin nahasten dira; XX. mendeko industria- eta hiri-garapen azeleratuak suposatu zuenaren ikuspegi paregabea eskaintzen du. Haren orografia (estua eta zerratua) eta hirigintza trinkoagatik, bilbe horrek merezi du hiri-industria paisaia deitzea. Eibarko industria-paisaia sarri eta beteak erakusten du nolakoa den herri armagilearen identitate-ezaugarria. Hortaz, Gipuzkoako beste gune batzuek hartu zuten hiri-eredu burgesetik urrun horiek ere Gipuzkoako industria-garapenerako oso garrantzitsuak, Tolosa edo Beasain kasukokatzen den lanerako hiria da.

 

Soraluze

Soraluzeren kasuan, Deba ibaia, ibai urbano argian bilakatuta, udalerriaren profila marrazten duen ardatz zentrala da. Alde bietara, ezker-eskuin, bizitegi- eta industria-eraikinen lerro jarraia azaltzen da; horrek, pantaila modura, hiri-industria espazioa definitzen du. Ibilguan presen arteko uztardura ematen da, industria-produkzioari lotutako iraganaz mintzo dena: eraikinen eta presen artean mugatutako paisaia-bisuala eratzen dute, eta ihespuntu bakarra ibaiaren ardatza da, berau mugatzen duten eta ibai-ahora zuzentzen duten eraikinek bideratutakoa.

Ardatz paralelo batean, honakoen linealtasunaren barruan zedarritutako espazioak dira etxebizitzak: Deba ibaiaren ibilguan eta trenbidea (Mekolaldetik Maltzagara zihoan Vasco-Navarro eta Vascongados lineak batzen zituen adarra). Bizitegi eraikinek, mendiari irabazitako espazioaren bilaketa eta konkistan, zerrenda estua okupatzen dute errepide, trenbide eta ibaiaren artean. Paisaia industrializatua da, tailerrez betea, industriala, trenbidearen aldamenean; baina, paisaia urbanoa ere bada, nahastean ageri diren etxebizitza multzoek definitzen dutena, elkarbizitza espazioak sortuz.

 

Elgoibar

Bestalde, Elgoibarrek oreka urbanoa ageri du, bi interesgunetan oinarritua: Sigma fabrika eta dagoeneko desagertutako San Pedro de Elgoibar fabrika. Gune horren ertzetan, Maltzagatik datorren Deba ibaiaren ibilguak zentral hidroelektrikoak ditu bere baitan. Ibaian behera, ibai-ahora bidean, Altzola auzoak paisaia ezberdin bat definitzen du. Industriaurreko iragana hain estuak ez diren espazioekin lotzen da, zerbitzu-erabilerakoak (bainuetxea), ondoko udalerriko orientazio ekonomikoaren aldaketa iragarriz.

 

Hiru udalerrien elkargunea

Kokapenen fisonomia morfologikoarekin batera, metalurgia-produktu eraldatuen sektoreari lotutako industria mota zen partekatzen zuten beste lotura bat; armagintzan zuen jatorria horrek.

Hiru udalerriek erakusten dute kokapen-eredu berdina: espazio fisiko handia behar duten industria kopuru txikia Alfa, Orbea, Star edo Valenciaga, Eibarren; Sigma eta San Pedro de Elgoibar, Elgoibarren; edo SAPA, Soraluzen, enpresa txiki osagarrien lanetara bideratutako altueran garatutako tailerrekin bizi izan direnak, modu trinkoan populatutako bizitegi-espazio txikiekin nahastean. Ekoizpen arloan izandako aberastasunagatik ere, XX. mendeko zabalguneen berezko espazioak falta zituzten.

 

 

Laburbilduz, Deba ibai-arroaren hiri-industria paisaia honakoen gainjartzearen ondorioa da: industria-geruza eta populazio-geruzak, egungo hiri-industria profila zehazten dutenak. Garapenkeriaren garaiko populazio-kokapenen argazki izoztua eskaintzen du. Estatu eta udalerri mailako etxebizitza sustapenak egon ziren, sustapen pribatukoekin batera; askotan, industria-egintzari lotuak. Eta, horiek guztiak, eskualdeko industria-erreferentzia izan ziren, eskulan kopuru handia bildu zuten industriaguneek zehaztutako hirigintzari ehotuta.

Eremu hori, industria- eta bizitegi-eraikinek dentsoki betetzen dute, eta gipuzkoar lurraldeko hiri-industria paisaia garaikidearen irudiaren erakusle da.

 

INDUSTRIA-GUNE EDO EREMUAK

Ondoren aipatuko diren eta alderdi produktibo-industrialarekin lotura duten elementuak dituzten eraikinek (zentral elektriko, tailer, industria, bizitegi...), azpiegitura hidraulikoek eta ondasun higiezinek osatutako paisaia aztertu da.

100 elementu identifikatu dira, eta, behin analizatuta, 10 gune edo industria-espaziotan multzokatu dira. Espazio horiek erakusten dute hiri-bilbean, piezak bailiran, txertatzen diren elementuen aniztasuna.

Debabarrenako hiri-industria paisaia etenak dituen multzo bezala hautematen da. Aztertutako guneak beharrezkoak dira XIX. mende amaieratik, eta XX. mendean zehar, jazotako industria-kokapena ereduz adierazten duen hiri-industria paisaiaren bilakaeraren diskurtsoan.

 

Jarraian, 10 gune edo industria-espazioak (G), kokatzen direneko udalerria (U), osatzen dituzten elementu nagusiak (EL) eta balioa justifikatzen duen deskribapen laburra (D) biltzen dituen laburpen-taula bat aurkezten da.

 

U

G

EL

D

Eibar

G.1 Otaola Etorbidea

125. Armería Zamakola.

119. Alfa Microfusión.

32. Cerámica Eibarresa.

83-2. Lambretta Locomociones bulegoak.

226. Romualdo Galdos 16-22 dorreak.

182. Grupo Padre Galdos.

230. SFK.

232. La Imperial Española.

184. Grupo Carlos Larrañaga.

XIX. mende amaieratik jazotako industria-kokapenaren jarraipena adierazten du guneak. Cerámica Eibarresa eta Taller de Barrenado de Zamakolak ezaugarritzen dute; txertatze-arkitekturaren adibide ederrak, egun urbanoa den espazio batean. Industria-espazioaren eta bizitegi-espazioaren lehen industrializazioaren bateratzea ere bada. Gainera, honakoak ditu: 50eko hamarkadako industria-mugarri handiak, 70eko hamarkadako enblema-eraikinak, 50eko hamarkadan eraikitako etxebizitza-multzoak eta lehen "etxeorratz" eibartarrak.

G.2 Erdigunea / Arrageta

43. Gaspar Arizaga.

59. Eusko Trenbideak geltokia.

97. Domingo Guisasola.

47. Fundiciones Aurrera.

105. Bittor Sarasketa 1. industria-eraikina

106. Laspiur.

108. Bittor Sarasketa 1eko industria-eraikina

49. Olave, Solozabal y Cia.

54. Beiztegui Hermanos.

201. Leonardo Azpiri.

229. Aguirre y Aranzabal.

213. Grupo Errebal.

220. Muelles M.Z.

234. Unzaga Dorrea.

81. Industrias Pampo.

 

Aurrekoaren ekialdean kokatua, Eibarko herrigunearekin kointziditzen du. Bertan, elkarrekin bizi dira tamaina txiki eta ertaineko industria-eraikinak eta bizitegi-eraikin eta -multzoak.

Eremu horretan Arrageta ingurua ere sartu da, desagertutako Orbea fabrikatik gertu dagoena. Han kokatu ziren BH bezalako firma entzutetsuak, 1926 eta 1950ean eraikitako garai bateko bizikleta fabrikako bi eraikinekin. Horiei gehitzen zaie Arrabaleko etxebizitzek erakusten duten arkitektura zibilaren adibidea: eremuaren hiri-plangintzaren eta osaketaren ariketa, non oinplano berezi bat txertatzen den, herritarren artean "orrazi" izenez ezaguna.

G.3 Barrena / Azitain eremua

44. Gabilondo.

85. Larrañaga y Elorza.

228. Hiltegia.

231. Gazteñaga, Trocaola e Ibarzabal.

100. Garajea.

Barrena kalearen inguruan eratzen den guneak XX. mendearen erdialdeko fabrika esanguratsuenetako batzuk biltzen ditu. Hortik oso gertu, Azitain gunean, garai bateko hiltegia dago. Komunikazio-espazioak mugatzen duen eremu lineala da, eta Eibarko herriaren paisaia-jarraitasuna eta jarraitasun bisuala eratzen ditu.

G.4 Txonta eremua

123. Industrias Rocandio.

96. C y T Bascaran.

121. Solaun, Rubio y Ormaechea.

94. Automatismos Launik.

124. Txonta 32ko industria-eraikina

116. Transformaciones Metalúrgicas Norma S.A.

55. G.A.C.-eko zentral hidroelektrikoa

91. Gisastubide 1-2ko industria-eraikina

89. Cadenas Iris.

233. Txontako ubidea

Guneak adierazten du, industria-kontzentrazioak ezaugarritutako ingurunean, industria-arkitektura eibartarraren berezko modu baten mantenua. Gainera, primeran erakusten du industria-elementuen kontzentrazioa; hainbat solairutakoak ziren horiek, eta erretenaren ibarrean eskuragarri zegoen espazio lau urriak mugatzen zituen. Honakoak ondoen nabarmentzen dituen eremua da: goraka haztea eta bizitegi- eta industria-espazioen elkarbizitza. Alturako eraikinak jasotzen ditu, 40ko hamarkada eta 70eko hamarkada bitartekoak: aukera-balio handia erakusten dute, egokitzeko eta erabilera berrietarako duten gaitasun handiagatik.

G.5 Matsaria eremua

48. Pablo Soroa.

46. B.O.J.S.A.

52. Solaun, Rubio y Ormaechea.

45. Acha y Bazterra.

53. A.B.C.

112. Nicolás Correa.

109. Matsaria 10-12ko industria-eraikina

104. Jardiñeta 34ko industria-eraikina

51. Hermanos Crucelegi.

58. Trenbidearen zubia Eusko Trenbideak.

Gerra Zibilaren aurreko urteetako arkitektura-elementu nabarmenetariko batzuk biltzen dira bertan. Eremu hori Orbeak zituen bi lantegietako baten inguruan hazi zen; trenbidetik gertuen zegoen orubea okupatu zuen, eta gaur egun industrialde moderno bat eraiki da bertan.

Paisaia-balio handiko gunea da. Boj eta Heinza bezalako funtsezko piezak ditu, eta bai Matsariako hiri-industria paisaia osatzen duten beste batzuk ere.

Soraluze

G.1 Deba ibaiaren ardatza

24. S.A.P.A.

29. Churruca y Compañía.

31-1. Olabarrena errotako presa

86. Igareta presa

87. Alberdi presa

82. Grupo Serafín Achotegui.

83. Grupo Calonge

84. I Zubia

85. II Zubia

Deba ibaiaren inguruko ardatza da. Bertan aurki daitezke tailer txikien eredua adierazten duten fabrikak, tamaina handiagoko beste batzuekin batera. Horiei gehitu behar zaie Deba ibaiaren ardatza bera. Han, oraindik ikus daitezke industriaurreko jatorria duten azpiegitura hidrauliko interesgarrien aztarnak. Lantegi modernoen eraikuntzarako baliatuak izan ziren horiek, eta arrastoak hiri-paisaiaren bilakaeraren lekuko dira egun. Gainera, XX. mendearen bigarren erdian jazo zen langileen etorreraren eta agintariek etxebizitzaren arazoa konpontzeko egindako saiakeraren ikur diren etxebizitza-talde batzuk ditu

Elgoibar

G.1

Maltzaga eremua

41. Barrena-Berriko zentral hidroelektrikoa.

41-1. Barrena-Berriko zentralaren azpiegitura hidraulikoa.

125-1. Aitzarte zentralaren azpiegitura hidraulikoa.

127. Zubia. Eusko Trenbideak

Honakoek ezaugarritzen dute eremua: zentral hidroelektrikoen segidak eta trenbide-lotune garrantzitsua izateak (Vasco-Navarro trenbideak eta Ferrocarriles Vascongadosek egiten zuten bat).

G.2 Sigma eremua

32. Estarta y Ecenarro.

121. Estarta Landa I.

122. Estarta Landa II.

123. Eliza.

104. Sigma frontoia.

SIGMA fabrika dago bertan. Fabrika-gune handia zen hori, langile-etxebizitza taldeak, eliza eta frontoia eraikitzeko bidea eman zuena.

G.3 Elgoibarko San Pedro eremua

120. Grupo Pedro Muguruza.

117. Grupo Carquizano.

Eremu horretan kokatzen dira Gipuzkoako etxebizitza talde interesgarrienetariko batzuk.

G.4 Altzola eremua

20. G.4 Altzola lonja-etxea.

63. Altzola Dorrea.

42. Altzolako zentral hidroelektrikoa

49. Altzolako errota.

49-1 Altzolako errotako azpiegitura hidraulikoa.

45. Eusko Trenbideak: geltokia eta biltegia.

 

Eremuak burdinola eta errota multzo interesgarria hartzen du baitan, dorretxeari lotua. XX. mendean ustiapen hidroelektrikora egin zuen jauzi; hortaz, industriaurreko eta garai industrialaren arteko giltzarri edo lotunetzat jo daiteke. Garrantzia handia izan zuen eremuak Antzinako Erregimenean, Debako uretan gora burdin-mea garraiatzeko portu bezala. Altzola interes handiko gune bihurtzen dute bere aisiarako orientazioak eta ur sendagarrien bainuek.

 

 

PAISAIAREN BALORAZIOA

Hiri-industria paisaia ezberdinak garai ezberdinetan gainjarri izanaren emaitza da aztertutako paisaia. XX. mende erdialdeko hamarkadek berezkoa duten konurbazioaren geruza agerikoenaren azpian, bailarako arma-industriaren hastapenak gogora ekartzen dituzten ekoizpen-tradizioaren aztarnak aurkitu daitezke. Hori dela eta, gauzatutako azterketa ikuspegi horretatik ulertu eta onartu behar da: oraingotik abiatzen da, aurretikoaren aztarna materialak bistatik galdu gabe.

Horrek berekin dakar paisaian eman diren eraldaketen segida ulertzea, garai jakin batean XX. mendeko bigarren erdia, herrialdearen industria-garapenerako ezinbestekoa, pertsonen eta industriaren ekintzen azken emaitzara iritsi arte.

Hiri-industria paisaia, industria-jendartearen bereizgarri eta adierazgarriena, ez da haren ekoizpen-elementuetara mugatzen. Auzo eta etxebizitzen sorrerak paper garrantzitsua jokatzen dute bertan: askotan lan-espazioekin nahastean ageri dira benetako mikrokosmos sozialak diren esparruak eratuz; apenas dago banaketarik lanerako eta deskantsurako lekuen artean.

 

Behin Debabarrenako hiri-industria paisaia haren ondare-baloraziorako aztertuta, 10 interesgune identifikatu eta zehaztu dira. Hiri-industria paisaia hori jarraia ez den espazio bat da, a priori, XIV. eta XVIII. mendeen artean jatorria duten geruzen aztarnak ezabatu dituena. Eskualde horretan, beste eremu batzuen aldean, ehun-produktiboaren paisaia-markak duela gutxikoak dira; denboran gertuago dagoen beste paisaia mota baten inguruan mintzatzen dira, XX. mendeko 70eko hamarkadako petrolio-krisi gogorraren aurrekoa.

Hiribildu horiek ibaiari lotutako industria-ekoizpen mota bati elkartutako kokapen bezala eratu ziren; ondoren, pixkanaka, alde egin eta industriaren pisua lantegi handietara, izan hedaduran izan altueran desagertuta dauden Alfa edo San Pedro de Elgoibar, lekualdatzeko, industria- eta bizitegi-espazioak partekatzen zituzten tailerrekin batera.

 

Hiri-industria espazio horren analisiak tarte historiko zabala hartzen du, Aro Modernotik hasi Altzola espazioa, XIX. mendeko Zamakola arma-fabrikatik igaro eta Eibar, Elgoibar eta Soraluzen dauden XX. mendeko adibideetara iritsi arte. Ekorketa historiko-kronologikoa ahalbidetzen du, erakusten duena nola joan den taxutzen Ertarotik XIX. mendera arte bizkarrezurtzat ibaia izan duen kokapena, ondoren, XX. mendean zehar, hiri-espazioak ordezkatzeko. Hortaz, eratutako bilbeak egiazko oreka osatzen du industria-arrastoen artean egokitzen doazen bizitegiekin. Aztertutako paisaia lurraldea jabetzeko beste modu batez hitz egiten duen eredu interesgarria da.

 

Konfigurazio morfologikoari dagokionez, berau definitzen duten ezaugarriak ikusi eta antzeman daitezke; alderdi horrek zehazten du hiri-paisaia postindustriala eratu ahal izateko hark duen modua. Eskualdearen trakzio-buru diren hiribildu horietan aztertzen diren espazio antropizatuak, XX. mendeko industria- eta bizitegi-jarduera hoberen irudikatzen dutenak dira. Eraikuntza mota ugari ikusi daitezke, izan industriakoak, bizitegikoak edo zibilak.

 

Horrela, askotariko arkitektura moduak topatu daitezke: altueran garatzen diren fabrika-espazioak ehun-eibartarra gehien ezaugarritzen duen adierazpena–; horizontalean garatzen diren fabrika-espazioak, non espazioa nabean zehar hedatzen den; Zamakola arma-lantegiko XIX. mendeko garai bateko tailerraren eredua.

 

Energiaren garrantzia azpimarratu behar da, segidako presa eta multzo hidraulikoek erakusten duten moduan; batez ere, Soraluzeren kasuan, edo Elgoibarko Barrena-Berri zentral elektrikoaren multzoarenean.

 

Etxebizitza sozialari (Etxe Merkeen Legea eta Etxebizitzaren Obra Sindikalarenak) eta enpresa-etxebizitzei dagokienez (Estartako etxeak, Elgoibarren), Gerra Zibilaren ondoren sortu ziren forma arkitektoniko berriei lotutako ereduak ageri dira: Elgoibar, Eibar eta Soraluzeko taldeak, adibidez.

 

Horiei gehitu behar zaizkie arkitektura zibilari eta zerbitzuen arkitekturari (Eibarko hiltegia) dagozkien espazioak, baita trenbideari lotutakoak ere (Eibarko geltokia). Modernitatearen hasiera markatzen duten trenbideek, industriaren eta populazioaren hazkunde-hasiera erraztu zuten pasatzen ziren lekutik pasatzen zirela, oso korapilatsua zen hiri-industria paisaia sortuz.

 

Horregatik hitz egin daiteke haren alderdi historiko, tekniko eta morfologikoaren marko oso batez, non adierazgarritasun-balio handia duten interpretazio-gakoek irauten duten; horrek, horien analisi, azterketa eta balorazioa ahalbidetzen du. Geruzak gainjartzen dira, agerikoena XX. mendekoa izanik. Hori Debabarrenako zati horrek jasan duen bilakaera sakonaren isla baino ez da.

 

JATORRIZKO DOKUMENTUAREN EDUKIA:

Jatorrizko dokumentu osoak zabalago garatzen ditu honako puntu hauek: ikerketan erabilitako metodologia, Deba bailaran XIX. eta XX. mendeetan jazotako industrializazioa eta populazio-kokapena, mugikortasuna eta garapena (Deba bailarako trenbide eta errepideak), Debako paisaia-eremuaren identifikazioa, azterketa-eremuaren justifikazioa, balorazioa, bibliografia eta eranskinak.

 

Jatorrizko dokumentua ikusi eta azterlanari buruzko informazio zehatzagoa izateko, sakatu esteka hau: informazio gehiago.