165. Buruntzako San Martin aztarnategi arkeologikoa (Andoain)
2. ETAPA: HERNANI • TOLOSA
Andoainen jatorria
Buruntzako San Martin aztarnategi arkeologikoak Andoaingo hasierako gune bati buruzko informazioa ematen digu. Garai hartan, Erdi Aroan, populatze-gunearen zati handi bat Buruntzako San Martin elizaren inguruan antolatzen zen. Gaur egun, Buruntza auzoan ikus daitezke haren aztarnak, izen bereko mendiaren hegalean, Burdin Aroko kastro baten azpian.
Aro Modernoaren hasieran, XV. eta XVI. mendeetan, Andoaingo Unibertsitatea ez zen populatze-multzo bateratua, aitzitik, haranean sakabanatuta zeuden hiru gunek osatzen zuten: alde batetik, Zumea ibaia eta Goiburuko San Esteban ermita; bestetik, Leizaur ingurua, leinuko jauretxeak eta Santa Kruz ermitak osatua; eta, azkenik, Buruntzako gunea, San Martin eliza zaharraren inguruan antolatua.
Andoaingo elizaren aipamen zaharrenak eta indusketetan aurkitutako aztarna arkeologiko zaharrenak XIV. mendekoak dira. Egindako indusketetan, toki horretan San Martini eskainitako hiru eliza aurkitu ziren, hasierako une horretatik XVIII. mendera bitartekoak.
Tenpluan aurkitutako ebidentziarik zaharrenak ez dira fundazio-parrokiarenak, baina XIV. mendekoak dira hala ere. Kontserbatu den hormaren aztarnek erakusten dutenez, eliza horrek abside oktogonala zuen kontrahorma sendoekin, eta kareharrizko harlangaitzez egina zen. Bigarren eliza XV. mendekoa zen, gotikoa, Behe Erdi Arokoa baino tamaina handiagokoa eta oinplano berria zuena (perimetro osoa eta zimenduen zati bat kontserbatu dira). Kareharrizko harlanduz egina, nabe bakarra eta abside oktogonala zituen. Hirugarren eliza tenplu errenazentista zen, eta haren lanak XVI. eta XVIII. mendeen artean egin ziren. Aurreko tenpluari burualdea handitu zioten eta alboko bi kapera ere gehitu zitzaizkion, beraz, gurutze latindarreko oinplanoa izatera pasa zen. Hormen lodierak erakusten du hirugarren tenplu horrek altuera handia zuela.
Tenplua XVIII. mendean eraitsi zuten, Buruntzako Andoaingo parrokia herrigune berrira eramatea erabaki zenean. Herrigune hori haranaren behealdean zegoen (Andoaingo egungo hirigunean). Gertaera horrek eta herrigune berriaren hedatzeak jatorrizko guneak geroz eta garrantzi gutxiago izatea eragin zuen, eta azkenean Andoaingo landa-auzo bat bihurtu zen.
Mendeetan zehar eraikitako tenpluez gain, indusketa arkeologikoan elizen barnealdean eta kanpoaldean egindako hilobiak aurkitu ziren. Aurkikuntza horiek aukera eman zuten hileta-pusken objektu-kopuru handiak berreskuratzeko, hala nola orratzak, arrosarioak, gurutzeak edo txanponak. Ebidentzia horiei esker garai hartako andoaindarren bizimodu eta pentsamoldeetan sakondu dezakegu.
Gaur egun, aztarnategia bisitagarria da. Bertan, lehen aipatutako egituren aztarnak ikus daitezke, mendeetan zehar tenpluak izan zuen bilakaera ulertzen laguntzen duten azalpenen panelekin batera. Horrez gain, bi gizabanakoren gorpuzkien erreprodukzioak ageri dira, Erdi Aroko eta Aro Modernoko hileta-errituetara hurbiltzeko aukera ematen dutenak: beirate batek estaltzen duen hilobi batean jarrita daude, hileta-pusken elementuekin batera.