Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

213. Burgeluko hirigunearen multzoa (Burgelu)

5. ETAPA: SALVATIERRA-AGURAIN • VITORIA-GASTEIZ

Burgeluko hiribildua, herrixken batasunaren emaitza

Burgeluko hiriguneak kokapen bikaina zuen komunikazio-korapilo batean; izan ere, bertara iristen ziren Barrundia eta San Adriango bideak, hurrenez hurren Ebro ibarrera eta Kantauriko kostaldera zeramatzatenak. Bide horiek berebiziko garrantzia zuen ibilbide baten parte ziren, Gaztela Kantauri itsasoko portuekin eta Frantziako mugarekin lotzen zuena, non merkataritza jarduera oso oparoa zen. Halaber, Burgelu garrantzi eta antzinatasun handiko beste bide baten oinetan zegoen, Ab Asturica Burdigalam erromatar galtzada zaharra, Bordele eta Astorga lotzen zituena. Erromatar galtzadaren zati bat Erdi Aroan Compostelara zihoazen erromesek erabiltzen zuten Arabatik igarotzean, eta Erromatarren Galtzada izenez ezagutzen zen.

Burgeluko lehen aipamen dokumentala XI. mendekoa da, Donemiliagako goldea dokumentuan, non Burgello izenaz aipatzen zen. XIV. mendearen lehen erdian, tokiko herrixkek elkartzea erabaki zuten, hiribildu titulua lortzeko eta hiribilduaren fundazioak ematen zituen pribilegioez gozatu ahal izateko (astero merkatua ospatzea, adibidez); eta gune nagusi gisa Burgelu aukeratu zuten. Horren ondorioz, herrixketako batzuk jendez hustu egin ziren: bertako biztanleak hiriburu berrira joan eta bertan behera utzi zituzten; den-denak ez, hala ere.1337. urtean, Alfontso XI.a Gaztelako erregeak emandako hiribildu-pribilegioa lortu zuen Burgeluk, eta, horren bidez, bere mugapean geratu ziren herrixken gaineko jurisdikzio zibila eta kriminala.

Hirigunea

Burgeluko erdigunearen bihotza mendixka txiki baten gainean dago, lautada baten erdian. Hiru kalek osatzen dute: kale Nagusiak, Burgello kaleak eta San Pedro kaleak. Kale horiek aldapa gora doaz ekialde-mendebalde noranzkoan, eta parrokia-eliza buru duen gunerik altuenera daramate. Hiriguneak ez du Erdi Aroko trazadura mantendu, ezta inguratzen zuen harresia ere.

Goialdean, XVI. mendeko San Pedro parrokia-eliza dago. Areto-erako oinplanoa du, eta nerbio-gangaz estalita dago. Hormak harlangaitzezkoak dira eta ertzetako kateak harlanduzkoak. XVI. mendeko portada du, geroagoko eliz atari baten azpian babestua (1762); arkupeak erdi-puntuko lau arku ditu eta lore-motiboak dituzten pilareetan bermatuta dago. Elizak barruan bataiarri gotiko berantiar bat du, XVI. mendearen amaiera eta XVII. mendearen hasiera artekoa, eta XVII. mendeko erretaula bat.

Elizaren ondoan, behealdean, herri-aisialdirako elementu bat dago finkatuta: XIX. mendean eraikitako bolatokia. Bola-jokoak tradizio handia du Arabako probintzian, eta herri askok dute kirol hori praktikatzeko pista. Bola-jokoaren Arabako aldaerari Arabako Boloa esaten zaio eta ez da joko tradizionalaren berdina. Haren desberdintasuna da bolak egurrezko ohol baten gainetik joan behar duela, irten gabe.

Harresien eremutik kanpo, XVI. mendeko pikota ageri da, inguruetako jurisdikzio zibil eta kriminala Burgeluk zuela erakutsiz: kondenatuak katez eta garfioz lotzen ziren, eta bertan zigortu. Pikota kapitel doriarra duen zutabe xume bat da, mailakatutako basamentu baten gainean kokatua dago, eta haize-orratz batek eta burdinazko gurutze batek koroatzen dute.

Azkenik, arkitektura zibileko elementu nabarmen bat aipatu behar da: Santa Marina 6 etxea, izen bereko errebala auzoan kokatua. Oinplano angeluzuzena eta bi isurkiko estalkia ditu. Beheko solairuan, dekorazio ildaskatuko fustea eta kapitel doriarra duten harrizko zutabeek eusten dioten arkupea du. Goikoan, ordea, egurrezko bilbadura erakusten duen adreiluzko horma ikusten da. XVII. mendeko eraikina da, eta etxebizitza-arkitektura herrikoiaren adibide nabarmena.

Partekatu

unesco