236. Buradon Gatzagako pikota (Buradon Gatzaga, Bastida)
7. ETAPA: LA PUEBLA DE ARGANZÓN • BRIÑAS
Pikotak eta jurisdikzio-biribilkiak
Ohikoa da pikota eta jurisdikzio-biribilkien arteko nahasketa, neurri batean euren morfologia antzekoagatik, baina eraikitzeko helburua eta euren funtzioa oso bestelakoak ziren.
Pikotek, Alfontso X.aren Partida Liburuan egindako aipamenari esker XIII. mendetik ezagutzen ditugunak, zigortzeko balio zuten. Hauei lotuta, errudunak herri aurrean erakusten ziren; horregatik egoten ziren plazetan edo herriko erdigunean.
Jurisdikzio-biribilkiak, ordea, geroago sortu ziren, XIV. mendean, eta jurisdikzio-helburuetarako eraiki ziren. Biribilki bakoitzak tokiko kategoria administratibo bat irudikatzen zuen, zegoen tokiko herria zen jabea, eta bere funtzioa zen kanpotarrari jakinaraztea pasatzen ari zen herriak hiribildu-pribilegioa zuela. Normalean, herrien sarreran edo jurisdikzioen mugan kokatzen ziren (lurralde-muga ere adierazten zuten askotan), beti komunikabide nagusien ondoan.
Une jakin batetik aurrera jurisdikzio-biribilkiak pikota gisa erabiltzen hasi ziren, beraz, hein batean ez da harritzekoa bien arteko nahasmena. 1813tik aurrera erabilerarik gabe geratu ziren, jaurerri-erregimenaren abolizioaren ondorioz Cadizko Gorteek basailutza-ikur guztiak eraistea agindu baitzuten dekretu bidez. Hala, ale asko suntsituak izan ziren, eta gaur egun gutxi batzuk baino ez dira geratzen.
Gatzaga Buradoneko pikota
Pikota izena duen arren, funtsean jurisdikzio-biribilki bat da. Gatzaga Buradon eta Briñasko jurisdikzioen artean dago, Santiagoko Bidearen ondoan. Gatzaga Buradonen mugen barruan dago eta bere lurralde-muga ezartzen du. Horrez gain, Arabako lurralde historikoaren eta Errioxako probintziaren arteko muga ere adierazten du.
Hareharrizko harlanduzko zutabea da, piramide- edo kono-formakoa. Ez du inolako oinarririk, eta ez dago inolako idulkiren gainean finkatuta; zuzenean harkaitzaren gainean eraikita dago. Goialdean mentsula edo hagaburutxo moduko batzuk ditu, baina ez dakigu zer funtzio zuten: apaingarri hutsak ote ziren edo, aldiz, sinbolismorik ba ote zuten edo zerbaiterako balio ote zuten.
Gatzaga Buradoneko Pikota, beraz, komunikabideetako elementu tipikoa da, XIX. mendearen hasieran Cadizko Gorteek ezarritako eraiste-aginduaren ondoren zutik geratu zen salbuespenetako bat.