Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

254. Brigiden komentua (Lasarte-Oria)

2B. ETAPA: HERNANI • BIDANIA

Jainkoaren eta Okendotarren aintza handiagorako

Kristautasuna Erromatar Inperioko erlijio ofizial bihurtu zenetik, eliteek leku pribilegiatua izan zuten Elizan. Bizitzan ez ezik hil ondoren ere beren boterea eta eragina erakusten jarraitu nahi izan zuten, eta horretarako, fededun guztiek ikusteko lekua aukeratu zuten: tenplua.

Erdi Aroan ere joera hori mantendu zen, eta errege-erreginek, nobleziak eta kleroak kapera partikularrak eraiki zituzten katedralei, monasterioei eta parrokia-elizei dohaintza garrantzitsuak eginez. Zentzu horretan, Euskadi ez zen salbuespena izan, eta patronatu laikoaren sistema baliatuz noblezia txikiak modu nabarmenean lurperatua izateko bidea aurkitu zuen. Patronatuaren bitartez, laiko horiek (asko Ahaide Nagusiak ziren) pribilegio batzuk eskuratzen zituzten, besteak beste: armarria elizako lekurik ikusgarrienetan jartzea, hamarrenak jasotzea, elizgizonak izendatzea eta kapera nagusian lurperatuak izatea (edo gainerako hilobiekin batera baina kokaleku nagusian).

Erdi Aroaren amaieran, aberasten eta sozialki mailaz igotzen hasi ziren leinu berriek Ahaide Nagusiak parekatu nahi izan zituzten. Eliza gehienak ez zeudela eskuragarri ikusi zuten, ordea, eta gehienez ere, lortu nahi zuten ikusgarritasun hori beste leinu batzuekin (asmo bera zutenak) partekatzea beste erremediorik ez zitzaien geratu. Gipuzkoan, partikularrek sortutako lehen komentuak Juan Perez Likonako eta Maria Ibañez Sasiolako ezkontideek (1503) eta Juan Lopez Lazarragako (Errege-erregina Katolikoen kontalari nagusia) eta Joana Ganboa ezkontideek (1510) bultzatutako fundazioak izan ziren. Leinu horiek izan zuten eragin eta aberastasun handiari esker, eta erlijioso-etxeen eklosioaz baliatuta (bereziki ordena eskatzaileen eklosioa: frantziskotarrak, domingotarrak, etab.), haien sustatzaile eta ongile gisa agertu ziren.

Lasarteko parrokia, 1569an Erreforma Katolikoaren babesean eraikia, komunitate osoak mantentzen zuen, bere sorrerarako baldintza izan baitzen lehen toki horretan jurisdikzioa zuten parrokiei diru-sarrerarik ez kentzea. Tenplu apala zen, eta ez zuen inoiz izan tokiko pertsona ahaltsuek sustatutako kapera partikularrik.

Horrela, Lasarteko etxe garrantzitsuenetako baten ondorengoek, hain zuzen ere herriaren izena daraman orubearen ondorengoek, komentu bat eratzea erabaki zuten. Beren bi alaba bertan klausuran sartzeaz gain, etorkizunean senar-emazteen hileta-mausoleoaren kokalekua izango zen komentu hori, gainerako lasartearrengandik bereiz. 1667an proiektatu zen, 1671n egin eta 1675ean sagaratu. Arkitektura barrokoaren harribitxi hau Miguel Antonio Okendok babestu zuen, Antonio Okendo almirantearen seme natural zenak (hark legitimotzat aitortu zuen) eta bere emazte Teresa San Millanek, erlijio katolikoa handitzeko eta beren debozioaren erakusgarri.

Lasarteko Ama Birgiden komentua

Komentua bi taldetan antolatutako gorputz-multzo bat da. Sorrerako lehen garaikoak dira eliza eta alde bakoitzean simetrikoki garatzen diren bi gorputzak. Erdigune horren alboetan beste pabiloi batzuk daude, eta horien bidez « U » formako sarrera bat osatzen da. Multzoa lorategi eta baratzez inguratuta dago ia alde guztietatik; halere baratze horiek handiagoak ziren duela gutxi besterendu baino lehen.

Multzo zaharrenak nabe bakarreko eliza du, oinplano obalatuko luneta-ganga batez estalia. Ondoren burualde bat atxiki zitzaion, barrualdetik zirkulu-formakoa eta kanpotik angeluzuzena. Portada hareharrizko harlanduzkoa da ia osorik, panel zarpiatu bat izan ezik, non bi okulu (armarri bana dutenak) eta leiho angeluzuzen bat irekitzen diren. Gorputz hori fatxadaren lerroa baino aurrerago dago, frontoi triangeluar batez errematatzen da eta horma-pikoan gurutze bat du. Alboetako hegalek egitura erregularra dute: leiho angeluzuzen etzanak beheko solairuan; leiho bertikal molduradunak goiko solairuetan, Kristoren eta Ama Birjinaren monogramez bereizita. Solairuak, eraikinaren hegal hauetan zein besteetan, platabandaz bereizita agertzen dira. Portadara begira eskuinetara geratzen den alboko pabiloiak, hormak estali gabe dituenak, kutsu klasikoko sarrera soila eta du, nahiz eta armarriz eta beste apaingarri batzuez errematatuta egon. Beheko solairua hareharrizko harlangaitzezkoa da, eta goikoa adreiluzkoa. Komentu-multzoa kanpandorre batek errematatzen du.

Barruan, elizaren buruan, erretaula barroko bat ageri da, non Brasildik Okendok berak ekarritako alabastro polikromatuzko irudi bat nabarmentzen den, Kontsolamenduko Andre Mariaren irudia. Aldare nagusiaren azpian komentuaren sustatzaileen hilobiak gordetzen dira.

Partekatu

unesco