143. Bidasoako zubien multzoa Santiago gunean (Irun)
1. ETAPA: IRUN • HERNANI
Bidasoa ibaia
Bidasoa ibaia Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga naturala da: 9 km, Endarlatsatik abiatuta Txingudiko badia zeharkatu eta Kantauri itsasoan itsasoratzen den arte. Bidasoa ibai estrategikoa izan da historian zehar, eta mugarekin oso lotuta egon da. Gaur egungo Irun, Hondarribia eta Hendaia udalerriek osatzen dute. Hainbat gertaeratako protagonistak izan dira, sarritan antagonikoak eta aurkariak.
Hala ere muga ez da zurruna izan, ibaiaren bi aldeetako harremanak eta bertakoen elkarrekin komunikatzeko nahia etengabea izan baita historian zehar, eta hala, ezaugarri kulturalak eta lotura ekonomikoak dituzte. Bidasoa ibaia, beraz, inguru horretako aliatu garrantzitsua izan da, baliabide naturalak dituelako (ura, ibaiko fauna, ur-bazterreko landaretza) eta komunikabidea delako. Ibai nabigagarria izanik, merkataritza-harremanek berebiziko garrantzia izan dute Antzinatetik. Hala erakutsi du arkeologiak Irunen Oiasso (erromatar civitas bat, geografo klasikoek beren kroniketan aipatu zutena) eta haren portuaren aztarnen aurkikuntzarekin. Geroago, Erdi Aroan, Nafarroako Erreinuaren Kantauri itsasora iristeko bidea izan zen. Halaber, estatuen arteko bake tratatuen agertokia ere izan da: hala nola, Pirinioetako Bakea, Hogeita Hamar Urteko Gerrari bukaera eman ziona 1659an. Hitzarmen hori Frantziako Luis XIV.a erregearen eta Espainiako Felipe IV.a erregearen alaba Maria Teresa Austriakoaren ezkontzarekin burutu zen, Bidasoa ibaiko Faisaien uhartean.
Gaur egun, mugarik gabeko Europaren garaian, bi aldeen arteko komunikazioa etengabea da. Alde batetik bestera pasatzen diren pertsonen joan-etorria ugaria da, bai eskualdeko biztanleena bai atzerritarrena, eta hainbat arrazoi direla medio, lanekoak edota aisialdikoak. Horren ondorio da eskualdearen izaera dinamikoa, irekia eta anitza. Eta horren erakusgarri dira Santiago deritzon inguruan Bidasoa zeharkatzen duten zubien multzoa: hala, ibaia oinez, motordun ibilgailuz edo trenez zeharkatu daiteke.
Bidasoako zubiak Santiagoko pasabidean
Hiru zubik osatzen dute multzoa. Ibaian gora goazela lehen zubia aurkitzen dugu, Irun eta Hendaia batzen dituen Nazioarteko Trenbide Zubia: hiru zubietatik zaharrena eta artistikoena. 1862-63 urteetan eraiki zuten, Frantziaren laguntzarekin, eta Kalixto Santa Cruz Ojanguren ingeniariak egin zuen lehen proiektua. Zubi honi esker Espainiako eta Frantziako trenbideak lehen aldiz batu ziren, Madril eta Paris lotuz. Hala, bidaia laburragoa eta erosoagoa egin zen, hain zuzen kostaldera zein beste hiri batzuetara eliteko turismoa uda pasatzera etortzen hasi zen garaian.
Zubiak kareharrizko harlanduak ditu horma-bularretan, gangetan eta zutarrietan, eta harroinak eta piloteak masa-hormigoiz eta hormigoi hidraulikoz beteak daude barrutik. 132 m neurtzen ditu eta 20 m-ko luzerako 5 arkuz osatzen da. Zutabeek 2,67 m dituzte, eta piloteek 7 m-ko sakonera dute. Zubi-brankak erdizirkularrak dira eta dekoratuta daude: Espainiako eta Frantziako armarrien harrizko taila landuak dituzte, bai eta bi estatuetako garai hartako errege-erregina Isabel II.aren eta Napoleon III.aren alegoriak ere.
Bigarren zubia Euskotrenen mugako zubia da. Handik pasatzen da metro bateko zabalerako nazioarteko trenbidea, Donostia eta Hendaia lotzen dituena. Hasieratik Topo izena eman zitzaion, 21,4 km-ko ibilbidearen % 20 tuneletan barrena egiten baitu. Zerbitzua 1912an hasi zen Donostia eta Irun artean, eta 1913an Hendaiaraino iristean nazioarteko bihurtu zen.
Multzo honetako azken zubia oinezkoen Santiago zubia da. 1915ean amaitu eta inauguratu zuten, baina Lehen Mundu Gerra zela eta, zubia itxita egon zen 1918an gerra amaitu arte.
Estilo Modernista du, eta hiruren artean ezagunena da agian, Bigarren Errepublikaren aldeko hainbat eta hainbat pertsona handik pasa baitziren Frantziako erbestera Irun frankisten eskuetan erortzear zela. Bigarren Mundu Gerran ere zeregin garrantzitsua izan zuen: 1940ko ekainean III. Reicheko tropa alemaniarrek okupatu zuten, eta hala, espioitza eta estraperlorako gune garrantzitsu bilakatu zen. Aipagarria da, halaber, diktadura frankistatik ihes egindako hainbat pertsona, naziek okupatutako Frantzian atxilotuak izan ondoren, zubi honetan entregatuak izan zirela, Generalitateko President Lluis Companys, adibidez.