Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

258. Bidaniako plazako multzoa (BIdania-Goiatz)

3B. ETAPA: BIDANIA • ZEGAMA

Bidania udalerrirako erdigune bat

Bidania-Goiatz arro endorreiko batean kokaturik dago, 500 metroko altueran dagoen haran zabal batean, eta Gipuzkoako udalerri garaiena da. Ernioren babesean dago, probintziaren erdian, Tolosa eta Azpeitia lotzen dituen bidean. Goiatz eta Bidania herriek osatzen dute: elkarrengandik kilometro batera daude eta 1967an udalerri bakarra osatzeko behin betiko batu ziren.

Bidaniko hirigunearen lehen aipamen dokumentala 1399. urtekoa da. Unibertsitatea izanik, Saiatzeko Alkatetzan parte hartu zuen, probintziako hiru alkatetza nagusietako batean, Errezil, Goiatz, Beizama eta Aiarekin batera. Geografikoki probintziaren erdigunean zegoenez, egiteko garrantzitsua izan zuen Gipuzkoako Batzarretan, probintziako Batzar Partikularren egoitza izan baitzen 1463tik 1700era (ezohiko batzarrak ziren, eta premiazko gaiak aztertzen zituzten, azkar konpondu beharrekoak). 1845ean udalerri independente bihurtu zen, eta horrela mantendu zen XX. mendera arte, Goiatzekin batu zen arte.

Bere paisaiak betidanik izan duen landa-izaerari eusten dio, industrializazioak ia ez baitzuten eraginik izan haranean. Bidaniko populazioa sakabanatuta dago, baserriak haranean zehar barreiatuta daude. Ezaugarri hau Erdi Arotik datorkio, elizaz gain herriak ez baitzuen benetako erdigunerik. Tenplu hori San Bartolome eliza zen; haranaren goiko aldean zegoen (gaur egun hilerria dagoen lekua), eta bertatik haranaren ikusmen-kontrol handia zegoen. Inguruan, baina sakabanatuta, hainbat etxe eta jauregi eraiki ziren, baita laborantzarako eta basorako lurrak ere.

XIX. mendean independentzia lortu eta udalerri gisa eratu zenean, hirigune bat eraiki zuten, eta gaur egunera iritsi den plaza. Espazio horretan herriko botere nagusiak (zibila eta elizakoa) ordezkatuta zeuden, eta gainera, herriko bizilagunentzako topaleku gisa funtzionatzen zuen. Prozesu horretan erabakigarria izan zen Muñoa-Pagadizabal familiaren esku-hartzea, hirigintza-proiektu honen benetako sustatzaileak izanik plazan zeuden elementu ugari ordaindu baitzituzten, hala nola eliza, moja-etxea eta apaiz-etxea, beste eraikin batzuen artean. Aipagarria da Migel Muñoaren izena, Argentinan dirutza egin ondoren 1858an Bidanira itzuli zen indianoa, Bidaniko erdigunearen egile nagusia bihurtu baitzen.

Plaza

Bidaniko plazan San Bartolomeri eskainitako eliza kokatzen da. 1890eko azaroaren 21ean inauguratu zuten. Eliza berriaren eraikuntza Manuela Pagadizabalen ekimena izan zen, aipatutako Migel Muñoaren ama, orubea dohaintzan eman eta tenplua eraikitzeko ekarpen ekonomikoa egin baitzuen. Dohaintzaren truke panteoi-kapera bat eraiki zen elizaren barruan, familia lurperatzeko. Domingo Ezeiza bidaniar obra-maisuak eraiki zuen tenplua: estilo historizistako oinplano angeluzuzeneko eraikin handia da. Fatxada nagusian dorre handi bat nabarmentzen da, oinarrian eta goialdean harlanduzkoa. Dorrearen oinarria estilo klasikoko frontoi baten azpian txertatuta dagoen erdi-puntuko arku batez osatuta dago. Alde banatan, teilaz estalita dagoen arkupe batek aterpea eskaintzen du. Nabe osoan zehar okuluak irekitzen dira, argia tenplu barrura sar dadin. Barrualdean, XVII. mendeko barroko estiloko erretaula urreztatua nabarmentzen da. Organoa aipagarria da, Muñoa familiak 1902an parrokiarako erosi zuen Cavaillé-Coll organoa.

Plazako multzoaren beste elementu aipagarri bat elizaren ondoan dagoen Munoa jauregia da. Manuela Pagadizabalen jaiotetxe izandako Elola baserriaren tokian dago. Estilo eklektikoko jauregia da, oinplano karratukoa eta hiru isurkiko teilatua duena. Fatxada pintura zuri eta urdinez luzitua du, eta bi altueretan bao ugari dituelako nabarmentzen da. Bao guztiak arku beheratuz errematatuta daude. Dekorazio-elementuak deigarriak dira, hala nola bigarren solairuko arkuak apaintzen dituzten landare-motiboak eta kasetoiz apaindutako teilatu-hegala.

Azkenik, 1917an Guillermo Eizagirre arkitektoak eraikitako udaletxea aipatu behar dugu. Elementu aipagarriena erantsitako dorrea da, plazara ematen duen aldean kokatua; adreiluz eginda dago eta izkinetan garitoiak ditu. Eraikuntzaren gainerakoa harlanduzkoa da. Baoen ertzak eta ertz-kateak ere harlanduzkoak dira, eta tonu argiagoz nabarmentzen dira. Azpimarratzekoa da plazara begira dagoen fatxadako armarria.

Partekatu

unesco