Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

180. Berostegiko Santa Marina ermita (Legorreta)

3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA

Lan-espazioak, erlijiotasun-espazioak

Industria-garaian, fabriken multzoetan, ohikoa izaten zen lantegiez gain langileen etxebizitzen eraikinak aurkitzea, bai eta aisialdiko eta zerbitzu espiritualeko azpiegiturak ere. Industriari lotutako tenplu katolikoen adibide dira Beasaingo CAF multzoko Gurutze Santuaren kapera eta Cementos Rezolak sortutako auzoko Karmengo Amaren parrokia, Añorgan (Donostia).

Hala ere, jardunbide hori ez da berria Gipuzkoan. Industria aurreko garaia jarduera handiko garaia izatearen ondorioz, non burdinaren eraldaketa nabarmentzen zen bereziki, fabrika-eredu ugari garatu ziren. Burdinolen esparruari zegokionez, ekoizpen-gune batzuk populatutako eremuetan edo haietatik gertu zeuden; beste batzuk, berriz, urrutiago. Edonola ere, herrigune nagusietatik gertu izan edo ez, burdinola horietako batzuk industria-izaerako auzo txiki bihurtu ziren, non langileen eta bertan kokatutako familien bilgunea ermita zen. Gogora dezagun, gizarte tradizionaleko ermitek funtzio liturgiko eta espiritualak zituztela, baina, aldi berean, sozializazio eta festa guneak ere bazirela.

Mota horretako multzoen artean, Beasaingo Igartzako burdinola aipa dezakegu. Bertan, industriaurreko lan-azpiegitura eta izen bereko oinetxea Belengo Andre Mariaren ermitarekin osatzen ziren. Aian, Santiagoerreka auzoan, Arrazubiako burdinola jabeen etxearekin eta Santiagori eskainitako kaperarekin batera agertzen zen. Beste adibide bat Añarbeko burdinolaren inguruan zegoen (Errenteria eta Nafarroaren arteko mugan), San Migel ermita zegoen bertan, eta haren aztarnak gaur egun urtegiak urez beteta ditu.

Berostegiren kasuan, Legorretan dagoen gune txiki bat da, Itsasondoko mugan, Zubinerreka eta Oria ibaia elkartzen diren lekuan. Multzoa Etxe Aundi etxeak, burdinolak (gero errota izan zen) eta Santa Marina ermitak osatzen dute. Lehenengoa, Berostegiko jaunen egoitza, oinplano karratuko XVI. mendeko eraikina da, arbelezko harlangaitzezkoa, eta egurrezko egitura interesgarria du goiko solairuan. Ura instalazio hidraulikoetara eramaten zuen ubidearen aztarnak baratzen artean igartzen dira, eta etxebizitza baterantz zuzentzen dira, antzina burdinola izan zena, eta ondoren, errota. Bi eraikuntzen artean, Santa Marina ermita altxatzen da, eta hala, lantegi-multzoa osatzen da.

Burdinolaren lehen aipamenak XVI. mendearen erdialdekoak dira, Berostegiko etxeko jauna Bernardino Arteaga zenean. Ermita geroago agertu zen dokumentuetan, 1625ean, eta ez dakigu zehazki noiz eraiki zuten.

Berostegiko Santa Marina ermita

Oinplano angeluzuzena eta trapezoide formako absidea dituen eraikina da, 15 x 8 metroko oinplanoa du eta kareharrizko harlanduz (fatxada eta baoak eta gainerakoen izkinak) eta luzitutako harlangaitzez eraikita dago. Sei isuriko estalkia du, eraikinaren solairuaren konplexutasunera egokituta.

Fatxada eraikuntzaren zatirik nabarmenena da, non eliz atari txiki bat irekitzen den arku karpaneldun bao baten azpian, atxikitako pilastra soiletan bermatuta dagoena. Alboetan, beste bi pilastra erraldoik inguratzen dute portada eta, koruaren parean, ateburudun leiho bat irekitzen da, inguruan moldura duena. Fatxada kanpai bakarreko kanpai-horma txiki batek koroatzen du, frontoi triangeluar baten gainean kokatutako hiru lurbiraz errematatzen dena. Eraikina barroko estiloaren barruan kokatzen da.

Barrualdean, nabea eta absidea ertz-gangaz estalita daude. Aurrean, Santa Marina zaindari santuari eskainitako erretaula rococo bat dago. Haren tailua nabarmentzen da horma-hobian, arrokailaz apaindutako arkitektura oparo batez inguratuta. Felipe Azurmendik egina da.

Partekatu

unesco