233. Berantevillako Hirigune Historikoaren multzoa (Berantevila)
7. ETAPA: LA PUEBLA DE ARGANZÓN • BRIÑAS
Berantevilla hiribilduaren jatorria
Berantevillak kokapen estrategikoa zuen Sobrongo haitzartearen eta Haroko Kontxaren arteko sakonune bat den Mirandako arroan, Gaztelako lurraldea eta Frantziako muga lotzen zituen komunikazio-korapilo batean baitzegoen. Ayuda ibaiaren ertzean zuen kokapenak eta lurraren topografiak balio handia ematen zioten laborantzarako, eta nekazaritza-jarduera oparoa garatu zen bertan.
Gutxi dakigu Berantevilla hiribilduaren jatorriari buruz. Hipotesi batzuen arabera, Portilla de Ibda Erdi Aroko herrixkako biztanleak lekuz aldatzean sortu zen. Herrixka hori Portillako gailurraren azpian zegoen, 700 m-ko altueran, egungo Berantevillako erdigunetik hegoaldera, eta gaztelu bat zuen, Gaztelako Antso IV.a erregearen setio eta konkistaren ondoren 1288an desagertu zena. Portillako gazteluak eginkizun erabakigarria izan zuen gertuko beste gotorleku batzuekin batera (Buradon eta Oziokoak kasu) VIII. eta IX. mendeetan Mirandako Korridorearen defentsan musulmanen erasoen aurka. Litekeena da Portillako biztanleak bertara joan aurretik gune bat egotea gaur egun Berantevilla dagoen tokian, baina dokumentuetako ebidentziek soilik XI. mendetik aurrera berresten dute populatze-gune bat kokagune horretan, Trebiñu Konderria eta Miranda Ebro lotzen zituen bidearen ondoan.
XIII. mendean, guneak garapen handia izan zuen, neurri batean aipatutako abantaila geografikoengatik, baina baita bere jarduera oparoa eta hazkunde demografikoagatik ere (Portilla suntsitu ondoren). Arrazoi horiengatik, edo beharbada biztanleek eurek eskatuta, Gaztelako errege Fernando IV.ak Portilla de Ibdako forua eman, eta hala, hiribildu pribilegioa lortu zuen.
Berantevilla eremu lau batean kokatuta dago, Ayuda ibaiaren ertzean, eta hiri-egitura erregularra du. Hala ere, Arabako hiribilduen ohiko egituratik bereizten diren elementuak ikusten dira haren hirigintza-egituran. Arabako hiribilduen egiturak, oro har, hiru kale paralelo izaten ditu, Berantevillakoak, aldiz, bost kale ditu. Bestalde, herri honen konfigurazioa desberdina da bere ardatzaren orientazioari dagokionez: probintziako hiribilduek ipar-hego orientazioa izan ohi dute, iparraldetik datozen haize hotzetatik babesteko; Berantevillakoak, berriz, ekialde-mendebalde orientazioa dute, Trebiñutik Miranda Ebrora doan bidearen norabideari jarraituz. Erdi Aroan hiribilduak harresi bat zuen, baina ez da ia ezer geratzen. Defentsa-elementu horren azken aztarna herriaren mendebaldean dago, kale Nagusian (4. zenbakian): harresiaren zati zen dorre zahar bat. Gaur egun oinplano karratuko etxe bihurtu da, bi solairukoa eta harlanduz egina, eta sarreran erdi-puntuko arku dobelatua du.
Kale Nagusia da ardatz nagusia. Bertan, jauretxe bikainak kontserbatu dira, fatxadetan harlanduzko armarriak dituztenak. Adibide nabarmenenak honako hauek dira: XIX. mendeko 9. zenbakiko etxetzarra eta XVIII. mendeko 23. zenbakiko etxea, biak neoklasiko estilokoak; 25. zenbakiko etxe blasoiduna eta XVII. mendeko 28. zenbakiko etxea, errenazentista berantiarra.
Erdian, XVI. mendeko Andre Mariaren Jasokundearen eliza dago. Oinplano angeluzuzena eta bi altuerako estalkia ditu, eta tenpluaren burualdeko aldea altuagoa da. Elizaren aztarnarik antzinakoenak nabean daude: erdi-puntuko arku molduratuak eta apaindura gotikoak dituzten bi bao dira, eta koruan harlanduz egindako arku konopial bat. Elizaren dorrea bi ataletan egituratuta dago, eta nabarmen agertzen da lursailek eta hiriko eraikinetako teilatuek eskaintzen duten paisaia horizontalean.
Elizaren ondoan plaza dago, hiribilduko biziaren erdigune irekia. Aipagarria da, baita ere, elizaren sarreraren ondoan dagoen etxea, beheko solairuan harrizko zutabez eutsitako arkupea duena.
Bide ertzean kokatutako hiribildua denez, ez dira falta bideekin zerikusia duten elementuak, hala nola ekialdean eta mendebaldean dauden gurutzeak. Mendebaldean El Prado gurutzea dago, eta ekialdean, Trebiñuko irteerakoa.