Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

147. Beloaga gaztelua (Oiartzun)

1. ETAPA: IRUN • HERNANI

Beloaga gazteluaren jatorria

Beloaga gaztelua Oiartzungo udalerrian kokaturik dago, eta Gipuzkoan kontserbatzen diren Erdi Aroko gazteluen artean garrantzitsuenetakoa da. Hala ere, gaur egun arte iritsi diren hondarrak XX. mendekoak dira, izan ere, Karlistaldietan gotorleku liberal izateko birmoldatu zuten Erdi Aroko gaztelu zaharraren hondarren gainean.

Gaztelua Arkale mendi-tontorrean dago. Arkale gailur menditsu bat da, Oiartzun inguruan arku bat marrazten duena, eta hala, Gipuzkoako leku estrategiko bihurtzen da, zonalde hori Irungo aldetik babesten baitu. Horrez gain, inguruak behatzeko behatoki aparta da, Txingudiko badiatik Donostiarainoko eskualdea kontrolatu baitaiteke bertatik.

Dokumentuetako datuek eta arkeologiak eskaintzen dizkiguten datuek Erdi Aroan kokatzen dute hasierako gaztelu zaharra. Lehen aipamena 1200 urtekoa da, Gaztelako errege Alfontso VII.ak Nafarroari kendutako gazteluen zerrendan agertzen baita. Nafarroa eta Gaztelaren arteko mugan zegoenez, bi erreinu horien arteko liskarren protagonista izan zen maiz. Arkeologia-ebidentziek erakutsi dute Erdi Aroko gazteluaren erabilera-mailak XIII-XV mendeei dagozkiela. Lurretik ateratako materialak anitzak eta ugariak dira. Batetik, garaiko armen zatiak: gezi-muturrak, burdinazko balezten osagaiak, lantza-muturrak eta labana-xaflak; bestetik, soldaduen jantziekin lotutakoak: belarriak, eranskin apaingarriak, etab.; gazteluan bizi ziren soldaduen eguneroko bizimoduarekin erlazionatutakoak: zeramikak, dadoak (aisiarako), bai eta etxeko animalia ugarirenak, bide batez soldaduen dietaren berri ematen digutenak. Halaber, aipagarria da txanpon-bilduma, XIII-XV mendeetako txanponen multzo garrantzitsuz osatua.

Ez dakigu zehatz noiz eraitsi zuten Erdi Aroko gaztelua, baina litekeena da 1516 aldera izatea, Gaztelako Erreinuak Nafarroa bereganatu ondoren Cisneros kardinalak Nafarroako erreinuaren defentsak eraisteko agindua eman zuenean. Litekeena da, halaber, Bandokideen bortizkeriari amaiera emateko 1455ean Gipuzkoako Ermandadeak Oiartzungo bailaran egin zuen esku hartzearen ondoren ekitea eraisketari.

Gotorlekuaren deskribapena

Arkale mendiaren tontorrean kokatuta dago, 272 m-ko altueran, eta haitz-gaztelu bat da. Goiko aldean bi gela angeluzuzen ageri dira altuera desberdinean kokaturik: gailurreko defentsa-egiturak dira. Zati batean haitz naturala baliatzen du, eta geratzen diren hutsuneak harlangaitz-horma sendoz ixten dira. Horma horiek agerikoagoak dira hegoaldeko zatian, haitz-azaleratzeek estalperik gabe uzten baitituzte plataformak.

Gaur egun urrutitik ikus daitezkeen aztarna gehienak XIX. mendean eraikitako Arkale gotorlekuarenak dira. Goiko zatiak irteera txaranbeldua du mendebaldean, eta badirudi irteera horrek eremu hori ixten zuen eta gaur egun desagertuta dagoen tiratzaile-gune batera ematen zuela, bai eta munizio-biltegi batera ere.

Mendian beherago, malda leunagoa den gune batean, mendia ipar-hego norabidean zeharkatzen duten bi sarrera daude, bi behaketa-postutara daramatenak. Barruko korridoreek arrapalak eta eskailerak dituzte, eta hormigoiz estalita daude tarte batzuetan. Korridoreen sarrerako arku gainean ejertzitoko ingeniari-kidegoaren armarria ageri da.

Partekatu

unesco