Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

144. Behobiako muga multzoa (Irun)

1. ETAPA: IRUN • HERNANI

Behobia, muga izaera duen auzoa

Behobia Bidasoa ibaiaren bazter batean dagoen ibi bat da, kontinentera igarotzeko pasabide natural bat; izan ere, leku horretan ibaiaren ibilgua estuagoa da eta urak indar gutxiago du. Hala adierazten du izenak berak: ibi hitzaren esanahia da ‘zoru sendo, lau eta sakonera txikikoa, oinez, zaldiz edo ibilgailuz zeharkatu daitekeena’. Bere izenak, beraz, pasabide izaera adierazten du.

1887an eratu zen auzo gisa, ordura arte Bidasoa auzoaren zati bat izan baitzen, baina dokumentuetan XIV. mendean aipatzen da lehen aldiz: Baionako Urrezko Liburuan, 1349ko dokumentu batean Beherobie izenaz azaltzen da.

Mugan egoteak bere izaeran eragina izan zuen hasiera-hasieratik, eta hala izan da bere historia osoan ere. Horren erakusgarri da Gipuzkoako Sartu Irtenen Alkatetza (Alcaldía de sacas) han ezartzea. Erakunde gipuzkoar horren zeregina zen Behobiako mugatik Frantziara ateratzen ziren merkantziak behatzea, eta debekua zuten gaiak atzematea eta konfiskatzea (urrea, zilarra, bitxiak, zaldiak, haragia eta abar). Errege Katolikoek 1475ean emandako pribilejio baten ondorioz ezarri zen erakunde hori Irunen, eta XIX. mende erdialdera arte iraun zuen. Ondoren, 1841ean, Lehen Karlistaldiaren ostean, Baldomero Espartero jeneralak agindutako dekretuaren ondorioz (aduanak kostako portuetara eta mugara mugitzea), Irungo aduana nazionala ere Behobian kokatu zuten.

Mugako multzoa

Denbora joan ahala, mugak ematen zituen aukerak baliatuta, pasabide izaerarekin lotutako hainbat jarduera ekonomiko sustatu ziren: aduanarekin zerikusia zutenak eta mota guztietako hornikuntza-zerbitzuak. Horrez gain, auzoan komunitaterako eta aisiarako elementuak jarri ziren bizilagunentzat: esaterako, Jesusen Bihotza eliza eta Behobiako Trinketa. Auzoko etxebizitzetan nabarmentzekoa da arkitektura-estilo neoeuskalduna.

Aduanaren eraikina Karabineroen postua izateko erabili zen hasiera batean, baina handik gutxira mugako zerbitzuak ezarri ziren han. Bidasoa ertzean kokatuta dago, Behobiako zubi izandakoaren mutur batean. Zubi hori desagertuta dago orain, baina pertsonen eta merkantzien joan-etorrietarako erabilia izan zen 1971 arte, izan ere, urte horretan gaur egungo Nazioarteko Zubia inauguratu zuten, 70 m ibaian gorago.

Aduanaren eraikina 1849 eta 1853 artean eraiki zuten. Nabarmentzekoa da haren fatxada neoklasikoa: neurriek, proportzioek eta zutabe doriarrek oreka ematen diote. Jaizkibel mendiko hareharriz egina dago. Gaur egun ez da aduana gisa erabiltzen; orain Udalarena da eta auzoko pertsona nagusien topagune gisa erabiltzen da.

Behobiako arkitektura-elementu komunitarioen artean aipagarria da Jesusen Bihotza eliza. Eraikin xumea da eta Gerra Zibilaren aurreko hilabeteetan inauguratua izan zen, 1936ko otsailaren 9an. Fatxada nagusian harmailadi txikia dago sartzeko, eta goialdean kanpai-horma txiki bat du, kanpai bakarrekoa, eta azpian leiho biribil bat. Pareta zuridun kaperatxo bat da, bao ugari izateagatik barruan argi asko duena.

Behobiako Trinketa euskal pilota modalitate horretan jokatzeko instalazioa da. Aduanaren eraikinaren atzean dago. Estilo funtzionalista du, 30 x 9 m neurtzen du eta hormigoi leunduzko akabera du. José Nanclares eta Felisa Barandiaran senar-emazteen ekimen partikularrari esker sortu zen, eta 1934an inauguratu.

Partekatu

unesco