238. Bastidako Hirigune Historikoaren multzoa (Bastida)
7. ETAPA: LA PUEBLA DE ARGANZÓN • BRIÑAS
Defentsa-izaera handiko eta mahasgintzako hiribildua
Arabako probintziaren hegoaldean kokatua dago eta mugan egoteak herriaren izaera markatu du zalantzarik gabe. Goi Erdi Aroaz gero musulmanen, nafarren eta gaztelarren arteko borroken lekuko izan zen. Horren erakusgarri da Bastidako eskualde osoan barreiatuta dauden izaera militar eta defentsiboko azpiegituren hedapena. Herria alde guztietatik inguraturik dago: hegoaldean Ebro ibaia du, hego-ekialdean San Vicente de la Sonsierrako gaztelu itzela eta iparraldean Toloñolo eta Buradongo gazteluak.
Jatorrizko gunea Mota muinoaren gainean kokatzen zen, bertatik Arabako Errioxa eta Ebrotik harantzagoko Errioxako lurraldea begiz hobeto kontrolatzen baitziren; gero hegoaldeko magaletik zabalduz joan zen. Goi Erdi Aroan Nafarroako Erresumaren gotorleku bat ezarri zen bertan. Uste denez, Antso Azkarrak eman zion hiribildu pribilegioa 1196an; gero, 1242an Fernando III.a Gaztelako erregeak berretsi egin zuen, 1200 ezkero lurraldea Gaztelako Erresumaren barne geratu baitzen.
Mahastiak lurraldearen luze-zabalean zehar hedatzen dira, mahatsa ekoizteko baldintza onak baititu eta haren laborantzarako oso lur egokia baita. Jarduera horrek berebiziko garrantzia izan zuen hirigunearentzat hasieratik, arkeologiak erakutsi duen bezala: Arabako Errioxa osoan antzinakoena den labar-dolare bat aurkitu zen Remelluriko aztarnategi arkeologikoan. Toloñoko Monasterioko soro bat zen, non jada XIV. mendean zerealak eta mahastiak landatzen zituzten, eta non, gainera, garai horretako 300 hilobi antropomorfodun nekropoli bat aurkitu zuten.
XVI. eta XVII. mendeetan zehar, Bastida hiribilduak gorakada izan zuen, mahasgintzako jarduera oparoagatik eta merkataritza geroz eta biziagoagatik (astero azoka bat egiten zen). Oparotasun ekonomikoak leinu nobleetako hainbat familia hiribilduan finkatzea eragin zuen, eta euren oinetxeak bertan ezartzea.
Hirigune historikoaren multzoa
Multzoak bi eremu oso bereizi eta antagoniko ditu. Lehenengoa, eremu zaharrenari dagokiona, muinoaren goiko aldean dago. Kristo Santua eliza eta bere inguruan eraiki ziren etxeak dira, La Mota eta El Olmo auzoetan. Garaiera-desberdintasun handiko gune batean kokatuta daudenez, auzo horietako hirigintza-trazadura desantolatua da. Gune horretan XVI. eta XVII. mendeko etxeak kontserbatzen dira, eta honako ezaugarri hauek dituzte: bi edo hiru altuerako eraikinak dira, harlanduzkoak, horma mehelinak dituzte eta ateburudun ateak. Mailakatuta eraiki ziren, lurraren gora-beheretara egokitzeko.
Muinoan beherago bigarren gunea dago, kale Nagusiak eta Frontín kaleak mugatuta. Jatorrizko gunearen handitze gisa geroago eraiki zen, baina hark ez bezala, plano erregularra eta antolatua du. Bi kaleak Bakearen plazan amaitzen dira, herriaren erdigune neuralgikoan, non botere zibila eta elizakoa ordezkatuta dauden, udaletxea eta Andre Mariaren Jasokundea eliza bertan baitaude. Etxeak, leinu nobleen jauregi barrokoak, kaleen alde banatan daude eta horma mehelinak partekatzen dituzte.
Ia ez da herria babesten zuen harresiaren aztarnarik kontserbatzen. Azken aztarnak Kristo Santua elizan daude, haren iparraldeko eta mendebaldeko hormetan. Hala ere, sarbideetako bi kontserbatzen dira, Toloñoko arkua (Kristo Santua elizaren ondoan) eta Larrazuriako arkua, kale Nagusian barrena hirigune historikora sartzen dena. Biak XVII. mendekoak dira eta barroko estilokoak.
Herriguneko eraikinik aipagarrienen artean, bere bi tenplu kristauak daude. Kristo Santuaren eliza XII. mendekoa da, eta berriki egindako esku-hartze arkeologikoek tenplu prerromaniko baten aztarnak atera dituzte argitara. Halaber, elementu erromaniko berantiarrak ditu (portada eta hagaburutxoak), eta elementu gotikoak (arrosa-leihoa edo izar-formako nerbiodun gurutzeria-ganga). Andre Mariaren Jasokundea eliza Bakearen plazan kokatzen da, XVI. mendean eraikia da eta elementu errenazentistak eta barrokoak ditu.
Bestalde, multzo historikoan arkitektura zibilaren adibide bikainak ageri dira, non, kale Nagusian zehar eraiki ziren XVII. eta XVIII. mendeko jauregi barrokoak nabarmentzen diren. Horiez gain, azpimarratzekoak dira Bakearen plazan dauden bi eraikin: XVIII. mendeko udaletxea, estilo barroko klasizista duena, eta Salazartarren jauregia, XVIII. mendean eraikitako oinetxea, fatxadan leinuaren armarria duena.