Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

155. Astigarragako udaletxea eta plazaren multzoa (Astigarraga)

1. ETAPA: IRUN • HERNANI

Aiztondoko Alkatetza Nagusitik Astigarraga hiribildura

Astigarraga Urumea ibaiaren ibarrean dago, Santiagomendi eta Txoritokieta mendiek babestuta. Erdi Arotik, komunikazio-korapilo garrantzitsua izan da, Frantziara zeraman Errege Bidea bertatik igarotzen baitzen, eta Donostia, Hernani eta Oiartzungo haranetik gertu baitzegoen. Urumea ibaia herrigunetik igarotzen zenez, itsasorako irteera zuen, eta horrek merkataritza-jarduera oparoa ekarri zion; izan ere, jarduera horren bidez hainbat produktu garraiatzen ziren, besteak beste, sagardoa (Astigarraga erreferentea da Gipuzkoako sagardoaren ekoizpenean eta merkaturatzean).

Jatorrian Aiztondoko Alkatetza Nagusiarena izan zen Astigarraga. Alkatetza horren lehen aipamen dokumentala 1397koa da, baina ez dakigu zehazki noiz eratu zen. Hainbat herrigunek osatzen zuten, hala nola Asteasuk, Larraulek, Sorabillak, Urnietak eta Astigarragak. Geroago, bertako kide ziren herriguneek euren hiribildu-pribilegioak lortu zituztenean, Alkatetzaren zati izateari utzi zioten, Alkatetza desagertu zen arte. Urnietak lortu zuen lehenik 1615ean, Astigarragak 1660an, eta ondoren, XIX. mendean, Larraulek 1840an eta Sorabillak 1843an. Asteasuko hirigunea bakarrik geratu zenez, Aiztondoko Alkatetza Nagusia desagertutzat jo zen.

1941ean, frankismoa ezarri ondoren, Astigarragak bere autonomia galdu zuen eta Donostiako Udalaren menpe geratu zen. Hala ere, 1987an berreskuratu zuen, 1984an egindako erreferendum baten ondoren.

Astigarragako plazaren multzoa

Astigarragako plazaren multzoan hainbat elementu daude, plaza tokiko komunitatearen bizitzaren erdigune dela erakusten dutenak. Izan ere, hainbat esparru elkartzen dira bertan, hala nola botere zibila eta elizakoa, edota aisialdirako eta gizarteratzeko azpiegiturak. Batetik, udaletxea dago, herriko botere zibilaren erakusgarri nagusia. Bestetik, parrokia-etxea, elizako boterearen ordezkari gisa (gogora dezagun parrokia Murgiatarren jaurerriari lotuta zegoela). Gainera, frontoia eta probalekua ditu (idi-probak egiten dira bertan), kirol-aisialdiko elementu gisa. Plazak, beraz, herriko bizitzaren elkargune eta bihotz gisa funtzionatzen du.

Gaur egungo udaletxea ez da Astigarragak duen lehena; izan ere, hasierako udaletxea, gaur egun desagertua eta 1598 baino lehenagokoa, Goiko-iturri etxeak hartzen duen tokian zegoen. Astigarragak Aiztondoko Alkatetza Nagusitik desanexionatzea onartzen zuen Errege Zedula lortu zuenean, hiribildu estatus berriarekin bat etorriko zen udaletxe berri baten kokalekuaz pentsatzen hasi ziren. Hasierako udaletxearen mugakide ziren lursailen lagapen eta trukaketa batzuen ondoren (plaza berria izango zenaren neurriak handitzea lortu zutenak), udaletxe berria bertan eraikitzea erabaki zen. Lanak 1743an hasi eta handik urte gutxira amaitu ziren.

Gaur egungo udaletxea XVIII. mendekoa da, eta garai hartako joera bati erantzuten dio; izan ere, probintziako hainbat hiribilduk eraikin bikain eta dotoreak egin zituzten, gehienak barroko estilokoak. Astigarragakoa horren adibide da, nahiz eta bere diseinua Gipuzkoako XVIII. mendearen lehen erdiko beste udaletxe batzuena baino soilagoa izan. Oinplano karratua, hiru solairu eta lau isuriko teilatua dituen eraikuntza exentua da. Harlanduz egina, fatxada nagusi monumentala du, eta simetria ageri da osatzen duten elementuetan. Hala, beheko solairuan arkupedun espazio bat irekitzen da, erdi-puntuko bost arku dituena sarrera gisa; goiko solairu bakoitzean, berriz, bost bao irekitzen dira, neurri desberdinetako balkoiekin, eta gorengo solairuan balkoi luze bat. Fatxadaren goialdean, erdialdean, horma-pikoa dago, eta haren azpian Astigarragako egungo armarria, herriak 1987an hartu zuena Donostiatik banandu ondoren.

Partekatu

unesco