Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arabako mendialdeko asfalto naturalak

Zuzendaritza: Beatriz Herreras Moratinos

Gauzatzea: María Romano Vallejo eta María Molinuevo Zaballa

Laburpena eta itzulpena: Leire Milikua Larramendi

 

ASFALTO NATURALAK ARABAN...

Euskal Autonomia Erkidego osoan, industrialki ustia daitezkeen asfalto-arroken hobi garrantzitsuak dauzkan lurralde bakarra da Araba. Arabako zorupeko aberastasun handienetakoa da hori. Asfalto horiei esker, Espainiako Estatuko transformazio-industrien buruan kokatu zen lurraldea.

 

... ETA HORIEN USTIAPENA

1855ean erregistratuta zeuden jada Peñacerrada-Urizaharrako kare-haitzetako asfaltoak. 1859an kare-haitzaren industria-ustiapenerako fabrika hasiberri bat antolatu zen, Korresko (Arraia-Maeztu) aitzindaria baino oinarrizkoagoa eta garrantzia gutxiagokoa itxura denez, ia bertan behera utzita baitzegoen 1861erako. Bide oparoago eta aberatsagoa izango zuten Arraia-Maeztu eta Kanpezun kokatu ziren enpresek.

1856an zedarriztatu zen zain aurrendariaren parte handiena, San Ildefonso izenpean, Korres eta Atauri artean. Meatze hori bilakatuko zen asfalto naturalen industria garrantzitsuaren hastapen, inguruari hainbeste ospe eman diona.

1861erako sortuak ziren jada bi ekimen desberdin: alde batetik, Espainia osoan bere motako bakartzat hartzen zen fabrika baten sorrera (1858an), tresna mekanikoetarako energia hidraulikoa lurrunezko makina berri batekin osatzen zuena; eta, bestetik, mota horretako bigarren fabrika baten instalazioa (1861ean).

Hasiera batean, meatze horietatik gasa eta petrolioa lortzeko saiakera egin zuen Kataluniako sozietate batek, eta naftaren deribatuak beranduago, argiteria publikoan erabiltzeko. Saiakera horiek huts egin zutenean, ordea, laga egin zituzten eskubideak. Jabe berriek beste orientazio bat eman zioten fabrikari, eta betuna eta asfaltozko xaflak fabrikatzeko behar ziren berrikuntzak egin zituzten. San Ildefonsoko eta hurrengo urteetan erregistratu ziren harrobietako asfalto-haitzak erabili zituzten prozesuan. Zoladuren merkatuko eskaerak berehala bilakatu zituen produktuok industria errentagarri.

Donostian eratutako talde inbertitzaile batek erosi zuen fabrika. Hala, 1892ko maiatzaren 23an agertu zen lehen aldiz Compañía de Asfaltos de Maestu sozietate anonimoa. Sozietate horrek, aurrekoen legez, meatze berriak erregistratu zituen hurrengo urteetan, Atauriko inguruetan. Ataurin bertan kokatu zen, errepidearen aldamenean. Sociedad Electro-Hidraúlica Alavesa enpresaren energia eragileaz baliatzen zen, zeinak Antoñanatik ematen zuen hornidura. Fabrika egungo kokapenera eramateko aukera planteatu zen 1902an, San Ildefonso meatzea itxi eta Vasco-Navarro trenbideko trazatuaren ondoan kokatzeko posibilitatea sortu zenean.

Compañía de Asfaltos de Maestuk hamabost meatze-emakida zeuzkan 1910 urte inguruan, eta Brasilera ere esportatzera iritsi zen. Baina, betun naturalek behea jo zuten 1920an, petrolio-instalazioetan fabrikatzen ziren produktuen merkatzeagatik, eta, ondorioz, gelditu egin ziren Maeztun Carmen meatzekoak bezalako lanak, produktuaren aberastasunagatik destilaziorako erabiltzen zirenak gehienbat. 1928an Anglo-Vasco trenbidearen mendebaldeko tartea ireki zenean, onuragarria suertatu zen fabrikarako, 100 metro eskasera lortu baitzuten gainera geltokia. Hobekuntza horiek guztiak eman arren, krisialdi sakona jazo zen 1930eko hamarkadan, eta urtetan egon zen geldi.

Gerraondoan, berriz indartu zen gogoz Compañía. Berriz itxi zen, ordea, 1970eko hamarkadaren amaieran, eta berriz ireki 1981ean. Behin betiko itxiera XXI. mendeko lehen urteetan eman zen.

 

Sociedad de Asfaltos Naturales de Maestu-Leorza fabrikak, bestalde, 1895ean erregistratu zuen lehen meatzea. Haren ondotik etorri ziren beste zenbait kontzesio. Hedapen handieneko sasoian, 13 meatze-kontzesio zeuzkan guztira. 1920ko hamarkadako lehen urteetan makinak egokitzeko aukera elektrikoa sartu bazuten ere, ahulduz joan zen sozietatea, eta gaur egun ia mendea igaro da itxi zenetik.

 

Sociedad de Asfaltos Naturales de Maestu-Atauri izan zen Maeztu inguruetako kare-haitz bituminosoen aberastasunak erakarrita eratu zen hirugarren enpresa. Fabrika moderno bat sortu zuten Gasteizen, baina laster egin zuen porrot lehengaiekiko urruntasunaren (Maeztuko Alava, Mª Teresa eta La Esperanza meatzeak; Bernedoko Abundancia eta Irene meatzea; eta beste bi Nafarroan) eta merkatuaren gorabeheren ondorioz.

 

XX. mendearen 30eko hamarkadan, azkenik, azken sozietate bat iritsi zen produkzio-panorama osatzera: Asfaltos Naturales de Campezo S.A. konpainia, Antoñanan. 1940an ekin zion produkzio-jarduerari, eta askotariko teknika eta proiektuak garatu ziren bertan: hotzeko asfalto-aglomeratuak, errepide eta bideetako azaleko garaztaketez osatutako tratamenduak, asfalto-emultsioko fabriken instalazioa, beroko aglomeratuen fabrikazioa edo eraikuntzan aplikatzeko produktu berriak.

 

ASFALTO NATURALEN FABRIKAK ETA VASCO-NAVARRO TRENBIDEA

1927ko irailaren 23an Vasco-Navarro trenbidearen Gasteiz-Lizarra linea martxan jarri izanak nabarmen erraztu zuen produktu elaboratuak ateratzeko modua. Instalazioen aldamenetik pasatzen zen eta Ataurin geltokia zuen, ustiategietarako bazterbidearekin.

Funtsezkoa suertatu zen trenbidea Arabako Mendialdeko asfalto-industriaren garapenerako. Compañía de Asfaltos de Maestuk, San Ildefonso meatze nagusia itxi zenean ¿zeinaren aldamenean kokatzen zen konpainiaren lehen fabrika¿, Atauri auzoan kokatzea erabaki zuen, Atauriko geltokia eraikitzea aurreikusitako lekuan.

Compañía de Asfaltos Naturales de Campezo S.A. enpresak berriz jarri zuen martxan bere jarduera, petrolioaren deribatuen konpetentziaren ondorioz sektoreak pairatu zuen krisialdiagatik ia-ia geldi egon ondoren: trenbidearen gertutasunari esker lortu zuen, baita bere bide propioa lortzeari eskerrak ere. Jatorrizko kokalekuan jarraitzeko aukera eman zion horrek, eta berriz jarri ahal izan zuen martxan produkzioa lehengai berriekin.

Sociedad de Asfaltos Naturales de Maestu-Leorza sozietateak ere atera zuen irabazirik trenbidetik, nahiz eta ez hainbeste, 5 kilometrora baitzegoen baliatzen zuen Maeztuko geltokia.

 

 

Meatzeak eta fabrikak puntu berdinean egonda, ondare-balio handiko multzoa osatzen dute. Bertan, materiala mendiaren muinetik nola ateratzen zen ikus daiteke, eta baita, behin aterata, nola prestatu eta eraldatzen zen asfaltozko lauza edo xaflatan, erabiltzeko prest. Azkenik, fabrikaren trenbide eta karga-nasa propioak ere ageri dira, Vasco-Navarro trenbidearen bitartez produktu elaboratua merkatu desberdinetara bidaltzeko.

 

SORTUTAKO PAISAIA INDUSTRIALAREN BALORAZIOA

Arabako asfalto naturalen paisaia industriala osatzen duten hiru fabrikak aztertuko dira jarraian, banan-banan, eta horien karakterizazio eta balorazioa egingo da.

 

Sociedad de Asfaltos Naturales de Maestu-Leorza.

Hurrengo taulan elementuak (EL), kokatzen direneko gunea (G) eta eremua (ER) eta betetzen duten funtzioa (F) adierazten dira.

 

G

ER

EL

F

Instalazioak

Leortzako asfalto-fabrika

Arduradunaren etxebizitza

 

Galdaren pabiloia

Fabrikazio-tailerra

Lokal osagarriak

Biltegiak

 

Ukuiluak

Aroztegia

Sutegia

Erremintak konpontzea

Azpiegitura hidraulikoa

Grabitate-presa

 

Kanala

Urtegia

Erauzte-gunea

Santa Eufemia meatzea

Galeria forman garatu zen (30 metroko sakoneran), eta 6 metroko putzu baten bitartez komunikatzen zen goiko azaleratzean egiten ziren lanekin. Ateratako materiala zuzenean jaurtitzen zen mendi-hegalaren goiko partetik fabrikaren behealderaino.

 

Elementuen balorazioa

Asfalto naturalak erauzten zituen inguruko enpresa zaharrenetarikoa da. Nahiz eta urteak diren abandonatu zela, egoera onean mantentzen dira instalazioak garbiketako arduradunak daudelako; hori dela eta, ez ditu sasitzak jan.

Balio handikoa da fabrika meatzearen ahoaren ondoan egotea, horren ondorioz espazio bakar bat sortzen dutelako erauzte- eta produkzio-guneek. Enpresa horretan beti fabrikatu zen metodo tradizionala erabiliz, eta ez zen modernizatzera iritsi. Hori horrela, itxi egin zituen ateak errentagarri izateari utzi zionean. Ondorioz, beren erauzte- eta transformazio-prozesuak modernizatu zituzten inguruko beste enpresa batzuetan aurki daitezkeenak baino lehenagokoak dira aztarnak.

Balio historiko eta morfologikoengatik nabarmentzen da, baita azken mendean eremuan sendo errotu den jarduera izan delako ere. Meatzaritza mota honen berezitasuna ere baloratzen da, bai EAE mailan ¿non ez dagoen antzeko meategirik¿ eta bai Arabako probintzia barruan ¿non meatzaritzako ustiategiak ez diren tradizionalak izan¿.

 

Compañía de Asfaltos Naturales de Maeztu S.A.

Hurrengo taulan elementuak (EL), kokatzen direneko gunea (G) eta eremua (ER) eta betetzen duten funtzioa (F) adierazten dira.

 

G

ER

EL

F

Instalazioak

Fabrika eta Korresko herrixka

Atauritik 2 kilometrora kokatzen zen fabrika, eta Mantxibio mendiaren hegalean mailakatuta ezartzen ziren produkzio-pabiloiak. Langileen etxalde bat ere sortu zen, 6 auzotar eta 34 biztanlerekin. Gaur egun guztiz suntsitua dago.

 

Maeztuko asfalto-fabrika. Atauri

Langileen etxebizitzak

Jatorrizko fabrikazio-eraikinetako batzuk 1940ko hamarkadako sute batean desagertu ziren. Horien ordez, egungo hormigoi armatuzko eraikinak jarri ziren. Meatzearen luberri irekiaren aurrealdetik, birrintzeko makinak, galdarak eta elaborazio-prentsak gordetzeko erabili ziren. Biltegien eraikin zaharra, aroztegia eta arduradun eta langileen etxea ere badaude, baita transformadore elektrikoa ere.

Bulegoak

Produkzio-nabea

Erauzte-gunea

San Ildefonso meatzea

1857ko irailaren 11an erregistratu zen. Mendi-hegal batean kokatzen da, herrixkaren aztarnetatik eta Korresko fabrikatik gertu. Bertan lantzen ziren asfaltozko xafla eta lauzak meatzetik ateratako materialarekin.

Santa Lucía meatzea

1872an hasi zen ustiatzen. Mendi-hegalaren erdian kokatzen da, Atauriko (Arraia-Maeztu) herrixkaren gainean.

Teresa meatzea

Asfalto-fabrikaren gainean kokatzen zen. Bertara iristeko bideak behealdeko meatzea urpean gelditu zenean sortu zen aintzira artifiziala inguratzen du.

Carmen meatzea

Aire zabaleko meatzea. Teresa meatzetik oso gertu aurkitzen zen, eta harekin bat egitera iritsi zen. 1897an hasi zen ustiatzen.

 

Elementuen balorazioa

Enpresa handi bat da, duela gutxi arte martxan egon dena. Bere erauzte-guneak dira ugarienak, eta paisaian zein inguruan aztarna handiena utzi dutenak gainera, aire zabaleko meatzeengatik.

Industria honen bilakaera ikus daiteke hasi Korresko herrixka abandonatu eta hondatuan, eta berriki itxi den egungo fabrikaraino. Asfalto naturalek osatzen duten paisaiaren balio historikoak eta irakurketa-gaitasuna agerikoak dira.

Atauriko fabrikan balio industrialekoak dira eraikinak; bereziki langileen etxebizitzak, produkzio-nabeak eta bulegoen eraikina. Tipologia horren balio arkitektonikoak kopuruagatik, materialengatik eta morfologiagatik dira azpimarratzekoak.

Enpresa horrek lotura estua izan zuen Vasco-Navarro trenbidearekin, haren ondoan kokatu baitzen fabrika birmoldatu zenean. Ondorioz, paisaia zabalago horren parte egiten du, industria hori asfalto naturalekin lotzen duena.

Inguruko beste asfalto-fabriken antzera, balio handia du eskualdean izan duen eraginagatik, eta Arabako Mendialdeko sektore industrialaren erakusgarri[1] delako ere bai, non tradizionalki nekazaritzan oinarritzen zen ekonomia ia guztia. Kontuan hartu behar da, gainera, ustiategi mota hauen berezitasun-balioa; izan ere, asfalto naturaleko meategi gutxi dago mundu osoan, eta bakarrak dira Espainiako Estatuan.

 

Asfaltos Naturales de Campezo S.A.

Hurrengo taulan identifikatutako eremuak (ER), horien deskribapena (D) eta kokatzen direneko gunea (G) adierazten dira.

 

G

ER

D

Instalazioak

Fábrica de Asfaltos Naturales de Campezo

Antoñana auzoan kokatzen zen multzoa, auzo horretako geltokiaren ondoan. Eraikin desberdinduak zeuzkan: produkzio-gunea, laborategi-nabea, langileentzako bi etxebizitza eta biltegia. Gaur egun denak eraitsi eta desagerrarazi dira.

 

Erauzte-gunea

San Roman meatzeak

3 meatzek osatutako multzoa: Dos Amigos(1915-1979), Casualidad(1917-1978) eta Complemento(1938-1979). Elkarren ondoan daude aire irekian, zainei ekiteko eremuak bata bestearen aldamenean dituztelarik. Fabrikatik urrun daude; izan ere, Antoñanan eraiki zen handik pasatzen zen Vasco-Navarro trenbidea baliatzeko.

 

Elementuen balorazioa

Antoñana auzoan zeuden enpresa-instalazioak ez dira existitzen gaur egun, 2012an itxi eta eraitsi baitziren eraikinak. Hori horrela, ez zen gelditu ia horien kokapenaren arrastorik, duela gutxira arte funtzionamenduan egon badira ere.

Aldiz, San Romaneko aire irekiko erauzte-gunea kontserbatzen da, nahiz eta fabrika itxi baino lehenago utzi zitzaion ustiatzeari. Aire zabaleko meatze horiek ¿ lehenbizi ustiatu ez ziren erauzte-guneen artean egon ez arren¿ balio historiko nabarmena dute, XX. mende hasieran izan baitziren martxan.

Ustiategi hau da, gainera, Asfaltos Naturales de Campezo S.A. enpresatik gelditzen den aztarna bakarra, baita enpresak asfalto naturalen sektorean izandako jatorriarena ere, berregituratu egin baitute egun.

 

JATORRIZKO DOKUMENTUAREN EDUKIA:

Jatorrizko dokumentu osoak zabalago garatzen ditu honako puntu hauek: asfalto naturalen mineralogia, asfalto naturalen historia, Arabako asfalto naturalak, produkzio-prozesua, asfalto fabrikak eta Vasco-Navarro trenbidea, ondare-elementuak, balorazioa eta paisaia unitatearen zedarriztapena.

Jatorrizko dokumentua ikusi eta azterlanari buruzko informazio zehatzagoa izateko, sakatu esteka hau: informazio gehiago.

 

[1] Justifikazio hau gainerako fabriketan ere aplika daiteke, eta izartxo batekin adierazten da *