Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

194. Artzaenea jauregia (Zegama)

4. ETAPA: ZEGAMA • SALVATIERRA-AGURAIN

Artzatarrak eta papergintza

Paperaren industria asko hedatu zen Gipuzkoan, eta lurraldea sektore horretan aitzindari izan zen. Paper-fabrikak Tolosaldean bildu ziren, Oria ibaiaren ertzetan, izan ere, lantegi horiek paperaren ekoizpen-prozesurako behar zuten ur ugaria zegoen bertan. Paperaren ekoizpenaren protagonista Tolosa izan zen La Esperanza fabrikarekin. 1841ean martxan jarri zen eta Estatuko lehen paper-fabrika izan zen. Hala ere, Orian zehar industria garrantzitsu ugari sortu ziren, probintziaren eta ezarri zireneko herrietako ekonomia eta garapena bultzatu zutenak. Hala, adibide nabarmenak ikus ditzakegu eskualdean, Alegia, Irura, Belauntza, Berrobi, Villabona eta Zegama herrietan, adibidez. Hala ere, Tolosaldetik kanpo ere adibide nabarmenak daude, Errenterian eta Hernanin sortutako fabrikak, esaterako.

Zegaman sortu zen paper jarraituko fabrika, Arza, Arcaute y Compañía izen sozialekoa, 1865ean eratu zen, eta ezinbestekoa izan zen herria garatzeko eta hazteko. Herriaren ekonomiari ekarpen handia egin zion eta bertako bizilagun askori lana eman, eta beraz, Zegamako komunitatearentzat funtsezko ardatz bihurtu zen. Lantegiaren sorrerak, trenbidearen garapenarekin batera, herria industrializazioaren modernitatean sartu zuen eta aldaketa handiak ekarri zituen bizilagunen bizitzan eta pentsamoldean.

Fabrika Oria ibaiaren ondoan eta herriaren erdigunetik gertu zegoen, eta Artzaenea jauregiarekin lotura estua izan zuen bi arrazoirengatik. Lehenengoak bere sortzailearekin du zerikusia, Bartolome Arzarekin, herrian errotuta zegoen Artza familiako kide nabarmena eta bere izen bereko Artzaenea jauregiaren jabea. Zegamakoa bere hirugarren paper-fabrika izan zen (lehena Tolosakoa izan zen, eta ondoren Alegiakoa). Bigarren arrazoia izan zen fabrika jauregiaren lurretan eraiki zela. 1869ko dokumentu baten arabera, fabrika Artzatarrenak izandako baratzeen gainean zegoen, ibaiaren eta jauregiaren ondoan. Lantegiak, denboran zehar aldaketak eta handitzeak jasan zituen arren, kokaleku hori 1986an itxi zen arte mantendu zuen.

Artzaenea jauregia 1755ean eraiki zen eta proiektua Martin Karrera arkitekto beasaindarrak egin zuen. Bere lanik ezagunenetako bat Arrasateko udaletxea da. Zegaman jauregi bat eraikitzeko enkargua jaso zuen bere aitaginarreba Frantzisko Javier Artzarengandik (bere hirugarren emaztea Isabel Artza Oro zen). Hala, barroko estiloko jauregi bikain eta dotore bat diseinatu zuen, gaur egun oso kontserbazio-egoera onean mantentzen dena. Fabrikaren aztarnarik, ordea, ez da geratzen.

Artzaenea jauregia

Jauregia Oria ibaiaren ondoan dago, hirigunetik gertu, eta oinplano irregularra du. Hormak harlangaitzezkoak dira oro har fatxada nagusian izan ezik, non harlanduzkoak baitira. Harlandua eskantzu-kateetan eta baoen markoetan ere agertzen da. Eraikinak hiru altuera, ganbara eta lau isurkiko teilatua ditu.

Elementurik nabarmenena fatxada nagusia da, material nobleagoak eta apaingarri gehiago baititu. Altuera bakoitzean 5 bao irekitzen dira, guztiak ateburudunak eta molduradun elementuz dotoreki errematatuak. Beheko solairuan, jauregira sartzeko atea nabarmentzen da (jatorrizkoa), egurrezkoa da eta dotore apainduta dago. Lehen bi solairuetan leihoek balkoi luzeetara ematen dute; balkoiak molduretan bermatuta daude eta burdinazko baranda dute. Ganbarako baoak txikiagoak dira, baina apaingarriak dituzte halaber, beste solairuetako estiloa mantenduz. Estalkiak egurrezko erlaitz irtena du, eta azpian, fatxada osoa alderik alde zeharkatzen duen friso bat ageri da.

Partekatu

unesco