Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arrierrekako paisaia industrialaren karakterizazioa eta balorazioa. Berriz-Abadilo (Bizkaia)

Zuzendaritza: Beatriz Herreras Moratinos

Gauzatzea: Ainara Martínez Matía

Laburpena eta itzulpena: Leire Milikua Larramendi

 

ESPARRU FISIKOA

Arrierreka 4 kilometro eskas dituen erreka txiki bat da, Bizkaiko mendebaldean kokatua. I-H noranzkoan jaisten da Oiz mendiaren magaletik, Ibaizabal ibaian urak isurtzeraino. Malda handiko erreka da, eta Ibaizabal ibaiaren arroari dagokio; horren ibaiadarra da, eskuinaldetik. Bailara hau Bizkaiko multzo urbano garrantzitsuenetariko bat da, Bilbo Handia eskualdearen eta Behe Nerbioiko gune urbanoaren atzetik.

Ibaizabal ibaiaren arroa zerak ezaugarritzen du: landa-eremu zabalen eta gune-urbano bakanen artean historikoki existitu den kontraste handiak. Gertaera hori gaurdaino bizirik dirauen espazioaren antolamendu landatarrarekin lotu beharra dago. Antolamendu hori XIX. mendeko bigarren erdira arte mantendu zen; orduan, gertuko eremuetan jazotako garapen urbano eta industrialaren eraginez, espazio-harremanetan eta lurraldearen okupazioan eragina izan zuten eraldaketa garrantzitsuak ematen hasi ziren. Testuinguru horretan sortu zen aztertuko den paisaia industriala.

Arrierreka errekaren ertzetan, baserri sakabanatuetan oinarritutako lurralde-okupazioa mantentzen da, kontzentrazio urbano handirik gabe, garrantzi gutxiko entitateren bat salbu: Sarria auzoa (Berriz). Landa-eremu horren eraldaketa Arrierrekako uren ustiapenak markatu du, energia lortzeko helburuarekin: hasieran, burdinola eta errotentzako energia eragilea lortzeko; eta, XIX. mendearen amaieran, industrien eta herriguneen beharrak hornitzeko energia elektrikoa.

 

USTIAPENA

Duen malda handiagatik, hain zuzen ere, gutxienez XVI. mendetik izan da burdinola eta errotak kokatzeko toki, gisa horretako makina eta aparatuak ezartzeko baliatuz ibilguaren indar hidraulikoa. Industriaurreko lehen ustiapen horietatik eratorri ziren, XX. mendeko lehen urteetan, errekaren ertzetan kokatutako zentral hidroelektrikoak. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan gutxi izan dira Arrierreka adinako ustiapen intentsiboa jaso duten tokiak: haren ibilgu laburrean zehar 10 zentral hidroelektriko biltzera iritsi ziren. Zentral horien artean, Patalakoa da martxan dirauen bakarra.

Ondorengo laburpen-taulak Arrierrekako zentral hidroelektrikoen egungo egoera adierazten du:

 

U

ZENTRALA

EGUNGO EGOERA

Berriz

Amantegi-Uribarrena

Azpiegitura hidraulikoa. Kontserbazio partziala

Makina-etxea. Kontserbazio partziala

Patala

Azpiegitura hidrauliko osoa

Makina-etxe osoa

Makineria historiko osoa (1945ean berriztua)

Patala Txiki

Azpiegitura hidraulikoa. Kontserbazio partziala

Makina-etxea. Kontserbazio partziala

Berasaluce-Ortueta y C.ª

Azpiegitura hidraulikoa. Kontserbazio partziala

Makina-etxea. Kontserbazio partziala

Erroteta

Azpiegitura hidraulikoa. Kontserbazio partziala

Makina-etxea. Kontserbazio partziala

Alzola-Mendizabal

Erabiltzen ez den azpiegitura hidraulikoa mantentzen du.

Erabiltzen ez den makineria historikoa mantentzen du.

Olabarri

Azpiegitura hidraulikoa, Kontserbazio partziala

Erabiltzen ez den makineria historikoa mantentzen du.

Olazarra

Erabiltzen ez den azpiegitura hidraulikoa mantentzen du. Erabiltzen ez den makineria historikoa mantentzen du.

Abadiño

Esterripa

Azpiegitura hidraulikoa. Kontserbazio partziala

Makina-etxea. Kontserbazio partziala

Lebario

Azpiegitura hidraulikoa. Kontserbazio partziala

Makina-etxea. Kontserbazio partziala

 

INDUSTRIAURREKO ETA INDUSTRIA GARAIKO ELEMENTUAK

Euskal Autonomia Erkidegoko beste paisaia batzuetan ez bezala non lehendik zeuden geruzak suntsitu diren, aztertutako kasuan oreka dago industriaurreko eta industria garaiko elementuen artean; hamarkadetan zehar zentral hidroelektrikoekin batera existitu diren burdinola eta erroten parte handi bat mantentzen da oraindik. Gainera, zentral bilakatu ziren burdinolen kasuan, ohikoa da industriaurreko elementua kontserbatzea, neurri batean identifikagarri behinik behin.

Aro Modernoan sortzen dira azterlanean jasotako industriaurreko errota eta burdinolak. Garai horretan, Arrierrekako burdinolak burdinola handi edo nagusiak ziren, horietan burdina gordinean (Lebarion, adibidez) edo xafletan (Esterripan) lantzen zelako. Burdinola horiek aberastasun iturri garrantzitsua izan ziren bai Abadiño zein Berrizentzat.

1779an ezarri zen industriaurreko garai horretako mugarririk nagusiena: Errotetako paper-fabrika. Euskal Autonomia Erkidegoan gisa horretako lehena zen.

XIX. mendean etorri zen burdingintza tradizionalaren krisia, eta burdinola zaharrek pixkanaka jarduera gelditu zuten. Hain zuzen, Erroteta izan zen desagertzen azkena. Beste batzuk, ordea, Esterripa eta Lebariokoak bezala, enpresa modernoen menean zeuden metalurgia-gune bilakatu ziren; zartaginak, gabiak, malgukiak edo pertzak egiten zituzten horientzako. Hala ere, jarduera hori XX. mendeko lehenengo urteetan amaitu zen.

 

 

Burdinola, errota, garai bateko fabrika eta zentral hidroelektrikoek sare konplexu eta aberatsa eratzen dute, eta eremua interes handiko paisaia industrial bihurtzen dute. Preseski, hain espazio txikian hainbeste elementu biltzeak zehazten du paisaia horren berezitasuna.

Industriaurretik industria garaira igarotzea ulertzeko gakoak eskaintzen ditu, baita urarekin lotutako produkzio-prozesuen konplexutasuna hautematekoak ere (burdingintza tradizionala, ehoketa, papergintza, energia ekoizpena). Eta, hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko industrializazioaren oinarrizko gakoetako bat jasotzen duen tokian: ibai-ibilguen ustiapen intentsiboa.

 

ARRIERREKAKO PAISAIA INDUSTRIALAREN SORRERA

Eredu ekonomiko tradizionalaren krisia izango zen, seguruenik, erantzun berrien bilaketa sustatu zuen arrazoia; eta, azken buruan, Arrierrekako paisaia industrialaren sorrera bultzatu zuena. XIX. mende amaieratik, euskal bailaren industrializazioak agerian jarri zuen energia-horniduraren beharra, indar hidrauliko hutsa gutxiegi baitzen industria modernoaren garapenerako. Alternatiben bila hasi ziren orduan, eta, berehala, uraren indar eragilearen ustiapena agertu zen energia elektrikoaren ekoizpenerako bitarteko eraginkorrena bezala, arrazoizko ekoizpen kostu eta mantentze-lan merkearengatik. Gertaera horrek azaltzen du Arrierreka inguruan jazo zen zentral hidroelektrikoen ugaritzea. Errekaren ibilgu malkartsuak ur-jauzien kalitatea bermatzeko beharrezko baldintza geofisikoak eskaintzen zituen.

Industriaurreko garaian zein garai industrialean, ibai-ibilguak arreta piztu zuten objektuak izan ziren, energia iturri bezala erabiliak izateko gero. Euskal Autonomia Erkidegoan, ikatz urritasunak ez zuen utzi, Industria Iraultzaren hasieran, lurrun-makina heda zedin; makina hori oinarrizkoa izan zen Europako industria-garapenean. Bestelako baliabideekiko apustua egin behar izan zen, batez ere hidraulikoak, "ikatz zuria" izenez ezagunak. Arrierrekak ustiapen hidroelektrikorako gune izaten jarraitu zuen XX. mendeko zati handi batean zehar; hori adierazten du 1957an, xede horretarako, sei ur-jauzi izatean jarraitzeak.

XX. mendeko bigarren erdian jazotako gertaera bik, ordea, eremuaren gainbehera industriala lagundu zuten: batetik, 1960ko hamarkadan Iberdueroren monopolioaren ezarpena, izateko arrazoirik gabe utzi zituelako aztertutako guneetako asko; bestetik, Arrierrekaren ibilguan edateko uraren ur-harpena jartzea, zeinak behar adinako emaririk gabe utzi zituen tarteko ibilguko hainbat zentral eta zenbait errota.

 

 

Azken finean, Arrierrekako paisaiaren egungo forma jarduera produktiboaren (industria garaiko zein industriaurreko) ondorioa da, azken mendeetan zehar haren ibilguaren inguruan garatu dena. Gaur egun, posiblea da haren garapena ikustea azpiegitura hidraulikoen segidan: presak, kanalak, gainezkabideak, antaparak, hoditeria, deposituak, burdin-lantegiak, errotak eta zentralak. Horiek errekaren ertzetan kokatzen dira eta berezitasuna eskaintzen diote, energia lortzeko euskal ibaien ustiapenaren egundoko adibide bilakatzen dutelako.

 

UDALERRIA, EREMUAK, ELEMENTUAK, BALIOA

Ondoz ondoko produkzio unitate ezberdinak kontuan hartuz (burdinolak, errotak, zentralak), Arrierrekako ibilguan 11 eremu identifikatu dira; horietan multzokatu dira erreka horretako industria-paisaia eratzen duten ondare-elementuak. Banaketa hori honakoek zehaztu dute: elementu bakartuek beraien artean duten harremana, eta okupatzen duten espazioan duten antolaera. Eremuetako bakoitzak produkzio- eta espazio-harremanak identifikatu eta aztertzea ahalbidetzen du, Arrierreka errekaren espazio produktiboaren baitako ulermen-esparruak sortuz. Ibilgu guztian ikusi daitekeen bezala, produkzio-unitateen segidak uztarketa bat dakar; eremu horiek osotasunean interpretatu eta baloratzea ahalbidetzen duen espazioa eratzen du, paisaia kultural industriala sortuz.

 

11 eremuak jasotzen dituen laburpen-taula da ondorengoa. Eremuak (ER), kokatzen direneko udalerria (U), biltzen dituzten elementuak (EL) eta horien balorazioa (B) adierazten ditu.

 

U

ER

EL

B

Berriz (Sarria)

Patala Z.H.

Patala zentral hidroelektrikoaren azpiegitura hidraulikoa: 104 metrotako jauzia (presa, kanala, karga-depositua, hodi behartua) eta 208 metrotakoa (Urzulo presa, Urzulo kanala, dekantazio-putzua, Arlaban presa, Arlaban kanala, karga-depositua, hodi behartua).

Patala zentral hidroelektrikoko makina-etxea

Patala Txiki zentral hidroelektrikoko makina-etxea

Berasaluce, Ortueta y C.ª zentral hidroelektrikoko makina-etxearen aztarnak (Makinetxe)

Amantegui-Uribarrena zentral hidroelektrikoko makina-etxearen aztarnak.

Osoko balioa

Integritate-balioa

Balio historikoa

Balio tipologikoa

Balio teknologikoa

Eraikuntza- eta morfologia-balioa

 

Alzola-Mendizabal Z.H.

Zentral hidroelektrikoaren azpiegitura hidraulikoa: (Arlabaneko presa, deribazio-kanala, depositua, kanala, karga-depositua, hodi behartua)

Zentral hidroelektrikoko makina-etxea

Errotatxu errotako azpiegitura hidraulikoa (presa, antapara eta kanalaren traza)

Errotatxu errotako ehoketarako eraikina

Osoko balioa

Integritate-balioa

Balio historikoa

Balio tipologikoa

Balio teknologikoa

Eraikuntza- eta morfologia-balioa

 

Errotaberri errota

Errota

Azpiegitura hidraulikoa

Osoko balioa

 

Bolunzar errota

Errota

Azpiegitura hidraulikoa

Osoko balioa

Integritate-balioa

Balio morfologikoa

 

Ugarte errota

Errota

Azpiegitura hidraulikoa

Osoko balioa

Integritate-balioa

Balio morfologikoa

 

Errotetako burdinola eta paper-fabrika multzoa

Burdinola

Zentrala

Paper-fabrika

Errota

Etxebizitzak

Azpiegitura hidraulikoa

Zubia

Berezitasun-balioa

Integritate-balioa

Tipologia- eta morfologia-balioa

Interpretazio-balioa

Kontserbazio-balioa

Osoko balioa

Integrazio-balioa

 

 

Berriz (Eitua)

Olazarko Burdinola-Zentral elektrikoa

Burdinola

Zentrala

Azpiegitura hidraulikoa

Osoko balioa

Integritate-balioa

Adierazgarritasun-balioa

Balio tipologikoa

Interpretazio-balioa

Balio teknologikoa

 

Olabarriko Burdinola-Zentral elektrikoa

Burdinola

Zentrala

Azpiegitura hidraulikoa

Olabarriko zubia 1

Olabarriko zubia 2

Integritate-balioa

Balio historikoa

Osoko balioa

Anportako errota

Errota

Azpiegitura hidraulikoa

Zubia

Osoko balioa

Kontserbazio-balioa

Integritate-balioa

Balio tipologikoa

Balio teknologikoa

Aukera-balioa

Abadiño (Gerediaga)

Esterripa Burdinola

Esterripa Burdinola

Azpiegitura hidraulikoa

Esterripa Baserria

Esterripa Zubia

Osoko balioa

Integritate-balioa

Kontserbazio-balioa

Balio historikoa

Eraikuntza- eta morfologia-balioa

Balio teknologikoa

 

Abadiño (Lebario)

Lebarioko zentrala

Lebarioko zentrala (aztarnak)

Burdinola (aztarnak)

Azpiegitura hidraulikoa

Osoko balioa

Integritate-balioa

Balio historikoa

Balio teknologikoa

 

 

PAISAIAREN BALORAZIOA

Bi eskalatan gauzatuko da balorazioa: batetik, osoko balorazioa, orokorra; eta, bestetik, interes-eremuen balorazioa.

 

Balorazio orokorra

Balio historikoa: ibaibidean zehar industriaurreko garaitik industrializazio modernora arteko paisaiaren bilakaera ikus daiteke, XVI. mendetik gaur egunera arteko adibideekin. Ildo beretik, zeharo irakurgarriak eta interpretagarriak diren Olazar (Berriz) eta Esterripa (Abadiño) burdinolak mantentzen dira. Industriaurreko garaikoak dira, eta horien azpiegitura hidrauliko eta eraikinak kontserbazio egoera onean daude. Era berean, hainbat dira egoera onean mantentzen diren errotak. Anportakoa nabarmentzen da, makineria osoa kontserbatzeaz gain, 2010era arte egon delako martxan. Hortaz, bere interpretazio-gaitasuna oso handia da. Hala ere, Arrierrekan ez dira industriaurreko geruza eta geruza industriala gainjarrita dauden baina bakanak diren bi gertakari bezala identifikatzen soilik. Errotetan, egiaztagarria da industriaurreko esperientzian oinarrituz industria modernoa eraikitzeko lehen saiakeretako bat: XVIII. mendean ezarritako paper-fabrika, Real Sociedad Bascongada de Amigos del País-en bultzada berritzailearen babesean. Bestalde, Esterripa, Olabarri eta Olazarren egiaztatu egiten da nola antzinako burdinolak energia elektrikoa sortzeko zentroetan bilakatu ziren; ordurako, garai industrialean sartuta bete-betean. Energia hidroelektrikoaren produkzioa erabakigarria izan zen Euskal Autonomia Erkidegoko garapen industrialean; energia-iturrien bilaketan ibaibideak ustiatu ez balira, ezin izango lirateke lurraldeko industrializazioa ahalbidetu zuten prozesuetako asko garatu.

 

Balio arkitektoniko-morfologikoa: kalitatezko eraikuntza-adibideak aurkitu daitezke. Arkitektura tradizionaleko adibideak nabarmendu behar dira (errotak), zeinetan argi azaltzen den eraikitze-tipologia definitu bat: egurrezko egiturak eta kargako harri-hormak, isurialde bikoitzeko estalkiekin. Ehoketarako eraikinak eta burdinolak ere azpimarratu behar dira, eta bai ganga-formadun estoldak eta tunel hidraulikoak ere. Aztertu diren eremuek, oro har, ondo mantentzen dute kanpoko azala, eta ez da tamaina-aldaketarik hautematen, ez aldaerarik fatxadetan. Arkitektura tradizional horrek jarraipena izan du garai industrialean, azpimarratzekoak baitira tipologia horiek oinarri hartuta XX. mende hasierako zentraletan egin ziren moldaketak. Nabarmendu beharreko salbuespena da Patalako zentral hidroelektrikoa. Ex novo eraiki zen XX. mendearen hasieran; ordurako, industria-arkitekturaren berezko eraikuntza-formak identifikatu zitezkeen.

 

Nabarmentzekoa da, beraz, Arrierrekako multzoa, bertako elementuak garrantzi handikoak direlako energia hidraulikoaren ustiapenari lotutako produkzio-prozesua interpretatzeko. Ildo horretan azpimarratu behar da osorik mantendu direla azpiegituretako batzuk, bai garai aurreindustrialekoak eta bai industrialekoak. Agerikoa da nola baliatu zen indar hidraulikoa burdinola eta errotetan, batik bat Anportan eta Esterripan. Era berean, Errotetan, kontsebatutako azpiegitura hidrauliko eta eraikinen aztarnetatik abiatuz, interpretatu daiteke nolakoa izan zen uraren erabilera burdinolan, paper-fabrikan eta XX. mende hasieran ezarritako zentral elektriko txikian. Bestalde, Alzola-Mendizabal eta Olazarko zentralek (Durangoko udalarenak biak), makineria in situ mantentzen dute; Patalakoak, aldiz, energia hidroelektrikoaren ekoizpenaren inguruko ezagutza osoa ahalbidetzen du, oraindik martxan baitago. Pelton turbinen adibideak kontserbatzen dira, Patalako hirurak kasu, 1945ean aldatuak. Olabarri, Olazar eta Alzola-Mendizabalen Francis turbinak mantentzen dira.

 

Aipatutakoez gain, paisaia horren integritate-balioa ere nabarmendu behar da. Izan ere, berau osatzen duten eremu gehienak osorik eta egoera onean mantendu dira, eta azpiegitura hidraulikoetako asko kontserbatu dituzte, hala nola ehoketarako makinak (Anportan) eta energia ekoiztekoak (Patalan, Alzola-Mendizabalen, Olabarrin eta Olazarren). Azken hamarkadetan errota eta zentral asko itxi dira, eta, ondorioz, eraitsi eta suntsitu egin dituzte horietako produkzio-instalazioak. Horri dagokiolarik, funtsezkoa da Arrierrekako elementuak kontserbatzea, eremu mugatu batean errota bat eta lau zentral kontserbatzen direlako gutxienez, jatorrizko makineriekin.

 

Interpretazio-gaitasun handiko paisaia egiten du horrek; ibaibidearen industriaurreko ustiapenetik energia elektrikoaren produkzio modernora arteko iragatearen adibide bikain. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko ibai-ibilguetan egin zen ustiatze intentsiboaren adibide osoenetakoa eta ondoen kontserbatuenetakoa ere bada. Paisaia aberatsa da industriaurreko (burdinolak eta errotak) eta garai industrialeko (papaer-fabrika eta zentral hidroelektrikoak) makina hidraulikoetan. Gainera, paisaia hori osatzen duten elementuen artean euskal lurretan instalatu zen lehen paper-fabrikaren aztarnak izateak eskaintzen dion berezitasuna nabarmendu behar da.

 

Azken batez, Arrierrekako Paisaia Kulturala bere lurralde-interesagatik da azpimarragarria: balio propioak biltzen dira bertan, elkarren osagarri eta interes handiagokoak bilakatzen direnak osatzen dituzten eremuak banan-banan aztertu ahala. Orografiak eta giza ekintzek (baliabideak ustiatzera bideratuak) balio handiko espazio bat sortu dute paisaia, etxebizitza eta produkzioaren ikuspuntutik, EAEko industrializazioaren adierazgarri. Produkzio-eremuak leku berean biltzeak egiten du, hain zuzen, hain interesgarri paisaia hori; burdinolak, errotak edo zentral horiek isolaturik baleude eskualde-balioa izango lukete dudarik gabe, baina aztertutako kasuan Euskadi mailakoa da horren garrantzia.

 

Eremukako balorazioa

 

Patala, Alzola-Mendizabal eta Olazar zentralak eta Errotetako multzoa

Lau eremuok dituzten ondare-balioengatik dute garrantzi berdingabea, Euskal Autonomia Erkidegoaren osotasuna kontuan hartuz gero, adibide gailenak osatzen baitituzte.

 

Arrierrekako paisaia industriala eratzen dituzten eremuen artean, makineria kontserbatzen duten zentralek garrantzia berezia daukate. Horien artean, nabarmendu beharreko elementuak dira Patalako zentral hidroelektrikoa, egun martxan dagoena, eta Alzola-Mendizabal eta Olazarko zentral hidroelektrikoak, garai bateko turbinak egoera bikainean mantentzen baitituzte. Hortaz, horiek guztiek dute balio teknologiko oso handia. Gainera, elementu horiek beraien balio historikoagatik ere gailentzen dira: Arrierreka eremuak izan duen garrantzia erakusten dute energia elektrikoa sortzeko makinak ezartzeko gune bezala, XIX mendeko azken urteetatik hasi eta 1920ko hamarkadara arte. Hori guztia, jatorrizko makineriarekin batera kanpoalde argi eta definitua kontserbatzen duten adibideekin, interpretazio-balio handia ematen diotenak. Dagozkien azpiegitura hidraulikoen (presa, kanal, depositu, hodi behartu...) kontserbazioak indartu egiten du alderdi hori; horrek, integritate-balioari ekarpena egiten dio. Horrez gain, eremu horietako batzuetan, Alzola-Mendizabal eta Olazarra kasu, adierazgarritasun-balio handia ageri da: baliabideen optimizazioaren bila, industriaurreko makinetatik (burdinola edo errota) zentral hidroelektrikoetara igarotzean jarraitutako eskema ereduz adierazten dute, Arrierreka errekan zehar ohikoa dena.

 

Aipatutako eremuez gain, Errotetako multzoa ere azpimarratu behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko lurretan kokatu zen lehen paper-fabrikaren ezarpenaren adibide esanguratsua. Berezitasun-balio handia du. Integritate-balio handia du gainera, osorik dagoen multzoa delako: produkzio-fase guztiak identifikatu daitezke bertan, industriaurreko jatorrizko burdinolatik hasi eta paper-fabrika edo zentral elektrikoraino. Paper-fabrikako lehengo harraskak ere kontserbatzen dira. Gaur egun lorategi-elementu bezala berrerabili dira, baina osotasunaren garai bateko industria-jarduera gogorarazten dute. Bestalde, eraikinek morfologia argi eta lekukotua erakusten dute, bai beraien artean bai espazio industrialean. Jatorrizko bolumenak mantentzen dituzte, balio morfologiko eta tipologikoak azpimarratuz. Eraikin mota ezberdinak biltzen dituzte: produkziorakoak (fabrika eta burdinola-zentrala), bizitegirakoak (etxebizitzak) eta nekazaritza eta abeltzaintzarakoa (baserria). Eremu industrialaren irakurketa koherentea ahalbidetzen du horrek, eta bilakaera ekonomiko-produktiboaren interpretazio-balio handia eskaintzen dio paisaiari, Arrierrekako espazioa markatzen duen ezaugarria.

 

Olabarriko burdinola-zentrala, Esterripako burdinola eta Anportako errota

Ikuspuntu tipologikoa kontuan hartuz, eremu garrantzitsuak osatzen dituzte; aztertutako paisaiaren kultura-ondarearen zati interesgarria osatzen dute.

 

Olabarriko burdinola-zentrala eta Esterripako burdinola balio historiko handiko adibideak dira. Eremuaren industriaurreko ondarearen parte dira, eta, gainera, adierazgarritasun- eta tipologia-balio handia dute: burdingintza tradizionalaren krisiaren aurrean, energia elektrikoa ekoizteko gune bilakatu ziren burdinola hidraulikoen etsenplu onak dira. Olabarrikoak balio teknologiko handia erakusten du gainera, makineriaren parte bat mantentzen duelako. Hala ere, kasu bietan, Esterripa eta Olabarri, azpiegitura hidraulikoak partzialki eraldatuak daude. Horrek, ondarearen ikuspuntutik garrantzitsuak izaten jarraitu arren, interesa galarazten die aurrez aipatutako ereduen aurrean.

 

Era berean, Anportako errota mugarri aipagarria da Arrierrekako paisaiaren osotasunean. Kontserbazio egoera onagatik eta integritate-balioagatik nabarmentzen da, errotaren eta produkzio-prozesuaren interpretazio eta ulermen egokirako beharrezkoak diren elementu guztiak egoera ezin hobean mantentzen dituelako. Halaber, azpimarratzekoak dira balio tipologikoa, errota hidraulikoaren adibide gailena osatzeagatik, eta balio teknologikoa, makineria osoa mantentzeagatik. Horrek guztiak egiten du Anportako errota Arrierrekako paisaian gailentzen den adibidea, Euskal Autonomia Erkidego mailan duen garrantzi erlatiboa txikiagoa izan arren. Dena den, elementu horren aukera-balioa ere azpimarratu behar da. Duela gutxira arte egon da martxan, eta, hortaz, erabat berreskuragarria da orain; erabilera aldaketak eragindako esku-hartze edo eraldaketek dituen ondare-balioak desitxuratu baino lehen.

 

Errotabarri, Bolunzar eta Ugarte errotak interes gorena duten eremuak dira, hain zuzen ere, paisaia horren testuinguruan aztertuak izatean; duten ingurumen-balioa da nabarmentzekoa. Balio nagusia osoko balioa da. Arrierrekan aztertutako gainerako eremuekin batera ulertuz gero, horien presentziak erreka txiki horrek jasan zuen ustiapen handia azaltzen laguntzen du. Arrierrekak instalazio industrialen kontzentrazio handia erakusten du bere ertzetan; seguruenik Bizkaiko handiena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aipagarrienetarikoa. Balio tipologikoa ere adierazi behar da. Horien presentziak Arrierrekak jasan zuen okupazio-dentsitatea ulertzen laguntzen du, baita euskal ibilguetan ehoketarako industriaurreko makinek izan zuten garrantzia ere. Gainera, ehoketarako eraikinek bolumenak eta azpiegitura hidraulikoaren parte bat mantentzen dutenez, balio morfologikoa gehitu behar zaie, eta Bolunzar eta Ugarteko eraikinen fabrika ona azpimarratu.

 

JATORRIZKO DOKUMENTUAREN EDUKIA:

Jatorrizko dokumentu osoak zabalago garatzen ditu honako puntu hauek: ikerketaren esparrua, erabilitako metodologia, Arrierrekako paisaia industrialaren justifikazioa, ondare-interesa duten eremuen identifikazio eta balorazioa, interes-eremuen zedarriztapena, bibliografia, dokumentazioa eta eranskinak.

 

Jatorrizko dokumentua ikusi eta azterlanari buruzko informazio zehatzagoa izateko, sakatu esteka hau: informazio gehiago.