Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

191. Arrabiolako burdinola eta errotaren multzoa (Segura)

3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA

Milaka urteko eskualde metalurgikoa

Duela 2500 urte inguru, Euskal Herriko biztanleek lehen aldiz jakin zuten nola lortu etekina lurraldean zeuden burdinazko zain aberatsetatik. Horren lekuko dira Burdin Aroko eta haren inguruko euskal herrixka gotortuetan aurkitutako burdina lantzeko lanabesak eta lan-hondakinak. Orduz gero, industria siderurgikoa garatu eta heldu egin da prozedurei dagokienez: meategitik ateratako minerala burdina forjagarri bihurtzeko teknikak, eta material horretatik gero tresnak eta lanabesak egitea.Gutxi gorabehera mila urte eta erdian zehar, prozesu hori aire zabalean egin zen, instalazio xumeetan, non behar-beharrezkoak ziren lehengaiak (burdina eta ikatza) eta soilik olagizonen indarra erabiliz egiten zen. Instalazio horiek mendiko burdinola izena hartu dute, edota haizeola, horietan lan egiteko modua era mitikoan azaltzen zuten kontakizunei erreferentzia eginez.

K.o. 1000. urtea baino pixka bat lehenago Legazpi, Segura, Mutiloa eta Zerain inguruan industria horren eklosioa gertatu zen; hala, hurrengo 300 urteetan dozenaka ekoizpen-instalazio txiki barreiatuko ziren inguru horretako mendi eta haranetan. Badago horretarako arrazoirik, izan ere, Oria eta Urola haranak banatzen dituzten mendilerroek burdin mineral ugari dute.

Hala ere, oraingoz zehatz ez dakigun une batean, baina XIII. mendean zehar gertatuko zena seguruenik, nabarmen aldatu zen Euskal Herrian burdina ekoizteko modua. Sektorearen birmoldaketak ekarri zuen, alde batetik, instalazioak beste kokaleku batzuetara lekualdatzea, eta bestetik, ekoizpen-azpiegiturak asko aldatzea. Ibaiko ura hauspoak eta mailu edo mazoak mugiarazteko aprobetxatzen zen, hala, labearen tenperatura 1200ºC-tik gora igo zitekeen eta lortutako materia laguntza mekanikoaren bidez findu. Beraz, ibai nagusitik desbideratutako uraren mugimenduak gurpil batzuk birarazten zituen, horiek errotazio mugimendua beren ardatzera (ardatz txikia eta gabi-ardatza) transmititzen zuten, eta hala, hauspoa eta mazoa igoarazi eta jaitsi arazten zuten. Horri esker, batetik, oxigeno gehiago sartzen zen labearen barruan (horrek hobetu egiten du landare-ikatzaren errekuntza, mineralaren eraldaketa fisiko-kimikorako beharrezkoa dena), eta bestetik, totxo goria tamaina eta indar handiagoko pieza batekin kolpatzen zen.

Bada, burdinola modernoenak bailaren hondoan ezarri ziren, ibai-ibilgu nagusien ertzean. Teknologia berri honen ondorioz, burdinolaren egiturek pisu eta presio handiak jasan behar zituzten, eta, beraz, bere instalazioek tamaina eta sendotasun handia hartu zuten. Gainera, ura bildu egin behar zen, gero gailu hidraulikoetara eramateko, eta presak altxatu eta ubideak ireki behar ziren horretarako. Azkenean, errentagarritasuna galdu eta erabilerarik gabe geratu zirenean, instalazio horietako asko birmoldatu egin ziren, irin-errota gisa erabil zitezen.

Erdi Aroko eta Aro Modernoko burdinola haiek Euskal Herriko industriaurreko ondarearen parte bihurtu dira, eta oso presentzia garrantzitsua dute Oria Garaian.

Arrabiolako burdinola eta errota

Burdinola honen lehen aipamen dokumentala 1548. urtekoa da, eta eskura ditugun datuen arabera, badirudi XIX. mendearen hasierara arte ibili zela.

Kontserbatzen diren hondakinak, alde batetik, presa eta burdinolako ubidea dira. Lehenengoa Oria ibaiaren meandro batean dago, harlangaitzezkoa da eta harkaitzean bermatuta dago. Bertatik, oraindik ikus daitekeen ubide bat irekitzen zen: ibaiertzeko larreak inguratzen ditu, eta Arrabiola baserriaren atzetik igarotzen da. Anteparan (ur-biltegian) husten zuen ura. Elementu hori da, hain zuzen ere, burdinolaren aztarna nagusia; tunel bat zuen, eta gainean, depositua. Gurpilak geldirik zeudenean, ur soberakina ibaiaren ibilgura itzultzen zen gainezkabidetik, baina mekanismoari eragiteko unean ura mazoa eta hauspoak mugitzen zituzten gurpilen gainera erortzen zen.

Ur-biltegia da gehien ikusten den elementua. Gorputz prismatiko bat da, oinplano angeluzuzenekoa, eta harlangaitzez eginda dago. Erdi-puntuko arkuz errematatutako 5 bao ditu, bat ibaiaren gainean altxatzen den alde motzean (haren bidez depositutik erortzen zen ura askatzen zen), beste bi zabalagoak aurrez aurre lehenaren alde banatan, eta beste bi hego-mendebaldeko fatxadan (baserrirantz), lehen deskribatutako ardatzei dagozkienak. Azkenik, ateburudun ate bat irekitzen da bi hauen artean. Gaur egun, eraikina bisitagarria da, eta deigarria da bere handitasun eta sendotasunagatik.

Partekatu

unesco