231. Armiñongo herrigunearen multzoa (Armiñon)
7. ETAPA: LA PUEBLA DE ARGANZÓN • BRIÑAS
Aro Modernoko "bidaiarien gidetan" aipatutako herrigunea
Armiñón, XI. mendean sartu zen historian, herrixka gisa lehen aldiz Donemiliagako goldea izeneko dokumentu fiskalean aipatzen baitzen, Aramignon izenpean. Zadorra ibaiaren ertzean duen kokapen estrategikoagatik, eta Burgos eta Errioxatik iparralderantz zihoazen bideak lotzen zituen bidegurutzean egoteagatik, Erdi Aroan leku garrantzitsua bilakatu zen. Armiñón ezinbesteko igarobide eta atsedenerako gune gisa nabarmendu zen; izan ere, bidaiarientzat erakargarriak ziren hainbat azpiegitura eraiki ziren, hala nola Zadorra ibaia zeharkatzeko zubia, dokumentazioari esker XIV. eta XV. mendeen artean datatu daitekeena, eta erromesen eta bidaiarien atsedenerako ostatua (XVI. mendeko aipamen dokumentala).
Hasieran, Estavillo baino maila baxuagoko gune bezala sortu zen, eta bi herrixkek Estavilloko Ermandadea eratu zuten XIV. mendean, auzi bidez Trebiñu Konderriarekiko independentzia lortu ondoren. Gero, XV. mendean, Ermandade hori Arabako Ermandadean sartu zen. XVIII. mendetik aurrera Armiñónen estatusa aldatu egin zen, Kotxeen Errege Bidearen eraikuntzaren ondorioz bidearen trazadura Armiñónera desbideratu baitzen, eta hala, zonaldeko gunerik nabarmenena bihurtu zen.
Hainbat garaitako bidaiariek aipamen ugari idatzi zituzten Armiñóngo ostatuari buruz, erakusten dutenak herrigunea nahitaezko pasabidea zela Araba zeharkatuta (San Adriango pasabidetik edota Lenizetik), Frantziako mugarantz zihoazenentzat. XVI. mendean, Andrea Navagero idazle eta politikari veneziarrak eta Giovanni Battista Venturinok, adibidez, beren bidaietan Armiñóngo zubia eta ostatua ezagutu ondoren, gutun eta idatzietan aipatu zituzten. Bisitari ospetsuen artean, aipagarriak dira Felipe IV.a erregea eta Maria Teresa infanta, 1660an Luis XIV.a Frantziakoarekin ezkontzeko Irunerantz zihoazela handik pasa baitziren.
Armiñóngo herrigunea
Armiñónen bidegurutze izaera garrantzitsua bere hirigintza-egituraketan ikusten da, hirigunea zeharkatzen duten bi bideen arabera egituratzen baita: ipar-hego ardatza, Armiñóndik igarotzean Errege kalea izena hartzen duena, eta Ekialde-Mendebalde ardatza, lehen Iturri kalea zeritzona (gero Zubi kalea esan zitzaion). Bi ardatzak gurutzatzen diren tokian erdiko plaza dago, 1852ko iturri batek burutzen duena.
Errege kalea Gasteiztik eta Argantzunetik datorren bidean dago eta Errioxarantz doa Zadorra ibaia zeharkatu gabe. Iturri kalea, ordea, Estavillotik datorrena da, eta Ribavellosarantz jarraitzen du zubia zeharkatuta. Eraikinak bi bide horien inguruan daude: horma mehelinak dituzten eraikinak dira, oinplano karratua dute, bi altuerakoa, eta asko eta asko eskantzuetan harlanduzko kateak dituzten harlangaitzez egindako etxeak dira.
Iturri kalean, mehelin-horma duten etxeek arkupedun espazio bat dute beheko solairuan, eguzkiaz eta euriaz babesteko. 1 zenbakiko etxearen ataria, gainera, ordena toskanarreko harrizko zutabe batzuek eusten dute. Kale horretan daude herriko eraikin aipagarrienak. Alde batetik, San Andres parrokia-elizak eta apaiz-etxeak osatzen duten multzoa dago, eta bi eraikinak tenpluko kanpandorreak batzen ditu. Hareharrizko harlangaitzez eraiki zuten multzoa, eta eskantzuetan harlanduz sendotu. XVII. mendeko eliza da, portada errenazentista du eta hura babesteko erdi-puntuko bi arku dituen eliz ataria. Goian, Urbina eta Orue familien armarriak ageri dira. Montoya jauregia XVII. mendean eraikitako barroko estiloko jauregi dotorea da.
Zadorra zeharkatzen duen zubi zaharra, puenteviejo (zubi zahar) esaten diotena, eskualdeko zubirik monumentalenetarikoa da. Jatorriz XVI. mendekoa, lehen Karlistaldiko borroken ondorioz asko kaltetu zenez, berreraikia izan zen.
Zeharkako ardatzean, Errege kalean, udaletxea dago, arkitektura zibilaren beste adibide handi bat. Neoklasiko estilokoa, 1817an eraiki zuten. Oinplano angeluzuzena eta bi altuera dituen eraikina da, harlanduz egina. Egurrezko leihate zabalak irekitzen dira fatxadan zehar eta egurrezko bi ate ditu. Eraikinak ongietorria ematen dio Armiñónera bide horretatik iristen den bisitariari.