232. Armiñongo errota (Armiñón)
7. ETAPA: LA PUEBLA DE ARGANZÓN • BRIÑAS
Errota bat Zadorra ibaiaren bazterrean
Arabako orografiak laborantzarako lautada zabalak ditu, eta Armiñongo gunea, zehazki, Zadorra ibaiaren haranaren zabalgune batean dago, Trebiñu eta Ebro artean. Eskualdearen ezaugarri nagusia zerealak landatzeko lur emankorrak direnez, zerealak prozesatzeko industriaurreko azpiegiturak aurkitzen dira bertan, giza kontsumoa helburu dutenak. Kasu honetan, Armiñongo errotaz ari gara, Arabako lurraldean ongien kontserbatu denetako bat.
Araban errotei buruzko aipamenak oso goiz hasi ziren, IX. mendean, Omecillo ibaiaren ertzean (Valpuesta), baina ia ez dakigu nolakoak ziren errota haiek. Garai modernoan eraiki zirenak baino eraikuntza hidrauliko oinarrizkoagoak izango ziren, eta, ziur asko, azeño erakoak izango ziren, hau da, ubidean erdi murgilduta zegoen gurpil batek ardatz horizontal bat bira araziko zuen, eta hark errota-harriei mugimenduak transmitituko.
Dena den, Euskal Autonomia Erkidegoan Erdi Aroaren eta Aro Modernoaren amaieran garatu ziren errota gehienak ardatz bertikalekoak izan ziren: ura eraikinaren azpitik pasa arazi, eta horizontalean jarritako gurpil batzuen gainean erortzen zen. Gurpil horien ardatzak bertikalak izaten ziren eta errotazioa lehenengo pisuko gurpiletara eramaten zuten.
Armiñongo errota eraikin angeluzuzena da, harlangaitzezkoa eta harlanduz sendotua, bi isurkiko estalkia duena. Mendebaldean ezaugarri bereko eraikin txikiago bat du. Ibaian gora 330 metrora dagoen presa txiki batetik Zadorrako ura hartzen du, eta 3 metro inguruko zabalerako ibilguan barrena desbideratzen du errotaraino. Ur-emari txikiagoak aprobetxatzen dituzten beste errota batzuek ez bezala, azpiegitura honek ez du urak metatzeko depositurik, eta ubidea zuzenean azpiegiturara isurtzen da, eraikinetik kanpo dauden uhate manipulagarri batzuen bidez.
Uraren bultzadaren indarra optimizatzea ahalbidetzen duten bi sifoiren bidez zuzendu ondoren, ura bi gurpiletan isurtzen da presioz, eta horiek bi errotarri pare mugi arazten dituzte. Gero, ur soberakinak kanalizazio berri batetik igarotzen dira, eta, Erdi Aroko zubiaren ondoren ibaira isurtzen dira berriro.
Estolda edo gainezkabidearen irteeran, eraikinak erdi-puntuko bi arku ditu. Lehenengo solairuan, hegoalderantz eta iparralderantz, ateburudun hiru eta bi leiho daude hurrenez hurren, eta beheko solairuan, ehotze-gelan alde bakoitzean leiho bat gehiago. Ekialderantz bi leiho gehiagok argitzen dituzte beheko gelak.
Eraikinetik metro gutxira, bi errotarri daude. Errotaren azken aldian ohikoak ziren hormigoizko errotarriak, baina aurreko garaietan, alea ehotzeko behar adinako urratzea eman zezaketen harriak erabiltzen ziren. Horretarako, gainera, ildaskak zizelkatzen ziren, irina eta irin-zahia hobeto igurtzi eta bideratzeko; errota tradizionaletan bi osagaiak batera ontzi batera erortzen ziren. Gero, galbaheen bidez, bi substantziak galbahetu edo bereizi egiten ziren.
Egungo eraikina Aro Modernoaren amaieran eraiki, eta XX. mendera arte erabili zen.