197. Araiako herrigune historikoa (Araia, Asparrena)
4. ETAPA: ZEGAMA • SALVATIERRA-AGURAIN
Araia, Arabako Lautadarako sarrera
605 m-ra kokaturik dago, Aratz, Albeniz, Egilar eta Altzaniako harkaitzen oinetan, eta Asparrena udal-barrutiko hiriburua da. San Adriango mendatetik behera, Araia zeharkatu eta Arabako Lautadan barneratzen den bide garrantzitsu bat dago, goren aldia Erdi Aroan izan zuena. Bide horren ondoan egoteagatik, Araia merkataritza- eta erromes-bide garrantzitsu baten sarearean zegoen.
Inguru horretan giza presentzia goiztiarra izan zen: monumentu megalitiko ugari daude, jada historiaurrean giza taldeak bertan bizi zirela erakusten dutenak. Geroago, komunikabideen ondoan kokaturik egoteagatik puntu estrategiko garrantzitsua izan zen, hain zuzen ere, Astorga eta Bordele batzen zituen erromatar galtzada, eta arestian aipatutako Erdi Aroko bidea, San Adrianetik zetorrena. Bigarren bide horren garrantziaren erakusgarri da haitz baten gainean zegoen Marutegi gaztelua (gaur egun hondarrak baino ez dira geratzen), bidea kontrolatu eta babesteko Iruñeko erregeak XII. mende aldera eraikia.
Historian zehar, inguru horretako ekonomian garrantzitsua izan da bai errota eta burdinolen ustiaketa, bai harrobi eta zur-industria. Udalerrian burdin meategiak zeuden, bai eta ura eta zuhaizti ugari ere: hala, hainbat siderurgia-industria bertan kokatu ziren. Goren aldia XIX. mendean izan zuten batez ere, eta probintziako ezagunenetarikoak izan ziren. Horietako bat izan zen Ajuria familiaren burdin fabrika: Araiaren garapenaren ardatz izan zen, herriko biztanleen zati handi bati lana eman baitzion luzaroan.
Araiako ondare-multzoa
Erdigunean San Pedro eliza dago, XV-XVI mendeetako eraikina. Oinplano angeluzuzena du, burualde poligonala, eta hiru ataleko nabe bakarra. Bi atal estaltzeko nerbio-gangak ditu, eta hirugarrenean, tertzelete-ganga. Barrualdean, 1790eko erretaula neoklasikoa dago, eta koru aipagarria, arkitrabedun solairu bikoitzekoa. Kanpoaldean, portada nagusiak molduradun arku konopiala du, eta inguruan, mentsuletan eusten den alfiza. Elizako dorrea tenpluaren oinaldean dago, eta 1740an eraiki zuten. Elizaren absideko hormak egiteko, erromatar garaiko elementuak berrerabili zituzten (hilarri zatiak).
Araian arkitektura zibileko elementu aipagarrien multzoa aurkitzen da, San Pedro elizaren aldamenean kokaturiko udaletxea nabarmentzen delarik. 1771ko eraikina da, Barroko garaiko arkitekturaren adibide bikaina. Asparrenako Ermandadearen armarria du fatxadan: ederra eta dekorazio rococoz apaindua. Armarriko legendaren arabera, etxea Asparrenako Ermandadeko kapareena zen (“Casa de los Caballeros Hijosdalgo de la Noble Hermandad de Asparrena”). Barruan, kutxa beltza dago, Ermandadeko dokumentu garrantzitsuenak gordetzeko erabiltzen zena. Burdina forjatuzkoa da, eta burdina pudelatuzko errematxeak ditu; halaber, lapurretak eragozteko ixte-sistema konplexua du.
Bestalde, Ajuriatarren jauregia nabarmentzen da, gorago aipatutako familiaren etxebizitza; XIX. mendean eraiki zuten eta historizista estilokoa da. Halaber, aipagarriak dira udaletxeko plazan kokaturik dauden Herriko Enparantza etxetzarra, XIX. mendekoa eta neoklasikoa, eta musika kioskoa, 1918koa.
Erdigunean, elizatik oso hurbil, Iturbero frontoia dago, aisiarako arkitektura zibilaren adibidea; 1876an eraiki zuten eta Arabako zaharrenetakoa da. 1983an berritu zutenean aldaketa batzuk egin zizkioten. Gaur egun, frontoia 25,4 m luze da, harlanduzko frontisa du, eta hormigoi leunduzko zorua. Ezkerraldean, frontoia ixten duen harlangaitzezko horma bat dago berdez pintatua (pilota-jokoaren zati da). Eskuinaldean, hiru solairuko eraikin neoklasiko bat dago, behealdean zazpi arkuz osatutako arkupea duena.