218. Arabako Azukre-Lantegia (Gasteiz)
5. ETAPA: SALVATIERRA-AGURAIN • VITORIA-GASTEIZ
Azukre-industria
XIX. mendearen hasieran, Espainian, azukre-hornidura kolonien bidez egiten zen, handik kanabera-azukrea ekartzen zuten. Hala ere, itsasoz haraindiko lurraldeekiko mendekotasun hori saihesteko asmoz, mendearen bigarren erdian Gobernuak zenbait ekimen izan zituen Penintsulan azukrearen industria garatzeko. Arabako Aldundiak azukre-industriaren sektorea lurraldean ezartzeko interesa zuen eta proiektua babestu zuen, baina ez zuen gauzatu, Arabako nekazariek ez baitzioten erremolatxaren laborantzari heldu nahi.
XIX. mendearen amaieran egoera irauli egin zen, azken koloniak galtzearekin batera azukre hornidura eten egin baitzen. Gobernuak tokiko azukre-industria garatzeko pizgarriak eskaini zituen, eta horiei esker lantegi ugari sortu ziren lurralde osoan. Arabako hainbat industrialariren ekimenei esker probintziak bere industria garatzeari ekin zion; besteak beste, Ajuria familia eta Hueto familien ekimenei esker: 1900. urtean, Jaurlaritzak emandako laguntzak baliatuz Azucarera Alavesa S.A. enpresa sortu zuten. Urtebete geroago, fabrika hau azukrearen Espainiako elkarte orokorrean sartu zen (Sociedad General Azucarera de España).
Azucarera Alavesa Gasteiz hiriaren kanpoaldean ezarri zen, kokalekuak eskaintzen zituen komunikazio-erraztasunak zirela eta. 1904an inauguratu zen, eta 90eko hamarkadara arte iraun zuen, garai horretan itxi baitzen, Espainiako Azucarerak gauzatutako fabriken kontzentrazio-politikaren ondorioz.
Fabrika-multzoa
Arabako hiriburuan ere hainbat esku-hartze arkitektoniko eginak zituen Fausto Iñiguez Betolaza arkitekto gasteiztarrak egin zuen Azucarera Alavesa lantegiaren multzoa.
Multzoa produkzio-pabiloiek eta tximinia exentu bat zuen indarretxeak osatzen zuten. Horien inguruan, mamia lehortzeko, gordetzeko eta azukrea biltegiratzeko eraikinak zeuden. Gaur egun, ekipamendu horietatik guztietatik nabe bakarra mantendu da, erremolatxa transformatzekoa (mami, melaza eta azukre bihurtzeko), baita tximinia exentu bat ere. Nabeak gorputz bat du erdian eta bi alboetan, eta, barruan, patio bat irekitzen da. Nabeko hormak adreiluzkoak dira, eta Arabako Manchester arkitektura-estiloaren adibide bikaina dira. Eraikinaren bi solairuetan zehar leihate handiak irekitzen dira, kristalezkoak, tonu urdinxkakoak. Nabea hiru hormartetan banatzen da; erdikoa atzealdetik apur bat baxuagoa da eta apur bat atzeraemana dago. Barruan, saretazko zutabeek estalkiko zertxen pisua eusten dute.
Eraikinaren atzealdean altxatzen den tximinia, energia hornikuntzaren funtzioa zuen indarretxe zaharrarena zen. Nabea bezala adreiluz egina, 50 metroko altuera du eta lonbardiar erromanikoan inspiratutako arku itsuez errematatua dago.
Errepidearen beste aldean, eta fabrikaren multzoa itxiz, azukre-fabrikako langileen auzunea dago, bertako langileen etxebizitzez osatua. 1920an eraiki ziren, Sociedad General Azucareraren ekimenez. Bi solairuko familia bakarreko etxebizitzak dira, eta baratze txiki bat dute. Gaur egun 14 baino ez dira kontserbatzen eta nahiko eraldatuta daude.