Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

203. Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Erdoñana, Donemiliaga)

4. ETAPA: ZEGAMA • SALVATIERRA-AGURAIN

Erdoñana, botere handiko kontzejua

Erdoñana Arabako Lautadako gune estrategiko batean kokaturik dago, Zalduondo eta Agurain artean: nahitaezko igarolekua izan zen San Adrian barrena Frantziatik zetorren eta Burgosera zeraman bidetik iristen ziren merkatari eta erromesentzat. Bide horren garai gorena Erdi Aroa izan zen.

Erdoñanaren lehen aipamen dokumentala XI. mendekoa da, Donemiliagako goldea deritzon zerga-dokumentuan. Erregistro horretan Arabako Lautadako eta Mendialdeko herrixkek Donemiliaga Kukula monasterioari egindako ekarpenak jasotzen ziren, eta uste da burdinazko goldea hamarrenen ordainketarako neurri-unitatea zela XI. mendean.

Erdoñana, Donemiliaga landa-inguruko udalerriko herri txiki bat da, historian zehar garrantzi handia izan duen kontzejua, eta gaur egun Donemiliagako herriburua. Horrez gain, Erdi Aroko Egilatzeko Ermandadearen batzarren egoitza izan zen, Done Milian ermitan egiten baitziren bilerak. Herriaren garrantziak erakarrita, Herdoñana leinuak bertan ezarri zuen bere oinetxea. Familia hori Gebaratarrekin eta Okariztarrekin ahaidetua zegoen, eta Pedro Ruiz de Herdoñanak Mexikon egindako merkataritza-jarduerari esker aberastu zen. Erdoñana herriaren estatusaren erakusgarri da bere lurretan aurkitzen den ondare ugaria, non hein handi batean parroki eliza nabarmentzen den.

Andre Mariaren Jasokundearen eliza eta Aguraingo tailerra

XVI. eta XVII. mendeetan zehar, Aguraingo hiribilduaren inguruak Arabako arte-gune handietako bat bilakatu ziren. Aguraingo tailerra kalitate handiko eskultura eta arkitekturagatik nabarmendu zen, eta inguruko elizetarako artelan gehienak bertan egiten ziren. Gaur egun Agurain inguruan dauden tenplu askotan tailer horretako lanak gordetzen dira: Erdoñanako Andre Mariaren Jasokundearen elizan, esate baterako.

Deigarria da elizaren kokapena, goi baten gainean. Defentsa funtzioa izan dezake kokaleku horrek, baina eliza ez da tenplu-gotorlekua, eta ez zen xede horrekin sortu. Gaur egungo eraikina XVI. mendearen bigarren erdikoa da, eta lehenagoko eliza erromaniko baten aztarnen gainean eraiki zuten. Ia ez da jatorrizko tenpluaren arrastorik geratzen, baina sarrera lehen garai haietako aztarna da: gotikoaren trantsizioko portada erromanikoa da, XIII. mendekoa. Dekorazio sotila du: arku zorrotza, garaiko gustuaren arabera baketoiz eta Jakako xakeztatuz apaindutako bost arkibolta dituena, non gizon-emakumeen aurpegiak ageri diren, burukoak eta kokospeko uhalak jantzita dituztela. Halako giza itxurako apaindurak ez ziren ohikoak, eta ez dakigu zer esanahi duten.

Eraikinak kanpo-kontrahorma sendoak ditu, burualde lau eta nabarmena (gainerakoa baino estuagoa) eta oinplano karratuko kanpandorrea, XVII. mendekoa.

Barrualdean bi ataleko nabe bakarra du: espazio zabala eta uniformea da, non erretaula nagusia nabarmentzen den, Arabako Lautadako aipagarrienetakoa. XVII. mendeko erretaula da: gehienbat errenazentista izan arren, hastapenetan den barrokorako trantsizioaren zantzuak nabari zaizkio. Oso kalitate handiko eskulturak ditu. Miguel Zozaia arkitektoaren eta Diego de Mayora eta Juan Pérez de Mezquía eskultoreen lana da, Aguraingo tailerretan egindako eta Errenazimentua eta barrokoaren arteko trantsizio-uneko adibide bikaina.

Beste elementu aipagarri bat Herdoñanatarren kapera da, iparraldeko horman kokatua, aldaretik gertu. San Antonioren adbokazioa du, eta 1615ean fundatu zuten. Familia horrek XVI. mendean elizan egindako ia-ia lan guztiak berak bakarrik ordaindu zituen. Azpimarratzekoa da kaperako erretaula erromanista, Aguraingo tailerreko eskultore garrantzitsu zen Lope de Larreak egina. Aipagarria da, Araba osoan bakarra izateagatik, kaperaren fundatzaile Pedro Ruiz de Herdoñanaren irudi otoizlaria: kaperako sarrera-arkuaren azpian ageri da eta Errenazimentuko janzkera du (jipoia, kapa laburra eta goleta). Kaperako sarrerako frontoian Herdoñanatarren armarria aurkitzen da, familia horren boterea eta elizarekin zuten loturaren erakusgarria.

Partekatu

unesco