Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

186. Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Beasain)

3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA

Erretaula barrokoa Gipuzkoan

Erromanismoa Errenazimentuko korronte artistikoak, onarpen handia izan zuen Euskal Herrian; hori dela eta, barroko estiloaren eragina ez zen bat-batean sartu herrialdean, eta erretaulak egiteko ordura arteko modua ere ez zen eten.

Erromanismoak eskulturak osotasunean zuen garrantzia azpimarratzen zuen, eta italiar maisuek (Rafael eta Michelangelo) Erroman garatu zuten estiloa imitatzen zuen. Anatomia azpimarratzen zuen, indar handiko eta oso idealizatutako irudiak sortuz; eskultura horiek kokatzeko, erretauletan kale eta solairutan antolatutako horma-hobi ugari ageri ziren, non arkitekturak protagonismo gutxi zuen, eta soilik eszenaren marko gisa.

Hala ere, bi egoerek aldaketa progresiboa eragin zuten Gipuzkoako erretauletan nagusi ziren formetan. Lehenengoa, Gregorio Fernandez (1576-1636) Valladolideko eskultorearen lanaren erabateko eragina izan zen; hari zor zaizkio Bergarako Jesuiten ikastetxerako egindako San Inazioren eskultura edo XVII. mendeko bigarren hamarkadako Idiakez familiaren etxeko oratoriorako sortutako Ecce Homo eskultura. Irudi horiek naturalagoak ziren, teatralak, ile eta bizarren xehetasun zainduak zituzten… Haien eragina azkarra izan zen, eta bertako maisuek gorteko giroan boladan zegoen irudiak egiteko modu berria ikasi zuten. Hala ere, irudi hauek agertzen zireneko erretaulen marko arkitektonikoa ia ez zen aldatu 1630eko hamarkadara arte.

Euskal eta gipuzkoar erretaulei bereziki eragin zien bigarren egoera escurialense estiloko erretaula-ereduaren hedapena izan zen. Funtsean, honako ezaugarri hauek zituen: sagrarioaren protagonismoa (proportzio handikoa), atikoaren garapena (Kalbarioa irudikatzen zen bertan) eta arkitekturak protagonismo handiagoa hartzea, izan ere, eskulturen marko gisa horma-hobi soilak izan ordez, eraikitako eszenatoki batean jartzen ziren irudiak. Espainian ez bezala, Euskal Herrian ohikoagoa izan zen eszena erlijiosoak eskulturaren bidez irudikatzea, mihiseen bidez baino.

Funtsean, bi alderdi horien garapena izan zen erretaula barrokoa ulertzeko giltzarria, baina unearen eta nagusi ziren korronteen arabera, garrantzi handiagoa eman zitzaien alderdi jakin batzuei, adibidez: dekorazio gehiago edo gutxiago izatea, diseinu lauago edo bihurgunetsuagoen aukeraketa, irudiak eraikitako esparrura egokitzea, erdiko horma-hobiaren protagonismoa handiagoa edo txikiagoa izatea (normalean tenpluko santu nagusiari eskainia), etab.

Horrela, hasierako korronte klasizistetatik abiatuta, churriguerescoaren gehiegizko apaindurara eta rococora iritsi zen, zeinak arkitekturan dinamismo handia eta dekorazio-aparatuaren ugaritasuna bereizgarri izan zituen.

Beasaingo Andre Mariaren Jasokundearen parrokia

Gaur egungo Beasaingo Jasokundearen tenplua XVI. mendean hasi ziren eraikitzen, eta XVIII. mendera arte ez zuen gaur egungo itxura hartu. Hala ere, Yartza familiaren kapera (parrokiako patronoak) lehenagokoa da, Erdi Aro berantiarrekoa. Nabe bakarreko eraikina da, gurutze-gangez estalia (1728 inguruan zaharberrituak). Sakristia neoklasikoa da, Francisco Iberok diseinatua. Eliz ataria oso azpimarragarria da. 1663an egina izan zen eta egurrezkoa da; zutabe oktogonaletan bermatutako estalkia, eta habe eta tirantezko bilbadura du. Deigarria da zutikoen itxura eta akabera fazetatu zaindua.

Hala ere, elizaren elementurik nabarmenena erretaula nagusia da, Ama Birjinari eskainia eta Joan Ursularrek egina. 1670 eta 1672 artean egina izan zen, estilo barroko klasizista du, eta gorteko eragin handiko obra da. Solairu bakarra eta hiru kale ditu banku gainean, eta atiko nabarmen batez burutzen da. Erdiko gorputza erdiko kutxaren alde bakoitzean binaka jarritako 4 zutaberen bidez banatuta dago; ordena konposatukoak dira, ildaskatuak, eta une horretan ohikoak ziren elementuekin apaindutako mentsula handietan bermatuak. Arkitekturak nolabaiteko plano-jokoa erakusten du, taulamendua eta erlaitza hautsita agertzen baitira mentsulak aurreratuta egoteagatik. Eszenak mihiseen bidez erreproduzitzen dira; ez dira oso kalitate handikoak baina erretaulak gorteko eragina duela erakusten dute. Margolan handienak erdiko horma-hobian (Ama Birjinari eskainia) eta atikoko Kalbarioan daude. Sagrario nabarmena du, barrokoan ohi bezala.

Partekatu

unesco