168. Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Aduna)
2. ETAPA: HERNANI • TOLOSA
Parrokia: biziek eta hilek partekatzen zuten espazioa
Goi Erdi Aroan eraikitako landa-elizen ezaugarrietako bat zen Kristo (eta santuak) gurtzeaz gain, hildakoak ere gurtzen zirela bertan. Hala, hasieran, komunitateko hildakoen hilobiak tenpluaren inguruan antolatzen ziren, itxuraz modu desordenatuan, askotan elizak erabat inguratzen zituzten hilerriak eratuz.
Eskuarki, hildako bakar baten gorpuzkia lurperatzen zen hilobi bakoitzean, eta, eskualdearen eta garaiaren arabera, hilobien eta ehorzketen berezitasun formaletan aldeak egoten ziren. XIII. mendean, ordea, nekropoliak aldatzen hasi ziren, hiribilduetan batez ere, biztanleria-dentsitate handia biltzen baitzuten. Orduan agertu ziren lehen antolaketak hilobien kokapenean, kale edo ilaretan. Gainera, lurperatze hobiak berrerabili egiten ziren eta hainbat pertsona batera ehorzten, askotan hezur zaharrak kenduta.
Garai horretan, tenplu barnean elite sozialeko kideak baino ez ziren lurperatzen, erregeak, nobleziako kideak eta goi-kleroa. Hala ere, XIV. mendetik aurrera, Euskal Herriko zati handi batean, hilerri osoa (hildakoen jatorri soziala edozein zela ere) eliz barruan kokatzea ekarri zuen prozesu bat gertatu zen.
Garai horretan, gainera, oso lotura berezia hautematen da bizien eta hilen artean; izan ere, etxe bakoitzak bere hilobia zuen nabeko leku jakin batean, eta funtzio eta otoitzerako etxeko emakumeak leku horretan esertzen ziren, ez beste batean. Hilobiek etxe-unitate batean (etxea, baserria) bizi zen familiako kide guztiak hartzen zituen, eta emakumeek haien arimak zaintzen zituzten.
XVIII. mendetik aurrera, higieneari buruzko kezkak nekropoliak bizitokietatik ateratzeko erabakia ekarri zuen, eta, erresistentzia handiak egon ziren arren, XIX. mendean zehar gaur egun ezagutzen ditugun hilerriak sortuz joan ziren. Horrela, pixkanaka-pixkanaka, antzinako hileta erritoak galdu egin ziren, eta, oro har, eliz barruko kokapenari dagokionez, ez da ordena zehatzik gordetzen euskal parrokietako liturgiara joateko orduan.
Hala ere, Adunako elizan, herriko etxe zaharren hilobiak zeudeneko lekuaren oroimena gorde da, eta, horrela, bataiarriaren ondoko horman, krokis bat aurkitzen, hilobiak eta haiei zegozkien etxe eta baserrien izenak jasotzen dituena.
Euskal landa-parrokiaren adibidea
Jasokundearen eliza kareharrizko harlanduz egindako eraikina da, salbu portada, barrualdeko pilastrak eta tertzelete- edo izar-gangaren nerbioak, hareharrizkoak baitira. Nabe bakarrekoa da eta absidea oktogonala du, nabea baino pixka bat zabalagoa. Alde bakoitzean bi kapera irekitzen dira arkupe banaren azpian, eta hala, gurutze latindarreko oinplanoa duela dirudi.
Errenazimenduko estiloa du elizak, baina gotiko berantiarraren eragin handia antzematen zaio. Portada soila du, eta beharbada berori da tenpluko elementurik zaharrena eta tenpluaren berreraikuntzaren abiapuntua. Sarrera txaranbeldua da, eta ojiba-arkuetan errematatzen diren baketoiak ditu, zutabe atxikietan bermatzen direnak, eta, zutabeetan Erdi Aro amaierako dekorazioak ageri dira.
Tenpluaren obra nagusia XVI. mendearen bigarren erdian amaitu zen eta 1599an koruko obra ere bukatutzat eman zen. 1613ko kanpandorre zaharraren ordez, 1908an kanpandorrea eta hura errematatzen duen orratza eraiki ziren eta forma bereizgarria ematen diote elizaren siluetari.
Barrualdean, erretaula nagusia nabarmentzen da, XVII. mendearen erdialdekoa, ziur asko Pedro de la Tijerak egina, eta jada garaiko eragin klasizistak jasotzen dituena. Azpimarratzekoa da, halaber, Ebanjelioaren kaperan jarritako Kristo gurutziltzatu gotikoa.