166. Andoaingo industria-multzoa (Andoain)
2. ETAPA: HERNANI • TOLOSA
Industrializazioaren hasiera Andoainen
Andoainek industria-arkitekturako multzo interesgarri bat du, udalerritik Urnietara doan errepidean kokatua. Eraikuntza multzo horrek ezaugarri berritzaileak ditu, fabrikaren kontzeptuaren irakurketa berria egiten du eta XX. mendearen hasieratik 70eko hamarkadara bitarteko esparru kronologiko zabala hartzen du.
XIX. mendean udalerrian industrializazioa sartu zenetik, bigarren sektoreak indarra hartu du, harik eta udalerriko jarduera ekonomiko garrantzitsuena bihurtu den arte. Andoainek industrializazio-prozesuaren hasiera Lehen Karlistaldiaren ondoren izan zuen, 1840tik aurrera, paper, ehungintza, siderurgia, armagintza eta elikaduraren esparruko industriak sortu baitziren. Prozesu horretan mugarria izan zen 1857 eta 1858 artean Algodonera Guipuzcoana martxan jartzea. Udalerrian elektrizitatearen ekoizpen hidraulikoko sistemak ezartzeari esker, energia modu merkean lortzen zen. Horrekin batera tren-sare berria udalerritik igarotzen zenez, industrializazio-prozesuari bultzada handia eman zitzaion, eta horrek hazkunde demografikoa eta aldaketa urbanistiko handiak ekarri zituen, auzo berriak sortzea kasu. Gainera, biztanleentzako ur-hornidura hobea diseinatu behar izan zen.
Andoaingo lantegi abangoardisten multzoa
Andoain eta Urnieta lotzen dituen errepidea egokia da industria ezartzeko, herritik igarotzen ziren trenbideetatik hurbil baitago: Norteko trenbidea eta Plazaolakoa. Horrela, Andoaingo industria multzoa Euskal Herriko aipagarrienetako bat da, arkitektura proposamen abangoardistak baititu, jarraian aipatuko ditugunak.
Laborde Hermanos S.A. lantegia, ebaketa- eta doitasun-tresnak ekoizten zituena, Guillermo Laborde Garatek eta bere semeek sortu zuten 1926an, eta 1928an gaur egungo kokalekura eraman zuten. Bere kronologia goiztiarragatik nabarmentzen den modernitatearen aldeko benetako apustua da. Fabrika honek modernitatearen adibide ugari ditu, bai arkitekturari bai enpresaren kontzeptuari dagokionez.
Fabrikaren proiektu arkitektonikoa Manuel Laborde Werlindenena izan zen, fabrikako zuzendarietako batena, eta Luis Tolosa Amilibiak gauzatu zuen, arkitektura amerikarra eta europarra asko ezagutzen zituen delineatzaile proiektugilea. Laborde Hermanos S.A. enpresak estilo arrazionalista du eta jatorrizko pabiloiak eta jantokien eraikinak osatzen dute. Lehenengoa oinplano angeluzuzeneko bloke bat da, eta garapen horizontala eta estalki terrazaduna ditu, non ekoizpen-nabea zegoen. Alde batean bi altuera ditu, bulegoetarako eta etxebizitzarako. Hormigoizko eta adreiluzko egitura du, pintura zuriz estalita. Lanerako guneak argiztapen eta aireztapen ona zuen, eta horretarako, bao ugari ireki ziren: besteak beste, bulegoetako idi-begiak, estilo arrazionalistan oso erabiliak.
Fabrikak hainbat handitze izan zituen bere historian: 30eko hamarkadan, pabiloiari bi nabe atxiki zitzaizkion alde bakoitzean, "U" oinplanoko multzo bat osatuz; 1939ko jantoki-eraikinak ixten du multzoa. Hiru altuera ditu, eta balkoi jarraituak maila guztietan, fatxadaren erdian dagoen eskailera helikoidal deigarriak lotzen dituela.
Laborde Hermanos SA fabrikaren ondoan Ziako fabrika dago, 1939koa, tarimak eta pertsianak egiten zituena. Luis Tolosa Amilibiak egin zuen berriro, eta horregatik ikus daiteke fabrika horren eta Laborde Hermanos S.A. enpresaren arteko lotura estilistikoa.
Multzo industriala itxiz, bi lantegi hauen eraikinak ageri dira: Krafft S.A., 1960an automobil-sektorerako produktuak fabrikatzeko sortua, eta Braher Internacional S.A., 1968an, elikagaien sektorerako makinak ekoizteko. Biak ala biak arkitektura industrialaren adibide abangoardistak dira, eta haren interpretazio berria egiten dute.