162. Andoaingo geltokiko biaduktua (Andoain)
2. ETAPA: HERNANI • TOLOSA
Norteko trenbidearen linea
Industria Iraultza eraldaketa ekonomiko, sozial eta teknologikoko prozesu oso bat izan zen, munduaren funtzionamendua erabat aldatu zuena: ekoizpen-prozesuak, hirigintza eta komunikabideak, pertsonen bizimodua eta mundua ulertzeko modua erabat aldatu zituen.
Komunikabideei dagokienez, Industria Iraultzak trenen eta trenbide-lineen sorrera ekarri zuen, salgaien garraio azkar eta errazagoa ahalbidetu zutena, bai eta pertsonen mugikortasuna erraztu ere. Espainian trenbidearen ezarpena 1855ean hasi zen, Espainiako Trenbideen Legea sortu zenean. Ezarpen horren helburu nagusietako bat herrialdeko gune nabarmenenak elkarrekin komunikatuko zituen sare bat ezartzea zen. Legearen ondoren trenbideak ustiatzeko konpainiak sortu ziren; horien artean nabarmentzen zen Compañía de los Caminos del Hierro del Norte de España (1858-1941), Madril eta Hendaia lotzen zituen linea eraikitzeaz arduratu zena. Linea horrek garrantzi estrategikoa zuen, estatuko hiriburua Frantziako mugarekin batzen baitzuen.
Gipuzkoa zeharkatuko zuen trenbide bat eraikitzeak (100 bat kilometro hartzen zituen), iraultza handia izan zuen probintziarentzat, lurraldean ezartzen zen lehen trenbidea baitzen. Erliebe gorabeheratsua zela eta, lanak egiteko zailtasun asko egon ziren, eta benetako erronka izan zen ingeniarientzat. Lanak, ordea, azkar egin ziren, 1858an hasi eta 1864an inauguratu zen (ibilbide osoa Madriletik).
Gipuzkoako orografiak eskaintzen zituen zailtasunak gainditzeko, eraikuntza lan berritzaileak egin ziren, ordura arte ez baitzen tamaina horretako obrarik egin. Bada, tunel zabalak zulatu eta neurri handiko zubiak eraiki zituzten. Norteko trenbidea eraikitzeko 31 tunel ireki ziren probintzian, guztira 14.224 metroko lurpeko galeria osatzen zutenak (linearen % 14 lurraren azpitik zihoan), garrantzitsuena Oazurzakoa zelarik, Zegama eta Brinkola geltokiak lotzen zituena (Oñatin). Garai horretan eraiki ziren tunel guztiak martxan daude oraindik, eta ez dute aldaketa handirik izan.
Biaduktuei dagokienez, guztira 34 zubi eraiki behar izan ziren ibai eta erreken ibilguak gainditzeko, eta horietako batzuek 10 metroko altuera gainditu zuten. Eraikitako biaduktuetatik 15ek Oria ibaia zeharkatzen zuten, eta gainerakoek Salera erreka, eta Estanda, Leitzaran, Urumea, Oiartzun eta Bidasoa ibaiak. Bi biaduktu mota aurkitzen dira, eraikuntza-materialen arabera bereizten direnak: egitura metalikoa dutenak, Ormaiztegiko biaduktua da adibide esanguratsuena; eta harlanduz eraikitakoak.
Andoaingo geltokiko biaduktua
Andoaingo geltokiko biaduktua Gipuzkoan inauguratu zen lehenengo zatian zegoen, Beasain eta Donostia lotzen zituen tartean, hain zuzen ere. 1863ko irailaren 1ean inauguratu zen, eta egun berean inauguratu zen gaur egun Andoain-Erdia deitzen den geltokia ere.
Harlanduz eraikia, Andoaingo geltokiko biadukuta zubi “esbiatua” da, hau da, Leitzaran ibaiak zeharka eskaintzen duen malda gainditzen du, haren gainetik 60 metrora iritsiz, eta 5 arku ditu. Deigarria da arkuetako harlanduen kokapena, okertuta baitaude, zubiaren zeharkakotasunera egokitu ahal izateko.