Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

164. Andoaingo erdiguneko multzoa (Andoain)

2. ETAPA: HERNANI • TOLOSA

Andoaingo Unibertsitatea

Erdi Aroaren amaieran Andoaingo Unibertsitatea Donostiari (1379) eta ondoren Tolosari (1475) lotuta zegoen, eta XIX. mendera arte ez zuen Sorabilla auzoa barnean hartu. Andoain, Leizaur ere deitua, Tolosako hiribilduarekin gatazkan hasi zen, hiribilduak zuen boterea gehiegizkotzat jotzen baitzuen. Eztabaida horiek XVI. mendean zehar luzatu ondoren, azkenik 1615ean konpondu ziren, Felipe III.ak Andoaingo Unibertsitateari hiribildu titulua eman eta Tolosatik independizatu zenean.

Ordutik aurrera, Andoaingo herriaren barne egitura eta kohesioa sendotuz joan ziren, izan ere, ordura arte, unibertsitatea zenbait landa-auzoren elkartzearen emaitza izan zen: Buruntzako gunea, San Martin parrokia buru zuena eta herriaren botere politikoaren egoitza; Leizaurrekoa, Leizaur familiaren oinetxea nagusi zuena eta Santa Kruz ermita dagoen tokia; Zumea eta Goiburu aldea, bertan zela San Esteban ermita, nongo eskubideak beretzat eskatzen zituzten Zizurkilgo San Millan etxeko jaunek. Pixkanaka-pixkanaka, hirigintza-proiektu bat sortu zen, botere zibil eta elizakoen egoitzak ezartzeko gune nagusi bat sortzea helburu izan zuena, eta, aldi berean, gizarteratze-eremu bat sortzea, biztanleentzako plaza eta aisialdirako elementuekin. Ekimen horren ondorioz, Buruntzako landa-gunea (behealdeko gunearekin alderatuta biztanleak galtzen ari zena) bigarren mailan geratu zen geroz eta indar gehiago hartzen ari zen erdigune berriarekiko, batez ere Errege Bidea (Camino Real de Coches 1760-1775) komunikabide berriaren eraikuntzaren ostean.

Horrela, bide-azpiegituraren garapenarekin batera gertatu ziren parrokia erdigune berrira lekualdatzea, Buruntzako San Martin eliza zaharra utzi eta eraistea, bai eta udaletxea eta plaza berria inauguratzea ere.

Hirigunea

Andoaingo hirigunea osatzen duten elementuen artean, batetik, udaletxearen eraikina aurkitzen da; XVIII. mendeko eraikina da, eta garai hartan Gipuzkoako hiribilduetan izan zen udaletxe dotoreak eraikitzeko joerari erantzuten dio. Udaletxea eraikin sendoa eta xumea da, oinplano angeluzuzena, 3 altuera eta lau isuriko estalkia dituena. Harlanduzko hormak ditu, eta fatxada nagusian 5 arkuko arkupea nabarmentzen da (horietako lauk erdi-puntuko arkua dute), eta lehen solairuan balkoi jarraitu bat, non Andoain eta Gipuzkoako armarriak ikusten diren. Erdiko leihoa frontoi txiki batez burutzen da.

Udaletxearen ondoan, bestalde, Tourseko San Martin elizaren eraikuntza nabarmentzen da. Azpeitian jaiotako Francisco Ibero Barrokoko arkitekto ospetsuak egin zuen; oso parte hartze garrantzitsua izan zuen Loiolako Santutegiaren multzoan. Egile horren eraikinek rococo joerak eta ekarpen neoklasiko berriak lotzen dituen estiloa dute. Tourseko San Martin elizak gurutze latindarreko oinplanoa du, hiru ataleko nabea, esferaerdiko kupula batez errematatutako gurutzadura eta abside poligonala. Gurutze-gangak eta nerbioak zutabe klasikoetan bermatuta daude. Fatxada nagusian, kanpandorre handientsua nabarmentzen da, gainean gurutze bat duen kupula txiki bat duena. Lanak 1759an hasi ziren eta inaugurazioa 1770ean egin zen. Agustin Leitzaren dohaintzari esker eraiki zen. Andoainen jaioa, Amerikako kolonietan aberastu zen hainbat merkataritza-jarduerekin, eta jaioterrian parrokia berri bat eraikitzeko diru kopuru handia utzi zuen testamentuan.

Erdigunearen multzoa ixteko, hiribilduko gizarteratze-elementuak daude: plaza handi bat eta frontoia. Plazan dagoen Manuel Larramendi aita jesuitari eskainitako monumentua nabarmentzen da; idazle eta filologoa izan zen (lehen euskara-gaztelania hiztegiaren sortzailea), eta euskararen eta euskal kulturaren defendatzaile handia. Andoainen jaioa, Ilustrazioaren garaian bizi izan zen, Andoaingo erdigune neuralgiko berria gauzatu zen garaian.

Partekatu

unesco