Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

192. Altzibar teileria (Zegama)

3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA

Funtsezko artisau-jarduera

Eraikuntzetako estalkietatik ura kanporatzeko, zeramika erabili da Erromatar garaia ezkero Euskal Herrian. Euskal Herriko Kantauri isurialdean, Antzinateko aztarnategietan, bereziki helburu horrekin fabrikatutako zeramikazko piezak aurkitu dira Foruan (Bizkaia) eta Oiasson (Irun, Gipuzkoa), besteak beste. Behe Erdi Arotik aurrera teilak geroz eta gehiago erabili zirenez, teila-ekoizpena euskal eremuko ekoizpen-jarduera hedatuenetakoa izatera iritsi zen, eta hala, teilak egiteko labeak herrialde osoan aurki zitezkeen.

Euskal Herriko Kantauri isurialdean urtearen zati handi batean zenbat euri egiten duen kontuan hartzen bada, teilatuak euritik ondo isolaturik izatea lehentasun handiko kezka da. Hala bada, ahalmen ekonomikoa zuten erakundeen tamaina handiko eraikinek (udaletxeak eta parroki elizak, adibidez) inguruetako labeetako teila asko kontsumitzen zituzten; halaber, etxe, baserri, errota, burdinola eta abarren jabeek ere material hori erosten zuten beren eraikinetarako. Beraz, jarduera horretan zihardutenek eskaera ziurtatua zuten.

Aipatu behar da, bestalde, ekoizpen-gune horietan ez zirela soilik teilak egiten, adreilua ere labe horietan egiten baitzen. Dakigunez, karea egiteko ere erabili izan ziren, baina material hori ekoizteko beste errekuntza-egitura mota batzuk hedatu ziren, sinpleagoak eta mantenu errazagokoak.

Ohiko teileriek 3 atal nagusi izaten zituzten. Lehenengoan urez betetako baltsa zegoen, buztina eta gainerako gehigarriak nahasteko lekua; gehigarriak piezei sendotasuna emateko ziren, labeko tenperatura altuen ondorioz ez puskatzeko. Ondoren, lehengaia atera, zegokion forma eman, eta piezak eraikinaren ondoan zeuden estalpeetan aireak lehor zitzan uzten ziren; prest zeudenean labean sartzen ziren. Labeak bi zati zituen: goialdean buztinezko piezak kokatzen ziren eta behealdean errekuntza egiten zen. Bien artean buztinezko parrila erretikulatu moduko bat jartzen zen, beroari pasatzen utzi baina teilak sutik babesten zituena. Errekuntza-ganbera bikoitza zen eta bakoitzak sarrera bat zuen barrualdera iristeko. Ganbera bakoitza, halaber, elkarrengandik bereizita zeuden arkuz osatzen zen, eta arkuen arteko espazioa harriz estalia egoten zen baina ganga erabat itxi gabe, bitarteetatik beroa pasa zedin. Altzibar teileria modelo honetakoa zen, eta Altzibar burdinola eta oinetxetik gertu zegoen.

Teileria batzuen jabeak kontzejuak ziren, eta beste batzuenak, partikularrak. Pieza bakoitzaren balio erantsia txikia zenez, eta eskaera bakoitzean teila kopuru izugarria egoten zenez, herri bateko ekoizpena herrian bertan saltzen zen ia beti, garraioak prezioa alferrik handitzen baitzuen. Beraz, Kantauri isurialdeko euskal herri gehienetan deskribatutako moduko labe bat egoten zen, eta askotan, bat baino gehiago.

Azkenik, teilen ekoizpenaren inguruko bitxikeria bat: lan horretan aritzen ziren artisauak Lapurditik (Gipuzkoa eta Bizkaiko zati baterako) eta Asturiastik (Bizkaiko mendebalderako) etorriak izaten ziren. Uste da euskal probintzietako diskurtso politikoaren eraginez izango zela agian; alegia: bertan jaioek kaparetasun unibertsala zutenez, litekeena da bertakoek uste izatea lokatza ukituz lan egitean beren noblezia “zikintzen” zutela.

Partekatu

unesco