Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

178. Alegiako herrigune historikoaren multzoa (Alegia)

3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA

Alegia, fundazio ezezaguneko hiribildua

Ez dakigu noiz lortu zuen hiribilduaren estatusa Alegiako herriguneak, ez baitakigu noiz sortu zen, baina erreferentzia gisa 1454. urtea hartu ohi da. Garai horretan eman zion Henrike IV.ak bere armarria Alegiari (udaletxeko fatxada nagusian dago), 1445ean Olmedoko guduan Alegiak egindakoaren ordainetan. Hala ere, Oria ibaiaren ertzeko gunea lehenagokoa da eta oso zaharra dela uste da.

Errege Bidearen inguruan kokatu zenez, herriko jarduera garrantzitsuenetakoak merkataritza eta erromes, merkatari eta bidaiariak artatzeko zerbitzuak izan ziren. Nekazaritza-jarduera ere oso garrantzitsua izan zen baserri ugariz osatutako herriko nekazal sektorean. Bere sagarren kalitateagatik nabarmendu zen, eta beraz, dolareetan ekoizten zuten sagardoagatik.

Alegiak, historian zehar, Gipuzkoako beste herrigune batzuekin bat egiteko estrategiak aurrera eraman zituen, haien estatusa hobetu edo Batzar Nagusietako ordezkaritza handitzeko. Horrela, 1391n, adiskidetasun-eskritura baten bidez, Tolosako hiribilduan sartu zen eta hiribilduaren parte izan zen 1615ean desanexionatu zen arte. Adiskidetasun-eskritura horren bidez Alegiak mugarriz markatutako lurrak mantendu zituen, bere mendien erabilera esklusiboa izan zuen, bere errentak administratu eta bere udal gobernua independente mantendu zituen, eta Tolosak, aldiz, jurisdikzio kriminal eta zibilaren ardura zuen. 1625ean, berriz ere antzeko estrategia bat gauzatu zuen, ordukoan Ikaztegieta, Orendain eta Altzoko hiribilduekin bat eginez, Aizpuruako Batasuna deitu zen akordioan.

Alegiako hirigune historikoa

Alegiako hirigunea Oria ibaiaren ertzean dago, eta ibaiaren paraleloan doan kale bakar baten trazadurari jarraituz garatzen da, San Juan kalea. Eraikinak, beraz, alde banatan daude. Errege Bideak herriarentzat izan zuen garrantziaren erakusgarri da. Eraikuntza-tipologia nagusiak horma mehelinak dituzten eraikinak erakusten ditu, hiru edo lau altuerakoak eta bi isuriko estalkidunak.

San Juan kalearen erdialdean, herriguneko plaza nagusia irekitzen da. Bertan, udaletxea kokatzen da, herriko botere zibilaren erakusgarri nagusia. Oinplano karratuko eraikina da, harlanduz egina dago, hiru altuera ditu eta lau isuriko teilatua. XVIII. mendekoa da, estilo barrokoa du, eta garai horretan hiribilduetan udaletxe dotoreak eraikitzeko joeraren adibide da. Simetria handiz, beheko solairuan erdi-puntuko lau arku dituen arkupe bat irekitzen da, eta, goiko pisuetan, dekorazio dotorea duten baoak nabarmentzen dira. Aipagarria da, halaber, lehenengo solairuko balkoi luzea eta burdinazko baranda, alboetan bola-itxurako apaingarri biribilez hornitua. Horma pikoaren azpian, Enrike IV.ak Alegiari emandako armarria dago, eta bere gainean, erloju handi bat.

Arkitektura erlijiosoari dagokionez, San Joan Bataiatzailearen parrokia-eliza eta Gurutze Santuaren ermita nabarmentzen dira. Alegiako egungo parrokia-eraikina XVII. mendekoa da eta estilo barrokoa du. Tenplu kristauetan absidearen ohiko orientazioa ekialdera bada ere, San Joanen kasuan absidea mendebaldera begira dago. Tenpluak gurutze latindar formako oinplanoa du, eta oinaldean, harlanduz egindako kanpandorrea, sarrera gisa ojiba-arku bat duena. Portada barrokoa da, eta gainean idi-begi bat dago. Elizaren barruan, nabea inguratzen duen estilo modernistako egurrezko zokaloa nabarmentzen da.

Gurutze Santuaren ermita Tolosatik Alegiara doan sarbidean dago. Tenplu txikia da eta oinplano angeluzuzena du, presbiterio trapezoidala eta sei isuriko estalkia. Harlangaitzez egina dago eta ertzetako kateak harlanduzkoak ditu. Eliz atari zabalak burdin hesia du, eta alde bakoitzean harrizko banku jarraituak daude finkatuta. Egurrezko bi haberen artean kanpai bat dago zintzilik. Ermita XVII. mendean eraiki zen, gaur egun desagertuta dagoen Palazio Zarraren ondoan. Uste denez, ermita eraikitzea jauregiko jaunen ekimena izan zen, eta hala berresten du sarrerako atearen gainean dagoen armarriak.

Partekatu

unesco