Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, udazken meteorologikoa (iraila, urria eta azaroa) hezea izan da, eta oso hezea itsasertzeko eskualdeetan. Bestalde, nabarmendu du batez besteko tenperatura oso beroa izan dela (1991-2020 aldi normalaren gainetik 0.8 ºC).
Euskalmeten arabera, hiruhilekoan, tenperaturari erreparatuz gero, iraila hotza izan da, urria beroa eta, azkenik, azaroa oso beroa. Horrela, kostaldeko erregistroak 16-17 ºC ingurukoak izan dira, Kantauriko haranetakoak 15 ºC ingurukoak eta Arabako Lautadakoak 13 ºC ingurukoak. Mendea hasi zenetik, seigarren udazken beroena izan da, baina 2023 eta 2006 urteetako serie historikoetako errekorraren azpitik ia 2 ºC.
Era berean, esan daiteke ez dela izan gainerakoen gainetik bereziki nabarmendu den bero-egunik, eta maximo absolutuak, beraz, zonalde batzuetan eta hainbat egunetan zehar banatu dira.
Prezipitazioari dagokionez, udazken hau hezea izan da, eta itsasertzeko eskualdeetan oso hezea. Baliorik altuenak Gipuzkoako ipar-ekialdean erregistratu dira, 500 eta 900 l/m²-ko tarte zabal baten barruan (Eskas 905.3 l/m², Oiartzun 746.4, Añarbe 733.1, Miramon 729.8, Ereñozu 670.1 eta Lasarte 605.8). Kostaldeko gainerako eskualdeetan, bigarren mailako prezipitazio maximoak batez ere Gernika-Bermeon (Matxitxako 577.5, Almike 565.3, Aizarnazabal 526.7 eta Arteaga 512.1) eta Enkarterrin (Cueto 540.1 eta Jarralta515) erregistratu dira.
Meteorologia kaltegarriko gertakariei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak 5 alerta laranja igorri zituen udazkenean, 1 prezipitazio iraunkorragatik, 2 haizeagatik haizeguneetan eta 2 haizeagatik haizeguneak ez diren lekuetan, bai eta 36 abisu hori ere: 5 prezipitazio handiagatik, 3 prezipitazio iraunkorragatik, 8 haizeagatik haizeguneetan, 5 haizeagatik haizeguneak ez diren lekuetan, 8 nabigaziorako lehenengo bi milietan, 6 kostaldeko inpaktuagatik eta 1 baso-suteengatik.
Alerta horietako hiru urrian igorri ziren, alde batetik, Kantauritik igarotzean Kirk urakanak eragindako depresioaren ondorioz hilaren 8an eta 9an sortutako haize zakarrarengatik, eta, bestetik, hilaren 16ko gauan hasi eta 17an zehar Urola, Oria eta Bidasoa ibaien arroetan gainezkatzeak eragin zituzten prezipitazio handi eta iraunkorragatik. Gainera, erauntsi horiek marea astronomiko oso biziekin batera gertatu ziren, eta olatuek itsasertza gainditu zuten leku batzuetan, batez ere Gipuzkoan.
Beste bi alertak azaroaren 24an igorri ziren Bert ekaitzak eragindako haizearen ondorioz. Horren aurretik, inpaktu handiko beste depresio bat etorri zen, Caetano izenekoa, eta horrek ere haize, euri eta itsaso zakarreko denboralea eragin zuen.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)