Joana Egiluz Babes Zibileko sailburuordea buru dela, eta Joseba Zorrilla Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak lagunduta, egin da Gasteizen Euskadiko Babes Zibileko Batzordearen ohiko bilera, eta bertan meteorologia-fenomeno kaltegarriak iragartzeko, segimendua egiteko eta esku hartzeko protokoloaren hamahirugarren bertsioa eguneratu da.
Aurreko bertsioetan bezala, protokolo berrian azken urtean eskuratutako ezagutzak eguneratu dira, errealitatearekin bat datozen jardueretara egokitzeko, elur-prezipitazioarekin, haizeguneetako haizearekin, beroarekin, marea biziekin eta abarrekin lotutako balioei dagokienez.
Gainera, bileran Kantauri Ekialdeko barne-arroetako uholde-arriskuen aldez aurreko ebaluazioaren berri ere eman dute. Lan hori Uraren Euskal Agentziarekin (URA) elkarlanean egin da, eta agentziak ikuskapen-lanak ere egin ditu.
Beste alde batetik, Batzordeak Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak istripu larriei buruzko araudiari lotutako instalazioetan egindako ikuskapenen txostenaren berri ere eman du.
Era berean, Lurralde Antolamenduaren arloko espedienteak ere azaldu ditu, larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren ikuspegitik.
Azkenik, Batzordeak Zaratamo, Santurtzi eta Azkoitiko udaletako Larrialdietako Udal Plan berrien homologazioaren berri eman du. Aldi berean, Bizkaiko HUTTENES ALBERTUS ILARDUYA, SLU (Zornotza), AURUBIS (Berango), ACIDEKA (Zierbena) eta BEFESA (Zornotza eta Sondika) y Gipuzkoako ELECTROQUÍMICA DE HERNANI eta KEM ONE (Hernani) enpresen Kanpoko Larrialdietako Planen eguneratzeei buruzko txostena aurkeztu du.
PARTE-HARTZAILEAK
Euskadiko Babes Zibileko Batzordea erakundeen arteko organo bat da, eta batzordekideak Segurtasun Saila, Osasun Saila, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila, Lehendakaritza, hiru foru-aldundiak, EUDEL–Euskadiko Udalen Elkartea eta Estatuak EAEn dituen ordezkariordetzak dira.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)