Segurtasun Sailak hurrengo asteazkenean, urriak 31, Kanpoko Larrialdi Planaren aktibazio-simulazio bat egingo du eta ondorioz, larrialdi kimikoko sirenen sarea aktibatuko du
Argitalpen-data:
Petronor S.A enpresak Muskizen dituen instalazioen barruan egingo duen larrialdi-simulazioarekin lotuta
Segurtasun Sailak hurrengo asteazkenean, urriak 31, Bizkaiko Muskizen, Kanpoko Larrialdi Planaren aktibazio-simulazio bat egingo du eta horrek eragingo du, besteak beste, larrialdi kimikoaz abisatzeko sirenen sarea ere aktibatzea, eta Muskiz, Zierbena eta Abanto-Zierbena Udalerriei eragingo die.
Jarduerari 10:00etan emango zaio hasiera eta simulazio bat izango da, hau da, herritarren gaineko eraginik ez du izango, baina larrialdietako zerbitzuek kudeatuko dute une oro. Haren helburu nagusia izango da horrelako gertakarietan parte hartzen duten baliabide desberdinen arteko koordinazioa ebaluatzea eta hurbil dauden herritarrak alarma-sistema horietara ohitzea, SEVESO araudiaren menpeko industria kimikoetan gerta daitezkeen ihes toxikoekin lotutako istripuei aurre egiteko, araudi horrek substantzia arriskutsuekin lotutako istripu larrien prebentzioa arautzen baitu.
SIMULAZIOAREN EGUNA ETA ORDUA
Data |
Lekua |
Enpresa |
Eraginda |
Ordua |
2018/10/31 |
Muskiz |
Petronor |
Muskiz Zierbena Abanto-Zierbena |
10:00 |
SIMULAZIOAREN NONDIK NORAKOAK
Enpresak SOS Deiak Koordinazio Zentroari gertakaria jakinaraziko dio, baita gertakariak, ihes baten ondorioz sortutako hodei toxikoa dela eta, kanpoan eragina izan dezakeela ere.
Une horretan, Segurtasun Sailak, Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren bitartez (LAEMZ), larrialdi kimikoaz abisatzeko sirenen sarea aktibatuko du eta Kanpoko Larrialdi Plana martxan jarriko du. Plan horretan ezartzen dira parte hartuko duten zerbitzuak, errepideak mozteko puntuak edo Aginte Postu Aurreratuaren (APA) kokalekua.
Jardueran hainbat baliabidek parte hartuko dute, organismo eta erakunde hauetakoak:
- Muskiz, Abanto-Zierbena eta Zierbenako Udalak
- Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileak
- Osakidetzako Larrialdiak
- Ertzaintza.
- LAEMZ
- Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoa.
- Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saila.
SIRENEN AKTIBAZIOA
Sirenek argi eta entzuteko moduan bi seinale-mota igorriko dituzte arrisku-gune osoan: bata ihes toxikoagatiko alerta adierazteko eta bestea alertaren amaiera iragartzeko. Alertari hasiera emateak berekin ekarriko du biztanleentzako lehentasunezko babes-neurri gisa toki itxian konfinatuta geratzea.
Segurtasun Sailak Kanpoko Larrialdi Plana egin du eta bertan ezartzen dira larrialdietan antolamendua eta giza baliabideak eta baliabide materialak koordinatzeko mekanismoak, betiere beroriek fabrikaren kanpoaldean eraginik badute. Halaber, plan horrek barne hartzen du megafonia bidezko abisuak eginez eta prentsan argitaratutako komunikatuen bitartez eta sare sozialen bidez biztanleak ohartarazteko modua.
Sirenen helburua abisu-sistema hori indartzea da eta, bestetik, alertaren berri berehala ematea, era horretan eragindako biztanleek istripuetarako oinarrizko autobabes-aholkuak balia ditzaten.
Argibide gehiago dokumentu honetan Arrisku Kimikoari buruzko Komunikazio Plana http://www.seguridadkimika.eus/eus/ eta LAMZ-ko web gunean http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/112-larrialdiak/ daude.
Hots-seinaleen deskribapena
- Alertaren hasiera: uhin-soinu eta isilaldi hauetaz osatutako sekuentzia hau entzungo da
- Alertaren amaiera: 30 segundoz soinu laua eta jarraitua entzungo da
Biztanleentzako jarraibideak larrialdi kimikoa dagoenean
AVEQ-KIMIKA-k eta Eusko Jaurlaritzak abian jarritako informazio-kanpainak biztanleei argibideak ematen dizkie larrialdi kimikoa gertatuz gero hartu beharreko autobabes-neurriei buruz. Hori horrela, alertari hasiera emateko sirena entzutean, herritarrak KONFINATUTA geratuko dira eta oinarrizko aholku batzuk kontuan izango dituzte:
- Itxi ateak eta leihoak (jaitsi pertsianak ahal bada) eta urrundu haietatik
- Entzun irratiak eta telebista, horien bidez agintarien jarraibideak eta gomendioak emango baitira
- Ez erabili aireztapen- eta beroketa-sistemak
- Kalean bazaude, babestu arnasbideak eta joan toki itxi batera
- Ez erre eta ez piztu surik
- Ez erabili telefonorik behar-beharrezkoa ez bada
- Ez joan ikastolara umeen bila: beren irakasleek jarraibide zehatzak dituzte
- Ez irten kalera agintariek alerta amaitutzat jo arte