Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

209. Aiarako Andre Mariaren santutegia (Alegria-Dulantzi)

5. ETAPA: SALVATIERRA-AGURAIN • VITORIA-GASTEIZ

Erromatarren Bidea eta Aiaraldea

Dulantzitik kilometro batera dago Aiarako Andre Mariaren ermita, eta Arabako probintzian hobekien kontserbatzen den tenplu erromanikoetako bat da. Bide ertzean dago, erromatarren bidea esaten dioten zatian. Izan ere, bide-zati hori erromatarren garaikoa da: Ab Asturica Burdigalam izeneko erromatar bide garrantzitsuari erreferentzia egiten dio, Astorga Bordelerekin lotzen zuena eta Araba zeharkatzen zuena. Erdi Aroan ere erabiltzen zen, Compostelara zihoazen erromesak handik pasatzen baitziren.

Jatorrian, Andre Mariaren ermita desagertutako Aiarako Erdi Aroko herrixkako baseliza izan zen; XIV. mendean jendez hustu zen, bertako biztanleek bertan behera utzi eta Dulantziko herrigunera mugitu baitziren. Dulantzik 1337an lortu zuen hiribildu pribilegioa Alfontso XI.aren eskutik, eta inguruko herrixketan bizi zen biztanleria erakarri zuen. Aiarako herrixka bertan behera uzteak herrixka desagertzea ekarri zuen, eta herrixkaren lekuko bakarra landa-eliza izan zen. Aiara, beraz, Erdi Aroan Arabako probintzian gertatu zen herrixken hustutze-prozesuaren beste adibide bat da. Ermitaren inguruan aztarna arkeologiko batzuk aurkitu dira, hala nola harrizko hilobi batzuk, bisitarientzat ermitaren inguruan agerian daudenak.

Donejakue Bidearen aztarna Aiarako Andre Marian

Ermitaren egungo eraikinak, XIII. mendekoa, erromaniko berantiarraren estiloa du; barnean, zistertar estiloan oso bereizgarria den soiltasuna nagusitzen da. Tenplua oso baldintza onetan kontserbatu da mendeetan zehar, hein batean eskualdeak Aiarako Ama Birjinari dion debozioari esker. Mendeetan, ermitaren barruan Ama Birjinaren eskultura eseria egon zen, estilo gotiko betekoa, XIV. mendekoa. Gaur egun, ordea, erreplika batek hartzen du bere lekua, segurtasunagatik jatorrizkoa San Blas elizara eraman baitzuten.

Tenpluaren eta Donejakue Bidearen arteko lotura handia erakusten duten elementuak kontserbatzen dira ermitaren kanpoaldean zein barrualdean: teilatu-hegala apaintzen duten hagaburutxoen bilduma zabalean, non besteak beste pinaburuaren eta maskorraren irudiak dauden, edota presbiterioko kapitelen apaingarrietan, eraikinaren barrualdean. Gainera, eliz atari handi batek ongietorria ematen dio bisitariari, gauez igarotzen ziren erromesak babesteko erabili zena agian. Eliz atariak hiru arku ditu, bata erdi-puntukoa eta beste biak ojiba-arkuak, erromanikotik gotikorako bilakaeraren lekukoak.

Ermitak hiru ataleko nabe bakarra du, kanoi-gangadun estalkia eta zirkuluerdi-formako abside handia. Hiru leiho irekitzen dira absidean, eta horietako bi arkuz errematatutako gezileihoak dira. Hirugarren leihoa beranduago ireki zen eta gotiko estilokoa da, eta kapitel apainduak ditu, non zaldun bat eta burukoa eta kokospekoa dituen dama bat irudikatzen diren.

Teilatu-hegala apaintzen duten hagaburutxoei dagokienez, goian aipatutako elementuez gain honako hauek ikus daitezke: arranoa, aurpegi adierazkorrak, hortzekin fardel bat eusten duen piztia, eta genitalak erakusten dituzten emakume eta gizon biluziak.

Hala ere, ermitaren elementurik aipagarrienak barruan daude: sagaratze-gurutzeak. Hamabi gurutze gorri dira, tenpluko hormetan kokatuta daudenak. Sinbolo horiek eraiki berri ziren tenpluak sagaratzeko Erdi Aroan egiten zen antzinako errito batekin erlazionatuta daude. Zeremonia hori apezpikuak egiten zuen: hormetan hamabi seinaleak margotzen zituen, tenplu berriarentzat babesa eskatzeko. Araban oso sagaratze-gurutze gutxi kontserbatu dira, eta Aiarako ermita da erritoa osatzen zuten gurutze guztiak kontserbatu dituen tenplu bakarra. Beraz, Aiarako Andre Mariaren eliza ondare garrantzitsuko elementua da Donejakue Bidearen barruan.

Partekatu

unesco