Tratamendu antikoagulatzailearekin bizitzea

Koagulazioaren bidez, kolpe edo zauri baten ondoren, tapoi bat (odolbildua) sortzen da odoljarioa mozteko. Defentsa-mekanismo naturala da,eta odola galtzea saihesten du.

Kasu batzuetan, odolbildu kaltegarriak sortzen dira bihotzean edo odol-hodietan, tronboak, alegia (tronbosia). Tronbo horien zati bat askatzen bada eta odol-hodi bat (bena edo arteria) buxatzen badu, enbolia bat gertatzen da. Horrek osasun-arazo larri bat eragin dezake, adibidez, miokardioko infartu akutua, iktusa, biriketako enbolia edo tronbosi arterial edo benosoa, tronboa mugitzen den lekuaren arabera.

Hona hemen tronbosia eragin dezaketen kausak:

    • Koaguluak sortzea sustatzen duten sortzetiko arazoak.
    • Bihotzean balbula artifiziala (gorputz arrotza) izatea.
    • Bihotz-erritmoaren alterazioa (arritmiak), fluxu irregularra eragiten baitu, eta horrek, aldi berean, odolbilduak eratzea eragiten du.

Zer dira antikoagulatzaileak?

Odolaren koagulazioa aldatzen duten medikamentuak: odolak koaguluak (tronboa edo tapoia) osatzen ematen duen denbora atzeratzen dute.

Odol-hodien barruan odolbildurik ez sortzeko ematen dira, iktusak, tronbosiak edo enboliak ekiditeko.

Motak

K antibitamina

Azenokumarola (Sintrom®), eta warfarina (Aldocumar®).

Eragin zuzenekoak

Dabigatrana (Pradaxa®), erribaroxabana (Xarelto®), apixabana (Eliquis®) eta edoxabana (Lixiana®).

Heparina injektagarria

Enoxaparina sodikoa (Clexane®), Dalteparina sodikoa (Fragmin®) etab.

K antivitamina

Azenokumarola (Sintrom®), eta warfarina (Aldocumar®)

Medikamentu horiek ezin dituzte desegin jada eratuta dauden koaguluak, baina daudenak handitzea eta arazo larriagoak sortzea ekidin dezakete.

GOMENDIOAK
  • Hartu egunean behin, eta beti ordu berean. Kontrolaren egunean, ez hartu dosia emaitza jakin arte, pauta alda lezake eta.
  • Garrantzitsua da ez ahaztea hartu behar dela. Gogoratzeko, egutegi bat, alarmak edo pilula-zorro bat erabil ditzakezu.
  • Medikazioa hartzea ahaztu bazaizu, ez hartu bikoitza hurrengo egunean. Jarraitu ohiko tratamenduarekin programatutako orduan, eta jakinaraz iezaiozu erreferentziazko osasun-profesionalari hurrengo kontrolean.
  • Ez eten tratamendua medikuaren indikaziorik gabe. Ebakuntzaren bat egin behar badizute, kontsultatu beti zure erreferentziazko osasun-langilearekin.
  • Ez hartu azido azetilsalizilikorik (aspirina) medikuaren agindurik gabe, odoljarioak izateko arriskua handitzen baita. Mina baduzu, gehien gomendatzen den analgesikoa parazetamola da.
  • Bidaiatu behar baduzu edo ez bazara zure ohiko bizilekuan egongo, abisatu zure erreferentziazko osasun-langileari, aldizkako kontrolen hitzorduak doitu ahal izateko. Hurrengo kontrolaren egunean kanpoan egongo bazara, jarri harremanetan zauden tokiko osasun-zentroarekin.
  • Aldizkako kontrolak egingo dituzu, dosia egokia dela egiaztatzeko. INRa da neurtzen den balioa, eta zuretzat egokia den tarte terapeutikoaren barruan dagoen begiratzen da.

INR kontrolak (nazioarteko indize normalizatua)

Dosia norbanakoaren arabera egokitzen da; horregatik, INR kontrolak egin behar dira. Emaitzaren arabera, hartu beharreko tratamendu-dosia doitzen da.

INRak adierazten duena da odolak zenbat denbora behar duen koagulatzeko, eta, normalean, behatzean odol-tanta bat aztertuz neurtzen da. Mota honetako antikoagulatzaileak hartzen dituen norbaiten INRa 1etik gertuago badago, horrek esan nahi du tratamendua ez dela behar bezain eraginkorra eta koaguluak sortzeko arrisku handiagoa dagoela. Bestalde, INRa altuagoa denean, odolak denbora gehiago behar du koagulatzeko, eta horrek odoljarioak izateko arriskua areagotzen du."

Beharrezkoa da INRa maila onean egotea, hau da, ez izatea ez baxuegia ez altuegia. Tarte terapeutikoa esaten zaio horri, eta desberdina da bakoitzarentzat, tratamendu antikoagulatzailea hartzeko arrazoiaren arabera.

INRak K antibitaminadun antikoagulatzaile bidezko tratamendu antikoagulatzailearen eragina neurtzeko balio du soilik. Beraz, ez du balio ez heparinen ez beste antikoagulatzaileen efektua neurtzeko.


Medikazioa hartu aurretik, kontsultatu egunero dosifikazio-orria. Zure osasun-karpetatik deskarga dezakezu, edo zure osasun-zentroak edo ospitaleak emango dizu.
Tratamendu antikoagulatzailea duten pertsonentzako zainketa orokorrak

Tratamendu antikoagulatzailea duten pertsonentzako zainketa orokorrak

Kontsultatu

Tratamendu antikoagulatzailearekin bizitzea. K antibitamina

Tratamendu antikoagulatzailearekin bizitzea. K antibitamina

Kontsultatu

Nola irakurri Sintrom® tratamendu orria?

Nola irakurri k antibitaminadun antikoagulatzaileen tratamendu orria?

Kontsultatu

Eragin zuzenekoak

Dabigatrana (Pradaxa®), erribaroxabana (Xarelto®), apixabana (Eliquis®) eta edoxabana (Lixiana®)

Azken urteotan, farmako antikoagulatzaile berriak agertu dira, jarduteko beste modu batzuk dituztenak.

Ezaugarriak

✔ Gaixotasun edo egoera jakin batzuetarako dira egokiak (fibrilazio aurikular ez-balbularra edo gaixotasun tronboenboliko benosoa), betiere kontraindikaziorik ez badago.
✔ Dosi zehatzetan hartzen dira (egunean behin edo bitan, farmakoaren arabera). Ez da beharrezkoa aldizkako kontrolak egitea efektua neurtzeko.
✔ Baliteke dosia aldatu behar izatea hartzen duen pertsonaren egoera aldatzen bada: adina, pisua, giltzurrun-funtzioa, funtzio hepatikoa, interakzioak...
✔ Elikadurak ez du aldatzen medikazioaren eragiteko modua
✔ Eragin azkarrekoa da (2-4 ordu artean), baina azkar pasatzen da ere; beraz, egunero eman behar da.

GOMENDIOAK
  • Hartu beti dosi bera: egunean behin edo bitan, farmakoaren arabera.
  • Garrantzitsua da ez ahaztea, hartualditik 12-24 ordu igarota, eragina gutxitzen baitoa, eta baliteke nahikoa ez izatea. Gogoratzeko, egutegi bat, alarmak edo pilula-zorro bat erabil ditzakezu.
  • Medikazioa hartzea ahaztu bazaizu, ez hartu bikoitza hurrengo egunean. Jarraitu ohiko tratamenduarekin programatutako orduan.
  • Osasun-langileek aldizkako kontrolak egingo dizkizute giltzurrunaren eta gibelaren funtzioa egiaztatzeko.
  • Pisua nabarmen galtzen baduzu edo irabazten baduzu, jakinarazi zure erreferentziazko osasun-taldeari; izan ere, litekeena da eragin zuzeneko antikoagulatzaileren baten dosia aldatu behar izatea.
  • Ez dira erabili behar ez haurdunaldian ez edoskitzaroan. Haurdun egoteko aukera izanez gero, egin beti proba baieztatzailea eta jakinarazi osasun-profesionalari.
  • Gogoratu zer ordutan hartu duzun azken aldiz antikoagulatzailea; izan liteke zure osasun-profesionalak galdetzea edo premiazko arreta behar izatea.
Tratamendu antikoagulatzailea duten pertsonentzako zainketa orokorrak

Tratamendu antikoagulatzailea duten pertsonentzako zainketa orokorrak

Kontsultatu

Nola irakurri Sintrom® tratamendu orria?

Tratamendu antikoagulatzailearekin bizitzea. Eragin Zuzenekoak

Kontsultatu

Heparina inyektagarria

Enoxaparina sodikoa (Clexane®), Dalteparina sodikoa (Fragmin®) etab.

Heparina tronboak izatea saihesten duen medikamentu bat da. Eragin azkarra du (1,5-4 ordu artean), baina azkar pasatzen da; horregatik, egunero hartu behar da. Larruazalaren azpian dagoen gantzean injektatzen da, prestatutako xiringa baten bidez; beraz, ez da beharrezkoa medikazioa kargatzea. Oso garrantzitsua da baieztatzea farmazian medikuak indikatutako kantitatea eman dizutela, hainbat aurkezpenetan baitaude salgai.

Gainerako tratamenduak ez bezala, haurdunaldian eta edoskitzaroan erabil daitezke, baina alde txarra ere badaukate, injekzioa jarri behar dela.

GOMENDIOAK
  1. Garbitu eskuak uraz eta xaboiaz. Lehor itzazu.
  2. Egiaztatu iraungitze-data, dosia zuri preskribatu dizutena dela edo doitu behar duzun.
  3. Egiaztatu likidoa argia dela eta ez duela pikorrik. Ez atera aire burbuila.
  4. Jarri eroso.
  5. Aukeratu non injektatuko duzun: Ziztatzeko lekurik egokiena sabelaldea da, zilborretik 5 zentimetrora baino gehiagora. Komeni da orbainak saihestea eta egunez egun ziztatzeko lekua aldatzea.
  6. Ez da beharrezkoa larruazala lehenago desinfektatzea, garbi badago. Aldiz, oso zikin badago, garbitu urarekin eta xaboiarekin.
  7. Kendu orratzaren tapoia eta eutsi xiringari zure esku nagusiarekin.
  8. Hautatu duzun eremua beste eskuarekin atximurkatu eta orratza osorik sartu perpendikularrean.
  9. Injektatu kontu handiz, enboloa sakatuta, eduki osoa atera arte.
  10. Atera orratza. Askatu atximur egindako lekua. Ez igurtzi eta ez eman masajerik ziztatutako lekuan.
  11. Bota xiringa dagokion edukiontzian edo zure farmaziako SIGRE puntuan
Tratamendu antikoagulatzailea duten pertsonentzako zainketa orokorrak

Tratamendu antikoagulatzailea duten pertsonentzako zainketa orokorrak

Kontsultatu

Nola irakurri Sintrom® tratamendu orria?

Tratamendu antikoagulatzailearekin bizitzea. Heparina

Kontsultatu

Zainketa orokorrak

Odoljario arriskua

Tratamendu antikoagulatzailea hartzen baduzu, litekeena da odol-galerak edo odoljarioak gertatzea (odola galtzea, sudurretik, gernuan, gorozkietan, zaurien bidez...). Horregatik, garrantzitsua da erorikoak, kolpeak edo zauriak saihesten saiatzea:

  • Erorikoak prebenitzeko:
    • Zapatila itxiak erabili.
    • Erne ibili alfonbra eta eskailerekin.
    • Gauez jaikitzen bazara, piztu argia.
  • Etxean animaliak badituzu (txakurra, katua…), kontuz ibili estropezu ez egiteko eta animaliek atzaparka edo haginka egin ez diezazuten.
  • Kontuz labanak, artaziak eta antzeko tresna zorrotzak erabiltzean.
  • Erabili bizarra mozteko makina bizar-xaflaren ordez.
  • Erabili hortzetako eskuila leunak, buru txikidunak, eta argizaria duen hortzetako zeta.
Kontsultatu zure erreferentziazko osasun-profesionalarekin:
  • Kezkatzen zaituen odoljario bat nabaritzen baduzu.
  • Hematomak agertzen badira kolperik hartu gabe, handitu egiten badira edo mingarriak badira.
  • Prozedura inbaditzaile bat egin behar badizute, beti (biopsia, hortzen erauzketa, ebakuntzak...).
Joan larrialdi-zerbitzu batera:
  • Odoljario handia bada edo gelditzen ez bada (gorozki beltzak, odoljarioa sudurrean, odoljario ginekologiko ugaria, odola gernuan edo karkaxan).
  • Buruan kolpe bat hartzen baduzu, edo mina sentitzen baduzu indarrez edo bat-batean.
  • Hizketaren asaldurak edo ikusmen-galera nabaritzen badituzu.

Elikadura

Antikoagulatzaileak hartu arren, ez duzu dieta berezirik egin behar. Elikadura askotarikoa eta osasungarria izatea gomendatzen da:

  • Frutak, barazkiak, lekaleak eta arrainak jan itzazu, baita fruitu lehorrak ere, baina naturalak, hau da, eskukada bat egunean eta gatzik gehitu gabe, betiere zure kasuari egokitutako indikazio espezifikoren baten aurka ez badoa.
  • Gantz aseak eta produktu ultraprozesatuak mugatu: haragi gorriak, hestebeteak, opilak…
  • Olio gutxi erabiltzen duten metodoekin sukaldatu: lurruna, egosketa, erreketa, plantxa… Ez jan frijiturik, enpanaturik eta ezta errebozaturik ere.

Elikadura osasungarriari buruzko informazio gehiago

Ariketa fisikoa

Egin ariketa fisikoa erregulartasunez:

  • Ahal duzun neurrian eta zure baldintza fisikoetara egokituta, egin ezazu egunero, zure osasunerako onura handiak baititu.
  • Gehien gomendatzen den ariketa intentsitate txikikoa da, baina iraupen luzekoa.
  • Egokiak dira gimnasia, ibilaldi luzeak, mendi-ibiliak, korrika egitea, aerobika, bizikleta, yoga...
  • Egin jarduera fisiko ez oso traumatikoa. Kontuz ibili kontaktu-kiroletan edo erortzeko arriskua dutenetan (futbola, saskibaloia, eskubaloia, tenisa, arrauna, frontoia, eskia, mendiko txirrindularitza, patinajea, alpinismoa...).

Alkohola, tabakoa eta beste droga batzuk

Saihestu alkohola, tabakoa eta beste droga batzuk.

  • Edari alkoholdunek elkarreragin handia dute tratamendu antikoagulatzaileekin, bai ohiko kontsumoan, bai noizbehinkakoan.
  • Tabakoari dagokionez, arrisku kardiobaskularreko eta beste gaixotasun batzuetarako arrisku-faktorea izateaz gain, antikoagulatzailearen eragina geldiarazten du, K bitamina asko duelako. Jakinarazi zure osasun-profesionalari zure tabako-ohituran aldaketarik egiten baduzu.
  • Marihuanak eta gainerako substantzia toxikoek zirkulazio-sistemari eragiten diote, eta osasunean izan ditzakeen ondorioak ezin dira aurretik jakin.

Medicamenduak

Medikamentu edo produktu natural berriak hartzen hasi aurretik, hitz egin zure osasun-langileekin.

  • Noizean behin analgesikoren bat behar baduzu, parazetamola har dezakezu. Ez hartu aspirinarik edo horren deribaturik, ezta antiinflamatoriorik, ezta gripearen aurkako medikamenturik ere, medikuak agindu gabe.
  • Medikamentu berri bat agintzen badizute, tratamendu antikoagulatzailea hartzen ari zarela jakinaraztea gomendatzen dizugu. Jakinarazi indikazio berri hori zure erreferentziazko profesionalarekin kontrola duzunean.
  • Sarritan, produktu naturalek, belar-dendetako produktuek, elikadura-gehigarriek eta bitamina-konplexuek ez dute erabilera-orririk eta ez dira medikamentutzat jotzen, baina baliteke tratamenduarekin elkarreraginak izatea.
  • Jakinarazi, halaber, normalean hartzen zenuen medikamenturen bat hartzeari uzten diozun.

Bidaiak

Edozein garraiobidetan bidaiatu dezakezu. Mugitu, zutitu eta, ahal baduzu, ibili maiz.

  • Taupada-markagailu edo balbularen bat badaramazu, jakinarazi segurtasun-langileei.
  • Saiatu zure errutinari eusten, elikadura, edariak edo jarduera fisikoa bat-batean aldatu gabe. Gogoratu medikazioa hartzeko ordutegiak mantendu behar direla.
  • Ez egon denbora luzez muturreko tenperaturetan (bero edo hotz gehiegi), tratamendu antikoagulatzailearen efektuari eragin baitezaioke.
  • Eltxoen aurkako babesa erabili, antikoagulatzaile apur bat duen substantzia bat injektatu baitezakete.
  • Bainuetxe batera bazoaz, kontuz presio handiko zurrustekin eta masaje biziekin, hematomak eragin baititzakete.
  • Oro har, ez dago mendira joateko arazorik, 2.000 metroko altuera gainditzen ez bada.

Haurdunaldia eta edoskitzaroa

Egoera berezietan, haurdunaldian eta edoskitzaroan, esaterako, zure osasun-langileek behar dituzun jarraibideak emango dizkizute. Uste baduzu agian haurdun zaudela, jakinaraz iezaiozu zure erreferentziazko profesionalari.

Ohiko galderak

Txertoak eta injekzioak

Txertoen gomendioa herritar guztientzat ematen den berbera da.

Edozein injekzio eman aurretik, jakinarazi beti tratamendu antikoagulatzailea duzula zure profesionalari.

Gero, injekzio-gunea 10-15 minutuz estutu etengabe, odola ateratzen den ala ez begiratzeko gelditu gabe.

Sexualitatea

Bizitza sexual normala egin dezakezu.

Saihestu sexu-praktika bortitzak edo indarkeriazkoak.

Metodo antisorgailuak: kontsultatu beti zure ginekologoarekin, zuretzako metodorik onena baloratzeko.

  • Antisorgailuei dagokienez, preserbatiboak, diafragmak eta espermizidak gomendatzen dira.
  • Emakume gehienek mugarik gabe erabil ditzakete gestagenoak (ahotiko antisorgailuak), betiere medikuek errezetatuta.
  • Umetoki barneko gailuak (UBG) ez daude kontraindikatuta.

Erabili prebentzio-metodoak sexu-transmisiozko gaixotasunak saihesteko, tratamendu antikoagulatzailea hartu nahiz ez.

Sildenafiloa (Viagra®) edo antzekoak erabili aurretik, hitz egin zure osasun-langilearekin, tratamendu antikoagulatzailearekin elkarreragin baitezake, efektu basodilatatzailea duelako (odol-hodiak dilatatzen ditu).

Haurduntza eta edoskitzaroa

Haurdun geratu nahi baduzu, hitz egin zure erreferentziazko osasun-langilearekin.

Hilekoan hutsegiteren bat baduzu eta haurdun egoteko aukera baduzu, lehenbailehen egin haurdunaldi proba. Emaitza positiboa bada, jakinarazi lehenbailehen zure ginekologoari edo medikuari.

Haurdunaldiko lehen hiruhilekoan eta azken hilabetean ezin da Sintrom® bidezko tratamendua hartu; beraz, heparina edo bestelako tratamenduak erabili behar dira.

Edoskitzaroan ez da Sintrom® erabiltzearen ondoriozko nahasmendurik antzeman, baina hitz egin pediatrarekin.

Menopausian, hormona bidezko tratamendua, partxeak edo pilulak behar badituzum medikazioarekin bateragarriak dira.

Azken aldaketako data: