205. Aguraingo Hirigune Historiakoaren multzoa (Agurain)
4. ETAPA: ZEGAMA • SALVATIERRA-AGURAIN
Kokaleku estrategikoa
Agurain Arabako Lautadaren ekialdean dago, eta bidegurutze batean kokatuta egoteagatik historian zehar leku estrategikoa izan da. Herri garrantzitsu bat bertan kokatzeko arrazoietako batzuk izan ziren tontor bat izatea, eta hainbat garaitan garrantzitsuak izan ziren komunikabideen ondoan egotea: Astorga eta Bordele lotzen zituen galtzada erromatarra, Erdi Aroan ere erabiltzen jarraitu zena, eta San Adrianetik zetorren Donejakue Bidea, goren aldia Erdi Aroan izan zuena. Aguraingo giza asentamenduek kronologikoki garai zabala hartzen dute, historiaurrean hasi eta gaur eguneraino, etenik gabe; hala, bertan bizi izan zirenen mendetako garapena ikus daiteke, garai bakoitzak dakartzan ezaugarri eta berezitasunekin.
Lehen aipamen dokumentala XI. mendekoa da, Donemiliagako goldea deritzon zerga-dokumentukoa, non Arabako Lautadako eta Mendialdeko herriek Donemiliaga Kukula monasterioari egiten zioten ekarpena jasotzen zen. Burdinazko goldea garai hartako hamarrenen ordaintze-neurria zela uste da. Dokumentuan Hagurain izenez ageri da: Salvatierra hiribilduaren aurretik zegoen herrixkaren izena da, eta hiribildua haren gainean sortu zen.
1256an Alfontso X.ak Aguraini Vitoria-Gasteizko forua eman zion, eta hala, herrixka izandakoak bizi zuen goren uneari zegozkion legeak, jurisdikzioa eta erakundeak jaso zituen. Finean, foru horiek bilatzen zutena zen leku batzuetako demografia-, ekonomia- eta zerga-dinamikak areagotzea. Gaztelako erregeak, beraz, zonaldeko ekonomia-jarduera garrantzitsua sendotu zuen, bai eta Nafarroarekiko muga ere, eta Aguraini inguruko herrixkei baino estatus altuagoa eman zion.
Aguraingo hirigune historikoa
Hirigunea muino baten gainean dago, eta bere kale eta eraikinak lurraren topografiara egokituz eraiki ziren, iparraldetik hegoalderako norabidean. Hirigunearen gaur egungo itxura 1564. urtean izandako sutearen ondorengo berreraikitzearen emaitza da, sute horretan oso kaltetua izan zenez, Erdi Aroko bilbearen zati handi bat suntsituta geratu baitzen.
Hiri-egitura hiru kale paraleloz osatzen da: kale Nagusia, erdian dago eta besteak baino zabalagoa da; Zapatari eta Harategi kaleak, kale Nagusiaren albo banatan kokatuak. Arteria horietan gune zabalagoak irekitzen dira, eta Andre Maria eta San Joan elizen aurreko plazak dira nagusiak. Alboetako bi kaleetan ere badaude beste plaza txikiago batzuk, hala nola udaletxeko plaza, Zapatari kaleko Simon Abad plaza edota azokako plaza zaharra, Mojen plaza ere deitua, Harategi kalean.
Hirigunea defentsa-harresiek eta bi gotorleku-elizek mugatzen dute. Harresiak hiribilduaren defentsarako funtsezko elementuak ziren, eta haien aztarna batzuk hirigunearen ekialdeko hegalean kontserbatzen dira. Jatorrian, hiribildua inguratzen zuen harresiak zazpi ate zituen, baina ez da bat bera ere kontserbatu.
Andre Maria eta San Joan gotorleku-elizen eraikinak XV. eta XVI. mendekoak dira, hurrenez hurren. Hirigunearen barruan daude, hiribilduaren mutur banatan (Andre Maria iparraldean eta San Joan hegoaldean), eta kale Nagusiak komunikatzen ditu. Defentsarako balio izateko pentsatuta dago eliza horien arkitektura, hori dela eta, harlanduzko horma lodiak dituzte eta bao gutxi. Andre Maria eliza, aurreko tenplu baten gainean eraikia, gotiko berantiarrari dagokio eta XVI. mendeko portada gotikoa du. Barruan, plateresko estiloko korua nabarmentzen da. San Joan elizan, pilastra toskanarrez apaindutako bost aldeko eliz atari barrokoa nabarmentzen da. Bi elizek XVI. mendeko erretaula garrantzitsuak dituzte barruan.
Agurain inguruneko hiriburu izateak eta iraganean izan zuen jarduera ekonomiko garrantzitsuak oihartzuna du hiribilduko eraikin zibiletan: adibidez, bertan ezarri ziren familia ospetsuen eraikin dotoreetan. Jauregi horiek armarria dute eta Errenazimentuko eta Barrokoko eraikuntza-tipologia. Harlandua ikusten da eskantzuetan, inguruetan eta fatxadetan; egurra teilatu-hegaletan eta ateetan; eta burdina balkoietan eta burdin sareetan. Aipagarriak dira Azkarraga etxea (XVII. mendekoa), barrokoaren eraginpean egina eta hiribilduaren iparraldeko muturrean dagoena, eta Begoña etxea (XVI. mendekoa), errenazentista, multzo osoan kontserbatzen diren lau etxe exentuetako bat eta lorategia duena.
Arabako Lautadako kasu bakanak izateagatik, azpimarratzekoak dira hiribilduaren hegoaldeko sarreran, San Joan plaza eta Zapatari kaleko lehen zatian dauden fatxadetako arkupedun galeriak. Harrizko eta zurezkoak kolomak dituzte, batzuk XVI. mendekoak, eta behealdean teilatu laua dute. Multzo historikoaren ondarearen balioa aberasten duten berezitasun bat dira.