Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2024ko urtarrilaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira eskola-garraiorako banakako esleipenak 2023-2024ko ikasturterako, maila hauetan ari diren ikasleentzat: Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko hirugarren maila, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Batxilergoa eta erdi-mailako heziketa-zikloak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 30
  • Hurrenkera-zk.: 722
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/01/30
  • Argitaratze-data: 2024/02/09

Testu legala

Hezkuntza Sailak ikasleak garraiatzeko zerbitzua antolatzen du ikasturte oro, hezkuntzaren zerbitzu osagarri modura. Zerbitzu horrek zenbait ibilbideren kontratazioa hartzen du barnean; honako hauek hartzen dira kontuan ibilbide horiek zehazterakoan: ikasleen bizilekutik ikastetxera dagoen distantzia eta ikasle-kopurua.

Eskola-garraiorako eskubidea duten zenbait ikaslek zuzenean ordaintzen dute zerbitzua, batez ere bi arrazoirengatik. Lehenik eta behin, ezin direlako egokitu sail honek antolatutako ibilbideetara, eta, bigarrenik, egokitzat jotzen delako ikasleek garraio publikoa erabiltzea.

Gainera, aipatu behar da urriaren 31ko 164/2023 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleek hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak finantzatuta daukaten eskola-garraioari buruzkoa bere aplikazio-eremuan sartu dituela hirigune sakabanatuetan edo landa-eremuetan bizi diren Batxilergoko eta erdi-mailako heziketa-zikloetako ikasleak, Dekretuaren 8.1 artikuluan jasotako behin-behineko baimenaren bidez, nahiz eta baimen horrek ez dien eskola-garraioa izateko eskubiderik emango ikasle horiei. Beraz, Eskola Garraioari buruzko Dekretuaren 8.1 artikuluan jasotako baldintzak betetzen dituzten Batxilergoko eta erdi-mailako heziketa-zikloetako ikasleek Hezkuntza Sailak antolatutako ibilbideetako ibilgailuak erabiliz behin-behineko baimenaren modalitatea baliatu ahal izango dute, baldin eta horietan leku librerik badago.

Hala ere, arauak berak aurreikusten du behin-behineko baimena lortu ez duten Batxilergoko eta erdi-mailako heziketa-zikloetako ikasleen gastuak ordaindu ahal izango direla, baldin eta Dekretuaren 8.2 artikuluan jasotako baldintzak betetzen badituzte.

Gastu horien finantzaketan laguntzeko, banakako esleipen hauen deialdia egiten da.

Horregatik, aintzat hartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; dirulaguntzei buruz indarrean dauden legeak, hain zuzen ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legea, hau

Eskola-garraiorako banakako esleipenak iragartzen dira 2023-2024ko ikasturtean unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko hirugarren maila, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Batxilergoa eta erdi-mailako heziketa-zikloak ikasten ari diren ikasleentzat, bai eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasten ari direnentzat ere urriaren 31ko 164/2023 Dekretuak xedatutako kasuetan Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleek hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak finantzatuta daukaten eskola-garraioari buruzko Dekretua.

Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendaria da laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

000.000 euro bideratuko dira helburu horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu-partiden kargura.

Behar izanez gero, adierazitako zenbatekoa handitu ahal izango da, kontuan harturik ebazteko dauden baina ebazpen-proposamena duten eskabideen zenbatekoa; betiere, eskabideak ebatzi baino lehen egingo da hori. Horren berri emango da, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

  1. Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko hirugarren mailako ikasleek, Haur Hezkuntzako bigarren ziklokoek eta Lehen Hezkuntzakoek, baldin eta aldi berean betetzen badituzte Eskola Garraioari buruzko urriaren 31ko 164/2023 Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako baldintzak.

  2. Era berean, deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek, baldin eta aldi berean betetzen badituzte Eskola Garraioari buruzko urriaren 31ko 164/2023 Dekretuaren 6. artikuluan adierazitako baldintzak.

  3. Batxilergoko eta erdi-mailako heziketa-zikloetako ikasleek deialdi hau baliatu ahal izango dute, baldin eta aldi berean betetzen badituzte Eskola Garraioari buruzko urriaren 31ko 164/2023 Dekretuaren 8. artikuluan jasotako betekizunak.

  4. Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat ezarria dutenek, ezta horretarako desgaitzen duen legezko debekuren bat dutenek ere, sexu-diskriminazioagatik ezarritako debekuak barne, bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak 23.2 artikuluan jasotakoarekin.

  5. Dirulaguntza hau eskatzen duten interesdunek nahitaez bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak.

  1. Ikasleek 2023-2024ko ikasturterako jasoko duten banakako esleipenak garraioaren kostu osoa estali ahal izango du.

  2. Kilometro kopurua kalkulatzeko, ikaslearen erroldatze-bizilekuaren eta ikastetxearen arteko edo bizilekuaren eta geralekuaren arteko joan-etorriko bi ibilbide hartuko dira kontuan, jardunaldi zatituko eskola-egun bakoitzeko, eta joan-etorriko ibilbide bat, jardunaldi jarraituko eskola-egun bakoitzeko. Jantoki-zerbitzua zuzeneko kudeaketako erregimenean duten ikastetxe publikoetan, kalkulu hori egiteko ez dira barnean hartuko jardunaldi zatituko eguerdiko joan-etorriak, baldin eta garraiorako eskubidea duten ikasle guztiak hartu ahal baditu jantokiak.

  3. Kostua honako arau hauen arabera kalkulatuko da:

    1. Ikaslearen erroldatze-bizilekuaren eta ikastetxearen edo geralekuaren artean garraio-zerbitzu publiko erregularra eta/edo tren-baliabideren bat (autobusa, tranbia, metroa, trena) erabiliz gero, esleipenaren zenbatekoak aukera guztien artetik merkeena ordainduko du.

    2. Ikaslearen bizilekutik ikastetxera edo geralekura joateko ibilgailu partikularra erabiliz gero, 0,29 euro ordainduko da kilometro bakoitzeko, eta, ibilbidea motozikletan egiten bada, 0,15 euro kilometro bakoitzeko.

    3. Ikastetxeko guraso-elkarteak antolatutako eskola-garraioko zerbitzua erabiliz gero, hau izango da esleipenaren gehieneko zenbatekoa: zerbitzuaren benetako kostua zati zerbitzua erabiltzen duten ikasleen kopurua.

      Distantziak neurtzeko,«GeoEuskadi» kartografian oinarritutako tresna erabiliko da.

  4. Laguntza horiekin batera, xede bererako beste era bateko dirulaguntza edo laguntzak eskuratu ahal izango dira, publikoak zein pribatuak. Deialdi honetan aurreikusitako xederako beste laguntzaren bat jasotzen badu onuradunak, horri dagokion zenbatekoa kendu egingo zaio laguntzari.

  1. Eskabideak betetzeko, web-helbide honetan dagoen aplikazio informatikoa erabiliko da: https://www.euskadi.eus/informazioa/eskola-garraioa/web01-a2hikasl/eu/

  2. Eskabidea egiteko ohiko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Ikasleak berak edo, adingabe emantzipatugabea bada, haren legezko ordezkariak behar bezala bete beharko du eskabidea, eranskineko ereduaren arabera. Eskabideak honela aurkeztu ahal izango dira:

    1. Telematikoki; horretarako, ezinbestekoa izango da sinadura elektronikoa izatea, indarrean dagoen ziurtagiri digitalarekin (NAN, Izenpe txartela) edo itsasontzi-jokoa (B@kq).

    2. Paperean; horretarako, aplikazioak sortuko duen eskabide-inprimakia inprimatu, sinatu eta ikasleak ikasketak egiten dituen ikastetxearen zuzendariari aurkeztu beharko zaio, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren lekuetan.

  3. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ostean, aurkeztutako eskabideetako datuak egiazkoak diren egiaztatuko dute ikastetxeek, 10 egun balioduneko epean, artikulu honen 2. apartatuan ezarritako eskaera-epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

  4. Epe horretatik kanpo ere laguntzak eskatu ahal izango dituzte artikulu honen 2. apartatuan ezarritako muga-dataren ondoren matrikulatzen diren ikasleek.

    Halakoetan, eskabide arruntetarako ezarritako prozedura berari jarraituko zaio. Ez da inolaz onartuko 2024ko apirilaren 30aren ondoren egindako eskabiderik.

Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza eskudunetako teknikariek eskabideak aztertuko dituzte, deialdi honetako 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

  1. Aurkeztutako eskabideak aztertuta, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, eta Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzara bidaliko.

  2. Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak behin-behineko ebazpena emango du, eta ebazpen hori ukituei jakinarazteko aginduko, ebazpena https://euskadi.eus web-orriaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuta. Ebazpen horretan aipatu beharko da nor diren onuradunak eta zenbatekoak diren onartutako laguntzak, edo, ukatuz gero, zergatik ukatu diren. Esandakoa alde batera utzi gabe, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

    Jakinarazpen horri esker, beren interesak defendatzeko alegazioak eta agiriak aurkeztu ahal izango dituzte eragindako pertsonek, jakinarazpena egin eta 10 egun balioduneko epean.

  3. Behin-behineko ebazpenaren kontrako alegazioak aztertuta, epea igaro eta gero, eta beharrezkoak diren egiaztapenak eta izapideak egin ondoren, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak prozeduraren behin betiko ebazpena emango du, eta ebazpena https://www.euskadi.eus/informazioa/eskola-garraioa/web01-a2hikasl/eu/ web-orriko iragarki-taula elektronikoan argitaratuz jakinaraziko da.

    Behin betiko ebazpenaren jakinarazpenak ebazpenaren testu osoa jaso beharko du, bai eta laguntza jaso duten eta jasoko ez duten eskatzaileen zerrendak ere, laguntza ez jasotzeko arrazoiak azalduta. Horretarako ezarritako epean ebazpen espresurik argitaratzen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu behar da.

    Esandakoa alde batera utzi gabe, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

  4. Behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, behin betiko ebazpena https://euskadi.eus web-orriko iragarki-taula elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  5. Behin betiko ebazpena eta laguntzen jakinarazpena sei hilabeteko epean egingo dira, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ebazteko eta jakinarazteko epea amaitu eta berariaz ebazpenik eman ez bada, eskaera administrazio-isiltasunez ezetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  1. Laguntzak bi zatitan ordainduko dira, deialdiaren behin betiko ebazpena eman ondoren, eskolara joandako egun kopuruaren arabera:

    1. Lehenengo zatian, laguntzaren guztizko zenbatekoaren % 70 ordainduko da, eta behin betiko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean izapidetuko da.

    2. Bigarren zatian, gainerako zenbatekoa ordainduko da, eta ikasturtea amaitutakoan izapidetuko da, laguntzaren justifikazio-agiriak azterturik.

  2. Eskatzaileak laguntza-eskabidean adierazitako kontu korrontean sartuko da laguntzaren zenbatekoa.

  3. Onuradunei laguntza horiek emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

  1. Ikasturtea amaitzean eta 2024ko ekainaren 21a baino lehen, ikasle onuradunek agiriak entregatu beharko dituzte ikastetxean, justifikatzeko esleipenaren zenbatekoa egunero edo astero ikastetxera joateko garraioaren gastuak ordaintzeko erabili dutela; ikastetxeak Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzari onuradunen zerrenda jakinaraziko dio, banakako esleipenen aplikazioaren bidez, eta berariaz adieraziko dio zein ikasleri dagokion eskatutako zenbatekoa baino zenbateko txikiagoa, kontuan hartuta benetan zenbat egunetan joan den eskolara.

    Justifikazioa partziala bada, onartutako laguntzaren bigarren ordainketa murriztu egingo da, benetan justifikatu den zenbatekoari lotzeko; halakoetan, laguntza aldatzeko ebazpena emango da, eta, beharrezkoa bada, laguntza errebokatzeko eta itzultzeko prozedura abiaraziko da, hurrengo artikuluak xedatutakoaren arabera.

  2. Dirulaguntzaren zenbatekoa kontrolatzeko, egoki iritzitako agiriak aurkez ditzatela eskatu ahal izango diete lurralde-ordezkaritzek onuradunei.

  3. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren fiskalizazio-eginkizunak betez informazioa eskatuz gero, dirulaguntzen onuradunek eman egin beharko diete informazio hori.

  4. Guraso-elkarteek antolatutako garraioaren kasuan, ikasturtea amaitzean eta 2024ko ekainaren 21a baino lehen, elkarte horiek egindako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, honako hauek biltzen dituena:

    Garraioaren eguneroko kostua.

    Garraioa erabiltzen duten ikasleen kopurua.

    Ikasleak ordaindu beharreko kuota.

  5. Justifikazio-agiri horiek (txartelak, fakturak, kuotak eta, ibilgailu partikularra erabiltzen bada, erantzukizunpeko adierazpena) ikastetxean artxibatuko dira, behar izanez gero egiaztatu ahal izateko.

  1. Ebazpena aldatzea erabaki daiteke, baldin eta laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, bestelako laguntzak edo dirulaguntzak pilatuta eskuratzen badira eta helburu bera duten bestelako diru-sarrera edo baliabideak jasotzen badira. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.12 artikuluari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua), emate-ebazpena aldatzeko, laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko betekizunei eutsi behar zaie.

    Laguntzaren emate-ebazpena aldatzeko, espedientearen entzunaldi- eta ikustaldi-izapidea egin behar da aldez aurretik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluan aurreikusten den bezala.

  2. Laguntza errebokatu eta, hala badagokio, itzuli egingo da, eman den berariazko helbururako erabiltzen ez bada, laguntza eskuratzeko eskatutako baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan jasotako gainerako kasuetan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua). Errebokatzea erabaki ondoren, emandako zenbatekoa oraindik ordaindu ez bada, ezingo da ordainketa eskatu, eta, ordainduta egonez gero, jasotako zenbatekoak eta horien legezko interesak itzuli beharko dira. Itzultzeko prozedura, berriz, aipatutako legearen 53.4 artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan xedatzen da.

    Itzulketa agintzen duen ebazpenean, beharrezkoa den informazioa jasoko da, itzulketa egiteko betebeharra bete ahal izateko, legezko diruz edo txekez edo Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak baimendutako beste edozein bide erabiliz. Horretarako, bi hilabeteko epea emango da, dirua itzultzeko betebeharra ezartzen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera.

    Eskuratutako zenbatekoak borondatez itzultzen ez badira, premiamendu-bideari ekingo zaio.

Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari baimena ematen diote aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko beste organismo publiko batzuetan.

Zure datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: unibertsitatez kanpoko laguntzak, dirulaguntzak eta bekak.

Arduraduna: Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza.

Helburua: unibertsitatez kanpoko mailetako ikasleei bekak ematea, eta ikasleei eskola-garraioko laguntzak eta zuzendaritza honetako beste zenbait laguntza ematea.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak:

Ekonomia eta Ogasun Saila.

Ikastetxe publikoak eta pribatuak.

Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/043500-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

Honako hauetan xedatutakoak arautuko du agindu hau:

164/2023 Dekretua, urriaren 31koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleek hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak finantzatuta daukaten eskola-garraioari buruzkoa.

38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzekoa.

887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntza horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena.

39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 30a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.