Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko irailaren 4koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez hasierako onespena ematen baitzaio Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialari.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 182
  • Hurrenkera-zk.: 4390
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/09/04
  • Argitaratze-data: 2023/09/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu
  1. Abenduaren 28ko 277/2004 Dekretuaren bidez, behin betiko onetsi zen Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren indarreko Lurralde Plan Partziala, eta aldatu egin zen urriaren 9ko 145/2018 Dekretuaren bidez, Jundiz-Billodako terminal intermodal logistikoa eraiki ahal izateko.

  2. 2019ko abenduaren 30ean, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partziala berrikusteko dokumentua egiteko, besteak beste, hura onetsi zenetik izandako aldaketei erantzuteko eta denboraren igaroaren ondorioz sortutako egoera ekonomikora nahiz premietara egokitzeko. Hitzarmen horren arabera, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egingo zuen eremu funtzionalaren egungo problematikaren diagnostikoa, bai eta Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partzialaren betetze-mailaren memoria eta informazioaren azterketa eta Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partziala berrikusteko azterketen eta lanen kontratazioa ere.

  3. Kontratazio-lanak amaitzean, Lurralde Plan Partziala egiteko prozedurari ekiteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan xedatutakoa betez, aldez aurreko kontsulta publikoa egin zen, herritarrek eta haren eragina jasan dezaketen eta ordezkari gehien dituzten erakundeek aldez aurretik parte har dezaten. Kontsulta hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren (Legegunea) iragarki-taulan eta Irekian argitaratu zen, 2017ko abenduaren 12ko Gobernu Kontseiluaren Erabakian adierazten den moduan. Izapide horretan 2021eko martxoaren 3tik 23ra bitartean har zitekeen parte, eta ez zen inolako ekarpenik egin.

  4. Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoa betez, 2021eko martxoaren 24an, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak aztergai dugun berrikuspen-prozedurari ekiteko agindua eman zuen. Artikulu horrek xedatzen du aginduak parte hartzeko programa bat izan beharko duela, herritarrek eta elkarteek parte hartzeko duten eskubidea ahalbidetzeko behar beste helburu, estrategia eta mekanismo ezarriko dituena. Programa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, laburtuta. 2021eko martxoaren 31ko aldizkarian argitaratu zen, eta bi iragarki argitaratu ziren El Correo eta Diario de Noticias de Álava egunkarietan. Era berean, hasteko aginduak, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluan eta martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 13. artikuluan aurreikusitakoa betez, Arabako Foru Aldundiari, Bizkaiko Foru Aldundiari, eremu funtzionalean udalerriak dituzten kuadrillei, eremu funtzionala osatzen duten udalerri guztiei, eremu funtzionaleko kontzejuei eta Estatuko Administrazioari, kasu honetan, gobernuak autonomia-erkidegoan duen ordezkaritzaren bitartez, plana idazteko beharrezkotzat jotzen duten informazio guztia eskatzea xedatzen zuen; horretarako, bi hilabeteko epea ematen zien. Halaber, epe berean, plana idazteko behar zen informazio orokorra eskatu zitzaien Eusko Jaurlaritzaren sailei, baita eragindako eremuari buruzko aurreikuspen eta programei buruzko informazio espezifikoa ere.

  5. Aipatu informazioa aztertu ondoren, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.4 artikuluan eta Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 14. artikuluan aurreikusten den moduan, sail honek Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren berrikuspenaren aurrerapena eta hasierako dokumentu estrategikoaren aurrerapena prestatzeari ekin zion, eta, aldi berean, espedienteari izapide hauek egin zizkion:

    Aurrerapena lurralde-administrazio publiko interesdun guztiei bidaltzea, oharrak, iradokizunak, alternatibak eta proposamenak aurkez zitzaten bi hilabeteko epean.

    Aurrerapen hori herritarren partaidetzarako programa baten mende jartzea.

    Ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren irismen-dokumentua ingurumen-organoari bidaltzea.

  6. Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko irailaren 30eko Ebazpenaren bidez, Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren berrikuspenaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua eman zen. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 20. eta 68. artikuluan xedatutakoa ikusita eta irismen-dokumentu hori kontuan hartuta, ingurumen-azterketa estrategikoa egin da, eta planaren aldaketaren partetzat hartu da.

  7. Irismen-dokumentu horretan, ingurumen-organoak kontsultatutako interesdunak honako hauek ziren:

    Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.

    Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa. Eusko Jaurlaritza.

    Uraren Euskal Agentzia, URA.

    Natura Ondarearen Zerbitzua. Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritza.

    Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Saila.

    Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzua. Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritza.

    Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Saila.

    Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko Nekazaritza Zuzendaritza.

    Kultura Zuzendaritza. Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Saila.

    Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Uraren Euskal Agentziaren bitartez.

    EUDEL Euskadiko Udalen Elkartea (Planaren eraginpean dauden udalerriak).

    Arabako Ekologistak Martxan.

    Eguzki (Eguzkizaleak aisialdirako elkartea).

    GADEN, Natura Defendatzeko eta Ikertzeko Arabako Taldea.

    Izate ingurugiroaren taldea.

    GAIA talde ekologista.

    Arabako Natur Institutua (ANI).

  8. Bere aldetik, kontuan hartu dira orain arte sartu diren nahitaezko txosten sektorial guztiak.

  9. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partzialaren hasierako onespenaren dokumentuari buruzko dagokion ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera txostena egin zuen, eta aldeko txostena egin zuen uztailaren 12ko 4/2023 osoko bilkuran, hasierako onespenaren aurretik.

  10. Maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluaren 6. eta 7. apartatuetan eta Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 15.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, sail honek hasierako onespena ematen dio Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialari. Plan hori, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, jendaurrean jartzen da berrogeita bost egun balioduneko epean eta, aldi berean, entzunaldi-izapideak egiten zaizkie lurralde-administrazio publiko interesdun guztiei, eta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduran eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egin.

  11. Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren hasierako onespenaren dokumentuak Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 12.3 artikuluan eta hari dagokion ingurumen-azterketa estrategikoan aipatzen diren dokumentu guztiak jasotzen ditu.

  12. Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 5. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, jendaurreko informazioaren izapidea egiteko, iragarkiak argitaratu beharko dira honako hauetan: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean, dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta autonomia-erkidegoan gehien saltzen diren egunkarietako bitan, gutxienez. Halaber, iragarkia izapidetzeko eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan ere argitaratuko da.

    Horregatik guztiagatik, aipatutako aurrekariak ikusita, eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluan jasotako eskumena baliatuz, honako hau

Lehenengoa. Hasierako onespena ematea Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialari.

Bigarrena. Aipatu plana jendaurrean jartzea, partikularrek eta elkarte interesdunek egoki iritzitako alegazioak egin ditzaten, berrogeita bost egun balioduneko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena. Aldi berean, lurralde-administrazio publiko interesdun guztiei entzuteko aldi bat irekiko zaie, berrogeita bost egun balioduneko epe horretan, egoki iritzitako oharrak eta iradokizunak egin ahal izan ditzaten.

Laugarrena. Halaber, aldi berean, dokumentua eraginpeko administrazio publikoen eta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduran aldez aurretik kontsulta egin zaien interesdunen kontsulta-izapidetzera aurkezten da, berrogeita bost egun balioduneko epe horretan.

Bosgarrena. Epe horietan, plana jendearen eskura egongo da, aztertu ahal izan dezan, bai Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/araba-erdialdeko-lurralde-plan-partzialaren-berrikuspena/web01-a2lurral/eu/, «Hasierako onarpena 2023» fitxan), bai Irekia komunikazio-kanalean (https://www.irekia.euskadi.eus/eu).

Seigarrena. Iragarkiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean, Arabako eta Bizkaiko lurralde historikoetako aldizkari ofizialetan eta Euskal Autonomia Erkideagoan gehien saltzen diren egunkarietako bitan argitaratuko dira.

Agindu honen aurka ezin da errekurtsorik jarri, Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala onesteko prozeduraren baitako izapide bat baita.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 4a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.