Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko irailaren 22koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen, Maisu-maistren eta desagertzear dagoen Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetako iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesurako deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 188
  • Hurrenkera-zk.: 4229
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/09/22
  • Argitaratze-data: 2022/09/30

Testu legala

Hezkuntza Sailak, bere eskumenen esparruan eta gobernu hau gidatzen duen «Euskadi, Auzolana» printzipioari leial izanik, kalitatezko enplegu publikoa sustatu nahi du eta euskal hezkuntza-sistemako irakasleei egonkortasun handiagoa eman, egonkortasun horrek gure gazteen eta, oro har, gure herritarren prestakuntza eta hezkuntza hobetzen lagunduko duelakoan.

Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legeak seigarren xedapen gehigarrian ezartzen ditu iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko deialdietan jarraitu beharreko irizpideak. Hala, ezartzen du administrazio publikoek, salbuespen gisa eta urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 61.6 eta 7 artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, lehiaketa-sistemaren bidez deituko dituztela, 2.1 artikuluan ezarritako baldintzak beteta, 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aldi baterako etenik gabe okupatuta egondako plazak. Aurreikuspen horri lege beraren zortzigarren xedapen gehigarrian jasotakoa gehitu behar zaio, eta, horrez gain, seigarren xedapen gehigarrian jasotako egonkortze-prozesuek beren deialdietan sartuko dituzte izaera estrukturaleko lanpostu hutsak, 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen izaera horretako harremana duten langileek aldi baterako betetzen dituztenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2018ko (2. lan-eskaintza), 2019ko (2. lan-eskaintza), 2020ko, 2021eko eta 2022ko lan-eskaintza publikoak Gobernu Kontseiluaren 2018ko abenduaren 18ko, 2019ko abenduaren 17ko, 2020ko abenduaren 22ko, 2021eko abenduaren 21eko, 2022ko maiatzaren 24ko eta 2022ko uztailaren 19ko (aurrekoaren hutsen zuzenketa) akordio bidez onartu ziren, zeinak, hurrenez hurren, 2018ko abenduaren 27ko (248. zk.), 2019ko abenduaren 30eko (247. zk.), 2020ko abenduaren 30eko (261. zk.), 2021eko abenduaren 28ko (258. zk.), 2022ko maiatzaren 30eko (103. zk.) eta 2022ko abuztuaren 9ko (152 zk.) EHAAn argitaratu baitziren.

2020., 2021. eta 2022. urteetako eskaintzak osorik gauzatzeke daude, eta 2018. eta 2019. urteetako 2. lan-eskaintzei dagokienez, exekutatu gabe geratutako edo aurreko deialdietan exekutatutako plaza batzuk bete gabe geratu dira.

Aipatutako lan-eskaintza publikoak gauzatze aldera salbuespenezko prozesua deitzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen, Maisu-maistren eta desagertzear dagoen Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan baimendutako eta aurrekontuz hornitutako plazen ezaugarriak kontuan hartuta, EPOETBren 70. artikuluan eta abenduaren 28ko 20/2021 Legearen jasotakoa betez, seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten adierazitako kidegoetako plazen iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko.

Deialdi hau apirilaren 12ko 270/2022 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera arautzen da. Errege Dekretu horrek 276/2007 Errege Dekretua aldatzen du, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakaskuntza-kidegoetan sartu, kidego horietara iritsi eta espezialitate berriak eskuratzeari buruzko erregelamendua onartzen duena eta aipatutako legearen hamazazpigarren xedapen iragankorrean jasotako sartzeko behin-behineko erregimena arautzen duena, eta salbuespenezko deialdi-mota horri buruzko xedapen iragankor bat gehitzen du.

Sartzeko eta iristeko nahiz espezialitate berriak eskuratzeko erregelamendu horrek ezartzen duenez, hautaketa-prozedurek bereziki zainduko dute gainditu beharreko proben eta bete beharreko lanpostuen arteko lotura, horretarako beharrezkoak diren proba praktikoak aurreikusita. Aipatutako erregelamenduaren IV. kapituluak langileen hautaketa objektibatzeko arauak jasotzen ditu, eta bertan ezartzen da administrazio publikoek deialdi publiko bidez eta lehiaketa, oposizio edo oposizio-lehiaketa askearen bidez hautatu behar dituztela langileak. Nolanahi ere, Konstituzioan jasotako berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioak bermatu behar dira.

Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legeak ezartzen du hautaketa-sistemaren aukeraketa (merezimendu-lehiaketa). Hitzaurrean, besteak beste, alderdi hau azpimarratzen du: karrerako funtzionario edo lan-kontratudun langile finko izateko, beharrezkoa da berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipio konstituzionalak bermatuko dituen hautaketa-prozesua gainditzea. Aurrerago, legeak dio prozesuek lehia-, berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioak betetzen direla bermatuko dutela.

Salbuespenezko izaerak aukera ematen dio legeari hautaketa-prozesua merezimendu-lehiaketa gisa eratzeko, behin bakarrik, eta deialdia egin duen hezkuntza-administrazioa merezimenduen baremoa errespetatzera behartzen du, 270/2022 Errege Dekretuak gehitutako bosgarren xedapen iragankorrean ondorioztatzen denez.

Beraz, salbuespenezko deialdi honetan, espezialitate bakoitzeko hautaketa-epaimahaiak prozesuan onartutako pertsonek egiaztatutako merezimenduen balorazioan oinarritu behar du. Merezimendu horiek tasatuta eta gehitutako bosgarren xedapen iragankorrean zehaztuta daude, eta merezimenduen baremoan sailkatzen dira hiru bloke hauetan: aldez aurreko irakaskuntza-esperientzia, prestakuntza akademikoa eta beste merezimendu batzuk (barne hartzen dira eskatutako kidegoko espezialitate berean oposizio-fasea gainditu izana irakaskuntzako funtzio publikoko kidegoetan sartzeko hautaketa-prozedura baten bidez, baita izangaien etengabeko prestakuntza ere).

Azaldutako guztiagatik, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37. artikuluan xedatutakoa betez, eta sail honi esleitutako eskumenak baliatuz, honako hau

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen, Maisu-maistren eta desagertzear dagoen Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesua deitzea.

Bigarrena. Aipatutako salbuespenezko prozesua arautuko duten oinarriak onartzea.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, dagokion salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 22a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

OINARRIAK

AURKIBIDEA

  1. kapitulua. Oinarri orokorrak.

    1. Xedea, plazak eta aplikatu beharreko araudia.

  2. kapitulua. Parte hartzeko baldintzak.

    1. Parte hartzeko baldintza orokorrak eta espezifikoak.

  3. kapitulua. Parte hartzeko eskabidea eta dokumentazioa.

    1. Parte hartzeko eskabidea, tasak, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak, aurkezteko lekua eta epea.

  4. kapitulua. Onartutako eta baztertutako izangaiak.

    1. Izangaiak onartzea.

  5. kapitulua. Hautaketa-organoak.

    1. Hautaketa-organoak: epaimahaiak eta hautaketa-batzordeak.

  6. kapitulua. Merezimenduen balorazioa.

    1. Puntuazioaren esleipena eta argitalpena.

  7. kapitulua. Hautaketa-prozesua gainditzea.

    1. Izangaiak ordenatzea eta hautaketa-prozesua gainditzea.

    2. Hautatutako pertsonek egin beharrekoak.

  8. kapitulua. Karrerako funtzionarioak.

    1. Karrerako funtzionario izendatzea eta destinoak esleitzea.

  9. kapitulua. Datu pertsonalen tratamendua.

    1. Datu pertsonalen tratamendua.

  1. Xedea, plazak eta aplikatu beharreko araudia.

  1. Oinarri hauen xedea da ezartzea zer prozedurari jarraituko zaion Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen, Maisu-maistren eta desagertzear dagoen Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko, iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesuaren bidez. Plazak Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrian aipatutakoak dira.

  2. Hautaketa-prozesua merezimendu-lehiaketa sistemaren bidez garatuko da, hau da, parte-hartzaileen merezimenduak baloratuko dira (agindu honen I. eranskinean daude jasota). Prozesuaren kalifikazioa, beraz, aipatutako I. eranskinean aurreikusitako baremoaren arabera emandako puntuen baturak zehaztuko du.

  3. Txanda irekiko 3.178 plazarako deialdia egiten da, A taldekoak, A1 azpitaldea (Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoetakoak) eta A2 azpitaldea (Maisu-maistren kidegoa eta desagertzear dagoen Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa). Kidegoaren, espezialitatearen eta irakasle-lanpostuen hizkuntza-eskakizunaren araberako banaketa honako hau da:

    Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa.

    (Ikus .PDF)

    Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoa.

    (Ikus .PDF)

    Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoa.

    (Ikus .PDF)

    Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoa.

    (Ikus .PDF)

    Maisu-maistren kidegoa.

    (Ikus .PDF)

    Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa (desagertzear).

    (Ikus .PDF)

  4. Aplikatu beharreko araudia.

    2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa (LOE).

    5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena.

    39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

    40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

    20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena.

    3/2022 Lege Organikoa, martxoaren 31koa, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzekoa.

    276/2007 Errege Dekretua, otsailaren 23koa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakaskuntza-kidegoetan sartzeko, kidego horietara iritsi eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onartzen duena, eta lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sartzeko araubide iragankorra arautzen duena (apirilaren 12ko 270/2022 Errege Dekretuak aldatu zuen).

    240/2007 Errege Dekretua, otsailaren 16koa, Europar Batasuneko estatu kideetako eta Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa osatzen duten beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu, modu askean zirkulatu eta egoitza izateari buruzkoa.

    581/2017 Errege Dekretua, ekainaren 9koa, Espainiako ordenamendu juridikoan Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko azaroaren 20ko 2013/55/EB Zuzentaraua txertatzen duena; zuzentarau horrek 2005/36/EE Zuzentaraua lanbide-kualifikazioak aitortzeari buruzkoa eta 1024/2012 Erregelamendua (EB) Barne Merkatuaren Informazio Sistemaren bidez (IMI Erregelamendua) administrazioko lankidetza emateari buruzkoa aldatzen ditu.

    967/2014 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Unibertsitateko titulazio eta ikasketa-maila ofizialarekin homologatzeko eta haren baliokidetzat jotzeko zein ikasketak baliozkotzeko baldintzak eta prozedura ezartzen dituena, atzerrian egindako goi-mailako ikasketei dagokienez, bai eta kualifikazioen Espainiako esparruaren baitako mailen baliokide direnak zehazteko prozedura ere, arkitekto, ingeniari, lizentziatu, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko zein diplomadun goi-mailako titulu ofizialei dagokienez.

    2/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzkoa.

    47/1993 Dekretua, martxoaren 9koa, Irakasle-lanpostuen hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak zehazteko irizpideak ezartzen dituena, martxoaren 10eko 42/1998 Dekretuak aldatua.

    263/1998 Dekretua, urriaren 6koa, EGA Euskararen Gaitasun Agiriaren eta irakasle-postuetarako hizkuntza-eskakizunen baliokideak finkatu, eguneratu eta berresten dituena.

    182/2002 Dekretua, uztailaren 23koa, Araubide Bereziko Irakaskuntzetako eta Helduen Hezkuntzako irakasleen lanpostuetako hizkuntza-eskakizunak zehazteko irizpideak eta derrigortasun-datak ezartzeko dena.

    297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena.

    190/2011 Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Lanbide Heziketako irakasleentzat hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak ezartzeko irizpideak ezartzen dituena.

    47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.

    73/2012 Dekretua, maiatzaren 15ekoa, Atzerriko hizkuntzen titulu eta ziurtagiriei buruzkoa Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezartzen dituena.

    Agindua, 2022ko ekainaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretuaren eranskina bigarrenez eguneratzeko. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunak ezarri, eta titulu eta ziurtagiriak aitortzen ditu dekretu horrek.

    Oro har, aplikatu behar diren gainerako xedapenak eta deialdi honetan ebatzitakoa.

  1. Parte hartzeko baldintza orokorrak eta espezifikoak.

  1. Baldintza orokorrak.

    Baldintza orokor hauek bete beharko dituzte hautaketa-prozeduretan onartu ditzaten nahi dutenek:

    1. Europar Batasuneko estatuetako bateko nazionala izatea, edo Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio-eremuan egotea, eta ondorioz langileen zirkulazio librea aplikatzekoa den estatu batekoa.

      Horrez gain, parte hartu ahal izango dute Europar Batasuneko estatuetako nazionalen ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, bai eta Europar Batasunak sinatutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera langileen zirkulazio librea aplika dakiekeen estatuetako nazionalen ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek ere, baldin eta dagokion itunean hala ezarrita badago, edozein nazionalitatetakoak izanik ere, baldin eta ezkontideak legez bananduta ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo adin horretatik gorakoak izanik gurasoen ardurapean bizi badira.

    2. Hamasei urte izatea eta erretiroa hartzeko oro har zehaztutako adinera oraindik ez iristea.

    3. Aukeratzen diren kidego eta espezialitatearen funtzioetan aritzearekin bateraezina den gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.

    4. Zigor-espedientearen bidez edozein administrazio publikoren zerbitzutik kendu ez izana, eta funtzio publikoetan aritzeko ezgaituta ez egotea.

    5. Aukeratu nahi den kidegoko karrerako funtzionario edo praktiketako funtzionario ez izatea edo karrerako funtzionario izendatua izateko zain ez egotea.

    6. Irakasle-lanpostuen 2. hizkuntza-eskakizuna (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-1 mailarekin parekagarria) edo irakasleen lanpostuen 1. hizkuntza-eskakizuna (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 mailarekin parekagarria) egiaztatzea, kasuan-kasuan, 1.3 eta 2.4 oinarrien arabera.

      Dena den, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren arabera, dekretua indarrean jartzean (1993ko apirilaren 3an) Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako/OHOko eta Irakaskuntza Ertainetako ikastetxe publikoetako bitarteko irakasleek eta aldi baterako irakasle kontratatuek, funtzionario izaera lortzen badute, honako epe hau izango dute hura egiaztatzeko: hiru urteko epea jabetza hartzen dutenetik, euskaraz irakasten ari badira edo euskarazko izendapenarekin irakasten ari badira eta berehalako derrigortasuna duten 2. hizkuntza-eskakizuna esleitu zaien lanpostuetan hasiko badira.

      Dekretu hori indarrean jartzean funtzionario izatera iristen diren bitarteko irakasleek eta aldi baterako kontratatuek 3 urteko epea izango dute lanpostuaz jabetzen direnetik, baldin eta berehalako derrigortasuna duten 1. hizkuntza-eskakizuneko plazetan sartzen badira.

      Berehalako derrigortasuna ez duten lanpostuetan hasten badira, 5 urteko epea izango dute.

      Uztailaren 23ko 182/2002 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren arabera, dekretua indarrean jartzean (2002ko abuztuaren 14a) ikastetxe publikoetan araubide bereziko irakaskuntzetako lanpostuetan dauden bitarteko irakasleak eta aldi baterako irakasle kontratatuak irakaskuntza horietako kidegoetako 1. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuetako karrerako funtzionario izatera iritsi ahal izango dira, baldintza hori bete ez arren, eta hiru urteko epea izango dute karrerako funtzionario izendatzen dituzten unetik, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko.

      Halaber, abuztuaren 30eko 190/2011 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorraren arabera, bitarteko irakasleek eta aldi baterako kontratatuek, baldin eta, aipatutako dekretua indarrean jarri aurretik (2011ko irailaren 21a), dekretu horren aplikazio-eremuan sartutako Lanbide Heziketako irakaskuntzei dagozkien irakasle-postuak bete badituzte, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko karrerako funtzionario izan ahal izango dira 1. hizkuntza-eskakizuneko plazetan, nahiz eta eskakizun hori bete ez; eta hiru urteko epea izango dute, karrerako funtzionario izendatzen dituzten unetik, eskakizun hori egiaztatzeko.

    7. Gaztelaniaren ezagutza egiaztatzea, Espainiako nazionalitatea ez duten eta hizkuntza ofiziala gaztelania ez duten pertsonen kasuan, 2.5 oinarrian ezarritakoaren arabera.

    8. Epai irmoaren bidez zigorrik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta -osotasunaren aurkako delituren batengatik sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea eta gizakien salerosketa sartzen dira delitu horietan.

  2. Baldintza espezifikoak.

    1. Baldintza orokor horiez gain, hautaketa-prozeduran onartuak izateko, izangaiek honako hauek bete beharko dituzte:

    1.1. Bigarren Hezkuntzako eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoak.

    1. Doktoretza, lizentzia, arkitektura, ingeniaritza edo graduko titulua izatea, edo titulua lortzeko beharrezkoak diren ikasketa guztiak gaindituta izatea eta titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea.

      Era berean, irakaskuntzarako baliokidetzat jotzen diren titulazioak ere onartu ahal izango dira (II. eranskinean daude zerrendatuta).

    2. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan adierazitako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa jaso izana, 2.2.2 oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

      1.2. Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoak.

      Doktoretza, lizentzia, arkitektura, ingeniaritza edo graduko titulua izatea, edo titulua lortzeko beharrezkoak diren ikasketa guztiak gaindituta izatea eta titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea.

      Era berean, irakaskuntzarako baliokidetzat jotzen diren titulazioak ere onartu ahal izango dira (II. eranskinean daude zerrendatuta).

      1.3. Maisu-maistren kidegoa.

      Titulu hauetakoren bat izatea edo titulua lortzeko beharrezkoak diren ikasketa guztiak gaindituta izatea eta titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea:

      Maisu-maistraren titulua edo maisu-maistraren lanbidean jarduteko gaitzen duen gradu-titulua, edozein espezialitatetan.

      Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle-titulua.

      Lehen Hezkuntzako maisu-maistraren titulua.

      1.4. Desagertzear dagoen Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa.

    1. Unibertsitate diploma, arkitektura teknikoa, ingeniaritza teknikoa edo graduko titulua izatea, edo titulua lortzeko beharrezkoak diren ikasketa guztiak gaindituta izatea eta titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea.

    2. Deitutako espezialitateetan aipatutako kidegoan sartzeko (Osasun- eta laguntza-prozedurak eta Gizartearentzako zerbitzuak izan ezik, bi horietan dagoeneko egin dira otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarraren 6. puntuan aurreikusitako lau deialdiak), a) letran adierazitako titulazio-baldintzaren ordez, bi baldintza hauek bete ahal izango dira aldi berean:

      Gutxienez bi urteko irakaskuntza alorreko esperientzia lortu nahi duen espezialitatean, autonomia-erkidego honetako ikastetxe publikoetan.

      Teknikari espezialistaren titulua edo goi-mailako teknikariaren titulua izatea, lortu nahi duen espezialitateari dagokion lanbide-arloko espezialitateren batean.

    3. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan adierazitako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa jaso izana, 2.2.2 oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

      2. Prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa.

      Prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren betekizuna betetzeko, beharrezkoa da honako titulazio, ziurtagiri edo lanbide-esperientzia hauetakoren bat izatea:

    1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta hizkuntza-eskola ofizialetan irakasle-lanbide arautuetan aritzeko gaitzen duen unibertsitate-masterraren titulu ofiziala.

    2. Ondorengo zerrendako edozein titulu edo ziurtagiri, 2009ko urriaren 1a baino lehenagotik aterata:

      Espezializazio Didaktikoaren titulu profesionala, Trebakuntza Pedagogikoko Ziurtagiria edo Irakaskuntzarako Gaitasun Agiria.

      Maisu-maistra titulua, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle-titulua, Lehen Hezkuntzako maisu-maistra titulua, Pedagogiako lizentzia edo Psikopedagogiako lizentzia eta prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa jasotzen duen lizentzia edo titulu baliokideren bat.

    3. 2008-2009 ikasturtea bukatu aurretik lanean jardun duela ikastetxe publikoetan edo behar den baimena duten irakaskuntza arautuko ikastetxe pribatuetan bi ikasturte osotan edo, bestela, 12 hilabetez jarraian edo etenekin, betiere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko, Lanbide Heziketako edo hizkuntza-eskola ofizialetako irakaskuntzetan aritu badira, azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuan aurreikusten den arabera.

    4. Desagertzear dagoen Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan titulazio ez-unibertsitarioarekin sartzeko 2.2.1.4.b) oinarria, horrek galarazi egiten baitu master-titulu ofizialaren ikasketak egin ahal izatea, prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baldintza betetzen dela ulertuko da, goian aipatutako egoeraren bat emateaz gain, honako hauetako bat ematen denean:

      Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 100.2 artikuluan adierazitakoaren baliokidea den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa duela egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala, irailaren 23ko EDU/2645/2011 Aginduan aurreikusitakoaren arabera.

      2014ko irailaren 1a baino lehen lanean jardun duela ikastetxe publikoetan edo behar den baimena duten irakaskuntza arautuko ikastetxe pribatuetan bi ikasturte osotan edo, bestela, 12 hilabetez jarraian edo etenekin, dagokion mailetan eta irakaskuntzetan.

      3. Titulazioak atzerrian lortu badira, baldintza hauetako bat egiaztatu beharko da:

    1. Titulazioaren homologazioa, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuarekin bat etorriko dena. Errege Dekretu horrek unibertsitateko titulazio eta ikasketa-maila ofizialarekin homologatzeko eta haren baliokidetzat jotzeko zein ikasketak baliozkotzeko baldintzak eta prozedura ezartzen ditu, atzerrian egindako goi-mailako ikasketei dagokienez, bai eta kualifikazioen Espainiako esparruaren baitako mailen baliokide direnak zehazteko prozedura ere, arkitekto, ingeniari, lizentziatu, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko zein diplomadun goi-mailako titulu ofizialei dagokienez.

    2. Lanbidean sartzeko eta jarduteko lanbide-kualifikazioa aitortzea, azaroaren 8ko 1837/2008 Errege Dekretuaren arabera.

  3. Baldintzak betetzea.

    Deialdiaren 2.1 eta 2.2 oinarrietan zerrendatutako betekizun guztiak, eta 2.1.f) oinarriaren 2. paragrafotik 6.era bitartekoetan xedatutakoa alde batera utzita, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira, eta karrerako funtzionario gisa lanpostuaz jabetu arte eutsi beharko zaie.

    Deialdiaren 2.1.h) atalean adierazitako betekizuna, epai irmo bidez kondenatua ez izateari buruzkoa, zerbitzuak ematen diren bitartean mantendu beharko da, eta funtzionarioak nahitaez jakinarazi beharko ditu Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan aipatzen diren delituen kondena dakarten epai irmoak.

  4. Irakasle-lanpostuen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.

    1. Deialdiaren 2.1.f) oinarrian jasotako baldintza betetzeko, honako titulazio edo ziurtagiri hauetakoren bat izan beharko da, kasuaren arabera:

    Irakasle-lanpostuen 2. hizkuntza-eskakizuna (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-1 mailarekin pareka daiteke) egiaztatzeko:

    1. Irakasle-lanpostuei ezarri zaien 2. hizkuntza-eskakizuna.

    2. Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko edo beste erkidegoren bateko hizkuntza-eskola ofizialetako Euskararen Gaitasun Ziurtagiria edo 5. mailaren ziurtagiria (urtarrilaren 24ko 47/1992 Errege Dekretua) edo euskararen gaitasun-mailaren (C1) ziurtagiria (otsailaren 24ko 46/2009 Dekretua).

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko edo beste erkidegoren bateko hizkuntza-eskola ofizialetako euskararen maila aurreratuko (C1) ziurtagiria (maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretua).

    5. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) emandako 3. hizkuntza-eskakizuna.

    6. HABEren 3. mailako eta C1 mailako ziurtagiria (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea).

    7. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko 3. hizkuntza-eskakizuna.

    8. Ertzaintzako 2. hizkuntza-eskakizuna.

    9. Euskaltzaindiko D ziurtagiria.

    10. Apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren 2. eta 5. artikuluetan zehaztutako betekizunak betetzen dituen unibertsitate-titulazioa (apirilaren 3ko 47/2012 Dekretua, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena).

    11. Euskararen ezagutza egiaztatzen duten beste titulu edo ziurtagiri batzuk, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren arabera Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 eta C2 mailekin parekatutakoak (297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena).

      Irakasle-lanpostuen 1. hizkuntza-eskakizuna (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 mailarekin pareka daiteke) egiaztatzeko:

    1. Irakasle lanpostuei ezarri zaien 1. hizkuntza-eskakizuna.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko eta beste erkidegoren bateko hizkuntza-eskola ofizialetako euskararen 4. maila (urtarrilaren 24ko 47/1992 Errege Dekretua) edo maila aurreratuaren ziurtagiria (otsailaren 24ko 46/2009 Dekretua).

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko eta beste erkidegoren bateko hizkuntza-eskola ofizialetako euskararen Tarteko mailako B2 ziurtagiria (maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretua).

    4. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) emandako 2. hizkuntza-eskakizuna.

    5. HABEren 2. mailako eta B2 mailako ziurtagiria (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea).

    6. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko 2. hizkuntza-eskakizuna.

    7. Ertzaintzako 1. hizkuntza-eskakizuna.

    8. HLEA (Hezkuntzako Langileen Euskara Agiria).

    9. Apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren 3. artikuluan zehaztutako betekizunak betetzen dituen batxiler-titulua edo goi-mailako teknikari-titulua (apirilaren 3ko 47/2012 Dekretua, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena).

    10. Euskararen ezagutza egiaztatzen duten beste titulu edo ziurtagiri batzuk, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren arabera Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 mailarekin parekatutakoak (297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena).

      2. Izangaiak duen hizkuntza-eskakizuna alegatzea.

      Prozesuan parte hartzeko bete behar den eskabidean, izangaiak duen irakaskuntzako hizkuntza-eskakizuna alegatu behar da, edo, hala badagokio, egiaztatzeko aldi baterako salbuespen-egoeran legokeen hizkuntza-eskakizuna, 2.1.f) oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

      Hizkuntza-eskakizunaren egiaztapena egingo da hautatutakoen zerrenda argitaratu ondoren eta hizkuntza-eskakizunaren egiaztapena entregatu ondoren, beharrezkoa den kasuetan, 8. oinarrian ezarritakoaren arabera.

  5. Gaztelaniaren ezagutza egiaztatzea.

    Espainiako nazionalitatea ez duenak eta bere hizkuntza ofiziala espainiera ez bada, hizkuntza horren ezagutza egokia duela egiaztatu beharko du, titulu edo ziurtagiri hauetakoren bat edukita:

    Espainieraren Goi Mailako Diploma edo espainieraren C2 mailako diploma, urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretuak ezarria eta otsailaren 22ko 264/2008 Errege Dekretuak aldatua.

    Atzerritarrentzako espainierako gaitasun-ziurtagiria edo maila aurreratuaren ziurtagiria, hizkuntza-eskola ofizialek emandakoak.

    Filologia hispanikoan edo erromanikoan lizentziadun titulua edo gradu-titulu baliokidea.

    Kidegora sartzeko alegatutako titulua, Espainiako Estatuan edo, bestela, hizkuntza ofiziala espainiera duen estaturen batean igorri eta egindakoa.

    Egiaztapen horretatik salbuetsita daude Espainiako nazionalitatea ez duten baina hizkuntza ofiziala espainiera duen herrialderen batekoak diren pertsonak, baita proba hau aurreko deialdiren batean gainditu izana egiaztatzen dutenak ere.

  1. Parte hartzeko eskabidea, tasak, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak, aurkezteko lekua eta epea.

  1. Parte hartzeko eskabideari buruzko argibideak.

    1. Parte hartu nahi dutenek eskabide bat aurkeztu beharko dute parte hartu nahi duten kidego eta espezialitate bakoitzeko. Interneteko helbide hauetan eskuragarri dagoen eskabidea bete beharko da: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ «EPE2022. Irakasleak. Egonkortzeko salbuespenezko prozesua» «Onartzeko eskabidea» eta https://hezigunea.euskadi.eus/ «EPE2022. Irakasleak. Egonkortzeko salbuespenezko prozesua» «Onartzeko eskabidea».

    Eskabidea betetzean, hartu izanaren adierazpena sortuko da (Erakunde laguntzailearentzako alea), esleitutako eskabide-zenbakia eta tasa 3.2.a) oinarrian aurreikusitako moduan ordaintzeko beharrezkoak diren datuak barne hartuta. Halaber, izangaiak frogagiria ere eskuratuko du (Interesdunarentzako alea).

    Eskabidea bete ondoren, Hezigunearen atarian (https://hezigunea.euskadi.eus/) argitaratuko da hautaketa-prozesuan zehar izangai bakoitzaren espedientearen inguruko informazio guztia, erabiltzailea (NANa) eta pasahitza sartuz.

    Hezkuntza Sailak emandako pasahitza baduten izangaiek hori erabili beharko dute aipatutako informazioaren berri jasotzeko (pasahitz hori lehendik izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezkapenetarako izangaien zerrendan daudenek eta beste prozesuren batean parte hartu dutenek). Pasahitza ahaztu edo galdu badute, beste bat lortu ahal izango dute aipatutako Hezigunearen atarian, «Pasahitza ahaztu du» izeneko atalean.

    Izangaiek ez badute pasahitzik, sistemak bat esleituko die prozesuaren informazioa eskuratu ahal izan dezaten; pasahitz hori SMS baten bidez jasoko dute, eskabidean adierazitako telefono mugikorrean, eskabidea betetzen bukatzen dutenean. Izangaiaren NANa izango da erabiltzailea.

    2. «Adingabeen babesa» izeneko atala bete beharko du izangaiak eskabidean, 2.1.h) oinarrian aurreikusitako betekizuna betetzen dela egiaztatzeko. Atal hori betetzen duenean, izangaiak adieraziko du ea baimena ematen dion Hezkuntza Sailari, hautatua izanez gero, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan adierazitako ziurtagiria eskuratzeko izangaiaren izenean. Baimenik ematen ez badio eta lanbiderako hautatua bada, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, delitu horiengatik zigorrik jaso ez duela egiaztatzen duena, 8. oinarrian adierazitakoaren arabera.

    Hala ere, baimen hori aurretiaz eman dutenek ez dute aipatutako atala ikusiko eskabidean. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezkapenetarako izangaien zerrendan daudenek eta Euskal Autonomia Erkidegoko karrerako funtzionario direnek aurretiaz eman ahal izan dute baimen hori.

  2. Tasak.

    Irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen testu bateginaren 36. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartu ahal izateko, izangai bakoitzak izena emateko tasa ordaindu beharko du eskabide bakoitzeko. Tasa hori honako hau da:

    Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoak: 23,49 euro.

    Desagertzear dagoen Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa eta maisu-maistren kidegoa: 19,58 euro.

    Eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko dira tasak, eta bi modu hauetako bat aukeratu ahal izango da horretarako:

    1. Jarraian aipatzen diren bankuetako edozein sukurtsaletan zuzenean ordaintzea, erakunde laguntzailearentzako frogagiria aurkeztuz: Laboral Kutxa, Kutxabank (BBK-Bilbao Bizkaia Kutxa, Caja Vital Kutxa eta Gipuzkoa Donostia Kutxa), BBVA, Santander, Sabadell-Guipuzcoano, Bankia, La Caixa, Bankoa edo Nafarroako Rural kutxa. Inprimakiek barra-kodea dutenez, kutxazain automatikoaren bidez egin daiteke ordainketa, irakurketa optikoarekin edo datuak eskuz atzemanez.

    2. Online ordainketa: Euskal Administrazioaren ordainketa-pasabidearen bidez, sistemak berak erakusten dituen jarraibideei jarraituz, eskaera betetzean. Ordainketa mota horren bitartez, ez da alferreko joan-etorririk egin behar eta ez da ilaran itxaron behar. Gainera, eguneko 24 orduetan erabil daiteke.

      Ez da beharrezkoa izango tasa ordaindu izanaren frogagiririk ematea. Azterketa egiteko Parte-hartzeko eskubideak ordaindu ezean edo epez kanpo ordainduz gero, izangaia prozesutik baztertuko da. Ordaindutako zenbatekoa ez badator bat ordaindu behar zenarekin, hamar egun balioduneko epean zuzendu ahal izango da, onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

      Banku-erakundean tasak ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den denboran eta eran, oinarri honetan adierazitako moduan, betetzeko izapidea.

  3. Parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

    1. Parte hartzeko eskabidea aurkezteko ezarritako epe berean, eskabidea aurkeztu ondoren, agindu honen I. eranskinean aurreikusitako merezimenduak egiaztatzen dituzten agirien kopia aurkeztu beharko da. Kontuan hartu beharko da ofizioz zenbatzen ez diren merezimenduak eta, ofizioz zenbatzeko modukoak izan arren, Hezkuntza Sailaren Langileen Erregistroan jasota ez daudenak egiaztatzeko agiriak bakarrik alegatu eta aurkeztu beharko direla. Horretarako, izangaiek egiaztapena egin beharko dute. Aipatutako I. eranskinean, ofizioz zenbatzen diren merezimenduak zehazten dira dagozkien epigrafeetan.

    Egiaztapen hori egiteko, izangai bakoitzak bere espediente pertsonalean dagoen informazioa kontsultatu beharko du, https://hezigunea.euskadi.eus/ helbidean (sartu «Erabiltzailea (NAN/AIZ)» eta «Pasahitza») Eremu pertsonala Nire datu laboralak, honako atal hauetan:

    Zerbitzu-orria.

    Tituluak, gaikuntzak eta ziurtagiriak (atal honetan espediente akademikoaren batez besteko nota ere agertu ahal izango da).

    Ikastaroei dagokienez, helbide honetan bertan kontsultatu beharko da: https://hezigunea.euskadi.eus/(sartu «erabiltzailea (NAN/AIZ )» eta «pasahitza») Eremu pertsonala Nire prestakuntza Nire ikastaro guztiak ikusi.

    2012tik deitutako hautaketa-prozeduretan oposizio-fasea gainditzeari buruzko merezimenduari dagokionez, informazio hori Langileen Erregistroan jasota ez badago ere, ez da ziurtagiririk aurkeztu beharko hautaketa-prozedura horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailak deitu baditu.

    Hezigunearen atariko informazioa eskuratzeko (https://hezigunea.euskadi.eus/), erabili beharko den pasahitza pertsonak beste prozesu batzuetan (ordezkapenetarako izangaien zerrendak, etab.) parte hartzeagatik daukana izango da, edo, bestela, pasahitzik ez dutenentzat, sistemak eskabidea betetzean sortu duena, 3.1.1 oinarrian adierazitakoaren arabera.

    2. Deialdiaren 3.4 oinarrian adierazten diren lekuetan bete eta entregatu beharko da «Merezimenduak alegatzeko eta aurkezteko orria. EPE2022» eta egiaztagiriak. Frogagiri horretan, dokumentazioa zer atal zehatzi buruz entregatuko den adierazi beharko da, bai eta zer egiaztagiri aurkezten diren ere.

    3. Irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko betekizun gisa alegatutako tituluaren espediente akademikoaren batez besteko nota baloratu ahal izateko, titulua atzerrian lortu duten izangaiek, merezimenduak aurkezteko epea agortu ondoren, beste hogei egun natural izango dituzte titulua eman zuen herrialdeko Hezkuntza Administrazioak karrera osoan lortutako kalifikazioen batez besteko notaren ziurtagiria eman dezan. Horrez gain, Espainiako kalifikazioekiko baliokidetzak zehazteko, atzerriko sistema akademiko horretan lor daitezkeen kalifikazio gorenak zein diren ere adierazi beharko du.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bateko itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko dira gaztelania edo euskara ez den hizkuntzaren batean emandako dokumentu guztiak. Itzulpenak zinpeko itzultzaileak egina beharko du, edo bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.

    Salbuespen gisa, hizkuntza modernoetako espezialitateetan, eta soilik I. eranskineko III.2 ataleko merezimenduei dagokienez (etengabeko prestakuntza), justifikazio-agiriak dagokion hizkuntzan aurkeztu ahal izango dira.

    5. Nolanahi ere, Administrazioak parte hartzen duten izangaiei beharrezkoak diren argibideak eskatu ahal izango dizkie zalantzak edo erreklamazioak eragin dituzten agiriei buruz. Era berean, aurkeztutako agirien jatorrizko dokumentuak erkatzeko eskatu ahal izango zaio izangaiari. Jatorrizko dokumentuaren eta haren kopiaren artean zuzendu ezin den edozein desberdintasun egonez gero, alegatutako merezimendua ez da baliozkoa izango, horrek ekar dezakeen erantzukizunari kalterik egin gabe.

    Izangaiek beren-beregi hartzen dute beren gain aurkeztutako dokumentuen egiatasunaren gaineko erantzukizuna. Dokumenturen bat faltsua bada edo manipulatuta badago, izangaiak galdu egingo du deialdi honetan parte hartzeko eskubidea, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.

  4. Merezimenduen egiaztagiriak aurkezteko lekua.

    Merezimenduen egiaztagiriak («Merezimenduak alegatzeko eta aurkezteko orria. EPE2022» frogagiriarekin batera), Hezkuntza Sailaren Interneteko helbide hauen bidez entregatu beharko da:

    https://hezigunea.euskadi.eus/ («erabiltzailea (NAN/AIZ)» eta «pasahitza» sartuz) «Langileen arloa» «Langileekiko izapideak» «Administrazio-izapideak» «EPE2022. Irakasleak. Egonkortzeko salbuespenezko prozesua» «Merezimenduak entregatzea»

    edo bestela,

    https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ «EPE2022. Irakasleak. Egonkortzeko salbuespenezko prozesua» «Merezimenduak entregatzea»

    edo, hala badagokio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bide orokorren bidez.

    Dokumentazioa adierazitako helbideen bidez entregatuko da, pdf formatuan eta entrega hori egiteko aurreikusitako aplikazio informatikoan zehaztuko diren jarraibideen arabera; entrega amaitu eta erregistratu beharko da, jasota gera dadin.

  5. Eskabideak eta merezimenduak justifikatzeko dokumentuak aurkezteko epea.

    Deitutako prozeduran parte hartu nahi dutenek hogei egun balioduneko epea izango dute, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, 3.1 oinarrian adierazten den parte-hartzeko eskabidea betetzeko.

    Epe berean, eskabidea aurkeztu ondoren, merezimenduak egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte, 3.3.1. oinarrian aurreikusitako kasuetan.

  1. Izangaiak onartzea.

  1. Onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda.

    Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du gehienez ere hilabeteko epean, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartutzat emateko, eta zerrenda hori non azalduko den adierazteko.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta behin-behineko zerrenda, interesdunei jakinarazteko, Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira: https://hezigunea.euskadi.eus/ («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartuz) «Arlo pertsonala» «Langileekiko izapideak» «Administrazio-izapideak» «EPE2022. Irakasleak. Egonkortzeko salbuespenezko prozesua» «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» edo https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («EPE2022. Irakasleak. Egonkortzeko salbuespenezko prozesua»).

    Zerrendan, izangai bakoitzak zein kidego eta espezialitatetan parte hartzen duen adieraziko da, bai eta, kanporatuz gero, baztertzeko arrazoia ere.

    Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena adierazitako lekuan argitaratuta, interesdunei behar bezala jakinarazi zaiela ondorioztatuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  2. Erreklamazioak.

    Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendaren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango da, hamar egun balioduneko epean, zerrenda argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita; gainera, hala badagokio, zuzendu ahal izango da zerrendatik baztertzea eragin duen akatsa. Halaber, beren datu pertsonalak jasotzean akatsak atzeman dituztenek epe horretan bertan hori adierazi ahal izango dute.

    Erreklamazioak Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko zaizkio, eta 4.1 oinarrian adierazitako ebazpenean esaten diren lekuetan aurkeztuko dira.

    Baldin eta interesdunak ez badu adierazitako epe horretan zuzentzen zerrendatik baztertzea eragin zuen akatsa, bere eskabidean atzera egin duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluak xedatutakoaren arabera.

  3. Lehentasun-hurrenkera zehaztea, irakasle-kidego bereko edo desberdineko espezialitate baterako baino gehiagorako eskabideak aurkezten badira.

    Salbuespenezko hautaketa-prozesu honetarako eskabide bat baino gehiago egin bada irakasle-kidego bereko edo desberdineko espezialitate desberdinetarako, izangaiak espezialitate eta kidego batean baino ezingo dira hautatu. Horretarako, espezialitate batean baino gehiagotan onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendetan daudenek lehentasun-ordena adierazi beharko dute eskatutako espezialitateen artean. Lehentasun-hurrenkera izangai bakoitzak aukeratu beharko du, «Kontsulta pertsonalizatuak» atalaren bidez. Atal horretara https://hezigunea.euskadi.eus/ («Erabiltzailea (NAN/AIZ)» eta «Pasahitza» sartuz) «Arlo pertsonala» «Izapideak langileekin» «Administrazio-izapideak» «EPE 2022. Irakasleak. Egonkortzeko salbuespenezko prozesua», onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak aurkezteko ezarritako epe berean.

    Kautelaz, espezialitate batean baino gehiagotan baztertuta daudenek ere lehentasun-hurrenkera adierazi beharko dute, baldin eta baztertuaren aurkako erreklamazioa aurkezten badute.

    Eskatutako espezialitateen artean lehentasun-hurrenkera zehaztu ezean, eta espezialitate batean baino gehiagotan hautatuak izateko aukera izanez gero, puntuaziorik handiena lortu duten espezialitatean soilik hautatuak izango dira, eta puntuazio bera lortuz gero, eskabidea lehenengoz aurkeztu duten espezialitatean, aurkezpen-data eta -ordua kontuan hartuta.

  4. Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez onartu edo ezetsiko dira aurkeztutako erreklamazioak. Ebazpen horretan, onartutzat joko da onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda.

    Bai ebazpena bai behin betiko zerrenda behin-behineko zerrendarako adierazitako leku berberean argitaratuko dira.

    Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

    Onartutako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela aitortzen zaienik. Beraz, onartutako pertsonek prozedura honetan parte hartzetik eratorritako eskubideak izateko, 8. oinarrian jasotako agiriak aurkeztu beharko dira, eta, ondorioz, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da, baita osasun-azterketa gainditu ere.

  1. Hautaketa-organoak: epaimahaiak eta hautaketa-batzordeak.

  1. Hautaketa-organoek hautatuko dituzte prozedura honetan parte hartzen dutenak.

    Hautaketa-organoetan parte hartzea nahitaezkoa da, hargatik eragotzi gabe 5.5 oinarrian abstenitzeko edo errefusatzeko arrazoiei buruz eta 5.2.2 oinarrian salbuespen-kasuei buruz ezarritakoa.

    Iruzurrezko jarduerak egiten badira organoetako kide ez izateko, edo kideak justifikaziorik gabe bilkuretara joaten ez badira, eraketa-bilkurara barne, epaimahaiburuak edo batzordeburuak deitu baditu betiere, eta prozesuan zehar beren betebeharrak betetzen ez badituzte, dagokion erantzukizuna eskatuko zaie.

    Organo horien jarduteko prozedurak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa beteko du une oro.

  2. Epaimahaiak.

    1. Epaimahaien kopurua.

    Behar adina epaimahai izendatu ahal izango dira, espezialitate bakoitzean dagoen eskatzaile kopuruaren arabera.

    2. Osaera eta izendapena.

    Epaimahaiak bost kidek osatuko dituzte: epaimahaiburu bat eta lau epaimahaikide. Bostek izan beharko dute irakasleen funtzionarioen kidegoetako jarduneko karrerako funtzionario edo hezkuntzako ikuskari. Izangaiek zein kidegotara iritsi nahi duten, kidego horren sailkapen-maila bera edo handiagoa duten kidegoetakoak izango dira kideak, eta gehienak kidego horretakoak izango dira.

    Osaeran, espezialitate-printzipioa betetzen dela zainduko da; printzipio horren arabera, Kideen gehiengoak hautaketa-prozesuaren xede den espezialitatearen titularra izan beharko du. Halaber, arrazoi oinarrituek eta objektiboek eragozten ez badute, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.1.b) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

    Hezkuntzako sailburuak askatasunez izendatuko du hautaketa-epaimahaien epaimahaiburua. Epaimahaikideak zozketa bidez aukeratuko dira, oinarri honen aurreko bi paragrafoetan aipatzen diren karrerako funtzionarioen artean. Hala ere, titularren kopuruak zozketa egitea eragozten duen espezialitateetan, Hezkuntzako sailburuak zuzenean izendatuko ditu espezialitate horien titularrak diren karrerako funtzionarioak, espezialitate horietako epaimahaietako bokal gisa.

    Epaimahai bakoitzerako ordezko kide kopuru bera izendatuko da, irizpide berberei jarraituz.

    Zozketa Lakua-2 eraikinean egingo da (sarbidea Donostia kaleko 1. zenbakitik, Vitoria-Gasteiz), eta egin aurretik iragarriko da data.

    Hezkuntzako sailburuak agindu bidez izendatuko ditu epaimahaiak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, bi hilabeteko epean gehienez ere, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita.

    Epaimahaietan parte hartzetik salbuetsita egongo dira, eta, beraz, zozketa-ekitaldian ez dira kontuan hartuko, hautaketa-prozeduran zehar honako kasu hauetan dauden karrerako funtzionarioak:

    1. Kidegoan zerbitzu aktiboaz bestelako administrazio-egoera.

    2. Funtzionario irakasleei irekitako Administrazio Orokorreko lanpostuan aritzea.

    3. Zuzendari, ikasketaburu eta idazkari karguetan aritzea 2022-2023 ikasturtean.

    4. Ikasturte osorako ordaindu gabeko baimena, 2022-2023 ikasturtean.

    5. Partzialki ordaindutako baimena 2022-2023 ikasturtean.

    6. Lanaldia murrizteko baimena 2022-2023 ikasturtean.

    7. Ordezkaritza sindikaleko eginkizunak betetzeagatiko lizentzia, lanera joatetik erabat liberatzea dakarrena, 2022-2023 ikasturtean.

    8. Seme-alaben jaiotzagatiko, adopzioagatiko edo harreragatiko, edo edoskitze-aldia metatzeagatiko lizentzia.

    9. Haurdunaldiko arriskuagatiko lizentzia.

    10. Aldi baterako ezintasun lizentzia, iraupen luzekoa. Dagokion medikuak emandako aldian behingo gaixotasunagatiko aldi baterako ezintasun-egoerari dagokionez, horrek ez du epaimahaikide izateko betebeharretik salbuesten. Zirkunstantzia horrek eragindako funtzionarioa epaimahaiko titular edo ordezko gisa izendatua izan bada eta hautaketa-prozesua hasi baino lehen alta lortzen badu, hautaketa-prozesuan sartu beharko du.

      Zozketan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak izendatu edo aukeratu badira, horiek Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari eskatuko diote salbuestea, hautaketa-organoen izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bost egun balioduneko epean.

      Epaimahaietan parte hartzetik ez dira salbuetsiko prozesu honetan karrerako funtzionario gisa dagokien irakaskuntza-kidegoaz bestelako espezialitate batean parte hartzen duten karrerako funtzionarioak.

      Epaimahaikideen joan-etorriek eragin ditzaketen kalteak eta eragozpenak minimizatze aldera, zozketa lurralde-mailan egingo da, espezialitate bakoitzeko epaimahaien egoitza egongo den lurralde historikoaren arabera. Baldin eta adierazi den lurralde-irizpidea betez ezin badira epaimahai guztietako epaimahaikide guztiak izendatu, zozketa egingo da, eta gainerako bi lurralde historikoetako karrerako funtzionarioak sartuko dira zozketa horretan. Karrerako funtzionario gutxi dauden espezialitateetako epaimahaietan ere salbuetsi ahal izango da lurralde-irizpide hori.

      Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez erabakiko da zein lurralde historikotan kokatuko diren espezialitate bakoitzeko epaimahaien egoitzak, eta zozketa egin baino lehen argitaratuko da ebazpen hori.

      Salbuespen gisa, eta justifikatutako arrazoiengatik, hezkuntza-arloko beste administrazio batzuei eskatu ahal izango zaie espezialitateko edo, hala badagokio, kidegoko funtzionarioak proposa ditzatela epaimahaietako kide izateko. Salbuespen gisa ere, eta justifikatutako arrazoiengatik, beste espezialitate batzuetako funtzionarioekin osatu ahal izango dira epaimahaiak eta, horrelakoetan, aholkulari espezialistak izendatu ahal izango dira, 5.6 oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

      Epaimahaiak izendatzeko orduan autonomia-erkidego honetako bi hizkuntza ofizialetako hizkuntza-konpetentzia bermatu beharko da.

  3. Hautaketa-batzordeak.

    Aurkeztutako eskaera-kopurua dela-eta espezialitate baterako edo batzuetarako epaimahai bat baino gehiago eratu behar badira, hautaketa-batzordeak eratuko dira dagozkien espezialitateetarako.

    Batzorde horiek espezialitateko epaimahaiburuek osatuko dituzte, gutxienez bost, eta, horrela lortzen ez bada, epaimahai horietako kideek osatuko dituzte, osatu arte, honela:

  1. Lau epaimahai badaude:

    Epaimahaiburua: 1. epaimahaiaren epaimahaiburua.

    Kideak: 2., 3., eta 4. epaimahaien epaimahaiburuak eta 1. epaimahaiko idazkaria.

  2. Hiru epaimahai badaude:

    Epaimahaiburua: 1. epaimahaiaren epaimahaiburua.

    Kideak: 2. eta 3. epaimahaien epaimahaiburuak eta 1. eta 2. epaimahaietako idazkariak.

  3. Bi epaimahai badaude:

    Epaimahaiburua: 1. epaimahaiaren epaimahaiburua.

    Kideak: 2. epaimahaiaren epaimahaiburua, 1. eta 2. epaimahaietako idazkariak eta 1. epaimahaiko 1. kidea.

    Batzorde horietako buru gisa jardungo du espezialitateko beheragoko zenbakia duen epaimahaiko epaimahaiburuak, 10 epaimahai edo gehiago eratzen diren espezialitateetan izan ezik; kasu horretan, Hezkuntzako sailburuak izendatuko du burua, Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoko jarduneko karrerako funtzionarioen artean.

    Epaimahai bakar bat izendatzen den espezialitateetan, epaimahai horrek hautaketa-batzorde gisa jardungo du ondorio guztietarako.

  1. Borondatezko parte-hartzea.

    Euren borondatez epaimahai bateko kide izan nahi dutenek idazkia aurkeztu beharko diote Langileak Kudeatzeko zuzendariari, 3.5 oinarriaren arabera eskabideak aurkezteko ezarrita dagoen epe berean. Aipatutako organoak ebatziko ditu eskabideak, kide horiek bete behar dituzten baldintzak eta epaimahaien egoitzak kontuan hartuta.

    Borondatezko parte-hartze honetatik salbuesten dira 2022-2023 ikasturtean zuzendari, ikasketaburu edo idazkari karguak betetzen dituzten funtzionarioak.

  2. Hautaketa-organoetako kideak abstenitzea eta errekusatzea.

    Hautaketa-organoetako kideek ezin izango dute parte hartu, eta egiaztagirien bitartez jakinaraziko diote Langileak Kudeatzeko zuzendariari, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusten diren inguruabarren batean badaude, edo deialdi hau argitaratu aurreko bost urteetan kidego eta espezialitate bereko hautaketa-probetarako izangaiak prestatu badituzte.

    Aurreko paragrafoan aurreikusitako inguruabarretan ez daudela agertzeko, berariazko adierazpena eskatuko diete hautaketa-organoetako buruek hautaketa-organoetako kideei.

    Era berean, aurreko arrazoietako bat gertatzen denean, interesdunek hautaketa-organoetako kideak errekusatu ahal izango dituzte, aipatutako legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariak dagokion baiespen- edo ezespen-ebazpena emango du.

  3. Hautaketa-organoak eratzea.

    Epaimahaiburuek deialdia egin ondoren, hautaketa-organoak eratuko dira, izendatutako kide guztiak (titularrak zein ordezkoak) bertan daudela, ahal bada behintzat. Hala ere, eratutzat joko dira burua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak bertan badira.

    Eratze-saioa aurrez aurre zein telematikoki egin ahal izango da, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera. Ekitaldi horretan bertan izendatuko da idazkaria.

    Hautaketa-organoak eratu ostean, ahalik eta lasterren bidali beharko dizkiete, guztiek, eratze-aktak (kide guztien sinadurekin) Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari.

    Honako kide hauek egon beharko dute organoaren jarduera baliozkoa izateko: burua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak.

    Epaimahaikideen artean kidegoan antzinatasun txikiena duen pertsona arituko da idazkari, hautaketa-organoak bestelakorik erabaki ezean. Hautaketa-organoek aukera izango dute haien lanean aholkulari espezialistak edo laguntzaileak sartzea proposatzeko. Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu. Lehenengoen eginkizuna izango da epaimahaiko kideei aholkularitza ematea beren espezialitateko merezimenduak ebaluatzeko. Laguntzaileek, aldiz, organoek esleituko dizkieten laguntza-zeregin teknikoak egingo dituzte. Batzuek zein besteek dagozkien eskumenetako eginkizunak baino ez dituzte egingo. Aholkulari eta laguntzaileek esleitu zaien eginkizunerako behar den lanbide-gaitasuna izan beharko dute.

  4. Hautaketa-organoen eginkizunak.

    1. Epaimahaiei dagokie:

    1. Hautaketa-prozesua garatzea, deialdi honetan xedatutakoaren arabera.

    2. Baztertzeko proposamena, zeina Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko baitiote, baldin eta jakiten badute izangairen batek ez dituela deialdi honetan eskatutako baldintza guztiak. Baztertzearen aurretik, entzunaldia emango zaio, eta, era berean, berak hautaketa-probetan onartzeko eskaeran egindako zehaztugabetasunak edo faltsutasunak jakinaraziko zaizkio, bidezkoak diren ondorioetarako. Kasu horretan, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak dagokion ebazpena eman arte, hautaketa-prozesuan parte hartzen jarraitu ahal izango du, baldintzapean (ad cautelam). Baztertzeko ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

    3. Izangaien merezimenduen balorazioa.

    4. Hautaketa-batzordeei esleitutako eginkizunak, halakorik ez dagoenean.

      2. Hautaketa batzordeei dagokie:

    1. Epaimahaiak koordinatzea.

    2. Epaimahaien jarduteko irizpideak zehaztea eta irizpide horiek homogeneizatzea.

    3. Izangaiak ordenatzea eta prozesua gainditu dutenen adierazpena egitea.

    4. Prozesua gainditu duten izangaien zerrendak egin eta onartzea, eta zerrenda horiek deialdia egin duen organoari helaraztea.

  5. Beste organo batzuen lankidetza: koordinatzaileak.

    Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak Hezkuntzako ikuskarien artean izendatutako koordinatzaileen laguntza izan dezakete hautaketa-organoek, aipatutako hautaketa-organoen koordinazioko eta administrazio-laguntzako eginkizunak betetzeko. Eginkizun horiek betetzean, prozesua behar bezala garatzen dela zainduko dute, eta, zeregin horietarako, epaimahaiekin lankidetzan jardungo dute, prozesuaren administrazio- eta antolaketa-kudeaketarekin lotutako orientabideak emanez, eta abar, garatzeko tresnak emanez, prozesuan sor daitezkeen zailtasunak edo gorabeherak konpontzen lagunduz, eta epaimahaien funtzionamenduan, jarduketetan eta erabakietan irizpide-homogeneotasuna bultzatuz.

  6. Kalte-ordainak eta dietak.

    Agindu honen bidez deitu diren prozeduretan parte hartuko duten hautaketa-organo, koordinatzaile, aholkulari espezialistek eta laguntzaileek eskubidea izango dute zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan zehaztutako kalte-ordainak jasotzeko.

  1. Puntuazioaren esleipena eta argitalpena.

  1. Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako administrazio-unitateek esleituko diete izangai bakoitzari I. eranskineko I. eta II. ataletako eta III.1 azpiataleko merezimenduengatik dagokion puntuazioa, epaimahaiak eskuordetuta.

  2. Eskabideak aurkezteko epea amaitu arte burututako merezimenduak baino ez dira barematuko.

  3. Lehiaketan izangai bakoitzak gehienez ere 15 puntu lor ditzake bere merezimenduak baloratzeagatik.

  4. Lehiaketan lortutako puntuazioen publizitatea.

    1. Deialdiaren I. eranskineko I. eta II. ataletako eta III.1 azpiataleko merezimenduak (Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako unitateek baloratuak).

    Espezialitate guztietako izangaiek aipatutako ataletan lortutako puntuazioen behin-behineko zerrenda hemen argitaratuko da:

    https://hezigunea.euskadi.eus («Erabiltzailea (NAN/AIZ» eta «Pasahitza» sartuta) Langileen arloa Langileekin egindako izapideak Administrazio-izapideak «EPE 2022. Irakasleak. Egonkortzeko salbuespenezko prozesua» «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» Adierazi kidegoa eta espezialitatea «Emaitzak» «Lehiaketa-aldia Partziala».

    Argitaratzeko data, Kidego eta espezialitate guztietarako bateratua izango dena, aldez aurretik iragarriko da Hezkuntza Sailaren web-orri hauetan: https://hezigunea.euskadi.eus/ eta https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/. Halaber, sms-ak bidaliko dira izangai bakoitzaren mugikorrera (eskabidean adierazia), informazioa emateko, eta argitalpen horren berri emango da.

    Behin-behineko zerrendaren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute izangaiek, hamar egun balioduneko epean, zerrenda argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Erreklamazio horiek Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta Interneteko helbide honetan aurkeztu beharko dira: https://hezigunea.euskadi.eus/ (sartu «Erabiltzailea (DNI/AIZ)» eta «Pasahitza») Langileen arloa Langileekin egindako izapideak Administrazio-izapideak «EPE 2022. Irakasleak. Egonkortzeko salbuespenezko prozesua» «Merezimenduak (LKZ): Erreklamazioak eta zuzenketak entregatzea».

    Puntuazioen behin betiko zerrenda, erreklamazioak aztertu ondoren, behin-behineko zerrenda argitaratu den moduan argitaratuko da.

    Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako unitateek esleitutako behin betiko puntuazioak epaimahaiei helaraziko zaizkie.

    2. I. eranskineko III.2 azpiataleko merezimenduak (Epaimahaiek baloratuak).

    Espezialitate bakoitzeko izangaiek aipatutako azpiatalean lortutako puntuazioen behin-behineko zerrendak dagokion epaimahaiak argitaratuko ditu, iragarki-taula honetan:

    https://hezigunea.euskadi.eus/ («Erabiltzailea (NAN/AIZ)» eta «Pasahitza» sartu behar dira) «Langileen arloa» «Langileekin egindako izapideak» «Administrazio-izapideak» «EPE 2022. Irakasleak. Egonkortzeko salbuespenezko prozesua» «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» adierazi kidegoa eta espezialitatea «Epaimahaiak» «Iragarki-taula».

    Behin-behineko zerrenden aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute izangaiek, hamar egun balioduneko epean, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Erreklamazio horiek dagokion espezialitateko epaimahaiko buruari zuzenduko zaizkio, eta aipatutako Interneteko helbide honetan aurkeztu beharko dira: https://hezigunea.euskadi.eus (sartu «Erabiltzailea» eta «Pasahitza») «Langileen arloa» «Langileekin egindako izapideak» «Administrazio-izapideak» «EPE 2022. Irakasleak. Egonkortzeko salbuespenezko prozesua» «Hautaketa-prozesuaren jarraipena» adierazi kidegoa eta espezialitatea «Epaimahaiak» «Erreklamazioak».

    Puntuazioen behin betiko zerrendak, erreklamazioak berrikusi ondoren, behin-behineko zerrendak argitaratzen diren leku beretan argitaratuko dira.

    Behin-behineko eta behin betiko zerrendak epaimahai bakoitzak argitaratuko ditu, baremazio-lanak eta erreklamazioak berrikusteko lanak amaitu ondoren, kasuaren arabera. Argitaratzeko data barematu beharreko parte-hartzaile kopuruaren araberakoa izango da, eta, beraz, espezialitate bakoitzaren baremoa une desberdinetan argitaratu ahal izango da. Behin-behineko zerrenda eta behin betiko zerrenda argitaratzen diren unean, dagokion epaimahaiak sms-ak bidaliko ditu izangai bakoitzaren mugikorrera (eskabidean adierazia), informazio-ondorioetarako, eta argitalpen horren berri emango du.

    3. Behin betiko puntuazioen aurka ezin izango da errekurtsorik jarri, eta interesdunek, hala badagokio, gora jotzeko errekurtsoa jarri beharko dute 7. oinarrian aurreikusitako azken ebazpenaren aurka.

  1. Izangaiak ordenatzea eta hautaketa-prozesua gainditzea.

  1. Izangaiak ordenatzea.

    1. Hautaketa-batzorde edo epaimahaiek, kasuaren arabera, kidego eta espezialitate bakoitzeko izangaiak ordenatuko dituzte, merezimenduen balorazioaren bidez lortutako guztizko puntuazioaren arabera.

    2. Puntuazioen guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, hurrenez hurren honela ebatziko da:

  1. guztizko puntuazio handiena baremoaren atal bakoitzean, bertan agertzen diren hurrenkeraren arabera (1, 2 eta 3).

  2. bigarren mailako azpiatal bakoitzean puntuazio handiena, baremoan duten hurrenkeraren arabera (1.1, 1.2, 1.3, 1.4, 2.1, 2.2, 2.3, 2.4, 3.1 eta 3.2).

  3. puntuazio handiena hirugarren mailako azpiatal bakoitzean, baremoan duten hurrenkeraren arabera (2.2.1, 2.2.2, 2.2.3, 2.3.1 eta 2.3.2).

    Kasu horietan, atal bakoitzean kontuan hartzen den puntuazioak ezin izango du gainditu baremoan atal bakoitzerako ezarritako gehieneko puntuazioa, ez eta, azpiatalen kasuan, azpiatalari dagokiona ere, azpiatalik badu, edo, halakorik ezean, sartuta dauden atalari dagokiona ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiataletako batek edo batzuek dagokion atalari emandako mailarik handiena lortzen badu, ez dira kontuan hartuko gainerako azpiataletako puntuazioak.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren ikastetxe publikoetako lehen enplegu-harremanaren data, lortu nahi den kidego eta espezialitatean.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Saileko ikastetxe publikoetako lehen enplegu-harremanaren data, lortu nahi den kidegoko beste espezialitate batzuetan.

  6. berdinketak jarraituz gero, lehenengo abizenaren ordena alfabetikoa izango da, G letratik hasita, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2021eko urriaren 14ko Ebazpenaren arabera. Ebazpen horren bidez, argitara ematen da 2022-2023 ikasturtean ordezkapenak egiteko izangaien kudeaketa-prozesuan ordena alfabetikoa zehaztuko duen letraren zozketaren emaitza, bai eta ikasturte horretan zehar egin daitekeen beste edozein hautaketa-prozesutan ere (2021eko urriaren 28ko EHAA, 215. zk.).

    Emakumeen ordezkaritza % 40tik beherakoa den espezialitateetan, ordena alfabetikoaren ordez, emakumeen lehentasuna erabiliko da berdinketa hausteko irizpide gisa, salbu eta lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak baditu, sexuagatiko diskriminatzaileak izan gabe; kasurako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako zailtasun bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea. Hala ere berdinketak jarraitzen badu, lehen aipatutako ordena alfabetikoa hartuko da kontuan.

  1. Hautaketa-prozesua gainditzea.

    1. Hautatuak izango dira, salbuespenezko deialdi honetan merezimendu-lehiaketa bidez lortu nahi duten kidegoko espezialitaterako lortutako puntuazioaren arabera ordenatu ondoren, eta alegatutako hizkuntza-eskakizuna kontuan hartuta, lortu nahi duten kidegoaren espezialitatean deitutako plazen kopuru osoaren berdina edo txikiagoa den hurrenkera-zenbakia duten izangaiak, betiere 4.3 oinarriaren aurreikuspena kontuan hartuta.

    Hautatutakoen kopuruak ezin izango du gainditu merezimendu-lehiaketa honetarako deitutako plazen kopurua, espezialitate bakoitzean. Eta ezingo dira hautatu merezimendu-lehiaketaren baremoan 0 puntu dituzten parte-hartzaileak.

    2. Aipatutako jarduerak egin ondoren, hautaketa-organoek edo epaimahaiek, kasuaren arabera, hautatutako izangaien behin-behineko zerrendak egingo dituzte, espezialitateen eta kidegoen arabera sailkatuta, eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari helaraziko dizkiote.

  2. Hautatutako izangaien zerrendak argitaratzea.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, hautatutako izangaien behin-behineko zerrendak argitaratzeko, eta zerrenda horiek non jarriko diren adieraziko du.

    Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena eta behin-behineko zerrendak interesdunei jakinarazteko, Interneteko helbide hauetan argitaratuko dira: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-langileak/ («EPE2022. Irakasleak. Egonkortzeko salbuespenezko prozesua») eta https://hezigunea.euskadi.eus/ («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartuta).

    Behin-behineko zerrenda horien aurka, interesdunek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute, 5 egun balioduneko epean, zerrenda horietan egon daitezkeen akatsengatik.

  3. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, hautatutako izangaien behin betiko zerrendak argitaratuko dira Hezkuntzako sailburuaren agindu baten bidez.

    Hautatutako izangaien behin betiko zerrendak eta agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, bai eta Interneteko helbide hauetan ere: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ («EPE2022. Irakasleak. Egonkortzeko salbuespenezko prozesua») eta https://hezigunea.euskadi.eus/ («Erabiltzailea» eta «Pasahitza» sartuta), interesdunei jakinarazteko.

    Agindu horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  4. Espezialitate bakoitzean hautatutako izangaien behin betiko zerrendekin batera, ordezko izangai hautatuen zerrenda ordenatua egingo da, kopuru berekoa, eta horrela, aurretik espezialitate batean hautatutako pertsonak ez dira inola ere sartuko eskatutako beste espezialitate batzuetako ordezkoen zerrendetan, baldin eta lehentasun-ordena txikiagoa adierazi badute (edo puntuazio txikiagoa badute, lehentasunik adierazi ezean).

    Ordezko izangaien hautatutako zerrenda hori erabiliko da aldez aurretik hautatutako izangairen batek izaera hori galtzen badu, honako arrazoi hauengatik:

    Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzan aurkeztutako hautaketa-prozeduratik eratorritako eskubideei uko egiteagatik, 2023ko irailaren 30era arte, egun hori barne.

    egon daitezkeen errekurtsoak baiesteagatik.

    deialdiaren 8. oinarrian eskatutako dokumentazioa ez aurkezteagatik edo aurkezpenetik ondorioztatzen bada 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat ez duela betetzen, edo eginkizunak betetzeko eskatzen den gaitasun fisiko eta psikikoa ez izateagatik.

    Arestian aipaturiko hiru kasuetako bat gertatuz gero, ordezkoen zerrendan agertzen den puntuazio-hurrenkeraren arabera hautatutako pertsonen zerrenda osagarria argitaratuko da, eta aipatutako inguruabarren ondorioz hutsik geratu diren plaza adina izangai hautatuko dira, betiere kontuan hartuta kidego eta espezialitate bakar batean hautatua izateko muga. Beraz, beste espezialitate batean hautatutako pertsonen behin betiko zerrendan dagoeneko agertzen diren ordezko hautatuak badaude, zerrenda osagarria argitaratu aurretik, 5 egun balioduneko epea emango zaie hautatuak izan ziren espezialitatean jarraitzea edo ordezko izendatu zituzten espezialitatean sartzea hautatzeko. Adieraziko ez balute, lehenengo hautatuak izan ziren espezialitatean jarraitzen dutela ulertuko da.

  5. Hautaketa-prozesuaren ondorioz plaza hutsak geratzen badira, hautatutako izangairik ez dagoelako edo deitutako plazei dagozkien sarrera-kidegoetako espezialitateetako hautagairik ez dagoelako, deklarazioak, hala badagokio, berekin ekarriko du aurreikustea, behin salbuespenezko deialdi hau ebatzita, plaza horiek handitu ahal izango dutela enplegu-eskaintzak gauzatzean deitzen diren ondorengo hautaketa-prozesuetako plazen kopurua, baldin eta espezialitate berberak baimentzen badira, hutsik deklaratutako plazen beste deialdi berri bat egin beharrik gabe.

  1. Hautatutako izangaiek egin beharrekoak.

  1. Dokumentuak aurkeztea.

    Hogei egun naturaleko epean, hautatutako izangaien behin betiko zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, pertsona horiek honako dokumentu hauen kopiak aurkeztu beharko dituzte, «Hautatuek dokumentazioa entregatzea» ereduarekin batera:

    1. Nortasun Agiri Nazionala, indarrean dagoena, salbu eta esanbidezko adostasuna adierazten badute Hezkuntza Sailak nortasun-datuak kontsultatzeko, nortasun-datuak egiaztatzeko sistema elektronikoen bidez.

      Espainian bizi diren atzerriko izangaiek nortasun-agiriaren edo pasaportearen fotokopia aurkeztu beharko dute, bai eta Europar Batasuneko egoiliarraren edo Europar Batasuneko egoiliarraren senitartekoaren indarreko txartelaren fotokopia edo, hala badagokio, Europar Batasuneko egoiliarraren edo mugakide den Europar Batasuneko langilearen indarreko aldi baterako txartelaren fotokopia ere.

      Europar Batasuneko gainerako estaturen bateko nazionalitatea duten izangaiek, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera langileen zirkulazio askea aplikatu behar zaion estaturen bateko nazionalitatea dutenek, atzerrian bizi direlako edo Espainian egonaldi-erregimenean daudelako Espainian bizi ez badira, nortasun-agiriaren edo pasaportearen fotokopia aurkeztu beharko dute.

      Hautagai atzerritarrak Europar Batasuneko estatu kideetako nazionalen ezkontideak badira, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera langileen zirkulazio askea aplikatu behar zaion estaturen bateko nazionalen ezkontideak badira, zuzenbidez bananduta ez badaude, eta haien ondorengoek eta ezkontideen ondorengoek, hogeita bat urte baino gutxiago badituzte, edo adin horretatik gorakoak izanik mendekoak badira, pasaportearen edo bisaren fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, txartela eskatu izanaren edo bisatuaren eta txartelaren salbuespena eskatu izanaren frogagiria. Dokumentu horiek eskatu ez badira, hauek aurkeztu beharko dira: agintaritza eskudunek emandako dokumentuak, ahaidetasun-lotura egiaztatzen dutenak, eta Europar Batasuneko nazionalitatea duen pertsonaren edo Europar Batasunak sinatutako eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera langileen zirkulazio askea aplikatu behar zaion estaturen bateko herritarraren zinpeko aitorpena edo hitzematea (hain zuzen ere, lotura hori duen pertsonarena), egiaztatzen duena ezkontidearengandik zuzenbidez bananduta ez dagoela eta, hala badagokio, izangaia bere kontura bizi dela edo bere kargura dagoela.

    2. Zinpeko aitorpena edo hitzematea, honako hauek adieraziz: diziplina-espediente baten bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu ez dutela, funtzio publikoak betetzeko desgaituta ez dagoela, eta Herri Administrazioen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako ezgaitasun eta bateraezintasuneko legezko kausaren batean ere ez dagoela.

      Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren estatuan funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina-zehapenik edo zigor-kondenarik ez dutela adieraziz.

    3. Kidegoan sartzeko eskatutako titulua edo titulu hori lortzeko ikasketa guztiak gainditu direla eta titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen ziurtagiria. Ez dute aurkeztu beharko hautaketa-prozesuan zehar aurkeztu dutenek edo kontsultatzeko esanbidezko adostasuna ematen dutenek.

      Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, Maisu-maistraren edo dagokion irakaslearen lanbide arautuan sartzeko, kasuaren arabera, eta jarduteko lanbide-kualifikazioa aitortzen duen egiaztagiria edo homologazioa erantsi beharko da.

    4. Eskatutako hizkuntza-eskakizuna betetzen dela egiaztatzen duten titulazioak edo ziurtagiriak, salbu 2.4.1 oinarriko a), b), c), d), e), f), g), h) eta i) letretan aipatutakoak, irakaskuntzako 2. hizkuntza-eskakizunerako eta oinarri bereko a), b), c), d), e), f), g) eta h) letretan, 1. hizkuntza-eskakizunerako, betiere Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan edo Hezkuntza Saileko Langileen Erregistroan jasota badaude. Aurretik aurkeztutako titulu edo ziurtagiririk ere ez da aurkeztu beharko, baldin eta noiz, zer prozeduratan eta zer organoren aurrean aurkeztu zen adierazten bada.

      Prozesu honetan parte hartzeak esan nahi du Hezkuntza Sailak datu horiek kontsultatu ahal izango dituela Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan, parte-hartzaileak berariaz horren aurka egiten ez badio.

      Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko aldi baterako salbuespen-egoeran daudenek, 2.1.f) oinarrian aurreikusitakoaren arabera, «Hautatuek dokumentazioa entregatzea» ereduan adierazi beharko dute.

    5. Deialdiaren 2.5 oinarrian aurreikusitako titulu edo egiaztagiriak, Espainiako nazionalitatea ez duten eta hizkuntza ofizialtzat gaztelania ez duten pertsonen kasuan.

    6. Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko izangaien kasuan, 2.2.2 oinarrian aipatzen den prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa dutela egiaztatzen duen ziurtagiria edo titulua, edo, hala badagokio, baldintza horretatik salbuetsita daudela egiaztatzen duen titulua.

      Oinarri horrek aipatutako prestakuntzaren baliokidetzat jotzen duen aurretiazko irakaskuntza-esperientzia I. eranskineko I. atalean adierazitako moduan egiaztatuko da.

    7. Sexu-ukigabetasunaren askatasunaren aurkako delituren batengatik epai irmoz kondenatua ez izanaren ziurtagiria, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emana. Delitu horien artean daude sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea eta gizakien salerosketa. Hala ere, ez dute aurkeztu beharko Hezkuntza Sailak datu hori kontsultatzeko berariazko baimena eman dutenek, elkarreragingarritasun-sistema elektronikoen bidez, 3.1.2 oinarrian adierazitakoaren arabera.

      Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute beren jatorrizko herrialdeetan kondenarik ez dutela egiaztatzen duena, aipatutakoen izaera bereko delituei dagokienez.

  2. Gaztelania edo euskara ez den beste hizkuntza batean emandako dokumentazio guztiarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batera egindako itzulpen ofiziala aurkeztu beharko da, zinpeko itzultzaileak egina edo dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.

  3. Aukeratutako kidegoaren eta espezialitatearen eginkizunak betetzeko gaitasun funtzionala zehazteko, eta, horrela, hautatutako pertsonek irakaskuntza-eginkizunak efizientziaz eta autonomiaz bete ahal izango dituztela egiaztatzeko, Hezkuntza Saileko Laneko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuan osasun-azterketa egiteko hitzordua emango zaie. Gaikuntza hori zehazteko, erreferentziatzat hartuko da Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren balorazio profesionalerako gida, zeinak zeregin eta eskakizun psikofisikoak definitzen baititu. Azterketa horren emaitza izango da «gai» edo «ez-gai» eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzara eramango da.

    Osasun-azterketara justifikaziorik gabe joaten ez badira, ez-gaitzat hartuko dira. Arrazoi justifikaturik badago, beste egun batean joan beharko da osasun-azterketara, eta ez dago probatik behin betiko salbuesteko justifikaziorik.

  4. Ezarritako epearen barruan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatutako dokumentazioa aurkezten ez duten pertsonek, edo dokumentazio hori aztertuta 2.1 eta 2.2 oinarrietan adierazitako baldintzaren bat betetzen ez dutela ondorioztatzen bada, karrerako funtzionario izendatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte, hargatik eragotzi gabe hasierako eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna. Era berean, beren eskubide guztiak galduko dituzte osasun-azterketan ez-gaitzat jotzen direnek.

    Kasu horietan, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak dagokion ebazpena emango du karrerako funtzionario izendatuak izateko eskubideak galdu direla deklaratzeko.

    Ezinbesteko kasuren batean dagoenak berehala emango dio horren berri Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariari, idatziz, zuzendaritza horrek kasua balora dezan. Kode Zibilaren 1105. artikuluaren arabera, ezinbesteko kasua aurreikusi ezin diren egoerei buruzkoa da, edo, aurreikus zitezkeen arren, saihestu ezin izan ziren egoerei buruzkoa. Nolanahi ere, ezinbesteko kasuak ez du salbuetsiko baldintzak betetzetik, baina, hala badagokio, aurkezpenerako aurreikusitako epe orokorra gainditu ahal izatea ekarriko du.

  1. Karrerako funtzionario izendatzea eta destinoak esleitzea.

    Hautatutako pertsonek deialdi honetan ezarritako parte hartzeko baldintza orokorrak eta espezifikoak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Hezkuntzako sailburuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du haien izendapena karrerako funtzionario gisa. Izendatutakoek izendapen-aginduan adierazitako egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

    Karrerako funtzionario izateko destinoen behin-behineko esleipena hautatuak izan diren espezialitatean egingo da, prozesuan lortutako puntuazioaren arabera. Era berean, deitzen diren lanpostuak betetzeko hurrengo lehiaketetan parte hartu beharko dute, Hezkuntza Sailak zuzenean kudeatutako ikastetxeetan eta hautatuak izan diren espezialitatean behin betiko lehen destinoa lortu arte.

  1. Datua pertsonalen tratamendua.

    Parte-hartzaileek emandako datu pertsonalak hautaketa-prozedura honetan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

    Datu horiek tratatu eta Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko dira, Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza arduradun duen «Hautaketa Prozesuak eta Hornidura» izeneko tratamendu-jardueran, prozedura hau kudeatzearen ondoriozko administrazio-izapideak egiteko eta aplikatzekoak diren legezko betebeharrak betetzeko beharrezkoa den tratamendua emateko.

    Datuen lagapenaren hartzaile izan daitezke, hala badagokio, Estatuko Administrazioko organo eskudunak, Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk, sindikatuak eta langileen batzordeak.

    Interesdunek eskubidea dute datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/es/transparencia/048000-capa2-es.shtml webgunean kontsulta daitezkeen beste eskubide batzuk ere.

    Datu pertsonalen tratamendua, hirugarrenei lagatzea eta datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko, eta tratamenduaren aurka egiteko eta datuak eramateko eskubideak Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (2018ko abenduaren 6ko BOE), Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendu Orokorrean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoaren arabera arautuko dira.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (23)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.