Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2022ko abenduaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira EAEko Hezkuntza Sailaren mendeko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 2023-2024 ikasturtean izena emateko eskabideak aurkezteko egutegi komuna eta onartzeko epea, bai eta ikastetxe horietan ikasleak onartzeko jarraibideak ere.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 2
- Hurrenkera-zk.: 36
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2022/12/21
- Argitaratze-data: 2023/01/03
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntzako eskumena duen sailaren agindupeko ikastetxe publikoetan eta Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxe pribatuetan, baita oinarrizko lanbide heziketa ematen den udalaren ikastetxe publikoetan ere, ikasleak onartzea nahiz eskolatzea arautzeko urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 10. artikuluan (duela gutxi aldatu da 132/2022 azaroaren 2ko Dekretuaren bidez) ezartzen denaren arabera, urtero, hezkuntzako eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez, eskabideak aurkezteko epe komuna irekiko da eta prozedurako hurrengo faseei dagozkien epeak ezarriko dira.
Bestalde, 1/2018 Dekretua aldatzeko 132/2022 Dekretuak, azaroaren 2koak, zenbait aldaketa sartzen ditu ikasleak onartzeko prozesuan, eta garrantzitsuenetako bat da hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasletzat jotzea, besteak beste, ikasteko hizkuntza ez dakitenak, hezkuntza- eta gizarte-zaurgarritasun egoeran daudenak edo hezkuntza-sisteman berandu sartu direnak. Alde horretatik, dekretu horrek, indarreko oinarrizko araudiarekin bat, xedatzen du mota horretako ikasleentzat plaza-erreserba bat ezartzeko derrigortasuna egikaritu behar dela ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen ehunekoa kontuan hartuta, ikastetxean mota horretako ikasleen ehunekoa ez handitzeko xedearekin.
Halaber, 132/2022 Dekretuak azpimarratzen du garrantzitsua dela eskolako plazen eskaintza eskolatze-behar errealetara egokitzea, eskaintza gehiegi edo gutxiegi egotea ekiditeko. Laburbilduz, eskaintzaren planifikazioak eta onartzeko prozesua arautzen duten mekanismoek aniztasuna eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatu behar dute funts publikoekin finantzatutako ikastetxe publiko guztien artean, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste batzuengatik bereiztea ekiditeko.
Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoekin ordaindutako ikastetxeetan, 2023-2024 ikasturteko ikasleak onartzeko prozesuan bete beharko diren egutegia eta prozedura-arauak ezarri behar dira. Horrenbestez, hau
Agindu hau aplikagarria izango da Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan, honako hauetan:
Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren ikasturtea (2 urteko gelak),
Haur Hezkuntzako bigarren zikloa,
Lehen Hezkuntza eta
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
Halaber, aplikagarria izango da soilik Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxe pribatu baimenduetan, ikasleak onartzen badituzte urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren Lehen Xedapen Gehigarrian xedatutakoarekin bat.
Aurreko artikuluan zehaztutako edozein ikastetxetako 2 urtekoen gelan sartu nahi duten ikasleek onartzeko prozesu honetan parte hartu beharko dute, baita ikastetxe horietan lehen aldiz sartu nahi dutenek ere, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Halaber, jada eskolatuta egonda ikastetxez aldatu nahi edo behar duten ikasleek, edo hizkuntza-eredua aldatu nahi dutenek, onartzeko prozesu honetan parte hartu beharko dute, aipatutako edozein maila edo etapa ikasteko.
Automatikoki bermatuko da ikastetxe bereko etapa eta maila desberdinetan ikasten jarraitu ahal izatea, eta, ondorioz, ez da onartzeko eskaerarik egin beharko, 2 urteko gela batera sartzeko izan ezik.
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek ez dute onartzeko eskaerarik aurkeztu behar Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailan sartzeko dagokion institutuan, baldin eta atxikitako institutua bakarra eta hizkuntza-eredua bera badira. Hala ere, horrek ez du esan nahi ezin denik onartzeko eskaerarik aurkeztu beste ikastetxe edo hizkuntza-eredu batean. Kasu honetan, ikasleak uko egingo dio ikastetxe eta hizkuntza-eredu atxikian zuzenean sartzeko bermeari, eta 1/2018 Dekretuan eta Agindu honetan ezartzen diren sartzeko baldintza orokorren mende jarriko da.
Agindu honen I. eranskinean daude jasota hizkuntza-eredu berean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasteko ikastetxe atxiki bat baino gehiago dituzten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko guztiak. Ikastetxe eta eredu horietako ikasleei ezin zaie ikastetxe atxiki bakar bat zuzenean esleitu ikasketekin jarraitzeko, aukera bat baino gehiago baitute. Horregatik, onartzeko eskaera aurkeztu beharko dute Lehen Hezkuntzako 6. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailara pasatzeko.
Egutegi komun hau ezartzen da, eskabideak aurkezteari eta ikasleak onartzeari dagokienez:
Eskabideak eta egiaztagiriak aurkeztea: otsailaren 13tik 24ra bitartean.
Eskatzaileen zerrenda argitaratzea eta onartzeko prozesua abiaraztea: martxoaren 14an. Ikusgai, martxoaren 27ra arte.
Behin-behineko zerrendak argitaratzea: martxoaren 28an. Ikusgai, apirilaren 4ra arte.
Behin-behineko zerrendei erreklamazioak egitea Lurralde Ordezkariarekin aurrean: apirilaren 4ra arte.
Eskabidean atzera egitea: apirilaren 4ra arte.
Behin betiko zerrenden argitalpena: apirilaren 20an. Ikusgai, maiatzaren 22ra arte.
Lurralde-ordezkariak adjudikatutako plazen zerrendak argitaratzea: apirilaren 27an.
Behin betiko zerrendei gora jotzeko errekurtsoak jartzea: maiatzaren 22ra arte.
Estatistika-datuen grabaketa: apirilaren 2tik 9ra. Halaber, irailean, Hezkuntza Saileko estatistika-unitateek adierazten dieten epean baliozkotu beharko dituzte matrikularen behin betiko estatistika-datuak, aplikazio informatikoan.
Itxarote-zerrendaren iraunaldia: irailaren 15era arte.
Plazen erreserbaren iraunaldia: irailaren 15era arte.
Agindu honen II. eranskinean jasotzen diren onartzeko prozesuari buruzko jarraibideak onartzen dira.
Aurkeztutako eskabideetan eta dokumentuetan jasotako datu pertsonalak «Ikastetxeetako ikasleen onarpena eta matrikula» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.
Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: Araubide Orokorreko Ikasketetako (Haur eta Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa) ikasleen onarpena eta matrikula, EAEko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan. Araubide Bereziko Ikasketetako (Ikasketa artistikoak, Kirol-ikasketak eta Hizkuntza-ikasketak) ikasleen onarpena eta matrikula, EAEko ikastetxe publiko eta pribatuetan.
Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da aplikagarriak diren legezko betebeharrak betetzeko.
Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak:
Foru-aldundiak.
Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk. Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.
Eskubideak: eskatzaileak eskubidea dute datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:
www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/045500-capa2-es.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML /?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)
Era berean, eskatzaileek baimena ematen diote Ikastetxe eta Plangintzako Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 21a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
(Ikus .PDF)
Lehenengoa. Aplikatu beharreko araudia.
2023-2024 ikasturterako, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan, Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren eta hurrengo ikasturteetako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren II. tituluaren III. kapituluan xedatutakoaren arabera onartuko dira, aurreko Legea aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak emandako idazkeran, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuan eta Hezkuntzako sailburuaren 2023-2024 ikasturterako izena emateko eskabideak aurkezteko egutegi komuna, onartzeko epea eta ikasleak onartzeko jarraibideak ezartzen dituen Aginduan xedatutakoaren arabera egingo da. Halaber, aplikagarria izango da soilik Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxe pribatu baimenduetako 2 urteko geletan, ikasleak onartzen badituzte urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren Lehen Xedapen Gehigarrian xedatutakoarekin bat.
Bigarrena. Onarpen-bermeen batzordeak.
Egungo onarpen-bermeen lurralde batzordeek haien egitekoak betetzen jarraituko dute irailaren 4ra arte; eta horren ondoren berrituko dira. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek beharrezkotzat joz gero, onarpen-bermeen beste batzorde batzuk eratu ahal izango dira, maila eta/edo esparru geografiko zehatz batean. Hori erabakiz gero, ikasleak onartzen direla bermatzeko lurralde-batzordeek dagokion batzordearen esku utziko dituzte geografia-eremu eta/edo -maila horietako funtzioak.
Onarpen-bermeen batzorde guztiek gizon eta emakumeen ordezkaritza orekatua izango dute, eta honela osatuko dira:
Hezkuntza Saileko bi ordezkari; horietako bat batzordeko burua izango da eta bestea idazkaria.
Ikastetxe publiko bateko zuzendari bat, zozketaz hautatua, zein ikastetxetatik datorren aipatuta.
Itunpeko ikastetxe pribatu bateko zuzendari bat, zozketaz hautatua, zein ikastetxetik datorren aipatuta.
Batzordeari dagokion esparru geografikoko udalen ordezkari bat, zein udaletatik datorren aipatuta.
Dago(z)kien etap(et)ako lau guraso, bi ikastetxe publikokoak eta beste bi itunpeko ikastetxekoak, zein ikastetxetatik datozen aipatuta. Dagokion lurraldean ordezkaritza handiena duen Guraso Elkarteen Federazioek proposatuko dituzte guraso horien izenak. Ordezkatuta egoteko eskubidea duten sektoretakoren batean Guraso Elkarteen Federaziorik ez balego, zozketa-bidez hautatutako bi ikastetxetako Eskola-kontseiluko bi guraso izendatuko dituzte hango gurasoek.
Lau irakasle, bi ikastetxe publikokoak eta beste bi itunpeko ikastetxekoak, dago(z)kien etap(et)akoa, zein ikastetxetatik datozen aipatuta. Dagokion lurraldean ordezkaritza handiena duten irakasleen ordezkaritzako sindikatuek proposatuko dituzte haien izenak.
DBHko bi ikasle, bat Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko batekoa eta bestea itunpeko ikastetxe batekoa: Eskola-kontseiluko kideek aukeratuko dituzte, hurrenez hurren. Bi ikastetxeak zozketa bidez aukeratuko dira, dagokien ikastetxeen artean.
Onarpen-bermeen batzordeek honako funtzio hauek izango dituzte:
Ikasleak onartzeko prozesua ikuskatzea, dagokion esparru geografikoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan, eta araudia betetzen dela bermatzea, hezkuntzako ikuskaritzaren eskumenei kalterik egin gabe.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku ematea ikastetxe bakoitzaren eragin-eremuak eta eremu mugakideak mugatzeko proposamena egitean, baita horien aldaketak proposatzea ere, eta modu horretan eskola-maparen zehaztapenean laguntzea.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku ematea, ikasleren batek eskabide bat baino gehiago egin badu eta eskatzaileek aurkeztutako agirien faltsutasuna frogatzen bada, ikasle horien eskolatzeari buruzko erabakiak hartzeko.
Onarpen-bermeen batzordeak eratzeko, hezkuntzako lurralde-ordezkariak eskatuko die lurralde eta etapa bakoitzean ordezkaritza handiena duten udalen elkarteei, gurasoen elkarteei eta lurraldean eta dagokien etapetan ordezkaritza handiena duten irakasleen sindikatuei haien ordezkariak izenda ditzatela batzorde horietarako. Organizazio horiek hamar eguneko epean jakinarazi beharko dituzte ordezkarien izenak. Hala egingo ez balute, batzordeak balio osoz eratuko dira, izendatu gabe geratu diren ordezkarien parte-hartzerik gabe.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariek, halaber, hezkuntza-administrazioak onarpen-bermeen batzordeetan izango dituen ordezkariak izendatuko dituzte, eta zozketa publikoak egingo dituzte honako hauek hautatzeko.
ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen zuzendariak.
ikastetxe publikoa eta itunpeko ikastetxe pribatua: Eskola-kontseiluak aukeratuko dituzte batzordeetako kide izango diren ikasleak.
Denbora nahikoaz jakinaraziko zaie ikastetxe guztiei zozketa horiek noiz eta non egingo diren.
Hirugarrena. Eragin-eremuak.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariek, onarpen-bermeen batzordeei eta eragindako ikastetxe eta udalerriei entzun ondoren eta aintzat hartuta ikastetxe bakoitzean planifikatutako plazen kopurua eta inguruko eskola-populazioa, eragin-eremuak eta horien mugakideak mugatzeko proposamena egingo dute, eta Hezkuntzako sailburuordeari bidaliko diote.
Hezkuntzako sailburuordeak, ebazpen bidez, eragin-eremuak eta horien mugakideak mugatuko ditu.
Hezkuntzako sailburuordeak lurralde historiko bateko lurralde-eremua gainditzen duten eragin-eremuak ezarri ahal izango ditu, ikastetxeren batean ematen diren irakaskuntzak oso bereziak direnean edo bestelako salbuespen-egoerak tarteko.
Eragin-eremuak eta horien mugakideak zehaztuko dira ikastetxeetan ematen diren etapa bakoitzerako. Eremuen zehaztapenak jendearentzat eskuragarri egongo dira kasuan kasuko Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariek jarraibide honetan xedatutakoa ezartzeko, udalbatzei laguntza eskatzeko ahalmena dute, eta horiek eskatutako laguntza eman behar dute.
Laugarrena. Eskola-toki kopuruaren zehazpena.
Hezkuntza Sailburuordetzak zehaztuko du eskola-tokien kopurua. Eskola-plazen eskaintza eskolatze-behar errealetara egokituko da, eskaintza gehiegi edo gutxiegi egotea ekiditeko. Eskaintzaren planifikazioak eta onartzeko prozesua arautzen duten mekanismoek aniztasuna eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatu behar dute funts publikoekin finantzatutako ikastetxe guztietan, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste batzuengatik bereiztea ekiditeko.
Eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko epea baino lehen, hezkuntzako lurralde-ordezkariek Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeei jakinaraziko diete maila eta hizkuntza-eredu bakoitzean behin-behinean eskaini ahal izango dituzten gehieneko talde- eta ikasle-kopurua.
Eskatzaileen zerrenda argitaratzearekin batera, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek agindu honek araututako onarpen-prozesuan parte hartzen duen ikastetxe bakoitzari jakinaraziko diote maila eta hizkuntza-eredu bakoitzean matrikulatu ahal izango duten talde-kopurua eta behin betiko ikasleen gehieneko kopurua. Zenbaki hori egokitu eta doitu egingo da, ikastetxe jakin horrek maila eta hizkuntza-eredu bakoitzean lehen aukera gisa aukeratu duten eskaera kopuru guztiaren arabera.
Eskola Txikietan, eskaintzaren zehaztapena kokatuta dauden herriaren eskarira egokituko da, eta eragin-eremua herri hori izango da. Ikastetxe horien zerrenda IV. eranskinean jasotzen da.
Bosgarrena. Plazak gordetzea.
Hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen banaketa proportzional edo orekatua lortzeko xedearekin, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 20 artikuluan ezarritako terminoetan, Hezkuntza Sailak bere mendeko ikastetxe publikoek eta itunpeko ikastetxe pribatuek ikasle horiek eskolatzeko ikasturte bakoitzean gorde behar dituzten plazen kopurua zehaztuko du.
Eragin-eremu bakoitzeko ikastetxeen plazak eragin-eremu horren zaurgarritasun-indizearen arabera zehaztuko dira.
Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen kasuan, eskabideak aurkezteko epea hasten den egunean dauzkaten ikasleen % 80 baino gehiago eragin-eremutik kanpokoak badira, ikasleen jatorrizko udalerrien eragin-eremuei dagokien zaurgarritasun-indizea aplikatuko da proportzionalki.
Eremuko Zaurgarritasun Indizearen eta kalkulatutako ikastetxearen Zaurgarritasun Indizearen arteko aldea ehuneko 10 puntutik gorakoa denean, gutxieneko plazen erreserba ikastetxeko ikasle zaurgarrien ehunekoaren azken datuaren berdina izango da, gehi ehuneko 10 puntu.
Zaurgarritasun-indizea Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak egin eta haren webgunean argitaratuko du, eta zaurgarritasun sozioekonomiko oso handia eta HPBak (hezkuntza-premia bereziak) dituzten ikasleetan oinarrituta kalkulatuko da, onartzeko prozesuan parte hartzen duten ikasleak aintzat hartuta.
Hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleak zehazteko, eskatzaileek, izena emateko aldian zehar, eskatutako informazioa eman beharko dute, eskabidea ebaluatu ahal izateko hezkuntza-laguntzako berariazko premiei dagokienez, azaroaren 2ko 132/2022 Dekretuak aldatutako 1/2018 Dekretuaren 20. artikuluan deskribatzen den moduan.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariek ikastetxe bakoitzari jakinaraziko diote, eskatzaileen zerrendarekin batera, ikasturte bakoitzean gorde behar den hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen ehunekoa.
Plazak gordeko dira itxarote-zerrenden indarraldia amaitu arte.
Seigarrena. Atxikitako ikastetxeetan ikasleak onartzeko lehentasunak.
Soilik Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten eta ikasleak urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuan xedatutakoarekin bat onartzen dituzten ikastetxe baimenduetako ikasleek lehentasuna izango dute ikastetxe horri atxikitako Haur Hezkuntzako bigarren zikloko ikastetxeetan sartzeko, eta ikastetxe horietan onartuak izango direla bermatuko da baldin eta bertan plaza nahikoa badago.
Haur Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleak zein ikastetxetan dabiltzan, ikastetxe horri atxikitako Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan izango dute lehentasuna, eta ikastetxe horietan onartuak izango direla bermatuko da baldin eta bertan plaza nahikoa badago.
Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleak zein ikastetxetan dabiltzan, ikastetxe horri atxikitako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan izango dute lehentasuna, eta ikastetxe horietan onartuak izango direla bermatuko da baldin eta bertan plaza nahikoa badago.
Musika eta dantzako ikasketa arautuak eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasketak batera ikasten dituzten edo errendimendu handiko kirol-programak jarraitzen dituzten ikasleek lehentasuna izango dute onartuak izateko Hezkuntza Sailak zehazten dituen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan; gainera, bermatuta izango dute horietara joateko aukera, baldin eta horietan nahikoa plazarik bada. Apartatu honetan jasotako ikasleek lehentasun-eskubideaz baliatzeko, ikasleentzat aurreko apartatuan jasotzen diren eskubideak bete behar dituzte. Paragrafo horretan aipatzen diren ikastetxeak Aginduaren III. eranskinean agertzen dira. Ez da beharrezkoa izango justifikazio-agiria aurkeztea, baldin eta ikaslea EAEko Musikako irakaskuntza arautuko ikastetxe batean matrikulatuta badago.
Lehentasunak kontuan hartuko dira baldin eta ikastetxe eta eredu atxikiak lehentasunezko eskabideak badira, hau da, baldin eta atxikitutako ikastetxe eta ereduak hurrenkerako lehenengo postuetan eskatzen badira. Ondorioz, eskubide horri uko egingo zaio ikastetxe eta eredu atxikietan egindako eskaeretan, atxiki gabeko ikastetxeetan edo ereduetan egindako eskaerak baino lehentasun-maila txikiagoa dutenean, aurreko apartatuan aipatzen diren ikasleak izan ezik, baldin eta III. eranskinean agertzen diren ikastetxeak eskatzen badituzte.
Aurreko ataletan jasotako ikasleek ez dute baremoko atalei buruzko dokumentaziorik aurkeztu beharko. Derrigorrean barematu behar denean, eskatuko diete ikastetxeek dokumentazio hori aurkezteko.
Zazpigarrena. Ikasleak onartzeko prozesuari buruzko informazioa.
Onartzeko eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen, ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek ondoko informazioa emango diete argibideak eskatzen dituzten ikasleen guraso edo tutoreei, eta ikastetxeko iragarki-taulan ere honako informazio jarriko dute:
Ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko araudia.
Ikastetxearen eragin-eremuak eta haren mugakideak.
Eskabideak egiteko epeak.
Prozesuaren egutegia, eta, horren baitan, besteak beste, onartuta eta baztertutako ikasleen zerrendak argitaratzeko egunak, erreklamazioak jartzeko epeak eta eskabideari uko egiteko epea.
Ikastetxearen Eskola-kontseiluak puntuazioak emateko finkatutako irizpideak. Eskabideak aurkezteko epea hasi baino lehenago Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzari irizpideok jakinarazteko bidalitako idazkiaren kopia jarriko da iragarki-taulan.
Eskabideak aurkezteko epean ikastetxeko idazkaritzak jendeari erantzuteko duen egutegia eta ordutegia.
Onartzeko prozesuan maiz egiten diren galderen erantzunak dituen agiria.
Zortzigarrena. Eskatzaileak eta eskabidea bideratzeko erak.
Eskabidea ikaslearen aitak, amak edo tutoreak aurkeztuko du.
Honako bi moduetako batean aurkeztu ahalko dira eskabideak:
Online, Hezkuntza Sailak horretarako prestatutako aplikazio informatikoaren bitartez (Ikasgunea).
Hautaturiko ikastetxeko idazkaritzan lehenik, zeinak aplikazio informatikoan eskatzaileak eskabidean emandako datuak sartzeko ardura izango baitu.
Online eskabidea.
Online eskabidea otsailaren 24ko 24:00etara arte aurkeztu ahal izango da; ordutik aurrera, aplikazioa ez da aktibo egongo. Aplikazioan sartzeko, «Ikasgunea» ataria (https://ikasgunea.euskadi.eus) erabili beharko da.
Eskabidearekin batera, beharrezkoak diren dokumentuak erantsiko dira, bai derrigorrezkoak, bai baremazio-prozesuan puntuak egiaztatzen dituztenak.
Eskabidea bete eta gorde ondoren, lehenengo tokian hautaturiko ikastetxera bidaliko du informatika-aplikazioak, eta horrek bideratuko du. Eskatzaileak nahi duenean jaso ahal izango du eskabidearen frogagiria, eta zirriborrotzat hartuko da ikastetxeak izapideak egin arte.
Eskabideari alta eman ondoren, eskatzaileek aplikazioan jasotako datuak aldatu edo zuzendu ahal izango dituzte otsailaren 24ra arte. Lehenengo lekuan eskatutako ikastetxea eskabidea izapidetzen hasi delako, aldaketarik edo zuzenketarik ezin bada egin, ikastetxe horrekin jarri beharko da harremanetan.
Eskabidea ikastetxean bertan egitea.
Eskatzailea lehen tokian eskatutako ikastetxera joango da, idazkaritza-orduetan, otsailaren 24ra arte egun hori barne hartuta, eta aurkeztu nahi duen dokumentazioa eramango du.
Eskabidearen datuak sartu eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, ikastetxeak eskatzaileari inprimaki bat erakutsiko dio; bertan, honako datu hauek jasoko dira: datu pertsonalak, egindako eskaerak, baremaziorako argudiatu diren arrazoiak, eta eman diren dokumentuak zeintzuk diren.
Eskatzaileak, berriz, sartutako datuak aztertuko ditu, eta, konforme baldin badago, inprimakia sinatuko du. Ikastetxeak, orduan, eskatzaileak sinatutako inprimakia zigilatu eta lehen sartutako datuak balioztatuko ditu. Inprimaki hori, sinatuta eta zigilatuta dagoenean, eskatzaileak egindako eskabideen frogagiria eta egiaztagiria izango da.
Eskatzaileek otsailaren 24ra arte (egun hori barne) izango dute aukera gordetako daturen bat aldatzeko edo zuzentzeko. Eskabidea zer ikastetxetan entregatu, ikastetxe horrek egin beharko ditu aldaketak. Data horretatik aurrera ez da zuzenketarik onartuko.
Dagokion zuzenketa egiteko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik eman zitzaion jatorrizko inprimakia, sinatuta eta zigilatuta, aurkeztea. Egin beharreko zuzenketak egin ondoren beste inprimaki bat emango zaio, sinatuta eta zigilatuta; orduan, zaharra apurtu eta datu berriak baliozkotuko dira.
Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu edo eskatutako nahitaezko agiri guztiak ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren agiriak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera.
Eskabidea sistema informatikoan grabatutakoan, horren tramitazioa bi erara jarraitu ahal izango da: aurrez aurre edo online.
Bederatzigarrena. Izapideak egitea.
Onartzeko eskabidea bakarra izango da eta, bat baino gehiago aurkezten badira ikastetxe batean edo hainbat ikastetxetan, eskatzailearen aukeratzeko eskubidea galduko da. Dena den, hori gertatuko da interesdunarekin derrigorrezko entzunaldia izan ondoren. Ondorioz, bikoiztutako eskabideak azkenengoz izapidetuko dira, epean aurkeztutako gainerako eskabideei plazak adjudikatu eta gero.
Epez kanpo ez da eskabiderik onartuko. Ikastetxeek epean aurkezten diren matrikula-eskabide guztiak onartu eta izapidetu beharko dituzte, eskatutako mailan eta ereduan eskola-plaza nahikoak egon ala ez, eta, dagokienean, baremoa ezarriko dute.
Haur Hezkuntzako maila bat egin nahi duten ikasleek ikasturtea hasi den urtean duten adinari dagokion maila eskatu beharko dute. Ikasle eskatzailea Haur Hezkuntzako bigarren zikloko hirugarren maila edo Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila bat egiten ari bada, une horretan egiten ari dena baino maila bat gorago onartzeko eskatu behar du. Azken kasu horretan sartzen diren eta Euskal Autonomia Erkidegoa ez den beste leku batetik datozen ikasleek egindako ikasketen ziurtagiria aurkeztu behar dute, argi eta garbi adieraziz zer maila egiten ari diren une horretan.
Hala ere, urte naturaleko azken lauhilekoan gertatutako muturreko prematuritate eta prematuritate handiko kasuetan eta lehen aldiz hezkuntza-sisteman sartzean, Haur Hezkuntzako edozein mailatan onartu ahal izango da, adinagatik dagokiona baino maila txikiago batean. Horretarako, honako prozedura hau jarraituko da:
3. artikuluan adierazitako eskabideak aurkezteko epearen barruan, hori egiaztatzeko txosten medikoa aurkeztuko da.
Lurralde-ordezkariak Hezkuntza Ikuskaritzaren txostena eskatuko du, eta horrek prozedura kasura egokitzen ote den eta haurraren eta familiaren eskubideak errespetatu ote diren baloratu beharko du.
Amaitzeko, Hezkuntza Ikuskaritzaren txostena eta txosten medikoa ikusita, lurralde-ordezkariak eskaeraren izapideak baimendu edo ukatzeko ebazpena emango du, zuzendutako adinarekin bat. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, hilabete bateko epean, Hezkuntzako sailburuaren aurrean.
Eskabidean, lehentasun-ordenari jarraikiz, aukeratutako ikastetxeak adieraziko dira, mugarik gabe kopuruan. Eskaera bakoitzean ikastetxe bat eta hizkuntza-eredu bat aukeratuko da.
Ikastetxe batek ez badu eskaintzen eskakizuneko hizkuntza-eredu lehenetsia, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak aztertuko du maila eta eredu horretako taldea sortzeko aukerarik baden ikastetxean bertan edo inguruan, betiere behar adina eskabide badaude eta plangintzak posible egiten badu. Dena den, ikasleak parte hartuko du onartzeko prozesuan, eskaintzen diren ereduetan egin dituen gainerako eskabideekin.
Halaber, Lurralde Ordezkaritzek kudeatu beharko dituzte ematen ez diren ikasketak edo hizkuntza-ereduak bakarrik eskatzen dituzten eskabideak. Horretarako, eskabide horiek erregistratu diren ikastetxeei eskatuko diete eskabide horiek beraiek bidaltzea, eskabidean adierazitako ikastetxeek eskabide bera barematu dutela egiaztatuta aplikazio informatikoan.
Eskabidearekin batera, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko da, nahitaez:
Ikaslearen familia-liburuko fotokopia, edo jaiotza-agiria.
Eskaera egiten duen pertsonari (aita edo ama) dagokion familia-liburuko fotokopia edo pertsona hori ikaslearen legezko tutorea dela egiaztatzen duen agiria.
Eskabidea egiten duen lagunaren NANaren edo AIZren fotokopia: aitarena edo amarena, edo legezko tutorearena. Ez da aurkeztu beharko online izapidetuz gero eta agiri hori nortasun-datuak kontsultatzeko zerbitzuak baliozkotzen badu.
Familiaren bizilekuaren ziurtagiria (ikaslearena, aitarena, amarena, edo tutorearena), gehienez hiru hilabeteko antzinatasunekoa eta Udalak egindakoa.
EAEtik kanpo eskolatutako ikasleen kasuan, egindako ikasketen ziurtagiria, argi eta garbi adieraziz zer maila egiten ari diren une horretan.
Ikaslea etxean hartu bada, egoera hori egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala.
Banandutako edo dibortziatutako familiek Hezkuntza Sailak ezarritako protokoloa betetzen dutela egiaztatzen duen agiria (adibidez: ezkontide ohiaren baimen idatzia, ebazpen judiziala edo eskabidea bermatzen duen behin-behineko neurria, etab.).
Muturreko prematuritate edo prematuritate handiagatik maila txikiago batean onartzeko eskabidearen kasuan, bederatzigarren Instrukzioko 4. apartatuan adierazitako baldintzetan, eskaera hori ziurtatzen duen txosten medikoa.
Hezkuntza-laguntzako berariazko premiei buruzko galdetegia, behar bezala beteta.
Aitortutako Hezkuntza Premia Bereziei buruzko diagnostikoa, halakorik izanez gero.
Halaber, baremoko edozein apartaturen puntuazioa eskatzen denean, behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.
Aurrez aurreko tramitazioan, dokumentazio guztia (bai derrigorrezkoa bai baremazioan puntuak lortzeko beharrezkoa dena) lehenengo eskatu den ikastetxean aurkeztuko da, beste edozein ikastetxek eman behar dituen baremazio-puntuak egiaztatzen dituen dokumentazioa izan ezik. Hori ikastetxe bakoitzaren idazkaritzan aurkeztu beharko da, lehenengo eskatu den ikastetxean eskabidea erregistratu ondoren. Horretarako, eskabidean adierazita egon behar dira puntuazioa eskatzen den ikastetxe bakoitzaren baremoko apartatuak.
Familia-bizilekuari edo lantokiari dagozkion puntuak egiaztatzeko, dagozkion ziurtagiriak lehenengo eskabidean aukeratutako ikastetxean aurkeztea aski izango da, eta eskabide guztietarako baliagarriak izango dira, puntuazioa guztietan alda daitekeen arren. Aplikazio informatikoak, eskabidea bakoitzeko, puntuazio hoberena adjudikatuko du ziurtagiriak kontuan hartuta.
Internet bidezko tramitazioan, dokumentazio guztia eskaneatuko da eta, ondoren, eskabidearekin batera bidali beharko da Hezkuntza Sailak abian jarritako aplikazio telematikoaren bitartez.
Eskabideak onartzeko epea amaitu ondoren ez da beste agiririk onartuko. Apartatu edo azpiapartatu batean puntuatzeko balio duten agirietako bat aurkezten ez bada, batere punturik gabe geratuko da apartatu edo azpiapartatu hori. Horrek ez du eskabidea baliogabetzen, ez eta gainerako apartatuetako edo azpiapartatuetako puntuazioak ere.
Hezkuntza Administrazioak noiznahi egiaztatu ahal izango du ekarri zaizkion dokumentuen benetakotasuna.
Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek, matrikulatzea eta eskolatzea ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuaren 7. artikuluan zehaztuta dagoena, egoera horren berri eman beharko diote ikastetxeari eskabidea aurkeztean, dagokien plaza eta behar dituzten laguntzak bideratzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko zein itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzea arautzen duen urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 25. artikuluak, baremazioan egon litezkeen berdinketak hausteko, ausazko prozedura bat egitea agintzen du, hezkuntzako eskumena duen sailak zehaztuko duena.
Xedapen hori betetzeko, eskabidearen datuak balioztatzeko unean, aplikazio informatikoak ausazko hurrenkera-zenbaki bat esleituko dio eskabideari: 1 eta 999999ren arteko zenbaki oso bat, alegia. Zenbaki hori erabiliko da egon litezkeen berdinketak hausteko; betiere, gainerako irizpide guztiak aplikatuta ere berdinketak bere horretan badirau. Kasu horretan, aplikazio informatikoak eskabide guztiak txikienetik nagusienera ordenatuko ditu, eta txikienari emango dio lehentasuna.
Familia berekoak ikastetxe berera joan ahal izatea ez oztopatzeko, elkarrekin bizi diren bi anai-arreba hezkuntza-maila berean daudenean eta baremo-puntuazio bera dutenean, ausazko prozeduran emaitza okerrena lortu duen anai-arreba emaitza onena atera duenaren ondoan jarriko da zerrendan, hurrengo postuan.
Eskabideko datuak aldatuta ere, inoiz ez da aldatuko hurrenkera-zenbaki hori, hots, eskabidea lehenengo aldiz egin zenean ausaz esleitu zitzaiona.
Martxoaren 14an, ikastetxeek eskatzaileen zerrendak argitaratuko dituzte, etapa, kurtso eta hizkuntza-ereduen arabera antolatua. Zerrenda horretan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailara pasatzeko bermea duten Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak sartuko dira, Agindu honen 2. artikuluaren hirugarren paragrafoan ezarritakoari jarraituz.
Gardentasuna eta onartzeko prozesuaren parte-hartzaileen datu pertsonalen babesa batzeko asmoz, zerrenda Hezkuntza Sailaren atarian jakitera emango da, «Ikasgunea» (https://ikasgunea.euskadi.eus). Bertan, nortasuna egiaztatuta, eskatzaileek eskura izango dituzte eskabidean adierazitako ikastetxeen, mailen eta ereduen zerrenda.
Ikastetxeek ez dute publikoki erakutsiko zerrenda, baina eskatzaileek banako sarbidea izango dute behin-behineko zerrenden argitalpen-dataren bezperara arte.
Onartzeko prozesuan atzera egin ahal izango da apirilaren 4ra arte. Atzera egiteak eskubidean jasotako eskaera guztietan du eragina. Eskabidea online izapidetu bazen, hala egingo da atzera ere, «Ikasgunea» atarian sartu ondoren. Eskabidea aurrez aurre izapidetu bazen, atzera egiteko idatzia aurkeztu beharko du eskatzaileak, eskabidea aurkeztu zuen ikastetxean. Ondoren, ikastetxeak idazki hori artxibatuko du egin zen eskabidearekin batera.
Hamargarrena. Baremazioa.
Ikastetxeak ez ditu eskabideak barematu beharko, ez hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzat gordetako plazei eta ez gainerako plazei dagokienez, baldin eta, lehentasun-ordena edozein izanda ere, maila eta hizkuntza-eredu baterako jasotako eskaeren kopurua kasu bakoitzean eskuragarri dagoen plaza-kopurua baino txikiagoa bada.
Maila eta hizkuntza-eredu jakin batean jasotako eskaeren kopurua, horien lehentasun-ordena edozein dela ere, plaza eskuragarrien kopurua baino handiagoa bada, ordea, ikastetxe publikoen Eskola Kontseiluak edo itunpeko ikastetxeen titularrak, ikastetxeko Eskola-kontseiluak gainbegiratuta, jaso dituen eskaerak barematuko ditu, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuan aipatzen diren baremoaren eta hori aplikatzeko arauen zein jarraibide hauen arabera.
Lehenengo eskatu den ikastetxeak apartatu guztiak barematu beharko ditu. Bestalde, eskabidean aipatu diren beste ikastetxeek Agindu honen V. eranskinean agertzen diren a), d), i), eta h) apartatuak barematuko dituzte.
Hamaikagarrena. Eskatutako ikastetxean edo atxikitako ikastetxean ikasten duten senideak izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
Apartatu honi dagokion puntuazioa eskatzaileak eskatutako ikastetxean edo atxikitako batean elkarrekin bizi diren anai-arreba bat edo gehiago matrikulatuta izateagatik emango da. Bizikidetza hori justifikatuko da Udalak gehienez ere hiru hilabete lehenago emandako familia-bizilekuaren ziurtagiriaren bidez.
Puntuazio hori ez da metatuko eskatutako ikastetxean lan egiten duten senideengatik emandakoarekin (hamalaugarren Instrukzioa).
Apartatu honetan hartuko dira kontuan Hezkuntza Sailak arautako onartzeko prozesuko mailaren batean matrikulatuta dauden anai-arrebak bakarrik.
Apartatu honetako puntuak lortu ahal izateko, egoera hau 2021-2022 ikasturtean gertatu behar izan da.
Anaia edo arreba, aita edo ama dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da.
Apartatu honi dagokion puntuazioa ematean, anai-arrebatzat joko dira familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harreran dauden adingabeak ere.
Halaber, ikaslearen zaintza soilik gurasoetako batek bakarrik badauka, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat joko da. Pertsona horren seme-alabak ere anai-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.
Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.
Hamabigarrena. Bizitokiaren gertutasunari, edo aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokiaren gertutasunari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
Apartatu honi dagokion puntuazioa Agindu honetako IV. eranskinean jasotako bost azpiapartatuetako batengatik bakarrik emango da. Eskatzaileek azpiapartatu bat aukeratu beharko dute puntuazioa lortu ahal izateko.
Ikaslea aitarekin, amarekin edo legezko tutorearekin bizi den lekua izango da familiaren bizilekua. Familia-bizilekua egiaztatzeko, ikaslea aitarekin, amarekin edo legezko tutorearekin bizi dela egiaztatzen duen errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko da.
Aita edo ama dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.
Bizilekuaren gertutasunari dagozkion puntuak errolda-ziurtagirian ageri den bizilekuari esleituko zaizkio, betiere hezkuntza-administrazioak ebazten ez badu jarraian adieraziko dena aplikatuta puntu horiek ez direla eman behar.
Errolda-ziurtagiriak, aurkako frogarik ezean, bizilekuaren presuntzio-balioa du. Badira froga-elementuak presuntzio hori hutsaldu dezaketenak, hala nola ur-, elektrizitate-, gas- edo telefono-horniduren titulartasuna eta kontsumoak, erroldaren datu historikoak, elkarrekin bizi diren pertsonak, dokumentu fiskalak, adierazitako bizilekua jasotzen duten banketxeetako edo zerbitzu-hornitzaileen dokumentuak, beste etxebizitza batzuk jabetzan izatea eta erabiltzea, eta egiazko bizilekua eta errolda-ziurtagirian adierazitakoa bat ez datozela ondorioztatzera eraman diezaguketen bestelako dokumentu publiko edo pribatuak.
Ikastetxe edo maila bateko onartzeko prozesuan parte hartzen duen pertsona batek erreklamazio bat aurkezten badu hezkuntza-administrazioaren aurrean beste parte-hartzaileren batek bizilekuaren gertutasunaren apartatuan jasotako puntuazioarengatik, erreklamazioan adieraziko ditu hori jartzeko arrazoiak edo zantzuak. Ondoren, hezkuntza-administrazioak, puntuazioan zalantzak dituenean, eskatzaileari dokumentuak edo bestelako elementuak aurkezteko eskatuko dio, bizitokia egiaztatzeko.
Errekerimendua jaso duen pertsonak ez badu aurkezten dokumentazio edo froga-elementu osagarririk horretarako emandako epean, hau da, eskatzailearen frogatze-jarduera osagarririk ez badago, nahikoa arrazoi izango da aipatutako puntuak ez esleitzeko, betiere, errekerimenduaren jakinarazpena jasota geratu bada espedientean. Horrelako egoeretan, edo aurkeztutako dokumentuak ez badira nahikoak froga modura, hezkuntza-administrazioak berariazko ebazpena emango du bizilekuaren gertutasunari dagozkion puntuak ezin direla esleitu adierazteko.
Ebazpen horrek zer zio konkretutan oinarritzen den adieraziko du, eta gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio.
Eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan dagoenean aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokia, eskabidea aurkeztean, bizitokiaren gertutasunaren ordez, egoera hori baloratzea eskatu ahal izango da.
Horrela egiten bada, besteen konturako langileen kasuan, aitak, amak edo legezko tutoreak lan egiten duen enpresako titularrak edo arduradunak ziurtagiria egin beharko du, egoera hori egiaztatzeko.
Jarduera norbere kontura egiten bada, lantokia egiaztatuko da Jarduera Ekonomikoen Zergan altan egotearen ziurtagiriaren bidez. Indarreko araudiari jarraikiz, Jarduera Ekonomikoaren Zergan altan egotea derrigorrezkoa ez bada, dagokion udalak egindako irekitze-baimenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.
Lantokia ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik ematen den puntuazioa zenbatzean, zaintza duen gurasoaren legezko bikotekidea ere ikaslearen gurasotzat hartuko da.
Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala aurkeztu behar da.
Eskatutako ikastetxearen eragin-eremu mugakidean dagoenean aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokia, ez da kontuan hartuko.
Aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokia ikastetxetik gertu egoteagatik lortutako puntuazioa ez da bateragarria izango bizitokiaren gertutasunari dagokionarekin, ez eta ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatu den ikastetxean lan egiteagatik lortutako puntuazioarekin ere.
Eragin-eremuaren kontzeptu horietako bakar bategatik ere punturik lortu ez dutenek, baldin eta ikastetxea kokatuta dagoen udalerrian bizi badira, atal honetan puntu bat lortzeko eskubidea izango dute. Bizilekua EAEren barruan badute, baina ikastetxea dagoen udalerritik kanpo, puntu erdi emango zaie.
Atal honetan xedatutakoaren ondorioetarako egin behar diren distantziei buruzko zehaztapen guztiak egiteko, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren (DEA) erreferentziazko geoatarian (GeoEuskadi) dauden datuak erabiliko dira.
Hamahirugarrena. Familia-unitatearen urteko errentei dagokien baremoko apartatua aplikatzeko arauak, eta seme-alaben kopuruaren eragina.
Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren eranskinean adierazitako puntuak lortzeko behar diren diru-sarrera konputagarriak izango dira familia-unitateko kide guztiek 2021eko zerga-ekitaldian izandako zerga-oinarri orokorrari eta aurrezkiaren zerga-oinarriari dagozkionak. Baremoko atal honetan punturik lortzeko, zerga-oinarriak ez du 13.370,00 euroko muga gainditu beharko. 2021eko lanbide arteko gutxieneko soldatari dagokio kopuru hori. Horren ondorioz, puntu horiek lortu nahi dituzten eskatzaileek hezkuntza-administrazioari baimena eman beharko diote dagokion foru-ogasunean hori egiaztatu dezan.
Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ez diren eskatzaileek familia-unitateko diru-sarreren puntuak lortzeko eskubidea eskuratu nahi badute, familia-unitateko kide guztien 2021eko banakako errenta-aitorpenen kopia aurkeztu beharko dute edo, hala badagokie, baterako aitorpena. Familia-unitateko kideren batek, zerga-araudiari jarraituz, urte horretan errenta-aitorpena egin ez badu, ogasunak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da aitorpena egin ez dela egiaztatzeko.
Jarraibide honen aurreko apartatuetan ezarritakoaren ondorioetarako, familia-unitatetzat hartuko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duten kasuan kasuko foru-arauetan ezarritakoa. Horretaz gainera, familia-unitatetzat hartuko da onartzeko eskabidearen helburu den adingabea, familia-liburuan ageri diren gurasoekin batera, non eta ez den egiaztatzen, hitzarmen arautzaile bidez, adingabearen zaintzaren gaineko ardura banatuta dagoela.
Ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa gertatuz gero, edo izatezko bikotearen bizikidetza deseginez gero, baremoa aplikatzerakoan, ikaslearen zaintza ebazpen judizial irmo bidez edo hitzarmen arautzaile bidez esleitua duenaren errenta baino ez da aintzat hartuko. Berdin jokatuko da tutoretza judizialaren, familia-harreraren edo antzeko babes-neurrien kasuan, halakoetan gurasoak ez diren beste pertsona fisiko batzuen esku geratzen baita ikasle adingabearen zaintza. Edozein administrazio publikok tutoretza badauka, irizpide horretan, gehieneko puntuazioa ezarriko da.
Anai-arreben kopurua familia-liburuaren, jaiotza-agiriaren edo harreman hori egiaztatzen duten bestelako dokumentuen kopiarekin egiaztatuko da. Bakarrik eskatzailearekin bizi diren adingabeko anai-arrebak hartuko dira kontuan.
Hamalaugarrena. Eskatutako ikastetxean lan egiten duten senideak izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
Apartatu honi dagokion puntuazioa emango da eskatzailearen aitak edo amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean edo atxikitako batean lan egiten badu. Puntuazio hori ez da metatuko eskatutako ikastetxean edo atxikitako batean ikasten duten senideengatik emandakoarekin (hamaikagarren Instrukzioa).
Apartatu honetako puntuak lortu ahal izateko, egoera hau 2021-2022 ikasturtean gertatu behar izan da.
Hamabosgarrena. Familia ugariko kide izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
Eskatzailea EAEn bizi bada eta familia ugariko kidea dela adierazten badu, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari galdetuko zaio kategoria hori lortzeko eta ondoren emango zaio dagokion puntuazioa. Egoera hori egiaztatu ezin bada, eskatzaileak ezarritako epean aurkeztu beharko du frogagiria «Ikasgune» atarian, izapidea online egin bada, eta lehenengo eskaria egin duen ikastetxean, eskaria aurrez aurre tramitatu bada.
Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ez badira, familia ugaria dela egiaztatzeko, bizi diren autonomia-erkidegoak emandako titulu ofiziala aurkeztuko da.
Hamaseigarrena. Guraso bakarreko familiako kide izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
Agindu honen ondorioetarako, guraso bakarreko familia izango da ikaslearen guraso-ahala pertsona bakar batek duenean edo bi pertsonek izan arren, ikaslearekin bizi den beste gurasoarekiko urruntze-agindua duenean, betiere ikaslearekin bizi den eta guraso-ahala duen gurasoak ez badu legezko bikotekidea den beste hirugarren pertsona batekin lotura berririk.
Familia-liburuaren kopia, Erregistro Zibileko ziurtagiria, urruntze-aginduaren kopia edo beste agiri ofizial batzuen bidez egiaztatuko da.
Hamazazpigarrena. Erditze anizkoitzean jaiotako ikasleari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
Apartatu honi dagokion puntuazioa erditze anizkoitzean jaiotako anai-arreben kasuan emango da, baldin eta guztientzat aukera berak eskatzen badira, hurrenkera berean.
Egoera hori egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia, jaiotze-agiria edo beste agiri ofizial batzuk aurkeztuko dira.
Hemezortzigarrena. Ikastetxearen Eskola-kontseiluak ezarri duen beste edozein egoerari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
Eskola-kontseiluek irizpide bat edo bat baino gehiago ezarri ahal izango dute, hala nahi izanez gero, eskatzaileei gehienez 1 puntu osagarri emateko.
Puntuazio gehigarri hori emateko irizpideak objektiboak izan beharko dira, eta ez dira baztertzaileak izango jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal edo sozialengatik. Irizpideak eta horiek egiaztatzeko baldintzak ikastetxearen organo eskudunak onetsiko ditu.
Irizpide horiek dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak balioztatu beharko ditu. Horretarako, ikastetxe bakoitzak, martxoaren 10era bitartean, puntuazioa emateko irizpideak zehazten dituen agiria atxiki beharko du onartzeko aplikazio informatikoan.
Irizpideak eta horiek egiaztatzeko baldintzak eskabideak aurkezteko epea ireki aurretik kontsultatu ahalko dira «Ikasgunea» (https://ikasgunea.euskadi.eus) atarian edo ikastetxearen iragarki-taulan.
Puntuazioa kontzeptu batengatik edo bat baino gehiagorengatik eman ahal izango da. Hainbat kontzepturengatik ematen denean, horien artean banatu ahal izango da, edo zuzenean eman horietako bat betetzen bada.
Puntuazio osagarri hau emateko irizpideak desberdinak izan daitezke kurtsoko edo hezkuntza-mailako.
Apartatu honen puntuazioa emateko bete behar diren irizpideen artean, baremoaren beste apartatuei dagozkien kontzeptu bat edo bat baino gehiago sar daitezke. Horrela, horien puntuazioak gora egingo du nahi den neurrian, kontuan hartuta, guztira, apartatu horrengatik ezin dela puntu osagarri bat baino gehiago eman.
Apartatu horretarako onartu diren irizpideen artean ezin dira ezarri jaiotzan, arrazan, sexuan, erlijioan, iritzian, edo beste egoera edo baldintza pertsonal edo sozial batzuetan oinarritutako irizpide baztertzaileak. Gainera, ezingo da puntuaziorik eman horretarako antolatutako proben edo azterketen ondorioz.
Eskola-kontseiluek ezarri behar dituzte bete behar diren baldintzak, apartatu honetan ezarri diren irizpide guztiak bete direla onartu ahal izateko.
Instrukzio edo jarraibide honetan ezarritakoa betetzen ez duten ikastetxeek ezin izango dute baremoaren puntuazio hau aplikatu: Eskola-kontseiluak zehazteko beste inguruabarrei dagokiena.
Hemeretzigarrena. Kooperatiba-bazkide izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
Apartatu honi dagokion puntuazioa emango da eskatzailearen aita edo ama edo legezko tutorea eskatutako ikastetxeko kooperatiba-bazkide bada.
Egoera horren ziurtagiria aurkeztu beharko da egiaztatzeko.
Hogeigarrena. Ikaslearen desgaitasunari, edo aita, ama edo legezko tutorearen, edo anai edo arrebaren baten desgaitasunari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
Apartatu horri dagokion puntuazioa emango da V. eranskinean aurreikusitako bi aukeretako edozeinengatik:
Puntuazio hori emango da, baldin eta % 33ko desgaitasuna edo handiagoa badu. Nahiz eta bi edo gehiago izan desgaitasuna duten eta hortaz kontzeptu honengatik puntuazioa lortzeko aukera ematen duten pertsonak, haietako bakar batengatik baino ez dira emango puntuak.
Lurralde historikoko foru-aldundiko gizarte-ekintzako departamentuak edo Estatuko organo baliokideak emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da desgaitasuna. Bertan legez onartuko da eragindako pertsonak % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duela.
Anaia edo arreba, aita edo ama dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.
Apartatu honi dagokion puntuazioa ematean, anai-arrebatzat joko dira familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harreran dauden adingabeak ere.
Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzean, ikaslearen zaintza soilik guraso bakar batek badu, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen gurasotzat hartuko da. Pertsona horren seme-alabak ere anai-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.
Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.
Hogeita batgarrena. Familia-unitatea lekuz aldatzeari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak honako arrazoi hauengatik: nahitaez mugitu beharra, azken urtean familiako kideetako edozein desgaitu izana, edo genero-indarkeriaren edo terrorismo-ekintzen ondoriozko bizileku-aldaketa.
Puntuazio hori emango da epigrafean adierazitako edozein gertakarirengatik.
Egoera hori dagokion ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da.
Hogeita bigarrena. Familia-harrera egoerari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
Apartatu honi dagokion puntuazioa eskatzailea familia-harreran bizi bada emango da.
Egoera hori egiaztatzeko, dagokion foru-aldundiko gizarte-politiketan eskumena duen Sailaren ziurtagiria aurkeztuko da.
Hogeita hirugarrena. Genero-indarkeriaren biktima egoerari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
Apartatu horri dagokion puntuazioa emango da, baldin eta eskatzailea edo ikaslearen ama edo legezko tutorea genero-indarkeriaren biktima bada.
Egoera hori Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 23. artikuluan aurreikusitako moduetako batean egiaztatuko da: genero-indarkeria delitu batengatiko kondena-epaia, babes-agindua edo biktimaren aldeko kautelazko neurri bat ebazten duen beste edozein ebazpen judizial, demandatzailea genero-indarkeriaren biktima dela adierazten duten zantzuak daudela agertzen duen Fiskaltzaren txostena edo gizarte-zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo Administrazio Publiko eskuduneko genero-indarkeriaren biktimentzako harrera-zerbitzuen txostena.
Hogeita laugarrena. Terrorismoaren biktima izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
Apartatu horri dagokion puntuazioa emango da edo aita, ama edo legezko tutorea terrorismoaren biktima bada.
Egoera hori egiaztatuko da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzaren edo Estatuko edo beste autonomia-erkidego bateko antzeko erakunde baten ebazpen bidez.
Hogeita bosgarrena. Errentari dagozkion datuen egiaztapena.
Egiaztapen horren emaitzak lortzean, honela jokatu beharko da:
Eskatzaileen aitorpenak egiaztatu arte, puntuazioa egiaztapena baimendu duten pertsonei dagokiela ulertuko da, baina, egiaztapen hori egin ondoren, onartutako eta baztertutako ikasleen zerrendak osatzeko, aldaketak egin ahal izango dira.
Egiaztapenen emaitzak jaso ondoren, Ogasunaren ziurtagiriak ontzat emango dira errenta balioesteko.
Egiaztapenen emaitzak behin-behineko zerrendak argitaratu ondoren jasotzen badira, egoera hau kontuan hartuko da behin betiko zerrendak egitean.
Hogeita seigarrena. Onartutako eta baztertutako ikasleen zerrenden adjudikazioa eta argitalpena.
Barematu behar ziren eskabideei baremoa ezarri ondoren, ikastetxe bakoitzean jaso diren eskabide guztiak horrela ordenatuko dira:
Lehenik, Agindu honen seigarren jarraibidean ezartzen diren lehentasunak betetzen dituztenak.
Ondoren, beste eskabide guztiak.
Aipatutako bi talde horietako bakoitzaren barruan, eskabideak ordenatuko dira lortutako puntuazioaren arabera eta, berdinketa badago, baremoko irizpideetan lortutako puntuaziorik handiena hartuko da kontuan, banaka konparatuta eta ordena honetan:
Puntu gehien lortu duena ikastetxean edo atxikitako ikastetxean matrikulatutako anai-arreben apartatuan.
Puntu gehien lortu duena apartatu honetan: ikaslearen bizilekuaren gertutasuna, edo eskatzailearen beraren lantokiarena, edo haren aita, ama edo legezko tutorearen lantokiaren gertutasuna.
Puntu gehien duena familia-unitatearen urteko errentaren apartatuan.
Puntu gehien lortu duena eskatutako ikastetxean edo atxikitako ikastetxean lan egiten duen aita, ama edo legezko tutorearen apartatuan.
Puntu gehien lortu duena apartatu honetan: ikasleak desgaitasunen bat izatea edo desgaitasuna ikaslearen aitak, amak, legezko tutoreak edo anai-arrebaren batek izatea.
Puntu gehien lortu duena apartatu honetan: familia-unitatea lekuz aldatzea honako arrazoi hauengatik: nahitaez mugitu beharra, azken urtean familiako kideetako edozein desgaitu izana, edo genero-indarkeriaren edo terrorismo-ekintzen ondoriozko bizileku-aldaketa.
Puntu gehien lortu duena familia ugariaren apartatuan.
Puntu gehien lortu duena guraso bakarreko familiako ikasleen apartatuan.
Puntu gehien lortu duena apartatu honetan: ikasle eskatzailea familia-harreran egotea.
Puntu gehien lortu duena erditze anizkoitzean jaiotako ikasle apartatuan.
Puntu gehien lortu duena Eskola-kontseiluak askatasun osoz zehaztutako irizpideen apartatuan.
Puntu gehien lortu duena ikastetxeko kooperatiba-bazkide izatearen apartatuan.
Puntu gehien lortu duena genero-indarkeriaren biktima apartatuan.
Puntu gehien lortu duena terrorismoaren biktimen apartatuan.
Gainerako irizpideak agortu ondoren, dauden berdinketak desegiteko aplikazio informatikoak esleitutako orden-zenbakirik baxuena erabiliko da.
Hurrenkera horri jarraikiz, Hezkuntza Sailak esleipen orokorra egingo du, eta horren arabera adjudikatuko dira plaza eskuragarriak. Adjudikazio horretan, jasotako eskaera guztiak aztertuko dira, ikastetxe, maila eta hizkuntza-ereduen konbinazio guztietan, eta puntuazioaren arabera ordenatuko dira. Gehienez plaza bat adjudikatuko da eskatzaile bakoitzeko, eskabidean agertzen diren eskabideen ordena errespetatuz.
2 urteko gelarako (Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren maila) eta 3 urteko gelarako (Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen maila) egiten diren eskabideen kasuan, eskabidean adierazitako ikastetxe bakar batean ere plazarik lortzen ez bada aurreko prozesuaren ondorioz, plaza bat esleituko da eskatzailearen bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxean, ahal dela eskatzailearen eragin-eremuaren barruan, betiere plazen erreserba errespetatuz.
Gainerako ikasmailetarako egiten diren eskaeren kasuan, aurreko prozesuaren ondorioz eskabidean adierazitako ikastetxe batean ere plazarik lortzen ez bada, plaza bat esleituko da eskatzailearen etxetik hurbilen dagoen zentroan, betiere plaza libreak baditu eta, ahal dela, eskatzailearen eragin-eremuaren barruan.
Adjudikazioa amaitu ondoren, onartutako eta baztertutako ikasleen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Barematu behar izan den kasuetan, eskatzaile bakoitzak eskatzaile guztien puntuazio osoa eskuratu ahal izango du, baita berea baino puntuazio handiagoa duten eskabideen baremoko atal eta azpiatal guztien puntuazio banakatua ere.
Era berean, eskatzaile bakoitzak bere puntuazioa eskuratu ahal izango du, eskatutako ikastetxe, maila eta ereduari dagokion baremazio-irizpide bakoitzaren arabera banakatuta.
Zerrendetan, interesdunei ohartarazteko testu bat sartuko da, eta adieraziko zaie datuak onartzeko prozesuarekin zerikusirik ez duten helburuetarako tratatzea, bai eta ondoren lagatzea edo zabaltzea ere, datuak babesteko araudiaren aurkakoa dela.
Zerrenda horiek jakitera emango dira sailaren interneteko atarian, «Ikasgunea» (https://ikasgunea.euskadi.eus). Bertan, nortasuna egiaztatuta, eskatzaileek eskura izango dituzte eskabideko eskaeretan adierazitako ikastetxeen, mailen eta ereduen zerrenda. Ikastetxeek ez dute publikoki erakutsiko zerrenda, baina eskatzaileek banako sarbidea izango dute.
Behin-behineko adjudikazio-zerrendak erreklamazioak aurkezteko epea amaitu arte kontsultatu ahal izango dira, eta behin betiko adjudikazio-zerrendak gora jotzeko errekurtsoak aurkezteko epea amaitu arte.
Onartutako ikasleek zuzenean galduko dute jatorrizko ikastetxean zeukaten plaza. Egoera hau kontuan hartuko da adjudikazio-prozesuan.
Prozesua amaitu ondoren, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, onarpen-bermeen batzordea entzun eta gero, ikastetxea adjudikatuko du:
Dokumentuen bina ale aurkezteagatik baliogabetutako eskabideak dituzten ikasleentzat.
1/2018 Dekretuaren 2. artikuluak eskolatze-bermea ziurtatzen duen mailetan baztertu diren ikasleentzat (Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza), eta 2023-2024 ikasturterako ikastetxerik gabe edo haien ikastetxean jarraitzeko bermerik gabe daudenei.
Maila eta hizkuntza-eredu jakin batean plaza eskuragarririk ez dagoen ikastetxeetan, eskatutako plazarik lortu ez duten ikasleak edo lehentasun gutxiagoko plaza lortu dutenak itxarote-zerrendan sartuko dira. Beraz, plazarik lortu ez dutenek itxarote-zerrendan sartuko dira eskabide guztietarako, eta plaza lortu dutenek lehentasun handiagoko eskabideetan jarritako ikastetxeetako eta ereduetako itxarote-zerrendetan sartuko dira. Itxarote-zerrendaren iraunaldia amaituko da Agindu honen 3. artikuluan ezarri den datan.
Geroago egiten den edozein aldaketa Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak baimendu beharko du.
Prozesu horren ondorioz eskola-tokia lortu eta gero, eta ikasturteko lehen egunetan absentzia luzea gertatzen bada, gurasoek edo legezko tutoreek ikastetxeari aurretik jakinarazi eta ziurtatu beharko diote egoera hori.
Horrela egiten ez badute, eta absentzia luzatzen bada beharrezko den justifikazioa gabe, irailaren 8an ikastetxeak Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzari horren berri emango dio, eskolatze-beharra betetzen dela egiaztatu ondoren eta eskatzailearekin entzunaldia izan eta gero. Ondoren, ikastetxeak eskola-plaza eskuratuko du, eta hutsik geratuko da ondore guztietarako.
Hogeita zazpigarrena. Erreklamazioak eta helegiteak.
Behin-behineko zerrenden aurka erreklamazioak egin daitezke, ikastetxearen Eskola-kontseiluan aurkeztuta, Agindu honen 5. artikuluan xedatutako epean. Erreklamazioa Hezkuntza Sailak abian jarritako aplikazioaren bidez edo aurrez aurre egingo da. Aurrez aurreko erreklamazioaren kasuan, izapidea lehenengo eskabidean eskatutako ikastetxean (baremoaren edozein apartaturako) egin ahal izango da, edo eskatutako beste edozein ikastetxetan (horri dagozkion baremoko apartatuetarako). Hori horrela izan arren, erreklamazioa justifikatzeko aurkezten den dokumentazioa ebazpena egin den ikastetxean entregatu beharko da. Behar bezala ebazteko, ikastetxeak kontsultak egin ahalko dizkio dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren Plangintza Zerbitzuari.
Behin betiko zerrendaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio hezkuntzako lurralde-ordezkariari, zerrendak argitaratu eta hilabeteko epean. Ebazpenak administrazio-bidea agortuko du.
Aurkeztutako erreklamazioak ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu guztiak bildu ahalko ditu Administrazioak.
Prozesu hauek amaitu ondoren, ikasleak adjudikatu zaizkien ikastetxe, etapa, maila eta ereduan matrikulatuta egongo dira.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ikaslea behar bezala eskola daitekeela bermatzeko moduko epean eman beharko du ebazpena, eta azken horrek administrazio-bidea agortuko du.
Hogeita zortzigarrena. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak.
Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak onartzea dagokien mailako ikastetxeetarako ezarri diren prozeduraren eta egutegiaren mende egongo da, eta lurralde-ordezkaritzak izango dira horiek gauzatzen eta betetzen diren ziurtatuko dutenak.
Hogeita bederatzigarrena. Ondorioak.
Jarraibide hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango dituzte ondorioak.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Lehentasunezko irizpideak.
Ikastetxean edo atxikitako ikastetxe batean ikasten duten senideak egotea (kontzeptu hori ez da metatuko d) atalekoarekin: ikastetxean edo atxikitako ikastetxe batean lan egiten duten senideak).
Anai-arreba bat edo gehiago daude matrikulatuta eskatutako ikastetxean edo hari atxikitako ikastetxeren batean: 6,5 puntu.
Bizilekuaren edo lantokiaren gertutasuna (kontzeptu horiek ez dira metagarriak). Gehieneko puntuazioa: 7 puntu.
Eskatutako ikastetxea ikaslearen bizilekutik gertuen dagoen ikastetxe publikoa edo itunpeko ikastetxea da, eskatutako ikasmaila eskaintzen duena eragin-eremuaren barruan: 7 puntu.
Eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan dago ikaslearen bizilekua: 5 puntu.
Eskatutako ikastetxearen eragin-eremu mugakide batean dago ikaslearen bizilekua: 2 puntu.
Eskatutako ikastetxearen udalerrian dago ikaslearen bizilekua, baina haren eragin-eremutik eta eremu mugakideetatik kanpo: 1 puntu.
Ikasleak bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, baina ikastetxea kokatuta dagoen udalerritik eta eragin-eremu zein eremu mugakideetatik kanpo: 0,5 puntu.
Ikaslearen amaren, aitaren edo legezko tutorearen lantokia eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan egotea: 2 puntu (puntu horiek bateraezinak dira ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatu den ikastetxean edo ikastetxe atxiki batean lan egiteagatik ematen diren puntuekin).
Familia-unitatearen urteko errenta (kontzeptuak metatu egin daitezke). Gehieneko puntuazioa: 3 puntu.
2021eko errenta-aitorpenaren zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren baturak ez baditu 13.370,00 euroak gainditzen: 2 puntu.
2021eko errenta-aitorpenaren zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren baturak zenbateko hori gainditzen badu: 0 puntu.
Horrez gain, aurreko kasuetan, 0,25 puntu gehituko dira eskatzailea ez den seme-alaba adingabe bakoitzeko.
Irizpide osagarriak.
Ikastetxean edo atxikitako ikastetxe batean lan egiten duten senideak egotea (kontzeptu hori ez da metatuko a) atalekoarekin: ikastetxean ikasten duten senideak).
Amak, aitak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean edo atxikitako ikastetxe batean lan: 5 puntu (puntu horiek bateraezinak dira ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatu den ikastetxearen eragin-eremuan lan egiteagatik ematen diren puntuekin).
Familia ugariko kide izatea.
Maila bereziko familia ugariko kide izateagatik: 1,5 puntu.
Maila orokorreko familia ugariko kide izateagatik: 1 puntu.
Guraso bakarreko familia bateko kide izatea.
Ikaslea guraso bakarreko familia bateko kide izatea: 1 puntu.
Erditze anizkoitzean jaio izana. Gehieneko puntuazioa: 1,5 puntu.
Ikaslea 2 seme-alabako erditze anizkoitzean jaio izanagatik: 1 puntu.
Seme-alaba gehigarri bakoitzeko: 0,25 puntu.
Eskola-kontseiluaren ustez garrantzitsuak diren bestelako arrazoiak.
Ikastetxeko Eskola-kontseiluak ezarritako baldintzengatik, aurretik esandakoak izan daitezkeenak. Horiek irizpide publiko eta objektiboei jarraikiz eta jaiotza-, arraza-, sexu-, erlijio-, iritzi-arrazoiengatik edo beste edozein egoera edo baldintza pertsonal edo sozialengatik inor baztertu gabe ezarri dira: 1 puntu gehienez (baldintzak jakitera eman beharko dira, eta dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkariari jakinarazi, eskabideak aurkezteko epea hasi baino lehen).
Kooperatiba-bazkide izatea.
Familia-unitateko kideren bat eskatutako ikastetxeko kooperatiba-bazkide izateagatik: 0,5 puntu.
Beste batzuk:
Desgaitasuna. Gehieneko puntuazioa: 2 puntu.
Ikasle eskatzailearena baldin bada: 2 puntu.
Aitarena, amarena, legezko tutorearena edo anai-arrebaren batena baldin bada: 1 puntu.
Familia-unitatea lekuz aldatzea honako arrazoi hauengatik: nahitaez mugitu beharra, azken urtean familiako kideetako edozein desgaitu izana edo genero-indarkeriaren edo terrorismo-ekintzen ondoriozko bizileku-aldaketa: 0,5 puntu.
Familia-harrerako egoera.
Ikasle eskatzailea familia-harreran egoteagatik: 1 puntu.
Genero-indarkeriaren biktima izatea.
Ikaslea, ama edo legezko tutorea genero-indarkeriaren biktima izatea: 1 puntu.
Terrorismoaren biktima izatea.
Ikaslea, aita, ama edo legezko tutorea terrorismoaren biktima izatea: 1 puntu.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (3)
- Zuzendutakoa: HUTS-ZUZENKETA, honako agindu honena: Agindua, 2022ko abenduaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira EAEko Hezkuntza Sailaren mendeko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 2023-2024 ikasturtean izena emateko eskabideak aurkezteko egutegi komuna eta onartzeko epea, bai eta ikastetxe horietan ikasleak onartzeko jarraibideak ere.
- Ikus: 132/2022 DEKRETUA, azaroaren 2koa, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretua aldatzen duena. 1/2018 Dekretuaren bidez, ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen da hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), baita Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere.
- Ikus: 1/2018 DEKRETUA, urtarrilaren 9koa, ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen duena hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), baita oinarrizko lanbide heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere.