Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 18koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena; horren bidez, landa-eremuen garapenerako eta dibertsifikazio ekonomikorako 2016ko ekitaldirako laguntzen deialdia egin da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 102
  • Hurrenkera-zk.: 2321
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2016/05/18
  • Argitaratze-data: 2016/05/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia; Nekazaritza eta arrantza; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Landa Ingurunearen Garapenerako Legearen (apirilaren 8ko 10/1998) landa-garapeneko politikaren xede orokorrak honako hauek dira: euskal nekazaritzaren eta landa-ingurune osoaren funtzioaniztasuna eta iraunkortasuna, landa-ingurunearen berezko ezaugarri nagusiei eustea eta nekazaritzak eta landa-eremuko enpresek eta ekonomia-egiturek lehiatzeko duten gaitasuna sustatzea eta hobetzea.

Hori kontuan hartuta, Agindu honek 2016ko ekitaldirako landa-eremuen ekonomiaren dibertsifikaziorako, eremu horretan enplegua sustatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako inguruneak garatzeko diru-laguntzen deialdia egiten du.

2016ko ekitaldi hau, aurreko ekitaldia bezala, trantsizio-urtetzat har daiteke, Europar Batasunak ezartzen dituen 2007-2013 eta 2014-2020 programazio-aldien artean. Horrek aldaketa orokorra ekarri du Europako Erkidegoko araudian, baita nekazaritzaren eta landa-garapenaren arloan ere, eta, beraz, horren ondorioz, estatuko eta eskualdeetako administrazioek arau-esparru berrira egokitu behar dute. Hala ere, programazio-aldi berrira egokitzeko prozesu horretan murgilduta bagaude ere, ezinbestekoa da Euskadiko landa-garapenaren helburuak lortzeko funtsezkotzat jotzen ditugun zenbait ildori jarraipena ematea.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emango dira 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduari, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzekoari, jarraikiz; laguntza, gehienez, 200.000 eurokoa izango da enpresa bakoitzeko, hiru zerga-ekitalditan.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekitaldi ekonomiko bakoitzean EAEko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, programen diru-laguntzak emateko arauak eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarriko dira, eta kasuan kasuko deialdia egingo da bere garaian izaera mugagabez arautu zirenentzat.

Bestalde, abenduaren 23ko 9/2015 Legearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren.

Ondorioz, hau

Lehenengoa. Xedea, izaera eta esparru geografikoa.

  1. Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako ekonomia dibertsifikatzeko eta landa-eremuak garatzeko laguntzen deialdia egitea 2016ko ekitaldirako.

  2. Agindu honen esparruan ematen diren laguntzak ez dira izango itzuli beharrekoak.

  3. Ebazpen-ataleko zazpigarren puntuko b letran dibertsifikazio-jardueretarako ezarritakoa gorabehera, lurraldeko aplikazio-eremuak Hazi Fundazioak prestatutako «Nekazaritza Eremuen Definizio Teknikoa» azterlanean identifikatutako Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremu guztiak barne hartuko ditu. Hauek bereizten dira:

    1. Landatartasun-maila handieneko landa-eremuak, udalerrika sailkatuta; G1, G2 eta G3 (I. eranskina) mailei dagozkie.

    2. Gainerako landa-eremuak, entitate-mailan sailkatuta; G4, G5 eta G6 landatartasun-mailei dagozkie (II. eranskina).

      Bigarrena. Laguntza-motak eta erakunde onuradunak.

      1. Laguntzaren helburu izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuetan enpleguari eusten eta hura hazten laguntzen duten eta nekazaritzakoak ez diren jarduerak sortzeko eta garatzeko egiten diren inbertsio-modalitate hauek:

        1. Nekazaritza-sektorearekin lotuta ez dauden jarduerak, baina sektore hori dibertsifikatzen dutenak. Nekazaritza kontzeptuak barne hartzen du nekazaritzakoa dena, abeltzaintzakoa eta basokoa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako Legearen (abenduaren 23ko 17/2008) 4. artikuluko 1. zenbakiarekin bat etorriz. Onuradun izan ahalko dira nekazaritza-sektoreari lotutako pertsona fisiko edo juridikoak eta ustiategi bateko familia-unitateko kideak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 19. artikuluko 3. zenbakian ezarritakoari jarraikiz (Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bitartez landa-garapenari laguntzak emateari buruzkoa eta Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen duena).

        2. Mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen eraketa eta garapena, Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioak egiten duen definizioaren arabera, eta autonomoetan alta emandako pertsona fisikoek garatutako proiektuena, betiere inbertsioak nekazaritzako produktuak eta elikagaiak ekoiztera, eraldatzera eta merkaturatzera bideratzen ez badira. Ulertuko da garapena dela ekoizpen- edo negozio-ildo berria dakarren edozein inbertsio. Onuradun izan ahalko dira enpresak eta autonomoak, betiere landa-eremuetan badaude edo egoitza bertan badute eta jarduera nekazaritzakoa ez bada.

        3. Enpleguaren sorrera garbia. Laguntza horien onuradun izan ahalko dira mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak, betiere nekazaritzakoak ez badira eta landa-eremuetan badaude. Nolanahi ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan xedatutako orduen % 50eko enplegua izan beharko da, gutxienez. Era berean, laguntzak jaso ahalko dituzte enpresa-izaera hartuko duten pertsona fisiko langabeek, baldin eta eremu horietan bizi badira eta beren autoenplegua sortuko duen nekazaritzakoa ez den proiektu bati ekiten badiote.

          b) eta c) letretan jasotako laguntzen onuradun izan ahalko dira nortasun juridikorik ez duten pertsona fisiko eta juridiko pribatuen taldeak, ondasun-erkidegoak edo, nortasun juridikorik eduki gabe, b) eta c) letretan aurreikusitako proiektu eta jarduerak aurrera eraman ditzakeen edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi mota. Bertan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan eta agindua garatzeko eta aplikatzeko arauetan ezarritako betekizun eta baldintzak.

          1. Aurreko puntuko b) eta c) letretan jasotako laguntzak bateragarriak dira.

          2. Laguntza horietatik kanpo geratzen dira erakunde publikoak eta udalaz gaindiko erakunde publikoak.

          3. Ezingo zaie laguntza eman krisi-egoeran dauden enpresei, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko erkidegoaren zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera.

          4. Agindu honen bidez deitzen diren laguntzak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera emango dira (2013ko abenduaren 24ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, L 352/7). Hori horrela, enpresatzat ulertu behar da jarduera ekonomiko bat gauzatzen duen edozein erakunde, izaera juridikoa eta finantzaketa-modua edozein dela ere.

            Hirugarrena. Diru-laguntzak jaso ditzaketen jarduerak.

            Aurreko ebazpen-ataleko 1. zenbakian aipatutako laguntza-ildoei dagozkien eta diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak honako hauek dira:

          1. Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak sortzeko eta/edo garatzeko edozein proiektu, eta enpresa-izaera hartuko duten pertsona fisikoek garatutako jarduerak, nekazaritzako produktuak eta elikagaiak ekoiztera, eraldatzera eta merkaturatzera bideratutako inbertsioak salbuetsita, landa-eremuko garapen ekonomikoarekin lotuta daudenak:

            Industria-jarduerarekin lotuta dauden proiektuak: tailerrak, fabrikak, instalazioak eta lokalak hainbat helburutarako, besteak beste, makineria konpontzeko; honelako gauzak ekoizteko edota sortzeko: nekazaritzakoak ez diren materialak eta ondasunak, plastikoak, elektrizitatea, energia, gasa, baporea eta beroa, ur-horniketako enpresak, estolderia eta hondakin-deuseztatzea, saneamendua eta beste; energia berriztagarriak eta horiekin zerikusia duten jarduerak ekoizteko, etab.

            Turismoarekin lotutako proiektuak, baita landetxeekin eta nekazaritza-turismoarekin, turismo-zerbitzuak ematearekin, denda, jatetxe, tokiko eskaintza eta elikadurarekin ere.

            Zerbitzuen ezarpenarekin eta eskaintzarekin lotutako proiektuak:

            Zerbitzu tekniko hauetarako: arkitektura eta ingeniaritza, kontabilitatea, zerbitzuen kontu-ikuskaritza, garbiketa industriala, albaitaritza-jarduerak.

            Zerbitzuak sektore ekonomiko guztiei, besteak beste, nekazaritzari edo basogintzari, edo landa-biztanleei: cateringa, bide-segurtasuneko zerbitzuak, eremu babestuetarako zerbitzuak, segurtasun-zerbitzuak, lorategi-zerbitzuak, parkeen kudeaketa.

            Gizarte-zerbitzuak, besteak beste, umeak zaintzeko, adinekoak zaintzeko, osasuna zaintzeko, desgaitasunen bat duten pertsonak zaintzeko, eskola-ustiategiak.

            Aisialdiko, jolaserako eta kiroleko jarduerekin lotutako zerbitzuak.

            Eskulangintza garatzeko eta eskulangileen jardueretarako proiektuak.

            IKTekin eta merkataritza elektronikoarekin lotutako proiektuak.

          2. Enpleguaren sorrera garbiko proiektuak.

            Besteen konturako langileak kontratatzea, aurretik lanik izan ez dutenak edo aurretik zeukatena galdu dutenak. Nolanahi ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan xedatutako orduen % 50eko enplegua izan beharko da, gutxienez.

            Jarduera independenteak sortzea, hau da, langile autonomoak jartzea edo gizarte-ekonomiako araubide juridikoaren pean dauden enpresak sartzea sustatzen dutenak.

            Laugarrena. Diru-laguntzak jaso ditzaketen kostuak.

          1. Diru-laguntzak jaso ditzaketen kostutzat hartuko dira 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera eginiko eta agindu honetan araututako laguntzen helburu diren jardueretan egindako inbertsioak eta/edo gastuak.

          2. Jarduera ekonomikoa dibertsifikatzeko eta nekazaritzako eta elikagaigintzako sektoreari lotuta ez dauden mikroenpresak, enpresa txiki eta ertainak eta pertsona fisikoak sortu eta garatzeko laguntzen kasuan, honako hauek hartzen dira diru-laguntzak jaso ditzaketen kostutzat:

            1. Enpresa-planari lotutako ondasun higiezinak eraikitzea, eskuratzea edo birgaitzea.

            2. Makinaria eta ekipamendu berrien erosketa eta finantza-errentamendua, ondasunaren merkatu-balioraino.

            3. Jarduera berriari lotuta dauden bigarren eskuko ekipamenduak eta makinaria erostea, baldin eta aurreko 5 urteetan bestelako laguntzarik jaso ez badute.

              a) eta b) letretan jasotako gastuei lotutako kostu orokorrak; adibidez, arkitektoen, ingeniarien eta aholkularien ordainsariak, gehienez ere % 10eko mugarekin.

            1. Ibilgailu bat erostea, betiere diruz lagundutako jarduera bertan garatzen bada eta egokitzapen handia egin behar izan bada, zenbateko osoaren % 20ra arte; gehienez, 20.000 euro.

            2. Ibilgailuen egokitzapena diru-laguntzaren helburu den jarduera garatzeko.

            3. Ondasun ukiezinetan eginiko inbertsio hauek: programa informatikoak erosi edo garatzea eta patenteak, lizentziak, egile-eskubideak eta marka erregistratuak eskuratzea.

            4. Tresnak eta altzariak.

            5. Laguntza-eskaeraren xede den inbertsioari lotutako azterlanak, gehienez ere % 10eko mugarekin.

            6. Horiei lotutako beste azpiegitura batzuk.

            7. Berezko lanak, diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren % 20ra arte, gehienez.

            8. Aplikatu beharreko legeriaren arabera berreskuratu ezin den BEZa.

          3. Enplegua sortzeko kasuetan, diruz lagundu daitezkeen kostuak kontratazioari lotutakoak izango dira.

          4. Hauek ez dira diruz lagunduko:

            1. Interes zordunak, finantza-gastuak eta banku-bermearen gastuak.

            2. Berandutze-interesak, errekarguak, hertsatzeko isunak, zehapen administratibo eta penalak, eta prozedura judizialen eta judizioz kanpokoen gastuak.

            3. Zuzeneko zergak eta gizarte-aurreikuspeneko edozein araubidetara eginiko ekarpenak, laguntzaren onuradunari dagokionez.

            4. Berreskura daitezkeen zeharkako zergak.

            5. Egoitzako erabilera baino ez duten etxebizitzak, eta erabilera pertsonaleko eta etxeko erabilerako ondasunak eta ibilgailuak.

            6. Ondasunak eta zerbitzuak erostearen ondoriozko faktura edo kontratuetan eginiko deskontuak eta kontratu publiko edo pribatuetan kontratistak eginiko itzulketak edo ordainketak, aldaketen edo bestelako kausen ondorio direnak.

            7. Ekipo eta makinak ordezkatzeko edo jartzeko inbertsioak, erosketa berria hobekuntza teknologikorako edo etekina hobetzeko egiten denean izan ezik.

            8. Finantza-errenta, baldin eta kontratuan eragiketa amaitzean ondasuna erosteko beharra zehazten ez bada. Bestalde, ez dira diruz laguntzekoak izango errentatzailearen marjina, interesak birfinantzatzeko kostuak, gastu orokorrak eta aseguramendu-gastuak.

            9. Telefono-terminalak eskuratzea, nahiz eta horiek aplikazio informatikoak barne hartu.

          5. Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legean (urriaren 30eko 30/2007) ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak gutxienez hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna eman aurretik, salbu eta, ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan horiek egiten dituzten erakunde-kopuru nahikoa ez badago, edo gastua diru-laguntzaren aurretik egin ez bada.

            Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua, zeinak justifikazioarekin batera aurkeztu beharko baitira, eragingarritasun- eta ekonomia-irizpideekin bat egin beharko da; eta proposamen ekonomiko abantailatsuena eta egindako hautua ez badira bat, azken hori berariaz justifikatu beharko da.

            Bosgarrena. Diruz lagundutako jardueraren azpikontratazioa.

          1. Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren (Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araubidea onesten duena) 68. artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, ulertzen da onuradun azpikontratatzaileak hirugarrenekin hitzartzen duela diru-laguntzaren helburua eratzen duen jardueraren exekuzio osoa edo partziala. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da onuradunak berez diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

          2. Onuradunak diruz lagundutako jardueraren % 100 arte azpikontratatu ahalko du. Inolaz ere ezingo da jarduerarik azpikontratatu, baldin eta diruz lagundutako jardueraren kostua gehitzen badu eta jardueraren edukiari inongo balio erantsirik ematen ez badio. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren 100eko 20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontrataziorako honako eskakizun hauek bete beharko dira:

            1. Kontratua idatziz egitea.

            2. Diru-laguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea.

              Diruz lagundutako jarduerak beste administrazio publiko baten diru-laguntza jaso duenean, ulertuko da administrazio horrek egiaztatu duela eskakizun horiek betetzen dituela.

          3. Ezin da kontratua zatikatu zenbatekoa murriztu eta 3. ataleko baldintzak bete beharrik ez izateko helburuz.

          4. Onuradunaren aurrean baino ez daude behartuta kontratistak, eta onuradunak osorik bereganatuko du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen ardura.

          5. Aurreko zenbakian jasotakoa betetzeko, onuradunei dagokie diru-laguntza jasoko duen jarduera gauzatzeko beste inorekin ezer hitzartuz gero, beste horrek ere Dekretu honek ezarritako mugak errespetatuko dituela ziurtatzea, diruz laguntzeko modukoak diren gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; kontratistek Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 46. artikuluan adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

          6. Alabaina, onuradunak ezingo du diruz lagundutako jarduera gauzatzea honako hauekin hitzartu, ez guztiz ez zati batean:

            1. Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluan zehaztutako galarazpenetako batean dauden edo horri lotuta dauden pertsonak.

            2. Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste diru-laguntza batzuk jaso dituzten pertsonak edo erakundeak.

            3. Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

            4. Onuradunei lotuta dauden pertsonak edo erakundeak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68.2 artikuluan ezarritakoak izango direnak, honako hauek tartean ez badira:

              1. Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin izana.

              1. Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzaren aurretiko baimena eskuratzea.

            5. Deialdi edo programa berean laguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsonak edo erakundeak.

              Seigarrena. Finantzaketa.

              Agindu honetan jasotzen diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak LGENF funtsaren ekarpenetik eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako ezartzen diren kredituetatik aterako dira.

              (Ikus .PDF)

              Zazpigarrena. Onuradun-izaera lortzeko eskakizunak.

              Pertsona fisikoek eta juridikoek, laguntzen eskatzaileek, hemen ezartzen direnak eta Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluan ezarritako gainerako eskakizunak bete beharko dituzte:

            1. Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

            2. Edozein landa-eremutan diruz lagundu daitezkeen jarduketak abiaraztea. Hala ere, dibertsifikazio-jarduerak direnean, jarduketak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein eremutan egin ahalko dira, eta pertsona onuradunak alta emanda egon beharko du, betetzen duen nekazaritza-jardueraren arabera, dagokion gizarte-segurantzaren araubidean.

            3. Enplegu-sorreraren eta jarduera independenteak sortzearen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremu batean bizitzea.

            4. Enpresak krisialdian ez egotea estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

            5. Elkarteen kasuan, horiek ez egotea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen Lege Organikoaren (martxoaren 22ko 1/2002) 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debeku-kausetan. Eta eten ez izana inskribatzeko administrazio-prozedura, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.2 artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, harik eta ebazpen judizial irmoa egon arte; kasu horretan, dagokion inskripzioa egin ahalko da, dagokion erregistroan.

            6. Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

            7. Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen epai irmorik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005) azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

            8. Konkurtso-deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabe-deklaraziorik eduki ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaikuntzarik jaso ez izana, Konkurtsoari buruzko Legearen (uztailaren 9ko 22/2003) arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.

            9. Administrazioarekin egindako edozein kontraturen ebazpen irmorik eragin ez izana.

            10. Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea ekainaren 26ko 1/2014 Legean (Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoan (ekainaren 19ko 5/1985) araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

            11. Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea.

            12. Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.

              Zortzigarrena. Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

              1. Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek agiri hauek aurkeztu behar dituzte (jatorrizkoa eta kopia):

                1. Eskabide-inprimakia eskura izango da web-orri honetan: www.nasdap.ejgv.euskadi.net. Eskabide-orria modu informatikoan bete eta grabatu ostean, paperean bidali beharko da, sinatuta.

                2. NANaren fotokopia, pertsona fisikoa bada. Pertsona juridikoa izanez gero, erakundearen IFKren fotokopia, ahalordetze-eskriturarena, legezko ordezkariaren NANarena, eta erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen fotokopia, erregistroan zigilatuta.

                3. Pertsona fisiko edo juridiko eskatzailea nekazaritzako ustiategi baten familia-unitateko kide bada, bertan gutxienez urtebete daramalako egiaztapena, eta, horretarako, Gizarte Segurantzaren araubidean alta emanda dagoela egiaztatzea, bere nekazaritzako jardueraren arabera, eta nekazaritza-etekinen deklarazioa PFEZean, azken ekitaldian.

                4. Dibertsifikatzen duen titulartasun partekatuko nekazariaren kasuan, izaera hori egiaztatu beharko du.

                5. Enpresa-izaera eskuratuko duten pertsona fisikoen kasuan, erroldatze-egiaztagiria.

                6. Enplegu-sorreraren kasuetan, emakumeak badira, epe luzeko langabeak eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasun fisikoa edo psikikoa duten pertsona desgaituak, inguruabar horiek egiaztatu beharko dituzte.

                7. Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak direla eta, kide guztiek sinatutako dokumentua, non jasotzen baitira talde bakoitzeko kideek beren gain hartutako konpromisoak, bai eta horietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa, taldeari onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituen ordezkari edo ahaldunaren izena eta funtsen hartzaile gisa izendatutako kidearen izena hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean.

                8. Jarduera egingo den lekuan ondasun higiezina erabiltzeko baimena ematen duen tituluaren fotokopia, hura jabetza osoan edo partekatuan, errentamenduan, gozamenean edo prekarioan eduki.

                9. Eraikuntza- edo birgaitze-obrak egingo badira, proiektu teknikoa aurkeztuko da, bai eta hura gauzatzeko behar diren baimen eta lizentziak ere, edo, bestela, hura eskuratzeko eskabidea.

                10. Proiektua baloratzeko memoria (III. eranskina). Proiektuaren deskribapena eta baloratu behar diren puntu guztiak jaso beharko ditu memoriak. Ez dira baloratuko jaso ez direnak.

                11. Pertsona fisikoek aurreko ebazpen-ataleko f) letratik l) letrara bitartekoetan (biak barne) aipatutako eskakizunak betetzen dituztela adierazteko erantzukizunpeko deklarazioa.

                12. Pertsona juridikoek aurreko ebazpen-ataleko d) letratik l) letrara bitartekoetan (biak barne) aipatutako eskakizunak betetzen dituztela adierazteko erantzukizunpeko deklarazioa.

                1. Aurrekontuak eta/edo proformako fakturak.

              2. Automatikoki, berariazko baimenik gabe, egiaztatuko du organo kudeatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean daudela, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahalko dio uko baimen honi laguntzaren eskabidean, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du. Gainera, eskabide-ereduak barne hartuko du laguntzaren eskatzaileak organo kudeatzaileari berariazko baimena ematea bere nortasuna egiaztatzeko dokumentua, NANa, automatikoki ziurtatzeko.

              3. Laguntza-eskabideak Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako titularrari bidali behar zaizkio, eta modu presentzialean aurkeztu behar dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluak xedatzen duen tokiren batean, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) bat.

              4. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

              5. Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legearekin (azaroaren 24ko 10/1982) bat.

              6. Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari.

                Bederatzigarrena. Laguntzen kudeaketa.

                Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lana Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari dagokio, bai eta diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egitea ere. Horrela, Zuzendaritzak egoki irizten dizkion ikuskapenak egin ahal izango ditu, diru-laguntza lortu duten proiektuak modu egokian gauzatzen direla ziurtatzeko; horretarako, onuradunak eskatzen zaien dokumentazioa eta informazioa aurkeztera behartuta daude.

                Hamargarrena. Balorazio-batzordea eta -irizpideak.

              1. Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak izendatutako bost pertsonak eratuko dute. Lau aipatutako zuzendaritzakoak izan beharko dira; horietako bat Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zerbitzuaren arduraduna izango da, eta hura izango da presidentea, eta beste hirurak Zuzendaritza horretako langile teknikoen artean hautatuko dira. Bosgarren pertsona Hazi Fundazioak izendatuko du.

              2. Ebazpenean idazkari gisa arituko dena izendatuko da, eta zuzendaritza kudeatzailearen teknikariaren kategoria duen pertsona bat izan beharko da.

              3. Bere eginkizuna betetzeko, Balorazio Batzordeak adituak deitu ditzake hala bileretan parte hartzera nola aholku ematera.

              4. Proiektuen balorazioa eskabideari erantsitako Proiektuaren Baloraziorako Memoria (III. eranskina) erabilita egingo da. Memoria horretan kontuan hartutako alderdiak baino ez dira baloratuko eta, neurri handiagoan, dokumentalki oinarritutakoak.

                (Ikus .PDF)

              5. Proiektu bat babestu ahal izateko, 50 puntu lortu beharko ditu gutxienez.

                Hamaikagarrena. Laguntzaren zenbatekoa.

              1. Ebazpen-ataleko bigarren puntuko 1. a) eta b) letretan araututako laguntzak eskuratutako puntuazioaren arabera emango dira, eta proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntzaren ehunekoa honako taula honen bidez gauzatuko da:

                (Ikus .PDF)

              2. Enplegu-sorreraren kasuetan (ebazpen-ataleko bigarren puntuko 1.c), laguntzaren zenbatekoa ez da kalkulatuko diruz laguntzeko gastuen portzentajean; zenbateko finkoa izango da eta behin baino ez da emango, sortutako lanpostu bakoitzeko, eta beti kontratatutako orduen lanaldiarekin proportzioan. Honako taula honen arabera emango da:

                (Ikus .PDF)

                • Kasu bereziak: emakumeak, epe luzeko langabeak, eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasun fisikoa edo psikikoa duten pertsona desgaituak.

                  Hamabigarrena. Esleitzeko prozedura.

                  1. Agindu honetan araututako laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duena) 51.1 artikuluan ezartzen denez.

                  2. Aurkezten den jarduera-proiektu bakoitzari eman beharreko hasierako laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, eta Agindu honetako bederatzigarren puntuan finkatzen diren irizpide objektiboak eta balorazio-irizpideak aplikatuko zaizkie.

                  3. Aurreko araua aplikatuta, bi zerrenda egingo dira. Bata, ebazpen-ataleko bigarren puntuko 1. a) eta b) letretan araututako laguntzetarako eta, bestea, ebazpen-ataleko bigarren puntuko 1.c) letran araututako laguntzetarako. Bi zerrendak beheranzko hurrenkeran ordenatuta egongo dira, bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera. Ondoren, laguntzak esleituko dira, adierazitako ordenari jarraituz, funtsak guztiz agortu arte.

                  4. Bi laguntza-modalitateetako bati dagokion kopurua agortu ezean, soberakina beste modalitaterako dagoen kopuruari metatu ahalko zaio.

                  5. Bi proiektuk edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute, «Landatartasun-maila» handiena duena lehenetsiko da eta, berdinketaren kasuan, «Eskualdeko LGPra egokitzea» irizpidean puntuazio altuena lortu duena.

                    Hamahirugarrena. Ebazpena.

                  1. Balorazio Batzordearen proposamena ikusirik, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak eskabideak ebatziko ditu. Ebazpen-proposamenarekin bat ez datorren erabakia hartzen badu (proposamen hori ez baita loteslea izango), arrazoiak azaldu beharko ditu.

                  2. Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

                    1. Onartutako eskabideei buruz:

                      Pertsona edo erakunde eskatzaileen izena.

                      Diruz lagundutako proiektua.

                      Diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa.

                      Diruz lagundutako kopurua, urterokoetan banatuta.

                      Jarduerak egiteko epea.

                      Onuradunari honako dokumentazio hau aurkezteko betebeharra ezartzen dion klausula bat: pertsona juridikoaren eraketa egiaztatzekoa eta, hala badagokio, proiektua egiteko beharrezkoak diren lizentziak edo baimenak egiaztatzekoak.

                      Zehapen-prozeduraren batean edo itzultze-prozeduraren batean egonez gero, emakidaren ebazpena emateko eta, hala badagokio, ordainketarako, hura amaitu egin beharko da. Prozeduraren amaieran laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntzan datzan ezarpena jartzen bada edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen bada, emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.

                      Nortasun juridikorik gabeko taldeen kasuan, berariaz adierazi behar dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira.

                    2. Onartu ez diren eskabideei buruz:

                      Pertsona edo erakunde eskatzaileen izena.

                      Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.

                  3. Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori igaro eta ebazpen zehatzik eman ez bada, interesdunek euren eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 44. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

                  4. Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren kontra, pertsona interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunak eragina duen egunaren hurrengo egunean zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

                  5. Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen baten bidez EHAAn argitaratuko da agindu honen babesean laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda; bertan, emandako kopuruak ere adieraziko dira, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.

                    Hamalaugarrena. Onuradunen betebeharrak.

                    Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

                  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren onuradunak ez badio berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean, onartu egiten dutela ulertuko da.

                  2. Ondasun higiezinen eraikuntzaren, eskuratzearen edo birgaitzearen kasuan, horiek gauzatu eta gutxienez 10 urtean eutsi behar zaie diruz lagunduta egiten diren inbertsioei eta 5 urtean gainerako ondasunetarako, eta epe horretan ezin dituzte besterendu ez amortizatu, ezta diruz laguntzen den helbururako barik beste helburu bat lortzeko erabili ere. Ondorio horietarako, eta ondasun higiezinen eraikuntzaren, eskuratzearen edo birgaitzearen kasuan, onuradunak diru-laguntza ematen dion administrazio-ebazpena aurkeztu beharko du dagokion jabetza-erregistroan. Erregistro horretan, agiri hori ikusita, jabaria erabiltzeko mugaren erregistro-idazpena egingo da, hipoteka-legeriarekin bat etortzeko.

                  3. Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egin behar dute diruz laguntzen den gastua.

                  4. Enplegua sortzeko laguntzen kasuan, enpleguei gutxienez hiru urtez eutsi beharko zaie.

                  5. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari jakinarazi behar diote inbertsio edo gastu osoa edo inbertsio edo gastuaren zati bat egin dutela, eta haren esku utzi behar dituzte gauzatu dituztela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

                  6. Proiektua zabaltzeko egiten diren agirietan eta publizitatean, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz sartuko da (http://www.ivap.euskadi.eus/r61vedorok/es/contenidos/informacion/identidad_corporativa/es_5611/identidad_corporativa.html). Dena dela, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak txosten bat egiteko eskatu ahal izango du, lortutako ingurumen-hobekuntzaren ikuspuntutik garrantzitsutzat jotzen diren proiektuak jendaurrean jartzeko.

                  7. Landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete.

                  8. Agindu honetako ebazpen-ataleko zortzigarren puntuak xedatzen duena eragotzi gabe, beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati helburu bererako, landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatzi baten bidez. Era berean, abian den ekitaldian eta aurreko bietan eskatutako edo eskuratutako minimis laguntza guztiak jakinarazi beharko ditu, horien xedea edozein dela ere. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egin beharko da.

                  9. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea idatzi bidez landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailari. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egin beharko da.

                  10. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko 50. artikuluan eta Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 14. artikuluan aurreikusitakoaren arabera exijitu daitekeen beste edozein obligazio betetzea.

                  11. Nortasun juridikorik ez duten elkarteak ezin dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 32.m) artikuluarekin lotuta 44. artikuluan finkatzen den preskripzio-epea igarotzen den arte.

                  12. Kontabilitate-liburuak, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikuskatutako gainerako dokumentuak izatea, merkataritza-legeriak exijitutako baldintzetan, eta kontabilitate bereiziko sistema bat edo kontabilitateko kode egoki bat izatea, deialdi bakoitzean finantzatzen den inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako, araudiak xedatzen dituen kontrol-lanak egin ahal izateko.

                  13. Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gorde egin behar dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

                    Hamabosgarrena. Gauzatzeko epeak.

                  1. Proiektuak 2016ko urtarrilaren 1etik 2017ko abenduaren 31ra egin ahalko dira.

                  2. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak laguntza emateko ebazpenean ezartzen diren epeetan gauzatu beharko dira. Epe horiek finantzaketarako kredituen ezaugarriei egokituko zaizkie.

                  3. Salbuespen gisa, diruz lagundutako jarduketa egin eta amaitzeko epeari dagokionez, erakunde onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak ematen direnean (horiek behar bezala frogatu beharko dira) eta inbertsioaren eta/edo gastuaren mugaeguna amaitu baino 30 egun natural lehenago, gutxienez, idatzizko eskabidea egiten denean, Landaren eta Itsasertzaren Garapenerako eta Europar Politiken zuzendariak epe hori luzatzeko ebazpena eman ahal izango du. Kasu horretan, dena den, epea ezin da izan hasieran emandakoa baino luzeagoa.

                    Hamaseigarrena. Laguntzen justifikazioa.

                  1. Nekazaritza-sektoreko jarduera ekonomikoa beste jarduera batzuetara dibertsifikatzeko eta mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak sortzeko eta garatzeko laguntzen kasuan, eta nekazaritzako eta elikagaigintzako sektoreari lotuta ez dauden pertsona fisikoek jarduera independenteak sortzeko, inbertsioaren eta/edo gastuaren exekuzio egokia honela egiaztatuko da:

                    1. Egiten diren jarduketak justifikatzeko memoria bat, laguntzaren xede den proiektuaren gauzatzea azaltzen duena.

                    2. Fakturen eta ordainketak frogatzeko beste dokumentu batzuen aurkezpena; horiek jatorrizkoak edo kopiak izan ahalko dira, laguntzaren onuradun den pertsonaren izenarekin. Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, non zehaztuko baita fakturak eta gainerako justifikazio-agiriak ez direla aurkeztu diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, agiri horiek aurkeztu baldin badira diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko, zehaztu beharko da programak zein diren eta, faktura edo justifikazio-dokumentu bakoitzari dagokionez, zein den jasotako diru-laguntzaren portzentajea.

                    3. Laguntza pertsonifikaturiko erakunde bat eratzearen baldintzapean badago, eraketa-akta, estatutuak eta dagokion erregistroan izena emanda egotearen ziurtagiria.

                    4. Laguntza emateko nahitaezko baimenak eta lizentziak aurkeztu behar badira eta laguntza eskatzeko unean horiek emanda ez badaude, baimen eta lizentzia horiek aurkeztu beharko dira.

                    5. Eskudiruzko ordainketen bidezko justifikazioen kasuan, urriaren 20ko 7/2012 Legearen (Iruzurraren kontrako prebentzio ekintzak eta iruzurraren kontra borrokatzeko ekintzak areagotzearren tributuen eta aurrekontuen gaineko araudia aldatu eta finantza araudia egokitzekoa) 7. artikuluko 1. zenbakian jasotzen diren mugak gorde beharko dira.

                    6. Obrak egitearen ondoriozko gastuen kasuetan, eskumena duen maila teknikoko pertsonak sinatutako obren ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, gauzatu direla frogatzeko.

                    7. Era berean, diruz lagun daitekeen inbertsioaren guztizkoaren % 20ko mugarekin, justifikatutzat jo ahalko dira bai onuradunak berak egindako lanak eta bai onuradunaren ingurukoak izanik enpresariak ez direnek edo hala ez dihardutenek egindako lanak ere. Kasu horretan, hornitzailearen faktura ordainduen bitartez justifikatu beharko dira materialak, eta eskumena duen teknikariak sinatutako ziurtagiriaren bitartez eskulana; ziurtagiri horretan direlako lanetan inbertitutako ordu guztien kostua zehaztu beharko da. Ezarritako baremo ofizialekin bat egin beharko da orduen balioespena; eta horrek ez du sekula ere gaindituko merkatuan lan haiek duten baiespena, ez eta urbanizazio- eta eraikuntza-prezioen oinarria ere, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean arlo honetan eskumena duen sailak argitaratutakoa. Edonola ere, onuradunari dokumentazio osagarria eskatu ahalko zaio.

                    8. Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako langile teknikoek memoria gehigarri bat aurkezteko eskatu ahal izango dute. Memoria horrek taula xehatu bat jasoko du, fakturei eta egin diren ordainketei buruzko datuekin, adibidez: fakturazioaren eta ordainketaren erreferentziak eta datak, hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa eurotan eta aplikatu zaizkion zergak.

                  2. Enplegua sortzeko laguntzak. Kasu horietan, ondoko justifikazio-dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

                    1. Besteren konturako kontratazioaren kasuan, honako hauek aurkeztu beharko dituzte: lan-kontratuen kopia, Gizarte Segurantzan alta emanda daudela egiaztatzeko dokumentazioa, kontratazioaren hilabeteko TC2a, altaren aurretiko langabezia-egoera egiaztatzen duen lan-bizitzaren txostena eta laguntza eskatu aurreko 12 hilabeteetan enpresan zegoen batez besteko langile-kopurua egiaztatzen duen dokumentazioa.

                    2. Jarduera independenteen sorreraren kasuan, altaren aurretiko langabezia-egoera egiaztatzen duen lan-bizitzaren txostena eta Gizarte Segurantzaren erregimeneko alta.

                  3. Automatikoki, betebeharra dutenen baimena izan gabe, egiaztatuko du organo kudeatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean daudela, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahalko dio uko baimen horri, laguntzaren eskabidean, eta, kasu horretan, dagokion ziurtapena aurkeztu ahalko du.

                  4. Kudeaketa egokia eta artikulu honen 1. zenbakian aipatzen diren laguntzen ordainketa bermatzeko, justifikazio-dokumentuak aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, laguntza emateko ebazpenean ezarritako inbertsioaren edo gastuaren azken egunetik edo azken luzapenaren azken egunetik aurrera zenbatzen hasita.

                  5. Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak agiri gehiago eska ditzake, behar bezalako arrazoiak emanda, egoki irizten badio.

                    Hamazazpigarrena. Ordainketa.

                  1. Ordainketak laguntza aurreko ebazpen-atalean ezarritako baldintzetan arrazoitu ondoren eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako langile teknikariak ziurtapena egin ondoren egingo dira. Eraikuntzaren, eskuratzearen eta birgaitzearen kasuan, azken ordainketaren aurretik, erakunde onuradunak emakida-ebazpena jabetza-erregistroan inskribatu dela egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du.

                  2. Inbertsioen kasuan, bi zati ordaindu ahal izango dira interesdunak hala eskatuta ekitaldi bakoitzeko, aurreko artikuluak aipatzen duten dokumentazioa, alegia, proiektuaren zati bat gauzatu dela egiaztatzekoa, aurkeztu ondoren.

                    Laguntza emateko unean, pertsona onuradunaren izaera bereganatzen duen erakundeari dagokion erregistroan eraketa eta inskripzioa oraindik egin gabe dauden kasuan, ez dira emango ordainketa partzialak, harik eta hura eratu arte.

                  3. Enplegua sortzeko laguntzen kasuan, % 50en lehen ordainketa egingo da, besteren konturako kontratazioa edo ebazpen-ataleko hamaseigarren ataleko 2. zenbakian aipatutako jarduera independenteen sorrera egiaztatzen duen dokumentazioaren ondoren. Bigarren ordainketa, gainerako % 50a, lehenengoa egin eta urtebetera, eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek sortutako lanpostuei eusten zaiela behar bezala egiaztatu ondoren, edo, jarduera independenteen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko landaeremu batean bizitzen jarraitzen dutela.

                  4. Diru-laguntza hauek ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko diru-laguntzak edo laguntzak direla-eta bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta edukitzea.

                  5. Diru-laguntzak xede duen proiektua ezarritako gehieneko epeen barruan egiten ez bada, edo ezarritako epean hori egiaztatzeko agiriak aurkezten ez badira, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

                    Hemezortzigarrena. Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

                  1. Aldi berean beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak eta laguntzak lortzen badira, hori justifikatu eta jakinarazi beharko zaio, idatziz, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan, eta, edozein kasutan, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Horretarako, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du. Ebazpen horretan, hala badagokio, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera egokituko dira, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako itzultze-prozedurari ekingo zaio, hala badagokio.

                  2. Honako egoera hauek idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaizkio Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari, baina laguntza emateko ebazpena ez da aldatuko: diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzea, onetsitako proiektua aurrez ikusitako epeetan ez egitea, proiektua aldatu edo birprogramatzea eskaerarekin batera aurkeztu zenarekin alderatuta, betiere aurkeztutako proiektua nabarmen aldatzen ez bada, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak zaintzen badira eta laguntza ematea eragin zuen xedea betetzen bada.

                    Honako egoera hauek idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaizkio Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari, eta gerta liteke diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea: diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzea, onetsitako proiektua aurrez ikusitako epeetan ez egitea, proiektua aldatu edo birprogramatzea eskaerarekin batera aurkeztu zenarekin alderatuta, betiere aurkeztutako proiektua nabarmen aldatzen bada, baina laguntza ematea eragin zuen xedea betetzen bada. Ondorio horietarako, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako titularrak dagokion aldaketa-ebazpena emango du.

                  3. Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako titularraren likidazio-ebazpenaren bidez, eta, ondoren, diru-laguntzaren portzentajea oinarri berriari aplikatuko zaio.

                    Hemeretzigarrena. Atzera eta uko egitea.

                  1. Eskatzaileak eskabide horretan atzera egiteko aukera izango du. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egiteko, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari idatzia aurkeztuko dio, eta zuzendariak bete-betean onartuko du atzera egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

                  2. Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Horretarako, idatzi bat helarazi behar dio Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari, eta zuzendariak, ebazpenaren bitartez, esanbidez onartuko du uko egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du erakunde horri dagokionez.

                    Hogeigarrena. Ez-betetzeak.

                  1. Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo diru-laguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua zati batean betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo diru-laguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesduna entzunda), ebazpen bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partzialki edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta dagozkion legezko interesak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzkoa) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako diru-laguntzaren itzulketa «pro rata temporis» egingo da.

                  2. Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

                    Hogeita batgarrena. Bateragarritasunak.

                    Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Araudiak (EE), minimis laguntzei Europar Batasuneko Funtzionamenduaren Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoak, ezarri du enpresa jakin bati estatu kide batek emango dizkion laguntzen kopuru osoa ez dela 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru zergaldiko edozein alditan.

                    Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publiko, sail, erakunde publiko zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntza guztien zenbatekoa ez bada kasu bakoitzean aplikatzen diren salbuespenen erregelamenduan edo jarraibideetan ezarritako gehieneko zenbatekoa baino handiagoa. Kasu horretan, ebazpen-ataleko hemezortzigarren puntuko 1. zenbakian xedatutakoa errespetatu beharko da.

                    Hogeita bigarrena. Datuak babestea.

                    Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoan (abenduaren 13ko 15/1999) eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

                    AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Errekurtsoak.

                    Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

                    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Ondorioak.

                    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

                    Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 18a.

                    Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

                    MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

                    (Ikus .PDF)