Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2016ko abenduaren 14koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatu eta garatzeko laguntzen deialdia egiten duena 2017ko ekitaldirako.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 248
- Hurrenkera-zk.: 5621
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2016/12/14
- Argitaratze-data: 2016/12/30
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia; Nekazaritza eta arrantza; Merkataritza eta turismoa
Testu legala
Landa Ingurunearen Garapenerako Legearen (apirilaren 8ko 10/1998) landa-garapeneko politikaren xede orokorrak honako hauek dira: euskal nekazaritzaren eta landa-ingurune osoaren funtzioaniztasuna eta iraunkortasuna, landa-ingurunearen berezko ezaugarri nagusiei eustea eta nekazaritzak eta landa-eremuko enpresek eta ekonomia-egiturek lehiatzeko duten gaitasuna sustatzea eta hobetzea.
Hori kontuan izanik, agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatu eta garatzeko laguntza ekonomikoen deialdia egiten da 2017ko ekitaldirako, aurreko ekitaldirako egin zen bezala (Agindua, 2016ko maiatzaren 18koa; EHAA, 102. zk., 2016ko maiatzaren 31koa).
Beraz, 2017an, aurrekoan bezala, 2016ko ekitaldi hau trantsizio-urtetzat har daiteke, Europar Batasunak ezartzen dituen 2007-2013 eta 2014-2020 programazio-aldien artean. Horrek aldaketa orokorra ekarri du Europako Erkidegoko araudian, baita nekazaritzaren eta landa-garapenaren arloan ere, eta, beraz, horren ondorioz, estatuko eta eskualdeetako administrazioek arau-esparru berrira egokitu behar dute.
Lortu gura diren helburu zehatzak hauek dira: gizarteratzea sustatzea; pobrezia murriztea eta landa-eremuen garapen ekonomikoa bultzatzea; baliabideen efizientzia sustatzea; eta ekonomia hipokarboniko bateranzko bidea jorratzea, zeina klima-aldaketara egokitzeko gai izango baita.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekitaldi ekonomiko bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, programetako diru-laguntzak emateko arauak eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarri egingo dira, eta kasuan kasuko deialdia egingo da bere garaian izaera mugagabez arautu zirenentzat.
Kontuan hartuta diruz lagundu daitezkeen jarduerek tokiko izaera nabarmena daukatela, ez direla egiten merkatu-ingurune baten eta laguntza horien onuradunak administrazio publikoak izango direla administrazio publikoak, euren eskumen propio eta legitimoen barruan, interes orokorrean oinarritu behar dira, agindu honetan jasotako laguntzak ez dira estatuko laguntzak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. eta 108. artikuluen arabera, eta, beraz, Europar Batasuneko zerbitzuei ez zaie laguntza horien berri eman behar.
Horren ondorioz, 2016. ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legean ezarritakoa kontuan izanik, Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. tituluarekin lotuta, honako hau
Lehenengoa. Xedea, izaera eta esparru geografikoa.
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatu eta garatzeko laguntzen deialdia egitea 2017ko ekitaldirako.
Agindu honen esparruan ematen diren laguntzak itzuli behar ez diren horietarikoak izango dira.
Aplikazio-eremu geografikoak Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremu guztiak hartuko ditu; eremu horiek landa-eremuen definizio teknikoaren azterlanean identifikatuta daude, eta hauek bereizten dira:
Landatartasun-maila handieneko landa-eremuak, udalerrika sailkatuta; G1, G2 eta G3 (I. eranskina) mailei dagozkie.
Gainerako landa-eremuak, entitateka sailkatuta; G4, G5 eta G6 landatartasun-mailei dagozkie. (II. eranskina).
Hala ere, agindu honetan oinarriturik diruz lagundu ahal izango dira honako inbertsio hauek: landa-eremuak ez diren eremuetan egindakoak, baldin eta hurbileko landa-eremuetako herritarrei zerbitzuak emateko badira. Kasu horietan, hitzarmenen bidez bermatu egin beharko da: landa-eremuetako biztanleek aukera-berdintasunean baliatu ahal izatea sustatutako zerbitzuaz. Kasu horietan, landatartasun-maila hauxe izango da: zerbitzu ematen zaien udalerrien landartasun-mailen batez bestekoa.
Bigarrena. Laguntza-motak eta erakunde onuradunak.
Landa-eremuetako biztanleen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko azpiegiturak egiteko laguntzak.
Turismoarekin lotutako kultura- eta natura-ondareko inbertsio-proiektuak, eta jendeak erabiltzeko aisia-, turismo- eta informazio-azpiegituren proiektuak egiteko laguntzak.
Laguntza hauen onuradunak hauek izan daitezke: tokiko erakundeak (zuzenean edo beren erakunde autonomoen edo udal-sozietate publikoen bidez) eta udalaz gaindiko erakunde publikoak.
Hirugarrena. Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
Agindu honetako I. eta II. eranskinetan adierazitako eremuetarako, diruz laguntzeko modukoak izango dira 2016an hasi eta eskabidea aurkeztean amaitu barik dauden proiektuak. Gainera, II. eranskinean adierazitako eremuetarako, diruz laguntzeko modukoak izango dira 2017an hasitako proiektuak ere. Aurreko puntuan zehaztu laguntza-lerroekiko egintza korrelatiboak, diruz lagun daitezkeenak, honako hauek dira:
Landa-eremuetako biztanleen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duen beste edozein inbertsio-proiektu, besteak beste:
Honako hauekin lotutako proiektuak: gizarte-zentroak, kultura-zentroak, haurrentzako zentroak, eguneko zentroak, liburutegiak, erabilera anitzeko zentroak, kirol-ekipamenduak eta/edo aisialdirakoak.
Zerbitzu berritzaileak emateko proiektuak, adibidez: zahartze aktiboari lotutako garraio publikoko sistemak.
Biztanleak dituzten ingurune hondatuak lehengoratzeko eta landa-eremuak hirigintza aldetik egokitzeko proiektuak; zolatzea, irisgarritasun-jarduketak, lorategiak jartzea, argiteria, hiri-altzariak.
Ur-horniduraren sistemarako, saneamendurako eta elektrizitate- eta gas-hornidurarako oinarrizko azpiegiturekin lotutako proiektuak.
Turismoarekin lotutako kultura- eta natura-ondareko inbertsio-proiektuak eta jendeak erabiltzeko aisia-, turismo- eta informazio-azpiegituren proiektuak, besteak beste:
Kultura- eta natura-ondare historikoa mantendu, zaharberritu eta hobetzea; elizak, baserriak, monumentuak, idatziak, frontoiak, bolatokiak, landa-tradizioak, karobiak, ikaztobiak, elementu megalitikoak, elurtegiak, etab.
Toki turistikoak, bide berdeak, ibilbideak eta bidezidorrak seinaleztatzea.
Turismo-informaziorako zentroak.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak turismoaren arloan.
Aisialdi-egiturak; esate baterako, eremu naturaletara sarbide izateko baliagarriak direnak (interpretazio- eta harrera-zentroak) eta edukiera txikiko ostatuak.
Laugarrena. Diruz lagundutako jarduera azpikontratatzea.
Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuz gero, honako kasu honetan kontsideratzen da onuradunak azpikontratatu egin duela: diru-laguntzaren helburu den jardueraren exekuzio partziala edo osoa hirugarrenekin hitzartzen duenean (887/2006 Errege Dekretuz onartzen da Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua). Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da onuradunak berak diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.
Diruz lagundutako jardueraren % 100era arte azpikontratatu dezake onuradunak. Ezin izango da jarduerarik azpikontratatu, baldin eta diruz lagundutako jardueraren kostua gehitu eta jardueraren edukiari inongo balio erantsirik ematen ez badio. Hirugarrenekin azpikontratatutako jarduerak diru-laguntzaren % 20tik gora egiten badu eta kopuru hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak betekizun hauek konplitu beharko ditu:
Kontratua idatziz egitea.
Diru-laguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea.
Diruz lagundutako jarduerak beste administrazio publiko baten diru-laguntza jaso duenean, ulertuko da administrazio horrek egiaztatu duela eskakizun horiek betetzen dituela.
Ezin da kontratua zatikatu zenbatekoa murriztu eta aurreko ataleko baldintzak bete beharrik ez izateko helburuz.
Onuradunaren aurrean baino ez daude behartuta kontratistak, eta onuradunak osorik bereganatuko du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen ardura.
Aurreko zenbakian jasotakoa betetzeko, onuradunei dagokie diru-laguntza jasoko duen jarduera gauzatzeko beste inorekin ezer hitzartuz gero, beste horrek ere Dekretu honek ezarritako mugak errespetatuko dituela ziurtatzea, diruz laguntzeko modukoak diren gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; kontratistek Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 46. artikuluan adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.
Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:
Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluan zehaztutako galarazpenetako batean dauden edo horri lotuta dauden pertsonekin.
Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste diru-laguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeekin.
Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.
Onuradunei lotuta dauden pertsonak edo erakundeak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68.2 artikuluan ezarritakoak izango direnak, honako hauek tartean ez badira:
Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egitea.
Landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzak aldez aurretik baimena lortzea.
Deialdi edo programa berean laguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsonak edo erakundeak.
Bosgarrena. Diruz lagun daitezkeen kostuak.
Diruz lagun daitezkeen kostutzat hartuko dira 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera eginiko inbertsioak eta/edo gastuak.
Oro har, diruz lagun daitezkeen kostutzat hartuko dira hauek:
Higiezinak eraiki, erosi edo birgaitzea, bizi-kalitatea hobetzeko zerbitzuak eskaintzeko biztanleei.
Makinaria eta ekipamendu berrien erosketa eta finantza-errentamendua, ondasunaren merkatu-balioraino.
Jarduera berriari lotuta dauden bigarren eskuko ekipamenduak eta makinaria erostea, baldin eta aurreko 5 urteetan beste laguntzarik jaso ez badute.
a) eta b) letretan jasotako gastuei lotutako kostu orokorrak; arkitektoen, ingeniarien eta aholkularien ordainsariak, gehienez ere % 10eko mugarekin.
Ondasun ukiezinetan eginiko inbertsio hauek: programa informatikoak erosi edo garatzea, eta patenteak, lizentziak, egile-eskubideak eta marka erregistratuak eskuratzea.
Turismo-esparruari aplikatutako IKTak.
Lanabesak eta altzariak.
Laguntza-eskaeraren xede den inbertsioari lotutako azterlanak, gehienez ere % 10eko mugarekin.
Laguntza-eskaeraren xede den inbertsioari lotutako sustapen- eta zabalkunde-gastuak, hura martxan jartzeko.
Horiei lotutako beste azpiegitura batzuk.
Aplikatu beharreko legeriaren arabera berreskuratu ezin den BEZa.
Hauek ez dira diruz lagunduko:
Interes zordunak, finantza-gastuak eta banku-bermearen gastuak.
Berandutze-interesak, errekarguak, hertsapen-isunak, zehapen administratibo eta penalak, eta prozedura judizialen gastuak.
Zuzeneko zergak eta gizarte-aurreikuspeneko edozein araubidera eginiko ekarpenak, laguntzaren onuradunari dagokionez.
Berreskura daitezkeen zeharkako zergak.
Ondasunak eta zerbitzuak erostearen ondoriozko faktura edo kontratuetan eginiko deskontuak, eta kontratu publiko edo pribatuetan kontratistak eginiko itzulketak edo ordainketak, aldaketen edo bestelako kausen ondorio direnak.
Ekipamendua eta makinak berritzeko edo soilik ordezteko inbertsioak, salbu eta erositako berria aurrekoekin alderatuta desberdina bada, erabiltzen duen teknologiaren zein errendimenduaren aldetik.
Finantza-errenta, baldin eta kontratuan eragiketa amaitzean ondasuna erosteko beharra zehazten ez bada. Bestalde, ez dira diruz laguntzekoak izango errentatzailearen marjina, interesak birfinantzatzeko kostuak, gastu orokorrak eta aseguramendu-gastuak.
Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean diruz lagungarri den gastuak, gutxienez hiru eskaintza hornitzaile ezberdinenak eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta diru-laguntzaren aurretik ez den egin gastua.
Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia-eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.
Seigarrena. Finantzaketa.
Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik etorriko dira. Baliabide ekonomiko horiek, guztira, 5.000.000 eurokoak dira; horietatik, 2.000.000 euro 2017ko ekitaldirako ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 3.000.000, 2018ko ekitaldirako konpromiso-kredituari, diru-laguntza lerroetan banaturik, era honetan:
(Ikus .PDF)
Emango diren laguntzen zenbateko guztia ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Eguneratzea egin eta baliabideak handitzen badira, laguntzak emateko prozedura ebatzi aurretik gauzatu beharko da igoera hori, eta horren berri eman beharko da gainera, landa-garapeneko gaietan eskumena daukan sailburuordearen ebazpen bidez.
Zazpigarrena. Onuradun kondizioa lortzeko betekizunak.
Agindu honetan ezarritako betekizunak konplitu beharko dituzte laguntza eskatzen duten pertsona juridikoek, eta, orobat, Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako gainontzekoak:
Agindu honen I. eta II. eranskinetan zehaztuta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuetan burutzea diruz lagun daitezkeen jarduerak.
Egunean izatea foru-ogasunekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.
Zortzigarrena. Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.
Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek agiri hauek aurkeztu behar dituzte (jatorrizkoa eta kopia):
Eskabidea webgunean eskura daiteke, helbide honetan: www.nasdap.ejgv.euskadi.net. Eskabide-orria modu informatikoan bete eta grabatu ostean, paperean bidali beharko da, sinatuta.
Erakundearen IFKaren fotokopia eta haren legezko ordezkariaren NANarena, eta bai ordezkaritza hori egiaztatzen duen dokumentua ere.
Hala badagokio, diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edota haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dagoen ala ez jasotzen duen erantzukizunpeko adierazpena.
Proiektua baloratzeko memoria (III. eranskina). Proiektuaren deskribapena eta baloratu behar diren puntu guztiak jaso beharko ditu memoriak; eta informazio horren euskarri gisa, behar diren akordio eta ziurtagiriak erantsi beharko dira. Jasotzen diren puntuak bakarrik hartuko dira kontuan.
Aurrekontuak eta/edo proformako faktura.
Nahitaezkoa denean, proiektu teknikoa, edo aurreproiektua, aurkeztu beharko da, bai eta proiektua egikaritzeko behar diren baimenak eta lizentziak ere, edo baimen eta lizentzia horiek lortzeko eskabidea.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak konplitu diren ala ez automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak. Hala eta guzti ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori laguntza-eskabidean, eta hala egiten badu, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du. Gainera, eskabide-ereduak barne hartuko du laguntzaren eskatzaileak organo kudeatzaileari berariazko baimena ematea bere nortasuna egiaztatzeko dokumentua, NANa, automatikoki ziurtatzeko.
Eskabideak landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendariari bidali behar zaizkio, eta aurrez aurre landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakia, 01010 posta-kodea) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.
Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio pertsona eskatzaileari.
Bederatzigarrena. Laguntzen kudeaketa.
Landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzari dagokio dekretu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-lana, eta, orobat, diruz lagundutako jardueren gaineko kontrola eta segimendua. Horretarako, egoki irizten dien ikuskatzeak egin ahal izango ditu, betiere diruz lagundutako proiektuak egoki exekutatzen direla egiaztatzearren, eta, hartarako, pertsona onuradunek eman egin beharko dute eskatzen zaien informazio eta dokumentazio oro.
Hamargarrena. Balorazio-batzordea eta-irizpideak.
Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio batzorde bat eratuko da, eta honako hauek izango dira kideak: landa-garapeneko alorreko zuzendariak izendatutako bost pertsona. Lau, aipatu zuzendaritzako kide izango dira; eta horietarik bat, Landaren eta Itsasertzaren Garapenerako Zerbitzuko arduraduna izango da, zeinak presidente gisa jardungo duen, eta aipatu zuzendaritzako teknikarien artetik aukeratuko dira beste hirurak. Bosgarren pertsona Hazi Fundazioak proposatuko du.
Ebazpenean izendatuko da idazkari gisa jardungo duena; guztiarekin ere, kudeaketa-zuzendaritzan teknikari kategoria duen bat izango da.
Bere eginkizunak betetzearren eta beharrezko irizten dien gaiei dagokienez, balorazio-batzordeak adituak deitu ditzake hala bileretan parte hartzera nola aholku ematera. Hauek dira balorazio-irizpideak:
Proiektua baloratzeko memoriarekin eskabideari eransten zaionarekin (III. eranskina) egingo da proiektuen balorazioa. Memoria horretan kontuan hartzen diren alderdiak, haiexek bakarrik baloratuko dira, eta, hein handiagoan, agiri bidez funtsatuak.
(Ikus .PDF)
Proiektu bat bultzatu ahal izateko, 50 puntu lortu beharko ditu gutxienez.
Hamaikagarrena. Laguntzaren zenbatekoa.
Lortutako puntuazioaren arabera, proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntzaren portzentajea honela gauzatuko da:
(Ikus .PDF)
Hamabigarrena. Esleitzeko prozedura.
Agindu honetan araututako laguntza-lerro bakoitza lehiaketa bidez esleituko da, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.1 artikuluan ezartzen denez.
Aurkezten den jarduera-proiektu bakoitzari eman beharreko hasierako laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, eta agindu honetako hamargarren puntuan finkatzen diren irizpide objektiboak eta balorazio-irizpideak aplikatuko zaizkie.
Aurreko araua aplikatuta, bi zerrenda egingo dira, agindu honetako bigarren puntuan araututako laguntzenak, hain zuzen ere. Bi zerrendak beheranzko hurrenkeran ordenatuta egongo dira, bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera. Ondoren, laguntzen zenbatekoa zehaztuko da, adierazitako ordenari jarraituz, funtsak guztiz agortu arte. Arau hori aplikatuz ateratzen den zenbatekoa laguntza-eskabidean adierazitako gehienezko zenbatekoa baino handiagoa bada, azken hori emango da.
Bi laguntza-modalitateetako bati dagokion kopurua agortu ezean, soberakina beste modalitatean banatu ahal izango da. Era berean, laguntza esleitu eta hiru hilabeteko epean emandako zenbatekoak gutxitzen badira edo diru-laguntza jasotzeko eskabideari uko egiten bazaio, zenbateko horiek honako hauei esleituko zaizkie: hurrenkera zorrotz gordeta, dagokion laguntza-lerroan kreditu faltagatik laguntzarik jaso ezin izan duten eskabideei, betiere Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarritako mugen barruan.
Bi proiektuk edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute, «Landatartasun-maila» handiena duena lehenetsiko da eta, berdinketaren kasuan, «Eskualdeko LGPra egokitzea» irizpidean puntuazio altuena lortu duena.
Hamahirugarrena. Ebazpena.
Landa-garapeneko alorreko zuzendariak ebatziko ditu eskabideak, Balorazio Batzordearen proposamena ikusirik. Ebazpen-proposamenarekin bat ez datorren erabakia hartzen badu (proposamen hori ez baita loteslea izango), arrazoiak azaldu beharko ditu. Hala ere, laguntzak emateko, kreditu egokia eta behar bestekoa egon beharko da.
Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:
Onartutako eskabideei dagokienez:
Erakunde onuradunen izenak.
Diruz lagundutako proiektua.
Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa.
Diruz lagundutako zenbatekoa, urtekotan banaturik.
Jarduerak zein epetan gauzatu behar diren.
Onuradunari honako dokumentazio hau aurkezteko betebeharra ezartzen dion klausula bat: proiektua egiteko beharrezkoak diren lizentziak edo baimenak egiaztatuko dituen dokumentazioa.
Zehapen-prozeduraren batean edo itzultze-prozeduraren batean egonez gero, laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, hura amaitu egin beharko da. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.
Onartu ez diren eskabideei dagokienez:
Erakunde eskatzaileen izenak.
Laguntza ukatzeko arrazoiak.
Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.
Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo edozein unetan administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin bat etorriz.
Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendariaren ebazpen baten bidez EHAAn argitaratuko da agindu honen babesean laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda; bertan, emandako kopuruak ere adieraziko dira, publiko egiteko baino ez.
Hamalaugarrena. Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzen erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean, onartu egiten dutela ulertuko da.
Zertarako ematen den diru-laguntza, horretarako erabili behar da.
Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egin behar da diruz laguntzen den gastua.
Ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo birgaizteari dagokionez, gutxienez 10 urtez eutsi beharko zaie diru-laguntzaren helburu diren inbertsioei, eta gainontzeko ondasunei dagokienez, 5 urtez; epe horretan, ezin izango dira besterendu, ezta amortizatu, ezta diruz laguntzen den helbururako barik beste helburu baterako erabili. Ondorio horietarako, eta ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo birgaitzen diren kasuan, onuradunak diru-laguntza ematen dion administrazio-ebazpena aurkeztu beharko du dagokion jabetza-erregistroan. Erregistro horretan, agiri hori ikusita, jabaria erabiltzeko mugaren erregistro-idazpena egingo da, hipoteka-legeriarekin bat etorriz.
Landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailari jakinarazi behar diote inbertsio osoa edo inbertsioren zati bat egin dutela, eta haren esku utzi behar dituzte diruz laguntzen diren inbertsioak eta gastuak egin dituztela egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.
Proiektua zabaltzeko egiten diren agirietan eta publizitatean, landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailaren babesa dutela aipatu beharko dute. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz sartuko da (http://www.ivap.euskadi.eus/r61vedorok/es/contenidos/informacion/identidad_corporativa/es_5611/identidad_corporativa.html). Dena dela, landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailak memoria bat egiteko eskatu ahal izango du, lortutako ingurumen-hobekuntzaren ikuspuntutik garrantzitsutzat jotzen diren proiektuak jendaurrean jartzeko.
Landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete.
Agindu honetako zortzigarren puntuak xedatzen duena eragotzi gabe, beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati helburu bererako, landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idazki bidez, beste diru-laguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost egun naturaleko epean, eta, betiere, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.
Diruz lagun daitekeen gastu bererako, beste administrazio publikoren bati eta beste erakunde publiko edo pribaturen bati diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu badiote, hori jakinaraztea; eta, orobat, halakorik lortu badute.
Jasotako funtsak aplikatu izana justifikatzeko agiriak kontserbatzea, barne direlarik agiri elektronikoak, kontrol- eta egiaztapen-jarduketen helburu izan badaitezke. Landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailari jakinaraztea idatziz: diru-laguntza ematerakoan kontuan izandako edozein inguruabar objektibo zein subjektibo aldatu izana. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egin beharko da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan eta Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.
Hamabosgarrena. Gauzatzeko epeak.
2016ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitartean gauzatu ahal izango dira proiektuak.
Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak laguntza emateko ebazpenean ezartzen diren epeetan gauzatu beharko dira. Epe horiek finantzaketarako kredituen ezaugarriei egokituko zaizkie.
Salbuespen gisa, diruz lagundutako jarduketa egin eta amaitzeko epeari dagokionez, erakunde onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak ematen direnean (horiek behar bezala frogatu beharko dira) eta inbertsioaren eta/edo gastuaren mugaeguna amaitu baino 30 egun natural lehenago gutxienez, idatzizko eskabidea egiten denean, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendariak epe hori luzatzeko ebazpena eman ahal izango du. Kasu horretan, dena den, epea ezin da izan hasieran emandakoa baino luzeagoa.
Hamaseigarrena. Diru-laguntza ordaintzea eta justifikazio-agiriak.
Diru-laguntza honela ordainduko da:
% 40 diru-laguntzaren xedea den proiektua hasterakoan. Lehenengo ordainketa hori egiteko, erakunde onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzan: obraren kasuan, lehen ziurtapena eta faktura, eta, gainontzeko proiektuetan, lehen faktura.
% 40 obra-ziurtagiriak eta/edo fakturak aurkeztu direlarik, behar bezala onartuta, diruz lagun daitekeen aurrekontu onetsiaren % 50eko edo hortik gorako zenbatekoagatik.
Gainontzekoa, proiektua amaitzean; eta, betiere, in situ egindako kontrol administratiboren bidezko ziurtapena egin aurretik, zeina landa-garapenaren alorrean eskumena duten teknikariek egingo baitute. Justifikazio-agiriak entregatzeko epe maximoa bi hilabetekoa izango da, hain justu ere laguntza emateko ebazpenean gastua edo inbertsioa amaitzeko ezarritako epemugatik aurrera edo azken luzapenaren epemugatik aurrera kontatzen hasita.
Amaiera egiaztatzeko ziurtagiria, obren kasuan, edota eginiko jardueren justifikazio-memoria (laguntzaren xedea den proiektua bete izanari buruzko informazioarekin) gainerako kasuetan, dagozkion fakturekin batera.
Erantzukizunpeko adierazpena, non zehaztuko baita fakturak eta gainerako justifikazio-agiriak ez direla aurkeztu diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko, edo, kasua bada, diruz lagundutako zein programari egotzi zaizkion, eta faktura bakoitzari dagokionez diru-laguntzaren zer portzentaje jaso den.
Laguntza jasotzeko, manuzko baimenak eta lizentziak aurkeztu behar badira eta laguntza-eskabide egitean eman gabe badaude, haiexek aurkeztu beharko dira.
Lehenengo ordainketa egin baino lehen, idazkariak, fede-emaileak edo pertsona eskudunak eginiko ziurtagiria aurkeztu beharko du erakunde onuradunak. Agiri horretan ziurtatu egingo da erakundeak bermatu egiten duela diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jaso diren funtsen berehalako erabilera esklusiboa. Horrez gain, agiri horretan konpromisoa hartuko du kontratistari/hornitzaileari ahalik eta arinen ordaintzeko diru-laguntza modura jaso dituen zenbatekoak, gehienez ere 20 eguneko epean, zenbateko horien bidez estal daitezkeen fakturak eta/edo obra-ziurtagiriak jaso eta gero.
Eraikuntzaren, eskuratzearen eta birgaitzearen kasuan, azken ordainketaren aurretik, erakunde onuradunak emakida-ebazpena jabetza-erregistroan inskribatu dela egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Agindu honetan zehaztu laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen banaketarekin bat etorriz, 2018ko ekitaldiari dagokion aurrekontu-zuzkiduraren pentzutan egingo dira 1.b) eta 1c) puntuetako ordainketak; beraz, 2017. urtea amaitutakoan.
Laguntzaren hirugarren eta azken ordainketa egin denetik bi hilabeteko epean, erakunde onuradunak egin diren ordainketen justifikazioa bidali beharko du.
Landa-garapenaren alorrean eskumena duten teknikariek memoria gehigarri bat aurkezteko eskatu ahal izango dute. Memoria horrek taula xehatu bat jasoko du, fakturei eta egin diren ordainketei buruzko datuekin, adibidez: fakturazioaren eta ordainketaren erreferentziak eta datak, hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa eurotan eta aplikatutako zergak.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla modu automatikoan egiaztatuko du organo kudeatzaileak, baimenik gabe ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoaren arabera. Hala eta guzti ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori laguntza-eskabidean, eta hala egiten badu, ziurtagiri egokia aurkeztu beharko du.
Landa-garapenaren alorrean eskumena duten zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskaera hori arrazoitua izan beharko da.
Diru-laguntza hauek ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomiadunen antzeko diru-laguntzak edo laguntzak direla-eta bideratzen hasitako ez-betetze, itzulketa- edo zigor-prozedurak amaituta egotea.
Diru-laguntzak xede duen proiektua ezarritako gehieneko epeen barruan egiten ez bada, edo ezarritako epean hori egiaztatzeko agiriak aurkezten ez badira, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da.
Hamazazpigarrena. Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.
Aldi berean beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak eta laguntzak lortzen badira, hori justifikatu eta jakinarazi beharko zaio, idatziz, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzari, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan, eta, edonola ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Horretarako, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.
Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada gauzatzen aurreikusitako epeetan, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatu egiten bada baina proiektua ez bada funtsean aldatzen eta, betiere, agindu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, idatziz, baina diru-laguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.
Aitzitik, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada aurreikusitako epeetan gauzatzen, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatzen bada eta, horren guztiaren ondorioz, proiektua funtsean aldatzen bada baina laguntza helburu bererako erabiltzen bada, hori landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, eta diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du.
Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzako titularraren likidazio-ebazpenaren bidez, eta, ondoren, diru-laguntzaren portzentajea oinarri berriari aplikatuko zaio.
Hamazortzigarrena. Atzera egitea eta uko egitea.
Laguntza eskatzen duen erakundeak atzera egin ahal izango du bere eskabidean. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaria izango da, ebazpen bidez, bete-betean onartuko duena atzera egite hori eta prozedura bukatutzat joko duena erakunde horri dagokionez.
Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio erakunde onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Uko egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaria izango da, ebazpen bidez, berariaz onartuko duena uko egite hori eta prozedura bukatutzat joko duena erakunde horri dagokionez.
Hemeretzigarrena. Ez-betetzeak.
Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo diru-laguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua partez betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo diru-laguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legeko 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesduna entzunda), ebazpen bidez, diru-laguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partez edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta dagozkion legezko interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako diru-laguntzaren itzulketa «pro rata temporis» egingo da.
Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zigor-prozedura has dezan.
Hogeigarrena. Bateraezintasunak.
Hemen araututako laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein herri-administraziok, sailek, erakunde publikok zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntzak metatuta ez bada eskuratzen laguntzaren xedea den proiektutik diruz lagun daitekeen kostuaren % 100 baino gehiago. Kasu horretan, hamazazpigarren puntuko 1. zenbakian xedatutakoa errespetatu beharko da.
Hogeita batgarrena. Datuak babestea.
Landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailak datuak dagokien babes-mailarekin tratatzeko konpromisoa hartzen du, Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 14a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (6)
- Ikus: AGINDUA, 2017ko abenduaren 27koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita ekonomiaren garapenerako eta ekonomia-dibertsifikaziorako laguntzen 2018ko ekitaldirako deialdia, «Landa Eremuen Definizio Teknikoa
- Ikus: EBAZPENA, 2017ko maiatzaren 17koa, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariarena, zeinaren bidez izendatzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko landa eremuak sustatu eta garatzeko laguntzak emateko Balorazio Batzordea osatu
- Ikus: EBAZPENA, 2017ko abenduaren 26koa, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren 2016ko abenduaren 14ko Aginduan aurreikusitako lagu
- Ikus: AGINDUA, 2017ko maiatzaren 31koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita ekonomiaren garapenerako eta ekonomia-dibertsifikaziorako laguntzen 2017ko ekitaldirako deialdia, «Landa Eremuen Definizio Teknikoa
- Ikus: 10/1998 LEGEA, apirilaren 8koa, Landa Ingurunearen Garapenerakoa.
- Ikus: AGINDUA, 2020ko apirilaren 8koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren zenbait laguntza-programa «in situ» ziurtatzeko baldintza atzeratzeko eskaera.