Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2015eko abenduaren 16koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena; honen bidez, urriaren 27ko 202/2015 Dekretuan aurreikusitako diru-laguntzen deialdia aurkezten da, 2016ko ekitaldirako. Dekretu horrek ingurumena babestera bideratutako inbertsioak egiteko enpresei ematen zaizkien diru-laguntzak arautzen ditu.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 243
  • Hurrenkera-zk.: 5370
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2015/12/16
  • Argitaratze-data: 2015/12/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

2015eko azaroaren 6an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen urriaren 27ko 202/2015 Dekretua, enpresek ingurumena babesteko inbertsioak egiteko ematen zaizkien diru-laguntzak arautzen dituena. Aipatutako Dekretuaren helburua honako hau da, funtsean: enpresa onuradunek ingurumen babes-maila jakin bat lortzeko inbertsioak egin ditzatela sustatzea, indarrean dauden erkidegoko arauak gainditu ahal izan ditzaten. Bestalde, inbertsio horiekin zuzenean lotutako azterketak barne hartzen ditu.

Urriaren 27ko 202/2015 Dekretuaren 13. artikuluan xedatutakoaren arabera, urtero, dagokion deialdiaren agindua argitaratuko da, artikuluan bertan ezarritako edukiarekin argitaratu ere. Ildo horretan, agindu honek, aipatutako dekretuan jasotako manuari jarraikiz, zera finkatzen du: diru-laguntzaren xede izango diren lerro zehatzak; lerro bakoitzerako aurrekontu-baliabide zehatzak; eskaerak aurkezteko epea; eskaera aurkezterakoan entregatu beharreko dokumentazioa; eta proiektu eta/edo ekoizpen-zentro bakoitzeko eman daitekeen diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

Ildo horretan, agindu honen bidez araututako deialdian, prozedura arruntaren kasuan, urriaren 27ko 202/2015 Dekretuan xedatutakoa betetzen duten inbertsio guztiak lagundu daitezke diruz. Bestetik, prozedura sinplifikatuaren bitartez, ekitaldi honetan, 202/2015 Dekretuan xedatutakoa betetzen duten inbertsio guztiak lagunduko dira diruz, agindu honetako 5. artikuluan zehaztutako mugen barruan.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionalari jarraikiz, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio diru-laguntzen erregimen hau kudeatzeko eskumena. Zuzendariak hartuko du Balorazio Epaimahaiko presidente ardura eta Zuzendaritza horretara atxikitako bi funtzionario izendatuko ditu aipatutako epaimahaia osatzeko.

Azkenik, aipatutako urriaren 27ko 202/2015 Dekretuko 15. artikuluaren arabera, enpresei zuzendutako ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak kudeatzeko erakunde laguntzaile gisa izendatu ahal izango da Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa (Ihobe, S.A.), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren mendekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, jasotakoaren arabera.

2016. urteko deialdiaren xede diren laguntzen kudeaketa ahalik eta gehien optimizatzeko, agindu honen bitartez Ihobe, S.A. erakunde laguntzaile izendatuko da, eta erakunde laguntzaile gisa bete behar dituen funtzioak zehaztuko dira.

Horregatik guztiagatik, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak ematen didan eskumena baliatuz, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzeko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, eta, halaber, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoan oinarrituta (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautu zuen agindu horrek), honako hau

Eskabidea aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasi eta 2016ko otsailaren 4an amaituko da.

  1. Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, https://euskadi.eus/diru_laguntza/2016/PROT/eu/ eta https://euskadi.eus/diru_laguntza/2016/PROTS/eu/ webgunetan. Bertan eskuratu ahal izango dira eskaera-orria, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta jarraian aipatzen diren formulario-ereduak, baita eskaerak modu telematikoan aurkezten laguntzeko beharrezko informazioa ere.

  2. Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

    Oinarrizko eta harremanetarako datuen formularioa (kalkulu-orrian).

    Proiektuaren datuen formularioa.

    Aurrekontuaren eta diruz lagundu daitezkeen kostuen formularioa (kalkulu-orrian).

    Europar Batasuneko arauetatik harago joateko, araurik ez dagoenean babes-maila areagotzeko edo etorkizuneko arauetarako egokitzapena aurreratzeko eta lur kutsatuak saneatzeko inbertsio-eskaeretan, diruz lagun daitezkeen kostuak zehaztu beharko dira urriaren 27ko 202/2015 Dekretuko 6. artikuluan eta II. eranskinean zehaztutakoarekin bat.

    Hondakinak birziklatzeko eta berrerabiltzeko inbertsio-eskaeretan, eskatzailearen erabakia mantentzeko azterketa ekonomikoa aurkeztu beharko da.

    Erantzukizunpeko adierazpena, erakundean ahalak dituen pertsona batek sinatua.

    Eskaera erakundearen ziurtagiriaz bestelako ziurtagiri batekin egiten bada, honako hau aurkeztu beharko da: erantzukizunpeko adierazpena sinatzen duen pertsonari emandako ahalorde bat eta enpresa eratzeko eskriturak.

    Eskaera telematikoa egiten duen pertsona ez bada paragrafo honetako lehen aipatutako erantzukizunpeko adierazpena sinatu duen bera, webgunean eskura daitekeen ereduaren araberako ahalorde bat erantsi beharko da.

    Jarduera-lizentzia, baldin eta instalazioak halakorik behar badu.

    Aukeran, formularioko atalak argitze aldera, proiektua azaltzeko memoria bat, aurrekontuak edo eskatzaileak interesgarritzat jotzen duen beste edozein dokumentu aurkeztu ahal izango dira.

    Diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta daudela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, haien oniritzia jaso behar izan gabe.

  3. Diru-laguntza baten onuraduna izateko, eskatzaileak Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean hirugarren interesdun gisa alta emanda egon behar du.

    Diru-laguntzaren eskatzailea aipatutako datu-basean ez badago, izapidetze-prozesuan, organo kudeatzaileak eskatzaileari 10 eguneko epean alta emateko eskatuko dio. Izapide honi buruzko informazioa ondorengo helbide elektronikoan dago: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

Diru-laguntzaren eskabidean ez badira betetzen aurreko artikuluan eskatutako baldintzak, eta kasuan kasu, aplikagarriak diren lege espezifikoetan eskatutakoak, hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eransteko eskatuko zaio interesdunari. Era berean, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu eskaerari uko egin diola ulertuko dela, deialdia ebazteko organo eskudunak horretarako ebazpena eman ondoren.

Zehazki, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuko 30. artikuluan xedatutakoaren arabera, jakinarazpen elektroniko bat helarazten denetik hamar egun natural igarotakoan edukia eskuratu ez bada, jakinarazpena ukatu egin dela ulertuko da, izapidea egintzat emango da eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta, edukia eskuratzeko ezintasun teknikoa edo materiala dagoela frogatzen ez den.

Dagokion eskaera aurkeztu aurretik egindako inbertsioekin lotutako proiektuak ez dira diruz lagunduko.

2016 ekitaldian, deialdi honen bitartez, hurrengo paragrafoetan adierazitako lerroak lagunduko dira diruz. Laguntzak onartzeko prozedura ere ondoren adierazitakoa izango da:

  1. Prozedura arrunt bakar baten bitartez, ondorengo lerroetarako diru-laguntzak onartuko dira:

    1. Ingurumen-babesaren arloan Europar Batasuneko arauetatik harago joateko edo Europar Batasunaren mailako araurik ezean ingurumen-babesaren maila areagotzeko inbertsioak finantzatzeko laguntzak.

    2. Batasuneko etorkizuneko arauetara aurrez egokitzeko laguntzak.

    3. Artikulu honetako 2.b) ataleko ingurumen-azterketez bestelako azterketak egiteko laguntzak.

    4. Hondakinen birziklapenerako eta berrerapenerako inbertsioak finantzatzeko laguntzak, betiere, urriaren 27ko 202/2015 Dekretuko 2. artikuluko 4. puntuko baldintza metagarriak betetzen badira.

    5. Lur kutsatuak saneatzeko laguntzak, kutsaduraren erantzulea nor den zehazterik ez badago, edo «kutsatzen duenak ordaintzen du» printzipioari jarraikiz legez birgaikuntza finantzatzearen erantzuletzat hartzerik ez badago.

  2. Prozedura sinplifikatu bereizien bidez, honako lerroetara eta azpilerroetara bideratutako laguntzak onartuko dira:

    1. Ingurumen-babesaren arloan Europar Batasuneko arauetatik harago joateko edo Batasunaren mailako araurik ezean ingurumen-babesaren maila areagotzeko inbertsioak finantzatzeko laguntzak. Zehazki, deialdi honetan, ondorengo azpilerroak bakarrik lagunduko dira diruz:

      1. Burdina-galdategietako hondarrak eta finak, batez ere, moldekatze kimikoko edo moldekatze berdeko hondarrak eta finak, fabrikan leheneratzea eta/edo hirugarrenek birziklatzea ahalbidetzera zuzendutako ekipoetako inbertsioak, hirurehun mila (300.000) eurora iristen ez badira (aipatutako birziklatzea ahalbidetuko duten sailkatze egoki, aurretiazko gordetze eta/edo garraiorako inbertsioak barne), galdatze-prozesuan edo bestelako ekoizpen-prozesu alternatiboetan berriz sartzea kontuan hartuta.

      2. Oregintza-papergintzako lohiak eta zelulosazko zuntzak minimizatzea, leheneratzea edo balioztatzea ahalbidetzera zuzendutako ekipoetako inbertsioak, hirurehun mila (300.000) eurora iristen ez badira, oregintza-papergintzako ekoizpen-prozesuetan edo bestelako ekoizpen-prozesu alternatiboetan berriz sartzea kontuan hartuta.

    2. Ingurumen-azterketak egiteko laguntzak:

      1. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalazioetatik datozen agregakin birziklatuekin lotutako aplikazio posibleak analizatzera zuzendutako azterketak, betiere ez badira Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko urtarrilaren 12ko Aginduan jasotakoak agindu horretan, eraikuntza eta eraispeneko hondakinak balorizatzetik eratorritako agregakin birziklatuak erabiltzeko baldintzak zehazten dira.

      2. Zabortegietara edo balio ekonomiko eskaseko erabileretara zuzendutako plastikozko eta kautxuzko hondakinen erabilera aurreratuak eta baliotsuak (sektore nautikoa, hiri-altzariak, amortiguazioa, piezen estrusioa produktu berriak ekoizteko...) sustatzeko azterketak. Aipatutako azterketetan, merkaturatzeko beharrezkoak diren arau teknikoak betetzeko beharra aurreikusi beharko da.

    3. ETEentzako laguntzak, ingurumen-arloko kanpo-aholkularitzako zerbitzuetatik eratorritako kanpo-kostuak finantzatzeko. Deialdi honetan, ondorengo azpilerroal bakarrik lagunduko dira diruz:

      1. Enpresa-elkarteek EMAS erregistroa sustatzearekin lotutako ekintzak egiteko laguntzak, ekintza horiek elkartekideek modu aktibo eta zuzenean parte hartzeko baldin badira.

      2. Ingurumen Kudeaketako Europako Sistemaren Erregistroan (EMAS) izena emateko laguntzak, bai aldez aurreko aholkularitza bai ziurtatze-erakundearen kostuak ordaintzeko.

      3 - EMAS erregistroa berritzeko laguntzak. Bulego-jarduera hutsen kasuan (bankuekin, aseguruekin, higiezinen agentziekin, aholkularitza-enpresekin, eta abarrekin lotutakoak), ez da berritzeko diru-laguntzarik emango, ezta erregistroa berritzearekin zerikusirik ez daukaten urteko ikuskaritzak egiteko ere.

      4. UNE-EN ISO 14006 Ekodiseinu Araua, ekoetiketak (I. edo III. motakoak) edota karbono-aztarna ezartzeko eta ziurtatzeko laguntzak. Bulego-jarduera hutsen kasuan (bankuekin, aseguruekin, higiezinen agentziekin, aholkularitza-enpresekin, eta abarrekin lotutakoak), ez da karbono-aztarna ezartzeko eta ziurtatzeko laguntzarik emango.

      5. Hondakin-planak idazteko laguntzak, zehazki:

      Eraikuntzako eta/edo birgaikuntzako lanetan Eraikuntzako eta Eraispeneko Hondakinak Kudeatzeko Plana, eraikuntza eta eraispenetako hondakinen eta gremio-jardunbide egokien kudeaketarako planak idazteko eta ezartzeko eskuliburuko II. mailaren arabera diseinatua Ihoberen webgunean eskura daiteke.

      Metalaren eraldakuntzaren, plastikoaren eraldakuntzaren, metalezko produktuen eta makinen sektoreetan hondakinak prebenitzeko plana, Ekoscan metodoan oinarritua Ihoberen webgunean eskura daiteke.

      6. Potentzialki kutsagarriak diren jarduerak izan dituzten orubeetan lurzoruaren kalitate-adierazpena egiteko laguntzak, kutsaduraren erantzulea nor den zehazterik ez badago edo «kutsatzen duenak ordaintzen du» printzipioari jarraikiz legez berreskurapena finantzatzearen erantzuletzat hartzerik ez badago, eta egin beharreko azterketen zenbatekoa gehienez ere hogei mila (20.000) eurokoa baldin bada.

Prozedura arruntaren kasuan, ondoren azalduko ditugun esleipen-irizpideak hartuko dira kontuan:

  1. Industria-jarduerak ingurumenean daukan eraginari dagokionez, ondorengo sektoreetan barne hartutako instalazioekin lotuta egindako inbertsioak baloratuko dira, ingurumenean eragin handiena daukaten sektoreetako batzuk direlako: galdaketa, altzairugintza, beroko ijezketa, zementua, beira, zeramika, karea, hondakinen kudeatzaileak, gainazaleko tratamenduak, beroko galbanizazioa, oregintza-papergintza eta sektore kimikoa. Halaber, indarrean dagoen Ingurumen Esparru Programaren helburuetan egiten duten ekarpena baloratuko da.

  2. Egingo den inbertsioak ekarriko duen ingurumen-hobekuntza eta ekoeraginkortasuna zehazteari dagokionez, zein motatakoa den baloratuko da, argi bereiziz «hodi-bukaerakoak» izeneko proiektuak egingo diren, alegia, emisio kutsagarriak tratatzekoak, edo emisiorik ez sortzeko proiektuak. Era berean, hobekuntza era absolutuan eta erlatiboan kuantifikatuta aintzat hartuko da, baita kutsagarri arriskutsuenak gutxitzeko zer-nolako hobekuntza lortu den ere.

  3. Basoko hegaztiak kontserbatzeari buruzko Kontseiluaren 1979ko apirilaren 2ko 79/409/EEE Zuzentarauan eta habitat naturalak eta basoko fauna eta flora zaintzeari buruzko Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan aipatzen diren eremu kalteberei, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen 1/2014 Legegintzako Dekretuaren arabera babestuta dauden naturguneei edo hiriguneei eragiten dieten instalazioetan inbertitzeari dagokionez, proiektuaren espazio horiekiko hurbiltasuna eta ingurumen-interesa baloratuko dira.

  4. Proiektuaren ekoberrikuntzari dagokionez, haren berrikuntza-maila eta transferigarritasuna hartuko dira kontuan. Zehazki, Teknologia Garbien Euskal Zerrendan jasotako teknologia guztiak berritzailetzat joko dira, ezer gehiago justifikatu behar izan gabe.

  5. Proiektuaren koherentzia eta kalitatea. Irizpide honetan, kontuan hartuko da enpresak ingurumen-arloko problematika zehatza adierazten duen barruko diagnostikorik daukan eta proiektuan erabiliko den konponbidea behar bezala justifikatuta dagoen.

  6. Pertsona juridiko eskatzaileek egiaztatu behar dute enpresa txikia edo ertaina direla, Europako Batzordeak mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruzko 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan xedatutakoaren arabera.

  7. Inbertsioa egingo den lekuan ingurumena kudeatzeko sistemen ziurtagiri baliodunak daudela frogatzea (IKS).

  8. Plantilla kudeatzeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plan bat izatea edo «Emakumeen eta gizonen berdintasunerako erakunde kolaboratzailea» dela aitortzen duen agiria izatea edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako bideratutako politikak edo jarduketan garatzen ibilbidea izatea.

  1. Agindu honen 6. artikuluan jasotako esleipen-irizpideengatik, guztira, 100 puntu jaso ahal izango dira, eta puntu horiek atal bakoitzean lor daitekeen gehieneko puntuazioarekin, honelaxe banatuko dira:

    (Ikus .PDF)

  2. Gutxienez 55 puntu lortzen ez dituzten eskaerek ez dute diru-laguntza jasotzeko aukerarik izango.

  1. Urriaren 27ko 202/2015 Dekretuko I. eranskinean finkatutako gehieneko kopuruak ez dira inola ere gaindituko.

  2. Prozedura arruntean, zenbatekoa honako hauen arabera zehaztuko da:

    1. Proiektuaren puntuazioa, aurreko artikuluan islatutako irizpide teknikoen haztatzea aplikatuz.

    2. Proiektuetako inbertsio garbiaren zenbatekoak.

    3. Eskaeretarako egindako banaketa proportzionalaren araberako kuantifikazioa.

      Diru-laguntzek ezingo dute inola ere izan ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) eurotik gorakoak proiektu eta/edo ekoizpen-zentro bakoitzeko inbertsioen eta lurren saneamenduaren kasuan, ezta berrogeita hamar mila (50.000) eurotik gorakoak ere azterketen kasuan.

      Halaber, aurreko artikuluan adierazitako gutxieneko puntuazioa gainditu arren gutxienez hiru mila (3.000) euroko diru-laguntzara iristen ez diren proiektuak ez dira diruz lagunduko.

  3. Prozedura sinplifikatuetan, zenbatekoa honako hauen arabera kuantifikatuko da:

    1. Proiektuetako inbertsio garbiaren zenbatekoak.

    2. Lerro bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-esleipena, diruz lagundu beharreko proiektuen artean zatituta.

      Gehieneko zenbatekoa honako hau izango da:

    1. Ingurumen-inbertsioetarako laguntzen kasuan, diru-laguntzek ezingo dute hirurogei mila (60.000) eurotik gorakoak izan, proiektu bakoitzeko, ezta laurogeita hamar mila (90.000) eurotik gorakoak ere ekoizpen-zentro bakoitzeko.

    2. Ingurumen-azterketetarako laguntzen kasuan, hamar mila (10.000) euro proiektu eta/edo ekoizpen-zentro bakoitzeko.

    3. Kanpoko aholkularitza-zerbitzuetarako laguntzen kasuan, diru-laguntzek ezingo dute honako gehieneko kopurua gainditu:

      1. Enpresa-elkarteentzat EMAS erregistroa sustatzeko diru-laguntzak: bost mila (5.000) euro proiektu eta/edo enpresa-elkarte bakoitzeko.

      2. Ingurumen Kudeaketako Europako Sistemaren Erregistroan (EMAS) izena emateko laguntzak: sei mila (6.000) euro proiektu eta/edo ekoizpen-zentro bakoitzeko.

      3. EMAS erregistroa berritzeko laguntzak, bi mila (2.000) euro proiektuko eta/edo produkzio-zentro bakoitzeko.

      4. UNE-EN ISO 14006 Ekodiseinu Araua, ekoetiketak (I. edo III. motakoak) edota karbono-aztarna ezartzeko eta ziurtatzeko laguntzak: lau mila (4.000) euro proiektu eta/edo ekoizpen-zentro bakoitzeko.

      5. Hondakin-planak idazteko laguntzak: bi mila (2.000) euro proiektu/eta ekoizpen-zentro bakoitzeko.

      6. Jarduera potentzialki kutsagarriak izan dituzten orubeetako zoruaren kalitate-adierazpenak egiteko laguntzak: hamar mila (10.000) euro proiektu eta/edo ekoizpen-zentro bakoitzeko.

  4. Balorazio Epaimahaiak eskatzaileak adierazitako inbertsio garbia doitu ahal izango du, bai entitate eskatzaileak emandako dokumentazioa eta datuak bai merkatuko batezbesteko balioak/prezioak eta eskura daukan gainerako informazioa kontuan hartuta. Erakunde eskatzaileak aurkeztutako inbertsio garbiaren eta egindako inbertsio garbiaren kalkuluaren artean % 50etik gorako aldea baldin badago, erakunde kudeatzaileak erakunde eskatzaileari egindako inbertsio garbiaren kalkuluaren emaitza jakinaraziko dio, baita hori zehazteko kontuan hartutako datuak ere, eta 10 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkeztu ditzan, hala nahi izanez gero.

  1. Enpresei zuzendutako ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzen deialdi honetarako aurrekontuko diru-hornidura, guztira, milioi bat bederatziehun eta berrogeita bost mila (1.945.000) eurokoa izango da eta honela banatuko da:

    Milioi bat ehun eta berrogeita hamabost mila (1.155.000) euro, prozedura arrunt bidez esleitutako proiektuetarako.

    Zazpiehun eta laurogeita hamar mila (790.000) euro, prozedura sinplifikatu bidez esleitutako proiektuetarako.

  2. Prozedura sinplifikatuan, lerroetarako eta azpilerroetarako hornidura modu honetan banatuko da:

    1. Enpresa onuradunek aplikagarri zaizkien arauak gainditzea ahalbidetuko dien ingurumen-babes maila bat lortzeko edo arau aplikagarririk ezean ingurumen-babesa hobetzeko inbertsioak finantzatzeko laguntzak:

      Moldekatze kimikoko edo moldekatze berdeko hondarrak eta finak, fabrikan leheneratzea eta/edo hirugarrenek birziklatzea ahalbidetzera zuzendutako ekipoetako inbertsioak: laurehun mila (400.000) euro.

      Oregintza-papergintzako lohiak eta zelulosazko zuntzak minimizatzea, leheneratzea edo balioztatzea ahalbidetzera zuzendutako ekipoetako inbertsioak: berrehun mila (200.000) euro.

    2. Arauak gainditzera bideratutako inbertsioekin zuzenean lotutako ingurumen-azterlanetarako laguntzak: ehun mila (100.000) euro.

    3. ETEei zuzendutako ingurumen-arloko kanpo-aholkularitza zerbitzuetarako laguntzen esparruan, laurogeita hamar mila (90.000) euro, honela banatuta:

      1. Enpresa-elkarteentzat EMAS erregistroa sustatzeko diru-laguntzak: hamar mila (10.000) euro.

      2. EMAS Ingurumenaren Kudeaketako Europako Sistemaren Erregistroan inskribatzeko laguntzak, hogeita bost mila (25.000) euro.

      3. EMAS erregistroa berritzeko laguntzak: hamar mila (10.000) euro.

      4. Ekodiseinuko UNE-EN ISO 14006 Araua, ekoetiketak (I mota edo III mota) edo karbono-aztarna ezartzeko eta ziurtatzeko laguntzak: hamar mila (10.000) euro.

      5. Hondakinak prebenitzeko planak idazteko laguntzak: bost mila (5.000) euro.

      6. Jarduera potentzialki kutsagarriak izan dituzten orubeetako zoruaren kalitate-adierazpenak egiteko laguntzak: hogeita hamar mila (30.000) euro.

  3. Eskaera gutxi aurkezteagatik edota eskakizunak ez betetzeagatik, adierazitako lerroren baterako esleitutako diru-kopurua agortzen ez bada, soberan dagoen diru-kopuruarekin beste esleipen-lerroren batera zuzendutako kopurua handitu daiteke, Ingurumeneko sailburuordeak horretarako ebazpen bat emanda, Balorazio Epaimahaiak proposatu ondoren, eta aurkeztutako eskaera-kopuruaren arabera.

  1. Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzeko, Ihobe, S.A. sozietate publikoa erakunde laguntzaile izendatu da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen, sozietate publikoen eta organismo autonomoen bidezko berme, itzulketa eta kudeaketa araubidea arautzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

  2. Ihobe, S.A. enpresak, erakunde kolaboratzailea den heinean, urriaren 27ko 202/2015 dekretuko 15.2 artikuluan deskribatutako funtzioak egingo ditu, aipatutako sozietate publikoari programa eta jarduera jakin batzuk egiteko ardura ematen zaion urteko ebazpenean aurreikusitako baldintzen arabera.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ekonomia eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016. urteko aurrekontu orokorretan.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 16a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.